Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko abenduaren 17koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira eskola-garraiorako banakako esleipenak 2019-2020 ikasturterako, maila hauetan ari diren ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 5889
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/12/17
  • Argitaratze-data: 2019/12/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Garraio eta herri lanak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.

Ikasle batzuek, eskola-garraiorako eskubidea izan arren, zuzenean ordaintzen dute garraio hori, funtsean hiru arrazoi direla-eta. Lehenik, ezin direlako egokitu sail honek antolatutako ibilbideetara; bigarrenik, egokitzat jotzen delako ikasleek garraio publikoa erabiltzea; eta, azkenik, beste administrazio batzuekin eginiko hitzarmenak daudelako, horiek antolatutako garraio-zerbitzuak erabiltzeko.

Gastu horien finantzaketan laguntzeko, banakako esleipen hauen deialdia egiten da.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan (186/2019 Dekretuak emandako idazketan) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

Eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen dira 2019-2020 ikasturtean maila hauetan ari diren ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehen zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan, bai eta ikastetxe pribatuetan daudenentzat ere, agindu honen 4.1.a) artikuluan jasotako kasuetan. Hori guztia dekretu honetan xedatutakoaren arabera: 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari buruzkoa, azaroaren 26ko 186/2019 Dekretuak emandako idazketan.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da.

Lehenengo artikuluan adierazitako helburura zuzendutako baliabide ekonomikoek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kredituak. Deialdi honetarako, zehazki, milioi bat (1.000.000,00) euro erabiliko dira. Emango diren laguntzek, guztira, ezingo dute aipatutako zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa gainditu, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

  1. Jarraian zehaztutako betekizunak aldi berean betetzen dituzten ikasleek izango dute deialdi honetan parte hartzeko eskubidea:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko baten matrikulaturik egotea, 1. artikuluan aipatutako irakaskuntzetatik edozeinetan; edo, bestela, hezkuntza-administrazioak esanda, ikastetxe pribatu batean, sare publikoko eskaintza nahikoa ez delako edo salbuespen gisa aipatutako administrazioak adierazitako motibo arrazoitua dela-eta.

    2. Haur Hezkuntzari eta Lehen Hezkuntzari dagokienez, ikastetxearen eragin-eremuan egotea erroldako bizilekua, eta ikastetxea aipatutako bizilekuarekiko hurbilenekoa izatea, hain justu ere hura sartzen den eragin-eremuen artean. Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Lehen Hezkuntza amaitzeko egokitu zaion ikastetxeari lotutako ibilbidearen ondoriozko ikastetxea izatea, eta aipatutako ibilbidean sartzen direnen artean bizilekutik hurbilenekoa izatea. Eta Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, ziklo, eredu eta lansaio bera ematen dutenen artean bizilekutik gertuen dagoen ikastetxea izatea.

      1. Hezkuntza-administrazioak esleitzen badu ikastetxea, ez da eskatuko betekizun hori betetzea.

      2. Era berean, eskola-mapa aldatzen bada, aldaketa hori egin aurretik garraio-eskubideaz baliatzen ari diren ikasleei ez zaie eskatuko betekizun hori betetzea, betiere bizilekua aldatzen ez badute; eta, halaber, haiekin bizi diren eta gerora matrikulatzen diren neba-arrebei, betiere haur hezkuntzan edo lehen hezkuntzan euren lehenengo matrikulazioa bada.

      3. Zaintza partekatuko kasuetan, guraso bakoitzarekin dagoen aldiaren arabera ikasleak bizilekua aldatu behar badu, ez da eskatuko betekizun hori betetzea bigarren bizilekuari dagokionez.

    3. Distantziari dagozkion betekizunak honako hauek izango dira: ikastetxea bizilekutik bi kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea, betiere haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren mailetako ikasleei dagokienez; eta bizilekutik lau kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea, derrigorrezko bigarren hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako eta oinarrizko lanbide-heziketako ikasleei dagokienez.

      Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxerako edo ikastetxetik gertuen dagoen geralekurako ibilbide laburrena oinez hartuko da erreferentziatzat. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.

    4. 18 urte baino gehiago ez izatea ikasturtea amaitzen den urtean, eta, oinarrizko lanbide-heziketaren kasuan, 18 urte ez izatea lanbide-heziketa horretara sartzerakoan.

    5. Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

  2. Ezingo dira deialdian sartu dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

  3. Dirulaguntza honen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. eta 14. artikuluetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak bete beharko dituzte, lege horren 13.2.e) artikuluan ezarritakoa izan ezik, ematen den dirulaguntzaren izaera dela-eta.

  1. Ikaslearen etxetik ikastetxera edo geralekura joateko garraio-zerbitzu publikoren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, aukera guztien artetik merkeena ordaintzeko izango da dirulaguntza.

  2. Ikaslearen etxetik ikastetxera edo geralekura joateko ibilgailu partikularra erabiliz gero, dirulaguntza kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da, eta, ibilbide hori motoan eginez gero, 0,15 euro kilometroko.

    Kilometroak kalkulatzeko, hauek hartuko dira kontuan: etxetik ikastetxerako edo etxetik geralekurako bi joan-etorri, hain justu ere jardunaldi zatituko eskola-egun bakoitzeko; eta joan-etorri bat, jardunaldi jarraituko eskola-egun bakoitzeko.

    Ikastetxe publikoetan, zuzeneko kudeaketako erregimenean jantoki-zerbitzurik bada, kalkulu hori egiteko ez dira sartuko honako hauek: jardunaldi zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak hartu ahal baditu jantokiak.

    Distantziak neurtzeko, «Geo Euskadi» kartografia-tresna erabiliko da.

  3. Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa hauxe izango da, gehienez: zerbitzuaren benetako kostua zati hura erabiltzen duten ikasle-kopurua.

  4. Laguntza horiekin batera, xede berdinerako beste era bateko dirulaguntza edo laguntzak publikoak zein pribatuak eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo litzaioke laguntzari.

  1. Eskabideak betetzeko, http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-saila/ web-helbidean dagoen aplikazioa erabiliko da.

  2. Eskabideak, ikaslearen legezko ordezkariak behar bezala beteta, I. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko dira ikaslearen ikastetxeko zuzendariaren aurrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako lekuetakoren batean, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  3. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, aurkeztutako eskabideetako datuak egiazkoak diren egiaztatuko dute ikastetxeek, 10 egun balioduneko epean, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako eskaera-epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

  4. Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte artikulu honen 2. apartatuan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

    Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Edonola ere, ez da inola ere onartuko 2020ko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.

  5. Eskatzaileen datu pertsonalak «GARRAIORAKO BANAKAKO LAGUNTZAK» fitxategian sartu eta tratatuko dira.

    Datu pertsonalen tratamendua honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa; eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

    Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

  1. Aurkeztutako eskabideak jasota, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpenaren proposamena aurkeztuko du, eta proposamen hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko da.

  2. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori eraginpekoei jakinarazteko aginduko du, ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren.

    Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte eraginpekoek, jakinarazpena egin eta 15 egun balioduneko epean.

  3. Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aztertu ostean, epea igaro eta gero, eta beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta ebazpena https://euskadi.eus webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  4. Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da. Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

  5. Behin betiko ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus web-orriko iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

  6. Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hilabeteko epean egingo dira, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

  7. Baldintza guztiak betetzen dituzten eskari guztiei erantzuteko behar besteko krediturik ez badago, eskabideen aurkezte-egunaren arabera ezarriko da hurrenkera; berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez ebatziko da.

  1. Emandako dirulaguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari behin betiko ebazpena eman ondoren, eskolara joandako egun-kopuruaren arabera. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten ikastetxeetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean justifikatu beharko du zentroak laguntza horiek jaso izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.

  2. Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

  1. Ondorio hauetarako, lurralde ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

  2. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informaziorik eskatuz gero, dirulaguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

  3. Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzari itzuli beharko diote emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari. Halaber, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako itzulketa-kausetako edozein aplikatuko da.

  4. Itzultzeko espedienterik hasten bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

  5. Halaber, ikastetxeek ikasle onuradunei eskatuko diete, ikasturtea amaitu baino lehen, justifika dezatela dirulaguntzaren zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili dela.

  6. Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek biltzen dituena:

    Garraioaren eguneroko kostua.

    Garraioa erabiltzen duten ikasleen kopurua.

    Ikasleak ordaindu beharreko kuota.

  7. Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.

    LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

    Honako hauetan xedatutakoak arautuko du agindu hau:

    69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari hezkuntzaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari buruzkoa, azaroaren 26ko 186/2019 Dekretuak emandako idazketan.

    38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

    887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

    1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

    698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

    39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

    BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

    Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko aurrekontu orokorretan.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

    Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

    Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 17a.

    Hezkuntzako sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

    (Ikus .PDF)

Euskadi, auzolana