Legegunea, Euskal araudiaren ataria

Euskadi.eusen sartu

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 4koa, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baita Ertzaintzaren Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden eta Musika Bandari atxikita merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez betetzekoak diren lanpostuak betetzeko deialdia (C198).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Segurtasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 51
  • Hurrenkera-zk.: 1541
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/03/04
  • Argitaratze-data: 2020/03/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Herrizaingoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ertzaintzaren egitura eta gaur egun indarrean dauden lanpostuen zerrenda ikusita, eta dauden langile-beharrak kontuan hartuta, merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez bete beharreko lanpostuak betetzeko deialdia egiten da, izan ere, Ertzaintzaren egituran hutsik dauden lanpostuak dira eta aurrekontu-zuzkidura dute.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 9. artikuluak (apirilaren 2ko 60/2019 Dekretuaren bidez aldatua) Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko 4/1992 Legearen 103. artikuluan aurreikusitako Mahaiak 2019ko maiatzaren 30ean, 2019ko irailaren 23an eta 2020ko martxoaren 3an egindako bileretan negoziatzeko deialdia egin ondoren, honako hau

Lehenengoa. Onartzea eta argitaratzea Fakultatibo eta Teknikarien Eskalakoak diren Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako eta Ertzaintzaren Musika Bandari atxikitako zenbait lanpostu, merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez (C198), behin betiko betetzeko deialdia, 1. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.

Bigarrena. Deialdi honen bidez beteko diren lanpostuak honako hauek dira, 2. eranskinean jasotako berezitasunekin:

(Ikus .PDF)

Hirugarrena. 1. Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, ezertan eragotzi gabe hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoa.

  1. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuko da, behin betiko atxikipenen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak zehaztuko du zein izango den balizko aurkaratzeak edo errekurtsoak jartzeko epeak hasteko eguna.

    Laugarrena. 1. Prozedura kudeatzerakoan, hautapen-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua egingo da Segurtasun Sailaren Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileen Kudeaketa Integratuko fitxategiaren bidez. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazkia bidali beharko zaio Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, fitxategiaren ardura duen administrazio-organoari. Haren mendeko administrazio-zerbitzuak hemen daude: Larrauri Mendotxe bidea 18, 48950 Erandio, Bizkaia.

  1. Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautapen-prozedura honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.

    Bosgarrena. Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

    Seigarrena. Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka eta eranskinen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

    Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 4a.

    Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

    ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

Lehenengoa. Parte hartzeko betekizunak.

  1. Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskatutako baldintza orokorrak eta, 2. eranskinean eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek, Fakultatibo eta Teknikarien Eskalakoak baldin badira. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte hartu ahal izango dute lege horren 89.2 artikuluan aurreikusitako eran zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioek.

  2. Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduren bitartez zerbitzu aktibora itzuliz hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenek edo beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan ari direnek, funtzionario gisa birgaitutakoek, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenek eta gainerako borondatezko eszedentziadunek, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraute-denbora bete badute.

  3. 20322-Musika Bandako zuzendariordearen lanposturako betekizunak:

    Deialdiko oinarrietan ezarritako betekizun orokorrez gain, izangaiek Ertzaintzaren Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako Musikari Kategoriakoak izan beharko dute.

  4. 20323-Musika Bandako artxibozainaren lanposturako betekizunak:

    Deialdiko oinarrietan ezarritako betekizun orokorrez gain, izangaiek Ertzaintzaren Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako Musikari Kategoriakoak izan beharko dute.

  5. 20320-Musika Bandako musikariaren lanposturako betekizunak:

    Deialdiko oinarrietan ezarritako betekizun orokorrez gain, izangaiek Ertzaintzaren Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako Musikari Kategoriakoak izan beharko dute.

  6. Hurrengo hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:

    1. Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik eginkizunen etendura irmoaren administrazio-egoeran daudenek, betiere egoera horretan iraun bitartean.

    2. Lekualdatzeko zehapena izan dutenek, Euskal Herriko Polizia Kidegoen Diziplina Erregimenaren Erregelamenduaren 15. artikuluan jasotakoari jarraituz.

    3. Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia-egoeran daudenek, baldin eta egoera horretan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko denbora eman ez badute.

    4. Deialdi honen aurreko bi urteetan merezimendu-lehiaketa bidez lortutako destinoaz jabetu direnek parte hartu ahal izateko, izendapen askeko sistemaren bidez bete beharreko plazak soilik eskatu beharko dituzte.

      Muga hori ez zaie aplikatuko deialdi honen aurreko bi urteetan merezimendu lehiaketa bidez lortutako destinoaz jabetu eta gaur egun behin-behinean atxikita daudenei, non eta atxikitzeko modu hori ez den organo eskudunak onartutako lanpostuari uko egitearen ondorio.

  7. Merezimenduak eskabideak aurkezteko epearen amaiera-dataren arabera baloratuko dira, eta data hori izango da, halaber, eskatutako baldintzak betetzeko erreferentzia-data.

  8. Parte hartzeko baldintzak betetzen direla ofizioz egiaztatuko da, eta merezimendu orokorrak ere ofizioz baloratuko dira, Segurtasun Sailak kudeatzen dituen langileen datu-baseetan dauden datuetan oinarrituta.

    Horretarako, prozedura honetan kontuan hartu beharreko parte hartzeko baldintzak eta merezimenduak direla eta, parte-hartzaileek jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, konpultsatzeko.

    Bigarrena. Eskabideak aurkezteko epea.

  1. Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko apirilaren 20ra artekoa izango da, egun hori barne.

  2. Deialdi honetan parte hartzea eskatzeko, 3. eranskin gisa honekin batera doan eskabide-orri normalizatuaren eredua erabiliko da. Bertan, eskatzen diren lanpostuak zehaztuko dira eta, lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, bai eta lanpostu horien lehentasun-hurrenkera ere.

    Eskabidearekin batera, parte hartzeko baldintzak egiaztatzeko agiriak eta hautaketa-prozeduran kontuan hartu beharreko merezimenduak aurkeztu beharko dira, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen dituen langileen datu-baseetan erregistratuta ez badaude.

  3. Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaerak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

    Hirugarrena. Prozeduraren balorazioa.

    Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez beteko diren lanpostuak esleitzeko prozedura merezimendu orokorren balorazioa izango da, Segurtasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 15eko Aginduan ezarritakoa betez (martxoaren 25eko EHAA, 58. zk.); izan ere, horren bidez onetsi egin zen merezimendu-baremo erkide eta bateratua, merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko kategoria hauetako lanpostu hutsak: oinarrizko eskalako agente eta agente lehen kategoriak eta ikuskapen-eskalako ofizialondoko eta ofizial kategoriak, Ertzaintzan, salbuespen honekin: egindako lana dela-eta bakarrik baloratuko dira Ertzaintzaren Musika Bandan egindako zerbitzuak.

    Laugarrena. Lanpostuak behin betiko betetzeko prozedurako esleipen faseak.

  1. Deialdi honetako lanpostuen esleipena hautaketa-prozeduran lortutako kalifikazio handienaren arabera egingo da.

    Lehenik eta behin, zuzendariorde lanpostua esleituko da, bigarrenik, artxibozain lanpostua, eta, azkenik, musikari lanpostua.

  2. Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data igarota duten dotazioak betekizun hori egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.

    Bosgarrena. Balorazio batzordea.

  1. Hautaketa-prozedurako balorazioa egite aldera, balorazio batzorde bat eratuko dira. Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuen hornidurari buruzko araudian adierazitakoa betez osatuko da.

  2. Balorazio Batzordeak baloratuko ditu prozedura honetako merezimenduak, eta eginkizun hauek izango ditu:

    1. Prozedura objektiboa dela ziurtatzeko ardura duenez gero, bermatu behar du deialdiaren oinarriak betetzen direla, eta gainera beharrezko akordioak hartu behar ditu dagokionean arauetan dauden hutsuneei aurre egiteko, eta haiek aplikatzean nabari azaltzen diren kontraesanei erantzun egokia emateko.

    2. Merezimenduak baloratu behar ditu, edo lan hori beste norbaiti egokitu. Horretarako, dagozkion behin-behineko akordioak hartuko ditu, Gurenet atarian argitaratuko direnak. Interesdunek akordio horiek aurkaratu ditzakete bost (5) egun balioduneko epean, eta Batzordeak berak ebatziko ditu aurkaratze horiek.

    3. Puntuazio handiena atera duten izangaiak proposatu behar ditu, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari helarazi behar dio puntuazio handiena lortu dutenei lanpostuak esleitzeko proposamena, deialdiko lanpostu kopuruaren barruan eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren arabera proposamen horien ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuen kopuruaren barruan; Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legean aurreikusitako lehentasun-eskubideei kalterik egin gabe.

  3. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez, Balorazio Batzordeko kideak eta haien ordezkoak izendatuko dira. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da izendapen horiek Gurenet atarian noiz argitaratu diren adierazten duen iragarkia. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak zehaztuko du zein izango den balizko aurkaratzeak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

  4. Balorazio Batzordeko kideek ez dute parte hartuko, organo eskudunari jakinarazita, eta izangaiek kideak errefusatu ditzakete, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako kasuetan.

  5. Balorazio Batzordearen erabakiak bertaratutakoen gehiengoaren botoekin hartuko dira eta, berdinketa gertatuz gero, presidente gisa ari denak ebatziko du. Ordea, presidentea edo haren ordezkoa ez badago, adinez nagusia den kidea izango da ebatziko duena.

  6. Balorazio Batzordea ezingo da eratu, eta ezingo du jardun, kideen erdia baino gehiago bertaratu ezean, idazkaria barne, eta deituko duen agintaritzari adituak izendatzea eskatu ahal izango dio. Adituok aholkulari lanak egingo dituzte, eta hitza izango dute, baina botorik ez.

  7. Balorazio Batzordean parte hartuz gero, legez aurreikusitako kalte-ordainak jasoko dira.

    Seigarrena. Izendapenak eta lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.

  1. Merezimendu-lehiaketaren sistemaren bidez bete beharreko lanpostuak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira, eta ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

  2. Lanpostu horien esleipendun gertatzen diren funtzionarioek ezin izango diete uko egin, eta ezin izango dute parte hartu kargua hartu eta hurrengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 69.3 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 14.2 artikuluan ezarritako salbuespenarekin. Esleipen horiek borondatezkotzat joko dira, eta, ondorioz, ez dute eskubiderik sortuko ezein kontzepturengatik kalte-ordaina jasotzeko.

  3. Lehiaketa-prozeduraren bidez lanpostu bat lortzen duten funtzionarioak mugiarazi ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen 70.4 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako baldintzetan.

    Zazpigarrena. Deialdia ebazteko epea.

    Deialdi hau ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, baina epe hori luzatu ahal da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

    Zortzigarrena. Lanpostuaz jabetzea.

    Deialdi honen bidez betetzekoak diren lanpostuez jabetzea berori ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da, eta ez du ez baimenik ez lizentziarik sorraraziko.

    (Ikus .PDF)

Euskadi, auzolana