Euskadi.eus
  • ERABAKIA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2011ko uztailaren 14ko bileran hartua. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan prestakuntza-premiak hautemateko azterlan eta analisiak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten da. Azterlan horiek, gainera, enpresa horietako langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzeko izango dira, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

ERABAKIA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2011ko uztailaren 14ko bileran hartua. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan prestakuntza-premiak hautemateko azterlan eta analisiak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten da. Azterlan horiek, gainera, enpresa horietako langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzeko izango dira, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 148
  • Hurrenkera-zk.: 3863
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/14
  • Argitaratze-data: 2011/08/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Ekonomia; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortu zuen zuzenbide pribatuko herri-erakunde gisa, bere Bigarren Xedapen Gehigarrian, honako helburu hauekin: enplegu egonkor eta kalitaterako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta gizarte-eta lurralde-kohesioari lagunduko dion lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan gomendatzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.

Transferentzien Batzorde Mistoak 2010eko urriaren 28ko bileran hartu zuen Erabakiaren bitartez (azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren eta Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bidez onartu zena), lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu ondoren, bere gain hartu zuen Lanbide-Enplegu Zerbitzuak eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuen zein Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta horri atxikitako Egailan, S.A. sozietate publikoak enplegu-politika aktiboen arloan garatzen zituzten eginkizunen kudeaketa. Horrenbestez, 2011ko urtarrilaren 1ean ekin zion lanari.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardurapeko enplegu-politika aktiboen artean lanerako prestakuntza dago. Ildo horri jarraituz, azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuak onartutako bere Estatutuetako 9.c) artikuluan zera aurreikusten da herri-erakundearen eginkizunen artean: «Enpleguko eta enplegurako prestakuntzako programak kudeatzea, diruz lagundutako deialdien onarpena eta izapidetzea barne». Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta lanerako eta etengabeko prestakuntza bereizi ondoren, pertsona landunei zuzendutako prestakuntza dago gaur egun, hala eskatu, enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak barne hartzen dituena, nola eskaintzen dena. Azken horrek, langile landunei lehentasunez zuzendutako prestakuntza-planak barne hartzen ditu.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpetutako Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileek erabakitako eredua onartu eta aldeek onetsitako betekizunak banatu ziren.

Hiruko Akordioaren bidez, halaber, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, EAEko langile landunen prestakuntzaren kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak eta enpresen, langileen eta hezkuntza-zentroen artean etengabeko prestakuntzarako interesa pizteko eta jarduera hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko ardura bere gain hartzeko helburuarekin. Ekitaldi bakoitzean etengabeko prestakuntzara (egun, langile landuei zuzendutako lanerako prestakuntzatzat ulertu behar da) zuzenduko zuen finantzazioa Hobetuzi emateko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta baita esparru horretan aipatu Lanbide arteko Akordioa sinatu zuten erakundeek burutzen dituzten jarduketak ordaintzera zuzendutako baliabide ekonomikoak eta fundazioaren beraren egitura teknikoak funtzionatzeko gastuak zein finantza-gastuak finantzatzeko ere.

Lanbide arteko Akordioak eta EAEko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Hiruko Akordioak indarrean jarraitzen dutenez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde publikoak eta Hobetuz fundazioak langile landunei zuzendutako prestakuntzaren arloan dituzten eginkizunak aintzat hartuta, erakunde biek elkarren arteko harremanak arautu dituzte, eta horrela, Hobetuzek prestakuntza honetara zuzendutako laguntzen deialdiak kudeatzeko beharrezko egitura teknikoa izango du eta eginkizun hori beteko du, baita onuradunei diru-laguntzak ordaindu ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, berriz, deialdi horien oinarriak onartu eta horiek ebazteaz arduratu beharko da, eta aldi berean, Hobetuzi bere egitura finantzatzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eskualdatzeaz eta deitutako diru-laguntzak ordaintzeaz.

Etengabeko lanbide-heziketa funtsezko tresna da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak jakintza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Enpresa bateko langileen prestakuntza-premien diagnostiko egokia egitean, diagnostikoaren ondorioz lantzen diren prestakuntza-planen eraginkortasuna ziurtatuta geratzen da. Hori dela-eta, premien azterlanak eta diagnostikoak dira enpresa bateko langileen prestakuntzarako oinarria.

Lanean ari diren langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, etengabeko prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio estrategiko bat da eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Horregatik guztiarengatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2011ko uztailaren 14an egindako bileran, ondorengoa erabaki du bertaratutako guztiak alde zirela.

ERABAKIA

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan prestakuntza-premiak hautemateko azterlan eta analisiak egiteko diru-laguntzen deialdia garatzeko diru-laguntzen deialdia onartzea. Azterlan horiek gainera enpresa horietako langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzeko izango dira, enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena. Erabaki honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren aurrean hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 14a.

Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Administrazio Kontseiluko idazkaria, titularra ez egoteagatik,

JAVIER RUIZ FERNÁNDEZ.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESETAN PRESTAKUNTZA PREMIAK HAUTEMATEKO AZTERLAN ETA ANALISIAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA. AZTERLAN HORIEK, GAINERA, ENPRESA HORIETAKO LANGILEEN GAITASUN ETA KUALIFIKAZIOAK HOBETZEKO IZANGO DIRA, ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO HELBURUAREKIN.

  1. Deialdi honen bitartez laguntzak ezarri nahi dira, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntza-premiak hautemateko azterlan eta analisiak (diagnostikoak) egin ditzaten.

  2. Deialdi hau garatzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak 1.200.000 eurora iritsiko dira, gehienez ere, eta horietatik 840.000 euro 2.1 eta 2.2 artikuluetan adierazitako titularrentzat izango dira eta gainerako 360.000 euroak, 2.3 artikulukoentzat. Funts horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskualdatuko dizkio Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari ordainketa bakar batean, eta Deialdi honetan deitutako laguntzetarako dagokion Ebazpena eman eta berehala.

  3. Deialdi honetan araututako laguntzak bateragarriak dira xede berdinarekin jasotzen diren bestelako laguntzekin, betiere gainfinantziazioaren mugarekin.

  1. Deialdi honetan bildutako laguntzak EAEn lantokiak dituzten enpresetarako izango dira, eta lantoki horiei loturik egiten diren prestakuntza-premiak hautemateko azterlan eta analisietara bideratuko dira.

    Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek jaso ditzakete laguntzak, eta ETEek izango dute lehentasuna, Europar Batasunak ETErako eman duen definizioa aintzat hartuta:

    Enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) hartuko da 250 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituen enpresa, urteko negozio-bolumena 50 milioitik gorakoa ez duena edo zeinaren balantze orokorrak 43 milioi euro gainditzen ez dituen, eta bere kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago beste enpresa batena ez dela, edo ETEen definizioari erantzuten ez dioten beste zenbait enpresena batera.

    Enpresa txikitzat jotzen da 50 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituen eta urtean 10 milioi euroko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gainditzen ez duena.

  2. Enpresetarako aurreikusitako baldintza beretan eskuratu ahal izango dituzte laguntzak enpresa-taldeek. Enpresa taldea osatzen duten enpresetan honako egoeraren bat gertatzen dela egiaztatzen denean ulertuko da enpresa taldea osatzen dela:

    Balantzeak bateratuta edukitzea.

    Enpresa nagusi beraren filialez osatuta egotea.

    Zuzendaritza eraginkor komuna edukitzea.

    Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izan daiteke laguntzaren eskatzailea.

  3. Sektore/esparru eta/edo enpresa jakin batzuen elkarteei zuzendutako premiak hautemateko azterlan eta analisiak ere finantzatu ahal izango dira deialdi honen barruan, betiere elkarte hori osatzen duten enpresen artean lotura naturalen bat dagoela frogatzen bada eta azterlanaren xede den esparru/sektorean garrantzia duen entitate bat buru badute, eta, gainera, enpresa horiek azterlanaren ondorioz sor daitezkeen prestakuntza- ekimenak abian jartzeko konpromiso argia hartu badute.

    Kasu horretan, azterlanaren xede den esparruko/sektoreko entitate garrantzitsu bat izango da laguntza-eskaeraren egilea eta onuraduna.

  4. Ezin izango da onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 2005/18 Legeak aldarazia) 5. artikuluko 50. paragrafoan ezarritako kausaren batean dagoen inor.

  5. 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko irailaren 14ra bitartean egindako Premiak Hautemateko Azterlan eta Analisiak finantzatu ahal izango dira 2011o deialdi honetan, betiere helburu bera betetzeko 2009ko urriaren 23ko EHAAn argitaratu ziren Eusko Jaurlaritzaren 2009ko deialdira aurkeztu ez baziren.

    Deialdi hau argitaratzen denerako egin diren edo hasi diren azterlanak finantzatu ahal izango dira baldin eta laguntzen onuradunek «minimis» araura biltzeko aukera badute, Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduan zehaztutakoa (2006-12-28ko EBAO).

  6. Deialdi honetako 4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, gutxieneko puntuazioa merezi duela egiaztatzen ez duen prestakuntza-ekimenik ez da finantzatuko.

  1. Honako alderdi hauei buruzko gogoeta eta analisia biltzen duen dokumentua hartzen da premiak hautemateko azterlan eta analisitzat (diagnostikotzat):

    1. Erakundeen eta bertako langileen jakintzen egoerari buruzkoa, eta horien gainean egiten den kudeaketari buruzkoa.

    2. Batetik, erakunde baten partaideen jakintzen, trebetasunen eta/edo jarreren eta, bestetik, erakunde horren etorkizuneko proiektua bermatzeko beharrezkoak diren jakintzen, trebetasunen eta/edo jarreren arteko desorekei buruzkoa.

    3. Hautemandako desoreka gainditzeko egin beharreko ekintzen eta ekimenen deskribapen sistematikoari eta orokorrari buruzkoa. Deskribapen horretan honako alderdi hauek barne hartu beharko dira gutxienez: azterlanaren ondoriozko ekintzen eta ekimenen hierarkizazioa eta denbora-plangintza, horien bitartez lortu nahi diren helburuak, horretarako jarraitu behar diren metodologiak, eta kostu ekonomikoari buruzko aurreikuspena.

      Hori guztia enpresarentzat erabilgarria izango den tresna baten bitartez egituratuko da, hau da, enpresari bere prestakuntza-plana definitzeko, zehazteko, kudeatzeko eta ebaluatzeko aukera emango dion tresna baten bitartez.

  2. Abian jartzen den premiak hautemateko azterlan eta analisian jarraituko den prozesua, bestalde, lagungarria izango da:

    1. Enpresaren gabezia jakinetara egokituko diren prestakuntza-premiak lortzeko (ez da ikastaroen katalogo orokorra izango).

    2. Premien analisia, eta alderdi teknikoan, pedagogikoan edo ekonomikoan garatu beharreko ekintzen plangintza eta ebaluazioa sistematizatzeko.

    3. Prestakuntzan egin diren ahaleginen errentagarritasuna ebaluatzeko.

    4. Produktu edo zerbitzuetan eta prozesuetan kalitatea areagotzeko.

    5. Antolakuntzako eta kudeaketako metodo eta sistema berrien aplikazioa errazteko.

    6. Langileak enpresaren helburuetan gehiago integratzeko, motibatzeko eta konprometitzeko.

  3. Deialdi honen bitartez, eskaera aurkezten denerako egin diren premiak hautemateko azterlan eta analisiak finantzatu ahal izango dira. Halaber, aurreko 2.5 artikuluan adierazitako denbora-tartean enpresa eskatzaileak hasi dituen azterlan-proiektuak.

    Azterlan horiek bi motatakoak izan daitezke:

    1. Eskatzaileak kontratatutako kanpoko entitateek egindako azterlanak (kanpoko diagnostikoak).

      EAEko enpresek esparruko informazio garrantzitsua eskura edukitzeko eta, modu horretan, premiak aztertzeko, hautemateko eta kudeatzeko metodologia desberdinak eskura edukitzeko edo horiek aplikatzen esperientzia handia duten entitateen laguntza eskura edukitzeko, eskatzaileek metodologien eta entitateen datu-base bat edukiko dute eskura www.hobetuz.com web orrian.

    2. Eskatzailearen langile gaituek egindako azterlanak (barruko diagnostikoak).

      Kasu horietan, dagokion eskaera aurkeztu ondoren eta beharrezkotzat jotzen bada, Hobetuzek enpresa eskatzailearen arduradunekin ados jarri beharko du diagnostikoa egiteko funtsezko alderdien inguruan, hala nola jarraitu beharreko metodologiaren inguruan, diagnostikoa egin behar duten pertsonen eta beren gaitasunen inguruan, edota amaieran lortu beharreko produktuaren inguruan.

  4. Nolanahi ere, premiak hautemateko azterlan eta analisiek urte anitzeko denbora-irismena izan beharko dute (2 urte gutxienez).

Deialdi honen barruan aurkezten diren premiak hautemateko azterlan eta analisiak honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:

  1. Aurkeztutako azterlana egiteko erabili den metodologiaren sendotasuna/trinkotasuna, eta azterlana metodologia horren berariazko ezaugarrietara egokitzea.

  2. Aurkeztutako azterlanaren koherentzia, aztertzen dituen enpresei dagokienez.

  3. Azterlan bakoitzaren berezitasunak, azterlana garatu den enpresaren ikuspegitik.

  4. Enpresaren barruko eragileek azterlana egitean izan duten parte-hartzea.

  5. Azterlana egiteko dedikazioa.

  6. Enpresa hartzailearentzat azterlanak izango duen erabilgarritasuna.

    35-100 langile artean dituzten enpresek sustatutako azterlanak.

  1. Xede berarekin dirulaguntzarik jaso ez duten enpresek aurkeztutako azterlanak.

  2. Zailtasun bereziak dituzten sektoreei buruzko azterlanak.

  3. Kualifikazioen Euskal Sistemara (moduluen katalogora) lotutako prestakuntza-eskaintzaren bitartez azter daitezkeen gaitasunak oinarrian dituzten analisiak.

  4. Azterlanen proiektuen kasuan, honako alderdi hauek baloratuko dira: aurkeztutako azterlanaren beharra/aukera/lehentasuna eta proposatu den metodologia aplikatzeko orduan hornitzailearen lehiakortasuna eta aurretiko esperientzia.

    Aurkeztutako proiektu bakoitzak 100 puntu jaso ditzake gehienez, atal bakoitzari ponderazio berbera emanda. Analisia eta balorazioa egin ondoren 50 puntura iristen ez diren azterlanak ez dira finantzatuko.

  1. Laguntza zehaztea:

    1. Laguntza-eskabidearekin batera dagoeneko egin diren premiak hautemateko azterlan eta analisiak (barrukoak zein kanpokoak) aurkezten direnean, dokumentua laguntza-programa arautzen duten baldintzetara egokitzen den egiaztatuko da, eta deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera emango da diru-laguntza.

    2. Laguntzaren eskaera azterlan-proiektu bati dagokionean (egiten ari diren azterlanak eta/edo azterlan-proiektuak barne hartuta), berau baloratu eta gero, lehentxeago ezarritako irizpideen araberako finantziazioa emango zaio aurkeztutako azterlanari, amaierako dokumentuaren balorazioa egin artean. Amaierako dokumentu horretan egiaztatuko da aurkeztu den premiak hautemateko azterlan eta analisia finkatutako zehaztapenetara egokitzen ote den.

      Diagnostikoaren amaierako dokumentua aurkezten denean, laguntza emateko erabakian onartzen den metodologiari dagokionez egokitasun-ezak edo desbideratzeak hautematen badira, edo azterlanaren ondorioek behar besteko sendotasunik ez badute, atzeratu egingo da azterlanari esleitutako laguntzaren ordainketa, eta hamar eguneko epea ezarriko zaio enpresa onuradunari amaierako dokumentua osatzeko edo egokitzeko. Hori egin ondoren, dokumentua baloratu egingo da eta, hala badagokio, esleitutako laguntza doitu egingo da, dagokion likidazio-ebazpenaren bidez.

      Diagnostikoak egoki baloratzeko, eskatzaileek eskatzen zaizkien datuak eta burutzapen-prozesua ebaluatu eta alderatzeko beharrezkotzat jotzen diren datuak jarri beharko dituzte Hobetuzen eskura.

  2. Premiak hautemateko azterlan eta analisiak finantzatzeko modulu ekonomikoak:

    1. Enpresen eta enpresa-taldeen premiak hautemateko azterlan eta analisietarako -deialdi honen kargura finantzatu nahi diren azterlan eta analisietarako, alegia- eman daitekeen gehienezko diru-laguntza zuzenean lotzen da erreferentziazko lantokien tamainarekin. Honako banaketari jarraituko zaio:

      (Ikus .PDF)

      Onartutako proiektu bakoitzari ezarri ahal zaion modulua 4. artikuluan adierazitako irizpideei jarraituz egindako balorazio teknikoan lortu den puntuazioarekiko proportzioan erabakiko da.

    2. Deialdi honetako 2.3 artikuluan barne hartutako azterlanen proiektuen kasuan, taulan adierazitako moduluak gainditu ahal izango dira. Horretarako, azterlanaren garapenean parte hartu duten enpresen kopurua hartuko da kontuan.

  3. Erabilgarri dagoen kreditua nahikoa ez bada, onartutako eskaeren artean hainbanatuko da, hasiera batean emandako finantziazioarekiko proportzioan.

  4. Lehiakortasunari buruzko Europako Arautegia.

    Prestakuntza-premien diagnostikoak egiteko ematen diren diru-laguntzak, lehentasunez, Batzordearen 1998/2001 Erregelamenduan definitzen den «minimis» araura egokituko dira (2006-12-28 EBAO). «Minimis» araua aplikatu ezin denean, eskatzaileek, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz merkatu batuarekin bateragarriak diren laguntza-kategoria jakin batzuk aitortzen dituen Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Erregelamenduari jarraiki, prestakuntza-premiei buruzko diagnostikoan egindako inbertsio-ahalegina egiaztatu beharko dute, eta ahalegin horrek ondoren eransten den taulan adierazten diren ehunekoak izan beharko ditu gutxienez (diru-laguntza jaso dezakeen diagnostikoaren gaineko ehunekoak izango dira).

    (Ikus .PDF)

    Deialdi honen 2.1 artikuluan, enpresa bat ETEtzat edo enpresa txikitzat hartzeko irizpidea jaso da.

  5. Finantza daitezkeen gastuak.

    Honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira:

    1. Kanpoko entitate batek egindako azterlanak direnean, kanpoko entitate horren zerbitzuen kontratazioari dagokion kostua.

    2. Enpresaren barruko langileek egindako azterlanak direnean, azterlana egiteaz arduratu diren pertsonek lan horri eskainitako orduei dagokien ordainsaria. Kasu horretan, diagnostikoa egiteaz arduratu diren pertsonez gain enpresako beste pertsona batzuek parte hartu badute, horren ondoriozko kostuak ere justifikatu ahal izango dira, betiere inbertsio-ahalegina egiaztatu ahal izateko, hori beharrezkoa denean.

    3. Deialdiko 2.3 artikuluan bildutako azterlan-proiektuetan, proiektua egiteari eta kudeatzeri lotuta erakunde titularrak jasaten dituen bestelako kostuak onartu egingo dira, hala nola enpresekin topaketak antolatzea, joan-etorriak, jakinarazpenak eta entitatearen gastu orokorrak. Gastu horiek ezin izango dute gastu finantzagarrien % 15 gainditu.

  1. Hobetuzek www.hobetuz.com web orrian eskura jartzen dituen ereduetan egingo dira eskariak.

  2. Eskaerak: eskaerak Fundazioaren egoitzetan aurkeztuko dira:

    Arabako Lurralde Egoitza, Dato, 14-16 - 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.

    Bizkaiko Lurralde Egoitza, kale Nagusia, 35 - 6. solairua, 48009 Bilbao.

    Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola kalea, 4 - 1.a, 2008 Donostia-San Sebastián.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein dependentziatan ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

    Eskaera horiek paperean eta Hobetuzek deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira, eta eskaera horiei dagokien dokumentazioa gaineratuko zaie, enpresaren legezko ordezkariak behar bezala sinatua eta zigilatua.

    Paper-euskarrian aurkeztutako datuen eta informatika- euskarrian sartutakoen artean desberdintasunak baldin badaude, paper-euskarrian aurkeztutako datuei emango zaie lehentasuna.

  3. Eskaeran honako hauek jasoko dira:

    1. Eskatzailea eta haren ordezkaria identifikatzeko datuak.

    2. Dagokion ordezkaritza frogatuko duen dokumentazioa, eta entitate eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia, betiere aurreko deialdietan Hobetuzi aurkeztu ez bazaio edo lehenago aurkeztutakoa aldatu bada. Ordezkaritza egiaztatzeko dokumentuek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan behar dute.

    3. Laguntzaren mende dauden ekimenen gainfinantziazioa eta diru-laguntzen bikoiztasuna saihestearren, titularrak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du halakorik gerta daitekeenean. Aitorpen horretan jarduera bererako beste Administrazio Publiko batzuei edo beste erakunde publiko edo pribatuei eskatu zaizkien edota jaso diren beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko da eta horien zenbatekoa adierazi beharko da.

    4. Hala badagokio, eskatzaileak zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du, azken 3 urteetan, Europako araudian jasotako «minimis» arauaren babesean, diru-laguntza txikirik ez duela jaso frogatzeko. Deialdi honi dagokion eranskinean egingo da aitorpena.

    5. Eskatzailearen zinpeko aitorpena, edozein Administrazio Publikok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura baten eraginpean ez dagoela, edo, hala badagokio, eskatutako itzulketak egin dituela, adierazten duena.

    6. Egindako azterlanaren kopia, eta azterlana egiterakoan egindako gastuen egiaztagiriak.

      Premiak hautemateko azterlana edo analisia proiektua bada, eskatzaileak azterlana egiteko hautatutako metodologia zehatz-mehatz adierazi beharko du, eta azterlana egiteaz arduratuko diren pertsonen izena eta gaitasuna eman beharko du aditzera, baita azterlana egiteko aintzat hartutako faseak, lanak egiteko egutegia eta azterlanerako aurrekontua ere.

    7. Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren eta) edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak.

    8. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4) 2005 Legeak aldatu duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluaren 5. atalean ezarritako kausaren batean sartuta ez daudela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena.

  4. Eskaerak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2011ko irailaren 30ean amaituko da.

  1. Prestakuntza-ekintzetako eskaerak aurkeztuta, aurkeztutako informazioa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Interesdunari eskatuko diote hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa; orobat, ohar hau egingo diote, hori egin ezean, eskaera atzera bota dela ulertuko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko da aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

  2. Hobetuzek aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta aurkeztutako laguntza-eskabide bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partzialki onartzeko ebazpena emango du. Proposamen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu dagokion ebazpena eman dezan.

  3. Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion Ebazpena emango du, eta enpresa onuradunen eta emandako zenbatekoen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

    Interesatuak 10 eguneko epea izango du, zuzenari nagusiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori amaiturik, eskaera atzera bota dela ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

  4. Zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren aurrean.

  5. Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, eta hori igarota ez bada jakinarazpenik egiten eskaera ezetsitzat emango da.

Aurkeztutako eskaeran adierazten denaren arabera egin beharko dira deialdi honen bitartez finantzatzen diren premiak hautemateko azterlan eta analisiak; gainera, eta hala badagokio, ondorio horretarako egiten den emakida-erabakian adierazitako baldintzak bete beharko dira. Azterlan eta analisi horiek amaitzen direnean aurkeztu behar dira. Nolanahi ere, azterlan eta analisiak 2012ko irailaren 14a baino lehen amaitu beharko dira.

  1. Azterlan-proiektuen kasuan, erakunde onuradunak egindako azterlana eta azterlana egiteko izan dituen gastuen justifikazioa igorri beharko dizkio Hobetuzi, proiektua bukatu eta hilabeteko epean eta 2012ko irailaren 14a baino lehen.

  2. Azterlana jada egina badago, entitate eskatzaileak, eskaera aurkezten duen unean, azterlana egiteko sortutako gastuak ziurtatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

  3. Kostuak fakturen bitartez edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein dokumenturen bidez justifikatuko dira, eta kostuak behar bezain zehatz adieraziko dira beti, funtsak zuzen aplikatu direla egiaztatzeko eta horretarako eskainitako ereduaren arabera.

  4. Emandako finantzazioaren ordainketa behin egingo da, aurkezten den behin betiko agiriaren balorazioa egin eta gero. Horrez gain, Ogasun eta Gizarte Segurantzaren aurreko betebeharrak eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurreko betebeharrak bete izanaren ziurtagiri eguneratuak eta jasandako gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira ordainketa egin aurretik.

  5. Azterlan-proiektuen kasuan, aurkeztutako dokumentuaren gainean Hobetuzek egiten duen balorazioaren arabera aldatu ahal izango da diru-laguntza, eta bere garaian onartutako diru-laguntza izango da muga.

    Hobetuzek diru-laguntza aldatzeko proposamena egingo du eta interesdunari helaraziko dio, eta interesdunak 10 eguneko epea izango du alegazioak egiteko edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko; jarraian, behin betiko ebazpena emango da.

  6. Behin betiko ebazpena ematen duen egunetik 15 egun igaro direnean, diru-laguntzaren onuradun den erakundeak egindako ordainketak justifikatu beharko ditu, laguntzaren ondorioetarako aintzat hartutakoak.

  7. Onartutako ekimena jakinarazi eta hedatzeko argitalpen nahiz bestelako bideetan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan egiten diren prestakuntza-premiak hautemateko azterlan eta analisiak egiteko diru-laguntzen 2011ko Deialdiaren esparru barruan egin direla jaso beharko du diru-laguntzaren titularrak, eta gainera, Eusko Jaurlaritza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu eta Hobetuzen logoak jarri beharko dira.

  1. Hobetuzek egiaztatu beharko du diru-laguntzak behar bezala justifikatzen direla, eta premiak hautemateko azterlan eta analisiak deialdi honetan finkatutako zehaztapenen arabera egiten direla. Hobetuzek, halaber, diru-laguntza jaso duten gastuen merkatuko balioa egiaztatu ahal izango du.

  2. Diru-laguntzen entitate onuradunek nahitaez onartu beharko dituzte Hobetuzek egiten dituen egiaztapen eta kontroleko jardunak, edota Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituztenak.

  1. Ondoren aipatzen diren kasuetan, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik:

    1. Laguntza eman zenerako helburua edo laguntza hori emateko agindutako baldintzak ez betetzea.

    2. Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

    3. Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

    4. Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

    5. Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

    6. Deialdi honetan finkatutako betebeharren, baldintzen eta betekizunen beste edozein ez-betetze.

  2. Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat joko dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

  3. Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko du. Horretarako, Hobetuzek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuko du dagokion espedientea, errekerimendu-idazkiarekin eta alegazioekin batera; eta, hala badagokio, alegazioak atzera botatzeko proposamena egingo du Administrazio honek itzultzeko beharrari buruzko ebazpena eman dezan.

  4. Epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-kopuruak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira.

Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskabidea betetzean interesdunak datu horiek Hobetuzen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatizatuetan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean (Kale Nagusia 35 - 6.a, 48009 Bilbao) eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean gauza daitezke.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik