Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2021eko urriaren 26koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxegabetze-prozeduraren eteteak eta etxebizitzarik gabeko familia kalteberentzako kaleratzeek eragindako errentatzaile eta jabeei konpentsazioa aitortzeari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2021eko urriaren 26koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, etxegabetze-prozeduraren eteteak eta etxebizitzarik gabeko familia kalteberentzako kaleratzeek eragindako errentatzaile eta jabeei konpentsazioa aitortzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 218
  • Hurrenkera-zk.: 5581
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2021/10/26
  • Argitaratze-data: 2021/11/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Eremu sozial eta ekonomikoan COVID-19ari aurre egiteko premiazko neurri osagarriak ezartzen dituen martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. eta 1 bis artikuluek bizileku alternatibarik gabeko etxegabetze-prozedurak eta etxegabetzeak etetea arautzen dute kasu oso zehatz batzuetan.

Etxebizitzaren eta garraioaren arloko kalteberatasun sozial eta ekonomikoko egoerei aurre egiteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 22ko 37/2020 Errege Lege Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak errentariek eta jabeek konpentsazioa eskatzeko duten eskubidea ezarri zuen, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. eta 1 bis artikuluetan aurreikusitako eteteak gertatzen direnean.

Konpentsazio hori gauzatzeko, 401/2021 Errege Dekretua eman da, ekainaren 8koa, autonomia-erkidegoek 2018-2021 aldirako Estatuko Etxebizitza Planaren baliabideak erabili ahal izateko beharrezko neurriak onartzen dituena, dagozkion konpentsazioei aurre egiteko, eta jabeei eta errentatzaileei konpentsazioa aitortzeko prozedura ezarri da, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Dekretuaren 1. eta 1 bis artikuluetan aipatzen dena, hain zuzen ere hain premiazkoak diren neurri ekonomikoei aurre egiteko. Errege Dekretu hori Espainiako Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 13. arauan xedatutakoaren babesean eman da; izan ere, artikulu horrek Estatuari esleitzen dio jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaineko eskumen esklusiboa.

Euskal Autonomia Erkidegoa ez dago 2018-2021 aldirako Estatuko Etxebizitza Planaren aplikazio-eremuan; beraz, ez ditu funts horiek. Horregatik, beren lurralde-eremuan egoki daitezkeen konpentsazioak ekonomia-itunaren barruan finantzatu edo egozten dira, Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian zehazten den bezala.

Eragindako etxebizitzen errentatzaile edo jabeek egindako eskaerak aurkezteko, izapidetzeko eta ebazteko prozedura 3. artikuluan araututa dago. artikulu horren 4. apartatuaren azken tartekian ezartzen denez, gehienezko epea igaro eta berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunak baietsitzat jo dezake isiltasun positiboz. Eta 5. paragrafoaren arabera, autonomia-erkidegoek eta Ceuta eta Melilla hiriek prozedura hori garatu edo osatu ahal izango dute, errentatzailearen edo jabearen kudeaketa eta konpentsazioak jasotzea errazteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2021eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen azken xedapenetako hirugarrenak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina aldatzen du. Hemen interesatzen zaigunerako, 9. paragrafoa eransten zaio testu bategin horren 51. artikuluari, eta honela geratzen da idatzita:

  1. Laguntzak edo dirulaguntzak emateko prozedura edozein dela ere, horretarako ezarritako gehieneko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu ahal izango dute.

Arau horrek eragina du bizileku alternatibarik gabeko etxegabetze-prozeduren eta etxebizitza kalteberetarako etxegabetzeen eteteak eragindako jabe eta errentatzaileen konpentsazioan; horrek esan nahi du gure autonomia-erkidegoan administrazio-isiltasuna ez dela positiboa, baizik eta negatiboa, 401/2021 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala.

Gainerakoan, 3. artikulua aplikatuko da. Hala ere, haren edukia osatu behar da, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta indarrean dauden beste arau batzuetan aurreikusitako beste zehaztapen batzuk txertatuta.

Ondorioz, eta lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ematen didaten eskumena baliatuz, eta kontuan hartuta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntzei eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenak kontuan hartuta,

  1. Agindu honen xedea da ekainaren 8ko 401/2021 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako prozedura garatzea. Errege Dekretu horren bidez, autonomia-erkidegoek 2018-2021 aldirako Estatuko Etxebizitza Planaren baliabideak erabili ahal izateko beharrezkoak diren neurriak onartzen dira, bidezkoak diren konpentsazioei aurre egiteko, eta jabeei eta errentatzaileei konpentsazioa aitortzeko prozedura ezartzen da, hain zuzen ere, 2020ko martxoaren 1eko 11/2020 Errege Dekretuaren 1. eta 1 bis artikuluek aipatzen dituzten urgentziazko neurri osagarrien aurrean.

  2. Horretarako, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (aurrerantzean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren beste arau batzuetan aurreikusitako zenbait zehaztapen sartu dira prozedura horretan.

  1. Etxegabetze-prozedura eteteak eta etxebizitzarik gabeko etxe kalteberetarako etxegabetzeak eragindako etxebizitzen errentatzaileak edo jabeak konpentsatzeko aurrekontu-zuzkidura ehun eta hogei mila (120.000) eurokoa da, COVID-19ari aurre egiteko gizarte- eta ekonomia-arloan premiazko neurri osagarriak hartzen dituen martxoaren 31ko 11/2020 Errege Dekretuaren 1. eta 1 bis artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.

  2. Beharrezkoa izanez gero, dotazio hori onartutako eskabideen guztizko zenbatekora arte zabaldu ahal izango da.

  1. Higiezina dagoen ingurunean etxebizitza alokatzeari legokiokeen batez besteko balioa Alokairuaren Merkatuaren Estatistika (EMA) argitaratu zen azken egunari dagokion hileko batez besteko errenta izango da.

  2. Balio hori errentatzaileak jasotzen zuen errenta baino handiagoa bada, jaso gabeko errenta izango da konpentsazioa.

Konpentsazioa bateraezina da beste edozein administrazio publikok edo beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako eman ditzakeen beste laguntza batzuekin, baita alokairua ez ordaintzeagatiko aseguru-kontratuetatik eratorritako kalte-ordainekin ere.

  1. Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren araberakoa izan behar du (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1202701).

  2. Pertsona juridikoek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan aipatutako gainerako subjektuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dute eskabidea (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1202701).

  3. Pertsona fisikoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkez dezakete eskabidea (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1202701).

  4. Eskabidearen osteko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egingo dira, Nire karpeta atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  5. Ordezkari bidez jardun behar izanez gero, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.

  6. Pertsona fisikoek aurrez aurre aurkez dezakete eskabidea Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean), hitzordua eskatuta soilik https://www.euskadi.eus/zuzenean-aurrez-aurreko-arreta/web01-a2zuzen/eu/ helbidera joz, edo aurretiko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez (945 01 90 00), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuaren 16.artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko 39. artikuluan araututako erregistro osagarrietan.

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

  1. Kasu guztietan:

    1. Etxebizitzaren jabetzaren erregistroak emandako ohar soila.

    2. Konpentsazioaren bidezkotasunaren azalpen arrazoitua, ekainaren 8ko 401/2021 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan aurreikusitako moduan. Ez da beharrezkoa higiezina dagoen ingurunean etxebizitza alokatzeari legokiokeen batez besteko balioa barne hartzea.

    3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko da konpentsazioa onartu eta ordainketa egin aurretik, eta horretarako ez da eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, artikulu berean xedatutakoaren arabera, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

    4. Hirugarrenaren altaren dokumentu betea, honako helbide honetan eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

  2. Errentan hartutako etxebizitzen kasuan:

    1. Martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluan aipatzen den kanporatzearen edo kanporatzearen ezohiko etete-intzidentean epaileak emandako botatzea eteteko autoaren eta, hala badagokio, ondoz ondoko luzapenen kopia.

    2. Gizarte-zerbitzuek emandako txostenaren kopia, errentariaren edo errentarien kalteberatasun-egoera baloratzen duena eta administrazio eskudunak aplikatu beharreko neurriak identifikatzen dituena, halakorik izanez gero. Hala ez bada, edozein dokumentu judizialen kopia, txosten hori noiz eman den adierazten duena.

    3. Prozeduraren etendura bertan behera uzteko dekretuaren kopia, halakorik izanez gero.

    4. Etxebizitzaren errentamendu-kontratuaren kopia.

    5. Errentatzaileak etxebizitzaren gastu arruntak ordaindu dituela egiaztatzen duen dokumentazioa.

  3. Gaikuntza-titulurik ez duten pertsonak bizi diren etxebizitzen kasuan:

    1. Kaleratzea eteteko autoaren kopia, bide zibilean edo bide penalean emana, martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretuaren 1 bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, hala badagokio, ondoz ondoko luzapenena.

    2. Gizarte-zerbitzuek egindako txostenaren kopia. Txosten horretan, beren etxebizitza higiezinean finkatu duten pertsonen kalteberatasun-egoera baloratuko da, eta administrazio eskudunak aplikatu beharreko neurriak identifikatuko dira, halakorik izanez gero. Hala ez bada, edozein dokumentu judizialen kopia, txosten hori noiz eman den adierazten duena.

    3. Kaleratzearen etendura kentzeko autoaren kopia, halakorik izanez gero.

    4. Etxebizitza bertan gaikuntza-titulurik gabe bizi diren pertsonak sartu baino lehen saltzeko edo alokatzeko eskainita zegoela egiaztatzen duen dokumentazioa.

    5. Jabeak etxebizitzaren gastu arruntak ordaindu dituela egiaztatzen duen dokumentazioa.

Konpentsazio-eskaera etenaldia amaitu baino lehen aurkezten bada, konpentsatzeko epea honela amaituko da:

  1. Errentan hartutako etxebizitzen kasuan:

    1. Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 440.3 artikuluak aipatutako egunen zenbaketa berriro hasteko etete-autoan zehaztutako egunean, edo ikustaldia eta, hala denean, botatzea egin zen egunean, prozesuaren egoeraren arabera.

    2. Eteteko autoan datarik adierazten ez bada, konpentsatzeko aldia konpentsazio-eskaera aurkezten den egunean amaituko da.

  2. Gaikuntza-titulurik ez duten pertsonak bizi diren etxebizitzen kasuan:

    1. Eteteko autoan etenaldia amaitzeko zehaztutako egunean.

    2. Eteteko autoan datarik adierazten ez bada, konpentsatzeko aldia konpentsazio-eskaera aurkezten den egunean amaituko da.

Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak du eskaera izapidetzeko eta ebazteko eskumena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.9 artikuluan ezarritakoaren arabera, gehienezko epea igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunek eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertu ahal izango dute.

Konpentsazio-eskaera onartzen bada, ordainketa hirugarrenen alta-agirian agertzen den banku-kontuan egingo da.

  1. Baldin eta konpentsazio-eskaera etendura kendu baino lehen aurkeztu bazen eta horrek baiespen-ebazpenaren ondoren jarraitu bazuen, onartu egingo da interesdunak jada emandako konpentsazioa zabaltzeko eskaera egitea, etxegabetzea edo kaleratzea etenaldia amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan.

  2. Kasu horretan, konpentsatu daitekeen aldi berria baiespen-ebazpenaren aldi konpentsagarria amaitu eta hurrengo egunetik aurrerakoa izango da, 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, etenaldia amaitzen den egunera arte.

  3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Kasu guztietan:

      Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzearen erantzukizunpeko adierazpena. Hala ere, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, konpentsazioa aitortu eta ordainketa egin baino lehen.

    2. Errentan hartutako etxebizitzen kasuan:

      1. Etendura kentzen duen edo prozedura berriz hasten duen ebazpenaren kopia.

      2. Hala badagokio, errentatzaileak etxebizitzaren gastu arruntak ordaindu dituela egiaztatzen duen dokumentazioa, lehenengo konpentsazio-eskaerari erantsi zitzaion data baino geroagokoa.

    3. Gaikuntza-titulurik ez duten pertsonak bizi diren etxebizitzen kasuan:

      1. Kaleratzearen etendura kentzeko autoaren kopia.

      2. Hala badagokio, jabeak etxebizitzaren gastu arruntak ordaindu izana egiaztatzen duen dokumentazioa, lehenengo konpentsazio-eskaerari erantsi zitzaiona baino geroagokoa.

Behar ez bezala jasotako konpentsazioen onuradunek itzuli egin beharko dituzte konpentsazio horiek, legezko interesak gehituta, 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen da, eta erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak eta erregimena ezartzen dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urriaren 26a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARA ARRIOLA LPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik