- ERABAKIA, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2011ko ekainaren 21eko bileran hartua. Honen bidez, Laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egiten da ekitaldi honetarako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuERABAKIA, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2011ko ekainaren 21eko bileran hartua. Honen bidez, Laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia egiten da ekitaldi honetarako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 134
- Hurrenkera-zk.: 3570
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/06/21
- Argitaratze-data: 2011/07/14
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa; Ekonomia
Testu legala
2009ko maiatzaren 4ko Aginduak, 2009ko maiatzaren 26ko 98. EHAAn argitaratu zenak, laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak arautzen ditu. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sortu zituen laguntza horiek, era horretako enpresei beren ezaugarri berezietara eta beren premietara egokitutako laguntza formulak emateko. Agindu horren esparruan, batetik, erakunde sustatzaileei zuzendutako diru laguntzak aurreikusten dira, laneratzeko enpresak sortzeko; eta, bestetik, laneratzeko enpresei zuzendutako diru laguntzak, enpresa horiek mantentzeko.
2009ko maiatzaren 4ko Agindu horren 17. artikuluak ezartzen duenez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak aginduan aurreikusita dauden laguntza lerroen deialdia egingo du urtero, eta, deialdian, dagokion aurrekontu zuzkidura eta eskaerak aurkezteko epea adieraziko ditu. Lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu, eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatzen ditu), gizarteratzea sustatzearen gaia Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxiki zitzaion.
EAEko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zuen, honako helburu hau aintzat hartuta: enplegu egonkor eta kalitatezkoa izateko eskubidearen garapen osoari laguntzea, gizarte eta lurralde kohesioari lagunduko dion lan merkatuaren garapenaren alde lan egitea, enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu politiken kudeaketaren bidez.
Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioaren bidez (akordio hori azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren eta Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bidez onartu zen), Euskal Autonomia Erkidegoaren esku jarri zituzten lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide heziketaren esparruko lan legeria gauzatzeko funtzioak eta zerbitzuak.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak hartu zuen bere gain eskualdatutako funtzioen eta zerbitzuen kudeaketa, baita Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak enplegu politika aktiboen arloan betetzen zituen funtzioena ere, eta 2011ko urtarrilaren 1ean ekin zion bere jarduerari, abenduaren 28ko 354/2010 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, besteak beste, enplegu programen kudeaketari dagozkio funtzioak hartu zituen bere gain, diru laguntzen deialdiak onartzeari eta izapidetzeari dagozkionak barne, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuaren 9.c) artikuluan ezarritakoa betez.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan, jakitun gara euskal gizartean laneratzeko enpresek garrantzi handiko papera dutela; izan ere, gizarte desabantailako edo gizarte bazterkeriako egoeran dauden kolektiboak lan merkatuan sartzeko helburua aintzat hartuta, ondasunak edo zerbitzuak ekoizten dituzten egiturak dira, hartarako gizarte eta lan ohiturak lortzea errazten duten laguntzako, segimenduko eta gizarte laguntzako esku hartzez osatutako ibilbidea baliatzen dutenak. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu enpresa horien zereginaren alde egiten jarraitzea.
Erakunde publiko horrek bizi duen unea kontuan hartuta, alegia, bere jarduera hasi berria duela kontuan hartuta, eta 2011ko ekitaldi hau trantsizioko alditzat hartuta (azkenean, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu politikek eman dituzten programak baloratu ondoren, Euskal Enplegu Zerbitzuari zerbitzu eta tresna berriak hornituko zaizkio), laneratzeko enpresentzako laguntza 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen bitartez gauzatuko da ekitaldi honetan.
Hori guztia kontuan izanik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2011ko ekainaren 21eko bileran, honako erabaki hau hartu du, bertaratuek aho batez onartuta:
ERABAKIA
Deialdi honetako diru laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko enpleguko lurralde bulegoetan aurkeztu beharko dira, http://www.lanbide.net webgunean eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.
Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.
Laguntza horietarako eskaerak aurkezteko epea Erabaki hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2011ko urriaren 30ean amaituko da.
Deialdi honetako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa 9.872.252 euro da, eta zenbateko hori Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Ustiapen Aurrekontuan aurreikusita dago, honela banatua: 4.022.252 euro 2011ko ekitaldirako; 2.600.000 euro, etorkizuneko konpromisoetarako, 2012ko ekitaldirako; 2.400.000 euro, etorkizuneko konpromisoetarako, 2013ko ekitaldirako; eta 850.000 euro, etorkizuneko konpromisoetarako, 2014ko ekitaldirako.
2011ko ekitaldian emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko esleitutako zenbatekoa edo hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa, aurrekontu aldaketak onartuz gero. Aldaketa horiek eginez gero, aldaketa horiek publiko egingo dira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.
Laguntza horiek eskuratzeko eta emateko baldintzak 2009ko maiatzaren 4ko Agindu horretan aurreikusita daude.
Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaerak kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia horiek ebazteko eskuduna.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenak ez du administrazio bidea agortzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.
Erakunde onuradunak behartuta daude diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran funtsezko aldaketa eragiten duen edozein gertaera jakinaraztera, baita Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari jarduera horiei dagozkien egiaztatze, segimendu eta kontrol prozeduretan laguntzera ere.
Esanbidez adierazi beharko da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua babeslea dela, diruz lagundutako jarduera aditzera ematea, hedatzea, edo, hala badagokio, argitaratzea, dakarten diruz lagundutako jarduera guztietan.
Datu Pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan arautu diren laguntza eskaerak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi automatizatuetan sartuko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak.
Gainera, interesdunak legez aurreikusitako datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezeztatzeko, eta horien aurka egiteko eskubideez baliatu ahal izango dira, hori adierazteko idatzia bidaliz Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (José Atxotegi kalea 1, Vitoria Gasteiz).
Hirugarrena. Erabaki honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Era berean, horren ordez, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 21a.
Administrazio Kontseiluko presidentea,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
Administrazio Kontseiluko idazkaria,
Javier Ramos Salazar.


