Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2020ko ekainaren 2koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, langileek, dagozkien ordainsariak jasota, 2020ko uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko arauak ematen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko ekainaren 2koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, langileek, dagozkien ordainsariak jasota, 2020ko uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko arauak ematen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 115
  • Hurrenkera-zk.: 2291
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/06/02
  • Argitaratze-data: 2020/06/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herrizaingoa; Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Maiatzaren 18ko 11/2020 Dekretuaren bidez, 2020ko uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deia egin denez gero, beharrezkoa da Sailak neurriak ezartzea langileek kontsulta horretan parte hartu ahal izan dezaten, haien ordainsariak jasota.

Horretarako, eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 37.3.d) artikuluan zehazten dena aintzat hartuta, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedatuaren arabera indarrean dagoen legedia gauzatuko da.

Ondorioz, honako hau

  1. 2020ko uztailaren 12an hautesle, hauteskunde-mahaiko kide, kontu-hartzaile edo ahaldun izanik, egun horretan 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duena 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedenik hartzerik ez dutenek eskubidea izango dute egun horretan dagokien lanaldian ordainduriko baimen bat hartzeko, deitutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzetan.

  2. Adierazitako baimena ezin da berreskuratu, hauteslekuak irekita dauden orduen barruan baliatu behar da, eta langileak zerbitzuak normaltasunez eman balitu bezala jasoko lukeen soldata pagatuta ordaindu behar du enpresak.

  3. Baldin eta prima edo pizgarri batez osatua badago berreskuratu ezin den ordainduriko baimenerako eskubidea duten langileek jaso beharreko soldataren zati bat, aurreko azken sei hilabeteetan adierazitako kontzeptuagatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera kalkulatu behar da aipatutako zatia.

  1. 2020ko uztailaren 12an bozkatzeko eskubideaz baliatu nahi dutenek, baldin eta egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteslekuak irekitzeko ordutegiarekin lau ordutan edo gehiagotan bat badator, lau orduko baimen ordaindua izango dute, hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren barruan hartzeko.

  2. Baldin eta ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteslekuak irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko da.

  3. Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, baldin eta egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek.

  1. Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritzak zehaztuko du bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia, lanaren antolamenduaren arabera; nolanahi ere, hauteslekuen irekitzeko ordutegiaren barruan izan beharko da ordutegi hori.

  2. Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko eskatzeko bere langileei, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.

  1. 2020ko uztailaren 12an lanaldi osoko baimena emango zaie Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kide direla edo bertan kontu-hartzaile funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei; bai eta hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.

  2. Asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kide edo kontu-hartzaile direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena, adierazitako paragrafoak ezartzen dituen baldintza berberetan.

  3. Baimen horiek, berreskuratu ezin direnak, enpresak ordaindu behar ditu, hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.

Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusten den asteko atsedena baliatzerik ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du, langileek justifikatu ondoren.

Baldin eta, hauteskunde-egunaren aurreko egunean, gaueko txandan lan egin behar badu agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, interesdunak hala eskatuz gero.

  1. Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun garatzen dutenei edo 2020ko uztailaren 12an botoa emateko eskubidea gauzatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako baldintza batzuetan lan egiten dutenei, beren botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.

  2. Posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatzeko legez gaitzen diren egunetan zehar baliatu ahal izango da adierazitako baimena; kasu horretan, agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatzen da; eta, Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo Posta Zerbitzuko bulegoei egindakotzat hartu behar dira hauteslekuei edo hauteskunde-mahaiei egindako erreferentzia guztiak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 2a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.