Euskadi.eus
  • ERABAKIA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2011ko uztailaren 14ko bileran hartua. Erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

ERABAKIA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2011ko uztailaren 14ko bileran hartua. Erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 148
  • Hurrenkera-zk.: 3864
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2011/07/14
  • Argitaratze-data: 2011/08/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Ekonomia; Funtzio publikoa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortu zuen zuzenbide pribatuko herri-erakunde gisa, bere bigarren xedapen gehigarrian, honako helburu hauekin: enplegu egonkor eta kalitaterako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta gizarte-eta lurralde-kohesioari lagunduko dion lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan gomendatzen zaizkion enplegu-politiken kudeaketaren bidez.

Transferentzien Batzorde Mistoak 2010eko urriaren 28ko bileran hartu zuen Erabakiaren bitartez (azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuaren eta Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuaren bidez onartu zena), lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu ondoren, bere gain hartu zuen Lanbide-Enplegu Zerbitzuak eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuen zein Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta horri atxikitako Egailan SA sozietate publikoak lan-politika aktiboen arloan garatzen zituzten eginkizunen kudeaketa. Horrenbestez, 2011ko urtarrilaren 1ean ekin zion lanari.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardurapeko enplegu-politika aktiboen artean lanerako prestakuntza dago. Ildo horri jarraituz, azaroaren 30eko 329/2010 Dekretuak onartutako bere Estatutuetako 9.c) artikuluan zera aurreikusten da herri-erakundearen eginkizunen artean: «Enpleguko eta enplegurako prestakuntzako programak kudeatzea, diruz lagundutako deialdien onarpena eta izapidetzea barne». Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta lanerako eta etengabeko prestakuntza bereizi ondoren, pertsona landunei zuzendutako prestakuntza dago gaur egun, hala eskatu, enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak barne hartzen dituena, nola eskaintzen dena. Azken horrek, lehentasunez langile landunei zuzendutako prestakuntza-planak barne hartzen ditu.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpetutako Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileek erabakitako eredua onartu eta aldeek onetsitako betekizunak banatu ziren.

Hiruko Akordioaren bitartez Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, EAEko langile landunen prestakuntzaren kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak eta enpresen, langileen eta hezkuntza-zentroen artean etengabeko prestakuntzarako interesa pizteko eta jarduera hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko ardura bere gain hartzeko helburuarekin. Ekitaldi bakoitzean etengabeko prestakuntzara (egun, langile landuei zuzendutako lanerako prestakuntzatzat ulertu behar da) zuzenduko zuen finantzazioa Hobetuzi emateko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta baita esparru horretan aipatu Lanbide arteko Akordioa sinatu zuten erakundeek burutzen dituzten jarduketak ordaintzera zuzendutako baliabide ekonomikoak eta fundazioaren beraren egitura teknikoak funtzionatzeko gastuak zein finantza-gastuak finantzatzeko ere.

Lanbide arteko Akordioak eta EAEko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Hiruko Akordioak indarrean jarraitzen dutenez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde publikoak eta Hobetuz fundazioak langile landunei zuzendutako prestakuntzaren arloan dituzten eginkizunak aintzat hartuta, erakunde biek elkarren arteko harremanak arautu dituzte, eta horrela, Hobetuzek prestakuntza honetara zuzendutako laguntzen deialdiak kudeatzeko beharrezko egitura teknikoa izango du eta eginkizun hori beteko du, baita onuradunei diru-laguntzak ordaindu ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, berriz, deialdi horien oinarriak onartu eta horiek ebazteaz arduratu beharko da, eta aldi berean, Hobetuzi bere egitura finantzatzeko beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eskualdatzeaz eta deitutako diru-laguntzak ordaintzeaz.

Etengabeko lanbide-heziketa funtsezko tresna da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak jakintza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Lanean ari diren langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, etengabeko prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio estrategiko bat da eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Horregatik guztiarengatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2011ko uztailaren 14an egindako bileran, ondorengoa erabaki du bertaratutako guztiak alde zirela.

ERABAKIA

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek garatzen dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia onartzea.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena. Erabaki honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluan, hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 14a.

Administrazio Kontseiluko idazkaria, titularra ez egoteagatik,

JAVIER RUIZ FERNÁNDEZ.

Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEK GARATZEN DITUZTEN PRESTAKUNTZA-EKINTZA ESTRATEGIKOAK FINANTZATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA

  1. Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek programatutako izaera estrategikoko etengabeko prestakuntzako ekintzak garatzeko laguntzetarako deialdia egitea, enpresa horietako langileen gaitasuna eta prestakuntza hobetze aldera.

    Ekintza estrategikoak dira, enpresaren proiektuarekin zuzenean erlazionatuta daudenak: enpresak berak egindako premien diagnostiko batean edo bestelako agiri batean lehentasunezkotzat jotzen diren ekintzak dira, xede dituen langileak zehaztuta.

  2. Deialdi hau garatzeko bideratuko diren baliabide ekonomikoak 5.200.000 euro dira gehienez. Funts horiek Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari eskualdatuko dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ordainketa bakar bat eginez; eta ordainketa hori dagokion ebazpena hartu eta berehala egingo da.

  3. Deialdi honetan barne hartzen diren laguntzak, ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza horiek berak egiteko enpresek jaso ditzaketen beste mota bateko laguntzekin.

  4. Nolanahi ere, elkarren osagarriak izango dira deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak eta etengabeko prestakuntzarako Estatuko ereduak barne hartzen dituen hobariak.

    Ondorio horietarako, hobarien estatu-sisteman ekitaldirako dagoen kreditua kontsumitu beharko dute enpresek. Bestela, azken diru-laguntzatik kontsumitu ez den kredituaren kopurua deskontatuko da.

    Horrez gain, enpresa eskatzaileek ziurtatu beharko dute finantzatutako prestakuntza-ekintzek ez dutela Estatuko ereduko hobaririk jasotzen.

    Prestakuntza-ekintzen bikoiztasunak eta gain-finantzaketa saihesteko, deialdi honetan eskatzen zaizkien xehetasun guztiak egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek.

  5. Laguntza horiek, lehia, publizitate eta objektibotasuneko printzipioak kontuan hartuta emango dira.

  1. Deialdi honetan adierazitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietarako sustatuko diren prestakuntza-ekintzetan izango dira aplikatzekoak.

  2. Laguntza horien onuradunak enpresak eta enpresa-taldeak izango dira, deialdi honetan jasotako baldintzak bete ondoren, eta haien langileek parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan.

  3. Bestalde, diru-laguntza jaso dezaketen prestakuntza-ekimenetan honako talde hauek hartu ahal izango dute parte:

  1. Langile Autonomoen Araubide Berezietan (LAAB) kotizatuko duten lan elkartuko kooperatibetako langile bazkideek, beren estatutuek horrela adierazten dutenean.

  2. Enpresarekin zuzenean lotutako langileek, eta Legearen arabera, enpresa horrek soldatapeko langile gisa kontratatu ezin dituenean Langile Autonomoen Araubide Nagusian kotizatzera behartuta daude (administratzaileak, senitartekoak).

  3. REASS erregimenaren (Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezia) edo itsasoko langileen Erregimen Bereziaren barne dauden langileek.

  4. Langile autonomoek.

  5. Enplegurik ez izan arren, ondoko egoeretariko batean daudenek:

    Lanaldi partzialeko langileek (aldizkako finkoak), lanean ari ez diren garaian.

    Prestakuntza-garaian langabezian geratzen diren langileek.

    Aldi baterako enplegurik gabe geratzen diren garaian lan-erregulaziora atxikitzen diren langileek.

    Salbuespen gisa, internazionalizazio-prozesuetan murgilduta dauden enpresen kasuan, diruz lagundutako enpresarekin nolabaiteko lotura duten enpresetako langileek finantzatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta egoera hori behar den bezala justifikatzen badute.

  1. Ezin izango dute onuradun izan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 5. artikuluaren 50. atalean ezarritako kausaren batean sartuta daudenak.

  2. 2011. urteko deialdi honetako finantzazioa jaso ahal izango dute 2011ko urtarrilaren 1etik 2012ko ekainaren 30era garatzen diren prestakuntza-ekintzek. Minimis arauan kokatu ezin den diru-laguntza denean, ekintzak eskabidea formulatu ondoren hasi behar dira (800/08 Erregelamenduko 8.2 artikuluaren eragin pizgarria).

  3. Ez da finantzatuko agindu honetako 9.II artikuluan ezarritako irizpideen arabera, 30 puntuko gutxieneko balorazioa merezi duela egiaztatzen ez duen balorazioa duen ekimenik.

  1. Deialdi honen helburuetarako, prestakuntza-ekintza da parte-hartzaile guztientzat komunak diren helburu, eduki eta iraupen sistematikoko irakatsi eta ikasteko prozesua, enpresaren prestakuntza-proiektuan (Prestakuntza Plana) biltzen dena.

    Helburu nagusi gisa prestakuntza-prozesu baten (irakaskuntza/ikaskuntza) garapena ez duten ekintzak ez dira finantzatuko; eta ez dira finantzatuko, era berean, enpresaren produkzio-prozesuarekin zuzenean erlazionatuta dauden gaitasunak eta prestakuntza hobetzeko ekintzak.

  2. Orokorrean, Planean barne hartutako banakako zein taldeko prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzarentzat. Muga hori gainditzeko baimena eman ahal izango da, baldin eta premia hori arrazoituko duen justifikazioa aurkezten bada. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.

  3. Prestakuntza-ekintzak ondorengo modalitate hauetako batean eman ahal izango dira: bertaratze bidezkoa, bertaratu gabea edo mistoa.

    1. Bertaratze bidezko prestakuntzatzat jotzen da, ikasgela batean, irakasleek ikasle-talde bati ezagutza berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.

    2. Era berean, bertaratu gabeko prestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak bere ikaskuntzaren erritmoak norberaren denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokia edozein dela ere, denbora mugatu batean tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

      Bertaratu gabeko prestakuntza ikaskuntza sistematizatuko prozesua suposatuko duten euskarri didaktikoen bidez egin beharko da. Euskarri horiek derrigorrez, tutoretza-laguntzarekin osatuko dira. Dagozkion eskaerak egiterakoan, materiala bidaltzeko prozedurak, bertaratutako edo bertaratu gabeko tutoretzak eta programatutako irakaskuntzak dakartzan jarraipen-kontrolak eta probak zehaztuko dira. Teknologia berrien bidezko teleprestakuntza egiten denean, prestakuntza gauzatzen dela egiaztatzeko, horiek egiteko erabiltzen diren plataforma informatikoetara sartzeko gakoak eskatuko dira.

      Deialdi honen ondorioetarako, Baliabide Zentroetan emandako prestakuntza bertaratu gabeko prestakuntzatzat emango da. Baliabide-zentrotzat hartzen da bakarkako erabilerarako ekipamendu jakin bat duen instalakuntza, zeinetara parte hartzaileek joaten diren zenbait euskarriren bidez prestakuntza jasotzera; horrez gain, zalantzak argitzeko tutoretzaren bat eskaintzen zaie.

    3. Prestakuntza mistoa da bertaratu gabeko prestakuntzaren zein bertaratutakoaren bidez ematen dena da, kasuan kasu beharrezkoa den orduen portzentajeetan banatuta.

  4. Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira, enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.

    Bertaratu gabekoen prestakuntza-ekintzetan, parte hartzen duten 70 ikasleko tutore bat izan beharko da gutxienez.

  5. Langile batek gehienez 270 prestakuntza-ordu jaso ditzake, salbu eta ekintza bakarrean parte hartzen badu eta ekintza horren muga salbuespentzat hartu bada, artikulu honetako 2. idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

  6. Prestakuntza-ekintzak, enpresak kontratatutako kanpoko agenteek (kanpo-prestakuntza) edo behar bezala gaitutako barneko agenteek (barne-prestakuntza) eman ahal izango dituzte.

  7. Prestakuntza-ekintzak, osorik edo zati batean, barne-prestakuntza ematen dutenean, prestakuntza hori aldez aurretik diseinatu eta egituratu beharko da, parte-hartzaileari ikaskuntza-prozesu sistematizatua eskaintzeko moduan.

  1. Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak eskatu ahal izango dituzte 2. artikuluan xedatutakoa betetzen duten eta 35 langile edo gehiagoko plantilla duten enpresek.

    Salbuespen gisa, langile gutxiagoko enpresek aurkeztutako planek diru-laguntza jaso ahal izango dute. Kasu horietan, Hobetuzen proposamenez, aurkeztutako prestakuntza-plana aurrera eramateko enpresak duen gaitasuna aztertuko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, eta arrazoitutako ebazpena emango du.

  2. Lan-taldean 50 langile edo gehiago dituzten enpresa taldeek ere eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Enpresa Taldetzat honako kasu hauetakoren bat betetzen dutenak hartuko dira:

    1. Beren balantzeak bateratzen dituztenak.

    2. Enpresa nagusi beraren filialez osatuta daudenak.

    3. Zuzendaritza eraginkor komuna dutenak.

      Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izango da eskaeraren titularra.

  3. Edozein kasutan ere, enpresa berak ezin izango du deialdi honen barruan laguntza-eskaera bat baino gehiago aurkeztu.

  1. Hobetuzek www.hobetuz.com orrian jarriko dituen arauzko ereduetan beteko dira eskaerak.

  2. Eskaerak Hobetuzen egoitzetan aurkeztuko dira.

    Arabako Lurralde Egoitza, Dato kalea, 14-16 - 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.

    Bizkaiko Lurralde Egoitza, kale Nagusia, 35 - 6. solairua. 48009 Bilbao.

    Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola kalea, 4, 1.a, 20008 Donostia-San Sebastián.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein dependentziatan ere aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak.

    Eskaera horiek paperean eta Hobetuzek www.hobetuz.com orrian deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira. Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

  3. Eskaerak aurkezteko epea Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2011ko irailaren 23an amaituko da.

Diru-laguntzen eskaeretan ondokoak jaso beharko dira:

  1. Eskatzailearen izena eta helbidea, IFK, Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektoreko hitzarmen-kolektiboa eta batez besteko langile kopurua deialdi hau argitaratzen den egunaren aurreko hamabi hilabeteetan. Dokumentazio hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.

  2. Enpresa-taldeko plan batean parte hartzen duten enpresa guztiek parte hartzeko konpromisoa (2A eranskina).

  3. Aurkeztutako proiektuaren ardura hartzeko enpresak izendatu duen pertsona.

  4. Jarraian azaltzen diren dokumentuak ere aurkeztuko dira, baldin eta aurreko deialdietan Hobetuzen eskura utzi ez badira, edo aldatu egin badira aldez aurretik aurkeztutakoen aldean:

    1. Planaren titularraren zerga-identifikaziorako txartelaren fotokopia.

    2. Ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen jatorrizko dokumentazioa, kopia konpultsatua, edo Hobetuzek konpultsatzeko kopia.

  5. Horrelakorik edukiz gero, prestakuntza-premiak hautemateko azterlana/analisia, eta bertan adieraziko dira finantzaketa jaso dezakeen planean aurkeztutako prestakuntza-ekintzak.

  6. Garatu beharreko prestakuntza-ekintzak deskribatzea, lehentasunak ezarriz, hau da, ekintzak gauzatzeari dagokionez lehentasunen ordena ipiniz, ekintza bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaile kopurua adierazita, deialdi honi erantsitako inprimaki normalizatuetan zehaztutako xehakapena barne. Edozein kasutan, ondokoa jaso beharko dute:

    1. Lanbide-kategoria edo lanbide-multzoen araberako kolektibo hartzaileak, lan-egoera eta Gizarte Segurantzarako afiliazio-erregimena.

    2. Prestakuntza-ekintzen aurreikusitako kostua.

    3. Prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako egutegia eta lan-orduen kopurua.

    4. Prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusitako prestakuntza-erakundeak, tokia, instalazioak eta baliabideak.

    5. Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

    6. Harremanetarako pertsona eta programatutako prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta jarraian prestakuntza-programak ebaluatzeko baliagarri izango diren irizpide eta metodologiak.

  7. 2010ean enpresak edo enpresek lanbide-prestakuntzagatik ordaindutako kuotaren zenbatekoari buruzko zinpeko adierazpena, EAEn kokatutako lantokiei dagokienez.

  8. Erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpen sinatu eta zigilatua, edozein Administrazio Publikok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura baten eraginpean ez dagoela, edo, hala badagokio, eskatutako itzulketak egin dituela, adierazten duena.

  9. Zinpeko aitorpena, enpresak sexu-arrazoiengatiko diskriminazioarengatiko administrazioko edo zigor-arloko zehapenik ez duela jaso egiaztatzen duena, eta, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 5. artikuluko 50. idatzi-zatian ezarritakoaren arabera, laguntza edo diru-laguntzen deialdietan parte hartzeko debekurik ezarri ez diotela egiaztatzen duena.

  10. Beharrezkoa bada, prestakuntzan legez edo talde-hitzarmenaren arabera egokia den inbertsioa egin izana frogatzen duten ziurtagiria eta egiaztagiriak. Dokumentazio hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.

  11. Lantokien zerrenda; bertan, lantoki bakoitzari dagokionez, zein ekintzatan parte hartzea aurreikusten den, zein herritan dagoen, langile guztien kopurua, lantoki bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua, eta sindikatuen ordezkaririk ba ote dagoen adieraziko da.

  12. Aurkeztutako ekimenaren enpresa titularraren ziurtagiri eguneratuak, Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta/edo Aurreikuspen Sozialeko Erakundearekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen dutenak.

  13. Enpresa hartzekodunen konkurtsoan edo enplegu-erregulazioan dagoelako egiaztapena, hala badagokio.

  14. Deialdi honetako laguntzak Estatuko ereduan aurreikusitakoekin osagarriak direla kontuan hartuta, eta prestakuntza-ekintzetarako gain-finantziazioa eta diru-laguntzen bikoiztasuna saihestearren, eskatzaileak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du. Bertan Estatuko ereduan barne hartutako hobari-sisteman prestakuntza-ekintza berak aurkeztuko ez dituela adieraziko du eta jarduera horretarako bertarako beste sarrera gehigarriak edo laguntzak (beste administrazio publikoen edo beste entitate publiko edo pribatuen eskutik) jasotzen dituen aditzera eman beharko du, eta horien zenbatekoa adierazi beharko du. Geroago aldaketaren bat gertatzen bada, horren berri eman beharko zaio Hobetuzi, eta hark egokitzat jotzen duen erabakia proposatuko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

  15. Langileen legezko ordezkaritzaren informaziorako eta kontsultarako dokumentua (3A eranskina, Hobetuzek eskainitako informatika-euskarrian eskainiko dena), behar bezala zigilatua eta sinatua.

  16. Internalizazio-prozesuetan dauden enpresen loturaren agiri bidezko egiaztapena.

  17. Hala badagokio, eskatutako laguntzak, haien zenbatekoengatik, minimis arauan kokatu daitezkeela adierazten duen zinpeko aitorpena, Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera (2006-12-18ko EBAO).

  1. Eskaera Hobetuzen aurkeztu aurretik, eskatzaileak laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak Langileen Ordezkaritza Legalari (LOL) azalduko dizkio. Horretarako, aurreko artikuluko 5., 6. eta 7. paragrafoetan aipatzen diren dokumentuen kopia osoa emango dio, eta 3A eranskina bete dezan eskatuko du.

  2. Langileen legezko ordezkaritzak dokumentazioa jasotzen den egunetik aurrera zenbatu beharreko 15 eguneko epea izango dute txostena egiteko. Txosten hori (3C eranskina) enpresari eta Hobetuzi igorri ahal izango zaie.

  3. Xede horretarako, Langileen Legezko Ordezkaritza Planean parte hartzen duten lantoki guztiei dagokiena izango da. Enpresa-batzordeek edo langileen ordezkariek eman behar dituzte 3A eranskinak, dauden guztien % 51n gutxienez.

    Lantoki batean edo batzuetan ordezkaritza sindikalik ez dagoela adieraztea ziurtagiritzat joko da xede guztietarako.

  4. Prestakuntza ekintzak hasi baino lehen, igorri egin beharko zaio enpresako langileen legezko ordezkaritzari prestakuntza-ekintza horietan esku hartuko dutenen zerrenda.

    Hiru hilean behin, bestalde, enpresek prestakuntza-planaren exekuzioari buruzko informazioa emango diete langileen ordezkariei.

  1. Eskatzaile bakoitzari baiesten zaion diru-laguntza gehienezkoa izango da, eta ondokoen arabera zehaztuko da:

    1. Ordu-kopurua (ekintza bakoitzaren benetako entitateari doituta), parte-hartzaileen zenbakiaz eta dagokion moduluaren zenbatekoaz biderkatuta.

    2. Horren ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, eta horrek zehaztuko du gehienezko laguntza finantzagarriaren ehunekoa, aurkeztutako eskaeren eta dauden funtsen arabera ezartzen diren tarteei jarraiki.

    3. Azken doikuntza dauden finantza-baliabideen arabera egingo da.

  2. Emaitzako gehienezko laguntzak ezin izango du 1,5 aldiz gainditu enpresak eskaintzen duen etengabeko prestakuntzako ekintzen finantziazioari lotutako lanbide-heziketako kuotaren urteko kopurua (enpresa handiak) eta 5 aldiz (enpresa txikiagoak), enpresa kooperatiboen kasuan izan ezik, baldin eta bertako bazkide-langileek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen badute. Azken kasu horietan, enpresaren langile guztien kopurua eta 5 langile edo gehiago dituzten enpresa sortu berrietan langile bakoitzari oro har dagokion bataz besteko hobaria biderkatzearen emaitzazkoa izango da gehieneko laguntza (65 euro).

  3. Azkenean, Europar Batasunaren Araudian ezartzen diren laguntzen gehienezko intentsitateak aplikatuz zehaztuko da laguntza (deialdi honen eranskina).

Planen balorazio teknikoa ondoko irizpideei jarraiki egingo da.

  1. Lehentasun-irizpide orokorrak:

    1. Honako ezaugarri hauetako bat biltzen duten prestakuntza-ekintzek lehentasuna izango dute:

      1. Prestakuntza-ekintzen jatorriari dagokionez:

        Izaera estrategikoa duten ekintzak, beharren azterketaren batean oinarrituta.

        Lanaldi-murrizketako prozesuen, eta birmoldaketa edo kontratuen aldi baterako etendurako prozesuen ondorioz sortutakoak.

        Euskararen erabilera lan-munduan normalizatzea helburu duten ekintzak.

      2. Prestakuntzaren hartzaileei dagokienez:

        Enpresa ertain eta txikietako langileen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzeko helburua izatea. Zentzu horretan, lehentasuna emango zaie EAEko enpresa txikiek eta ertainek aurkezten dituzten prestakuntza-planei eta, bereziki, enpresa txikiek aurkezten dituztenei.

      3. Ekimenen nondik norakoari dagokionez:

        Metodologiarengatik, edukiarengatik edo beste edozein arrazoirengatik Etengabeko Prestakuntzarako berritzaileak diren ekimenak.

    2. Deialdi honen barruan ez da izaera orokorreko eta zeharkako prestakuntza-ekintzen finantziazioa lehentasunezkotzat jotzen; salbuespena izango da behar den bezala justifikatuta egotea eta enpresaren jarduerarekin zuzenean lotuta egotea.

    3. Inprimakietan betetzen den informazioa edozein izanik, aurkeztutako ekintzen lehentasuneko tratamendurako aukera izateko, eskatzaileak beharrezkotzat jotzen den dokumentazio gehigarri guztia aurkeztu beharko du.

    4. Prestakuntza-ekintzei lehentasuna eman zieten baldintzak ekimena egiten den bitartean asko aldatzen badira, lehentasunagatik jasotako finantziazio gehigarria aztertu ahal izango da.

    5. Atal honetan jasotako irizpideek, balorazio osoan 100 puntutik 35eko pisua izango dute.

  2. Kalitate- eta koherentzia-irizpideak:

    1. Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia balioesteko, honako hauek hartuko dira kontuan:

      1. Enpresaren prestakuntza-estrategia:

        Enpresak premiak aztertu eta detektatzeko azterlana egin izana, proposatutako prestakuntza-ekintzak deskribatzeko.

        Ekintza horiek enpresaren proiektuarekin erlazionatutako prestakuntza-plan batean barne hartzea; planaren xede izango dira: inbertsio estrategiko berriak, enpresaren barruko berrikuntzak, ekipamendu berriak, sistema berrien ezarpena, merkatu berriak irekitzea, enpleguen balioaniztasuna, eta abar.

        Enpresak hausnarketa-prozesua abian jarri izana, prestakuntza-ekintza horien lehentasuna erabakitzeko.

        Aurrez aipatutako azterlanean aurkeztutako ekintza bakoitzaren deskribapena eta kokapena.

        Ekintza bakoitzarekin lortu nahi diren helburuak.

        Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

        Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra.

      2. Eskatzaileak proiektuan duen inplikazioa.

        Proiektua gauzatzera bideratutako baliabide propioak.

        Langileak ekintzen diseinuan inplikatzea.

        Eraginkortasuna hornitzaileak hautatu eta kudeatzerakoan.

    2. Atal honetan jasotako irizpideek balorazio osoan 100 puntutik 65eko pisua izango dute. Paragrafo honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskaerak ez dira finantzatuko.

  3. Aurreko burutzapen- eta betetze-maila:

    Balorazio teknikoan, aurreko deialdietan eskatzaileak egiaztatutako eta Hobetuzek argitaratutako eta/edo kudeatutako burutzapen-maila eta betetze-maila hartuko dira kontuan, eta arrazoi horiengatik lortutako puntu guztietatik (100 puntu gehienez), balorazio teknikoko 10 puntura arte gehitu edo kendu ahal izango dira.

  1. Bertaratutakoen prestakuntza-ekintzak.

    Aurkeztutako prestakuntza-ekimenen balorazio ekonomikoa, ondoko moduluak aplikatuz gauzatuko da.

    (Ikus .PDF)

  2. Bertaratu gabekoen prestakuntza-ekintzak.

    Oro har, 7,5 euro/ordu/parte-hartzaileko izango da moduluaren balioa bertaratu gabeko prestakuntza bada, baldin eta ikaskuntza-prozesua informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz garatzen bada (teleprestakuntza).

    Urrutiko prestakuntza konbentzionala bada, 5,5 euro/ordu/parte-hartzaileko izango da moduluaren balioa.

  3. Prestakuntza-ekintza mistoak.

    Bertaratuta egiten den prestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua, eranskin honetako 1. paragrafoan deskribatutakoaren arabera lortuko da. Bertaratu gabe egiten den prestakuntza-denboraren ordu/parte-hartzaile kostua, eranskin honetako 2. paragrafoan deskribatutakoaren arabera lortuko da. Ekintzaren kostu osoa, bi kostu partzialen batura izango da.

  1. Prestakuntza-ekintzetako eskaerak aurkeztuta, aurkeztutako informazioa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Interesdunari eskatuko diote hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa; orobat, ohar hau egingo dio, hori egin ezean, eskabideaz etsi egin duela joko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko du aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

  2. Hobetuzek aztertuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta aurkeztutako laguntza-eskabide bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partzialki onartzeko ebazpena emango du. Proposamen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu dagokion ebazpena eman dezan.

  3. Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion Ebazpena emango du, eta enpresa onuradunen eta emandako zenbatekoen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

    Ebazpena aldekoa bada, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak adieraziko dira, baita onartutako parte-hartzaile kopurua, ordu kopurua eta finantzazioa ere. 800/08 CE Erregelamenduaren ondorioetarako, ebazpenean eskatzailearen inbertsio-ahalegina aipatuko da.

    Interesatuak 10 eguneko epea izango du, zuzenari nagusiaren ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko. Epe hori amaiturik, eskaera atzera bota dela ulertuko da, eta artxibatu egingo da.

  4. Zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluan.

  5. Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, eta hori igarota ez bada jakinarazpenik egiten eskaera ezetsitzat emango da.

  1. Emandako finantziazioa onarpen-erabakian adierazitako prestakuntza-ekintzak burutzeko erabiliko da.

  2. Agindu honen bidez finantzatutako prestakuntza-ekintzek doan izan beharko dute bertan parte hartzen duten langileentzat.

  3. Onartutako ekintzei dagozkien multzoetako bakoitzari hasiera emateko unean, eta gehienez prestakuntzako bigarren egunean, titularrak honako datuak jakinarazi beharko dizkio Hobetuzi: prestakuntzak emateko lekuari buruzko datuak, prestakuntza emango duen entitatea, multzoa/ekintza egiteko eguna eta ordua, eta parte-hartzaileen zerrenda.

    Zeregin horretarako, Hobetuzek web orrian www.hobetuz.com eskura egongo den tresna informatikoa jarriko du titularren esku. Horrela islatzen den informazioa ezin izango da aldatu dagokion taldea edo ekintza amaitzen denetik 30 egun igaro ondoren, eta hori izango da prestakuntza-planaren betearazpena justifikatzeko kontuan izango den bakarra.

    Jakinarazpen-betebehar horiek bete ezean, Planaren betearazpena justifikatzeko ondorioetarako burutu gabetzat joko da prestakuntza-ekintza hori.

  4. Bertaratuta egiten diren ekintzetan, titularrek eguneroko bertaratze-orria egin beharko dute, irakasleak eta parte-hartzaile guztiek sinatuta.

    Bertaratu beharrik gabeko prestakuntza-ekintzetan titularrak dagokion dokumentazioa egin beharko du, parte hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei buruz.

  5. Parte hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanari buruzko ziurtagiria eman beharko zaio, eskumena duen Hobetuzek ezarritako ereduaren arabera, eta honako datuak jaso beharko ditu gutxienez: ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, hasiera eta amaiera data eta jasotako prestakuntza-orduak, kasu bakoitzean bertaratutako edo bertaratu gabeko orduak zehaztuz.

    Parte hartzeari buruzko ziurtagiriak bi hilabeteko gehienezko epean eman beharko zaizkie parte-hartzaileei, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitzen den egunetik zenbatzen hasita.

  6. Onuradunak behin bakarrik kontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza finantzatuak egitea. Hornitzaileekin egin daitezkeen kontratuak debekatuta daude baldin eta ordaindu beharreko zenbatekoa, azken batean lor daitekeen diru-laguntzaren zenbatekoaren ehunekotan adierazten bada.

    Nolanahi ere, onuradunak bere gain hartuko du zuzenean laguntzak behar bezala aplikatzea, eta jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunen behar bezalako garapena ziurtatu beharko du.

  7. Diru-laguntza baiesten duen ebazpena jaso ondoren, eta behar besteko aurrerapenez, laguntzaren onuradunak Hobetuzi eskatu ahal izango dio finantzatutako planean aldaketak egitea, finantzatutako ekintzen edukian eta/edo betearazpen-epeetan eragiten badu. Aldaketa-eskaera hori idatziz egingo da, eta behar bezala oinarritu beharko da. Aldaketak Hobetuzek baimendu beharko ditu.

    Aldaketek parte-hartzaileen kopurua edo eskolak emateko modua aldatzen dutenean, hasierako eskaera kontuan hartuta lortuko zen balorazio teknikoa murrizten ez bada, baimendu ahal izango dira.

  1. Diru-laguntza ordaindu baino lehen, Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo kasuan kasuko gizarte aurreikuspeneko erakundearekiko betebeharrak bete dituelako ziurtagiria aurkeztu beharko da.

  2. Ordainketak egutegi honen arabera egingo dira:

    1. %60ra arteko lehen ordainketa, ebazpena hartzen den unean. Lehen ordainketa hau 180.303,64 euro baino gehiagokoa bada, ordainketa hori egin aurretik, titularrari erabakiarekin batera jakinaraziko zaizkion oharrak jarraituta, laguntzaren titular horrek dagokion banku-abala aurkeztu beharko du, edo prestakuntza-ekintza nahikoak egiteagatik dagoeneko eman diren gastuak justifikatuko dira, justifikatu gabeko gainerakoak aipatutako kopurua gainditu ez ditzan.

    2. Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerakoagatik, justifikazio-memoria Hobetuzi aurkeztu eta azken likidazioa onartu bezain laster.

Finantzatu daitezkeen kostuak, prestakuntza- ekintzen arabera banakatuta, honakoak dira:

  1. Prestakuntza-ekintzak ematera zuzendutako enpresatik kanpoko zerbitzuen kontratazioari dagozkion kostuak.

  2. Barruko prestatzaileen kostua.

  3. Material suntsigarriaren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne.

    Halaber, «teleprestakuntzaren» kasuan, prestatzaile eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotzi dakizkiekeen kostuak, ekintzaren kostu osoaren ehuneko 10era arte gehienez.

  4. Material didaktikoen kostua.

  5. Prestakuntza jasotzen ari diren langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

  6. Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi beharreko proportzioan, eta instalazio eta ekipamenduen alokairuak, prestakuntza-ekintzen garapenari egotzi beharrekoak.

    Horrez gain, finantzatu daitekeen kostutzat hartzen da kudeaketa-kostua (prestakuntza-ekintzak abian jarri eta garatzea) kostu finantzagarrien % 10 izango da gehienez. Kostu hori behin bakarrik egotziko zaio finantzatutako proiektu orokorrari.

    Ohiz kanpoko eta/edo estrategiako industria-inbertsio berrietatik, eta teknologia edo prozesu produktibo berritzaileetan langileen prestakuntza suposatuko dutenetatik ondorioztatuko diren prestakuntza-ekintzetan; prestakuntza-ekintza horiek EAEtik kanpo egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza-eskaintza gabeziaren ondorioz, langile horien bidaia eta/edo egonaldiak eragindako zeharkako kostuak hartu ahal izango dira kontuan.

  1. Diruz lagundutako prestakuntza-planean barne hartutako prestakuntza-ekintzak egitean egindako gastuak justifikatu beharko dituzte onuradunek. Horretarako, deialdi honetan ezarritako egozte-irizpideak hartuko dira kontuan, baita Prestakuntza Planean parte-hartzaileen pertsonal-kostuak ere aldi bereko finantziazio pribatuaren helburuetarako, Batzordearen 800/2008 Erregelamenduaren (EE) 39. artikuluan zehaztutako moduan.

    Kostuak, zuzenbidean dokumentu frogatzaile baliagarrien edo fakturen bidez justifikatuko dira. Dokumentu horiek funtsen aplikazio zuzena egiaztatzeko xehetasun nahikoarekin banakatu beharko dituzte kontzeptuak, eta prestakuntza-ekintza bakoitzari egozten zaizkion kostu desberdinak identifikatu.

  2. Laguntzen likidazioa, ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen kopuruarekiko eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren kopuruarekiko proportzioan egingo da, prestakuntza-ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako kostu/ordu/kurtsotan banatutako modulu ekonomikoen arabera.

  3. Dagokion azken likidazioa burutzeko, 2012ko irailaren 14a baino lehen onuradunak adierazten diren inprimaki normalizatuak bete, eta Hobetuzera igorri beharko ditu, hala nola:

    1. Egindako prestakuntza-ekintza bakoitzaren, eta bere garaian hasi zela jakinarazitako ekintzaren amaiera-ziurtagiria (burutzapena).

    2. Gutxienez diruz lagundutako prestakuntza-ekintzekin zerikusia duten kostuak egiaztatuko dituzten agiriak, deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarriak eta egozte-irizpideak betez.

    3. Deialdi honetan aurkeztu ez diren eta EAEko lantokietako langileei zuzendutako ekintzen ondorioz Estatuko sisteman egindako hobarien zinpeko aitorpena.

      Prestakuntza Planaren likidazioa egiteko orduan, eta finantzatu den proiektuari esleitu ahal zaion diru-laguntza kalkulatzeko, Hobetuzek kontuan hartuko ditu Estatuko ereduaren arabera enpresa bakoitzari, EAEko langileei dagokienez, 2011n hobari gisa dagokion gehienezko zenbatekoa eta 2011ko ekitaldian langileen etengabeko prestakuntzagatik enpresak hobari gisa jasotako zenbatekoa, eta, azkenean, plan bakoitzari esleitzen zaion azken diru-laguntzari Estatuko sisteman kontsumitu ez den kreditu kopurua kenduko zaio.

  4. Gauzatze-ziurtagiriak behar bezala bete eta aurkezten dituzten parte-hartzaileak bakarrik hartuko dira aintzat, betiere aldez aurretik Agindu honen 12.3 artikuluko parte-hartzaileen zerrendan bilduta behar dutela aintzat hartuta.

  5. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, diru-laguntzaren azken likidazioaren ebazpena emango da.

  6. Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, onuradunak dagokion itzulketa egin beharko du 15 eguneko epean, ebazpen egunetik zenbatzen hasita.

  7. Behin betiko likidazioari ekin eta hurrengo 15 egunen barruan, emandako laguntzaren ondorioetarako egin diren ordainketen ordainagirien originalak aurkeztu beharko ditu Titularrak, edo, horiek ezean, fotokopiak aurkeztuko ditu.

Onuradunek, laguntza-eskubidea eskuratzeko eta eskubide horri eusteko, honako hauek bete behar ditu:

Aurreko Deialdietan jasotako kopurua itzuli izana, horretarako errekerimendua egin bazaie.

Hobetuzi jakinarazi beharko dio enpresa eskatzailea edo enpresa parte-hartzaileak legez, hitzarmenez edo beste edozein xedapenez behartuta ote dauden diru-baliabideak eskaintzera prestakuntza egiteko. Kasu horretan, laguntzak ez du esan nahiko horretarako eskainiko diren diru-baliabideak murriztu behar direnik.

Laguntzaren emakidaren oinarria den prestakuntzako jarduera egitea, beti ere honako deialdiaren oinarri, baldintza eta beharkizun formaletan eta Euskal Autonomia Erkidegoan Etengabeko Lanbide Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioan ezarri denarekin bat alegia, eta kontzeptu horretan esleitu diren fondoak ezin dira emakidaren arrazoi izan direnak ez diren beste batzuetarako erabili.

Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantziazioa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.

Argitalpenetan edo onartutako ekintzen komunikazio- eta hedadura-bideetan egiaztatzea, agindu honen esparruan egindako ekintzak direla, Euskal Autonomia Erkidegoko langileei zuzendutako etengabeko prestakuntzarako laguntzen 2011ko Deialdiaren barruan, betiere Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logotipoak barne.

Hamazazpigarren oinarrian ezarritako kontrol eta jarraipenerako jardunak onartzea.

  1. Laguntzen onuradunek honakoak onartu behar dituzte: Hobetuzek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku-hartzeko organoek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak, baita eskumena duten europar instantziek eskatzen dizkieten egiaztapen eta kontroleko jarduera guztiak, eta lokal eta instalazioetara sartzeko eta parte hartzaileekin, Langileen Legezko Ordezkaritzako kideekin eta langileekin eta elkarrizketatu nahi duten beste pertsonekin harremana izateko aukera emango zaie.

  2. Kontrol-jardunak onartzeko obligazio orokor horren esparruan, onuraduna honako honetara behartuta dago:

    Finantzatutako ekimena gauzatu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematera, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzera eta igortzera ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko. Errekerimendu horiek estatuko eredu barruan lagundutako ekintzei buruzkoak ere izan daitezke.

    Hobetuzi jakinaraztera beste Erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak eskatu direla edo eskuratu direla.

  3. Hobetuzek Kontu Ikuskaritza eta Ikuskapenen Urteko Plan bat ezarriko du, Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko, baita diruz lagundutako ekintzak betearazteko baldintza errealak egiaztatzeko ere. Plan horretan sartuko dira arriskuei buruz egiten diren azterketen arabera ateratzen diren estatistika-irizpideei jarraituz Hobetuzek aukeratzen dituen espedienteak. Era berean, Ikuskapen Planean behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritutako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak bilduko dira.

  1. Ondoren aipatzen diren kasuetan, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dira, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik:

    Laguntzaren helburua edo laguntza emateko agindutako baldintzak ez betetzea.

    Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

    Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

    Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

    Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

    Deialdi honetan finkatutako betebeharren, baldintzen eta betekizunen beste edozein ez-betetze.

  2. Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat joko dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

  3. Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko du. Horretarako, Hobetuzek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuko du dagokion espedientea, errekerimendu-idazkiarekin eta alegazioekin batera; eta, hala badagokio, alegazioak atzera botatzeko proposamena egingo du Administrazio honek itzultzeko beharrari buruzko ebazpena eman dezan.

  4. Epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-kopuruak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira.

Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskabidea betetzean interesatuak datu horiek Hobetuzen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatizatuetan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean (kale Nagusia 35, 6.a, 48009 Bilbao) eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean gauza daitezke.

Europako Batasunaren definizioaren arabera, enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) hartuko da 250 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituen enpresa, urteko negozio-bolumena 50 milioitik gorakoa ez duena edo zeinaren balantze orokorrak 43 milioi euro gainditzen ez dituen, eta bere kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago beste enpresa batena ez dela, edo ETEen definizioari erantzuten ez dioten beste zenbait enpresena batera.

Enpresa txikitzat jotzen da 50 pertsona baino gutxiago enplegatzen dituen eta urtean 10 milioi euroko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra gainditzen ez duena.

Batzordearen 1998/2006 (2006-12-28ko EBAO) Erregelamenduan zehaztutako «minimis» arauak estali ditzakeen kopuru txikiko diru-laguntzen kasuetan izan ezik, Agindu honen barruan finantzatzen diren prestakuntza-proiektuak Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz merkatu batuarekin bateragarriak diren laguntza-kategoria jakin batzuk aitortzen dituen 800/2008 Erregelamenduan (EE) ezarritakora egokituko dira (Kategorien araberako salbuespenari buruzko Erregelamendua).

Hori dela-eta, azkenean likidatzen den laguntza benetako kostu hautagarri eta justifikatuaren guztizkoari 800/2008 Erregelamenduan definitzen diren eta EAEn aplikagarriak diren gehienezko intentsitateak aplikatzearen emaitza izango da. Eskatzaileek egiaztatu beharko dute prestakuntzan egiten duten inbertsio-ahalegina jarraian jartzen den taulan adierazten diren ehunekoetara iristen dela (Planaren guztizko kopurua).

(Ikus .PDF)

Ehuneko horiek aplikatuko zaizkien guztizko kostu hautagarriak kalkulatzeko, Prestakuntza Planean parte hartzen duten langileen kostuak sartuko dira, 800/2008 Erregelamenduko 39. artikuluan xedatutakoaren arabera.

800/2008 Erregelamendu horretako 38. artikuluari jarraiki, «prestakuntza orokortzat» jotzen da enpresa onuraduneko langilearen egungo edo etorkizuneko lanpostuari bakarrik edo nagusiki aplikatzen ez zaiona, neurri handi batean beste enpresa batera edo lan- esparruetara eskualdatu daitezkeen gaitasunak ematen dituelako.

«Berariazko prestakuntzatzat» jotzen da enpresa onuraduneko langilearen egungo edo etorkizuneko lanpostuan zuzenean aplikatu daitekeen irakaskuntza teoriko eta praktikoa, beste enpresa edo lan-esparruetara eskualdatu ezin diren edo oso modu murriztuan eskualdatu daitezkeen gaitasunak ematen dituena.

Hobetuzen finantzazioa ez zaie gehituko beste laguntza publiko batzuei, metatutako diruz laguntzeko moduko kostu berberengatik, metatze horren emaitza 800/2008 Erregelamenduan ezarritakoa baino intentsitate handiagoa bada.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik