- AGINDUA, 2026ko irailaren 30ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen gizarte-erantzukizuna ezarri eta enpresetan langileen partaidetza sustatzeko laguntzen deialdirako oinarriak onartzen dira, eta 2026. urterako deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2026ko irailaren 30ekoa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen gizarte-erantzukizuna ezarri eta enpresetan langileen partaidetza sustatzeko laguntzen deialdirako oinarriak onartzen dira, eta 2026. urterako deialdia egiten da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 195
- Hurrenkera-zk.: 4226
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2026/09/30
- Argitaratze-data: 2026/10/13
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Ekonomia
Testu legala
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren 2025-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak (2025eko otsailaren 14ko Aginduaren bidez onartua eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak 2026rako eguneratua) eta Eusko Jaurlaritzaren 2026ko Aurrekontuaren Memoriak dirulaguntza-lerro hori jasotzen dute, eta gizarte-ekonomia solidarioaren arloko jarduerak sustatzen dituzte. Dirulaguntzen plan estrategiko hori Eusko Jaurlaritzako https://www.euskadi.eus web-orrian dago argitaratuta, sailari eskainitako espazioaren barruan, «Planak eta proiektuak» atalean.
Laguntza-lerro honek jarraitutasuna ematen die aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoei, EAEko gizarte-ekonomiaren printzipio eta balioak sustatzeko orduan. Horretarako, erraztasunak jartzen ditu giza kapitalak erakundeetan parte har dezan eta enpresen gizarte-erantzukizuna sustatu dadin, ekonomia gizatiarragoa eta kohesionatuagoa bultzatuko duen gizarte-eraldaketa lortzeko asmoz.
Bi kontzeptuak geroz eta garrantzitsuagoak dira ekonomiaren, ingurumenaren eta gizartearen jasangarritasunaren bidez kudeaketa integratua erakusteko asmoa duten erakundeetan eta, hala, langileen partaidetzarekin batera, jarduera ekonomikoak eta enplegua mantentzen eta garatzen laguntzen dute.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2026. urteko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen abenduaren 23ko 7/2025 Legea onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak adierazitakoa kontuan hartuz, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 5eko 323/2024 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, hau
Enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzeko eta enpresetan langileen partaidetza sustatzeko laguntzen 2026ko ekitaldirako laguntzen oinarriak onartzea, Agindu honen eranskinean jasotzen direnak, eta haien deialdia egitea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA. Aplikatzekoa den araudia.
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak (lege orokor hori garatzeko, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua eman zen, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala baitago xedatuta Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko irailaren 30a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
oinarria. Xedea.
Hurrengo oinarrietan jasotakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzeko eta enpresetan langileen partaidetza sustatzeko 2026ko ekitaldirako laguntzak deitzea da agindu honen xedea. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak emango ditu, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren bidez.
oinarria. Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jarduera hauetakoren batek zuzenean eragindako gastuak finantzatzeko dirulaguntzak izango dira:
Enpresen gizarte-erantzukizuna ezartzea, jasangarritasun-memoriak eta gizarte-kontabilitate aplikatuko memoriak eginez. Jasangarritasun-memoriek GRI, SG21, ISO2300 edo antzeko metodologiak jarraitu beharko dituzte.
Enpresen gizarte-erantzukizunaren kultura hedatzeko eta ikertzeko jarduerak egitea, garapen jasangarriko helburuetan lagunduko dutenak. Halaber, esparru publikoetan, enpresarialetan eta korporatiboetan aplikatutako gizarte-kontabilitatea zabaltzea eta ikertzea.
Langileek gizarte-ekonomiako enpresetako organoetan eta kudeaketan duten partaidetza hobetzeko metodo eta tresnak egitea eta ezartzea.
Sozietate-itun edo -kontratu bat egitea, gizarte-ekonomiako enpresetan sozietate-erreleboa arautzeko.
Langileek gizarte-ekonomiakoak ez diren enpresetan parte hartzeko plan bat egitea eta ezartzea.
Agindu honen indarrez diruz lagunduko diren jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2026ko abenduaren 15a baino lehen amaiturik egon.
Ezin izango dira agindu honetan jasotako laguntzen onuradun izan oinarri honetan deskribatutako jardueretarako aurretik dirulaguntzaren bat jaso duten entitateak. Jasangarritasun-memorien eta gizarte-kontabilitate aplikatuko memorien ondoriozko ziurtapenetan, egindako lehen ziurtapena bakarrik lagundu ahal izango da diruz. Ondoren egiten diren berritzeei ez zaie dirulaguntzarik emango. Partaidetza-plana, bestalde, ekitaldi bakarrean lagundu ahalko da diruz.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2.1.e) oinarriko partaidetza-plana aholkularitza-entitate baten laguntzarekin eta aholkularitzarekin egin ahal izango da, sozietateko edo enpresako administrazio-, kudeaketa- eta gobernu-organoen lankidetzarekin, hainbat mailatan; eta datu hauek jaso beharko dira:
Enpresaren edo lantokiaren ezaugarriak: jarduerak, tamaina, kapitalaren egitura, langileen profila, enpresariaren edo gizarte-kapitalean parte hartzen dutenen arteko lotura familiarra, eta, bereziki, enpresaren egoera eta bideragarritasun ekonomikoa.
Partaidetzaren aurrekariak: enpresako partaidetza-giroaren egungo egoera eta aurreko esperientziekiko harremana.
Partaidetza-proposamena: garatu beharreko jarduerak eta ezarri beharreko mekanismoak, bereziki aipatuta jarraituko den ibilbidea (kudeaketan parte hartzetik hasita aurrera egin beharko da erabakietan eta emaitzetan parte hartzeko, azkenean enpresako partaidetza ekonomikoa ahalbidetuz).
2.1.e) oinarriko aholkularitza-entitateek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
Goi-mailako titulazioa duen pertsona bat izatea gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako lantokietan, esperientzia egiaztatua duena partaidetzarekin lotutako arloan (partaidetza hori langileek enpresetan dutena edo, bazkideek kooperatibetan edo lan-sozietateetan dutena izan ahalko da).
Lanaren ardura duen aholkulariak aholkularitza-enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia duela egiaztatu beharko du.
oinarria. Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz laguntzeko moduko gastutzat joko dira diruz laguntzen den jardueraren izaerari erantzuten diotenak zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak eta agindu honen urtean egiten direnak. Eskaeran aurkeztutako aurrekontu-plangintza egiaztatzeaz Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza arduratuko da, aurkeztutako jardueretara egokitzen ote den zehazte aldera.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauek izan ahalko dira:
Barruko gastuak: enpresa edo entitate onuraduneko langile propioen gastuak, baldin eta esku-hartzaileek diruz lagundutako jarduerak garatzen zuzenean parte hartzen dutela eta horretarako trebakuntza dutela egiaztatzen bada. Kasu horretan, barruko langileen ordainsariak egotzi ahalko dira, onartutako jardueran aritutako denboraren proportzioan.
Kanpoko gastuak: aurkeztutako ekintzak gauzatzeko behar diren zerbitzuetarako, aholkularitzarako eta bestelakoetarako kontratazio-gastuak diruz lagundu ahal izango dira.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen erosketa-kostuak ezingo du inoiz gainditu merkatuko balioa.
Dirulaguntza arautzen duten oinarrietan zehazten den justifikazio-aldia bukatu aurretik egiaz ordaindutakoa joko da egindako gastutzat.
Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira, baldin eta dirulaguntzaren entitate onuradunak benetan ordaintzen baditu eta dirulaguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia badute. Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura daitezkeen zeharkako zergei dagozkienak.
Zeharkako kostuei dagokienez, eskuarki onartutako kontabilitate-arau eta -printzipioen arabera arrazoizkoa den zatia egotziko dio diruz lagundutako jarduerari onuradunak, eta, betiere, kostu horiek jarduera benetan egiten den aldiari dagozkion neurrian. Diruz lagunduko jarduerari zeharkako kostuak egoztean, ezingo da diruz lagundutako jardueraren % 5a gainditu.
oinarria. Baliabide ekonomikoak, esleitzeko prozedura eta dirulaguntzaren muga.
Agindu honen helburura bideratuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa hauxe da: ehun eta hirurogeita hemezortzi mila zazpiehun eta laurogeita hamabost euro (178.795). Horietatik, ehun eta hogeita zortzi mila zazpiehun eta laurogeita hamabost euro (128.795) gizarte-erantzukizuneko eta partaidetzapeko (de minimis) partidari dagozkio eta berrogeita hamar mila euro (50.000) gizarte-erantzukizuneko eta parte hartzeko (de minimis ez direnak) partidari.
Laguntzak esleitzeko, lehiaketarik gabeko norgehiagoka-prozedura erabiliko da. Prozedura horretan, eskabide guztiek izango dute aukera deialdiaren xede diren laguntzak jasotzeko, garaiz eta behar bezala formulatzen badira eta betekizun objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute. Horretarako, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatzeko, 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko muga portzentual eta kuantitatiboak hartuko dira kontuan.
Zenbateko horiei dagozkien dirulaguntzak esleituko dira, baldin eta oinarri honetako 1. apartatuan adierazitako zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada aurreko apartatuan adierazitakoaren arabera hasiera batean kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko.
Azkenean ez badago baliabide ekonomikorik 6. oinarrian aurreikusitako onuradun orori dagokion zenbatekoa emateko, dirulaguntzak zenbateko baliokideen arabera esleituko dira. Hala ez bada, kalkulatutako zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, harik eta zuzkidura hori nahikoa izan arte eskabide guztiei aurre egiteko.
oinarria. Entitate onuradunak.
Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten entitateek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
2.1.a), c) eta d) oinarriko jardueretarako: Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluaren 1. atalean jasotako sozietate kooperatiboak eta lan-sozietateak.
2.1.b) oinarriko jardueretarako: Unibertsitateak, enpresa-elkarteak (Gizarte Ekonomiaren martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluan, 1. apartatuan bildutakoak) eta enpresen gizarte-erantzukizunean edo kudeaketa aurreratuan adituak diren entitateak.
2.1.e) oinarriko jardueretarako: enpresa txiki eta ertainak, baldin eta horien lantokia EAEn badago eta beren jarduera batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badute.
oinarria. Dirulaguntzen zenbatekoa.
Ematen diren dirulaguntzek ezingo dute gainditu 4. oinarrian ezartzen den gehieneko zenbateko osoa.
Diruz lagundu daitezkeen jarduketa bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa jardueraren kostuaren % 75 izango da, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako eta baliozkotutako aurrekontuaren arabera, honako muga hauek betez:
Diruz lagundu daitezkeen 2.1.a) oinarriko jarduketetarako: hiru mila (3.000) euroko muga entitate onuradun bakoitzeko.
Diruz lagundu daitezkeen 2.1.b) oinarriko jarduketetarako: hamabi mila (12.000) euroko muga entitate onuradun bakoitzeko.
Diruz lagundu daitezkeen 2.1.c) eta 2.1.e) oinarriko jarduketetarako: hamar mila (10.000) euroko muga entitate onuradun bakoitzeko.
Diruz lagundu daitezkeen 2.1.d) oinarriko jarduketetarako: bi mila (2.000) euroko muga entitate onuradun bakoitzeko. Hamabost langile baino gehiago dituzten enpresetan muga lau mila (4.000) eurokoa izango da.
oinarria. Onuradun izateko betekizunak.
Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradun izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte entitate eskatzaileek:
Egiaztatzea egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Hori guztia, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (agindu hori EAEko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
Ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, edo horretarako ezgaitzen duen debekurik.
Ez izatea ezarrita zehapen administratibo edo penalik, sexuan oinarritutako diskriminazioa egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik.
Beste edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu direla eta, hala badagokio, eskuratu direla jakinaraztea.
Hala badagokio, agindu honetan ezarritako laguntza eman baino hiru urte lehenagoko aldian eskuratu diren de minimis laguntzen berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Baterako eskabideak badira, enpresa edo entitate bakoitzak berari dagokion egoerari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.
Berdintasun-plan bat izatea indarrean, Estatuko araudiaren arabera nahitaezkoa bada. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa adieraztea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Ez egotea laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Ez izatea krisialdian den enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (EBAO, 2014/C 249/01).
Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako egoeretako batean.
Desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota betetzea, edo, bestela, egiaztatzea jarri direla abian neurri alternatiboak hori bete dadin.
Aurreko apartatuko betekizunak bete behar dira, bai onuradun izateko, bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko. Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izateko betekizunak bi unetan egiaztatuko dira: dirulaguntza ematea erabakitzen denean eta ordainketak egiten direnean.
Pertsonek edo entitateek telematikoki justifikatuko dute oinarri honetako 1. apartatuan zehaztutako baldintzak betetzen dituztela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera.
oinarria. Eskabideak aurkeztea.
Bitarteko elektronikoen bidez soilik aurkeztuko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo oinarrian eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Hortaz, eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/1011810
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Deialdian jasotako izapide elektronikoei buruzko zehaztasunak helbide elektroniko honetan ere ikusi ahalko dira: https://www.euskadi.eus/servicios/1011810
Eskabidearen ondorengo izapideak (jakinarazpenak barne) bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta
Entitate interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektrikoan onartutako sinadura elektronikoa eta ziurtagiria eduki beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak egiteko. Helbide honetan eskuratu daitezke onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, EAEko Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu behar da ordezkaritza, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, gizarte-ekonomian eskumena duen zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, salbu eta eskatzaileak berariaz horren aurka egiten badu; horrelakoetan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko agiriak.
oinarria. Nahitaezko dokumentazioa.
Agindu honetan araututako laguntzak eskuratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
Aurreikusitako jarduerak bultzatzeko arrazoien eta helburuen memoria zehatza. Memoria horrek honako hauek jaso behar ditu, nahitaez:
Erabili beharreko giza baliabideak eta baliabide materialak.
Aurkeztutako proiektuko partiden aurrekontu banakatua eta zehatza, aurreikusitako diru-sarreren zerrenda eta gastuak finantzatzeko plana adierazita.
Diruz lagundu daitekeen jardueraren garapen-egutegi deskribatzailea.
Alderdi hauek egiaztatuko dituen erantzukizunpeko adierazpena:
Aitortu ditu administrazio publikoetatik edo entitate pribatuetatik xede edo helburu bererako eskatu edo jaso dituen laguntzak.
Ez du ezarrita zigor penal edo administratiborik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten dionik.
Ez du dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik, sexu-diskriminaziogatiko debekuak berariaz aipatuta.
Konpromisoa hartzen du enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Entitate eskatzaileak konpromisoa hartzen du agindu honetan ezarritako dirulaguntzaren xede den jarduerarako gainfinantzaziorik ez izateko.
Agindu honen xede den laguntza eman baino hiru urte lehenago de minimis araubidearen pean, eskatu edota jaso dituen laguntzak aitortu ditu.
Entitate eskatzaileak indarrean dauka berdintasun-plana, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Betekizun hori ofizioz egiaztatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Hitzarmenen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan kontsultatuta. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak ditu, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
Ez dago laguntzak berreskuratzeko aginduren baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Ez da krisian dagoen enpresa, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europako Erkidegoko zuzentarauen arabera (EBAO 2014/C 249/01).
Bete du desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu du hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
Bete egiten ditu indarrean dauden legeetan ezarritako betebeharrak.
Egiazkoak eta osoak dira eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentuak, eta bere gain hartzen du haien egiazkotasunari buruzko erantzukizuna.
Enpresa-ziurtagiria, eskaera egiten den unean zenbat langile dauden adierazten duena.
Diruz lagundu daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikietarako ezarritako kopuruak eta betiere horrek hirugarrenekin kontratatzea eragiten badu, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, gutxienez, obra egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta obra, zerbitzu edo ondasun horien ezaugarri bereziengatik merkatuan ez badago halakorik egin, eman edo hornitzeko entitate nahikorik edota dirulaguntza eman aurretik egiten bada gastua.
Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen, gehienez ere hamabost eguneko epean, eskatzaileei eskatuko zaie aurkez ditzatela 9.1.b) oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpenean adierazitako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak, baldin eta betekizun horiek positiboki egiaztatzea posible bada.
oinarria. Eskabideko akatsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabideak ez badaude osorik beteta edo ez badira nahitaezko dokumentazioarekin batera aurkezten, entitate eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin duela. Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
Entitateren batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi badu, bide elektronikoz aurkeztu beharra dagoela adieraziko zaio. Halakoetan, eskabidea telematikoki aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
oinarria. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein administraziok edo ente publikok arrazoi eta xede bererako ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu osoa, ezta Agindu honen 6. oinarrian aurreikusitako gehieneko zenbatekoak ere.
Baldin eta agindu honetako laguntzekin batera entitate onuradunak helburu eta xede bererako beste laguntzaren bat jasotzen badu beste administrazio edo ente publiko batzuetatik, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela deklaratuko da, eta murriztu egingo da Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.
oinarria. Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak izango du agindu honetan jasotako laguntzak kudeatzeko eskumena.
Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak proposatuta (organo kudeatzailea den aldetik) ebazpen bakarra egin eta jakinaraziko du prozedura ebazteko eta, emandako eta ukatutako laguntzak adosteko. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
Ebazpenean, entitate eskatzailea edo dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasotzeaz gain, hala badagokio, berariaz adieraziko dira xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua, dirulaguntzaren oinarri hauetan eskatutako gainerako baldintzak eta betekizunak, bai eta gainerako eskabideen ezespena ere.
Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa entitate interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarri honen 2. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.
Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak; nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
oinarria. Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
Dirulaguntzak zatika ordainduko dira: % 60ra arte 2026ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, 14.a) oinarrian adierazitako epea igaro ondoren dirulaguntzari uko egin ez bazaio; gainerako % 40ra arte, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak diruz lagundutako jarduerek eragindako gastu guztiak justifikatu direla egiaztatu ondoren.
Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu beharko du entitate onuradunak, eta kontu horrek informazio hau bilduko du:
Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.
Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, zenbatekoa adierazita, hartzekoduna identifikatuta eta benetako ordainketaren data zehaztuta.
b letran jasotako gastuak justifikatzeko dokumentazioa, benetan ordaindutako kostu errealei dagozkienak eta ordaindutako faktura originalen edo konpultsatuen bidez egiaztatuko direnak, edo froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuen bidez, merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.
Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda, halakorik bada. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.
Hala badagokio, proiektua gauzatu den hilabeteei dagozkien Gizarte Segurantzako LZI eta KLO ereduen kopia, jardueran parte hartu duten langileak KLO ereduan identifikatuz. Enpresaren edo entitatearen legezko ordezkariaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, partaideek diruz lagundutako proiektuan duten partaidetzaren portzentajeari buruz.
Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, bai eta haien ondoriozko interesak ere.
Diruz lagundutako jardueren publizitaterik eginez gero, publizitate horretan Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren finantzaketa agerian adierazi dela justifikatzen duten agiriak.
Ziurtagiriak, jasangarritasun-memoriak, partaidetza-planak edo jarduera egin izana justifikatzen duen beste edozein dokumentu.
Adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnetik aurrera, eta, betiere, 2026ko abenduaren 15a baino lehen.
Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, pertsona edo entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon behar du. Pertsona ez badago erregistratuta, edo Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenarenalta
Ez da inolako ordainketarik egingo entitate onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak edo itzulketa-ebazpen baten bidez erabakitzen bada zorduna dela.
oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:
Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso duen egunetik hasita hamabost (15) eguneko epean, onartu egin duela joko da.
Dirulaguntza zertarako jaso duen, horretarako erabiltzea.
Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan «hirugarrenen datuen alta/aldaketa» egitea, emandako laguntza ordaindu ahal izateko, helbide honetan: https://www.euskadi.net/hirugarrenak
Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren aurrean betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren egiaztatze-jarduketei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei men egitea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako jarduerei eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei men egitea ere.
Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso badira xede bererako, horren berri ematea Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea idatziz Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari. Aldaketak egon direla jakin bezain laster eman beharko dute horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
Egiaztatzea egunean ordainduta dituztela bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egiteko behar badira ere.
Hala badagokio, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotako zenbatekoa itzultzea.
Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
Berdintasun-plana indarrean edukitzea, Estatuko araudiaren arabera horretara behartuta egonez gero. Era berean, 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta eragozteko neurriak izatea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
Dirulaguntza jaso duten programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasun-legerian ezarritako baldintzetan.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
oinarria. Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 16.4 artikuluan ezartzen duenez, oinarri erregulatzaileetan baimendutako kasuetatik aparte beste ekarpen batzuk ere izaten badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.
oinarria. Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
Entitate onuradunak agindu honetan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak horretarako irekitako espedientea izapidetu eta entitate interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren, eta jasotako zenbatekoak (osorik edo partzialki) eta dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio bi hilabeteko epean.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez-betetzeen maila zehazteko, eta beti proportzionaltasun-printzipioa betez, entitate onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren % 60 gutxienez exekutatzen duenean, exekutatu gabeko jarduketari dagokion zenbatekoa itzuli beharko du edo, hala badagokio, ordainketa partziala egingo zaio eta galdu egingo du gauzatu ez duen jarduketari dagokion zati proportzionala kobratzeko eskubidea, betiere proiektuaren edo proiektuko fasearen helburuen betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetze-mailara eta entitate onuradunak egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta egon dela zalantzarik gabe.
Administrazioko arau-hausteen kasuetan, dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboen araubidea aplikatuko da, zeina Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen IV. tituluan arautzen baita.
oinarria. Dirulaguntza itzultzeko prozedura.
Aurreko oinarrian aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta prozedura hori zergatik hasi den jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiako zuzendariak entitate onuradunari, eta hamabost eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.
Alegazioak jasotakoan, edo epea igaro eta alegaziorik jaso ez bada ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak ebazpena emango du, eta horren bitartez xedatuko du, hala badagokio, EAEko Diruzaintza Nagusiari zenbat itzuli behar zaion; horretarako epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik. Epe hori borondatez ordaintzeko epetzat joko da.
Dirulaguntza itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
Dirua borondatezko epean itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituta.
oinarria. Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.
Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke: https://www.euskadi.eus/rgpd/1011810
oinarria. De minimis laguntzak.
Agindu honetan jasotako 2.1.a), 2.1.c), 2.1.d) eta 2.1.e) oinarrien babesean emandako laguntzek edo dirulaguntzek hau bete beharko dute: Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L, 2023-12-15ekoa).
Laguntzaren eskatzaileak aurreko hiru urteetan jaso dituen de minimis laguntzak deklaratu beharko ditu, ziurtatzeko de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen aipatu erregelamenduan ezarritako gehieneko muga.


