Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

14/1998 LEGEA, ekainaren 11koa, Euskadiko kirolarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 118
  • Hurrenkera-zk.: 2891
  • Xedapen-zk.: 14
  • Xedapen-data: 1998/06/11
  • Argitaratze-data: 1998/06/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa
  • 1998/06

    Jaurlaritzaren Lehendakaritza

    14/1998 LEGEA, ekainaren 11koa, Euskadiko kirolarena. Jatorrizko Testua:

  • 1998/09

    Konstituzio Auzitegia

    4033/98 KONSTITUZIOKONTRAKOTASUNEKO ERREKURTSOA, Gobernuko lehendakariak Eusko Legebiltzarraren Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 16.6. atalaren (lehenengo esaldia) aurka aurkeztua. (4033/98 KONSTITUZIOKONTRAKOTASUNEKO ERREKURTSOA, Gobernuko lehendakariak Eusko Legebiltzarraren Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen 16.6 atalaren (lehenengo esaldia) aurka aurkeztua.) (EHAA 41ZK., 1999/03/01) Partzialki etendakoa; Eteteari eusten dio

+ -

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Komunikazioa 224 256

Gizarte-ezagutza 128 192

Zientzia eta teknologia 224 256

Aukerakotasun-espazioa 64 96

Ikastetxearen erabilera librerako espazioa 128 160

GUZTIRA 640 768 960

EREMUAK I II III

FASEA FASEA FASEA

ORDUAK ORDUAK ORDUAK

Komunikazioa 4 5

Gizarte-ezagutza 2 3

Zientzia eta teknologia 4 4

Aukerazko moduluak 2 3

GUZTIRA 10 12 15

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoak erabateko eskumena du kirol-gaietan, Autonomi Estatutuaren 10.36. artikuluak dioenaren arabera. Eskumen horren babesean Legebiltzarrak, kirolak gure egungo gizartean, hezkuntzan, osasunean eta ekonomian duen garrantzia ikusirik, otsailaren 19ko 5/1988 Legea, Soin Kulturarena eta Kirolarena, onartu zuen. Kirolaren arlo ugariak antolatzeko beharraren ondorioz sortu zen legea, ordura arteko arauketa eta egituraketa urriak ziren eta.

    Hala ere, kirolaren ezaugarriak dinamismoa eta etengabeko aldaketak izan dira betidanik. Kirol-mundua aldakorra da bere ezaugarrietan eta ezin ditu eduki betirako printzipioak eta inoiz indarra galtzen ez duten arauak, ordenamendu juridikoaren beste zenbait sektoretan gertatzen den modura. Hori dela eta, argi dago 5/1988 Legea onartu zenetik kirolean izugarrizko aldaketak gertatu direla, Estatuan nahiz nazioarteko eremuan. Horrenbestez, legea gizarteko errealitate berrira egokitzeko beharra ikusi da.

    Eztabaidaezina da 5/1988 Legeak izan duen egiteko garrantzitsua. Gehienek aitortu diote kalitate teknikoa eta balio politikoa nahiz kirol arlokoa. Hala ere, lege hori indarrean egon den bitartean, antzeman da kirolaren zenbait arlori emandako tratamendua ez dela guztiz egokia izan. Urteetan zehar, halaber, ikusi da arazo larriak gertatu direla eta ez zegoela araurik arazo horiei aurre egiteko. Beraz, ezinbestekoa da arazoei ahalik eta azkarren legearen bidez erantzuna ematea.

    Esandako guztiak nahikoa arrazoi dira etapa berri bati ekiteko eta indarrean dagoen kirolari buruzko legedia berritzeko, izan diren aldaketetara egokitzeko eta, horrezaz gain, urrutirago doan ikuspegia harturik etortzekoak diren aldaketetarako prestatzeko. Gauza jakina da euskaldunek jarrera ona izaten dutela edozein kirol-jardueratan parte hartzeko eta gaitasun handia dutela kirol-ekintzak antolatzeko, eta horrek lege-esparru berria eskatzen du eta behin betiko bultzada, une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen egiturari eusteko.

    Gorabehera horiek kontuan hartuta, arau-mailarik gorenaren bidez antolatu da kirola, hots, lege baten bidez. Legea gainerako autonomia-erkidegoetako arauak baino harago doa, hainbat arazo bildu ditu eta arau-esparru bat egituratu du euskal kirolak dituen errealitate guztietarako.

  2. – Orain aldarrikatzen den legearen I. titulua aplikazio-eremuari eta printzipioei buruzkoa da, eta hartan aurreko testua errespetatu da funtsean. Proposatu diren aldaketak teknika juridikoari eta edukiari buruzkoak dira. Teknika juridikoaren aldaketei dagokienez, ahalik eta gehien sinplifikatu da herri-agintarien jardueraren printzipio gidariak biltzen dituen apartatua. Nabarmentzekoa da, bereziki, herri-aginteek kirol-praktika bermatu beharra dutela laguntza pribatua sustatuz. Kirolerako ekonomi baliabideak eskuratzeko, sektore pribatutik lortu behar da finantzazioa, ekintza publikoaren osagarri izan dadin. Printzipio gidari berriak sartu dira, halaber, kiroletik indarkeria erauzteko, emakumea kirolean maila guztietan sartu ahal izateko baldintzak bultzatzeko, dopatzea zigortzeko edo, adibidez, unibertsitatean kirola sustatzeko.

  3. – II. tituluak, Estatuaren eta gainerako autonomia-erkidegoen legeen egitura jarraituz, kirolaren lehiaketa-antolaketaz dihardu, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen ondorioz onartutako jarraibideetatik abiatuta (lege hori Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Jardute Erakundeen Arteko Harremanei buruzkoa da). Oraingo legeak aurreko legearen ildo beretik sakondu du eta eskumeneko arloak zehatz-mehatz mugatu ditu, 5/1988 Legearen indarraldian izan diren interpretazio-desadostasun ugariak ekiditeko.

  4. – III. titulua euskal kirolaren elkartze-egitura antolaketa-arlo guztietan arautzeari buruzkoa da. Hainbat gauza berri dakartza araudi berriak. Aipagarria da, lehenik eta behin, kirol-sozietate anonimoei egiten zaien beren-beregizko aitorpena. Bigarrenik, federazio-sarea berregituratzea pentsatu dugu, orain arte neurri desegokikoa izan baita eta arazo bereziak izan baititu. Federazioen atomizazio kezkagarriari konponbidea bilatu nahi izan diogu, kirol-federazio asko baititugu Euskal Autonomia Erkidegoan ia ezarpenik gabekoak eta kirol-jarduera urria kudeatu dutenak, altxor publikorako onartezinak diren kostuekin. Horrenbestez, baldintza berriak ipini dira kirol-federazioak sortzeko, eta behar bezalako ezarpenik ez duten kirol-motek ez dute aukerarik izango kirol-federazio bihurtzeko. Horrezaz gain, lege-mailako hainbat mekanismo jaso dira kirol-federazio batzuk sortarazteko izan ziren arrazoiak desagertzean aitorpen ofiziala ezeztatzeko. Kirol-federazioei esleitutako egiteko garrantzitsuak aintzat harturik, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaileak baitira bakoitzari dagokion kirol-mota antolatzeari dagokionez, hainbat manu sartu dira parte hartzeko eta kontrolatzeko, bai eta babesteko eta laguntzeko ere. Lege berriak, halaber, kirol-federazioetako xedapenak aldizkari ofizialetan argitaratzeko nahitaezkotasuna jaso du. Bestalde, kirol-elkartearen nozioa berritu egin da, aurreko legean izandako esperientzia txarra kontuan hartuta.

  5. – IV. titulua kirol-lehiaketei buruzkoa da, eta lehiaketen sailkapen koherentea egin du kirolaren lehiaketa-eremuak kontuan hartuta. Testuak, halaber, garrantzi handiko ezaugarri bat jaso du: baimen-motek izan behar duten izaera arautu esplizitua eta baimen horien gutxieneko edukia eta eraginak.

  6. – V. tituluak kirol-sistema guztien euskarrietako batez dihardu: eskola-kirolaz. Kirola garrantzitsua da eskolako ikasleen heziketa osorako, nortasunaren garapen harmonikorako eta baldintza fisiko eta prestakuntza egokiak lortzeko, gerora begira ere kirola egiten jarraitu ahal izan dadin. Hori da legeak kontuan hartu duena eta ez du aldaketa handirik ekarri. Eskola-kirola arautzen duen kapitulua legearen beste titulu batzuetan eskola-kirolaz bildu diren aurreikuspenekin osatu da.

    Arreta berezia eskaini zaio, halaber, unibertsitate-kirolari, unibertsitatearen autonomia errespetatuta beti ere. Kirola gizarteratzeko edozein prozesutan ezin dugu unibertsitatea alde batera utzi. Kirol eta gizarte garapen handiko herrietako esperientziak erakusten digunez, unibertsitatea erakunde aproposa da kirol-jarduera hedatzeko erronka bere gain hartzeko, kirol-jardueraren jarraipena ziurtatzeko adin egokian dagoen biztanleria baitauka bere baitan.

  7. – Kirol-teknikarien prestakuntzaren eta titulazioen gaia da legearen kezkarik nagusienetako bat. Jarraibide asko diseinatu dira arlo horretan: batetik, legezko babesa eman zaio kirol-teknikari tituludunak izan beharrari, irakasteko, zuzentzeko eta bestelako jarduerak burutzeko; bestetik, bertan behera utzita dagoen kirol-teknikarien prestakuntzaren gaian sakondu da eta Kirolaren Euskal Eskola sortzea jaso da.

  8. – VII. tituluan kirolarien asistentziaren eta babesaren arazoaz dihardu legeak. Titulu horretan nabarmentzekoa da kirolarien segurtasunaren eta osasunaren babes orokorra, edozein jarduera burutzen dutela ere. Horrekin batera, oinarrizko euskarriak dira arriskuen estaldura eta erantzukizun zibilaren sistema. Goi-mailako kirolak leku berezia dauka legean, funtsezko faktorea baita Autonomia Erkidegoko kirolaren garapenerako; eta funtsezko faktorea da bizigarria delako oinarriko kirolarentzat eta ordezkaritza-funtzioa betetzen duelako Estatuko nahiz nazioarteko lehiaketetan.

    Legeak kontuan hartu du dopatzearen gaia ere. Agintari publikoek eta kirol-antolakundeek erantzukizun osagarriak dituztela abiapuntutzat hartuta, legeak kontuan hartu du dopatzearen arazoa diziplina-bidetik kanpo ere.

    Kirol-medikuntzaren eta osasun-laguntzaren arloan xehetasun handiagoz zehaztu dira Administrazioaren eskumenak, bai eta diru publikoen konturako osasun-prestazioak ere. Eusko Jaurlaritzak eskumena du, halaber, pertsonen osasunerako arriskutsuak diren kirol-jarduerak debekatzeko. Horrekin batera, kirolarientzako osasun-txartela eratzeko aukera jaso da, beste herrialde batzuetan egiten den modura.

  9. – VIII. tituluan legeak kirol-ekipamenduen eta zerbitzuen arloa jorratu. Kirol-jarduerak ekipamendu ez arruntetara ere jo duenez, gomendagarria zen horien aipamen bereizia egitea legean. Bestalde, kirol-instalazioen erabiltzaileei legeak ematen dien babesa jaso da, eta gutxieneko kalitatea, garbitasuna eta segurtasuna ziurtatzeko baldintzak finkatu dira. Lege berriak kirol-instalazioen izaera pribatua zehaztu du, finantzazioari begira. Kirol-ekipamenduen erroldak osatzeko eta eguneratzeko betebeharrak ezarri dira, bide batez. Kirol-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen arazo kezkagarria ere aipatu da lehenengo aldiz, arazo hori arautu gabe zegoen-eta orain arte.

  10. – Kirol-lehiaketetan edo horien inguruan sortzen den indarkeriari aurre egiteko baliabideak ezartzea sustatu nahi izan du legeak. Gizartea gero eta kezkatuagoa dago indarkeriaren gorakadagatik orokorrean. Kirolarekin zerikusia duen indarkeria gizartean dagoenaren isla baino ez dugu, baina beharrezkoa da neurri batzuk hartzea kirol-jarduera garatzen den ingurunea kontuan hartuta. Kirolak heziketari eta osasunari egiten dizkion mesedeak aldarrikatzen dituen lege batek kontuan hartu behar ditu kirolaren baitako indarkeria aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko neurriak. Europako Kontseiluak indarkeriari buruz landutako Europako Hitzarmenean azaltzen diren printzipioetara egokitzea izan da legearen xedea.

  11. – Legeak arreta handia eskaini dio kirol-diziplinako araubideari, eta hori kirol-egitura pribatuen bitartez gauzatuko da. X. tituluak diziplina-gaiez dihardu eta zenbait berritasun jaso ditu: azkenaldi honetan azaldu diren jokabide gaitzesgarri batzuk arau-haustetzat jotzea edo kirolaren baitatik indarkeria edo dopatzea erauzteko zigor-neurriak sartzea. Gogoan izan behar da, halaber, aurreko 5/1988 Legeak arau-hauste gutxi batzuentzat baino ez zuela jaso zigor-ahalmena; horren ondorioz, kirol-federazioetako gobernu eta ordezkaritza organoetako kideen hainbat egintza edo ez-egite inolako zigorrik gabe geratu ohi ziren. Egoera horren aurrean, lege berriak zehaztu egin du, zabaldu egin du kirol-diziplinaren kontzeptua. Hala, behar bezala bete da legezkotasunaren printzipioa eta ezinbestekoak diren oinarrizko elementuak ezarri dira, eta horietatik abiatuta zehaztuko da araudi bidez kirol-diziplinaren eduki osoa.

  12. – XI. tituluan zigorren lege-esparru berria jaso da. Era horretara, bete egin da Konstituzioak herri-administrazioaren zigor-ahalmena lege-mailako arau batez babesteko duen beharkizuna. Kirola gizartean oso sartuta dagoenez, aginte publikoek gero eta parte-hartze handiagoa izan ohi dute kirol-ekitaldiak arautzen. Arautze horren beharra onartzen bada, ezinbestez eduki behar da zigor-araubide zehatza, kirolean jarraitu beharreko arauak maiz hausten baitira. Horrela, bada, arau-hausteen larritasunaren sailkapen berria egin da eta zigorren zenbatekoak eguneratu egin dira. Otsailaren 19ko 5/1988 Legean jasota ez zeuden hainbat jokabide ere arau-hauste gisa tipifikatu dira lege berrian.

    Horrenbestez, legeak bete egin du konstituzio-jurisprudentziak mugatzen duen legezkotasun-printzipioa, zigor-araubideari buruzko kapituluan bezalaxe. Era berean, oinarrizko eta ezinbesteko elementuak ezarri ditu, horietatik abiatuta zigor-araubidearen eduki osoa araudi bidez zehazteko.

  13. – XII. titulua kirol-justiziari buruzkoa da, eta formula estrajudizialak jaso ditu kirolaren baitan azaltzen diren gatazkak erabakitzeko. Gatazka horiek gero eta maizago ari dira judizialak bihurtzen eta lehiaketako kirolaren dinamismoa ez da ondo moldatzen Justizi Administrazioaren jarduera ez oso egokiarekin. Horregatik, kiroleko arbitratzeari lege-mailako instituzionalizazioa ematearen aldeko apustua egin dute Estatuko 10/1990 Legeak eta erkidegoetako legeek. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-legediak ez zuen aurreikuspenik orain arte eta beharrezkoa zen legea berritzea, legean formula estrajudiziala sartzeko. Legearen testua idazterakoan, zuzendu nahi izan da arbitratzearen eta kontziliazioaren artean dagoen nahastea, beste erkidegoetako lege batzuetan gertatu dena, eta ezabatu egin dira lege horietan azaltzen diren justifikaziorik gabeko murrizketak. Berritasun gisa, kirol-federazioak derrigortuta daude arbitratze-formulak aurreikustera eta arautzera beren kideen artean sortzen diren auzietarako.

    Titulu honetan jorratu den beste arazoetako bat oraingo Kirol Diziplinako Euskal Batzordearen eskumen-eremu murritza zabaltzea izan da; lehen diziplina-gaiak hartzen zituen bakarrik eta ezin zituen erabaki bestelako kirol-auziak. Lege honek kirol-mugimenduaren aspaldiko nahia bete du gure Autonomia Erkidegoan: Kirol Justiziako Euskal Batzordea edukitzea, eskumena izango duena hauteskunde-prozesuekin, federazio-lizentzien tramitazioarekin, maila igoerekin eta jaitsierekin eta abarrekin zerikusia duten gaietan erabakitzeko.

  14. – Azkenik, «esparru-lege» baten aurrean gaudela nabarmendu behar da. Legearen helburua estaldura zabala ezartzea izango da, etorkizunean kirolean gerta daitezkeen aldaketetara unean-unean araudi bidez egokitu ahal izateko. Legearen arauketa zabala izan da, hain zuzen kirolari buruzko gai eta arazo asko jorratzen dituelako oinarrizko mailan, baina oinarrizko arauketa horrek ezinbestekoa izango du araudi bidez osatzea. Azken finean, arau ireki eta malguaren aldeko apustua egin dugu, kirolak hain ezaguna duen dinamismorako egokia izan dadin.

Euskal Autonomia Erkidegoan kirola arautzea da lege honen helburua.

  1. – Kirola interes publikoko gizarte-jarduera da, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria.

  2. – Pertsona guztien funtsezko eskubidea da kirola askatasunez eta norbere borondatez egitea.

  3. – Aginte publikoek, zeinek bere eskumen-esparruaren barruan, eskubide hori behar bezala gauzatzea bermatuko dute. Horretarako, burutuko duten kirol politikak printzipio hauek izango ditu oinarrian:

    1. Hezkuntza-sisteman kirolari eta gorputz-hezkuntzari lekua ematea.

    2. Kirol-elkarteak bideratzea eta sustatzea, bai eta kirol arloko antolakuntza-egitura pribatuak onartzea eta babestea ere.

    3. Goi-mailako kirola bideratzea eta sustatzea kirol-federazioen parte-hartzearekin.

    4. Kirol-jarduera gizarte-maila guztietara, batez ere ahulenetara, zabaltzeko programa bereziak onartzea eta burutzea.

    5. Lehiaketa-kirola bideratzea eta sustatzea.

    6. Kirol arloan ikerkuntza zientifikoa bultzatzea, kirolaren kalitatea hobetzeari begira.

    7. Kirol-teknikarien prestakuntza bideratzea eta bultzatzea Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen eta kirol-federazioen parte-hartzearekin.

    8. Kirolarientzako mediku-laguntzako sistema espezializatua bideratzea eta bultzatzea.

    9. Kirol-instalazioetan segurtasuna eta higienea aurrezaintzeko eta kontrolatzeko sistema bat bideratzea eta bultzatzea, ezinduak modu errazean sartu-irtetea bermatuz.

    10. Behar diren neurriak hartzea kirola eta kirolariak helburu politiko, ekonomiko edo bestelakoen gehiegizko esplotaziotik babesteko.

    11. Indarkeria kirol-mundutik erauzteko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

    12. Kirol-ekitaldietan parte hartzen dutenei arriskuen estaldura egokia bermatzeko neurriak hartzea.

    1. Lankidetza arduratua izatea kirol arloan herri-administrazioen artean eta herri-administrazioen eta kirol-federazioen eta/edo beste edozein kirol-erakunderen artean.

    2. Ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak dituzten herritarren artean kirol-ekintzak sustatzea, zeharo gizarteratu daitezen laguntzeko.

    3. Emakumea maila guztietako kirol-praktikan sartzea erraztuko duten egokierak sustatzea.

    4. Kirol-jardueretan naturaz modu egokian baliatzea bultzatzea, ingurugiroaren babesarekin bateragarria izan dadin.

    5. Kirol-instalazioen ahalik sarerik onena planifikatzea eta sustatzea.

    6. Kirola aisialdi-aukera eta osasun-ohitura modura sustatzea, helburu hori lortzeko egokiak diren kirol-ekintzak aldeztuz.

    7. Oinarriko kirola, batez ere eskola-kirola, bideratzea eta sustatzea, euskal kirola maila guztietan garatzeko eragilea den neurrian.

    8. Euskal kirolari laguntzea Estatuan nahiz atzerrian.

    9. Euskal Herriko kirol-motak babestea eta sustatzea.

    10. Kirola kultur osagaitzat eta gizarte-bateratzailetzat aitortzea.

    11. Ideario olinpikoa onartzea eta babestea, eta dopatzea eta osasunaren nahiz pertsonaren duintasunaren aurkako beste edozein jokabide kiroletik erauzteko neurriak hartzea.

    12. Kirolaren babesle pribatuak sustatzeko neurriak hartzea jardun publikoaren osagarri gisa.

    13. Unibertsitate-kirola bideratzea eta sustatzea.

    14. Espetxeetan kirol-programak sustatzea, presoen gizarteratzea lortzeko.

Euskadiko kirolaren antolakuntza instituzionala herri-administrazioen deszentralizazio, koordinazio eta eraginkortasun printzipioetan oinarrituko da bakoitzari dagozkion eskumenak erabiltzerakoan, kirol-federazioen, kluben eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturen lankidetzarekin eta parte-hartzearekin. Kirol-federazioek, herri-administrazioen ordezkari laguntzaile diren aldetik, haiekin aktiboki hartuko dute parte Euskadin kirola antolatzen eta garatzen.

  1. – Autonomia Erkidegoko erakunde komunek kirol arloan Euskal Autonomia Erkidegoari Autonomi Estatutuaren indarrez dagozkion eskumen guztiak erabiliko dituzte, salbu eta lege honetan edo gainontzeko antolamendu juridikoan lurralde historikoetako foru-organoei, udalei edo gainontzeko toki-erakundeei ematen zaizkienak.

  2. – Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagozkien eskumenak hauek izango dira zehazki:

    1. Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroa arautzea eta kudeatzea.

    2. Kirol-diziplinako arauak finkatzea.

    3. Goi-mailako kirola bideratzea eta sustatzea.

    4. Kirol Federazioak onartzea, laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea beren egiteko publikoak bete ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren kalterik gabe.

    5. Kirola egiteko derrigorrezkoak diren gaitasun-azterketa medikoak arautzea.

    6. Kirolaren Euskal Kontseilua arautzea eta antolatzea.

    7. Kirol Justiziako Euskal Batzordea arautzea eta antolatzea.

    8. Kirol-teknikariak prestatzeko zentroak eta horietako irakaskuntzak eta tituluak arautzea, ofizialki onartzea eta bultzatzea.

    9. Kirol-federazioen, kirol-kluben eta gainontzeko kirol-erakundeen araubidea finkatzea.

    10. Kirol-klubak interes publikoko izendatzearen arautzea.

    11. Kirol-lizentzien araubidea finkatzea.

    12. Kirol-instalazioen eraikuntza, erabilera eta mantenimendua arautzea.

    1. Eskola-kirolaren oinarriak eta printzipioak, kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea.

    2. Kirol-zentroak arautzea.

    3. Era bereko irizpideak onartzea herri-administrazioek kirol-ekipamenduen erroldak egin ditzaten.

    4. Kirol-erakundeen zuzendaritzako kideentzako estututua onartzea.

    5. Autonomi Erkidegoko kirol-ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

    6. Dopatzea aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.

    7. Naturan egiten diren kirol-ekintza arriskutsuen antolakuntza arautzea.

    8. Indarkeria aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko arauak ezartzea.

    9. Kirol-mota berriak onartzeko irizpideak eta baldintzak onestea.

    10. Jarduera jakin bat kirol-motatzat kalifikatzea.

    11. Kirolariaren osasun-txartela arautzea.

    12. Unibertsitateen arteko kirol-ekintzak bideratzea eta koordinatzea, eta Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea arautzea.

    13. Kirol-ekitaldien antolakuntza arautzea.

Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan, eskumen hauek erabiltzea:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-kirolaren arloko arauak garatzea eta udal-aministrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.

  2. Kirola guztientzat sustatzeko kirol-politika onartzea eta udal-administrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.

  3. Kirol-erakipamenduen arlokako lurralde-planak onartzea.

  4. Lurralde historikoko kirol-ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

  5. Kirol-ekipamenduak eraikitzeko, zabaltzeko eta eraberritzeko finantzaketa-planak onartzea eta gauzatzea.

  6. Goi-mailako kirolean etorkizun oparoa izan dezaketen kirolariei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea.

  7. Lurraldean helbidea duten klubei eta gainontzeko kirol-elkarteei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea. Horretarako, diru-laguntzak eskainiko dira eta elkarteek beren ekintzak diru-laguntzen helburuetara egokitzea kontrolatuko da.

  8. Lurraldeko kirol-federazioak onartzea, laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea beren egiteko publikoak bete ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren kalterik gabe.

  9. Udalaren kirol-zerbitzuak koordinatzea eta laguntzea eta zerbitzu horien kudeaketa bateratua bultzatzea.

  10. Lege honen eta legea garatzen duten arauen indarrez dagozkien gainerako eskumenak eta egitekoak baliatzea, baita eta azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskualdatu edo eskuordetu daitezkeenak ere.

Udalei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan, eskumen hauek betetzea:

  1. Lurralde historikoetako foru-organoek onartutako eskola-kiroleko programak burutzea, haiekin koordinatuta jokatuz.

  2. Udalaren kirol-ekipamenduak eraikitzea, zabaltzea eta hobetzea, eta orobat kudeatzea eta mantentzea ere.

  3. Kirol-ekipamenduen hirigintza-plangintza egiteko tresnak onartzea eta gauzatzea.

  4. Udalaren kirol-ekipamenduen erabilera arautzeko ordenantzak onartzea.

  5. Lurralde historikoetako foru-organoek kirola guztientzat zabaltzeko onartutako programak gauzatzea.

  6. Udalaren kirol-ekipamenduen errolda bat onartzea eta eguneratzea.

  7. Lege honen, gainontzeko legezko xedapenen eta lege hau garatzeko arauen indarrez dagozkien eskumen eta egitekoak baliatzea, bai eta eskuordetzan eman dakizkiekeenak ere.

  1. – Kirolaren Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-politikari eragiten dioten gaietan aholkularitza emateko, kontsulta eta jarraipena egiteko eta eztabaidatzeko herri-administrazioen arlo-organo nagusia izango da, eta Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.

  2. – Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko foru nahiz udal administrazioen eta euskal kirol-federazioen ordezkariek osatuko dute Kirolaren Euskal Kontseilua. Halaber, Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularrak kirol-munduan ospe handia dutenen artean izendatutako pertsona batzuk ere kontseiluko kide izango dira.

  3. – Kirolaren Euskal Kontseiluaren osaera, izendapen-sistema, jarduera-arauak eta egitekoak araudi bidez ezarriko dira. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da kontseiluak esku hartzea kirolarekin lotutako xedapen orokorren proiektuetan».

  1. – Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen sailari atxikita dagoen organo independentea da. Bere helburua da mugimendu olinpikoa garatzea, ideal olinpikoak zabaltzea eta euskal kirolariak Joko Olinpikoetarako presta daitezen, haietan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten sustatzea.

  2. – Honako hauek izango dira Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideak: Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularra, batzordeko lehendakari; kirol-mota olinpikoak dituzten euskal kirol-federazioen ordezkariak eta kirol-munduko pertsona garrantzitsuak.

  3. – Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak euskal federazioen partaidetza izango du eta Euskal Herriko kirolen sustapena bultzatuko du.

  4. – Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak, bere erakuntzari, antolakuntzari eta jardunbideari buruzko gorabehera guztietarako, lege hau eta berau araudi bidez garatzen duten xedapenak izango ditu araubide.

Lege honen ondorioetarako, kirol-erakunde motak hauek izango dira: kirol-klubak, kirol-elkarteak, kirol-sozietate anonimoak, kirol-federazioak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna.

Kirol-kluba, kirol-elkartea eta kirol-federazioa izenak lege honetan izen horiekin arautu diren erakundeek erabiliko dituzte bakar-bakarrik. Debekatuta dago nahasbide gerta daitekeen izen berdin edo antzeko oro erabiltzea.

  1. – Lege honen ondorioetarako, kirol-klubak elkarte pribatuak izango dira, irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak. Pertsona fisiko edo juridikoek osatuko dute, kirol-mota bat edo gehiago sustatzea edo praktikatzea helburu dutenak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe.

  2. – Kirol-klubek, eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, kluben beren estatutuak eta araudiak, eta kluben organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

  3. – Atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie klubei.

  4. – Kirol-kluben estatutuek araudi bidez zehaztutako gaiak arautu beharko dituzte. Era berean, demokrazia eta ordezkaritza printzipioen arabera finkatuko dute beren barne-egitura eta jarduera-arauak, eta ordezkaritza eta administrazio organo guztien hautaketa bazkide guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretuz egitea zehaztuko dute.

  5. – Kirol-klubek eratze beretik izango dute nortasun juridikoa, eta erregistroan inskribitzeak, bakar-bakarrik, lege honen ondorioetarako onarpen ofiziala adieraziko du.

  1. – Pertsona juridikoak Kirol Erakundeen Erregistroan sartu ahal izango dira baldin eta beren helburu nagusiaren osagarri gisa burutzen badituzte kirol-ekintzak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe. Horretarako, nortasun juridikorik gabeko kirol-elkarteak sortu ahal izango dituzte beren baitan.

  2. – Kirol-elkarteek, eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, erakunde nagusien menpeko gisa dituzten arauak eta beren organoek legez hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

  3. – Atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie kirol-elkarteei.

Euskal Autonomia Erkidegokoan helbidea duten kirol-sozietate anonimoek arlo honetan Estatuan dagoen berariazko legedia izango dute jarraibide.

  1. – Elkarte-helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-sozietate anonimoek, lege honetatik eta ondorengo araudietatik eratorritako onura bereziak jaso nahi baldin badituzte, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitu beharko dute.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egonik Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzen diren kirol-sozietate anonimoak kirol-klubtzat joko dira kirol-federazioetan inskribitzeari eta parte-hartzeari dagokionez.

  3. – Inskribitzeko jardunbidea eta baldintzak araudi bidez zehaztuko dira.

  1. – Lege honen ondorioetarako, kirol-federazioak erakunde pribatuak izango dira, irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak, beren lurralde-esparruan kirol-mota bera sustatzen edo praktikatzen duten kirolari, teknikari, epaile, elkarte eta taldeak bilduko dituztenak.

  2. – Kirol-federazioek lege hau, legea garatzeko xedapenak, beren estatutuak eta araudiak, eta beren organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

  3. – Kirol-federazioek, beren eskurantzez gain, administrazio-egiteko publikoak ere burutuko dituzte eskuordetzan. Kasu horretan, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaile gisa arituko dira.

  1. – Euskadiko kirol-federazioak lurralde-federazioetan eta euskal federazioetan antolatuko dira.

  2. – Lurralde-federazioek lurraldean beren kirol-motan ofizialak diren kirol ekintza eta lehiaketak bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.

  3. – Euskal federazioek beren kirol-motako Erkidego-esparruko kirol ekintza eta lehiaketa ofizialak bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.

  4. – Aisialdiko kirol-jarduera ere bultzatu beharko dute lurralde-federazioek eta euskal federazioek, zeinek bere kirol-motan.

  5. – Lurralde-federazioek izango dute beren kirol-estamentuen ordezkaritza euskal federazioetan.

  6. – Euskal federazioei baino ez dagokie euskal kirol federatua Estatuan eta atzerrian ordezkatzea, zeini bere kirol-motan. Beren kirol-selekzioek Estatuko eta nazioarteko kirol ekintza eta lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bideratu beharko dute euskal federazioek.

  7. – Lurralde-federazioek beren kirol-motako euskal federazioetan sartu beharko dute.

  8. – Euskal federazioetan lurralde-federazioetako kirol-estamentu guztiak egongo dira ordezkatuta.

  1. – Kirol-federazioek demokrazia eta ordezkaritza printzipioei loturik arautuko dute beren barne-egitura eta jarduera beren estatutuetan eta araudietan.

  2. – Kirol-federazioen estatutuek gutxienez puntu hauek arautu beharko dituzte:

    1. Izena, egitekoa eta helburuak.

    2. Helbidea.

    3. Kirol-mota.

    4. Egitura organikoa.

    5. Federazio-organoetako titularren hautatzeko eta kargu-uzteko sistema.

    6. Jarduera-arau orokorrak eta, bereziki, beren organo kolegiatuek erabakiak hartzeko modua.

    7. Federazioa osatzen duten estamentuak.

    8. Ekonomi eta finantza arauak.

    9. Dokumentuen araubidea.

    10. Kirol-diziplinako arauak.

    11. Iraungitze eta desegite arrazoiak.

    12. Beren estatutuak eta araudiak onartzeko eta aldatzeko jardunbidea.

  3. – Batzar Nagusia eta lehendakaria izango dira kirol federazioen ezinbesteko gobernu eta ordezkaritza organoak; organo horiez gain, estatutuek beste batzuk ere aurreikusi ahal izango dituzte.

    1. Batzar Nagusia izango da kirol-federazioen gobernu eta ordezkaritza organo gorena. Batzarrean kirol-estamentu guztiek izango dute ordezkaritza. Batzarkideen hautaketa boto aske, berdin, zuzen eta sekretuz egingo da. Kirol-mota bakoitzaren estamentu guztietako kide federatuak izan daitezke hautatzaile eta hautagai. Araudian ezarriko dira ordezkaritza-ehunekoak.

    2. Lehendakaria federazioko organo betearazlea izango da, federazioaren legezko ordezkaritza edukiko du, ordezkaritza eta gobernu organoen burua izango da eta organoen erabakiak betearaziko ditu. Boto aske, berdin eta sekretuz aukeratuko da eta batzarkideak hautatzaile eta hautagai izan daitezke. Inola ere ezin izango da aldi berean federazioko eta kirol-klubeko, kirol-elkarteko edo kirol-sozietate anonimoko buru izan.

  4. – Bere organoak hautatzeko, kirol-federazio bakoitzak bere hauteskunde-araudi propioaren arabera egingo du hauteskunde-prozesua, Eusko Jaurlaritzak horretarako finkaturiko epearen barruan eta arauei lotuta.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, Euskadin kirola antolatu beharrak duen interes publikoa dela eta, jarduerak kirol-motatzat kalifikatu ahal izateko irizpideak eta baldintzak eta kirol-mota berekotzat joko diren azpimotak finkatuko ditu. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ezeztatu egin ahal izango die kirol-mota kalifikazioa onarpen hori egitea ekarri zuten baldintzak betetzen ez dituzten jarduerei.

  2. – Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol arloko eskumenak dituen sailari dagokio jarduerak kirol-motatzat kalifikatzea eta kirol-mota horren azpimotak zehaztea, Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena aztertu eta gero.

Lurralde historiko batean kirol-mota bateko kirol-federaziorik ez badago, dagokion euskal federazioak bereganatuko ditu egiteko guztiak. Euskal federaziorik ez badago, dagokion foru-aldundiak gaitasuna eman ahal izango dio kirol-erakunde bati, gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, lurralde-federazioei dagozkien egiteko publikoak burutzeko.

Kirol-mota batean euskal federaziorik ez badago, Eusko Jaurlaritzak gaitasuna eman ahal izango dio lurralde-federazio bati edo, ez badago, edozein kirol-erakunderi, gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, euskal federazioei dagozkien egiteko publikoak burutzeko.

  1. – Kirol-federazio bat onartua izateko abiapuntuak hauek izan daitezke:

    1. Sortu berria izatea.

    2. Beste batetik banatzea.

    3. Lehendik zeuden bi edo gehiago bat egitea.

  2. – Kirol arloan euskal federazio eta lurralde-federazio berriak eratzeko, beharrezkoa izango da, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetako foru-organoek onartzea. Administrazio-onarpen hori emateko edo ukatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Jarduerak interes publikoa izatea.

    2. Jarduerak nahikoa ezarpen-maila edukitzea.

    3. Kirol-mota ofizialki onartuta egotea.

    4. Federazio berria ekonomikoki bideragarria izatea.

    5. Federazio berriak antolakuntza-gaitasuna edukitzea.

Lurralde-federazio bat eratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Sorrera-akta estatutuak araudi bidez ezarritakoari lotuz aurkeztea.

  2. Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.

  3. Foru-aldundi eskudunak onartzea.

  4. Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzea.

Euskal federazio bat eratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Sorrera-akta eta estatutuak araudi bidez ezarritakoari lotuz aurkeztea.

  3. Eusko Jaurlaritzak onartzea.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan euskal federazio bakarra onartu ahal izango da kirol-mota bakoitzeko. Lurralde historikoetan ere lurralde-federazio bakarra onartu ahal izango da kirol-mota bakoitzeko.

  2. – Arau orokor horretatik kanpo geldituko dira ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak dauzkaten kirolariak biltzen dituzten kirol anitzeko federazio hauek:

    • Ezinduentzako Kirolen Arabako Lurralde Federazioa.

    • Ezinduentzako Kirolen Bizkaiko Lurralde Federazioa.

    • Ezinduentzako Kirolen Gipuzkoako Lurralde Federazioa.

    • Ezinduentzako Kirolen Euskal Federazioa.

  1. – Euskal federazioek eta lurralde-federazioek administrazio-egiteko hauek beteko dituzte:

    1. Lehiaketa ofizialak kalifikatzea, bideratzea eta baimentzea.

    2. Euskal kiroleko ordezkaritza bideratzea Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan.

    3. Federazio-lizentziak ematea eta tramitatzea.

    4. Kirol-jarduerako indarkeria aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.

    5. Dopatzea aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.

    6. Kirol arloko diziplina-ahalmena erabiltzea.

    7. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak betetzea.

    8. Beren estatutuak eta araudiak onartzea.

    9. Herri-administrazioarekin batera parte hartzea eta elkarlanean aritzea kirol-programak garatzen, batez ere goi-mailako kirolarientzako programetan eta eskola-kiroleko programetan.

    10. Federazioetako hauteskunde-prozesuak kontrolatzea.

    11. Araudi bidez eskuordetzan eman daitekeen beste edozein egiteko publiko.

  2. – Kirol-federazioek ezingo dute inoiz beren gain dituzten egiteko publikoak eskuordetzan eman, administrazio eskudunak horretarako baimena ematen ez badie.

  3. – Lurralde-federazioek eta euskal federazioek, hurrenez hurren, lurralde historikoetako foru-organoen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin burutuko dituzte beren egitekoak. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak izenpetuko dituzte elkarren artean, eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean lotutako helburuak, kirol-programak, aurrekontuak eta gainontzekoak zehazteko. Lankidetza-hitzarmen horiek izaera juridiko-administratiboa edukiko dute.

  4. – Lege honetan aurreikusitakoaren arabera Kirol Justiziako Euskal Batzordeak kontrola ditzakeen federazio-ekintzak lurralde historikoetako foru-organoen eta Eusko Jaurlaritzaren babesetik kanpo geratuko dira.

  1. – Pertsona fisiko eta juridikoak kirol-federazioetan sartzeko beharrezkoa izango da dagokion federazio-lizentzia ematea.

  2. – Ezinbestekoa izango da pertsona fisiko eta juridikoak kirol-federazioetan sartuta egotea federazio-lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoan federazio-lizentzia bakarra izango da kirol-mota bakoitzeko. Lizentzia horrekin, titularra dagokion kirol-motako lurralde-federazioari eta euskal federazioari atxikita egongo da.

Euskal federazioak eremu handiagoko kirol-federazioetan sartu ahal izango dira. Nolanahi ere, eta parte-hartze hori bermatzeko, Euskadin federatutako pertsona fisiko edo juridikoek eskubidea izango dute, nahi izanez gero, eremu handiagoko kirol-federazioetan sartzeko, euskal federazioek federazio horietan ez sartzea erabakitzen badute.

  1. – Euskal federazioen eta lurralde-federazioen esku utzitako egiteko publikoak benetan betetzen direla bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, zeinek bere eskumen-esparruaren barruan, ekintza hauek burutu ahal izango dituzte, beti ere zigor-helbururik gabe:

    1. Federazioen liburuak eta dokumentuak ikuskatzea.

    2. Organo kolegiatuei dei egitea eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean edo zeharka lotutako gaiak eztabaidatzeko eta erabakitzeko, aurretik deia egin ez bazaie.

    3. Badaezpada eta arrazoiak emanez, eginkizunak kentzea organo kolegiatuetako buruari edo gainontzeko kideei, baldin eta, eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean edo zeharka lotutako administraziozko edo diziplinazko ustezko arau-hauste larrien edo oso larrien ondorioz, kide horien aurka diziplina-espedientea irekitzen bada.

    4. Badaezpada eta arrazoiak emanez, gobernu-organoetako buru edo gainontzeko kideei beren eginkizunak kentzea, baldin eta eskuordetzan emandako egiteko publikoak bertan behera utzi badituzte.

    5. Kontabilitatea eta kudeaketa kontu-ikuskatzeen edo bestelako ikuskatzeen menpe jar dezaten eskatzea.

    6. Lege honetan araututako beste kirol-erakunde batzuei zenbait administrazio-egiteko publiko burutzeko gaitasuna ematea, baldin eta egiteko publiko horien garapena bermatzeko aparteko behar larria badago.

    7. Eskuordetzan emandako egiteko publikoak zuzen betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren bestelako babes-neurriak hartzea.

  2. – Kirol-federazioetako organo kolegiatuen buruari eta gainontzeko kideei beren eginkizunak kentzen bazaizkie, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek behin-behingo kontu-hartzaileak eta administratzaileak izendatu ahal izango dituzte.

  1. – Euskal federazioen estatutuak, bai eta estatutuotan izan litezken aldaketak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dagokion administrazioak onartu eta gero.

  2. – Lurralde-federazioen estatutuak, bai eta estatutuotan izan litezken aldaketak ere, dagokion lurralde-historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira dagokion administrazioak onartu eta gero.

  3. – Lurralde-federazioen eta euskal federazioen araudiak, bai eta horietan izan litezken aldaketak ere, Kirol Erakundeen Erregistroan inskribituko dira dagokion administrazioak onartu eta gero.

  1. – Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek federazioen zuzendaritzako kideak etengabe prestatzea eta doako aholkularitza teknikoa ematea sustatuko dute, zuzendariek beren egitekoak behar bezala bete ditzaten.

  2. – Eusko Jaurlaritzak, Kirolaren Euskal Kontseiluaren eta kirol-federazioen laguntzarekin, kirol-erakundeen zuzendaritzako kideentzako estatutua onartuko du.

  3. – Kirol-federazioen zuzendaritzako kideek lansaria jaso ahal izango dute. Lansari hori ezin izango da diru-laguntza publikoen kontura ordaindu eta agintaldia amaitzearekin batera bukatuko da.

  4. – Kirolaren Euskal Eskolak zuzendaritzako kideak etengabe prestatzea sustatuko du bere zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzko kurtsoak antolatuz.

  1. – Kirol-federazioek zeinek bere aurrekontuak eta ondarea administratzeko eta kudeatzeko arauak izango dituzte.

  2. – Kirol-federazioek araudi bidez zehazten diren kontabilitate printzipio eta arauak aplikatuko dituzte. Halaber, finantza eta kudeaketa ikuskaritzak onartu beharko dituzte araudi bidez zehaztuko den eran.

  3. – Euskal federazioek eta lurralde-federazioek ezin izango dute aurrekontu defizitariorik onartu, salbu eta Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, hurrenez hurren, baimendutako aparteko kasuetan.

  4. – Kirol-federazioek ezin izango dute urte anitzeko gasturik konprometitu dagokion administrazioaren baimenik gabe, baldin eta gastu horiek araudiz ezartzen den portzentaia baino handiagoak badira eta federazioko buruaren agintaldia gainditzen badute.

  5. – Euskal kirol-federazioek eta lurraldekoek industri, merkataritza edo lanbide ekintzak burutu ahal izango dituzte, baina lortutako irabaziak federazioen kirol-helburuetarako erabili beharko dituzte.

  1. – Euskal federazioak eta lurralde-federazioak herri-onurako erakundeak izango dira.

  2. – Herri-onurakotzat jotzeak ondorio hauek izango ditu:

    1. Erakundearen izenaren ondoren «herri-onurakoa» kalifikazioa erabiltzeko eskubidea.

    2. Kreditu ofizialak jasotzeko lehentasuna.

    3. Kirol-ekipamenduetarako laguntzak jasotzeko eta diru-laguntza programetan sartzeko lehentasuna.

    4. Lurralde historikoetako foru-organoek herri-onurako erakundeen alde erabaki ditzaketen zerga-hobariak.

    5. Beste xedapen batzuetan ezarritako onurak.

    6. Kirolarekin zerikusia duten xedapen orokorrak prestatzeko orduan entzunak izateko eskubidea.

Kirol-federazioak Batzar Nagusiaren erabakiz eta epailearen ebazpenez desegingo dira.

Kirol-federazio bat desegiten denean, haren ondare garbia, egonez gero, antzeko ekintzetan erabili beharko da. Euskal federazio bat desegiten bada, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du zertan erabili zehatz-mehatz, eta lurralde-federazio bat desegiten bada, foru-aldundiak.

  1. – Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek ezeztatu egin ahal izango dute euskal federazioen eta lurralde-federazioen onarpena baldin eta lege honetako 21. artikuluan onarpen ofiziala izateko ezarritako baldintzaren bat betetzeari uzten badiote. Euskal federazioen edo lurralde-federazioen onarpena ezeztatzeko, beharrezkoa izango da Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.

  2. – Kirol-federazioen onarpena ezeztatzeak ondorio hauek izango ditu:

    1. Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzioa ofizioz ezeztatzea.

    2. Lege honetan beren esku utzitako eskubide eta egiteko guztien titularitatea galtzea.

    3. Desegin beharra.

  3. – Kirol-federazioa desegiten ez bada, erantzukizun pertsonalak eskatu ahal izango dira; gainera, dagokion administrazio-organoak desegite judiziala eskatzeko eskubidea edukiko du.

  1. – Euskal Kirol Federazioen Batasuna nortasun juridikodun kirol-erakundea izango da. Batasunaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko kirola hobetzeko eta garatzeko oinarri komunak bilatzea, bere kirol-helburuak babestea eta hobeto betetzea eta kirol-federazioen administrazio-egitura edo laguntza teknikoa emateko egitura komunak ezartzea izango da. Halaber, bere eskumenen barruan, aholkularitza-eginkizunak edukiko ditu Euskadiko kirol-administrazioan, kirol-federazio bakoitzak bere kirol-esparruan duen berariazko aholkularitza-gaitasunaz gainera.

  2. – Euskal Kirol Federazioen Batasunak euskal kirol-federazioak eta lurraldeetako kirol-federazioak ordezkatuko ditu, kirol-federazio bakoitzak bere kirol-esparruan duen berariazko ordezkaritzaren kalterik gabe.

    37 artikulua.– Euskal selekzioak.

  1. – Euskal Kirol Federazioen Batasunak behar hainbateko laguntza eta erraztasunak emango dizkie euskal federazioei, euskal selekzioek Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bultzatu ahal dezaten federazio horiek.

  2. – Euskal federazioen egitekoa izango da dagozkien kirol-motetan haietako bakoitzaren selekzioaren ordezkari izango diren kirolariak hautatzea.

  1. – Eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, Euskal Kirol Federazioen Batasunak lege hau, legea garatzen duten xedapenak, bere estatutuak eta araudiak, eta bere organoek balio osoz hartzen dituzten erabakiak izango ditu jarraibide.

  2. – Euskal Kirol Federazioen Batasunaren estatutuek araudi bidez zehazten diren puntuak arautu beharko dituzte, demokrazia eta ordezkaritza printzipioen arabera finkatuko dituzte bere barne-egitura eta jarduera-arauak, eta bere kideak kirol-federazio elkartu guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretuz hautatzeko modua zehaztuko dute.

  3. – Euskal Kirol Federazioen Batasunaren estatutuak Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol-eskumenak dituen sailak onartu beharko ditu eta Kirol Erakundeen Erregistroan inskribituko dira.

Kirol Erakundeen Erregistroaren Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailari atxikitako zerbitzua izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten kirol-erakundeak inskribitzea izango du helburu.

Kirol Erakundeen Erregistroa publikoa izango da eta edozein pertsonak edukiko du eskubidea kontsultatzeko. Publikotasuna araudi bidez zehazten den moduan gauzatuko da.

Kirol Erakundeen Erregistroan egintza hauek jaso beharko dira:

  1. Kirol-klub, kirol-elkarte eta kirol-federazioen eratzea.

  2. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren eratzea.

  3. Kirol-erakundeen estatutuen eta araudien onartzea eta aldatzea.

  4. Kirol-erakundeen ordezkaritza eta administrazio organoetarako hautatutako kideen izendatzea eta kargu-uztea.

  5. Kirol-klubak herri-onurakotzat jotzea.

  6. Kirol-erakundeen desegitea eta likidazioa.

  7. Kirol-federazioen onarpenaren ezeztatzea.

  8. Orokorrean, beste xedapen batzuek inskribitzeko agintzen dituzten egintzak.

  1. – Kirol-erakunde bat Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzeak onarpen ofiziala ekarriko dio lege honen ondorioetarako. Erregistroan inskribituta egotea ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko berariazko kirol-programen diru-laguntzak jaso ahal izateko, kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eta kirol-legedian jasotako gainontzeko onurez baliatzeko.

  2. – Kirol Erakundeen Erregistroak babestu egingo ditu inskribitutako erakundeen izena eta sinboloak, izen eta sinbolo horiek edo antzekorik beste inork erabil ez ditzan.

  3. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena daukan sailak eskatzen zaion aholkularitza teknikoa eta laguntza emango die kirol-erakundeak sortzeko edozein proiektu martxan jarri nahi dutenei.

Araudi bidez zehaztuko dira Kirol Erakundeen Erregistroaren egitura, egitekoak eta jarduera-arauak, bai eta beste erregistro batzuekin informazioa trukatzeko sistema ere.

  1. – Lege honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan izango diren kirol-lehiaketak honela sailkatuko dira:

    1. Lehiaketa ofizialak eta lehiaketa ez ofizialak.

    2. Nazioarteko lehiaketak, Estatuko lehiaketak, Erkidegoko lehiaketak eta eremu txikiagoko lehiaketak.

    3. Profesionalentzako lehiaketak eta amateurrentzako lehiaketak.

    4. Kirol federatuko lehiaketak, eskola-kiroleko lehiaketak eta unibertsitate-kiroleko lehiaketak.

  2. – Lege honen ondorioetarako, federazioek dagokion urteko egutegian ofizialtzat jotako lehiaketak izango dira lehiaketa ofizialak.

  3. – Lege honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzak profesionaltzat jotako lehiaketak izango dira lehiaketa profesional ofizialak.

  1. – Lehiaketa ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea lurralde-federazioei eta euskal federazioei dagokie. Federazioek elkarlanean aritu beharko dute kirol-lehiaketek egitura piramidal egokia izango dutela bermatzeko.

  2. – Lehiaketak, ofizialak izan ala ez, edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk, antolatu ahal izango ditu.

  3. – Foru-aldundiei dagokie lurraldeko eskola-lehiaketak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea, eta Eusko Jaurlaritzari, Erkidegoko eskola-lehiaketen kasuan.

  4. – Unibertsitate-lehiaketak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea unibertsitateei dagokie. Unibertsitateen arteko lehiaketetan egiteko horiek Eusko Jaurlaritzak beteko ditu Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordearen laguntzarekin.

  5. – Aurreko zenbakietan aipatutako erakundeek izango dute, bakarrik, kasuan kasuko titulu ofizialak emateko gaitasuna.

Aurreko artikuluan aipatutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da unibertsitateko edo eskolako federazio-lizentzia izatea, lege hau garatzeko xedapenetan ezarritako baldintzekin bat etorriz.

  1. – Eskolako edo unibertsitateko federazio-lizentzia tramitatzeko, beharrezkoa izango da osasun-azterketan gaitasun nahikoa dela erakustea araudi bidez zehazten den kirol-motetan eta xedapen horietan ezarritako baldintzei loturik. Araudiek osasun-azterketa mota ezberdinak ezarri beharko dituzte kirol-mota, kategoria, adin eta antzeko beste ezaugarri batzuen arabera.

  2. – Lizentziak arau batzuen arabera emango dira, eta ezin izango da ematea ukatu eskatzaileak beharrezkoak diren baldintzak betetzen baditu.

  3. – Dagokion lizentzia eskatu denetik araudi bidez zehaztutako epea pasatu bada, lizentzia emanda dagoela ulertuko da.

    48 artikulua.– Lizentzien edukia.

    Federazio, eskola eta unibertsitate lizentziek aseguru bat izango dute berekin, arrisku hauek estalduko dituena:

    1. Erantzukizun zibila.

    2. Kalte-ordainak, gorputz-atalak edo funtzioak galduz gero edo hilez gero.

    3. Osasun-laguntza, osasun-sistema publikoak bere gain hartzen ez dituen kasuetan eta arloetan, baldin eta kirolariak beste aseguru baten bidez ez baditu estalduta arriskuak.

  1. – Euskal federazioei eta lurralde-federazioei dagokie, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan federazio-lizentziak egitea eta tramitatzea.

  2. – Araudi bidez zehaztuko da zeintzuk diren ekonomi eta jardunbide baldintzak lizentzia horiek tramitatzeko eta emateko.

  3. – Euskal federazioek emandako lizentziek maila ofizialean lehiatzeko gaitasuna emango diete lizentzia horien titularrei.

  4. – Kirolari federatuek euskal selekzioen eta lurralde-selekzioen deialdietara joan beharra edukiko dute lehiaketa ofizialetan eta ofizialak ez direnetan parte hartzeko edo lehiaketa horiek prestatzeko.

  5. – Eskola-lizentziak federazio-lizentzien baliokideak izango dira araudi bidez zehaztutako ondorioetarako.

  1. – Kirol-lehiaketak zuzentzeko ahalmena kirol-motetan aurrikusitako epaile-kategoriei dagokie.

  2. – Kirol-lehiaketak zuzentzeko ahalmena erabiliz epaile horiek hartutako erabakiak zuzentzat joko dira, eta epaileen aktak lehiaketak behar bezala garatzeko beharrezko dokumentuak izango dira.

  3. – Aurrekoa gorabehera, kirol-federazioek epaileen hutsak egiaztatzen dituzten proba-bideak arautu beharko dituzte, baldin eta kirol-motaren ezaugarrien arabera zuzentzeko modukoak badira.

Diziplina-organoek aldatu ahal izango dituzte kirol-lehiaketen emaitzak baldin eta zigortutako arau-hausteek horretarako bide ematen badute, eta, bereziki, lehiaketaren emaitzak, zerbait eginez edo ez eginez, aurretiaz erabakitzea bilatu bada.

  1. – Badira klub edo elkarte batzuk beren helbidekotik kanpoko lurralde historiko batean aintzinatik lehiatu direnak. Halako kasuetan, bidezkoa izango da lehiaketa-jarduera hori burutu duten lurraldean dagokion kirol-federazioaren barruan jarraitzea.

  2. – Lege hau indarrean jarri eta gero klub eta elkarte batzuek beren helbidekotik kanpoko lurralde historiko bateko kirol-federazio batean sartu nahi badute, beren helbideari dagokion kirol-federazioaren baimena eta sartu nahi duten federazioaren baimena beharko dute.

Lege honen ondorioetarako, ikasleek nahitaezko eskolatze-aldian irakas-orduetatik kanpo egiten duten kirol-jarduera antolatua izango da eskola-kirola.

Eskola-kirolean, ahal dela, kirol anitz praktikatuko da eta lehiaketa-kirola ez da izango helburu bakarra. Horrela, ikasle guztiek hainbat kirol-mota ezagutu eta horietan aritzea lortu nahi da, zeinek bere borondate, gaitasun fisiko eta adinaren arabera.

  1. – Lurralde historikoetako foru-organoek urtero onartuko dituzte eskola-kirolari buruzko programak. Programen helburuak hauek izango dira: ikasleei osotasuneko eskola-heziketa osatzea, ikasleen nortasuna modu orekatuan garatzea, gorputz eta osasun ezaugarri jakin batzuk lortzea, eta geroago kirola egiten jarraitzea posible egingo duen prestakuntza ematea.

  2. – Bideak jarri beharko dira eskola-kirolerako programetan ezintasunak dituzten ikasleek beren ikaskideekin batera jarduteko modua izandezaten. Batera jardutea ezinezkoa denean, ekintza bereziak antolatu beharko dira ezintasunak dituzten taldeentzat.

  3. – Eskola-kiroleko urteko programetan sartuta daudenak izango dira, orokorki, hamabost urtetik beherako ikasleentzako kirol-lehiaketak.

  4. – Alabaina, araudiz ezarriko diren baldintzak betetzen badira, foru-aldundiek baimena emango dute 15 urtetik beherako ikasleentzat eskola-kiroleko urteko programetan sartuta ez dauden kirol-lehiaketak antolatzeko, ikasle horiek federazio-lehiaketetan parte hartzeko, bai eta zenbait kirol-motatan teknifikazio-unitateak garatzeko ere.

  1. – Eskola-garaian egiten den kirola, funtsean, ikastetxeen bitartez egituratuko da kirol klub eta elkarteetako ikasleen guraso-elkarteen lankidetza aktiboarekin.

  2. – Kirol-federazioak, funtsean, laguntza teknikoa emateaz arduratuko dira eta horrelako programak antolatzeko eta aurrera eramateko laguntza emango dute.

  3. – Udalak elkarlanean ariko dira ikastetxeekin eta foru-aldundiekin eskola-kirolerako programak egoki garatzeko. Horretarako, batipat, udalaren kirol-ekipamenduak erabiltzen utziko dute.

Lege honen ondorioetarako, unibertsitate-elkarteko kideek, berek bakarrik, unibertsitateen kirol-programen barruan burutzen dituzten kirol-jarduera guztiak, aisialdikoak nahiz lehiakoak, joko dira unibertsitate-kiroltzat.

  1. – Unibertsitateei dagokie, publikoei zein pribatuei, beren autonomi esparruaren barruan, unibertsitatean kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea egoki deritzen irizpideen eta antolakuntza-egituraren arabera.

  2. – Autonomia horri kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen artean burutzen diren unibertsitate-kiroleko ekintzak bideratzeko eta koordinatzeko beharrezkoak diren xedapenak emango ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea sortuko du. Batzorde hori aholkularitza-organoa izango da, eta osaera, izendapen-modua, jarduera-arauak eta egitekoak araudi bidez zehaztuko dira.

Aginte publikoek laguntza emango diete unibertsitateei beren eremuan kirol-praktika zabaltzeko programetan.

Unibertsitate-eremuan eratzen diren kirol-elkarteek, lehiaketa ofizial federatuetan parte hartu nahi badute, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitu beharko dute eta dagokion federazioan kidetu.

Aginte publikoek, kirolaren kalitatea hobetzeari begira, ikerketa zientifikoaren garapena bultzatuko dute kirolarekin zerikusirik daukaten arloetan. Halaber, lortutako emaitzen zabalkundea eta erabilpena sustatuko dute.

  1. – Kirolarekin zuzenean lotutako zerbitzuak, hots,irakaskuntza, zuzendaritza, kudeaketa, entrenamendu, sustapen eta bestelakoak, eskaini ahal izateko, aginte publikoek, beren eskumen-esparruaren barruan, dagokion titulu ofiziala eskatuko dute. Lege hau garatzeko xedapenen bidez zehaztuko da norainokoa izango den bateko eta besteko eremuetan titulazioen nahitaezkotasuna.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoak, bai eta kirol-federazioak ere, aurreko zenbakian ezarritako eskakizuna behar bezala betearazteaz arduratuko dira.

Ofizialki aitortutako zentroek emandako tituluak onartu beharko dituzte federazioen esparruan ekintza teknikoak burutzeko titulazio-baldintzak jartzen dituzten kirol-federazioek.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen eta Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen parte-hartzearekin, kirol arloko teknikarien prestakuntza bultzatuko du. Era berean, kirol irakasketei eta titulazioei buruzko arauak emango ditu.

  2. – Kirol-teknikarien prestakuntza Eusko Jaurlaritzak aitortutako zentro publiko edo pribatuetan burutuko da.

  1. – Kirolaren Euskal Eskola Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da. Eskolak egiteko hauek izango ditu:

    1. Kirol-teknikariak prestatzeko programak planifikatzea eta koordinatzea.

    2. Zuzendariak eta epaileak prestatzeko programak planifikatzea eta koordinatzea, kirol-federazioen berariazko programen arabera.

    3. Kirol arloko ikerketa teknikoen programak sustatzea eta bultzatzea.

    4. Kurtso, zentro, titulazio eta bestelako informaziointeresgarrien erregistroa sortzea eta kudeatzea.

    5. Kirol arloko azterlanak ezagutaraztea.

    6. Kirol-dokumentazioko zerbitzua antolatzea.

    7. Kirol-teknifikazioko kurtsoak, mintegiak, hitzaldiak eta gainerako programak antolatzea edo egitea.

    8. Kirol-federazioei eta beste zentro batzuei aholkularitza ematea teknikariak eta epaileak prestatzeko programetan.

    9. Araudi bidez egotzitako bestelako egitekoak.

  2. – Kirolaren Euskal Eskolak Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearekin eta Teknika Hobekuntzarako Zentroarekin eta euskal kirol-federazioekin batera jokatuko du bere giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik ondoen erabiltzeko.

  3. – Araudi bidez zehaztuko da Kirolaren Euskal Eskolaren antolakuntza, eskumenak eta jarduera.

  1. – Lege honen ondorioetarako, kirola egiten duen edozein pertsona joko da kirolaritzat, nahiz eta federatuta ez egon edo kirol-lehiaketetan parte ez hartu.

  2. – Aginte publikoek eta erakunde pribatuek kirolari guztiak lege honetan araututako federazio-egituretan sartzea sustatuko dute, kirolariek laguntza eta babes egokiena eduki dezaten.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako erakundeen artean ezin izango da atxikipen, luzapen, prestakuntza, konpentsazio edo antzeko eskubiderik eskatu hamasei urtetik beherako kirolariengatik.

  2. – Hamasei urtetik gorako kirolarientzat, eta aurreko zenbakian aurreikusi gabeko gainontzeko kasuetan, horrelako eskubideak ezarri ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzak aurretiaz araututako irizpide, baldintza, muga eta ondorioei lotuta.

  3. – Aginte publikoek eta kirol-federazioek sustapen-neurriak hartu beharko dituzte kirol-elkarte guztiek oinarriko kirolean lan handia egin dezaten. Halaber, babes-neurriak hartu beharko dira elkarte horiek oinarriko kirola sustatzeko egiten duten lana neurriz gainekoa izan ez dadin.

Goi-mailako kirola herriaren interesekotzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoaren kirol-garapeneko funtsezko faktorea den aldetik, eragingarria handia baita oinarriko kirola sustatzeko eta ordezkaritza-egiteko garrantzitsua baitu Estatuko eta atzerriko kirol-lehiaketa ofizialetan.

Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola bideratzea, bultzatzea eta kontrolatzea. Horretarako, kirolari, epaile edo teknikariak goi-mailakotzat jotzeko irizpideak eta baldintzak jarriko ditu, Kirolaren Euskal Batzordeak aurretiaz txostena eginda eta dagokien federazioen aholkularitza izanik.

  1. – Eusko Jaurlaritzak goi-mailako kirola laguntzeko onartutako programek lehentasuna emango diete profesionalak ez diren kirolariei, eta beren funtsezko helburua goi-mailako kalifikazioa lortzen duten kirolari,epaile eta teknikariei beren kirol-prestakuntzarako baliabide egokiak eskaintzea izango da, baita eta zientzia, hezkuntza eta osasun laguntza egokia ematea eta beren lanbide eta gizarte integrazioa erraztuko duten bestelako neurriak hartzea.

  2. – Goi-mailako kirola laguntzeko programetan laguntzak jasoko dira ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak izanik beren egoerari dagozkion lehiaketetako elitean parte hartzen duten kirolarientzat ere.

  3. – Etorkizun handiko kirolarientzat foru-aldundiek onartutako laguntza-planekin osatuko dira programa horiek. Lege honen ondorioetarako, lehiaketetan goi-maila lortu ez arren horretarako gaitasuna erakusten duten kirolariak joko dira etorkizun handiko kirolaritzat.

Teknika Hobekuntzarako Zentroa Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da. Zentroaren egitekoa kirolari federatuak, batez ere goi-mailakoak, osotasunean aholkatzea, ebaluatzea eta kontrolatzea izango da.

Araudi bidez zehaztuko eta garatuko dira zentroaren berariazko eginkizunak.

Goi-mailako kirolariak prestatzeko, Eusko Jaurlaritzak, zuzenean edo edozelako erakunde publiko edo pribatuekiko hitzarmenen bitartez, goi-mailako kirol-zentroak sortzea eta jardutea bultzatuko du. Teknifikazio-programak eta entrenamendu-plan bereziak kirol-zentroek egingo dituzte, kirol-federazioen laguntzarekin. Programa horiek Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailaren baimena izan beharko dute.

Goi-mailako kirolaritzat jo izanak onura hauek jasotzeko aukera ekarri ahal izango du:

  1. Diru-laguntzak eskuratzea.

  2. Teknika hobetzeko zentroen programetan eta goi-mailako kirol-zentroen kirol-programetan sartzea.

  3. Kalifikazio hori merezimendu ebaluagarritzat jotzea administrazio publikoetan kirol-jarduerarekin zerikusia daukaten lanpostuetan sartzeko.

  4. Toki-kopuru gehigarri bat gordetzea ikasketa unibertsitarioetan edo ez unibertsitarioetan sartzeko, beti ere baldintza akademikoak betez gero.

  5. Ikasketak eta kirol-jarduera bateragarriak egitea, neurri akademiko bereziak hartuz.

  6. Kirol-teknikari tituluak lortzeko ikasketetan sartzeko probetarako araudi bidez zehaztutako eskakizunetatik salbuetsita gelditzea.

  7. Eusko Jaurlaritzak erakunde publiko edo pribatuekin kirolari hauek lanbideratzen laguntzeko izenpetzen dituzten hitzarmenetatik datozen guztiak.

  8. Eusko Jaurlaritzak araudi bidez ezartzen dituenak.

Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen eta Kirolaren Euskal Batzordearen aholkularitzaz, goi-mailako kirolarientzako estatutua onartuko du.

  1. – Aginte publikoek laguntza emango dute goi-mailako kirolariek beren enplegua entrenamenduei eta lehiaketa ofizialei egokitzeko modua izan dezaten, horretarako behar diren xedapen eta akordioak hartuz.

  2. – Administrazio publiko guztiek merezimendu ebaluagarritzat joko dute «goi-mailako kirolaria» kalifikazioa dagokion kirol-jarduerarekin lotutako lanpostuak betetzeko hautatze-prozesuetan eta lehiaketetan, beti ere berariazko merezimenduak baloratzea aurreikusita baldin badago.

Euskadiko aginte publikoek eta kirol-federazioek, beren eskumen-esparruaren barruan, edozein kirol-jarduera burutzerakoan izan daitezkeen arriskuetatik behar bezala babesteko arauak eta erabakiak hartuko dituzte.

Kirol-zentroak ustiatzeko, kirol-jarduerak antolatzeko eta kirol-zerbitzuak eskaintzeko, ezinbestekoa izango da erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat egitea, erabiltzaileek, parte-hartzaileek eta beste edozeinek instalazioen egoeraren ondorioz edo instalazioetan burututako jardueraren ondorioz izan litzaketen kalteei erantzun ahal izan dakien. Poliza horien gutxieneko babesak araudi bidez ezarriko dira instalazio eta jardueren ezaugarrien arabera.

  1. – Osasun-sistema publikoak emango du euskal herritarrek Autonomia Erkidegoan egindako kirol-jarduerari erantzuteko lehen mailako larritasuneko osasun-laguntza orokorra, baldin eta lege honen 48. artikuluan aurreikusita ez badago jarduera horretarako nahitaezko asegurua.

  2. – Osasun-sistema publikotik kanpo geldituko dira kirol-medikuntzako zerbitzuak, eta bereziki hauek:

    1. Osasun-azterketak egitea eta kirola egiteko gaitasunari eta egokitasunari buruzko txostenak eta ziurtagiriak prestatzea.

    2. Maila bateko edo besteko kirolariak prestatzeko prozesuek eskatutako osasun plangintza, kontrola eta jarraipena.

    3. Dopatzearen aurkako kontrola planifikatzea, kudeatzea eta burutzea.

    4. Kirolariak birgaitzea, kirol-lesioen ondorioz galdutako funtzioak berreskuratzea, eta presaka eta berehala eman beharrekoak ez diren prestazioak edo osasun-sistema publikoaren prestazioetatik kanpo gelditzen direnak.

    5. Lesioei aurrea hartzea.

    6. Kirol-ergonomia.

      Horrez gainera, hitzarmenak eta itunak izenpetu ahal izango dira zentro publikoekin eta pribatuekin.

  3. – Kirol arloko eskumena duten administrazio publikoek osorik edo zati batean finantzatuko dituzte kirol-medikuntzako zerbitzuak.

Eusko Jaurlaritzak, pertsonen osasuna babestu beharra herri-intereseko kontua denez gero, modu orokorrean debekatu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait kirol-ekintza antolatzea.

Era berean, arriskua dakarten eta debekatuta ez dauden kirol-moten kasuan, nahitaezko aseguruak egitea eskatu ahal izango du erantzukizun zibila, ezintasun eta heriotzagatiko kalteordainak eta parte-hartzailearen osasun-laguntza estaltzeko.

Euskadiko aginte publikoek kirol-medikuntzaren arloko ikerketa eta espezializazioa sustatuko dute, helburu hauek lortzeko:

  1. Kirola egiteko gaitasun fisikoa egoki kontrolatzea, pertsonen osasuna babesteko.

  2. Kirola egiten dutenei aholkuak eta argibideak ematea.

  3. Kirolariek kirola egitean beren kausaz edo bestelako kausaz istripuak izateari aurrea hartzea.

  4. Kirolarien errendimendua hobetzea.

Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da. Zentroak egiteko hauek izango ditu:

  1. Goi-mailako kirolariei osasun-kontrolak egitea.

  2. Kirol-medikuntzaren arloan ikertzea.

  3. Erakunde publiko eta pribatuei aholkularitza teknikoa ematea era bateko edo besteko kirol-programak egiteko, batez ere goi-mailako kirolari dagokionez.

  4. Kirol-medikuntzarekin zerikusia duten irakas-lanetan laguntzea, batez ere kirol-teknikarien prestakuntzan.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan antidopin-kontrola planifikatzea eta kudeatzea.

  6. Eusko Jaurlaritzak araudi bidez ematen dizkion eginkizunak.

Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek kirol-medikuntzan espezializatutako laguntza-unitateak sortzea eta jarduteabultzatuko dute. Osasun eta kirol laguntza erabat bermatzeko, administrazio publiko horiek hitzarmenak edo itunak izenpetu ahal izango dituzte zentro pribatuekin.

  1. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailak kirolariei nahitaezko osasun-azterketak egin beharra eta behar hori betetzea arautuko ditu. Azterketa horiek ezinbestekoak izango dira federazio, eskola eta unibertsitate lizentziak emateko, kirolarien gorputz-gaitasuna kontrolatu dadin.

  2. – Kirolerako gaitasuna neurtzeko lehen osasun-azterketa egitearekin batera, osasun-txartel bat emango zaio kirolariari, hartan osasun-azterketak, kirol edo osasun argibideak eta beste datu interesgarri batzuk jasotzeko. Txartelaren edukia eta araubidea araudi bidez ezarriko da.

  3. – Kirol eta osasun dokumentazioan jasotako informazioa 14/1986 Legearen, Osasunaren Lege Orokorraren, 10. artikuluan zehaztutakoaren menpe geldituko da.

    Halaber, osasun-azterketen datuei buruz osasun eta kirol administrazioek bata besteari pasatzen dioten informazioa isilpekoa izango da, eta datu horien erabiltzaileek sekretu profesionala gorde beharko dute, kirolarien intimitate eta duintasun eskubideak behar bezala bermatzeko.

  4. – Osasunaren eta kirolaren arloan eskumena daukaten administrazioek lankidetza-itunak erabaki ahal izango dituzte kirolarien gaitasuna zehazteko osasun-azterketetan erabili beharreko irizpideak finkatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, osasun eta kirol arloan nazioarteko hitzarmenetan zehaztutakoa jarraituz, kirolarien gorputz-gaitasunak artifizialki areagotzeko edo lehiaketen emaitzak artifizialki aldatzeko sustantzia debekatuen eta metodoen zerrenda bat egin, eguneratu eta argitaratuko du.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen laguntzarekin, aurrezaintza, kontrol eta zigor neurriak sustatu eta bultzatuko ditu aurreko artikuluan aipatutako sustantzia eta metodo debekatuen arloan.

  2. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailak dopatzea kontrolatzeko prozesuen normalizazioaz arduratuko da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak araudi bat onartuko du, eta araudian, gutxienez, puntu hauek zehaztuko dira:

    1. Laginak hartzeko gelak.

    2. Laginak hartzeko eta bidaltzeko prozesuak.

    3. Emaitzen analisiak eta zabalkundea.

    4. Laginak aztertzeko laboratorioak.

    5. Dopatzearen aurkako kontrolean parte hartzen dutenen eskubideak eta betebeharrak.

Federazio-lizentzia duten kirolari guztiek, lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, dopatzearen aurkako kontrola pasatu beharko dute lehiaketetan edo lehiaketetatik kanpo, Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailak, kirol-federazioek edo arlo horretan eskumena duten beste erakundeen batzuek hala eskatuz gero.

Dopatzearen aurkako kontroletan hartutako laginen azterketak Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailak ofizialki aitortutako laboratorioetan egin beharko dira.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-ekipamenduen plangintza dagozkion lurralde-antolamendurako eta hiri-antolamendurako tresnen bidez egingo da. Plangintza hori egiterakoan arreta berezia eskainiko zaie kirol arloko irizpide teknikoei.

  2. – Tresna horiek egiterakoan, dagozkion kirol-federazioen partaidetza sustatuko da, eta printzipio hauek hartuko dira kontuan:

    1. Aisialdi eta kirol eremuak eta kirol-gune ezohikoak sortzea eta mantentzea bermatu beharko dute, herritar guztiek kirola egiteko modua izan dezaten.

    2. Lehentasuna eman beharko diote kirol anitzeko ekipamenduak sortzeari.

    3. Azpiegitura-defizit handiena duten esparruetan egin beharko dituzte inbertsioak, lurralde-oreka lortzeko gune funtzionalen artean. Horretarako, udalaz gaineko kirol-azpiegiturak egin beharko dira, herrigune hainbati zerbitzuak emateko modukoak.

    4. Kirol-instalazioen neurria eta kokapena zehazterakoan oso kontuan hartu beharko dira ikastetxeak.

      .– Kirol-ekipamenduak unibertsitateaz besteko ikastetxeetan.

      Hezkuntza-administrazioak, zentro pribatuen eta udalen laguntzarekin, unibertsitateaz besteko ikastetxeetako kirol-ekipamenduak kirol anitz egiteko baliagarriak izan daitezen eta irakas-orduetan nahiz irakas-orduetatik kanpo erabiltzea bermatzeko giza baliabideak izan ditzaten sustatuko du.

  1. – Unibertsitateko kideek kirola-egiteko beharrezkoak dituzten kirol ekipamenduak eta zerbitzu osagarriak eduki beharko dituzte unibertsitateek.

  2. – Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko du zein kirol ekipamendu eta zerbitzu eduki beharko dituzten unibertsitateek.

  1. – Eusko Jaurlaritzari dagokio kirol-ekipamenduen arloan, eta bereziki Erkidegoaren intereseko ekipamenduetan, jarraitu beharreko kirol-politikaren esparru orokorra zehaztea.

  2. – Zatikako lurralde-planak eta/edo arlokako lurralde-planak izango dira kirol-ekipamenduen lurralde-ezarpena erabakiko duten lurralde-antolamendurako tresnak.

  1. – Eusko Jaurlaritzak kirol-ekipamenduei buruzko xedapen batzuk emango ditu puntu hauek arautzeko:

    1. Tipologia.

    2. Kirol arloko ezaugarri teknikoak.

    3. Segurtasun eta higiene baldintzak.

    4. Eraikitze-baldintzak.

    5. Kokatze-irizpideak eta ingurune-eragina.

    6. Ezintasunak dituzten pertsonak sartzeko eta baliatzeko irizpideak.

    7. Abian jartzea, erabiltzea eta zaintzea.

    8. Arautu beharra ikusten den beste edozein puntu.

  2. – Kirol-ekipamenduek sarbide erosoak izan beharko dituzte eta ez dute edukiko ezinduak arazorik gabe ibiltzea galaraz lezakeen hesirik edo oztoporik. Era berean, ezinduek arazorik gabe erabiltzeko hornituta egon beharko dute kirol-guneek, beti ere gune horietan egiteko diren kirolen ezaugarriek posible egiten badute.

  3. – Herritarrek erabiltzekoak diren ekipamenduek, publikoek nahiz pribatuek, aurreko araudia bete beharko dute. Udalak araudi hori udalerrian kokatutako kirol-instalazio guztietan bete dadin arduratuko dira.

  4. – Udalek ikuskatzeak egiteko eskumenak izango dituzte, eta Herrizaingo Sailak ere ikuskizunen eta aisialdiko jardueren ikuskatzeak egiteko eskumenak izango ditu. Horiez gainera, Osakidetza kirol-ekipamenduen higiene eta osasun baldintzak bete daitezen arduratuko da.

  1. – Lurralde historikoetako foru-organoek, lurralde historiko bakoitzaren beharren eta berezitasunen arabera, kirol-ekipamenduen arlokako lurralde-planak onartzeko eskumena izango dute Lurralde Antolamendurako Norabideak garatzeko. Planen helburuak hauek izango dira:

    1. Oinarrizko kirol-ekipamenduen mapa bat taxutzea, dagokion lurralde historikoko udalerri eta eskualde guztiak banan-banan aztertu eta gero.

    2. Oinarrizko kirol-ekipamendua bermatu ondoren, prozesua osatzea, kirol-ekipamenduen sare egokia edukitzeko.

    3. Eskualde bakoitzean ekipamenduak eraikitzea sustatzea eta kirol-zerbitzuen kudeaketa bultzatzea.

  2. – Era berean, aipatutako planak burutzeko finantzaketa-planak onartzeko eskumena izango dute foru-organoek.

Udalek plangintza-tresnak onartu beharko dituzte kirol-instalazioen arloan, eta horretarako, kirol-ekipamenduen arlokako lurralde-planetan jasotako norabideak jarraitu beharko dituzte.

  1. – Kirol-zentroak jendearentzat zabalik egongo diren kirol-instalazioak izango dira, eta zentroen titularrek prezio baten truke instalazioen erabilera eskainiko die beste batzuei edo irakaskuntzarekin, entrenamenduarekin eta sustapenarekin lotutako kirol-zerbitzuak eta horien antzekoak edo osagarriak diren beste zerbitzu batzuk emango dituzte. Zentro horiek Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu araudi bidez.

  2. – Merkataritza-izaerako kirol-zentroak argi eta garbi bereizi beharko dira kirol-klubetatik. Kirol-klubek ezingo dute merkataritza-izaerako kirol-zentroen antzeko izena edo helbide bera eduki.

  3. – Aurreko debekua gorabehera, kirol-zentroen baitan kirol-elkarteak sortu ahal izango dira lege honen 12. atalean ezarritakoari lotuta, erabiltzaileek zentroen jarduera federatuetan parte hartu ahal izan dezaten.

  4. – Kirol-zentroek, erakunde titularra edozein dela, gutxienez argibide hauek eman beharko dituzte leku ageri eta nabarmen batean:

    1. Instalazioaren titularitatea eta, bereizita dauden kasuan, ustiaketaren titularitatea.

    2. Emandako administrazio-lizentziak.

    3. Instalazioaren ezaugarri teknikoak.

    4. Onartutako gehienezko edukiera.

    5. Kirol-zerbitzuak ematen dituzten pertsonen izenak eta titulazioak.

    6. Eskainitako kirol-zerbitzuak.

    7. Zerbitzu horien kuotak edo tarifak.

    8. Erabiltzeko eta jarduteko arauak.

    9. Arriskuen estaldura.

    10. Araudi bidez ezartzen den beste edozein jakingarri.

  5. – Naturgunean egiten diren abenturako kirol-jarduerak araudi-xedapen berezi batez arautuko dira.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek berenlurralde-esparruko kirol-ekipamendu publiko eta pribatuen errolda egin eta eguneratu beharko dute urtero. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak araudi bidez onartu dituen irizpide komunak erabiliko dira.

  2. – Kirol-ekipamendu horien titularitatea duten erakundeek, publikoek nahiz pribatuek, dagokion errolda egiteko eta eguneratzeko eskatzen zaizkien datu guztiak eman beharko dituzte.

Kirol-ekipamenduak eraiki, eraberritu, handitu, mantendu edo ustiatzeko diru-laguntza publikoak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Ekipamenduek Eusko Jaurlaritzak onartutako araudian ezarritakoa betetzea.

  2. Erabilera pribatu hutserako ez izatea. Herri-onurako aitorpena duten kirol-elkarteen kirol-ekipamenduen erabilera ez da erabilera pribatu hustzat joko.

  3. Denen intereseko kirol-programetarako ekipamenduak doan erabiltzen uzteko hitza ematea, araudi bidez zehaztuko diren mugekin.

  4. Organo eskudunek oinarrizko ekipamenduetarako onartutako irizpideen barruan sartuta egotea.

  5. Kirol-ekipamenduen arlokako lurralde-planetan jasotako lehentasun-programari egokitzea.

Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko du zein kirol-zentrok eduki beharko dituen ezinbestean Gorputz Jardueraren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua den baten zerbitzuak, bai eta lizentziatu horren baldintzak, egitekoak eta erantzukizunak ere.

  1. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailaren egituraren barruan, Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordea eratuko da. Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, udalen eta kirol-federazioetako ordezkarien eta kirol eta segurtasun esparruan izen handia duten pertsonek, baita euskal unibertsitateko zientzi arlokoek ere, osatuko dute.

  2. – Hauek izango dira batzordearen eginkizunak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen diren kirol-lehiaketetan gertatutako indarkeriari buruzko datuak urtero jasotzea eta argitaratzea.

    2. Kiroleko indarkeriaren eragileei eta ondorioei buruz txostenak eta ikerketak egitea.

    3. Aurre-hartze ekintzak sustatzea.

    4. Klubei, elkarteei, kirol-federazioei eta kirol-lehiaketak antolatzen dituzten gainontzeko erakundeei edo pertsonei eta kirol-instalazioen titularrei aholkuak ematea.

    5. Kirol-lehiaketei, kirol-diziplinari eta kirol-instalazioei dagozkien xedapen-proiektuei buruz iritzia ematea.

    6. Indarkeria kiroletik erauzteko lagungarri den beste edozein egiteko.

  3. – Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordeak eta Ikuskizun Publikoen eta Aisialdiko Jardueren Euskal Kontseiluak, zeinek bere eskumenen esparruan, behar diren lankidetza-neurriak hartuko dituzte aginduta dauzkaten eginkizunak hobeto betetzeko.

    100. artikulua.– Kirol instalazioetako aurre-hartze neurriak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan lehiaketa ofizial profesionalak jasotzen dituzten kirol-instalazio guztiek sarrera-txartelak eta sarbidea bera informatikaren bidez kontrolatzeko eta kudeatzeko sistema eduki beharko dute. Halaber, instalazio horietan antolakuntza kontrolatzeko unitate bat egongo da, toki estrategiko batean kokatuta eta behar diren baliabide teknikoekin hornituta.

  2. – Aurreko zenbakian aipatutako kirol-instalazioetan ikuslekuak zenbatuak izango dira eta ikusle guztientzako eserlekuak edukiko dituzte.

    101. artikulua.– Lehiaketa ofizial profesionalen berri ematea.

    Aurreko artikuluan aipatutako lehiaketen antolatzaileek, aurretiaz eta nahiko denboraz, araudi bidez zehaztuko den eran, lehiaketen berri eman beharko diote Eusko Jaurlaritzan polizi arloko eskumenak dituen sailari.

    102. artikulua.– Segurtasun-koordinatzailea.

    Araudi bidez zehaztuko da kirol-lehiaketetako segurtasun-koordinatzailearen kargua. Kargu hori Eusko Jaurlaritzan polizi eskumenak dituen sailaren egituran txertatuko da eta kirol-lehiaketetan segurtasuna koordinatzea eta antolatzea izango du eginkizun.

    103. artikulua.– Debekuak.

    Kirol-lehiaketak jasotzen dituzten instalazioetan debekatuta egongo da:

    1. Edari alkoholdunak sartzea eta saltzea.

    2. Indarkeriara bultzatzen duten sinboloak, esaldiak edo ikurrak sartzea eta erakustea. Debekua hausten dutenei galarazi egingo zaie instalazioetan sartzea.

    3. Arma eta jaurtigai oro sartzea. Halako gaiak sartu nahi dituztenei galarazi egingo zaie sarrera.

    4. Bengalak edo su artifizialak sartzea. Halako gaiak sartu nahi dituztenei galarazi egingo zaie sarrera.

      104. artikulua.– Segurtasun-neurriak eta erantzukizunak.

      1. – Kirol-ekitaldien antolatzaileek eta kirol-instalazioen jabeek beharrezko segurtasun-neurriak bermatu beharko dituzte kirol-esparruetan, horretarako legez eta araudiz ezarritakoari lotuz.

      2. – Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko ditu larrialdietarako plana ezinbestean izan beharko duten kirol-instalazioak eta plan horren gutxieneko edukiak.

      3. – Segurtasun arloko aginduak ez betetzea administrazio arau-haustetzat joko da eta administrazio-erantzukizunak eskatzea ekarriko du. Horrez gainera, kirol-diziplinako neurriak hartu eta erantzukizun zibil eta penala eskatu ahal izango dira.

105. artikulua.– Aplikazio-eremua.

  1. – Diziplina-araubideak joko eta lehiaketa arauen hausteak eta kirol-federazioen arauen hausteak hartuko ditu bere baitan. Horretarako, arau-hausteok jasota egon beharko dute lege honetan, legearen araudi-xedapenetan eta kirol-federazioek dituzten eta Kirol Erakundeen Erregistroan behar bezala inskribituta dauden estatutuetan eta araudietan.

  2. – Klubek bazkideekiko duten diziplina-ahalmenean beren arauak izango dituzte jarraibide; gainera, ahalmen hori dela-eta ezin izango da errekurtsorik jarri kirol-federazioetan eta Kirol Justiziako Euskal Batzordean.

  3. – Estatu-eremuko kirol-lehiaketak direla-eta egindako arau-hausteek Estatu-eremuko diziplina-arauak izango dituzte jarraibide.

  4. – Kirol arloko diziplina-araubidea bada ere, erantzukizun zibila, penala edo bestelakoa eskatu ahal izango da eta erantzukizun-motari dagozkion arauak izango ditu jarraibide.

    106. artikulua.– Diziplina-ahalmena.

  1. – Kirol arloko diziplina-ahalmenak esku ematen die zenbait organori beren kirol-diziplinaren menpean dauden pertsonak ikertzeko, eta, hala badagokio, zigortzeko.

  2. – Antolakunde hauek balia daitezke diziplina-ahalmenaz:

    1. Kirol-federazioak; federatutako pertsona fisiko edo juridiko guztien gainean dute eskumena.

    2. Eskola eta unibertsitate kirolaren eremuan eskumenak dituzten organoak, kirol-esparru horietako parte-hartzaileen gainean.

    3. Kirol Justiziako Euskal Batzordea, gorago aipatutako pertsonen eta erakundeen gainean.

  3. – Proben edo partiden zuzendaritza-ahalmenaz baliatzea ez da kirol arloko diziplina-ahalmentzat joko, zuzendaritza-ahalmen hori jarduera-epaileei baitagokie kasuan kasuko kirol-motaren arau teknikoak aplikatuz.

    107. artikulua.– Diziplina-xedapenak.

    Eusko Jaurlaritzak eskola eta unibertsitate kirolaren eremuan, eta Euskadiko kirol-federazioek, diziplina-araudiak onartuko dituzte. Puntu hauek jaso beharko dira araudietan:

    1. Arau-hausteen sistema tipifikatua, larritasunaren arabera mailakatuta.

    2. Zigor-sistema, bai eta arau-hauslearen erantzukizuna arintzen edo astuntzen duten inguruabarrak eta diziplina-erantzukizuna iraungitzeko baldintzak ere.

    3. Zenbait arau, puntu hauek bermatzeko: egitate berberagatik bi zigor ez ezartzea, zigorren proportzionalitatea, erruztatuaren alde denean arauek atzeraeraginkortasuna edukitzea eta hautsi baino lehen tipifikatu gabe zeuden arau-hausteengatik ez zigortzea.

    4. Zigorrak ezartzeko diziplina-jardunbideak.

    5. Hartutako erabakien aurkako errekurtso-sistema.

      108. artikulua.– Arau-hauste motak eta tipifikazioa.

      1. – Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

      2. – Titulu honetan zehaztutako arau-hausteez gainera, erakundeetako araudiek, lege honetan eta legearen araudi-garapenean ezarritako printzipioei eta irizpide orokorrei lotuz, arau-hauste oso larri, larri eta arintzat jo beharreko jarrerak tipifikatuko dituzte kirol eta antolakunde bakoitzaren berezitasunen arabera.

        109. artikulua.– Arau-hauste oso larriak.

        Edozein kasutan arau-hauste oro larriak izango dira hauek:

        1. Laguntzak eta diru-laguntzak jasotzeko oinarrietan edo erabakietan ezarritakoak ez diren beste helburuetarako erabiltzea laguntza edo diru-laguntza horiek.

        2. Laguntzak eta diru-laguntzak jasotzeko eskatzen diren benetako datuetan eta dokumentuetan funtsezko aldaketa egitea.

        3. Eskurantzak edo eskumenak legez kontra usurpatzea.

        4. Diziplina edo hauteskunde organoetako kideek dagozkien beharkizunak oso larrikiro ez betetzea.

        5. Kirol-instalazioetako segurtasun eta higieneari buruzko federazio-arauak ez betetzea, baldin eta ez betetze horiek arrisku oso larria badira instalazioetan dauden pertsonentzat.

        6. Estatutuetako eta araudietako arauak eta kirol-federazioen erabakiak behin eta berriro nabarmenki ez betetzea.

        7. Segurtasunari eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak antolatzea, baldin eta jarduera horiek egiteak arrisku oso larriak sortu ahal badizkio jendeari.

        8. Kirol-ekintzetan parte hartzen duten epaile, kirolari, teknikari, kirol-agintari eta bestelakoak erasotzea, beldurtzea eta hertsatzea.

        9. Agintekeriak.

        10. Partida, proba edo lehiaketa egitea galarazten duen edo aldi baterako edo behin betiko geldiaraztea behartzen duen protesta edo jarduna.

        11. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak ez betetzea.

        12. Kirolariek, teknikariek, epaileek eta zuzendaritzakoen adierazpen publikoak eta bestelako ekintzak, indarkeriarako bultzagarri direnean.

        1. Bidezko arrazoirik gabe federazio-lizentziak ez ematea edo atzeratzea, beti ere tartean asmo txarra badago.

        2. Kirol-jarduera aurrera eramateko diren diru publikoak nahita oker erabiltzea.

        3. Debekatutako sustantziak sustatzea, hartzera bultzatzea eta hartzea, edo debekatutako metodoak erabiltzea eta horien gainean behar den kontrola izatea galarazten duen edozein egintza edo ez-egite.

        4. Jokoaren edo lehiaketaren emaitza aldez aurretik erabakitzeko eragingarri diren egintzak edo ez-egiteak.

        5. Arau-hauste larriak edo oso larriak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

        6. Arau-hauste larrietan berriro erortzea.

          110. artikulua.– Arau-hauste larriak.

          Edozein kasutan arau-hauste larriak izango dira hauek:

        1. Arau-hauste arinak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

        2. Diziplina edo hauteskunde organoetako kideek ez jardutea edo beren eginkizunak bertan behera uztea, baldin eta beren eginbeharren ez betetze oso larria ez badakar.

        3. Arrazoirik gabe euskal kirol-federazioen eta lurraldeetako kirol-federazioen selekzioen deialdietara ez joatea.

        4. Bidezko arrazoirik gabe federazio-lizentziak ez tramitatzea edo ez ematea edo atzeratzea.

        5. Joko, proba edo lehiaketaren garapen normala oztopatzen duen protesta, beti ere ekitaldia geldiarazi gabe.

        6. Epaileei, teknikariei, entrenatzaileei, kirol-agintariei, jokalariei edo bertaratutako jendeari irainak edo laidoak egitea.

        7. Epaileei eta teknikariei dagozkien jarduerak behar den titulazio edo baimenik gabe burutzea.

        8. Arau-hauste arinetan berriro erortzea.

        9. Ofizial izendapena daramaten kirol jarduerak, probak edo lehiaketak behar den baimenik gabe antolatzea.

        10. Burutu behar den eginkizunarekin edo jarduerarekin bateraezintzat jo diren jarduera publiko edo pribatuak burutzea.

        11. Kirol-lehiaketa burutzeko izan behar den duintasunaren edo lotsaren aurka nabarmenki edo jendaurrean jardutea.

        12. Kirol-instalazioetako segurtasun eta higiene baldintzei buruz federazioek emandako arauak ez betetzea, baldin eta ez betetze hori arrisku larria bada instalazioetan dauden pentsonentzat.

        1. Estatutuetako eta araudietako arauak eta kirol-federazioen erabakiak ez betetzea.

        2. Segurtasunari eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak antolatzea, baldin eta jarduera horiek ez badiote arriskurik sortzen jendeari.

        3. Lege honetako 67. artikuluan atxikipen, nahitaezko luzapen, prestakuntza eta antzeko eskubideen inguruan jasotako debekua hausten parte hartzea.

          111. artikulua.– Arau-hauste arinak.

          Edozein kasutan arau-hauste arinak izango dira hauek:

        1. Epaileei, teknikariei, kirol-agintariei edo bertaratutako jendeari modu desegokian oharrak egitea.

        2. Epaileek eta gainerako kirol-agintariek beren eginkizunen barruan emandako aginduak eta jarraibideak betetzean jarrera pasiboa hartzea.

        3. Diziplina edo hauteskunde organoetako kideek ez jardutea edo beren eginkizunak bertan behera uztea, baldin eta ez betetze arina bada.

        4. Kirol-arauen aurkakoak nabarmenki diren jarrerak, baldin eta oso larritzat edo larritzat kalifikatuta ez badaude.

          112. artikulua.– Zigorrak.

          1. – Aurreko artikuluetan azaltzen diren arau-hausteak direla-eta zigor hauek ezarri ahal izango dira:

            Arau-hauste oso larriak:

            1. Lizentziarik gabe uztea, gutxienez urtebetean eta gehienez bost urtean.

            2. Lizentzia kentzea.

              1.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isuna.

            1. Kirol-instalazioa ixtea, gutxienez hiru partidarako eta gehienez denboraldi baterako.

            2. Kargurik eta eginkizunik ezin izana, gutxienez urtebetean eta gehienez bost urtean.

            3. Kategoriaz jaistea.

            4. Joko, proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

            5. Joko, proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

            6. Probak edo lehiaketak egiten diren bitartean kirol-instalazioetan sartzea debekatzea, gutxienez urtebeterako eta gehienez bost urterako.

            7. Joko, proba edo lehiaketak ateak itxita egitea.

            8. Jardunaldi edo proba bati baino gehiagori dagozkien puntu, partida edo sailkapen-postuak galtzea.

              Arau-hauste larriak:

            1. Lizentziarik gabe uztea, gutxienez hilabetean eta gehienez urtebetean.

            2. 100.001 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isuna.

            3. Kirol-instalazioa ixtea, gehienez bi partidarako.

            4. Kargurik eta eginkizunik ezin izana, gehienez urtebetean.

            5. Joko, proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

            6. Joko, proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

            7. probak edo lehiaketak egiten diren bitartean kirol-instalazioetan sartzea debekatzea, gehienez urtebeterako.

            8. Joko, proba edo lehiaketak ateak itxita egitea.

            9. Jardunaldi edo proba bati dagozkion puntu, partida edo sailkapen-postuak galtzea.

            10. Ohartarazpen pribatua.

            11. Ohartarazpen publikoa.

              Arau-hauste arinak:

            1. Lizentziarik gabe uztea, gehienez hilabetean.

            2. 100.000 PTArainoko isuna.

            3. Joko, proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

            4. Joko, proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

            5. Ohartarazpen pribatua.

            6. Ohartarazpen publikoa.

          2. – Beren jardueragatik ordainsariak edo konpentsazioak jasotzen dituzten kirolari, teknikari eta epaileei, eta pertsona juridikoei, ezarri ahal izango zaizkie bakarrik diruzko isunak.

          3. – Kasuan kasuko diziplina-espedientearen bidez jarritako zigorrak berehala betearaztekoak izango dira. Dena den, aurkeztutako errekurtsoak ebatzi behar dituzten federazio, administrazio edo jurisdizkio organoek kautelaz bete gabe uzteko dituzten ahalmenak erabili ahal izango dituzte.

            113. artikulua.– Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak.

          1. – Administrazio-erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak aringarriak eta astungarriak izan daitezke.

          2. – Inguruabar aringarriak hauek izango dira:

            1. Probokazio nahikoa izan eta berehalaxe egitea arau-haustea.

            2. Arau-hauslea berez damutzea.

          3. – Inguruabar astungarriak hauek izango dira:

            1. Berriro egitea.

            2. Prezioa.

          4. – Kirol-diziplinaren ahalmenaz baliatzean, diziplina-organoek bidezko deritzen graduan jarri ahal izango dute zigorra, beti ere kontuan hartuta nolako egitateak diren, zein den erantzulearen nortasuna, nolako ondorioak izan dituen arau-hausteak eta inguruabar astungarririk eta aringarririk izan den.

            114. artikulua.– Erantzukizuna iraungitzeko arrazoiak.

          1. – Kirol arloko diziplina-erantzukizuna arrazoi hauengatik iraungiko da:

            1. Zigorra betetzeagatik.

            2. Arau-haustearen indarraldia amaitzeagatik.

            3. Zigorraren indarraldia amaitzeagatik.

            4. Erruztatua edo zigortua hiltzeagatik.

            5. Erruztatutako edo zigortutako kirol-erakundea iraungitzeagatik.

            6. Zigorra barkatzeagatik.

          2. – Federatu-izaera galtzea, ezarritako zigorrak betetzerakoan eragina izan badezake ere zenbait kasutan, ez da diziplina-erantzukizuna iraungitzeko arrazoia izango.

            115. artikulua.– Arau-hausteen eta zigorren indarraldia amaitzea.

          1. – Arau-hauste oso larrien indarraldia arau-haustea egin den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste oso larriena urtebete pasatzean eta arau-hauste arinena hilabete pasatzean. Jarduera jarraietatik etor litezkeen arau-hausteetan, berriz, jarduera amaitu den eguna edo arau-haustea burutu duen azken egintzaren eguna izango da indarraldi-epearen hasiera.

          2. – Zigor-jardunbidearen hasiera jakinarazten denean eten egingo da indarraldia amaitzeko epea. Aipatutako jardunbidearen menpean dagoen pertsonari edo erakundeari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jardunbidea geldirik badago hilabete bat baino gehiago, dagokion epeak aurrera jarraituko du.

          3. – Arau-hauste oso larrien, larrien edo arinen zigorren indarraldia hiru urte, urtebete edo hilabete pasatzean amaituko da, eta indarraldia amaitzeko epearen hasiera zigorra ezarri zuen ebazpenak behin betikotasuna hartu eta biharamuna izango da.

            116. artikulua.– Diziplina-jardunbideak.

          1. – Diziplina-erantzukizunak eskatzeko, ohiko jardunbidea eta ohiz kanpoko jardunbidea erabiliko dira.

          2. – Ohiz kanpoko jardunbideak lehentasun eta sumariotasun printzipioak izango ditu oinarri, eta batez ere joko edo lehiaketa arau-hausteei ezarriko zaie.

            117. artikulua.– Diziplina-erantzukizunak eta erantzukizun penalak aldi berean gertatzea.

          1. – Kirol arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi interesdunaren eskariz, ministerio fiskalari jakinarazi beharko dizkiote delitu edo hutsegite penal izan daitezkeen egitateak. Horrelakoetan, kirol arloko diziplina-organoek jardunbidea etetea erabakiko dute harik eta epaileak bere ebazpena eman arte.

          2. – Aurrekoa gorabehera, kirol arloko diziplina-organoek behar diren babes-neurriak har ditzakete.

            118. artikulua.– Diziplina-erantzukizunak eta administrazio-erantzukizunak aldi berean gertatzea.

          1. – Baldin eta egitate berbera dela-eta, batetik, lege honetako XI. tituluan araututako administrazio-erantzukizunak eta, bestetik, diziplina-erantzukizunak eskatu ahal badira, kirol arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi interesdunaren eskariz, horren berri eman beharko diote administrazio-organo eskudunari, eta horrez gainera diziplina-jardunbidea tramitatu ahal izango da.

          2. – Baldin eta diziplina-organoek jakiten badute badirela administrazio-erantzukizuna baino ez dakarten egitateak, horren berri emango diete administrazio-organo eskudunei.

119. artikulua.– Eginkizunak.

Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol arloko eskumenak dituen sailak beteko ditu kirol-ikaskatze eginkizunak, eta kirol arloko lege-xedapenak eta araudi-xedapenak betetzea kontrolatuko du, batez ere kirol-zentroei eta kirol-titulazioei buruzko xedapenak betetzea.

120. artikulua.– Ikuskatzeko eskumena.

Lizentziak edo baimenak emateko eskumena duen administrazioak ikuskatuko ditu instalazioak eta jarduerak. Eusko Jaurlaritzak ordeztu ahal izango du udalen ikuskatze-ahalmena, udalekin hitzarmen bat sinatuz.

121. artikulua.– Gaituriko pertsonak.

Ikuskatze-eginkizunak betetzeko, ezinbestekoa izango da kasuan kasuko espezializazio teknikoa edukitzea eta Eusko Jaurlaritzak gaituak izatea ikusketa-lanetarako.

122. artikulua.– Ahalmenak.

  1. – Beren eginkizunak betetzean, ikuskatzaileak, behar bezala kreditatuta, agintaritzaren agente izango dira, eta indarrean dagoen araudiak agintaritzaren agenteei ematen dizkien babesaz eta ahalmenez baliatu ahal izango dute.

  2. – Eginkizunak hobeto betetzeko egokitzat jotzen badute, ikuskatzaileek beste erakunde batzuen menpeko pertsonen eta zerbitzuen laguntza eskatu ahal izango dute.

    123. artikulua.– Kirol-ikuskatzearekiko betebeharrak.

    Kirol-zentroetako titularrek eta kirol arloan zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonek edo erakundeek utzi egin beharko diete ikuskatzaileei lokaletan sartzen, dokumentuak eta ondasunak kontrolatzen eta aztertzen; halaber, behar den laguntza emango diete ikuskatze-lanetan.

    124. artikulua.– Aholkularitza eta laguntza teknikoa.

  1. – Kirol-ikuskaritzak bere gain hartuko du kirol-zentroak ireki eta jardunean jartzeko betebeharrei buruzko aholkularitza, eta berari dagokio, halaber, lege honetan araututako gai guztiei buruzko aholkularitza ere, legea zuzen beteko dela bermatzeko.

  2. – Udalek, ikuskatze-zerbitzu egokirik ez badute, behar den laguntza teknikoa eskatu ahal izango diote Eusko Jaurlaritzako kirol-ikuskaritzari.

125. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gertatzen diren egintzei edo ez-egiteei ezarriko zaizkie kapitulu honetako xedapenak, Estatu edo nazioarte eremuko kirol-lehiaketetan gertatzen diren kontuan hartu gabe.

126. artikulua.– Arau-hauste administratiboak eta erantzuleak.

  1. – Titulu honetan jasotako egintzak edo ez-egiteak izango dira kirol arloko arau-hauste administratiboak, eta arau-hausteak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira erantzuleak.

  2. – Kirol arloko arau-hauste administratiboak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

    127. artikulua.– Arau-hauste oso larriak.

    Arau-hauste oso larriak hauek izango dira:

    1. Pertsonen osasunean eta segurtasunean ondorio larriak ekar ditzaketen eran burutzea kirol-jarduerak eta eskaintzea kirol-zerbitzuak.

    2. Kirol-instalazioetan edo instalazioen sarbideetan istilu publikoetan indarkeria erabiliz parte hartzea, baldin eta istiluak oso arriskugarriak badira pertsonentzat eta ondasunentzat.

    3. Kirol-instalazioetako segurtasun eta higiene baldintzak ez betetzea, baldin eta ez betetzea oso arriskugarria bada pertsonentzat eta ondasunentzat.

    4. Behin onarpen ofiziala ezeztatutakoan kirol-federazioa desegin beharrarekin loturiko beharkizunak ez betetzea.

    5. Indarkeriarako bultzagarri arriskutsuak diren adierazpenak eta egintzak.

    6. Prezio, beldur edo antzeko beste era batzuk erabiliz partida, proba edo lehiaketen emaitzak aldez aurretik erabakitzeko ekintzak.

    7. Kirol bakoitzeko arau teknikoen kontra kirol materiala edo ekipamendua manipulatzen edo aldatzen parte hartzea, aldez aurretik erabakitzeko partida, proba edo lehiaketen emaitzak.

    8. Debekatutako sustantzien kontsumoa edo debekatutako metodoen erabilera sustatzea, bultzatzea edo laguntzea, eta sustantzia eta metodo horiek behar bezala kontrolatzea galarazten duen edozein egintza edo ez-egite.

    9. Hutsegite larrietan berriro erortzea.

    10. Arau-hauste larriak edo oso larriak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

      128. artikulua.– Arau-hauste larriak.

      Arau-hauste larriak hauek izango dira:

    1. Irabazi-asmorik gabeko kirol-erakundeen bidez enpresa eta lanbide jardueren irabazi-asmoa ezkutatzea.

    2. Kirol-instalazioetan eta kirol altzarietan edo ekipoetan engainuz kalteak egitea.

    3. Ikuskatze, kontrol edo fiskalizazio lanetan laguntza ez ematea edo trabak jartzea.

    4. Kirol-federazioek bereak dituzten izenak erabiltzea edo jarduerak burutzea.

    5. Eskola-umeen kirol-jarduerak foru-aldundiek baimendu gabe antolatzea edo jarduera horietan parte hartzea.

    6. Hutsegite arinetan berriro erortzea.

    7. Arau-hauste arinak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

      129. artikulua.– Arau-hauste arinak.

      Arau-hauste arinak hauek izango dira:

    1. Ikusle, kirolari eta kirol-instalazioetako gainerako erabiltzaileen begirunerik eza, baldin eta ordena publikoan eragiten ez badute.

    2. Lege honetako 98. artikuluak ezarritako informazio-beharkizuna ez betetzea.

    3. Arretarik eza edo utzikeria izatea kirol-instalazioak eta kirol altzariak edo ekipoak mantentzen eta zaintzen.

      130. artikulua.– Ondorioak.

      1. – Arau-hauste administratibo orok ondorio hauek izan ditzake:

        1. Zigorrak ezartzea, bestelako erantzukizunak ahaztu gabe.

        2. Eragindako galerak eta kalteak konpondu beharra.

        3. Hautsitako ordena juridikoa berriro ezartzeko eta arau-hausteak eragindako ondorioak deuseztatzeko behar diren neurri guztiak hartzea.

      2. – Ezar litezkeen zigorrak gorabehera, emandako laguntzak eta diru-laguntzak itzultzea erabaki ahal izango du administrazio-organo eskudunak.

        131. artikulua.– Zigorrak.

      1. – Aurreko artikuluetan adierazitako arau-hausteak egiteak zigor hauek ekarri ahal izango ditu:

        1. Diru-isuna.

        2. Jarduera debekatzea.

        3. Administrazio-baimena ezeztatzea.

        4. Kirol-instalazioak ixtea.

        5. Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko eskubidea galtzea.

        6. Kirol-instalazioetara sartzea galaraztea.

        7. Kirol-jarduerak antolatzeko gaitasuna kentzea.

      2. – Arau-hauste arinak 10.000 eta 100.000 PTA bitarteko isunarekin zigortu ahal izango dira, larriak 100.001 eta 1.000.000 PTA bitarteko isunarekin, eta oso larriak 1.000.001 eta 10.000.000 PTA bitarteko isunarekin.

      3. – Arau-hauste oso larriak direla eta, b), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako zigor osagarriak ezarri ahal izango dira, gehienez ere lau urtera arte.

      4. – Arau-hauste larriak direla eta, b), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako zigor osagarriak ezarri ahal izango dira, gehienez ere bi urtera arte.

      5. – Ezar litezkeen zigorren eta erantzukizunen zenbatekoa behartze-bide administratibotik eskatu ahal izango da.

        132. artikulua.– Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak.

      2. – Inguruabar aringarriak hauek dira:

      3. – Inguruabar astungarriak hauek dira:

        1. Berriro egitea.

        2. Prezioa.

      4. – Gainera, zigorrak ezartzean, inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

        1. Eragindako kalteak.

        2. Sortutako arriskuak.

        3. Aurretiazko ohartarazpenak izatea.

        4. Nahita egitea.

        5. Legez kanpo lortutako onura.

        6. Erakundearen jardueraren bolumen ekonomikoa.

          133. artikulua.– Zigorren bateragarritasuna.

          1. – Egitate berberak direla medio eta babestutako interes berberengatik ezin izango da sekula bi zigor ezarri.

          2. – Nahiz eta titulu honetan aurreikusitako arau-hausteak direla-eta zigorrak ezarri, kasua bada kirol arloko diziplina-erantzukizunak ere ezarri ahal izango dira, bestelako izate-arrazoia baitute.

            134. artikulua.– Arau-hausteen indarraldiaren amaiera.

          1. – Arau-hauste oso larrien indarraldia arau-haustea egin den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste larriena urtebete pasatzean, eta arinena sei hilabete pasatzean. Jarduera jarraietatik etor litezkeen arau-hausteetan, berriz, jarduera amaitu den eguna edo arau-haustea burutu duen azken egintzaren eguna izango da indarraldi-epearen hasiera.

          2. – Zigor-jardunbidearen hasiera jakinarazten denean, eten egingo da indarraldia amaitzeko epea. Aipatutako jardunbidearen menpean dagoen pertsonari edo erakundeari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jardunbidea geldirik badago hilabete bat baino gehiago, dagokion epeak aurrera jarraituko du.

          3. – Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zigorren indarraldia hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste larrien kasuan urtebete pasatzean, eta arau-hauste arinen kasuan sei hilabete pasatzean.

            135. artikulua.– Behin-behineko neurriak.

          1. – Zigor-espedientea irekitzeko eskumena duten organoek behar diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango dituzte, arrazoiak emanda, edozein unetan, balizko ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko eta ondasunen eta pertsonen segurtasuna bermatzeko.

          2. – Neurri horiek ez dute edukiko zigor-izaerarik, eta hauek izan daitezke:

            1. Diru-bermeak jartzea.

            2. Zerbitzuak, jarduerak edo baimenak aldi baterako etetea.

            3. Kirol-instalazioak ixtea.

              136. artikulua.– Zigortzeko ahalmena.

              Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei eta udalei dagokie, zeini bere eskumenen esparruan, zigortzeko ahalmena erabiltzea.

137. artikulua.– Izaera.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-justiziaren arloan administrazio-organo nagusia Kirol Justiziako Euskal Batzordea izango da.

  2. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikiko zaio Kirol Justiziako Euskal Batzordea. Dena den, beregaina izango da sailarekiko, eta azken administrazio-auzialdian erabakiak hartuko ditu bere eskumeneko gaiei buruz.

    138. artikulua.– Eskumenak.

    Kirol Justiziako Euskal Batzordearen eskumenak hauek izango dira:

    1. Kirol-diziplinako ahalmena duten kirol-organo titularren erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

    2. Kirol-federazioetako hauteskunde-batzarren erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

    3. Lehiaketa ofizialak bideratu, kalifikatu eta baimentzeari eta lizentziak tramitatu eta emateari dagozkien federazio-erabakien aurka jarritako errekurtso guztiak aztertzea eta ebaztea.

    4. Administrazio-eginkizunak betetzean federazioen artean sor litezkeen auziak aztertzea eta ebaztea.

    5. Batzordeak, ofizioz edo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren eskariz, gorago aipatutako gaien artetik aztertu beharreko ikusten dituenak aztertzea eta ebaztea.

      139. artikulua.– Ebazpenak.

      1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenek administrazio-bidea agortuko dute, eta administrazioarekiko auzitarako jurisdikzioaren aurrean errekurritu ahal izango dira bakarrik.

      2. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak, hasiera batean, kirol-ekintzaren titularra den erakundearen bidez betearaziko dira, eta titularra izango da ebazpenak zuzen betetzearen erantzulea. Titularrik ez badago, batzordeak berak betearaziko ditu ebazpenak.

        140. artikulua.– Osaera.

      1. – Sei kide titularrek osatuko dute Kirol Justiziako Euskal Batzordea; Zuzenbidean lizentziatuak eta kirol arloko lege-gaietan esperientzia handikoak izan beharko dute. Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailak izendatuko ditu. Aipatutako sei kide titularrez gain, sailak bi ordezko izendatuko ditu.

      2. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeak osoko bilkuran eta sekzioetan jardun ahal izango du.

      3. – Indarrean dagoen legedian aurreikusitako abstentzio edo ezespen zioak aplikatu ahal izango zaizkie batzordeko kideei.

      4. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeko kideek lehendakaria eta lehendakariordea aukeratu beharko dituzte beren artetik. Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailak izendatuko du, bere funtzionarioen artetik, batzordeko idazkaria.

      5. – Batzordeko kide karguek ez dute ordainsaririk izango, eta jarduna dela-eta dagozkien dietak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.

        141. artikulua.– Araudi bidezko garapena.

        Lege hau garatzen duten araudi-xedapenek finkatuko da Kirol Justiziako Euskal Batzordearen osaera eta jarduera.

142. artikulua.– Estatutuen eta araudien aurreikuspenak.

  1. – Kirol-federazioen estatutuetako eta araudietako arauek arbitratze-formulak aurreikusi eta zehaztu beharko dituzte, hurrenez hurren, beren kideen artean gerta litezkeen desdostasunak auzitegietatik kanpo ebazteko. Arbitratzeari buruzko legedi orokorraren zehaztasunei, baldintzei eta ondorioei lotuz aplikatuko dira formula horiek.

  2. – Araudietako arauek puntu hauek zehaztu beharko dituzte:

    1. Arbitratzearen helburu izan daitezkeen gaien zerrenda.

    2. Ukitutako pertsonek arbitratze-formula horiek onartzeko moduak.

    3. Arbitratze-formula horiek aplikatzeko jardunbidea, beti ere kontraesan eta berdintasun printzipioak errespetatuta.

    4. Desadostasunetan erabakitzeko ardura duten organoak edo pertsonak, eta horiek izendatzeko jardunbidea.

    5. Laudoak betearazteko formulak.

      143. artikulua.– Borondatezko men egitea.

      Zuzenbidearen araberako edo ekitatezko arbitratze-sistemei men egitea borondatezkoa izango da beti. Debekatuta egongo dira, beraz, epaileak, teknikoak, kirolariak eta gainerako pertsonak edo kirol-erakundeak beren arteko auziak arbitratze-formulen bidez konpontzera behartzen dituzten arauak edo erabakiak.

      144. artikulua.– Arbitratzea sustatzea.

      Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoek arbitratze-eginkizunak dituzten erakundeak sortzea bultzatu beharko dute. Halaber, arbitratzearen kultura hedatu beharko dute kirol-mugimenduko kideen artean, kirol-munduan sortzen diren gatazkak konpontzeko formula egoki gisa.

  1. – Lege honetan aipatutako kirol-klubak herri-onurakotzat jo ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren erabakiz, dagokion foru-aldundiaren txostena aztertu eta gero. Herri-onurakotzat jotzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Euskadiko interes orokorrari ekarpena egitea.

    2. Bazkide-kopurua mugatuta edukitzea, non ez den kirol-instalazioen edukiera fisikoagatik edo harmenagatik.

    3. Bazkideen kuotek ez gainditzea araudi bidez zehaztutako kopuruak.

  2. – Herri-onurakotzat jotzeak lege honen 32. artikuluan ezarritako hobariak ekarriko ditu.

Euskal eskola publikoaren barruan dauden ikastetxeen, kirol-elkarteen eta gainontzeko erakunde publiko edo pribatuen arteaneskola-kirolaren arloan lankidetza-hitzarmenak zabaldu daitezen, aipatutako ikastetxeen zuzendariek lankidetza-hitzarmenak izenpetzeko baimena izango dute, Eusko Jaurlaritzan hezkuntza arloan eskumena daukan sailak, bere kasuan, araudi bidez zehazten dituen mugekin eta baldintzekin.

Kirol-federazioek beren jardunean euskararen erabilera normaltzeko egokiak diren neurriak hartuko dituzte. Bereziki, katalogoetan, programetan, iragarpen-hormirudietan eta beren kirol jardueretan eta lehiaketetan erabiltzen duten gainontzeko irudizko edo entzutezko materialean bultzatuko dute euskararen erabilera.

Lege honetan aurrikusitakoak behar bezala betetzea bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean ikuskatze-plan orokor bat onartuko du. Plan horrek, gutxienez, egin beharreko ikuskatzeen helburu orokorrak, lehentasunak eta egutegia zehaztuko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan herri-kirolen, euskal pilotaren eta tosta finkoko arraunketaren garapena bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak plan estrategiko bat onartuko du urtebeteko epean. Ukitutako euskal federazioek, Kirolaren Euskal Kontseiluak eta kirol-mota horiekin zerikusia daukaten gainontzeko agenteek parte hartuko dute planean. Planak zehaztasun hauek jasoko ditu gutxienez:

  1. Planaren helburuak.

  2. Helburu horiek lortzeko neurriak.

  3. Neurri horiek burutzerakoan erakunde publiko eta pribatu batzuek eta besteek izango dituzten erantzukizunak.

  4. Plana burutzeko epeak.

  5. Plana berraztertzeko jardunbidea eta epeak.

  6. Kanpo-sustapena.

Kirol-federazioek lankidetza edo laguntza hitzarmenak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko edo kanpoko kirol-erakunde publiko edo pribatuekin, kirol jarduera eta lehiaketa komunak egiteko. Bereziki, kirol-federazioek lankidetza-formulak bultzatuko dituzte beste euskal lurralde batzuetan eta beste erkidego batzuetan Euskal Herriko bertako kirolen praktika eta garapena sustatzen duten kirol-erakundeekin.

Osasunaren Lege Orokorraren 83. artikuluan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateratuko 22. xedapen gehigarrian eta aplikatzekoak diren gainontzeko xedapenetan zehaztutakoa jarraituz, zerbitzu-sare publikoak edo Osasun Sailak itundutakoak kirolari federatuei ematen dien osasun-laguntza lege honen 78.1 artikuluan xedatutakoan sartuta ez baldin badago, ekainaren 4ko 849/1993 Errege Dekretuak zehaztutakoaren arabera fakturako eta eskatuko da, eta besterik ezean kirol-federazioei fakturako eta eskatuko zaie, unean-unean indarrean dauden prezio publikoen arabera edo egiten diren hitzamenei edo itunei lotuz.

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

Klub, elkarte eta federazioen estatutuetako eta araudietako xedapenak arautegi berriari egokitu beharko zaizkio lege hau garatzeko xedapenetan zehaztutako epeen barruan. Araudi-garapen hori egiten ez den bitartean, lege honen aurka ez doazen estatutu eta araudi xedapenak aplikatzen jarraituko da, eta indarrik gabe geldituko dira legearen aurkakoak direnak.

Lege honen 98. artikuluan araututako kirol-zentro guztiak, jardunean badaude lege hau indarrean sartzen denean, lege horretan zehaztutakoari egokitu beharko zaizkio legea garatzeko arauek ezartzen dituzten epeak eta baldintzak betez. Garapen-arau horiek aldi baterako araubide bereizia aurreikusi ahal izango dute, zentroen titularrek dagozkion egokitzapenak egin eta baimenak lor ditzaten, arrisku-faktoreak, berrikuntzen kostua eta antzeko beste gorabehera batzuk kontuan hartuz.

Kirol Erakundeen Erregistroa modu berrian antolatzeko eta jarduteko beharrezkoak diren xedapenak ematen ez diren bitartean, erregistroaren egitekoak apirilaren 3ko 94/1990 Dekretuaren arabera burutuko dira.

Lege hau indarrean sartu baino lehen hasitako diziplina eta zigor espedienteak edukizko aurreko arautegiaren arabera tramitatuko dira. Dena den, lege honetan aurreikusitakoak aplikatu ahal izango dira espedientatuaren aldekoago direnean.

Kirol Diziplinako Euskal Batzordeak, Kirol Justiziako Euskal Batzordea arautzeko xedapenak onartzen ez diren bitartean, oraingo osaera eta jarduerarekin jarraituko du, baina Kirol Justiziako Euskal Batzordea izen berriarekin.

  1. – 5/1988 Legearen 33.1.c) artikuluaren babespean sortutakoak diren nortasun juridikodun kirol-elkarteek kirol-klub bihurtu beharko dute.

  2. – Eraldaketa hori lege hau garatzeko arauetan ezartzen diren epeen barruan burutuko da.

  3. – Kirol-elkarteak klub bihurtzeak ez du ekarriko nortasun juridikoa aldatzerik; aurreko bera izango da formal sozial berriarekin ere.

  4. – Eraldatzen diren kirol-elkarteek beren egungo izenarekin jarraitu ahal izango dute.

  5. – Kirol-elkarteen administrazio-organoek eraldaketa erabakitzeko eta tramitatzeko ahalmena izango dute.

  6. – Araudi bidez ezarritako epea amaituta, Kirol Erakundeen Erregistroan ez da dokumenturik inskribituko eraldaketa inskribitu ez den bitartean. Salbuetsita daude epailetza edo administrazio agintaritza eskudunak agindutako idazpenak.

Eusko Jaurlaritzak lege honetan aurrikusitako kasuetan araugintza-ahalmena erabiltzen ez duen bitartean, orain arte indarrean egon diren xedapenak aplikatuko dira lege honen aurka ez doazen guztian.

INDARGABETZE XEDAPENAK

Indargabetuta geldituko da oso-osorik Soin Kulturaren eta Kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legea.

Indargabetuta geldituko dira lege honetan agindutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

Lerroalde berri bat gehituko zaio Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 1. artikuluaren 2. zenbakiari:

«Halaber, lege honetatik kanpo geldituko dira kirol joko eta lehiaketak, irabazi-asmoa dutenak eta ez dutenak. Ez dira lege honetatik kanpo geldituko, ordea, kirol joko edo lehiaketen gaineko apustuak».

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ahal izango du lege honetan zehaztutako zigorren zenbatekoa.

Eusko Jaurlaritzak ahalmena izango du Lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko ekainaren 18an.

Lehendakaria,

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu
  1. – Euskal Autonomia Erkidegoak erabateko eskumena du kirol-gaietan, Autonomi Estatutuaren 10.36. artikuluak dioenaren arabera. Eskumen horren babesean Legebiltzarrak, kirolak gure egungo gizartean, hezkuntzan, osasunean eta ekonomian duen garrantzia ikusirik, otsailaren 19ko 5/1988 Legea, Soin Kulturarena eta Kirolarena, onartu zuen. Kirolaren arlo ugariak antolatzeko beharraren ondorioz sortu zen legea, ordura arteko arauketa eta egituraketa urriak ziren eta.

    Hala ere, kirolaren ezaugarriak dinamismoa eta etengabeko aldaketak izan dira betidanik. Kirol-mundua aldakorra da bere ezaugarrietan eta ezin ditu eduki betirako printzipioak eta inoiz indarra galtzen ez duten arauak, ordenamendu juridikoaren beste zenbait sektoretan gertatzen den modura. Hori dela eta, argi dago 5/1988 Legea onartu zenetik kirolean izugarrizko aldaketak gertatu direla, Estatuan nahiz nazioarteko eremuan. Horrenbestez, legea gizarteko errealitate berrira egokitzeko beharra ikusi da.

    Eztabaidaezina da 5/1988 Legeak izan duen egiteko garrantzitsua. Gehienek aitortu diote kalitate teknikoa eta balio politikoa nahiz kirol arlokoa. Hala ere, lege hori indarrean egon den bitartean, antzeman da kirolaren zenbait arlori emandako tratamendua ez dela guztiz egokia izan. Urteetan zehar, halaber, ikusi da arazo larriak gertatu direla eta ez zegoela araurik arazo horiei aurre egiteko. Beraz, ezinbestekoa da arazoei ahalik eta azkarren legearen bidez erantzuna ematea.

    Esandako guztiak nahikoa arrazoi dira etapa berri bati ekiteko eta indarrean dagoen kirolari buruzko legedia berritzeko, izan diren aldaketetara egokitzeko eta, horrezaz gain, urrutirago doan ikuspegia harturik etortzekoak diren aldaketetarako prestatzeko. Gauza jakina da euskaldunek jarrera ona izaten dutela edozein kirol-jardueratan parte hartzeko eta gaitasun handia dutela kirol-ekintzak antolatzeko, eta horrek lege-esparru berria eskatzen du eta behin betiko bultzada, une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen egiturari eusteko.

    Gorabehera horiek kontuan hartuta, arau-mailarik gorenaren bidez antolatu da kirola, hots, lege baten bidez. Legea gainerako autonomia-erkidegoetako arauak baino harago doa, hainbat arazo bildu ditu eta arau-esparru bat egituratu du euskal kirolak dituen errealitate guztietarako.

  2. – Orain aldarrikatzen den legearen I. titulua aplikazio-eremuari eta printzipioei buruzkoa da, eta hartan aurreko testua errespetatu da funtsean. Proposatu diren aldaketak teknika juridikoari eta edukiari buruzkoak dira. Teknika juridikoaren aldaketei dagokienez, ahalik eta gehien sinplifikatu da herri-agintarien jardueraren printzipio gidariak biltzen dituen apartatua. Nabarmentzekoa da, bereziki, herri-aginteek kirol-praktika bermatu beharra dutela laguntza pribatua sustatuz. Kirolerako ekonomi baliabideak eskuratzeko, sektore pribatutik lortu behar da finantzazioa, ekintza publikoaren osagarri izan dadin. Printzipio gidari berriak sartu dira, halaber, kiroletik indarkeria erauzteko, emakumea kirolean maila guztietan sartu ahal izateko baldintzak bultzatzeko, dopatzea zigortzeko edo, adibidez, unibertsitatean kirola sustatzeko.

  3. – II. tituluak, Estatuaren eta gainerako autonomia-erkidegoen legeen egitura jarraituz, kirolaren lehiaketa-antolaketaz dihardu, azaroaren 25eko 27/1983 Legearen ondorioz onartutako jarraibideetatik abiatuta (lege hori Autonomia Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira Lurraldeetako Foruzko Jardute Erakundeen Arteko Harremanei buruzkoa da). Oraingo legeak aurreko legearen ildo beretik sakondu du eta eskumeneko arloak zehatz-mehatz mugatu ditu, 5/1988 Legearen indarraldian izan diren interpretazio-desadostasun ugariak ekiditeko.

  4. – III. titulua euskal kirolaren elkartze-egitura antolaketa-arlo guztietan arautzeari buruzkoa da. Hainbat gauza berri dakartza araudi berriak. Aipagarria da, lehenik eta behin, kirol-sozietate anonimoei egiten zaien beren-beregizko aitorpena. Bigarrenik, federazio-sarea berregituratzea pentsatu dugu, orain arte neurri desegokikoa izan baita eta arazo bereziak izan baititu. Federazioen atomizazio kezkagarriari konponbidea bilatu nahi izan diogu, kirol-federazio asko baititugu Euskal Autonomia Erkidegoan ia ezarpenik gabekoak eta kirol-jarduera urria kudeatu dutenak, altxor publikorako onartezinak diren kostuekin. Horrenbestez, baldintza berriak ipini dira kirol-federazioak sortzeko, eta behar bezalako ezarpenik ez duten kirol-motek ez dute aukerarik izango kirol-federazio bihurtzeko. Horrezaz gain, lege-mailako hainbat mekanismo jaso dira kirol-federazio batzuk sortarazteko izan ziren arrazoiak desagertzean aitorpen ofiziala ezeztatzeko. Kirol-federazioei esleitutako egiteko garrantzitsuak aintzat harturik, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaileak baitira bakoitzari dagokion kirol-mota antolatzeari dagokionez, hainbat manu sartu dira parte hartzeko eta kontrolatzeko, bai eta babesteko eta laguntzeko ere. Lege berriak, halaber, kirol-federazioetako xedapenak aldizkari ofizialetan argitaratzeko nahitaezkotasuna jaso du. Bestalde, kirol-elkartearen nozioa berritu egin da, aurreko legean izandako esperientzia txarra kontuan hartuta.

  5. – IV. titulua kirol-lehiaketei buruzkoa da, eta lehiaketen sailkapen koherentea egin du kirolaren lehiaketa-eremuak kontuan hartuta. Testuak, halaber, garrantzi handiko ezaugarri bat jaso du: baimen-motek izan behar duten izaera arautu esplizitua eta baimen horien gutxieneko edukia eta eraginak.

  6. – V. tituluak kirol-sistema guztien euskarrietako batez dihardu: eskola-kirolaz. Kirola garrantzitsua da eskolako ikasleen heziketa osorako, nortasunaren garapen harmonikorako eta baldintza fisiko etaprestakuntza egokiak lortzeko, gerora begira ere kirola egiten jarraitu ahal izan dadin. Hori da legeak kontuan hartu duena eta ez du aldaketa handirik ekarri. Eskola-kirola arautzen duen kapitulua legearen beste titulu batzuetan eskola-kirolaz bildu diren aurreikuspenekin osatu da.

    Arreta berezia eskaini zaio, halaber, unibertsitate-kirolari, unibertsitatearen autonomia errespetatuta beti ere. Kirola gizarteratzeko edozein prozesutan ezin dugu unibertsitatea alde batera utzi. Kirol eta gizarte garapen handiko herrietako esperientziak erakusten digunez, unibertsitatea erakunde aproposa da kirol-jarduera hedatzeko erronka bere gain hartzeko, kirol-jardueraren jarraipena ziurtatzeko adin egokian dagoen biztanleria baitauka bere baitan.

  7. – Kirol-teknikarien prestakuntzaren eta titulazioen gaia da legearen kezkarik nagusienetako bat. Jarraibide asko diseinatu dira arlo horretan: batetik, legezko babesa eman zaio kirol-teknikari tituludunak izan beharrari, irakasteko, zuzentzeko eta bestelako jarduerak burutzeko; bestetik, bertan behera utzita dagoen kirol-teknikarien prestakuntzaren gaian sakondu da eta Kirolaren Euskal Eskola sortzea jaso da.

  8. – VII. tituluan kirolarien asistentziaren eta babesaren arazoaz dihardu legeak. Titulu horretan nabarmentzekoa da kirolarien segurtasunaren eta osasunaren babes orokorra, edozein jarduera burutzen dutela ere. Horrekin batera, oinarrizko euskarriak dira arriskuen estaldura eta erantzukizun zibilaren sistema. Goi-mailako kirolak leku berezia dauka legean, funtsezko faktorea baita Autonomia Erkidegoko kirolaren garapenerako; eta funtsezko faktorea da bizigarria delako oinarriko kirolarentzat eta ordezkaritza-funtzioa betetzen duelako Estatuko nahiz nazioarteko lehiaketetan.

    Legeak kontuan hartu du dopatzearen gaia ere. Agintari publikoek eta kirol-antolakundeek erantzukizun osagarriak dituztela abiapuntutzat hartuta, legeak kontuan hartu du dopatzearen arazoa diziplina-bidetik kanpo ere.

    Kirol-medikuntzaren eta osasun-laguntzaren arloan xehetasun handiagoz zehaztu dira Administrazioaren eskumenak, bai eta diru publikoen konturako osasun-prestazioak ere. Eusko Jaurlaritzak eskumena du, halaber, pertsonen osasunerako arriskutsuak diren kirol-jarduerak debekatzeko. Horrekin batera, kirolarientzako osasun-txartela eratzeko aukera jaso da, beste herrialde batzuetan egiten den modura.

  9. – VIII. tituluan legeak kirol-ekipamenduen eta zerbitzuen arloa jorratu. Kirol-jarduerak ekipamendu ez arruntetara ere jo duenez, gomendagarria zen horien aipamen bereizia egitea legean. Bestalde, kirol-instalazioen erabiltzaileei legeak ematen dien babesa jaso da, eta gutxieneko kalitatea, garbitasuna eta segurtasuna ziurtatzeko baldintzak finkatu dira. Lege berriak kirol-instalazioen izaera pribatua zehaztu du, finantzazioari begira. Kirol-ekipamenduen erroldak osatzeko eta eguneratzeko betebeharrak ezarri dira, bide batez. Kirol-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen arazo kezkagarria ere aipatu da lehenengo aldiz, arazo hori arautu gabe zegoen-eta orain arte.

  10. – Kirol-lehiaketetan edo horien inguruan sortzen den indarkeriari aurre egiteko baliabideak ezartzea sustatu nahi izan du legeak. Gizartea gero eta kezkatuagoa dago indarkeriaren gorakadagatik orokorrean. Kirolarekin zerikusia duen indarkeria gizartean dagoenaren isla baino ez dugu, baina beharrezkoa da neurri batzuk hartzea kirol-jarduera garatzen den ingurunea kontuan hartuta. Kirolak heziketari eta osasunari egiten dizkion mesedeak aldarrikatzen dituen lege batek kontuan hartu behar ditu kirolaren baitako indarkeria aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko neurriak. Europako Kontseiluak indarkeriari buruz landutako Europako Hitzarmenean azaltzen diren printzipioetara egokitzea izan da legearen xedea.

  11. – Legeak arreta handia eskaini dio kirol-diziplinako araubideari, eta hori kirol-egitura pribatuen bitartez gauzatuko da. X. tituluak diziplina-gaiez dihardu eta zenbait berritasun jaso ditu: azkenaldi honetan azaldu diren jokabide gaitzesgarri batzuk arau-haustetzat jotzea edo kirolaren baitatik indarkeria edo dopatzea erauzteko zigor-neurriak sartzea. Gogoan izan behar da, halaber, aurreko 5/1988 Legeak arau-hauste gutxi batzuentzat baino ez zuela jaso zigor-ahalmena; horren ondorioz, kirol-federazioetako gobernu eta ordezkaritza organoetako kideen hainbat egintza edo ez-egite inolako zigorrik gabe geratu ohi ziren. Egoera horren aurrean, lege berriak zehaztu egin du, zabaldu egin du kirol-diziplinaren kontzeptua. Hala, behar bezala bete da legezkotasunaren printzipioa eta ezinbestekoak diren oinarrizko elementuak ezarri dira, eta horietatik abiatuta zehaztuko da araudi bidez kirol-diziplinaren eduki osoa.

  12. – XI. tituluan zigorren lege-esparru berria jaso da. Era horretara, bete egin da Konstituzioak herri-administrazioaren zigor-ahalmena lege-mailako arau batez babesteko duen beharkizuna. Kirola gizartean oso sartuta dagoenez, aginte publikoek gero eta parte-hartze handiagoa izan ohi dute kirol-ekitaldiak arautzen. Arautze horren beharra onartzen bada, ezinbestez eduki behar da zigor-araubide zehatza, kirolean jarraitu beharreko arauak maiz hausten baitira. Horrela, bada, arau-hausteen larritasunaren sailkapen berria egin da eta zigorren zenbatekoak eguneratu egin dira. Otsailaren 19ko 5/1988 Legean jasota ez zeuden hainbat jokabide ere arau-hauste gisa tipifikatu dira lege berrian.

    Horrenbestez, legeak bete egin du konstituzio-jurisprudentziak mugatzen duen legezkotasun-printzipioa, zigor-araubideari buruzko kapituluan bezalaxe. Era berean, oinarrizko eta ezinbesteko elementuak ezarri ditu, horietatik abiatuta zigor-araubidearen eduki osoa araudi bidez zehazteko.

  13. – XII. titulua kirol-justiziari buruzkoa da, eta formula estrajudizialak jaso ditu kirolaren baitan azaltzen diren gatazkak erabakitzeko. Gatazka horiek gero eta maizago ari dira judizialak bihurtzen eta lehiaketako kirolaren dinamismoa ez da ondo moldatzen Justizi Administrazioaren jarduera ez oso egokiarekin. Horregatik, kiroleko arbitratzeari lege-mailako instituzionalizazioa ematearen aldeko apustua egin dute Estatuko 10/1990 Legeak eta erkidegoetako legeek. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-legediak ez zuen aurreikuspenik orain arte eta beharrezkoa zen legea berritzea, legean formula estrajudiziala sartzeko. Legearen testua idazterakoan, zuzendu nahi izan da arbitratzearen eta kontziliazioaren artean dagoen nahastea, beste erkidegoetako lege batzuetan gertatu dena, eta ezabatu egin dira lege horietan azaltzen diren justifikaziorik gabeko murrizketak. Berritasun gisa, kirol-federazioak derrigortuta daude arbitratze-formulak aurreikustera eta arautzera beren kideen artean sortzen diren auzietarako.

    Titulu honetan jorratu den beste arazoetako bat oraingo Kirol Diziplinako Euskal Batzordearen eskumen-eremu murritza zabaltzea izan da; lehen diziplina-gaiak hartzen zituen bakarrik eta ezin zituen erabaki bestelako kirol-auziak. Lege honek kirol-mugimenduaren aspaldiko nahia bete du gure Autonomia Erkidegoan: Kirol Justiziako Euskal Batzordea edukitzea, eskumena izango duena hauteskunde-prozesuekin, federazio-lizentzien tramitazioarekin, maila igoerekin eta jaitsierekin eta abarrekin zerikusia duten gaietan erabakitzeko.

  14. – Azkenik, «esparru-lege» baten aurrean gaudela nabarmendu behar da. Legearen helburua estaldura zabala ezartzea izango da, etorkizunean kirolean gerta daitezkeen aldaketetara unean-unean araudi bidez egokitu ahal izateko. Legearen arauketa zabala izan da, hain zuzen kirolari buruzko gai eta arazo asko jorratzen dituelako oinarrizko mailan, bainaoinarrizko arauketa horrek ezinbestekoa izango du araudi bidez osatzea. Azken finean, arau ireki eta malguaren aldeko apustua egin dugu, kirolak hain ezaguna duen dinamismorako egokia izan dadin.

Euskal Autonomia Erkidegoan kirola arautzea da lege honen helburua.

  1. – Kirola interes publikoko gizarte-jarduera da, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria.

  2. – Pertsona guztien funtsezko eskubidea da kirola askatasunez eta norbere borondatez egitea.

  3. – Aginte publikoek, zeinek bere eskumen-esparruaren barruan, eskubide hori behar bezala gauzatzea bermatuko dute. Horretarako, burutuko duten kirol politikak printzipio hauek izango ditu oinarrian:

    1. Hezkuntza-sisteman kirolari eta gorputz-hezkuntzari lekua ematea.

    2. Kirol-elkarteak bideratzea eta sustatzea, bai eta kirol arloko antolakuntza-egitura pribatuak onartzea eta babestea ere.

    3. Goi-mailako kirola bideratzea eta sustatzea kirol-federazioen parte-hartzearekin.

    4. Kirol-jarduera gizarte-maila guztietara, batez ere ahulenetara, zabaltzeko programa bereziak onartzea eta burutzea.

    5. Lehiaketa-kirola bideratzea eta sustatzea.

    6. Kirol arloan ikerkuntza zientifikoa bultzatzea, kirolaren kalitatea hobetzeari begira.

    7. Kirol-teknikarien prestakuntza bideratzea eta bultzatzea Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen eta kirol-federazioen parte-hartzearekin.

    8. Kirolarientzako mediku-laguntzako sistema espezializatua bideratzea eta bultzatzea.

    9. Kirol-instalazioetan segurtasuna eta higienea aurrezaintzeko eta kontrolatzeko sistema bat bideratzea eta bultzatzea, ezinduak modu errazean sartu-irtetea bermatuz.

    10. Behar diren neurriak hartzea kirola eta kirolariak helburu politiko, ekonomiko edo bestelakoen gehiegizko esplotaziotik babesteko.

    11. Indarkeria kirol-mundutik erauzteko beharrezkoak diren neurriak hartzea.

    12. Kirol-ekitaldietan parte hartzen dutenei arriskuen estaldura egokia bermatzeko neurriak hartzea.

    1. Lankidetza arduratua izatea kirol arloan herri-administrazioen artean eta herri-administrazioen eta kirol-federazioen eta/edo beste edozein kirol-erakunderen artean.

    2. Ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak dituzten herritarren artean kirol-ekintzak sustatzea, zeharo gizarteratu daitezen laguntzeko.

    3. Emakumea maila guztietako kirol-praktikan sartzea erraztuko duten egokierak sustatzea.

    4. Kirol-jardueretan naturaz modu egokian baliatzea bultzatzea, ingurugiroaren babesarekin bateragarria izan dadin.

    5. Kirol-instalazioen ahalik sarerik onena planifikatzea eta sustatzea.

    6. Kirola aisialdi-aukera eta osasun-ohitura modura sustatzea, helburu hori lortzeko egokiak diren kirol-ekintzak aldeztuz.

    7. Oinarriko kirola, batez ere eskola-kirola, bideratzea eta sustatzea, euskal kirola maila guztietan garatzeko eragilea den neurrian.

    8. Euskal kirolari laguntzea Estatuan nahiz atzerrian.

    9. Euskal Herriko kirol-motak babestea eta sustatzea.

    10. Kirola kultur osagaitzat eta gizarte-bateratzailetzat aitortzea.

    11. Ideario olinpikoa onartzea eta babestea, eta dopatzea eta osasunaren nahiz pertsonaren duintasunaren aurkako beste edozein jokabide kiroletik erauzteko neurriak hartzea.

    12. Kirolaren babesle pribatuak sustatzeko neurriak hartzea jardun publikoaren osagarri gisa.

    13. Unibertsitate-kirola bideratzea eta sustatzea.

    14. Espetxeetan kirol-programak sustatzea, presoen gizarteratzea lortzeko.

Euskadiko kirolaren antolakuntza instituzionala herri-administrazioen deszentralizazio, koordinazio eta eraginkortasun printzipioetan oinarrituko da bakoitzari dagozkion eskumenak erabiltzerakoan, kirol-federazioen, kluben eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturen lankidetzarekin eta parte-hartzearekin. Kirol-federazioek, herri-administrazioen ordezkari laguntzaile diren aldetik, haiekin aktiboki hartuko dute parte Euskadin kirola antolatzen eta garatzen.

  1. – Autonomia Erkidegoko erakunde komunek kirol arloan Euskal Autonomia Erkidegoari Autonomi Estatutuaren indarrez dagozkion eskumen guztiak erabiliko dituzte, salbu eta lege honetan edo gainontzeko antolamendu juridikoan lurralde historikoetako foru-organoei, udalei edo gainontzeko toki-erakundeei ematen zaizkienak.

  2. – Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagozkien eskumenak hauek izango dira zehazki:

    1. Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroa arautzea eta kudeatzea.

    2. Kirol-diziplinako arauak finkatzea.

    3. Goi-mailako kirola bideratzea eta sustatzea.

    4. Kirol Federazioak onartzea, laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea beren egiteko publikoak bete ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren kalterik gabe.

    5. Kirola egiteko derrigorrezkoak diren gaitasun-azterketa medikoak arautzea.

    6. Kirolaren Euskal Kontseilua arautzea eta antolatzea.

    7. Kirol Justiziako Euskal Batzordea arautzea eta antolatzea.

    8. Kirol-teknikariak prestatzeko zentroak eta horietako irakaskuntzak eta tituluak arautzea, ofizialki onartzea eta bultzatzea.

    9. Kirol-federazioen, kirol-kluben eta gainontzeko kirol-erakundeen araubidea finkatzea.

    10. Kirol-klubak interes publikoko izendatzearen arautzea.

    11. Kirol-lizentzien araubidea finkatzea.

    12. Kirol-instalazioen eraikuntza, erabilera eta mantenimendua arautzea.

    1. Eskola-kirolaren oinarriak eta printzipioak, kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak finkatzea.

    2. Kirol-zentroak arautzea.

    3. Era bereko irizpideak onartzea herri-administrazioek kirol-ekipamenduen erroldak egin ditzaten.

    4. Kirol-erakundeen zuzendaritzako kideentzako estututua onartzea.

    5. Autonomi Erkidegoko kirol-ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

    6. Dopatzea aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.

    7. Naturan egiten diren kirol-ekintza arriskutsuen antolakuntza arautzea.

    8. Indarkeria aurrezaintzeko, kontrolatzeko eta zigortzeko arauak ezartzea.

    9. Kirol-mota berriak onartzeko irizpideak eta baldintzak onestea.

    10. Jarduera jakin bat kirol-motatzat kalifikatzea.

    11. Kirolariaren osasun-txartela arautzea.

    12. Unibertsitateen arteko kirol-ekintzak bideratzea eta koordinatzea, eta Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea arautzea.

    13. Kirol-ekitaldien antolakuntza arautzea.

Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan, eskumen hauek erabiltzea:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-kirolaren arloko arauak garatzea eta udal-aministrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.

  2. Kirola guztientzat sustatzeko kirol-politika onartzea eta udal-administrazioaren lankidetzarekin gauzatzea.

  3. Kirol-erakipamenduen arlokako lurralde-planak onartzea.

  4. Lurralde historikoko kirol-ekipamenduen errolda onartzea eta eguneratzea.

  5. Kirol-ekipamenduak eraikitzeko, zabaltzeko eta eraberritzeko finantzaketa-planak onartzea eta gauzatzea.

  6. Goi-mailako kirolean etorkizun oparoa izan dezaketen kirolariei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea.

  7. Lurraldean helbidea duten klubei eta gainontzeko kirol-elkarteei laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea. Horretarako, diru-laguntzak eskainiko dira eta elkarteek beren ekintzak diru-laguntzen helburuetara egokitzea kontrolatuko da.

  8. Lurraldeko kirol-federazioak onartzea, laguntzea, finantzatzea, ikuskatzea eta kontrolatzea beren egiteko publikoak bete ditzatela bermatzeko, beren jarduera pribatuaren kalterik gabe.

  9. Udalaren kirol-zerbitzuak koordinatzea eta laguntzea eta zerbitzu horien kudeaketa bateratua bultzatzea.

  10. Lege honen eta legea garatzen duten arauen indarrez dagozkien gainerako eskumenak eta egitekoak baliatzea, baita eta azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera eskualdatu edo eskuordetu daitezkeenak ere.

Udalei dagokie, zeini bere lurralde-esparruan, eskumen hauek betetzea:

  1. Lurralde historikoetako foru-organoek onartutako eskola-kiroleko programak burutzea, haiekin koordinatuta jokatuz.

  2. Udalaren kirol-ekipamenduak eraikitzea, zabaltzea eta hobetzea, eta orobat kudeatzea eta mantentzea ere.

  3. Kirol-ekipamenduen hirigintza-plangintza egiteko tresnak onartzea eta gauzatzea.

  4. Udalaren kirol-ekipamenduen erabilera arautzeko ordenantzak onartzea.

  5. Lurralde historikoetako foru-organoek kirola guztientzat zabaltzeko onartutako programak gauzatzea.

  6. Udalaren kirol-ekipamenduen errolda bat onartzea eta eguneratzea.

  7. Lege honen, gainontzeko legezko xedapenen eta lege hau garatzeko arauen indarrez dagozkien eskumen eta egitekoak baliatzea, bai eta eskuordetzan eman dakizkiekeenak ere.

  1. – Kirolaren Euskal Kontseilua Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-politikari eragiten dioten gaietan aholkularitza emateko, kontsulta eta jarraipena egiteko eta eztabaidatzeko herri-administrazioen arlo-organo nagusia izango da, eta Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailari atxikita egongo da.

  2. – Eusko Jaurlaritzaren, Euskadiko foru nahiz udal administrazioen eta euskal kirol-federazioen ordezkariek osatuko dute Kirolaren Euskal Kontseilua. Halaber, Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularrak kirol-munduan ospe handia dutenen artean izendatutako pertsona batzuk ere kontseiluko kide izango dira.

  3. – Kirolaren Euskal Kontseiluaren osaera, izendapen-sistema, jarduera-arauak eta egitekoak araudi bidez ezarriko dira. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da kontseiluak esku hartzea kirolarekin lotutako xedapen orokorren proiektuetan».

  1. – Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen sailari atxikita dagoen organo independentea da. Bere helburua da mugimendu olinpikoa garatzea, ideal olinpikoak zabaltzea eta euskal kirolariak Joko Olinpikoetarako presta daitezen, haietan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten sustatzea.

  2. – Honako hauek izango dira Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeko kideak: Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen saileko titularra, batzordeko lehendakari; kirol-mota olinpikoak dituzten euskal kirol-federazioen ordezkariak eta kirol-munduko pertsona garrantzitsuak.

  3. – Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak euskal federazioen partaidetza izango du eta Euskal Herriko kirolen sustapena bultzatuko du.

  4. – Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordeak, bere erakuntzari, antolakuntzari eta jardunbideari buruzko gorabehera guztietarako, lege hau eta berau araudi bidez garatzen duten xedapenak izango ditu araubide.

Lege honen ondorioetarako, kirol-erakunde motak hauek izango dira: kirol-klubak, kirol-elkarteak, kirol-sozietate anonimoak, kirol-federazioak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna.

Kirol-kluba, kirol-elkartea eta kirol-federazioa izenak lege honetan izen horiekin arautu diren erakundeek erabiliko dituzte bakar-bakarrik. Debekatuta dago nahasbide gerta daitekeen izen berdin edo antzeko oro erabiltzea.

  1. – Lege honen ondorioetarako, kirol-klubak elkarte pribatuak izango dira, irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak. Pertsona fisiko edo juridikoek osatuko dute, kirol-mota bat edo gehiago sustatzea edo praktikatzea helburu dutenak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe.

  2. – Kirol-klubek, eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, kluben beren estatutuak eta araudiak, eta kluben organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

  3. – Atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie klubei.

  4. – Kirol-kluben estatutuek araudi bidez zehaztutako gaiak arautu beharko dituzte. Era berean, demokrazia eta ordezkaritza printzipioen arabera finkatuko dute beren barne-egitura eta jarduera-arauak, eta ordezkaritza eta administrazio organo guztien hautaketa bazkide guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretuz egitea zehaztuko dute.

  5. – Kirol-klubek eratze beretik izango dute nortasun juridikoa, eta erregistroan inskribitzeak, bakar-bakarrik, lege honen ondorioetarako onarpen ofiziala adieraziko du.

  1. – Pertsona juridikoak Kirol Erakundeen Erregistroan sartu ahal izango dira baldin eta beren helburu nagusiaren osagarri gisa burutzen badituzte kirol-ekintzak, lehiaketa ofizialetan parte hartzen duten kontuan hartu gabe. Horretarako, nortasun juridikorik gabeko kirol-elkarteak sortu ahal izango dituzte beren baitan.

  2. – Kirol-elkarteek, eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, lege honetako arauak eta legea garatzeko xedapenak, erakunde nagusien menpeko gisa dituzten arauak eta beren organoek legez hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

  3. – Atxikita dauden kirol-federazioen estatutuak eta araudiak aplikatu ahal izango zaizkie kirol-elkarteei.

Euskal Autonomia Erkidegokoan helbidea duten kirol-sozietate anonimoek arlo honetan Estatuan dagoen berariazko legedia izango dute jarraibide.

  1. – Elkarte-helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten kirol-sozietate anonimoek, lege honetatik eta ondorengo araudietatik eratorritako onura bereziak jaso nahi baldin badituzte, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitu beharko dute.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egonik Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzen diren kirol-sozietate anonimoak kirol-klubtzat joko dira kirol-federazioetan inskribitzeari eta parte-hartzeari dagokionez.

  3. – Inskribitzeko jardunbidea eta baldintzak araudi bidez zehaztuko dira.

  1. – Lege honen ondorioetarako, kirol-federazioak erakunde pribatuak izango dira, irabazi-asmorik gabekoak eta nortasun juridikodunak, beren lurralde-esparruan kirol-mota bera sustatzen edo praktikatzen duten kirolari, teknikari, epaile, elkarte eta taldeak bilduko dituztenak.

  2. – Kirol-federazioek lege hau, legea garatzeko xedapenak, beren estatutuak eta araudiak, eta beren organoek balio osoz hartutako erabakiak izango dituzte jarraibide.

  3. – Kirol-federazioek, beren eskurantzez gain, administrazio-egiteko publikoak ere burutuko dituzte eskuordetzan. Kasu horretan, herri-administrazioaren ordezkari laguntzaile gisa arituko dira.

  1. – Euskadiko kirol-federazioak lurralde-federazioetan eta euskal federazioetan antolatuko dira.

  2. – Lurralde-federazioek lurraldean beren kirol-motan ofizialak diren kirol ekintza eta lehiaketak bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.

  3. – Euskal federazioek beren kirol-motako Erkidego-esparruko kirol ekintza eta lehiaketa ofizialak bultzatu, kalifikatu, baimendu eta bideratuko dituzte.

  4. – Aisialdiko kirol-jarduera ere bultzatu beharko dute lurralde-federazioek eta euskal federazioek, zeinek bere kirol-motan.

  5. – Lurralde-federazioek izango dute beren kirol-estamentuen ordezkaritza euskal federazioetan.

  6. – [Euskal federazioei baino ez dagokie euskal kirol federatua Estatuan eta atzerrian ordezkatzea, zeini bere kirol-motan.] INDARRALDIA ETENDA DU, EBAZPEN JUDIZIALAREN ONDORIOZ / INDARRALDIA ETENDA JARRAITZEN DU, EBAZPEN JUDIZIALAREN ONDORIOZ Beren kirol-selekzioek Estatuko eta nazioarteko kirol ekintza eta lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bideratu beharko dute euskal federazioek.

  7. – Lurralde-federazioek beren kirol-motako euskal federazioetan sartu beharko dute.

  8. – Euskal federazioetan lurralde-federazioetako kirol-estamentu guztiak egongo dira ordezkatuta.

  1. – Kirol-federazioek demokrazia eta ordezkaritza printzipioei loturik arautuko dute beren barne-egitura eta jarduera beren estatutuetan eta araudietan.

  2. – Kirol-federazioen estatutuek gutxienez puntu hauek arautu beharko dituzte:

    1. Izena, egitekoa eta helburuak.

    2. Helbidea.

    3. Kirol-mota.

    4. Egitura organikoa.

    5. Federazio-organoetako titularren hautatzeko eta kargu-uzteko sistema.

    6. Jarduera-arau orokorrak eta, bereziki, beren organo kolegiatuek erabakiak hartzeko modua.

    7. Federazioa osatzen duten estamentuak.

    8. Ekonomi eta finantza arauak.

    9. Dokumentuen araubidea.

    10. Kirol-diziplinako arauak.

    11. Iraungitze eta desegite arrazoiak.

    12. Beren estatutuak eta araudiak onartzeko eta aldatzeko jardunbidea.

  3. – Batzar Nagusia eta lehendakaria izango dira kirol federazioen ezinbesteko gobernu eta ordezkaritza organoak; organo horiez gain, estatutuek beste batzuk ere aurreikusi ahal izango dituzte.

    1. Batzar Nagusia izango da kirol-federazioen gobernu eta ordezkaritza organo gorena. Batzarrean kirol-estamentu guztiek izango dute ordezkaritza. Batzarkideen hautaketa boto aske, berdin, zuzen eta sekretuz egingo da. Kirol-mota bakoitzaren estamentu guztietako kide federatuak izan daitezke hautatzaile eta hautagai. Araudian ezarriko dira ordezkaritza-ehunekoak.

    2. Lehendakaria federazioko organo betearazlea izango da, federazioaren legezko ordezkaritza edukiko du, ordezkaritza eta gobernu organoen burua izango da eta organoen erabakiak betearaziko ditu. Boto aske, berdin eta sekretuz aukeratuko da eta batzarkideak hautatzaile eta hautagai izan daitezke. Inola ere ezin izango da aldi berean federazioko eta kirol-klubeko, kirol-elkarteko edo kirol-sozietate anonimoko buru izan.

  4. – Bere organoak hautatzeko, kirol-federazio bakoitzak bere hauteskunde-araudi propioaren arabera egingo du hauteskunde-prozesua, Eusko Jaurlaritzak horretarako finkaturiko epearen barruan eta arauei lotuta.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, Euskadin kirola antolatu beharrak duen interes publikoa dela eta, jarduerak kirol-motatzat kalifikatu ahal izateko irizpideak eta baldintzak eta kirol-mota berekotzat joko diren azpimotak finkatuko ditu. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ezeztatu egin ahal izango die kirol-mota kalifikazioa onarpen hori egitea ekarri zuten baldintzak betetzen ez dituzten jarduerei.

  2. – Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol arloko eskumenak dituen sailari dagokio jarduerak kirol-motatzat kalifikatzea eta kirol-mota horren azpimotak zehaztea, Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena aztertu eta gero.

Lurralde historiko batean kirol-mota bateko kirol-federaziorik ez badago, dagokion euskal federazioak bereganatuko ditu egiteko guztiak. Euskal federaziorik ez badago, dagokion foru-aldundiak gaitasuna eman ahal izango dio kirol-erakunde bati, gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, lurralde-federazioei dagozkien egiteko publikoak burutzeko.

Kirol-mota batean euskal federaziorik ez badago, Eusko Jaurlaritzak gaitasuna eman ahal izango dio lurralde-federazio bati edo, ez badago, edozein kirol-erakunderi, gehienez bi urterako, behin edo gehiagotan, euskal federazioei dagozkien egiteko publikoak burutzeko.

  1. – Kirol-federazio bat onartua izateko abiapuntuak hauek izan daitezke:

    1. Sortu berria izatea.

    2. Beste batetik banatzea.

    3. Lehendik zeuden bi edo gehiago bat egitea.

  2. – Kirol arloan euskal federazio eta lurralde-federazio berriak eratzeko, beharrezkoa izango da, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzak eta lurralde historikoetako foru-organoek onartzea. Administrazio-onarpen hori emateko edo ukatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

    1. Jarduerak interes publikoa izatea.

    2. Jarduerak nahikoa ezarpen-maila edukitzea.

    3. Kirol-mota ofizialki onartuta egotea.

    4. Federazio berria ekonomikoki bideragarria izatea.

    5. Federazio berriak antolakuntza-gaitasuna edukitzea.

Lurralde-federazio bat eratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Sorrera-akta estatutuak araudi bidez ezarritakoari lotuz aurkeztea.

  2. Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.

  3. Foru-aldundi eskudunak onartzea.

  4. Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzea.

Euskal federazio bat eratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Sorrera-akta eta estatutuak araudi bidez ezarritakoari lotuz aurkeztea.

  2. Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.

  3. Eusko Jaurlaritzak onartzea.

  4. Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzea.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan euskal federazio bakarra onartu ahal izango da kirol-mota bakoitzeko. Lurralde historikoetan ere lurralde-federazio bakarra onartu ahal izango da kirol-mota bakoitzeko.

  2. – Arau orokor horretatik kanpo geldituko dira ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak dauzkaten kirolariak biltzen dituzten kirol anitzeko federazio hauek:

    • Ezinduentzako Kirolen Arabako Lurralde Federazioa.

    • Ezinduentzako Kirolen Bizkaiko Lurralde Federazioa.

    • Ezinduentzako Kirolen Gipuzkoako Lurralde Federazioa.

    • Ezinduentzako Kirolen Euskal Federazioa.

  1. – Euskal federazioek eta lurralde-federazioek administrazio-egiteko hauek beteko dituzte:

    1. Lehiaketa ofizialak kalifikatzea, bideratzea eta baimentzea.

    2. Euskal kiroleko ordezkaritza bideratzea Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan.

    3. Federazio-lizentziak ematea eta tramitatzea.

    4. Kirol-jarduerako indarkeria aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.

    5. Dopatzea aurrezaintzea, kontrolatzea eta zigortzea.

    6. Kirol arloko diziplina-ahalmena erabiltzea.

    7. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak betetzea.

    8. Beren estatutuak eta araudiak onartzea.

    9. Herri-administrazioarekin batera parte hartzea eta elkarlanean aritzea kirol-programak garatzen, batez ere goi-mailako kirolarientzako programetan eta eskola-kiroleko programetan.

    10. Federazioetako hauteskunde-prozesuak kontrolatzea.

    11. Araudi bidez eskuordetzan eman daitekeen beste edozein egiteko publiko.

  2. – Kirol-federazioek ezingo dute inoiz beren gain dituzten egiteko publikoak eskuordetzan eman, administrazio eskudunak horretarako baimena ematen ez badie.

  3. – Lurralde-federazioek eta euskal federazioek, hurrenez hurren, lurralde historikoetako foru-organoen eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin burutuko dituzte beren egitekoak. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak izenpetuko dituzte elkarren artean, eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean lotutako helburuak, kirol-programak, aurrekontuak eta gainontzekoak zehazteko. Lankidetza-hitzarmen horiek izaera juridiko-administratiboa edukiko dute.

  4. – Lege honetan aurreikusitakoaren arabera Kirol Justiziako Euskal Batzordeak kontrola ditzakeen federazio-ekintzak lurralde historikoetako foru-organoen eta Eusko Jaurlaritzaren babesetik kanpo geratuko dira.

  1. – Pertsona fisiko eta juridikoak kirol-federazioetan sartzeko beharrezkoa izango da dagokion federazio-lizentzia ematea.

  2. – Ezinbestekoa izango da pertsona fisiko eta juridikoak kirol-federazioetan sartuta egotea federazio-lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoan federazio-lizentzia bakarra izango da kirol-mota bakoitzeko. Lizentzia horrekin, titularra dagokion kirol-motako lurralde-federazioari eta euskal federazioari atxikita egongo da.

Euskal federazioak eremu handiagoko kirol-federazioetan sartu ahal izango dira. Nolanahi ere, eta parte-hartze hori bermatzeko, Euskadin federatutako pertsona fisiko edo juridikoek eskubidea izango dute, nahi izanez gero, eremu handiagoko kirol-federazioetan sartzeko, euskal federazioek federazio horietan ez sartzea erabakitzen badute.

  1. – Euskal federazioen eta lurralde-federazioen esku utzitako egiteko publikoak benetan betetzen direla bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, zeinek bere eskumen-esparruaren barruan, ekintza hauek burutu ahal izango dituzte, beti ere zigor-helbururik gabe:

    1. Federazioen liburuak eta dokumentuak ikuskatzea.

    2. Organo kolegiatuei dei egitea eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean edo zeharka lotutako gaiak eztabaidatzeko eta erabakitzeko, aurretik deia egin ez bazaie.

    3. Badaezpada eta arrazoiak emanez, eginkizunak kentzea organo kolegiatuetako buruari edo gainontzeko kideei, baldin eta, eskuordetzan emandako egiteko publikoekin zuzenean edo zeharka lotutako administraziozko edo diziplinazko ustezko arau-hauste larrien edo oso larrien ondorioz, kide horien aurka diziplina-espedientea irekitzen bada.

    4. Badaezpada eta arrazoiak emanez, gobernu-organoetako buru edo gainontzeko kideei beren eginkizunak kentzea, baldin eta eskuordetzan emandako egiteko publikoak bertan behera utzi badituzte.

    5. Kontabilitatea eta kudeaketa kontu-ikuskatzeen edo bestelako ikuskatzeen menpe jar dezaten eskatzea.

    6. Lege honetan araututako beste kirol-erakunde batzuei zenbait administrazio-egiteko publiko burutzeko gaitasuna ematea, baldin eta egiteko publiko horien garapena bermatzeko aparteko behar larria badago.

    7. Eskuordetzan emandako egiteko publikoak zuzen betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren bestelako babes-neurriak hartzea.

  2. – Kirol-federazioetako organo kolegiatuen buruari eta gainontzeko kideei beren eginkizunak kentzen bazaizkie, Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek behin-behingo kontu-hartzaileak eta administratzaileak izendatu ahal izango dituzte.

  1. – Euskal federazioen estatutuak, bai eta estatutuotan izan litezken aldaketak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dagokion administrazioak onartu eta gero.

  2. – Lurralde-federazioen estatutuak, bai eta estatutuotan izan litezken aldaketak ere, dagokion lurralde-historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira dagokion administrazioak onartu eta gero.

  3. – Lurralde-federazioen eta euskal federazioen araudiak, bai eta horietan izan litezken aldaketak ere, Kirol Erakundeen Erregistroan inskribituko dira dagokion administrazioak onartu eta gero.

  1. – Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek federazioen zuzendaritzako kideak etengabe prestatzea eta doako aholkularitza teknikoa ematea sustatuko dute, zuzendariek beren egitekoak behar bezala bete ditzaten.

  2. – Eusko Jaurlaritzak, Kirolaren Euskal Kontseiluaren eta kirol-federazioen laguntzarekin, kirol-erakundeen zuzendaritzako kideentzako estatutua onartuko du.

  3. – Kirol-federazioen zuzendaritzako kideek lansaria jaso ahal izango dute. Lansari hori ezin izango da diru-laguntza publikoen kontura ordaindu eta agintaldia amaitzearekin batera bukatuko da.

  4. – Kirolaren Euskal Eskolak zuzendaritzako kideak etengabe prestatzea sustatuko du bere zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzko kurtsoak antolatuz.

  1. – Kirol-federazioek zeinek bere aurrekontuak eta ondarea administratzeko eta kudeatzeko arauak izango dituzte.

  2. – Kirol-federazioek araudi bidez zehazten diren kontabilitate printzipio eta arauak aplikatuko dituzte. Halaber, finantza eta kudeaketa ikuskaritzak onartu beharko dituzte araudi bidez zehaztuko den eran.

  3. – Euskal federazioek eta lurralde-federazioek ezin izango dute aurrekontu defizitariorik onartu, salbu eta Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, hurrenez hurren, baimendutako aparteko kasuetan.

  4. – Kirol-federazioek ezin izango dute urte anitzeko gasturik konprometitu dagokion administrazioaren baimenik gabe, baldin eta gastu horiek araudiz ezartzen den portzentaia baino handiagoak badira eta federazioko buruaren agintaldia gainditzen badute.

  5. – Euskal kirol-federazioek eta lurraldekoek industri, merkataritza edo lanbide ekintzak burutu ahal izango dituzte, baina lortutako irabaziak federazioen kirol-helburuetarako erabili beharko dituzte.

  1. – Euskal federazioak eta lurralde-federazioak herri-onurako erakundeak izango dira.

  2. – Herri-onurakotzat jotzeak ondorio hauek izango ditu:

    1. Erakundearen izenaren ondoren «herri-onurakoa» kalifikazioa erabiltzeko eskubidea.

    2. Kreditu ofizialak jasotzeko lehentasuna.

    3. Kirol-ekipamenduetarako laguntzak jasotzeko eta diru-laguntza programetan sartzeko lehentasuna.

    4. Lurralde historikoetako foru-organoek herri-onurako erakundeen alde erabaki ditzaketen zerga-hobariak.

    5. Beste xedapen batzuetan ezarritako onurak.

    6. Kirolarekin zerikusia duten xedapen orokorrak prestatzeko orduan entzunak izateko eskubidea.

Kirol-federazioak Batzar Nagusiaren erabakiz eta epailearen ebazpenez desegingo dira.

Kirol-federazio bat desegiten denean, haren ondare garbia, egonez gero, antzeko ekintzetan erabili beharko da. Euskal federazio bat desegiten bada, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du zertan erabili zehatz-mehatz, eta lurralde-federazio bat desegiten bada, foru-aldundiak.

  1. – Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek ezeztatu egin ahal izango dute euskal federazioen eta lurralde-federazioen onarpena baldin eta lege honetako 21. artikuluan onarpen ofiziala izateko ezarritako baldintzaren bat betetzeari uzten badiote. Euskal federazioen edo lurralde-federazioen onarpena ezeztatzeko, beharrezkoa izango da Kirolaren Euskal Kontseiluaren txostena.

  2. – Kirol-federazioen onarpena ezeztatzeak ondorio hauek izango ditu:

    1. Kirol Erakundeen Erregistroko inskripzioa ofizioz ezeztatzea.

    2. Lege honetan beren esku utzitako eskubide eta egiteko guztien titularitatea galtzea.

    3. Desegin beharra.

  3. – Kirol-federazioa desegiten ez bada, erantzukizun pertsonalak eskatu ahal izango dira; gainera, dagokion administrazio-organoak desegite judiziala eskatzeko eskubidea edukiko du.

  1. – Euskal Kirol Federazioen Batasuna nortasun juridikodun kirol-erakundea izango da. Batasunaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko kirola hobetzeko eta garatzeko oinarri komunak bilatzea, bere kirol-helburuakbabestea eta hobeto betetzea eta kirol-federazioen administrazio-egitura edo laguntza teknikoa emateko egitura komunak ezartzea izango da. Halaber, bere eskumenen barruan, aholkularitza-eginkizunak edukiko ditu Euskadiko kirol-administrazioan, kirol-federazio bakoitzak bere kirol-esparruan duen berariazko aholkularitza-gaitasunaz gainera.

  2. – Euskal Kirol Federazioen Batasunak euskal kirol-federazioak eta lurraldeetako kirol-federazioak ordezkatuko ditu, kirol-federazio bakoitzak bere kirol-esparruan duen berariazko ordezkaritzaren kalterik gabe.

    37 artikulua.– Euskal selekzioak.

  1. – Euskal Kirol Federazioen Batasunak behar hainbateko laguntza eta erraztasunak emango dizkie euskal federazioei, euskal selekzioek Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan parte hartzea sustatu eta bultzatu ahal dezaten federazio horiek.

  2. – Euskal federazioen egitekoa izango da dagozkien kirol-motetan haietako bakoitzaren selekzioaren ordezkari izango diren kirolariak hautatzea.

  1. – Eratze, inskribitze, iraungitze, antolatze eta jarduteari dagokionez, Euskal Kirol Federazioen Batasunak lege hau, legea garatzen duten xedapenak, bere estatutuak eta araudiak, eta bere organoek balio osoz hartzen dituzten erabakiak izango ditu jarraibide.

  2. – Euskal Kirol Federazioen Batasunaren estatutuek araudi bidez zehazten diren puntuak arautu beharko dituzte, demokrazia eta ordezkaritza printzipioen arabera finkatuko dituzte bere barne-egitura eta jarduera-arauak, eta bere kideak kirol-federazio elkartu guztien boto aske, zuzen, berdin eta sekretuz hautatzeko modua zehaztuko dute.

  3. – Euskal Kirol Federazioen Batasunaren estatutuak Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol-eskumenak dituen sailak onartu beharko ditu eta Kirol Erakundeen Erregistroan inskribituko dira.

Kirol Erakundeen Erregistroaren Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailari atxikitako zerbitzua izango da eta Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea duten kirol-erakundeak inskribitzea izango du helburu.

Kirol Erakundeen Erregistroa publikoa izango da eta edozein pertsonak edukiko du eskubidea kontsultatzeko. Publikotasuna araudi bidez zehazten den moduan gauzatuko da.

Kirol Erakundeen Erregistroan egintza hauek jaso beharko dira:

  1. Kirol-klub, kirol-elkarte eta kirol-federazioen eratzea.

  2. Euskal Kirol Federazioen Batasunaren eratzea.

  3. Kirol-erakundeen estatutuen eta araudien onartzea eta aldatzea.

  4. Kirol-erakundeen ordezkaritza eta administrazio organoetarako hautatutako kideen izendatzea eta kargu-uztea.

  5. Kirol-klubak herri-onurakotzat jotzea.

  6. Kirol-erakundeen desegitea eta likidazioa.

  7. Kirol-federazioen onarpenaren ezeztatzea.

  8. Orokorrean, beste xedapen batzuek inskribitzeko agintzen dituzten egintzak.

  1. – Kirol-erakunde bat Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitzeak onarpen ofiziala ekarriko dio lege honen ondorioetarako. Erregistroan inskribituta egotea ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko berariazko kirol-programen diru-laguntzak jaso ahal izateko, kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eta kirol-legedian jasotako gainontzeko onurez baliatzeko.

  2. – Kirol Erakundeen Erregistroak babestu egingo ditu inskribitutako erakundeen izena eta sinboloak, izen eta sinbolo horiek edo antzekorik beste inork erabil ez ditzan.

  3. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena daukan sailak eskatzen zaion aholkularitza teknikoa eta laguntza emango die kirol-erakundeak sortzeko edozein proiektu martxan jarri nahi dutenei.

Araudi bidez zehaztuko dira Kirol Erakundeen Erregistroaren egitura, egitekoak eta jarduera-arauak, bai eta beste erregistro batzuekin informazioa trukatzeko sistema ere.

  1. – Lege honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan izango diren kirol-lehiaketak honela sailkatuko dira:

    1. Lehiaketa ofizialak eta lehiaketa ez ofizialak.

    2. Nazioarteko lehiaketak, Estatuko lehiaketak, Erkidegoko lehiaketak eta eremu txikiagoko lehiaketak.

    3. Profesionalentzako lehiaketak eta amateurrentzako lehiaketak.

    4. Kirol federatuko lehiaketak, eskola-kiroleko lehiaketak eta unibertsitate-kiroleko lehiaketak.

  2. – Lege honen ondorioetarako, federazioek dagokion urteko egutegian ofizialtzat jotako lehiaketak izango dira lehiaketa ofizialak.

  3. – Lege honen ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzak profesionaltzat jotako lehiaketak izango dira lehiaketa profesional ofizialak.

  1. – Lehiaketa ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea lurralde-federazioei eta euskal federazioei dagokie. Federazioek elkarlanean aritu beharko dute kirol-lehiaketek egitura piramidal egokia izango dutela bermatzeko.

  2. – Lehiaketak, ofizialak izan ala ez, edozein pertsona fisiko edo juridikok, publiko edo pribatuk, antolatu ahal izango ditu.

  3. – Foru-aldundiei dagokie lurraldeko eskola-lehiaketak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea, eta Eusko Jaurlaritzari, Erkidegoko eskola-lehiaketen kasuan.

  4. – Unibertsitate-lehiaketak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea unibertsitateei dagokie. Unibertsitateen arteko lehiaketetan egiteko horiek Eusko Jaurlaritzak beteko ditu Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordearen laguntzarekin.

  5. – Aurreko zenbakietan aipatutako erakundeek izango dute, bakarrik, kasuan kasuko titulu ofizialak emateko gaitasuna.

Aurreko artikuluan aipatutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, beharrezkoa izango da unibertsitateko edo eskolako federazio-lizentzia izatea, lege hau garatzeko xedapenetan ezarritako baldintzekin bat etorriz.

  1. – Eskolako edo unibertsitateko federazio-lizentzia tramitatzeko, beharrezkoa izango da osasun-azterketan gaitasun nahikoa dela erakustea araudi bidez zehazten den kirol-motetan eta xedapen horietan ezarritako baldintzei loturik. Araudiek osasun-azterketa mota ezberdinak ezarri beharko dituzte kirol-mota, kategoria, adin eta antzeko beste ezaugarri batzuen arabera.

  2. – Lizentziak arau batzuen arabera emango dira, eta ezin izango da ematea ukatu eskatzaileak beharrezkoak diren baldintzak betetzen baditu.

  3. – Dagokion lizentzia eskatu denetik araudi bidez zehaztutako epea pasatu bada, lizentzia emanda dagoela ulertuko da.

    48 artikulua.– Lizentzien edukia.

    Federazio, eskola eta unibertsitate lizentziek aseguru bat izango dute berekin, arrisku hauek estalduko dituena:

    1. Erantzukizun zibila.

    2. Kalte-ordainak, gorputz-atalak edo funtzioak galduz gero edo hilez gero.

    3. Osasun-laguntza, osasun-sistema publikoak bere gain hartzen ez dituen kasuetan eta arloetan, baldin eta kirolariak beste aseguru baten bidez ez baditu estalduta arriskuak.

  1. – Euskal federazioei eta lurralde-federazioei dagokie, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoan federazio-lizentziak egitea eta tramitatzea.

  2. – Araudi bidez zehaztuko da zeintzuk diren ekonomi eta jardunbide baldintzak lizentzia horiek tramitatzeko eta emateko.

  3. – Euskal federazioek emandako lizentziek maila ofizialean lehiatzeko gaitasuna emango diete lizentzia horien titularrei.

  4. – Kirolari federatuek euskal selekzioen eta lurralde-selekzioen deialdietara joan beharra edukiko dute lehiaketa ofizialetan eta ofizialak ez direnetan parte hartzeko edo lehiaketa horiek prestatzeko.

  5. – Eskola-lizentziak federazio-lizentzien baliokideak izango dira araudi bidez zehaztutako ondorioetarako.

  1. – Kirol-lehiaketak zuzentzeko ahalmena kirol-motetan aurrikusitako epaile-kategoriei dagokie.

  2. – Kirol-lehiaketak zuzentzeko ahalmena erabiliz epaile horiek hartutako erabakiak zuzentzat joko dira, eta epaileen aktak lehiaketak behar bezala garatzeko beharrezko dokumentuak izango dira.

  3. – Aurrekoa gorabehera, kirol-federazioek epaileen hutsak egiaztatzen dituzten proba-bideak arautu beharko dituzte, baldin eta kirol-motaren ezaugarrien arabera zuzentzeko modukoak badira.

Diziplina-organoek aldatu ahal izango dituzte kirol-lehiaketen emaitzak baldin eta zigortutako arau-hausteek horretarako bide ematen badute, eta, bereziki, lehiaketaren emaitzak, zerbait eginez edo ez eginez, aurretiaz erabakitzea bilatu bada.

  1. – Badira klub edo elkarte batzuk beren helbidekotik kanpoko lurralde historiko batean aintzinatik lehiatu direnak. Halako kasuetan, bidezkoa izango da lehiaketa-jarduera hori burutu duten lurraldean dagokion kirol-federazioaren barruan jarraitzea.

  2. – Lege hau indarrean jarri eta gero klub eta elkarte batzuek beren helbidekotik kanpoko lurralde historiko bateko kirol-federazio batean sartu nahi badute, beren helbideari dagokion kirol-federazioaren baimena eta sartu nahi duten federazioaren baimena beharko dute.

Lege honen ondorioetarako, ikasleek nahitaezko eskolatze-aldian irakas-orduetatik kanpo egiten duten kirol-jarduera antolatua izango da eskola-kirola.

Eskola-kirolean, ahal dela, kirol anitz praktikatuko da eta lehiaketa-kirola ez da izango helburu bakarra. Horrela, ikasle guztiek hainbat kirol-mota ezagutu eta horietan aritzea lortu nahi da, zeinek bere borondate, gaitasun fisiko eta adinaren arabera.

  1. – Lurralde historikoetako foru-organoek urtero onartuko dituzte eskola-kirolari buruzko programak. Programen helburuak hauek izango dira: ikasleei osotasuneko eskola-heziketa osatzea, ikasleen nortasuna modu orekatuan garatzea, gorputz eta osasun ezaugarri jakin batzuk lortzea, eta geroago kirola egiten jarraitzea posible egingo duen prestakuntza ematea.

  2. – Bideak jarri beharko dira eskola-kirolerako programetan ezintasunak dituzten ikasleek beren ikaskideekin batera jarduteko modua izan dezaten. Batera jardutea ezinezkoa denean, ekintza bereziak antolatu beharko dira ezintasunak dituzten taldeentzat.

  3. – Eskola-kiroleko urteko programetan sartuta daudenak izango dira, orokorki, hamabost urtetik beherako ikasleentzako kirol-lehiaketak.

  4. – Alabaina, araudiz ezarriko diren baldintzak betetzen badira, foru-aldundiek baimena emango dute 15 urtetik beherako ikasleentzat eskola-kiroleko urteko programetan sartuta ez dauden kirol-lehiaketak antolatzeko, ikasle horiek federazio-lehiaketetan parte hartzeko, bai eta zenbait kirol-motatan teknifikazio-unitateak garatzeko ere.

  1. – Eskola-garaian egiten den kirola, funtsean, ikastetxeen bitartez egituratuko da kirol klub eta elkarteetako ikasleen guraso-elkarteen lankidetza aktiboarekin.

  2. – Kirol-federazioak, funtsean, laguntza teknikoa emateaz arduratuko dira eta horrelako programak antolatzeko eta aurrera eramateko laguntza emango dute.

  3. – Udalak elkarlanean ariko dira ikastetxeekin eta foru-aldundiekin eskola-kirolerako programak egoki garatzeko. Horretarako, batipat, udalaren kirol-ekipamenduak erabiltzen utziko dute.

Lege honen ondorioetarako, unibertsitate-elkarteko kideek, berek bakarrik, unibertsitateen kirol-programen barruan burutzen dituzten kirol-jarduera guztiak, aisialdikoak nahiz lehiakoak, joko dira unibertsitate-kiroltzat.

  1. – Unibertsitateei dagokie, publikoei zein pribatuei, beren autonomi esparruaren barruan, unibertsitatean kirol-jarduerak antolatzea eta sustatzea egoki deritzen irizpideen eta antolakuntza-egituraren arabera.

  2. – Autonomia horri kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen artean burutzen diren unibertsitate-kiroleko ekintzak bideratzeko eta koordinatzeko beharrezkoak diren xedapenak emango ditu Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate Kirolaren Euskal Batzordea sortuko du. Batzorde hori aholkularitza-organoa izango da, eta osaera, izendapen-modua, jarduera-arauak eta egitekoak araudi bidez zehaztuko dira.

Aginte publikoek laguntza emango diete unibertsitateei beren eremuan kirol-praktika zabaltzeko programetan.

Unibertsitate-eremuan eratzen diren kirol-elkarteek, lehiaketa ofizial federatuetan parte hartu nahi badute, Eusko Jaurlaritzaren Kirol Erakundeen Erregistroan inskribitu beharko dute eta dagokion federazioan kidetu.

Aginte publikoek, kirolaren kalitatea hobetzeari begira, ikerketa zientifikoaren garapena bultzatuko dute kirolarekin zerikusirik daukaten arloetan. Halaber, lortutako emaitzen zabalkundea eta erabilpena sustatuko dute.

  1. – Kirolarekin zuzenean lotutako zerbitzuak, hots, irakaskuntza, zuzendaritza, kudeaketa, entrenamendu, sustapen eta bestelakoak, eskaini ahal izateko, aginte publikoek, beren eskumen-esparruaren barruan, dagokion titulu ofiziala eskatuko dute. Lege hau garatzeko xedapenen bidez zehaztuko da norainokoa izango den bateko eta besteko eremuetan titulazioen nahitaezkotasuna.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoak, bai eta kirol-federazioak ere, aurreko zenbakian ezarritako eskakizuna behar bezala betearazteaz arduratuko dira.

Ofizialki aitortutako zentroek emandako tituluak onartu beharko dituzte federazioen esparruan ekintza teknikoak burutzeko titulazio-baldintzak jartzen dituzten kirol-federazioek.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen eta Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearen parte-hartzearekin, kirol arloko teknikarien prestakuntza bultzatuko du. Era berean, kirol irakasketei eta titulazioei buruzko arauak emango ditu.

  2. – Kirol-teknikarien prestakuntza Eusko Jaurlaritzak aitortutako zentro publiko edo pribatuetan burutuko da.

  1. – Kirolaren Euskal Eskola Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da. Eskolak egiteko hauek izango ditu:

    1. Kirol-teknikariak prestatzeko programak planifikatzea eta koordinatzea.

    2. Zuzendariak eta epaileak prestatzeko programak planifikatzea eta koordinatzea, kirol-federazioen berariazko programen arabera.

    3. Kirol arloko ikerketa teknikoen programak sustatzea eta bultzatzea.

    4. Kurtso, zentro, titulazio eta bestelako informazio interesgarrien erregistroa sortzea eta kudeatzea.

    5. Kirol arloko azterlanak ezagutaraztea.

    6. Kirol-dokumentazioko zerbitzua antolatzea.

    7. Kirol-teknifikazioko kurtsoak, mintegiak, hitzaldiak eta gainerako programak antolatzea edo egitea.

    8. Kirol-federazioei eta beste zentro batzuei aholkularitza ematea teknikariak eta epaileak prestatzeko programetan.

    9. Araudi bidez egotzitako bestelako egitekoak.

  2. – Kirolaren Euskal Eskolak Soin Hezkuntzako Euskal Erakundearekin eta Teknika Hobekuntzarako Zentroarekin eta euskal kirol-federazioekin batera jokatuko du bere giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik ondoen erabiltzeko.

  3. – Araudi bidez zehaztuko da Kirolaren Euskal Eskolaren antolakuntza, eskumenak eta jarduera.

  1. – Lege honen ondorioetarako, kirola egiten duen edozein pertsona joko da kirolaritzat, nahiz eta federatuta ez egon edo kirol-lehiaketetan parte ez hartu.

  2. – Aginte publikoek eta erakunde pribatuek kirolari guztiak lege honetan araututako federazio-egituretan sartzea sustatuko dute, kirolariek laguntza eta babes egokiena eduki dezaten.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako erakundeen artean ezin izango da atxikipen, luzapen, prestakuntza, konpentsazio edo antzeko eskubiderik eskatu hamasei urtetik beherako kirolariengatik.

  2. – Hamasei urtetik gorako kirolarientzat, eta aurreko zenbakian aurreikusi gabeko gainontzeko kasuetan, horrelako eskubideak ezarri ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzak aurretiaz araututako irizpide, baldintza, muga eta ondorioei lotuta.

  3. – Aginte publikoek eta kirol-federazioek sustapen-neurriak hartu beharko dituzte kirol-elkarte guztiek oinarriko kirolean lan handia egin dezaten. Halaber, babes-neurriak hartu beharko dira elkarte horiek oinarriko kirola sustatzeko egiten duten lana neurriz gainekoa izan ez dadin.

Goi-mailako kirola herriaren interesekotzat joko da Euskal Autonomia Erkidegoaren kirol-garapeneko funtsezko faktorea den aldetik, eragingarria handia baita oinarriko kirola sustatzeko eta ordezkaritza-egiteko garrantzitsua baitu Estatuko eta atzerriko kirol-lehiaketa ofizialetan.

Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan goi-mailako kirola bideratzea, bultzatzea eta kontrolatzea. Horretarako, kirolari, epaile edo teknikariak goi-mailakotzat jotzeko irizpideak eta baldintzak jarriko ditu, Kirolaren Euskal Batzordeak aurretiaz txostena eginda eta dagokien federazioen aholkularitza izanik.

  1. – Eusko Jaurlaritzak goi-mailako kirola laguntzeko onartutako programek lehentasuna emango diete profesionalak ez diren kirolariei, eta beren funtsezko helburua goi-mailako kalifikazioa lortzen duten kirolari, epaile eta teknikariei beren kirol-prestakuntzarako baliabide egokiak eskaintzea izango da, baita eta zientzia, hezkuntza eta osasun laguntza egokia ematea eta beren lanbide eta gizarte integrazioa erraztuko duten bestelako neurriak hartzea.

  2. – Goi-mailako kirola laguntzeko programetan laguntzak jasoko dira ezintasun fisiko, psikiko, sentsorial edo mistoak izanik beren egoerari dagozkion lehiaketetako elitean parte hartzen duten kirolarientzat ere.

  3. – Etorkizun handiko kirolarientzat foru-aldundiek onartutako laguntza-planekin osatuko dira programa horiek. Lege honen ondorioetarako, lehiaketetan goi-maila lortu ez arren horretarako gaitasuna erakusten duten kirolariak joko dira etorkizun handiko kirolaritzat.

Teknika Hobekuntzarako Zentroa Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da. Zentroaren egitekoa kirolari federatuak, batez ere goi-mailakoak, osotasunean aholkatzea, ebaluatzea eta kontrolatzea izango da.

Araudi bidez zehaztuko eta garatuko dira zentroaren berariazko eginkizunak.

Goi-mailako kirolariak prestatzeko, Eusko Jaurlaritzak, zuzenean edo edozelako erakunde publiko edo pribatuekiko hitzarmenen bitartez, goi-mailako kirol-zentroak sortzea eta jardutea bultzatuko du. Teknifikazio-programak eta entrenamendu-plan bereziak kirol-zentroek egingo dituzte, kirol-federazioen laguntzarekin. Programa horiek Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailaren baimena izan beharko dute.

Goi-mailako kirolaritzat jo izanak onura hauek jasotzeko aukera ekarri ahal izango du:

  1. Diru-laguntzak eskuratzea.

  2. Teknika hobetzeko zentroen programetan eta goi-mailako kirol-zentroen kirol-programetan sartzea.

  3. Kalifikazio hori merezimendu ebaluagarritzat jotzea administrazio publikoetan kirol-jarduerarekin zerikusia daukaten lanpostuetan sartzeko.

  4. Toki-kopuru gehigarri bat gordetzea ikasketa unibertsitarioetan edo ez unibertsitarioetan sartzeko, beti ere baldintza akademikoak betez gero.

  5. Ikasketak eta kirol-jarduera bateragarriak egitea, neurri akademiko bereziak hartuz.

  6. Kirol-teknikari tituluak lortzeko ikasketetan sartzeko probetarako araudi bidez zehaztutako eskakizunetatik salbuetsita gelditzea.

  7. Eusko Jaurlaritzak erakunde publiko edo pribatuekin kirolari hauek lanbideratzen laguntzeko izenpetzen dituzten hitzarmenetatik datozen guztiak.

  8. Eusko Jaurlaritzak araudi bidez ezartzen dituenak.

Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen eta Kirolaren Euskal Batzordearen aholkularitzaz, goi-mailako kirolarientzako estatutua onartuko du.

  1. – Aginte publikoek laguntza emango dute goi-mailako kirolariek beren enplegua entrenamenduei eta lehiaketa ofizialei egokitzeko modua izan dezaten, horretarako behar diren xedapen eta akordioak hartuz.

  2. – Administrazio publiko guztiek merezimendu ebaluagarritzat joko dute «goi-mailako kirolaria» kalifikazioa dagokion kirol-jarduerarekin lotutako lanpostuak betetzeko hautatze-prozesuetan eta lehiaketetan, beti ere berariazko merezimenduak baloratzea aurreikusita baldin badago.

Euskadiko aginte publikoek eta kirol-federazioek, beren eskumen-esparruaren barruan, edozein kirol-jarduera burutzerakoan izan daitezkeen arriskuetatik behar bezala babesteko arauak eta erabakiak hartuko dituzte.

Kirol-zentroak ustiatzeko, kirol-jarduerak antolatzeko eta kirol-zerbitzuak eskaintzeko, ezinbestekoa izango da erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat egitea, erabiltzaileek, parte-hartzaileek eta beste edozeinek instalazioen egoeraren ondorioz edo instalazioetan burututako jardueraren ondorioz izan litzaketen kalteei erantzun ahal izan dakien. Poliza horien gutxieneko babesak araudi bidez ezarriko dira instalazio eta jardueren ezaugarrien arabera.

  1. – Osasun-sistema publikoak emango du euskal herritarrek Autonomia Erkidegoan egindako kirol-jarduerari erantzuteko lehen mailako larritasuneko osasun-laguntza orokorra, baldin eta lege honen 48. artikuluan aurreikusita ez badago jarduera horretarako nahitaezko asegurua.

  2. – Osasun-sistema publikotik kanpo geldituko dira kirol-medikuntzako zerbitzuak, eta bereziki hauek:

    1. Osasun-azterketak egitea eta kirola egiteko gaitasunari eta egokitasunari buruzko txostenak eta ziurtagiriak prestatzea.

    2. Maila bateko edo besteko kirolariak prestatzeko prozesuek eskatutako osasun plangintza, kontrola eta jarraipena.

    3. Dopatzearen aurkako kontrola planifikatzea, kudeatzea eta burutzea.

    4. Kirolariak birgaitzea, kirol-lesioen ondorioz galdutako funtzioak berreskuratzea, eta presaka eta berehala eman beharrekoak ez diren prestazioak edo osasun-sistema publikoaren prestazioetatik kanpo gelditzen direnak.

    5. Lesioei aurrea hartzea.

    6. Kirol-ergonomia.

      Horrez gainera, hitzarmenak eta itunak izenpetu ahal izango dira zentro publikoekin eta pribatuekin.

  3. – Kirol arloko eskumena duten administrazio publikoek osorik edo zati batean finantzatuko dituzte kirol-medikuntzako zerbitzuak.

Eusko Jaurlaritzak, pertsonen osasuna babestu beharra herri-intereseko kontua denez gero, modu orokorrean debekatu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait kirol-ekintza antolatzea.

Era berean, arriskua dakarten eta debekatuta ez dauden kirol-moten kasuan, nahitaezko aseguruak egitea eskatu ahal izango du erantzukizun zibila, ezintasun eta heriotzagatiko kalteordainak eta parte-hartzailearen osasun-laguntza estaltzeko.

Euskadiko aginte publikoek kirol-medikuntzaren arloko ikerketa eta espezializazioa sustatuko dute, helburu hauek lortzeko:

  1. Kirola egiteko gaitasun fisikoa egoki kontrolatzea, pertsonen osasuna babesteko.

  2. Kirola egiten dutenei aholkuak eta argibideak ematea.

  3. Kirolariek kirola egitean beren kausaz edo bestelako kausaz istripuak izateari aurrea hartzea.

  4. Kirolarien errendimendua hobetzea.

Kirol Medikuntzaren Euskal Zentroa Eusko Jaurlaritzaren administrazio-zerbitzua izango da eta kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikita egongo da. Zentroak egiteko hauek izango ditu:

  1. Goi-mailako kirolariei osasun-kontrolak egitea.

  2. Kirol-medikuntzaren arloan ikertzea.

  3. Erakunde publiko eta pribatuei aholkularitza teknikoa ematea era bateko edo besteko kirol-programak egiteko, batez ere goi-mailako kirolari dagokionez.

  4. Kirol-medikuntzarekin zerikusia duten irakas-lanetan laguntzea, batez ere kirol-teknikarien prestakuntzan.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan antidopin-kontrola planifikatzea eta kudeatzea.

  6. Eusko Jaurlaritzak araudi bidez ematen dizkion eginkizunak.

Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek kirol-medikuntzan espezializatutako laguntza-unitateak sortzea eta jardutea bultzatuko dute. Osasun eta kirol laguntza erabat bermatzeko, administrazio publiko horiek hitzarmenak edo itunak izenpetu ahal izango dituzte zentro pribatuekin.

  1. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailak kirolariei nahitaezko osasun-azterketak egin beharra eta behar hori betetzea arautuko ditu. Azterketa horiek ezinbestekoak izango dira federazio, eskola eta unibertsitate lizentziak emateko, kirolarien gorputz-gaitasuna kontrolatu dadin.

  2. – Kirolerako gaitasuna neurtzeko lehen osasun-azterketa egitearekin batera, osasun-txartel bat emango zaio kirolariari, hartan osasun-azterketak, kirol edo osasun argibideak eta beste datu interesgarri batzuk jasotzeko. Txartelaren edukia eta araubidea araudi bidez ezarriko da.

  3. – Kirol eta osasun dokumentazioan jasotako informazioa 14/1986 Legearen, Osasunaren Lege Orokorraren, 10. artikuluan zehaztutakoaren menpe geldituko da.

    Halaber, osasun-azterketen datuei buruz osasun eta kirol administrazioek bata besteari pasatzen dioten informazioa isilpekoa izango da, eta datu horien erabiltzaileek sekretu profesionala gorde beharko dute, kirolarien intimitate eta duintasun eskubideak behar bezala bermatzeko.

  4. – Osasunaren eta kirolaren arloan eskumena daukaten administrazioek lankidetza-itunak erabaki ahal izango dituzte kirolarien gaitasuna zehazteko osasun-azterketetan erabili beharreko irizpideak finkatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, osasun eta kirol arloan nazioarteko hitzarmenetan zehaztutakoa jarraituz, kirolarien gorputz-gaitasunak artifizialki areagotzeko edo lehiaketen emaitzak artifizialki aldatzeko sustantzia debekatuen eta metodoen zerrenda bat egin, eguneratu eta argitaratuko du.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, kirol-federazioen laguntzarekin, aurrezaintza, kontrol eta zigor neurriak sustatu eta bultzatuko ditu aurreko artikuluan aipatutako sustantzia eta metodo debekatuen arloan.

  2. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailak dopatzea kontrolatzeko prozesuen normalizazioaz arduratuko da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak araudi bat onartuko du, eta araudian, gutxienez, puntu hauek zehaztuko dira:

    1. Laginak hartzeko gelak.

    2. Laginak hartzeko eta bidaltzeko prozesuak.

    3. Emaitzen analisiak eta zabalkundea.

    4. Laginak aztertzeko laboratorioak.

    5. Dopatzearen aurkako kontrolean parte hartzen dutenen eskubideak eta betebeharrak.

Federazio-lizentzia duten kirolari guztiek, lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, dopatzearen aurkako kontrola pasatu beharko dute lehiaketetan edo lehiaketetatik kanpo, Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumenak dituen sailak, kirol-federazioek edo arlo horretan eskumena duten beste erakundeen batzuek hala eskatuz gero.

Dopatzearen aurkako kontroletan hartutako laginen azterketak Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailak ofizialki aitortutako laboratorioetan egin beharko dira.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko kirol-ekipamenduen plangintza dagozkion lurralde-antolamendurako eta hiri-antolamendurako tresnen bidez egingo da. Plangintza hori egiterakoan arreta berezia eskainiko zaie kirol arloko irizpide teknikoei.

  2. – Tresna horiek egiterakoan, dagozkion kirol-federazioen partaidetza sustatuko da, eta printzipio hauek hartuko dira kontuan:

    1. Aisialdi eta kirol eremuak eta kirol-gune ezohikoak sortzea eta mantentzea bermatu beharko dute, herritar guztiek kirola egiteko modua izan dezaten.

    2. Lehentasuna eman beharko diote kirol anitzeko ekipamenduak sortzeari.

    3. Azpiegitura-defizit handiena duten esparruetan egin beharko dituzte inbertsioak, lurralde-oreka lortzeko gune funtzionalen artean. Horretarako, udalaz gaineko kirol-azpiegiturak egin beharko dira, herrigune hainbati zerbitzuak emateko modukoak.

    4. Kirol-instalazioen neurria eta kokapena zehazterakoan oso kontuan hartu beharko dira ikastetxeak.

Hezkuntza-administrazioak, zentro pribatuen eta udalen laguntzarekin, unibertsitateaz besteko ikastetxeetako kirol-ekipamenduak kirol anitz egiteko baliagarriak izan daitezen eta irakas-orduetan nahiz irakas-orduetatik kanpo erabiltzea bermatzeko giza baliabideak izan ditzaten sustatuko du.

  1. – Unibertsitateko kideek kirola-egiteko beharrezkoak dituzten kirol ekipamenduak eta zerbitzu osagarriak eduki beharko dituzte unibertsitateek.

  2. – Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko du zein kirol ekipamendu eta zerbitzu eduki beharko dituzten unibertsitateek.

  1. – Eusko Jaurlaritzari dagokio kirol-ekipamenduen arloan, eta bereziki Erkidegoaren intereseko ekipamenduetan, jarraitu beharreko kirol-politikaren esparru orokorra zehaztea.

  2. – Zatikako lurralde-planak eta/edo arlokako lurralde-planak izango dira kirol-ekipamenduen lurralde-ezarpena erabakiko duten lurralde-antolamendurako tresnak.

  1. – Eusko Jaurlaritzak kirol-ekipamenduei buruzko xedapen batzuk emango ditu puntu hauek arautzeko:

    1. Tipologia.

    2. Kirol arloko ezaugarri teknikoak.

    3. Segurtasun eta higiene baldintzak.

    4. Eraikitze-baldintzak.

    5. Kokatze-irizpideak eta ingurune-eragina.

    6. Ezintasunak dituzten pertsonak sartzeko eta baliatzeko irizpideak.

    7. Abian jartzea, erabiltzea eta zaintzea.

    8. Arautu beharra ikusten den beste edozein puntu.

  2. – Kirol-ekipamenduek sarbide erosoak izan beharko dituzte eta ez dute edukiko ezinduak arazorik gabe ibiltzea galaraz lezakeen hesirik edo oztoporik. Era berean, ezinduek arazorik gabe erabiltzeko hornituta egon beharko dute kirol-guneek, beti ere gune horietan egiteko diren kirolen ezaugarriek posible egiten badute.

  3. – Herritarrek erabiltzekoak diren ekipamenduek, publikoek nahiz pribatuek, aurreko araudia bete beharko dute. Udalak araudi hori udalerrian kokatutako kirol-instalazio guztietan bete dadin arduratuko dira.

  4. – Udalek ikuskatzeak egiteko eskumenak izango dituzte, eta Herrizaingo Sailak ere ikuskizunen eta aisialdiko jardueren ikuskatzeak egiteko eskumenak izango ditu. Horiez gainera, Osakidetza kirol-ekipamenduen higiene eta osasun baldintzak bete daitezen arduratuko da.

  1. – Lurralde historikoetako foru-organoek, lurralde historiko bakoitzaren beharren eta berezitasunen arabera, kirol-ekipamenduen arlokako lurralde-planak onartzeko eskumena izango dute Lurralde Antolamendurako Norabideak garatzeko. Planen helburuak hauek izango dira:

    1. Oinarrizko kirol-ekipamenduen mapa bat taxutzea, dagokion lurralde historikoko udalerri eta eskualde guztiak banan-banan aztertu eta gero.

    2. Oinarrizko kirol-ekipamendua bermatu ondoren, prozesua osatzea, kirol-ekipamenduen sare egokia edukitzeko.

    3. Eskualde bakoitzean ekipamenduak eraikitzea sustatzea eta kirol-zerbitzuen kudeaketa bultzatzea.

  2. – Era berean, aipatutako planak burutzeko finantzaketa-planak onartzeko eskumena izango dute foru-organoek.

Udalek plangintza-tresnak onartu beharko dituzte kirol-instalazioen arloan, eta horretarako, kirol-ekipamenduen arlokako lurralde-planetan jasotako norabideak jarraitu beharko dituzte.

  1. – Kirol-zentroak jendearentzat zabalik egongo diren kirol-instalazioak izango dira, eta zentroen titularrek prezio baten truke instalazioen erabilera eskainiko die beste batzuei edo irakaskuntzarekin, entrenamenduarekin eta sustapenarekin lotutako kirol-zerbitzuak eta horien antzekoak edo osagarriak diren beste zerbitzu batzuk emango dituzte. Zentro horiek Eusko Jaurlaritzak arautuko ditu araudi bidez.

  2. – Merkataritza-izaerako kirol-zentroak argi eta garbi bereizi beharko dira kirol-klubetatik. Kirol-klubek ezingo dute merkataritza-izaerako kirol-zentroen antzeko izena edo helbide bera eduki.

  3. – Aurreko debekua gorabehera, kirol-zentroen baitan kirol-elkarteak sortu ahal izango dira lege honen 12. atalean ezarritakoari lotuta, erabiltzaileek zentroen jarduera federatuetan parte hartu ahal izan dezaten.

  4. – Kirol-zentroek, erakunde titularra edozein dela, gutxienez argibide hauek eman beharko dituzte leku ageri eta nabarmen batean:

    1. Instalazioaren titularitatea eta, bereizita dauden kasuan, ustiaketaren titularitatea.

    2. Emandako administrazio-lizentziak.

    3. Instalazioaren ezaugarri teknikoak.

    4. Onartutako gehienezko edukiera.

    5. Kirol-zerbitzuak ematen dituzten pertsonen izenak eta titulazioak.

    6. Eskainitako kirol-zerbitzuak.

    7. Zerbitzu horien kuotak edo tarifak.

    8. Erabiltzeko eta jarduteko arauak.

    9. Arriskuen estaldura.

    10. Araudi bidez ezartzen den beste edozein jakingarri.

  5. – Naturgunean egiten diren abenturako kirol-jarduerak araudi-xedapen berezi batez arautuko dira.

  1. – Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek beren lurralde-esparruko kirol-ekipamendu publiko eta pribatuen errolda egin eta eguneratu beharko dute urtero. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak araudi bidez onartu dituen irizpide komunak erabiliko dira.

  2. – Kirol-ekipamendu horien titularitatea duten erakundeek, publikoek nahiz pribatuek, dagokion errolda egiteko eta eguneratzeko eskatzen zaizkien datu guztiak eman beharko dituzte.

Kirol-ekipamenduak eraiki, eraberritu, handitu, mantendu edo ustiatzeko diru-laguntza publikoak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Ekipamenduek Eusko Jaurlaritzak onartutako araudian ezarritakoa betetzea.

  2. Erabilera pribatu hutserako ez izatea. Herri-onurako aitorpena duten kirol-elkarteen kirol-ekipamenduen erabilera ez da erabilera pribatu hustzat joko.

  3. Denen intereseko kirol-programetarako ekipamenduak doan erabiltzen uzteko hitza ematea, araudi bidez zehaztuko diren mugekin.

  4. Organo eskudunek oinarrizko ekipamenduetarako onartutako irizpideen barruan sartuta egotea.

  5. Kirol-ekipamenduen arlokako lurralde-planetan jasotako lehentasun-programari egokitzea.

Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko du zein kirol-zentrok eduki beharko dituen ezinbestean Gorputz Jardueraren eta Kirolaren Zientzietan lizentziatua den baten zerbitzuak, bai eta lizentziatu horren baldintzak, egitekoak eta erantzukizunak ere.

  1. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailaren egituraren barruan, Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordea eratuko da. Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, udalen eta kirol-federazioetako ordezkarien eta kirol eta segurtasun esparruan izen handia duten pertsonek, baita euskal unibertsitateko zientzi arlokoek ere, osatuko dute.

  2. – Hauek izango dira batzordearen eginkizunak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen diren kirol-lehiaketetan gertatutako indarkeriari buruzko datuak urtero jasotzea eta argitaratzea.

    2. Kiroleko indarkeriaren eragileei eta ondorioei buruz txostenak eta ikerketak egitea.

    3. Aurre-hartze ekintzak sustatzea.

    4. Klubei, elkarteei, kirol-federazioei eta kirol-lehiaketak antolatzen dituzten gainontzeko erakundeei edo pertsonei eta kirol-instalazioen titularrei aholkuak ematea.

    5. Kirol-lehiaketei, kirol-diziplinari eta kirol-instalazioei dagozkien xedapen-proiektuei buruz iritzia ematea.

    6. Indarkeria kiroletik erauzteko lagungarri den beste edozein egiteko.

  3. – Kiroleko Indarkeriaren Aurkako Batzordeak eta Ikuskizun Publikoen eta Aisialdiko Jardueren Euskal Kontseiluak, zeinek bere eskumenen esparruan, behar diren lankidetza-neurriak hartuko dituzte aginduta dauzkaten eginkizunak hobeto betetzeko.

    100. artikulua.– Kirol instalazioetako aurre-hartze neurriak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan lehiaketa ofizial profesionalak jasotzen dituzten kirol-instalazio guztiek sarrera-txartelak eta sarbidea bera informatikaren bidez kontrolatzeko eta kudeatzeko sistema eduki beharko dute. Halaber, instalazio horietan antolakuntza kontrolatzeko unitate bat egongo da, toki estrategiko batean kokatuta eta behar diren baliabide teknikoekin hornituta.

  2. – Aurreko zenbakian aipatutako kirol-instalazioetan ikuslekuak zenbatuak izango dira eta ikusle guztientzako eserlekuak edukiko dituzte.

    101. artikulua.– Lehiaketa ofizial profesionalen berri ematea.

    Aurreko artikuluan aipatutako lehiaketen antolatzaileek, aurretiaz eta nahiko denboraz, araudi bidez zehaztuko den eran, lehiaketen berri eman beharko diote Eusko Jaurlaritzan polizi arloko eskumenak dituen sailari.

    102. artikulua.– Segurtasun-koordinatzailea.

    Araudi bidez zehaztuko da kirol-lehiaketetako segurtasun-koordinatzailearen kargua. Kargu hori Eusko Jaurlaritzan polizi eskumenak dituen sailaren egituran txertatuko da eta kirol-lehiaketetan segurtasuna koordinatzea eta antolatzea izango du eginkizun.

    103. artikulua.– Debekuak.

    Kirol-lehiaketak jasotzen dituzten instalazioetan debekatuta egongo da:

    1. Edari alkoholdunak sartzea eta saltzea.

    2. Indarkeriara bultzatzen duten sinboloak, esaldiak edo ikurrak sartzea eta erakustea. Debekua hausten dutenei galarazi egingo zaie instalazioetan sartzea.

    3. Arma eta jaurtigai oro sartzea. Halako gaiak sartu nahi dituztenei galarazi egingo zaie sarrera.

    4. Bengalak edo su artifizialak sartzea. Halako gaiak sartu nahi dituztenei galarazi egingo zaie sarrera.

      104. artikulua.– Segurtasun-neurriak eta erantzukizunak.

      1. – Kirol-ekitaldien antolatzaileek eta kirol-instalazioen jabeek beharrezko segurtasun-neurriak bermatu beharko dituzte kirol-esparruetan, horretarako legez eta araudiz ezarritakoari lotuz.

      2. – Eusko Jaurlaritzak araudi bidez zehaztuko ditu larrialdietarako plana ezinbestean izan beharko duten kirol-instalazioak eta plan horren gutxieneko edukiak.

      3. – Segurtasun arloko aginduak ez betetzea administrazio arau-haustetzat joko da eta administrazio-erantzukizunak eskatzea ekarriko du. Horrez gainera, kirol-diziplinako neurriak hartu eta erantzukizun zibil eta penala eskatu ahal izango dira.

105. artikulua.– Aplikazio-eremua.

  1. – Diziplina-araubideak joko eta lehiaketa arauen hausteak eta kirol-federazioen arauen hausteak hartuko ditu bere baitan. Horretarako, arau-hausteok jasota egon beharko dute lege honetan, legearen araudi-xedapenetan eta kirol-federazioek dituzten eta Kirol Erakundeen Erregistroan behar bezala inskribituta dauden estatutuetan eta araudietan.

  2. – Klubek bazkideekiko duten diziplina-ahalmenean beren arauak izango dituzte jarraibide; gainera, ahalmen hori dela-eta ezin izango da errekurtsorik jarri kirol-federazioetan eta Kirol Justiziako Euskal Batzordean.

  3. – Estatu-eremuko kirol-lehiaketak direla-eta egindako arau-hausteek Estatu-eremuko diziplina-arauak izango dituzte jarraibide.

  4. – Kirol arloko diziplina-araubidea bada ere, erantzukizun zibila, penala edo bestelakoa eskatu ahal izango da eta erantzukizun-motari dagozkion arauak izango ditu jarraibide.

    106. artikulua.– Diziplina-ahalmena.

  1. – Kirol arloko diziplina-ahalmenak esku ematen die zenbait organori beren kirol-diziplinaren menpean dauden pertsonak ikertzeko, eta, hala badagokio, zigortzeko.

  2. – Antolakunde hauek balia daitezke diziplina-ahalmenaz:

    1. Kirol-federazioak; federatutako pertsona fisiko edo juridiko guztien gainean dute eskumena.

    2. Eskola eta unibertsitate kirolaren eremuan eskumenak dituzten organoak, kirol-esparru horietako parte-hartzaileen gainean.

    3. Kirol Justiziako Euskal Batzordea, gorago aipatutako pertsonen eta erakundeen gainean.

  3. – Proben edo partiden zuzendaritza-ahalmenaz baliatzea ez da kirol arloko diziplina-ahalmentzat joko, zuzendaritza-ahalmen hori jarduera-epaileei baitagokie kasuan kasuko kirol-motaren arau teknikoak aplikatuz.

    107. artikulua.– Diziplina-xedapenak.

    Eusko Jaurlaritzak eskola eta unibertsitate kirolaren eremuan, eta Euskadiko kirol-federazioek, diziplina-araudiak onartuko dituzte. Puntu hauek jaso beharko dira araudietan:

    1. Arau-hausteen sistema tipifikatua, larritasunaren arabera mailakatuta.

    2. Zigor-sistema, bai eta arau-hauslearen erantzukizuna arintzen edo astuntzen duten inguruabarrak eta diziplina-erantzukizuna iraungitzeko baldintzak ere.

    3. Zenbait arau, puntu hauek bermatzeko: egitate berberagatik bi zigor ez ezartzea, zigorren proportzionalitatea, erruztatuaren alde denean arauek atzeraeraginkortasuna edukitzea eta hautsi baino lehen tipifikatu gabe zeuden arau-hausteengatik ez zigortzea.

    4. Zigorrak ezartzeko diziplina-jardunbideak.

    5. Hartutako erabakien aurkako errekurtso-sistema.

      108. artikulua.– Arau-hauste motak eta tipifikazioa.

      1. – Arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

      2. – Titulu honetan zehaztutako arau-hausteez gainera, erakundeetako araudiek, lege honetan eta legearen araudi-garapenean ezarritako printzipioei eta irizpide orokorrei lotuz, arau-hauste oso larri, larri eta arintzat jo beharreko jarrerak tipifikatuko dituzte kirol eta antolakunde bakoitzaren berezitasunen arabera.

        109. artikulua.– Arau-hauste oso larriak.

        Edozein kasutan arau-hauste oro larriak izango dira hauek:

        1. Laguntzak eta diru-laguntzak jasotzeko oinarrietan edo erabakietan ezarritakoak ez diren beste helburuetarako erabiltzea laguntza edo diru-laguntza horiek.

        2. Laguntzak eta diru-laguntzak jasotzeko eskatzen diren benetako datuetan eta dokumentuetan funtsezko aldaketa egitea.

        3. Eskurantzak edo eskumenak legez kontra usurpatzea.

        4. Diziplina edo hauteskunde organoetako kideek dagozkien beharkizunak oso larrikiro ez betetzea.

        5. Kirol-instalazioetako segurtasun eta higieneari buruzko federazio-arauak ez betetzea, baldin eta ez betetze horiek arrisku oso larria badira instalazioetan dauden pertsonentzat.

        6. Estatutuetako eta araudietako arauak eta kirol-federazioen erabakiak behin eta berriro nabarmenki ez betetzea.

        7. Segurtasunari eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak antolatzea, baldin eta jarduera horiek egiteak arrisku oso larriak sortu ahal badizkio jendeari.

        8. Kirol-ekintzetan parte hartzen duten epaile, kirolari, teknikari, kirol-agintari eta bestelakoak erasotzea, beldurtzea eta hertsatzea.

        9. Agintekeriak.

        10. Partida, proba edo lehiaketa egitea galarazten duen edo aldi baterako edo behin betiko geldiaraztea behartzen duen protesta edo jarduna.

        11. Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak ez betetzea.

        12. Kirolariek, teknikariek, epaileek eta zuzendaritzakoen adierazpen publikoak eta bestelako ekintzak, indarkeriarako bultzagarri direnean.

        1. Bidezko arrazoirik gabe federazio-lizentziak ez ematea edo atzeratzea, beti ere tartean asmo txarra badago.

        2. Kirol-jarduera aurrera eramateko diren diru publikoak nahita oker erabiltzea.

        3. Debekatutako sustantziak sustatzea, hartzera bultzatzea eta hartzea, edo debekatutako metodoak erabiltzea eta horien gainean behar den kontrola izatea galarazten duen edozein egintza edo ez-egite.

        4. Jokoaren edo lehiaketaren emaitza aldez aurretik erabakitzeko eragingarri diren egintzak edo ez-egiteak.

        5. Arau-hauste larriak edo oso larriak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

        6. Arau-hauste larrietan berriro erortzea.

          110. artikulua.– Arau-hauste larriak.

          Edozein kasutan arau-hauste larriak izango dira hauek:

        1. Arau-hauste arinak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

        2. Diziplina edo hauteskunde organoetako kideek ez jardutea edo beren eginkizunak bertan behera uztea, baldin eta beren eginbeharren ez betetze oso larria ez badakar.

        3. Arrazoirik gabe euskal kirol-federazioen eta lurraldeetako kirol-federazioen selekzioen deialdietara ez joatea.

        4. Bidezko arrazoirik gabe federazio-lizentziak ez tramitatzea edo ez ematea edo atzeratzea.

        5. Joko, proba edo lehiaketaren garapen normala oztopatzen duen protesta, beti ere ekitaldia geldiarazi gabe.

        6. Epaileei, teknikariei, entrenatzaileei, kirol-agintariei, jokalariei edo bertaratutako jendeari irainak edo laidoak egitea.

        7. Epaileei eta teknikariei dagozkien jarduerak behar den titulazio edo baimenik gabe burutzea.

        8. Arau-hauste arinetan berriro erortzea.

        9. Ofizial izendapena daramaten kirol jarduerak, probak edo lehiaketak behar den baimenik gabe antolatzea.

        10. Burutu behar den eginkizunarekin edo jarduerarekin bateraezintzat jo diren jarduera publiko edo pribatuak burutzea.

        11. Kirol-lehiaketa burutzeko izan behar den duintasunaren edo lotsaren aurka nabarmenki edo jendaurrean jardutea.

        12. Kirol-instalazioetako segurtasun eta higiene baldintzei buruz federazioek emandako arauak ez betetzea, baldin eta ez betetze hori arrisku larria bada instalazioetan dauden pentsonentzat.

        1. Estatutuetako eta araudietako arauak eta kirol-federazioen erabakiak ez betetzea.

        2. Segurtasunari eta arriskuen estaldurari buruzko arauak betetzen ez dituzten kirol-jarduerak antolatzea, baldin eta jarduera horiek ez badiote arriskurik sortzen jendeari.

        3. Lege honetako 67. artikuluan atxikipen, nahitaezko luzapen, prestakuntza eta antzeko eskubideen inguruan jasotako debekua hausten parte hartzea.

          111. artikulua.– Arau-hauste arinak.

          Edozein kasutan arau-hauste arinak izango dira hauek:

        1. Epaileei, teknikariei, kirol-agintariei edo bertaratutako jendeari modu desegokian oharrak egitea.

        2. Epaileek eta gainerako kirol-agintariek beren eginkizunen barruan emandako aginduak eta jarraibideak betetzean jarrera pasiboa hartzea.

        3. Diziplina edo hauteskunde organoetako kideek ez jardutea edo beren eginkizunak bertan behera uztea, baldin eta ez betetze arina bada.

        4. Kirol-arauen aurkakoak nabarmenki diren jarrerak, baldin eta oso larritzat edo larritzat kalifikatuta ez badaude.

          112. artikulua.– Zigorrak.

          1. – Aurreko artikuluetan azaltzen diren arau-hausteak direla-eta zigor hauek ezarri ahal izango dira:

            Arau-hauste oso larriak:

            1. Lizentziarik gabe uztea, gutxienez urtebetean eta gehienez bost urtean.

            2. Lizentzia kentzea.

              1.000.001 eta 10.000.000 pezeta bitarteko isuna.

            1. Kirol-instalazioa ixtea, gutxienez hiru partidarako eta gehienez denboraldi baterako.

            2. Kargurik eta eginkizunik ezin izana, gutxienez urtebetean eta gehienez bost urtean.

            3. Kategoriaz jaistea.

            4. Joko, proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

            5. Joko, proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

            6. Probak edo lehiaketak egiten diren bitartean kirol-instalazioetan sartzea debekatzea, gutxienez urtebeterako eta gehienez bost urterako.

            7. Joko, proba edo lehiaketak ateak itxita egitea.

            8. Jardunaldi edo proba bati baino gehiagori dagozkien puntu, partida edo sailkapen-postuak galtzea.

              Arau-hauste larriak:

            1. Lizentziarik gabe uztea, gutxienez hilabetean eta gehienez urtebetean.

            2. 100.001 eta 1.000.000 pezeta bitarteko isuna.

            3. Kirol-instalazioa ixtea, gehienez bi partidarako.

            4. Kargurik eta eginkizunik ezin izana, gehienez urtebetean.

            5. Joko, proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

            6. Joko, proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

            7. probak edo lehiaketak egiten diren bitartean kirol-instalazioetan sartzea debekatzea, gehienez urtebeterako.

            8. Joko, proba edo lehiaketak ateak itxita egitea.

            9. Jardunaldi edo proba bati dagozkion puntu, partida edo sailkapen-postuak galtzea.

            10. Ohartarazpen pribatua.

            11. Ohartarazpen publikoa.

              Arau-hauste arinak:

            1. Lizentziarik gabe uztea, gehienez hilabetean.

            2. 100.000 PTArainoko isuna.

            3. Joko, proba edo lehiaketatik behin betiko kanporatzea.

            4. Joko, proba edo lehiaketatik aldi baterako kanporatzea.

            5. Ohartarazpen pribatua.

            6. Ohartarazpen publikoa.

          2. – Beren jardueragatik ordainsariak edo konpentsazioak jasotzen dituzten kirolari, teknikari eta epaileei, eta pertsona juridikoei, ezarri ahal izango zaizkie bakarrik diruzko isunak.

          3. – Kasuan kasuko diziplina-espedientearen bidez jarritako zigorrak berehala betearaztekoak izango dira. Dena den, aurkeztutako errekurtsoak ebatzi behar dituzten federazio, administrazio edo jurisdizkio organoek kautelaz bete gabe uzteko dituzten ahalmenak erabili ahal izango dituzte.

            113. artikulua.– Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak.

          1. – Administrazio-erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak aringarriak eta astungarriak izan daitezke.

          2. – Inguruabar aringarriak hauek izango dira:

            1. Probokazio nahikoa izan eta berehalaxe egitea arau-haustea.

            2. Arau-hauslea berez damutzea.

          3. – Inguruabar astungarriak hauek izango dira:

            1. Berriro egitea.

            2. Prezioa.

          4. – Kirol-diziplinaren ahalmenaz baliatzean, diziplina-organoek bidezko deritzen graduan jarri ahal izango dute zigorra, beti ere kontuan hartuta nolako egitateak diren, zein den erantzulearen nortasuna, nolako ondorioak izan dituen arau-hausteak eta inguruabar astungarririk eta aringarririk izan den.

            114. artikulua.– Erantzukizuna iraungitzeko arrazoiak.

          1. – Kirol arloko diziplina-erantzukizuna arrazoi hauengatik iraungiko da:

            1. Zigorra betetzeagatik.

            2. Arau-haustearen indarraldia amaitzeagatik.

            3. Zigorraren indarraldia amaitzeagatik.

            4. Erruztatua edo zigortua hiltzeagatik.

            5. Erruztatutako edo zigortutako kirol-erakundea iraungitzeagatik.

            6. Zigorra barkatzeagatik.

          2. – Federatu-izaera galtzea, ezarritako zigorrak betetzerakoan eragina izan badezake ere zenbait kasutan, ez da diziplina-erantzukizuna iraungitzeko arrazoia izango.

            115. artikulua.– Arau-hausteen eta zigorren indarraldia amaitzea.

          1. – Arau-hauste oso larrien indarraldia arau-haustea egin den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste oso larriena urtebete pasatzean eta arau-hauste arinena hilabete pasatzean. Jarduera jarraietatik etor litezkeen arau-hausteetan, berriz, jarduera amaitu den eguna edo arau-haustea burutu duen azken egintzaren eguna izango da indarraldi-epearen hasiera.

          2. – Zigor-jardunbidearen hasiera jakinarazten denean eten egingo da indarraldia amaitzeko epea. Aipatutako jardunbidearen menpean dagoen pertsonari edo erakundeari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jardunbidea geldirik badago hilabete bat baino gehiago, dagokion epeak aurrera jarraituko du.

          3. – Arau-hauste oso larrien, larrien edo arinen zigorren indarraldia hiru urte, urtebete edo hilabete pasatzean amaituko da, eta indarraldia amaitzeko epearen hasiera zigorra ezarri zuen ebazpenak behin betikotasuna hartu eta biharamuna izango da.

            116. artikulua.– Diziplina-jardunbideak.

          1. – Diziplina-erantzukizunak eskatzeko, ohiko jardunbidea eta ohiz kanpoko jardunbidea erabiliko dira.

          2. – Ohiz kanpoko jardunbideak lehentasun eta sumariotasun printzipioak izango ditu oinarri, eta batez ere joko edo lehiaketa arau-hausteei ezarriko zaie.

            117. artikulua.– Diziplina-erantzukizunak eta erantzukizun penalak aldi berean gertatzea.

          1. – Kirol arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi interesdunaren eskariz, ministerio fiskalari jakinarazi beharko dizkiote delitu edo hutsegite penal izan daitezkeen egitateak. Horrelakoetan, kirol arloko diziplina-organoek jardunbidea etetea erabakiko dute harik eta epaileak bere ebazpena eman arte.

          2. – Aurrekoa gorabehera, kirol arloko diziplina-organoek behar diren babes-neurriak har ditzakete.

            118. artikulua.– Diziplina-erantzukizunak eta administrazio-erantzukizunak aldi berean gertatzea.

          1. – Baldin eta egitate berbera dela-eta, batetik, lege honetako XI. tituluan araututako administrazio-erantzukizunak eta, bestetik, diziplina-erantzukizunak eskatu ahal badira, kirol arloko diziplina-organoek, ofizioz edo alderdi interesdunaren eskariz, horren berri eman beharko diote administrazio-organo eskudunari, eta horrez gainera diziplina-jardunbidea tramitatu ahal izango da.

          2. – Baldin eta diziplina-organoek jakiten badute badirela administrazio-erantzukizuna baino ez dakarten egitateak, horren berri emango diete administrazio-organo eskudunei.

119. artikulua.– Eginkizunak.

Eusko Jaurlaritzaren barruan kirol arloko eskumenak dituen sailak beteko ditu kirol-ikaskatze eginkizunak, eta kirol arloko lege-xedapenak eta araudi-xedapenak betetzea kontrolatuko du, batez ere kirol-zentroei eta kirol-titulazioei buruzko xedapenak betetzea.

120. artikulua.– Ikuskatzeko eskumena.

Lizentziak edo baimenak emateko eskumena duen administrazioak ikuskatuko ditu instalazioak eta jarduerak. Eusko Jaurlaritzak ordeztu ahal izango du udalen ikuskatze-ahalmena, udalekin hitzarmen bat sinatuz.

121. artikulua.– Gaituriko pertsonak.

Ikuskatze-eginkizunak betetzeko, ezinbestekoa izango da kasuan kasuko espezializazio teknikoa edukitzea eta Eusko Jaurlaritzak gaituak izatea ikusketa-lanetarako.

122. artikulua.– Ahalmenak.

  1. – Beren eginkizunak betetzean, ikuskatzaileak, behar bezala kreditatuta, agintaritzaren agente izango dira, eta indarrean dagoen araudiak agintaritzaren agenteei ematen dizkien babesaz eta ahalmenez baliatu ahal izango dute.

  2. – Eginkizunak hobeto betetzeko egokitzat jotzen badute, ikuskatzaileek beste erakunde batzuen menpeko pertsonen eta zerbitzuen laguntza eskatu ahal izango dute.

    123. artikulua.– Kirol-ikuskatzearekiko betebeharrak.

    Kirol-zentroetako titularrek eta kirol arloan zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonek edo erakundeek utzi egin beharko diete ikuskatzaileei lokaletan sartzen, dokumentuak eta ondasunak kontrolatzen eta aztertzen; halaber, behar den laguntza emango diete ikuskatze-lanetan.

    124. artikulua.– Aholkularitza eta laguntza teknikoa.

  1. – Kirol-ikuskaritzak bere gain hartuko du kirol-zentroak ireki eta jardunean jartzeko betebeharrei buruzko aholkularitza, eta berari dagokio, halaber, lege honetan araututako gai guztiei buruzko aholkularitza ere, legea zuzen beteko dela bermatzeko.

  2. – Udalek, ikuskatze-zerbitzu egokirik ez badute, behar den laguntza teknikoa eskatu ahal izango diote Eusko Jaurlaritzako kirol-ikuskaritzari.

125. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gertatzen diren egintzei edo ez-egiteei ezarriko zaizkie kapitulu honetako xedapenak, Estatu edo nazioarte eremuko kirol-lehiaketetan gertatzen diren kontuan hartu gabe.

126. artikulua.– Arau-hauste administratiboak eta erantzuleak.

  1. – Titulu honetan jasotako egintzak edo ez-egiteak izango dira kirol arloko arau-hauste administratiboak, eta arau-hausteak egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira erantzuleak.

  2. – Kirol arloko arau-hauste administratiboak oso larriak, larriak eta arinak izan daitezke.

    127. artikulua.– Arau-hauste oso larriak.

    Arau-hauste oso larriak hauek izango dira:

    1. Pertsonen osasunean eta segurtasunean ondorio larriak ekar ditzaketen eran burutzea kirol-jarduerak eta eskaintzea kirol-zerbitzuak.

    2. Kirol-instalazioetan edo instalazioen sarbideetan istilu publikoetan indarkeria erabiliz parte hartzea, baldin eta istiluak oso arriskugarriak badira pertsonentzat eta ondasunentzat.

    3. Kirol-instalazioetako segurtasun eta higiene baldintzak ez betetzea, baldin eta ez betetzea oso arriskugarria bada pertsonentzat eta ondasunentzat.

    4. Behin onarpen ofiziala ezeztatutakoan kirol-federazioa desegin beharrarekin loturiko beharkizunak ez betetzea.

    5. Indarkeriarako bultzagarri arriskutsuak diren adierazpenak eta egintzak.

    6. Prezio, beldur edo antzeko beste era batzuk erabiliz partida, proba edo lehiaketen emaitzak aldez aurretik erabakitzeko ekintzak.

    7. Kirol bakoitzeko arau teknikoen kontra kirol materiala edo ekipamendua manipulatzen edo aldatzen parte hartzea, aldez aurretik erabakitzeko partida, proba edo lehiaketen emaitzak.

    8. Debekatutako sustantzien kontsumoa edo debekatutako metodoen erabilera sustatzea, bultzatzea edo laguntzea, eta sustantzia eta metodo horiek behar bezala kontrolatzea galarazten duen edozein egintza edo ez-egite.

    9. Hutsegite larrietan berriro erortzea.

    10. Arau-hauste larriak edo oso larriak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

      128. artikulua.– Arau-hauste larriak.

      Arau-hauste larriak hauek izango dira:

    1. Irabazi-asmorik gabeko kirol-erakundeen bidez enpresa eta lanbide jardueren irabazi-asmoa ezkutatzea.

    2. Kirol-instalazioetan eta kirol altzarietan edo ekipoetan engainuz kalteak egitea.

    3. Ikuskatze, kontrol edo fiskalizazio lanetan laguntza ez ematea edo trabak jartzea.

    4. Kirol-federazioek bereak dituzten izenak erabiltzea edo jarduerak burutzea.

    5. Eskola-umeen kirol-jarduerak foru-aldundiek baimendu gabe antolatzea edo jarduera horietan parte hartzea.

    6. Hutsegite arinetan berriro erortzea.

    7. Arau-hauste arinak direla-eta ezarritako zigorrak haustea.

      129. artikulua.– Arau-hauste arinak.

      Arau-hauste arinak hauek izango dira:

    1. Ikusle, kirolari eta kirol-instalazioetako gainerako erabiltzaileen begirunerik eza, baldin eta ordena publikoan eragiten ez badute.

    2. Lege honetako 98. artikuluak ezarritako informazio-beharkizuna ez betetzea.

    3. Arretarik eza edo utzikeria izatea kirol-instalazioak eta kirol altzariak edo ekipoak mantentzen eta zaintzen.

      130. artikulua.– Ondorioak.

      1. – Arau-hauste administratibo orok ondorio hauek izan ditzake:

        1. Zigorrak ezartzea, bestelako erantzukizunak ahaztu gabe.

        2. Eragindako galerak eta kalteak konpondu beharra.

        3. Hautsitako ordena juridikoa berriro ezartzeko eta arau-hausteak eragindako ondorioak deuseztatzeko behar diren neurri guztiak hartzea.

      2. – Ezar litezkeen zigorrak gorabehera, emandako laguntzak eta diru-laguntzak itzultzea erabaki ahal izango du administrazio-organo eskudunak.

        131. artikulua.– Zigorrak.

      1. – Aurreko artikuluetan adierazitako arau-hausteak egiteak zigor hauek ekarri ahal izango ditu:

        1. Diru-isuna.

        2. Jarduera debekatzea.

        3. Administrazio-baimena ezeztatzea.

        4. Kirol-instalazioak ixtea.

        5. Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko eskubidea galtzea.

        6. Kirol-instalazioetara sartzea galaraztea.

        7. Kirol-jarduerak antolatzeko gaitasuna kentzea.

      2. – Arau-hauste arinak 10.000 eta 100.000 PTA bitarteko isunarekin zigortu ahal izango dira, larriak 100.001 eta 1.000.000 PTA bitarteko isunarekin, eta oso larriak 1.000.001 eta 10.000.000 PTA bitarteko isunarekin.

      3. – Arau-hauste oso larriak direla eta, b), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako zigor osagarriak ezarri ahal izango dira, gehienez ere lau urtera arte.

      4. – Arau-hauste larriak direla eta, b), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako zigor osagarriak ezarri ahal izango dira, gehienez ere bi urtera arte.

      5. – Ezar litezkeen zigorren eta erantzukizunen zenbatekoa behartze-bide administratibotik eskatu ahal izango da.

        132. artikulua.– Erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak.

      1. – Administrazio-erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrak aringarriak eta astungarriak izan daitezke.

      2. – Inguruabar aringarriak hauek dira:

        1. Probokazio nahikoa izan eta berehalaxe egitea arau-haustea.

        2. Arau-hauslea berez damutzea.

      3. – Inguruabar astungarriak hauek dira:

        1. Berriro egitea.

        2. Prezioa.

      4. – Gainera, zigorrak ezartzean, inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

        1. Eragindako kalteak.

        2. Sortutako arriskuak.

        3. Aurretiazko ohartarazpenak izatea.

        4. Nahita egitea.

        5. Legez kanpo lortutako onura.

        6. Erakundearen jardueraren bolumen ekonomikoa.

          133. artikulua.– Zigorren bateragarritasuna.

          1. – Egitate berberak direla medio eta babestutako interes berberengatik ezin izango da sekula bi zigor ezarri.

          2. – Nahiz eta titulu honetan aurreikusitako arau-hausteak direla-eta zigorrak ezarri, kasua bada kirol arloko diziplina-erantzukizunak ere ezarri ahal izango dira, bestelako izate-arrazoia baitute.

            134. artikulua.– Arau-hausteen indarraldiaren amaiera.

          1. – Arau-hauste oso larrien indarraldia arau-haustea egin den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste larriena urtebete pasatzean, eta arinena sei hilabete pasatzean. Jarduera jarraietatik etor litezkeen arau-hausteetan, berriz, jarduera amaitu den eguna edo arau-haustea burutu duen azken egintzaren eguna izango da indarraldi-epearen hasiera.

          2. – Zigor-jardunbidearen hasiera jakinarazten denean, eten egingo da indarraldia amaitzeko epea. Aipatutako jardunbidearen menpean dagoen pertsonari edo erakundeari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jardunbidea geldirik badago hilabete bat baino gehiago, dagokion epeak aurrera jarraituko du.

          3. – Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zigorren indarraldia hiru urte pasatzean amaituko da, arau-hauste larrien kasuan urtebete pasatzean, eta arau-hauste arinen kasuan sei hilabete pasatzean.

            135. artikulua.– Behin-behineko neurriak.

          1. – Zigor-espedientea irekitzeko eskumena duten organoek behar diren behin-behineko neurriak hartu ahal izango dituzte, arrazoiak emanda, edozein unetan, balizko ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko eta ondasunen eta pertsonen segurtasuna bermatzeko.

          2. – Neurri horiek ez dute edukiko zigor-izaerarik, eta hauek izan daitezke:

            1. Diru-bermeak jartzea.

            2. Zerbitzuak, jarduerak edo baimenak aldi baterako etetea.

            3. Kirol-instalazioak ixtea.

              136. artikulua.– Zigortzeko ahalmena.

              Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei eta udalei dagokie, zeini bere eskumenen esparruan, zigortzeko ahalmena erabiltzea.

137. artikulua.– Izaera.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan kirol-justiziaren arloan administrazio-organo nagusia Kirol Justiziako Euskal Batzordea izango da.

  2. – Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikiko zaio Kirol Justiziako Euskal Batzordea. Dena den, beregaina izango da sailarekiko, eta azken administrazio-auzialdian erabakiak hartuko ditu bere eskumeneko gaiei buruz.

    138. artikulua.– Eskumenak.

    Kirol Justiziako Euskal Batzordearen eskumenak hauek izango dira:

    1. Kirol-diziplinako ahalmena duten kirol-organo titularren erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

    2. Kirol-federazioetako hauteskunde-batzarren erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

    3. Lehiaketa ofizialak bideratu, kalifikatu eta baimentzeari eta lizentziak tramitatu eta emateari dagozkien federazio-erabakien aurka jarritako errekurtso guztiak aztertzea eta ebaztea.

    4. Administrazio-eginkizunak betetzean federazioen artean sor litezkeen auziak aztertzea eta ebaztea.

    5. Batzordeak, ofizioz edo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren eskariz, gorago aipatutako gaien artetik aztertu beharreko ikusten dituenak aztertzea eta ebaztea.

      139. artikulua.– Ebazpenak.

      1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenek administrazio-bidea agortuko dute, eta administrazioarekiko auzitarako jurisdikzioaren aurrean errekurritu ahal izango dira bakarrik.

      2. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak, hasiera batean, kirol-ekintzaren titularra den erakundearen bidez betearaziko dira, eta titularra izango da ebazpenak zuzen betetzearen erantzulea. Titularrik ez badago, batzordeak berak betearaziko ditu ebazpenak.

        140. artikulua.– Osaera.

      1. – Sei kide titularrek osatuko dute Kirol Justiziako Euskal Batzordea; Zuzenbidean lizentziatuak eta kirol arloko lege-gaietan esperientzia handikoak izan beharko dute. Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailak izendatuko ditu. Aipatutako sei kide titularrez gain, sailak bi ordezko izendatuko ditu.

      2. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeak osoko bilkuran eta sekzioetan jardun ahal izango du.

      3. – Indarrean dagoen legedian aurreikusitako abstentzio edo ezespen zioak aplikatu ahal izango zaizkie batzordeko kideei.

      4. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeko kideek lehendakaria eta lehendakariordea aukeratu beharko dituzte beren artetik. Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumena duen sailak izendatuko du, bere funtzionarioen artetik, batzordeko idazkaria.

      5. – Batzordeko kide karguek ez dute ordainsaririk izango, eta jarduna dela-eta dagozkien dietak jasotzeko eskubidea izango dute bakarrik.

        141. artikulua.– Araudi bidezko garapena.

        Lege hau garatzen duten araudi-xedapenek finkatuko da Kirol Justiziako Euskal Batzordearen osaera eta jarduera.

142. artikulua.– Estatutuen eta araudien aurreikuspenak.

  1. – Kirol-federazioen estatutuetako eta araudietako arauek arbitratze-formulak aurreikusi eta zehaztu beharko dituzte, hurrenez hurren, beren kideen artean gerta litezkeen desdostasunak auzitegietatik kanpo ebazteko. Arbitratzeari buruzko legedi orokorraren zehaztasunei, baldintzei eta ondorioei lotuz aplikatuko dira formula horiek.

  2. – Araudietako arauek puntu hauek zehaztu beharko dituzte:

    1. Arbitratzearen helburu izan daitezkeen gaien zerrenda.

    2. Ukitutako pertsonek arbitratze-formula horiek onartzeko moduak.

    3. Arbitratze-formula horiek aplikatzeko jardunbidea, beti ere kontraesan eta berdintasun printzipioak errespetatuta.

    4. Desadostasunetan erabakitzeko ardura duten organoak edo pertsonak, eta horiek izendatzeko jardunbidea.

    5. Laudoak betearazteko formulak.

      143. artikulua.– Borondatezko men egitea.

      Zuzenbidearen araberako edo ekitatezko arbitratze-sistemei men egitea borondatezkoa izango da beti. Debekatuta egongo dira, beraz, epaileak, teknikoak, kirolariak eta gainerako pertsonak edo kirol-erakundeak beren arteko auziak arbitratze-formulen bidez konpontzera behartzen dituzten arauak edo erabakiak.

      144. artikulua.– Arbitratzea sustatzea.

      Euskal Autonomia Erkidegoko aginte publikoek arbitratze-eginkizunak dituzten erakundeak sortzea bultzatu beharko dute. Halaber, arbitratzearen kultura hedatu beharko dute kirol-mugimenduko kideen artean, kirol-munduan sortzen diren gatazkak konpontzeko formula egoki gisa.

  1. – Lege honetan aipatutako kirol-klubak herri-onurakotzat jo ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren erabakiz, dagokion foru-aldundiaren txostena aztertu eta gero. Herri-onurakotzat jotzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte:

    1. Euskadiko interes orokorrari ekarpena egitea.

    2. Bazkide-kopurua mugatuta edukitzea, non ez den kirol-instalazioen edukiera fisikoagatik edo harmenagatik.

    3. Bazkideen kuotek ez gainditzea araudi bidez zehaztutako kopuruak.

  2. – Herri-onurakotzat jotzeak lege honen 32. artikuluan ezarritako hobariak ekarriko ditu.

Euskal eskola publikoaren barruan dauden ikastetxeen, kirol-elkarteen eta gainontzeko erakunde publiko edo pribatuen artean eskola-kirolaren arloan lankidetza-hitzarmenak zabaldu daitezen, aipatutako ikastetxeen zuzendariek lankidetza-hitzarmenak izenpetzeko baimena izango dute, Eusko Jaurlaritzan hezkuntza arloan eskumena daukan sailak, bere kasuan, araudi bidez zehazten dituen mugekin eta baldintzekin.

Kirol-federazioek beren jardunean euskararen erabilera normaltzeko egokiak diren neurriak hartuko dituzte. Bereziki, katalogoetan, programetan, iragarpen-hormirudietan eta beren kirol jardueretan eta lehiaketetan erabiltzen duten gainontzeko irudizko edo entzutezko materialean bultzatuko dute euskararen erabilera.

Lege honetan aurrikusitakoak behar bezala betetzea bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean ikuskatze-plan orokor bat onartuko du. Plan horrek, gutxienez, egin beharreko ikuskatzeen helburu orokorrak, lehentasunak eta egutegia zehaztuko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoan herri-kirolen, euskal pilotaren eta tosta finkoko arraunketaren garapena bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak plan estrategiko bat onartuko du urtebeteko epean. Ukitutako euskal federazioek, Kirolaren Euskal Kontseiluak eta kirol-mota horiekin zerikusia daukaten gainontzeko agenteek parte hartuko dute planean. Planak zehaztasun hauek jasoko ditu gutxienez:

  1. Planaren helburuak.

  2. Helburu horiek lortzeko neurriak.

  3. Neurri horiek burutzerakoan erakunde publiko eta pribatu batzuek eta besteek izango dituzten erantzukizunak.

  4. Plana burutzeko epeak.

  5. Plana berraztertzeko jardunbidea eta epeak.

  6. Kanpo-sustapena.

Kirol-federazioek lankidetza edo laguntza hitzarmenak egin ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko edo kanpoko kirol-erakunde publiko edo pribatuekin, kirol jarduera eta lehiaketa komunak egiteko. Bereziki, kirol-federazioek lankidetza-formulak bultzatuko dituzte beste euskal lurralde batzuetan eta beste erkidego batzuetan Euskal Herriko bertako kirolen praktika eta garapena sustatzen duten kirol-erakundeekin.

Osasunaren Lege Orokorraren 83. artikuluan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateratuko 22. xedapen gehigarrian eta aplikatzekoak diren gainontzeko xedapenetan zehaztutakoa jarraituz, zerbitzu-sare publikoak edo Osasun Sailak itundutakoak kirolari federatuei ematen dien osasun-laguntza lege honen 78.1 artikuluan xedatutakoan sartuta ez baldin badago, ekainaren 4ko 849/1993 Errege Dekretuak zehaztutakoaren arabera fakturako eta eskatuko da, eta besterik ezean kirol-federazioei fakturako eta eskatuko zaie, unean-unean indarrean dauden prezio publikoen arabera edo egiten diren hitzamenei edo itunei lotuz.

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

Klub, elkarte eta federazioen estatutuetako eta araudietako xedapenak arautegi berriari egokitu beharko zaizkio lege hau garatzeko xedapenetan zehaztutako epeen barruan. Araudi-garapen hori egiten ez den bitartean, lege honen aurka ez doazen estatutu eta araudi xedapenak aplikatzen jarraituko da, eta indarrik gabe geldituko dira legearen aurkakoak direnak.

Lege honen 98. artikuluan araututako kirol-zentro guztiak, jardunean badaude lege hau indarrean sartzen denean, lege horretan zehaztutakoari egokitu beharko zaizkio legea garatzeko arauek ezartzen dituzten epeak eta baldintzak betez. Garapen-arau horiek aldi baterako araubide bereizia aurreikusi ahal izango dute, zentroen titularrek dagozkion egokitzapenak egin eta baimenak lor ditzaten, arrisku-faktoreak, berrikuntzen kostua eta antzeko beste gorabehera batzuk kontuan hartuz.

Kirol Erakundeen Erregistroa modu berrian antolatzeko eta jarduteko beharrezkoak diren xedapenak ematen ez diren bitartean, erregistroaren egitekoak apirilaren 3ko 94/1990 Dekretuaren arabera burutuko dira.

Lege hau indarrean sartu baino lehen hasitako diziplina eta zigor espedienteak edukizko aurreko arautegiaren arabera tramitatuko dira. Dena den, lege honetan aurreikusitakoak aplikatu ahal izango dira espedientatuaren aldekoago direnean.

Kirol Diziplinako Euskal Batzordeak, Kirol Justiziako Euskal Batzordea arautzeko xedapenak onartzen ez diren bitartean, oraingo osaera eta jarduerarekin jarraituko du, baina Kirol Justiziako Euskal Batzordea izen berriarekin.

  1. – 5/1988 Legearen 33.1.c) artikuluaren babespean sortutakoak diren nortasun juridikodun kirol-elkarteek kirol-klub bihurtu beharko dute.

  2. – Eraldaketa hori lege hau garatzeko arauetan ezartzen diren epeen barruan burutuko da.

  3. – Kirol-elkarteak klub bihurtzeak ez du ekarriko nortasun juridikoa aldatzerik; aurreko bera izango da formal sozial berriarekin ere.

  4. – Eraldatzen diren kirol-elkarteek beren egungo izenarekin jarraitu ahal izango dute.

  5. – Kirol-elkarteen administrazio-organoek eraldaketa erabakitzeko eta tramitatzeko ahalmena izango dute.

  6. – Araudi bidez ezarritako epea amaituta, Kirol Erakundeen Erregistroan ez da dokumenturik inskribituko eraldaketa inskribitu ez den bitartean. Salbuetsita daude epailetza edo administrazio agintaritza eskudunak agindutako idazpenak.

Eusko Jaurlaritzak lege honetan aurrikusitako kasuetan araugintza-ahalmena erabiltzen ez duen bitartean, orain arte indarrean egon diren xedapenak aplikatuko dira lege honen aurka ez doazen guztian.

INDARGABETZE XEDAPENAK

Indargabetuta geldituko da oso-osorik Soin Kulturaren eta Kirolaren otsailaren 19ko 5/1988 Legea.

Indargabetuta geldituko dira lege honetan agindutakoaren aurka doazen maila bereko edo beheragoko arau guztiak.

Lerroalde berri bat gehituko zaio Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 1. artikuluaren 2. zenbakiari:

«Halaber, lege honetatik kanpo geldituko dira kirol joko eta lehiaketak, irabazi-asmoa dutenak eta ez dutenak. Ez dira lege honetatik kanpo geldituko, ordea, kirol joko edo lehiaketen gaineko apustuak».

Eusko Jaurlaritzak eguneratu ahal izango du lege honetan zehaztutako zigorren zenbatekoa.

Eusko Jaurlaritzak ahalmena izango du Lege hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Gaiarekin lotutako edukiak

Arauaren historia (17)

Arauaren historia

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.
Euskadi, auzolana