- ERABAKIA, 2007ko maiatzaren 7koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Entitate Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, osasun-arloan eta irakaskuntzan zerbitzuak ¿ordaindu behar dituzten hirugarrenei¿ ematearen ondoriozko tarifak, 2010eko ekitaldikoak, o - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2007ko maiatzaren 7koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Entitate Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, osasun-arloan eta irakaskuntzan zerbitzuak ¿ordaindu behar dituzten hirugarrenei¿ ematearen ondoriozko tarifak, 2010eko ekitaldikoak, onartzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua; Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 7
- Hurrenkera-zk.: 98
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/11/25
- Argitaratze-data: 2010/01/13
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Sailak; Ekonomia
Testu legala
Entitate Publikoko zerbitzu-erakundeek egun badituzte tarifa batzuk, eta, hain zuzen ere, osasuneko zerbitzu-erakunde horien bidez osasun-arloan edo irakaskuntzan zerbitzuak emandakoan, tarifa horiek erabiltzen dituzte hirugarrenei zerbait kobratu beharra dagoenean; baina, ikusi da beharrezkoa dela tarifa horiek eguneratzea.
Ildo horretatik, gogoratu behar da Osakidetza Entitate Publikoaren estatutu sozialetan eskumen-multzoa ematen zaiola erakunde zentralari (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua); horien artean, irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikulua, 4.e idatz-zatia).
Osakidetza Entitate Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak proposamena aurkeztu du tarifak handitu daitezen; proposamen hori ikusita, eta Administrazio Kontseilu honek dituen eskumenak erabilita (Osasun-arloa antolatzeko 8/1997 Legearen 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak), erabaki hau hartu da:
ERABAKIA:
Lehenengoa. Hirugarrenei emandako zerbitzuak direla-eta Osakidetza Ente Publikoan aplika daitezkeen zenbatekoak onartzea, betiere hirugarrenek ordaindu behar badituzte zenbatekook; guztiarekin ere, kontzeptu ezberdinei dagokienez, erabaki honetan ezarritako ildoekin bat etorriaz.
Erabakia eragingarria eta jendearentzat jakina izan dadin, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da eta ordaindu beharra dutenentzat eskuragarri jarri.
Bigarrena. Honako hauek izango dute tarifak ordaindu beharra: irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztutako egoeretarik edozeinetan dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek (1030/2006 Errege Dekretua, Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezarri zuena; 2006ko irailaren 16ko BOE); kontuan hartu behar da emandako zerbitzua fakturatutakoan orduantxe sorraraziko direla tarifak.
Tarifa hauek ondokoei ere aplika dakizkieke: EBeko herrialdeak, Europako Ekonomia Esparrua eta Suitzako aseguratu edo onuradunei, baldin eta egoitza Espainian ez badute; halaber, aplika dakizkieke: gizarte segurantzaren arloan, Espainiarekin bitariko itunak sinaturik dituzten herrialdeetako aseguratu eta onuradunei.
Hirugarrena. Osasun-erakunde publikoko zuzendari nagusiaren eginkizuna izango da egin beharreko jardun guztiak egitea, hauek betetzerarren: aurkeztutako egituraren osagarri gisa, prestazio berriak sartu behar ditu zerbitzu-zorroan, eta medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zeintzuk diren jakinarazi behar du, prozedura horien osagaiak eta zatiak zehaztuta, eta horiek dakartzaten gastuak xehekatuta; prozedura horietatik kanpo dauden diagnosi eta tratamenduko aparteko probak zeintzuk diren ere zehaztu behar du.
Laugarrena. Entitate Publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarren batzuekin hitzarmenak edo akordio partikularrak egin ditzan, erabaki honetan jasotako zerbitzuak emateko. Prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira ondorengo baldintzen arabera:
Beharrezkoa da Osasun Sailaren eskaera guztiak bete ondoren bestelako zerbitzuak eskaintzeko modua egotea.
Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez dutenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.
Entitate Publikoaren interesa justifikatu behar da, irizpide objektiboak erabilita.
Bezeroen berariazko ezaugarriak (instituzio publikoak, gizarte-erakundeak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak).
Ekoiztu beharrekoaz gain, gehiagotarako gaitasuna ematen duten aparteko egoerak.
Negozio-bolumena.
Puntu honetan adierazitako hitzarmenak edo berariazko erabakiak, betiere, aipatu puntuak aztertzen dituen justifikatze-memoriarekin batera proposatuko dira eta zuzendari nagusiak sinatu beharko ditu, baldin eta ente publikoaren erakundeak zerbitzu-erakunde batekin baino gehiagorekin lotzen baditu.
Hitzarmena edo berariazko erabakia, dakarren lotura esklusiboa denean, dagokion erakundeak berak sinatuko du; dena dela, Entitate Publikoaren erakunde zentralak baimena eman behar du aldez aurretik, estrategia-planarekiko koherentzia eta egokitasuna lortzeko beharrezko diren baldintzak bermatuta egon daitezen. Zuzendari nagusiak eman beharreko jarraibideak eman ditzake, erabaki hau eragingarria izan dadin.
Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira behar izanez gero, hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, baina puntu honetan gorago xedatutakoa betez gero.
Bosgarrena. Entitate Publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio talde jakin eta zehatz batzuen inguruan hitzarmen bereziak sina ditzan; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero hainbesteko kopuru jakin bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.
Seigarrena. Osasun-erakunde publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio, erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretarako, arrazoitutako ebazpen bidez, behin-behineko tarifak ezar ditzan, betiere, baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu; tarifa horiek Administrazio Kontseiluak ere begiratu behar ditu, eta, bi hilabeteko epean gehienez ere, berretsi.
Zazpigarrena. Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza Entitate Publikoko zerbitzu sanitarioetako erakunde guztietan interesdunen eskura jarri behar da entitate publikoaren tarifa-liburua osasun-zerbitzuak hartzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei eskatu behar zaizkien tarifena, alegia. Aplikatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 25a.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.


