- 104/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan Administrazioko Taldeburu (Prestakuntza) lanpostu bat izendapen askez betetzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu104/2021 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuan Administrazioko Taldeburu (Prestakuntza) lanpostu bat izendapen askez betetzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 26
- Hurrenkera-zk.: 657
- Xedapen-zk.: 104
- Xedapen-data: 2021/01/14
- Argitaratze-data: 2021/02/05
Gaikako eremua
- Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Testu legala
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Administrazioko Taldeburu (Prestakuntza) lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Zuzendaritza Gerentzia honek, honako oinarrien arabera
OINARRIAK
Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta plaza jabetzan edukitzea dagokion lanbide-taldean C2/D2.
C/D taldeari dagokion titulazioaren jabe izatea.
Gutxieneko lan-esperientzia: 2 urte C2/D2 lanbide-taldean.
Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.
Kontuan hartuko diren merituak.
Ezagutza espezifikoak arlo hauetan:
SAP-Prestakuntza, Prestakuntzako Jakinsarearen Campusa.
learning ikasteko teknika berriak.
Informatika: Word, Excel, Access, PowerPoint.
Esperientzia:
Esperientzia izatea ezagutzaren kudeaketan.
Esperientzia izatea prestakuntza kudeatzeko informazio-sistemetan.
Taldean lan egiteko eta kudeatzeko gaitasuna.
Komunikaziorako, informazioaren transmisiorako eta kalitateko traturako gaitasunak.
Lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.
Euskararen ezagutza.
Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera baloratuko da.
Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara (Gurutzetako Plaza z.g., 48903 Barakaldo) aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea).
Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztietan bete eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko Langileen Zuzendaritzara (Gurutzetako Plaza 12 zk. 48903 Barakaldo) bidali beharko dute. Dokumentazioa honelakoa izan behar da:
NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
Kontuan hartzeko meritu guztien fotokopia konpultsatua.
Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi bezala egiaztatzea, baldin eta CV aplikazio informatiko korporatiboan jadanik egiaztatuta badaude, eta, beti ere, izangaiak bere eskabidean horrela adierazten badu.
Balorazio Batzordea.
Batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak baloratzeko, eta izangaiei horren berri emango zaie.
Batzordeak, eskabideak baloratu ondoren, eginbide osagarriak gauzatzea erabaki dezake, eta izangaiei horren berri emango die.
Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, dagokion izendapena egiteko proposamena aurkeztuko da. Lanpostua hutsik uztea proposa dezake epaimahaiak, betiere aurrez txosten arrazoitua eginez, baldin eta izangaiek betetzen ez badituzte bete beharreko baldintzak.
Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak eta gauzatutako eginbide osagarriak (halakorik balego) zerrendatuko dira, eta lanpostua beraietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.
Hautatzeko prozedura.
Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdia EHAAn argitaratzen den egunean eduki ez diren merituak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.
Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.
Hemen hasitako prozeduraren amaiera (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), Osakidetzako Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIko zuzendari gerentearen Ebazpenaren bitartez egingo da. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta era berean Osakidetzako intranetean eta web-orrian ere bai.
Ebazpen honek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Barakaldo, 2021eo urtarrilaren 14a.
Lanpostua hutsagatik, zuzendari gerentearen urtarrilaren 1eko 3/2015 Ebazpen bidez.
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari medikoa,
EDURNE OMAETXEBARRIA LEGARRA.


