Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

14/2020 DEKRETUA, ekainaren 18koa, lehendakariarena, zeinaren bidez deklaratzen baita deseskaladarako planaren 3. fasea gainditu dela. Horrenbestez, indargabetuta geratuko dira alarma-egoeraren esparruan hartutako neurriak, eta 2020ko ekainaren 19ko 00:00etan hasiko da «normaltasun berria».

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 120
  • Hurrenkera-zk.: 2419
  • Xedapen-zk.: 14
  • Xedapen-data: 2020/06/18
  • Argitaratze-data: 2020/06/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Herrizaingoa

Testu legala

2020ko martxoaren 13an, Osasuneko sailburuak eskatuta, Segurtasuneko sailburuak erabaki zuen Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibilaren Plana formalki aktibatzea, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertaren egoera zela eta. Euskadiko Babes Zibilaren Plana ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bidez onartu zen eta Euskal Autonomia Erkidegoko antolamendu-esparru orokorra ezartzen duen tresna da, larrialdi-mota guztiei aurre egiteko, baldin eta izaeragatik edo hedapenagatik edo administrazio bat baino gehiago koordinatu behar izateagatik autonomia-mailako zuzendaritza behar bada.

Egun berean, martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez, lehendakariak Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibilaren Plana zuzentzeko eskumenak bereganatu zituen, COVID-19aren hedapenak eragindako osasun-alertaren egoera zela eta; kontuan hartuta martxoaren 11n Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemiaren mailara igo zuela COVID-19aren hedapenak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko. Salbuespen-egoera hori sei aldiz luzatu da. Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez artikulatu zen azken luzapena, alarma egoera 2020ko ekainaren 21eko 00:00ak arte luzatuta.

Pandemiaren bilakaerari loturiko adierazleek eta sistema sanitarioaren egoerak ahalbidetu zutenean, Osasuneko sailburuordearen 2020ko maiatzaren 14ko Ebazpenaren bidez, amaitutzat jo zuten koronabirusaren hedapena indarrez geldiarazteko ezohiko eta premiazko neurriak hartu beharra, eta gainditutzat jo zuten osasun-larrialdiko egoera; ondorioz, osasun-zaintzako beste fase bat hasi zen. Horrekin bat etorriz, 2020ko maiatzaren 14ko Aginduaren bidez, Osasuneko sailburuak lehendakariari eskatu zion Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibilaren Plana modulatzeko, osasun-zaintzako beste fase batera egokitzeko.

Horren ostean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-bilakaera ikusita, lehendakariaren maiatzaren 17ko 10/2020 Dekretuaren bidez, indarrik gabe utzi zen Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi Euskadiko Babes Zibilaren Plana zuzentzeko eskumenak lehendakariak bereganatzea.

Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezarritakoaren arabera, indarrik gabe geratuko dira probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan alarma-egoera deklaratzearen ondorioz ezarritako neurriak, baldin eta Ministro Kontseiluak 2020ko apirilaren 28ko bileran deseskaladarako onartu zuen planean aurreikusitako fase guztiak gainditzen badira.

Bestalde, 6.2 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek erabaki behar dute 3. fasea gainditzea, 5. artikuluaren ondorioetarako eta irizpide sanitario eta epidemiologikoen arabera, bakoitzak bere erkidegoko probintzia, uharte edo lurralde-unitateetan, eta, ondorioz, «normaltasun berrian» sartzea.

Azken aurreikuspen horren esparruan, Osasuneko sailburuordeak 2020ko ekainaren 17an egindako txostenean adierazi du osasun- eta epidemiologia-egoerak ahalbidetzen duela Euskal Autonomia Erkidegoan deseskalada-planaren 3. fasea gainditutzat ematea. Baina horrek ez du esan nahi posible dela dispositibo sanitario osoa desaktibatzea, ezta ez dutela indarrean iraun behar zaintza- eta kontrol-egoerari dagozkion prebentzio- eta geldiarazte-neurriek ere; izan ere, kasuen eta harremanen jarraipen sistematikoa eta kudeaketa eraginkorra izango dira zaintza- eta kontrol-egoera horren ardatza. Helburu hori daukate, besteak beste, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuak adierazitako aurreikuspenek. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Gernikako Estatutuaren 18. artikuluan aitortutako eskumenak baliatuta, Osasuneko sailburuaren 2020ko ekainaren 18ko Aginduan garatu eta osatuko dira aurreikuspen horiek. Agindu horren bidez, «normaltasun berriari» eraginkortasunez ekiteko nahikoa eta egokia den arau-multzo bat emango da argitara, hartara eragotzi gabe gerora ere modulazioak eta eguneraketak egiteko aukera, betiere osasun-datuen bilakaera kontuan hartuta.

Ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren 6. artikuluak adierazitako lankidetza-esparruan, Osasuneko ministroari jakinarazi zaio hori guztiori, eta, ekainaren 18ko ezohiko bilkuran, Gobernu Kontseiluak aztertu eta eztabaidatu du gaia.

Hori dela eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.m) artikuluak emandako ahalmenaz baliatuta, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, deklaratzen da deseskaladarako planaren 3. fasea gainditu dela eta ondorioak izango dituela 2020ko ekainaren 19ko 00: 00etatik aurrera.

2020ko ekainaren 19ko 00:00etatik aurrera, deseskaladarako planean aurreikusitako fase guztiak gaindituta, indarrik gabe geratuko dira Estatuko Gobernuak eta haren agintaritza eskudunek Euskal Autonomia Erkidegoan adierazitako alarma-egoeraren deklaraziotik eratorritako neurriak.

  1. fasea gaindituta, Euskal Autonomia Erkidegoko agintari eskudunek hartu behar dituzte pandemiari aurre egiten eta pandemia kontrolatzen jarraitzea ahalbidetuko duten prebentzio-neurriak, Gernikako Estatutuan aitortutako eskumenen esparruan. Horretarako, COVID-19k eragindako osasun-krisiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurrien ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren esparruan, Osasuneko sailburuak 2020ko ekainaren 18ko Agindua onetsiko du Euskal Autonomia Erkidegoko «normaltasun berrian» aplikatu behar diren prebentzio-, zaintza- eta kontrol-neurriak ezartzeko.

Indargabetuta geratuko dira dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko eta beheragoko xedapen guztiak.

Dekretu hau 2020ko ekainaren 19ko 00:00etan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko ekainaren 18an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (5)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana