- ERABAKIA, 2011ko abenduaren 12koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2011ko lan-eskaintza publikoa onesten duen 2011ko maiatzaren 9ko Erabakia aldatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2011ko abenduaren 12koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2011ko lan-eskaintza publikoa onesten duen 2011ko maiatzaren 9ko Erabakia aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 5
- Hurrenkera-zk.: 115
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2011/12/12
- Argitaratze-data: 2012/01/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Deskribapenak
Testu legala
Administrazio Kontseiluak erabaki hau hartzeko, honakoetan xedatutakoa hartu du kontuan: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutuak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikulua eta, oro har, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legeak eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2077 Legeak Ente Publikoko langileentzat ezarritako arauak.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren maiatzaren 9ko Erabakiaren bidez, ente publikoaren 2011ko Enplegu Publikoaren Eskaintza onartu zen (2011ko ekainaren 6ko EHAA, 106. zk.)
Arlo horretako azken erabaki judizialen ondorioz, zuzendari nagusiak Ente Publikoaren 2011ko lan-eskaintza publikoa onartzen duen 2011ko maiatzaren 9ko Erabakiaren 8. atala aldatzeko proposamena egin du.
Adierazitakoaren arabera, zuzendari nagusiak proposatuta, eta Ente Publikoaren estatutuetako 8.5.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak hauxe erabaki du:
ERABAKIA
Lehenengoa. Ente Publikoaren 2011ko lan-eskaintza publikoa onartzen duen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakiaren 8. atala aldatzea onartzen da, eta azken ahapaldia kentzen: «...deialdi honetara arte etenik gabe lanpostuan jarraitu duten langileei».
Beraz, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko Legearen hirugarren xedapen iragankorrari buruzko 8. atala honela idatzita geratuko da:
Zortzigarrena. Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legeko hirugarren xedapen iragankorra aplikatuko zaie Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea indarrean jarri zenean bitarteko funtzionarioak edo administrazio-kontratudunak ziren langileei, lege horrek adierazitako moduan, eta baita Auzitegi Gorenak 2005eko apirilaren 16an emandako 888/2002 Epaia aplikatu behar zaien langileei ere, hau da, lege hori indarrean jarri zenean edozein lan-harreman mota izan duten langileei.
Oposizio-aldia gainditzen ez duten langileek betetako lanpostuak, Antolamendu Sanitarioaren Legearen hirugarren xedapen iragankorrak aurreikusitakoaren arabera, sarrera-molde horretarako ezarritako araubidea aplikatuta, hutsik geldituko dira, eta esleitu beharreko behin betiko zerrendan eskainiko dira. Beraz, hautagaiek aukera ditzaketen plazak gehitu egingo dira, bai barne-sustapeneko txandakoentzat eta, hala badagokio, baita txanda librekoentzat ere. Lanpostu horien benetako kargu-uztea esleipendunak kargu berriaz jabetzean egingo da, hautaketa-prozesuaren faseetariko edozeinetan.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina erabaki honek.
Beraren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 12a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.


