- AKORDIOA, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren artekoa, borondatezko epean ordaindu ez diren erakunde horren zuzenbide publikoko diru-sarrerak diru-bilketa exekutiboan kobratzeko kudeaketa-gomendio materiala egiteko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAKORDIOA, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren artekoa, borondatezko epean ordaindu ez diren erakunde horren zuzenbide publikoko diru-sarrerak diru-bilketa exekutiboan kobratzeko kudeaketa-gomendio materiala egiteko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 235
- Hurrenkera-zk.: 6472
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/11/09
- Argitaratze-data: 2009/12/07
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ogasun; Herri Administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Alde batetik, Carlos Aguirre Arana jauna, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua.
Beste aldetik, Iñaki Vicuña de Nicolás jauna, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria den heinean.
ADIERAZI DUTE
Lehenengoa. Datuak Babesteko Euskal Bulegoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraikiz, zuzenbide pribatuko ente publikoa da; berezko nortasun juridikoa eta gaitasun publiko eta pribatu osoa ditu, eta bere jardunak betetzeko administrazio publikoekiko erabateko independentziaz dihardu.
Bigarrena. Administrazioaren ahalak gauzatu behar dituenean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea bete behar du. Bere jardueraren gainerako guztian, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoaren mende egongo da. Ondarerik eskuratzeko edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa betetzen du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, eta haren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko ondarekoak dira.
Hirugarrena. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ez du diru-bilketa kudeatzeko adina baliabide, eta, beraz, ezin ditu premiamendu-bidezko zehapenak Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen III. Tituluan aurreikusitakoak premiamendu-bidez kobratu.
Laugarrena. Ekonomia eta Ogasun Sailak, Finantza Zuzendaritzaren bidez, epealdi exekutiboan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko sarreretako diru-bilketa kudeatzeko funtzioa du, beste eginkizun batzuen artean, ahalmen hori aitortzen baitzaio bai 212/1998 Dekretuaren 5.1.c) artikuluan bai Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura eta egitekoak ezartzen dituen urriaren 20ko 568/2009 Dekretuaren 14. artikuluan.
Bosgarrena. Ekonomia eta Ogasun sailak behar adina baliabide eta bitarteko dauka, Administrazioari dagokion eraginkortasunez, arintasunez eta arrazionaltasunez asetzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren beharkizunak, arestian aipatutakoak. Sail honek, batetik, derrigorrezko bilketan laguntzeko erakunde-sare bat du, eta, bestetik, «Aoksi» («Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integrala») deritzon informatika-sistema martxan ipini da, epealdi exekutiboan sarrerak automatikoki erregistratu eta kobratzeko. Horregatik guztiagatik, komenigarria da Ekonomia eta Ogasun Sailari eskatzea akordio honetan adierazitako eskubide publikoen sarrerak epealdi exekutiboan biltzeko kudeaketaz arduratu dadin.
Seigarrena. Kudeaketa-gomendio honetarako eskumena oro har aitorturik ageri da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan, non honako hau adierazten den: «1. Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago». Artikulu berean jasotzen da zein diren jarduera horiek derrigorrez bete behar dituzten baldintzak eta beroien artean azpimarragarriak dira jarduera horien eduki materiala, akordio horiek balio izateko baldintzak ezartzeko askatasuna eta kudeaketa-gomendiorako akordioa berariazkoa izateko betebeharra. Halaber adierazten da horren indarraldia ezarri behar dela baita dagokion agintaritzaren aldizkarian argitaratu ere.
Zazpigarrena. Aurreko guztiagatik, batzartu direnek duten izaeraz eta ahalmenez baliaturik kudeaketa-gomendiorako akordio hau izenpetzen dute. Akordioak ditu honako
KLAUSULAK
Lehenengoa. Akordioaren helburua.
Akordio honen helburua da Ekonomia eta Ogasun Sailaren aldeko kudeaketa-gomendio bat eratzea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan ezarritakoari jarraituz; izan ere, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa delakoak baliabide egokirik ez du zeregin hori betetzeko. Kudeaketa-gomendio horren arabera, sail horrek, hala dagokionean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen 40.4 artikuluan aipatzen dituen erakunde publiko edo pribatuen laguntzaz, tributuen nahiz zehapenen kudeaketa materiala egingo du ur arloari dagokionez.
Bigarrena. Alde guztien betebeharrak.
Gomendioaren xedeko kudeaketa materiala jarduera batzuetan zehaztuko da. Jarduera horiek baita horien nondik norakoak jarraian adierazitako hauek dira:
Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egitekoak:
Kasuan kasuko premiamenduzko probidentziak jaulki eta horien kontra ipinitako berraztertze-errekurtsoak ebatziko ditu; orobat, kontra egin zaien jarduerak eteteko eskaerak ebatziko ditu, eta horren berri emango dio Finantza Zuzendaritzari.
Premiamendu-probidentzien kopia bidaliko du Finantza Zuzendaritzara, horietako zordunen zerrendarekin batera.
Kreditu kobraezinen adierazpena hitzartuko du, Dirubilketaren Erregelamenduaren 67. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Behar ez bezala kobratutako zenbatekoak itzuliko ditu, halakorik badago.
Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitekoak:
Posta Zerbitzuaren bitartez zordunei jakinaraziko dizkie Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren organo eskudunak jaulkitako premiamenduzko probidentziak eta horrez gain, alferrik izan daitezen jakinarazpenak agertze bidez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko ditu.
Premiamendu-prozedurako jarduerak, bahiturei eta gainerako izapide materialei dagozkienak, egingo ditu:
Baldin eta horiek bahiturarik jasaterik badute zordunen ondasun, kreditu eta eskubideei buruz beste administrazio, finantza erakunde eta erregistro publiko batzuei eskatuko die informazioa.
Hala badagokio, zorrak kobratzeko beharrezko eginbideak jaulki eta jakinaraziko ditu, baita horien aurka ipinitako berraztertze-errekurtsoak ebatzi ere.
Dirubilketaren Erregelamenduaren 62. artikuluari jarraituz, bermeak gauzatuko ditu.
Epealdi exekutiboan geroratzeko eta zatitzeko eskabideei buruzko ebazpenen berri emango dio Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariari.
Premiamendu bidean bildu diren zorren berandutza-korrituak kitatuko ditu.
Kreditu kobraezinak adieraztea eta birgaitzea proposatuko ditu.
Zorren dirubilketa exekutiboa egiteko beharrezkoa den edozein.
Hirugarrena. Prozedura.
Diru-sarrerak borondatezko epean egiteko epeak agortuta zorrak ordaindu ez badira, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariak dagokion premiamendu-probidentzia jaulkiko du Dirubilketaren Erregelamenduaren 61. artikuluan ezarritakoari jarraituz, eta probidentziak, gutxienez, aipaturiko erregelamenduaren 61.4 artikuluan zehaztutako datuak bilduko ditu.
Aoksi delakoaren bidez, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak borondatezko epean ordaindu ez diren zorren zerrenda bidaliko du «borondatezko aldian ordaindu gabeko zehapenak» izeneko kontzeptuengatik, baita borondatezko epean ordaindu ez diren zehapenengatik ere, eta horiek onartu aurretik Finantza Zuzendaritzaren zerbitzuek bidalketaren edukia baliozkotuko dute. Halaber, beste zio batzuk bitarteko, Dirubilketa Erregelamendu Orokorrean eskatutako datuak ez dauzkaten zorrak ukatuko dira, baita preskribaturikoak eta gomendioaz kanpoko beste eremukoak direnak ere.
Ekonomia eta Ogasun Sailak, Finantza Zuzendaritzaren bidez, zor horiek biltzeko prozedura bide exekutiboan izapidetuko du Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamendua onartzen duen 212/1998 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.
Zor horien bilketa-kudeaketa amaitu ondoren, bildutako zenbatekoa Datuak Babesteko Euskal Agentziaren kontu batera transferituko da hilero.
Laugarrena. Eskumenen titulartasuna.
Kudeaketa-gomendioak berez ez dakar ez eskumenen titulartasuna lagatzerik ezta horiek egikaritzeko elementu sustantiboak lagatzerik ere.
Bosgarrena. Indarraldia.
Kudeaketa-gomendioak indarra izango du akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2009ko abenduaren 31ra arte. Alderdiek kontrakorik esaten ez duten bitartean, akordioa automatikoki luzatuko da urtez urte.
Dokumentu honen edukiari buruz bi alderdiak elkarrekin ados daudenez, goian adierazitako lekuan eta egunean sinatzen da, bi aletan, hala jasota gera dadin.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 9a.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria,
IÑAKI VICUÑA DE NICOLÁS.


