Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen baitira hezkuntza-premia bereziko ikasleak ikasgela arruntetan eskolatzen dituzten eta 2020-2021 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako Espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2020ko uztailaren 28koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak iragartzen baitira hezkuntza-premia bereziko ikasleak ikasgela arruntetan eskolatzen dituzten eta 2020-2021 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako Espezialistak kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 161
  • Hurrenkera-zk.: 3319
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/07/28
  • Argitaratze-data: 2020/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

236/2015, 237/2015 eta 127/2016 dekretuek Oinarrizko Hezkuntzako, Haur Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumak zehazten dituzte, eta curriculum horiek Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen. Dekretu horiek adierazten dutenez, honako hau da eskola inklusiboa: haur eta gazte guztiek kalitatezko hezkuntzarako sarbidea dutela bermatzen duena, aukera berdintasunean, eta hezkuntza justua eta guztientzat ekitatiboa dena. Eskola inklusiboak beharrezko diren aukerak eta laguntzak eman behar dizkie ikasle guztiei hezkuntza-arloan; garapen akademiko eta pertsonalerako eta autonomiaren garapenerako behar dituztenak. Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena.

Bestalde, ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak (hezkuntza-premia bereziak aurrerantzean, HPB dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna antolatzen duena) 11. artikuluan ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak gaur egun Hezkuntza Saila denak garatuko dituela behar diren xedapen administratiboak baliabide espezifikoen hornidura zehazteko itunpeko ikastetxe pribatuetan HPBak dituzten ikasleei arreta eman diezaieten.

Ondorioz, desgaitasun edo jokabide-nahasmendu larrien ondoriozko HPBko ikasleak ikasgela arruntetan eskolatzen dituzten eta 2020-2021 ikasturterako Hezkuntza Laguntzako Espezialistak (HLE) kontratatu behar dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako laguntza-deialdi honek xedetzat du horrelako ikasleek behar duten hezkuntza-erantzuna ahalbidetzea.

Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da agindu honek araututako deialdia. Plana Hezkuntzako sailburuaren 2020ko martxoaren 13ko Aginduaren bidez onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, argitaratuta dago; hona hemen helbidea: https://www.euskadi.eus/diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-a2kulsus/eu/

Deialdi honetarako behar adina aurrekontu-zuzkidura dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean baimendutako kredituen arabera.

Oro har, Agindu hau honako arau hauetan xedatutakoan oinarrituko da:

118/1998 Dekretua, ekainaren 23koa, hezkuntza-premia bereziko ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duena.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa.

Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuei laguntzak ematea, baldin eta desgaitasun edo jokabide-nahasmendu larrien ondoriozko HPBko ikasleak eskolatzen badituzte eta, horiei arreta emateko, HLEak kontratatu behar badituzte 2020-2021 ikasturterako.

  1. Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 14.382.500 euro bideratuko dira.

  2. Aurrekontu-funtsak agortuko balira, horiek eskatutako baldintza guztiak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko dira, eskaera guztiei erantzuteko behar den guztizko zenbatekoa egon balitz bakoitzari legozkiokeen kopuruen proportzio berdinean.

Agindu honetako laguntzen esleipen honetara aurkeztu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak, baldin eta 2020-2021 ikasturtean 21 urtetik beherako HPBko ikasleak ikasgela arruntetan eskolatzen badituzte eta HLE kontratatu behar badute ikasle horien autonomia eta curriculumerako sarbidea sustatzeko.

  1. Deialdiari heltzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 8. artikuluan xedatuarekin bat eta urriaren 1eko 39/2015 Legeko (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 14. artikuluko 2. apartatuarekin bat.

  2. Ezingo dira onuradun izan zigor penal edo administratiboren baten edo dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean dauden ikastetxeak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

  3. Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute ikastetxeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.

  4. Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean, ikastetxe eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala xedatuta baitago dirulaguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, baina, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

  5. Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da ikastetxe onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

  6. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:

    Ez duela galdu dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera, zigor penal edo administratibo baten ondorioz, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren batean sartuta, barnean hartuta sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik gertatutakoak (Agindu honen 4.3 artikulua).

    Azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorreko 13. eta 14. artikuluetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen dituela (Agindu honen 4.2 artikulua).

    Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duela, araudiaren arabera zehazten den moduan.

    Badakiela ezen, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, betez, deialdi hau izapidetzeko jasotzen diren datu pertsonalak deialdia kudeatzeko tratatuko direla, bai eta deialdian parte hartzen duten pertsonei haren garapenaren berri emateko ere.

    Dirulaguntza emateko eskatu eta kontuan izan diren betekizunen bat eraginpean hartzen duen edozein egoera-aldaketaren berri Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari emango diola (Agindu honen 15.e artikulua).

    Aldez aurretik bete duela eskatutako orduen inprimakia eta HLE ezohiko baliabidea zer ikaslerentzat eskatzen den zerrenda batean zehaztu duela hezkuntza-laguntzako berariazko premien W67 aplikazio informatikoan, eta berau atera eta eskabideari erantsi diola.

    Ikastetxe eskatzailearen ordezkaritza-organo gorenak badaki zer proiektu aurkeztu den eta onartu egin du.

    Deialdi honen oinarriak onartzen dituela (Agindu honen 8. artikulua).

    Erantzukizunpeko adierazpenak onartu eta ulertzen dituela.

    Eskabide honetan eta eskaerarekin batera doazen dokumentuetan jasotako datuak benetakoak direla adierazten duela.

  1. Sare publikoan pertsonal hori kontratatzeko eskatzen den eran, 2020-2021 HLE berriek titulazio hauetako edozein edo baliokidea izan beharko dute:

    Gizarteratzeko Goi Mailako Teknikaria.

    Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikaria.

  2. Langile kontratatuek zerbitzuak ematen dituzten ikastetxearen hizkuntza-ereduaren edo -ereduen araberako hizkuntza-eskakizuna eduki beharko dute.

  3. Kontratatutako HLE pertsonalak ez du epai irmo bidezko zigorrik izan behar sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako ezein deliturengatik. Ondorio horietarako, ikastetxeak Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. paragrafoan ezarritakoa betetzen dela bermatuko du. Lege hori Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarri zen.

  4. HLE pertsonalak HPBak dituzten ikasleen autonomia eta curriculumerako sarbidearekin erlazionatutako eginkizunak egingo ditu, hezkuntza-izaerako (ez irakaskuntzakoa) gaitasun profesionalaren ekarpena eginez, eta erreferentziako Berritzeguneko HPB aholkularitzekin lankidetzan, horiek zehaztuko baitituzte HLE bakoitzak egin beharreko funtzio eta eginkizunei buruzko orientazio egokiak dagozkion ikasleekiko jarduketa-planaren esparruan. Agindu honen arabera laguntza jaso dezaketen HPBak curriculumerako sarbiderako eta ondorengoekin erlazionatutako gaitasun egokitzaileetarako dira:

    Norberaren zainketa.

    Jokaera eta komunikazioa.

    Trebetasun motorrak.

    Autorregulazioa.

    Komunitatearen erabilera.

    Osasuna eta segurtasuna.

  5. HLE pertsonalaren funtzioak, arreta zuzenekoak batzuk, koordinazio-arlokoak beste batzuk, honako hauek izango dira:

    Autonomia eta irisgarritasunarekin erlazionatutako jarduketa-planak egin, aplikatu eta horien jarraipena egitea irakasleekin edo tutorearekin, hala behar duten HPBdun ikasleentzat.

    Era aktiboan parte hartzea ikastetxeko gainerako pertsonalarekin HPBak dituzten ikasleen arreta eta zaintzan jolas-orduetan eta atsedenaldietan, gainerako ikasleekin erlazio egokia izan dezatela erraztuz.

    Laguntza eta aholkularitzarako profesionalekin (fisioterapeutak, irakasle espezializatuak, HPBen aholkularitzak, etab.) parte hartzea beren presentzia eskatzen duten HPBdun ikasleak dauden jarduketetan.

    Laguntza osagarriko profesionalekin (fisioterapeuta, irakasle espezializatuak, terapeuta okupazionala...) lankidetzan jardutea HPBak dituzten ikasleek curriculumera sartzeko behar dituzten altzariak, materialak eta laguntza teknikoak egokitu eta erabiltzen.

    Hala behar duten HPBdun ikasleei laguntzea eskola-jarduera garatu ahal izateko beharrezkoak diren lekualdatzeetan.

    Laguntzea edo istripuak prebenitzeko eta lehen laguntzako teknikak aplikatzea, ezarritako jarduketa-protokoloak eta -jarraibideak jarraituta.

    Bere eskumenekoak diren alderdiei buruzko txosten teknikoak egitea.

  1. Laguntzen zenbatekoak inolako kasuetan ez du gaindituko soldata osoa gehi Gizarte Segurantza (eta estrei eta oporrei dagokien proportzioa) kontratatatuko HLE bakoitzeko, Gizarte Segurantza barne 33.220,57 euro urtean asteko 35 lanorduko. Zifra horietan oinarrituta kalkulatzen da HLE batek egindako lanordu bakoitzeko kostu garbia, Gizarte Segurantza barne, urteko egiazko lanaldia kontuan hartuta, eta kostu hori 23,90 eurokoa izango litzateke.

  2. Laguntzen kopuruen kalkuluak 2020-2021 ikasturteari dagokion aldiaren arabera egingo dira, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra arte, eta asteko dedikazio-moduluen arabera.

  3. Hauek izango dira HLE pertsonalaren hornidura-beharrak (orduak/aste) ezartzeko irizpideak:

    1. Oro har 25 ordu emango dira:

      Laguntza mugatua behar duten 4 ikasleko. Laguntza zabala behar duten 3 ikasleko. Laguntza orokorra behar duten 2 ikasleko. Aldizkako laguntzek edo unean-unekoek ez dute justifikatuko HLE pertsonalaren horniduraren beharra.

    2. Salbuespenez, ordu kopuru gehigarria eman ahalko da ikastetxe bakoitzeko (gehienez 10), betiere ikastetxe interesdunak eskabidean aurreko atalean adierazitakoak baino langile-premia handiagoa adierazten badu, eta hori egoki egiaztatzen badu HLE pertsonala kontratatuz erantzuten zaien egoeren testuinguruaren araberako azterketa aintzat hartuta, Balorazio Batzordeak horiek azter ditzan.

      Gehienbat ikastetxearen testuinguruarekin lotuta egongo dira aintzat hartu beharreko salbuespen horiek:

      Desgaitasun motorrari lotutako HPBko ikasleak, elikaduraren arloko zereginetan laguntza behar dutenak. Portaera-nahasmendu larriei edo, nork bere buruari kalte egitea edo erasoak eragozteko, gainbegiratze handia behar duten nahasmenduei lotutako HPBko ikasleak. Arreta eman beharreko ikasleak ikastetxearen eraikin ezberdinetan edo hezkuntza-etapa ezberdinetan matrikulatuta egotea, horrek ordu-bateragarritasuna zailtzen du eta.

      Eman daitezen, Berritzeguneen HPBen aholkularitzen dagokien txostenek abalatu beharko dituzte, eta oniritzia eman beharko die Balorazio Batzordeak.

    3. Jasota dago, halaber, astean ordubete gehigarria koordinaziorako, ikasleentzako zuzeneko arretako 25 orduko; koordinazio-orduen kalkulua ordu orokorren modu proportzionalean egingo da (3.a apartatua).

Deialdi honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste edozein laguntzarekin. Hori bai, xede bererako beste laguntzaren bat jasoz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste laguntza batzuekin batera, 2020-2021 ikasturteko hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzearen kostu osoa gainditzeko modukoa. Horrenbestez, gainfinantzaketarik badago, soberakina itzuli beharko dute.

  1. Ikastetxeek hilabeteko epean aurkeztuko dituzte eskabideak, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  2. Eskabideak egoitza elektronikoan bakarrik aurkeztuko dituzte, helbide honetara jota: www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2020/eae/web01-tramite/es

  3. Eskaeraren osteko izapide guztiak egoitza elektronikoan baino ez dira egingo, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, ikastetxeak nahi duen eran. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

  5. Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

  6. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 bis artikuluan ezarritakoa betez, eskabideak erantzukizunpeko adierazpena jasotzen du.

  7. Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    Inprimakia eskatutako orduekin eta HLEren aparteko baliabidea behar duten eta HPBak dituzten ikasleen zerrenda eta, ikasle bakoitzaren jarduketa-planaren proposamenaren arabera, zein gaitasun egokitzailetarako behar den. Inprimaki hori aldez aurretik bete beharko dute Hezkuntza Sailaren W67 aplikazio informatikoan (https://www.hezkuntza.net/appcont/control_acceso/index_c.html) eta horretatik atera eskabidera eransteko.

    Lanpostu horiek betetzeko kontrata daitezkeen pertsonen zerrenda eta dituzten titulazioak.

  8. Agindu honen eranskinean eskabide elektronikoko ereduaren eta bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren edukiak bilduko dira.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntzen eskabideak osorik beteta iristen ez badira, modu telematikoan eginda ez badaude edo agindu honen 8. artikuluan zerrendatutako dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, ikastetxe eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, honako hau adierazita: Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan ebazpena eman ondoren.

Zuzenketa modu telematikoan baino ez da egingo https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Laguntzen deialdia kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria da.

Deialdi honetako 6. artikuluko 3.b) apartatuan aurreikusitako salbuespenetan sartu nahi diren eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, eta laguntzak emateko irizpideak modu homogeneoan aplikatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, honako hauek osatuko dutena:

Pilar Antón Crespo, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Hezkuntza Berezirako Zerbitzuaren arduraduna: batzordeburu jardungo du.

Xabier Egurbide Aragón, Arabako Hezkuntza Ordezkaritzako Hezkuntza Bereziko teknikaria.

Xabier Escalza Sarazibar, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzako Hezkuntza Bereziko teknikaria.

Imanol Guirado Pérez, Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritzako Hezkuntza Bereziko teknikaria.

Mirenbego Agirre Larrea, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Hezkuntza Bereziaren Zerbitzuko teknikaria: idazkari-lanak egingo ditu.

Balorazio Batzordeak Berritzeguneen HPBen aholkularitzen salbuespenei buruzko txostenak hartuko ditu kontuan, eta txostena egingo du, ikastetxeek eskatutako salbuespenak onartzea egokia den edo ez adierazteko.

  1. Eskabideak Hezkuntza Bereziko lurraldeko teknikariek aztertuko dituzte. Horretarako, Berritzeguneen HPBen aholkularitzen txostenak eskuratuko ditu. Ikastetxe bakoitzak aurkeztutako HLE pertsonalaren horniduraren eskaerari buruzkoak dira txosten horiek. Ikastetxeko HPBko ikasle bakoitzak behar duen HLEren laguntza-maila zehazten dute aholkularitzen txostenek (mugatua, zabala edo orokorra), «Autonomia eta irisgarritasuna garatzera bideratutako laguntza-beharra zehazteko protokoloa» aplikatuta izan diren emaitzen arabera, eta ikastetxeak erabilgarri dituen gainerako baliabideak kontuan hartuta. Horrez gain, izan litezkeen salbuespenen berri ere ematen dute, ikastetxeak halakorik eskatu badu.

  2. Eskabideak aztertu eta balorazio-batzordeak egindako txostena aintzat hartuta, lurralde bakoitzak ebazpen-proposamena egingo du, Hezkuntza Berrikuntzako lurralde-arduradunak horri oniritzia eman ondoren.

  3. Zerbitzu zentralek lurraldeen proposamenak aztertuko dituzte, baliabide-horniduraren irizpideak zehatz-mehatz aplikatzea zaintzearren, eta, Balorazio Batzordeak bere eginkizunen esparruan egindako ebaluazioa kontuan harturik, baterako ebazpen-proposamena egingo dute. Behar beste aurrekontu ez balego, deialdi honetako 2.3 artikulua aplikatuta lortzen den proportzioan banatzea adostuko dute.

  4. Ondoren, ebazpen-proposamena egingo du, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio. Proposamen horrek, batetik, dirulaguntza emango zaien ikastetxeen zerrenda, aplikatu beharreko asteko orduak eta emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa izango ditu. Bestetik, dirulaguntza ukatu zaien ikastetxeen zerrenda izango du, eta arrazoia adieraziko da.

  1. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebatziko du deialdi hau, gehienez sei hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

  2. Lehenengo apartatuan aurreikusitako epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  3. Ebazpen hori bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxeei hemen: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  4. Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtsoa sartu behar da helbide honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jende guztiak horren berri izan dezan.

  1. Laguntza hiru epetan ordainduko da: lehenengoa 2020 ekitaldiaren kargura ordainduko da eta bigarrena eta hirugarrena, 2021 ekitaldiaren kargura.

  2. Lehenengo ordainketa, dirulaguntzaren zenbateko osoaren % 26,26, deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean egingo da, tartean laguntzari berariaz uko egin ezean, 15. artikuluan adierazitakoaren arabera.

  3. Bigarren ordainketa, dirulaguntzaren % 36,87, 2021eko otsailean. Laguntzaren bigarren ordainketa egiteko, ikastetxeak dokumentazio hau aurkeztu behar du:

    HLE bakoitzarekin egindako lan-kontratua.

    Kontratatutako langileak epai irmoz sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik kondenatu ez dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa.

  4. Hirugarren eta azken ordainketa, gainerako % 36,87a, 2020-2021 ikasturtea amaituta. Aldez aurretik, zentro onuradunak, 2021eko irailaren 30a baino lehen, jasotako laguntzari emandako erabileraren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, zentroak kontratatutako langileei soilik dagozkien Gizarte Segurantzako kotizazio-nominen eta -buletinen (TC1 eta TC2) originalen edo kopia autentikoen bidez. HLE-en kontratazioa, dirulaguntzaz gain, funts propioekin eta bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatu bada, justifikazioan egiaztatu beharko da funts horien zenbatekoa, jatorria eta erabilera diruz lagundutako jardueran.

Azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorreko 13., 14. eta 18. artikuluetan (3. eta 4. apartatuak) ezarritako betebeharrak zein dirulaguntzen publizitateari buruzko betebehar orokorrak eta espezifikoak alde batera utzi gabe, agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun gertatzen diren ikastetxeek honako betebehar hauek izango dituzte:

Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta ikastetxe onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta bost egun balioduneko epean. Laguntza onartzeak ez du eragozten epearen barruan errekurtsoa jartzeko aukera.

Dirulaguntza zein helburutarako eman den, horretarako erabiltzea.

  1. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan eskatutako egiaztagiriak epearen barruan aurkeztea.

    Helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.

    Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea dirulaguntza emateko eskatutako eta kontuan izandako baldintzetako baten bati eragiten dion edozein inguruabar aldatu dela, esaterako, HLEren baliabideen hartzaileak diren eta HPBak dituzten ikasleen lekualdatzea edo baja.

    Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen dioten informazioa ematea, instituzio horiek, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, beren funtzioak betez informazio hori eskatzen dutenean.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen- eta kontrol-sistemak ezarri ahal izango ditu, edo/eta behar beste datu eskatu ahal izango ditu onartutako jarduera bakoitzean aurreikusitako helburua eta emaitzak bermatzeko, alde batera utzi gabe Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baliabide horien funtzionamenduaren inguruan duen kontrola.

  1. Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da, 15. artikuluan adierazi bezala, eta, ondorioz, gerta daiteke dirulaguntzak eman dituen ebazpena aldatzea, betiere onuraduna izateko dirulaguntza-arauan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuta.

  2. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuak ez badira emandako dirulaguntzaren zenbatekora iristen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak deskontatuta, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

Laguntzen ikastetxe onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidea bete beharko dute, eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzuli beharko dute, baita dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere:

  1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.

  2. Dirulaguntza ez erabiltzeagatik hura eskatu eta eman zenean adierazita zegoen xede espezifikorako.

  3. Dirulaguntza eragin zuen jarduera ez gauzatzeagatik.

  4. Ez justifikatzeagatik dirulaguntza erabili dela eman zen helburu zehatzetarako.

  5. Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.

Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

Abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa, eta Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, betez, deialdi hau izapidetzeko jasotzen diren datu pertsonalak deialdia kudeatzeko tratatuko dira, bai eta deialdian parte hartzen duten pertsonei haren garapenaren berri emateko ere.

Interesdunek eskubidea dute datuetara sartzeko eta horiek zuzendu, ezabatu eta eramateko, bai eta tratamendua mugatzeko edo horri uko egiteko ere, honako helbide honetan ezarritako prozedurari jarraikiz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen duenez, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sailean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 28a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)