Euskadi.eus
  • EBAZPENA, 2026ko urriaren 1ekoa, Kulturako sailburuordearena, 2026ko ekitaldian ikus-entzunezko produkziorako dirulaguntzak emateko deialdia egin eta arautzen duen Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko apirilaren 22ko Aginduan finkatzen den gehieneko zenbateko orokorra aldatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2026ko urriaren 1ekoa, Kulturako sailburuordearena, 2026ko ekitaldian ikus-entzunezko produkziorako dirulaguntzak emateko deialdia egin eta arautzen duen Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko apirilaren 22ko Aginduan finkatzen den gehieneko zenbateko orokorra aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 195
  • Hurrenkera-zk.: 4225
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2026/10/01
  • Argitaratze-data: 2026/10/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu
  1. Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko apirilaren 22ko Aginduak ikus-entzunezko produkziorako dirulaguntzak emateko deialdia egin eta arautu zuen, eta, aginduaren 1.2 artikuluaren arabera, dirulaguntza horietarako gehieneko zuzkidura zortzi milioi zortziehun eta hogeita zortzi mila (8.828.000,00) euro izango zela finkatu zen.

  2. Aipaturiko aginduaren xedapen gehigarrian honako aukera hau aurreikusi zen:

    Deialdi honen 1.2 artikuluan dirulaguntzetarako aurreikusten den gehieneko zenbateko osoa handitu ahal izango da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA), zeina Kultura eta Kirol Ministerioaren mendeko organismo autonomoa baita, urtean behin transferitu dezakeen zenbatekoa gehituta eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatzean agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, betiere dirulaguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.

  3. Datozen asteetan, Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 36. artikuluan ezarritako betebeharrari eraginkortasuna emate aldera (artikulu hori gaztelania ez diren hizkuntza koofizialetan egindako zinematografia eta ikus-entzunezkoak sustatzekoa da), hitzarmen bat sinatuko da Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko eta Kultura eta Sormen Industrietako Zuzendaritzaren artean, zeina Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari izango baita. Hitzarmen horren helburua zuzeneko dirulaguntza bat bideratzea da, 2026an gaztelania ez den hizkuntza koofizialean egindako zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa, erakusketa eta sustapena sustatzeko.

  4. Une honetan, dirulaguntzen deia egiten duen aginduaren xedapen gehigarrian aurreikusten den moduan, badago aurrekontua, hitzarmenari esker.

    Ondorioz, hau

Lehenengoa. Milioi bat bederatziehun eta hirurogeita hamabi mila laurehun eta hemeretzi euro eta hogeita hiru zentimo (1.972.419,23) gehitzea Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko apirilaren 22ko Aginduan ezarritako gehieneko zenbateko osoari (agindu horren bidez, ikus-entzunezko produkziorako dirulaguntzak emateko 2026ko deialdia egin eta arautu zen). Gehikuntza hori jatorrizko bertsioa euskaraz duten proiektuetarako izango da. Beraz, ikus-entzunezko produkziorako aginduaren 1.2 artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbateko osoa hamar milioi zortziehun mila laurehun eta hemeretzi euro eta hogeita hiru zentimo (10.800.419,23) izango da.

Bigarrena. 2026ko apirilaren 22ko Aginduaren II. kapituluan aurreikusitako film luzeen modalitateak milioi bat eta zortziehun mila (1.800.000,00) euro egingo du gora, eta, beraz, agindu horren 19.1 artikuluan aurreikusitako bost milioi eta laurehun mila (5.400.000,00) eurotik zazpi milioi eta berrehun mila (7.200.000,00) eurora igaroko da.

Hirugarrena. 2026ko apirilaren 22ko Aginduaren III. kapituluan aurreikusitako film laburren modalitateari ehun eta hirurogeita hamabi mila laurehun eta hemeretzi euro eta hogeita hiru zentimo (172.419,23) gehituko zaizkio, eta, beraz, agindu horren 32.1 artikuluan aurreikusitako laurehun eta hogeita zortzi mila (428.000,00) eurotik seiehun mila laurehun eta hemeretzi euro eta hogeita hiru zentimora (600.419,23) igaroko da.

Laugarrena. Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urriaren 1a.

Kulturako sailburuordea,

ANDONI ITURBE AMOREBIETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik