- ERABAKIA, 2012ko otsailaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2012ko lekualdatze-lehiaketaren irizpide orokorrak onesten dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2012ko otsailaren 28koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2012ko lekualdatze-lehiaketaren irizpide orokorrak onesten dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 59
- Hurrenkera-zk.: 1397
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/02/28
- Argitaratze-data: 2012/03/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Administrazio Kontseiluak erabaki hau hartu du, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren estatutu sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.i) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, oro har, ente publiko horretako langileentzat ezarritako arauak betez, hau da, ondokoak kontuan hartuta: Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutu sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua; Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legea; eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 37.1 artikuluaren c) idatzi-zatia, non negoziazio kolektiboko gaien artean sartzen baitira giza baliabideen kontratazioaren arloko irizpide orokorrak.
Osasun-sektoreko Mahaiak 2010eko lehenengo seihilekoan ekin zion lan-eskaintza publiko berri bat eta lekualdatze-lehiaketa berri bat onartzeko prozesu negoziatzaileari. Prozesu hori, Osasun sektorearen Mahaiak 2010, 2011 eta 2012an egindako bilkuretan garatu da, eta, 2012ko otsailaren 28an hitzarmen bat izenpetu zen, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuekin, lekualdatze-lehiaketa berria arautuko duten irizpideak finkatzeko.
Adierazitakoaren arabera, zuzendari nagusiak proposatuta, eta ente publikoaren estatutuetako 8.5.i) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hauxe erabaki du:
ERABAKIA:
Lehenengoa. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan, lekualdatze-lehiaketa baterako deialdia egitea, zerbitzu-erakunde batetik bestera borondatez behin betiko mugitzea ahalbidetzeko.
Borondatez behin betiko mugitzeko prozesua lehiaketa sistemaren bidez ebatziko da. Kategorien lekualdatze-lehiaketa arautu behar duten oinarrietan zehaztuko da zer baldintza bete beharko diren, zer destino eskainiko diren, zer prozedura erabiliko den eta zein izango den merezimenduen baremoa.
Erabaki honek behar besteko bideragarritasun juridikoa lortu orduko kudeatzen hasiko dira lekualdatze-lehiaketari hasiera emateko jarduerak. Orduantxe kudeatuko da, orobat, erabaki hau garatzeko ematen diren oinarri orokorrak biltzen dituzten ebazpenak.
Bigarrena. Honako hauek dira 2012ko deialdian sartuko diren lanpostuak zehazteko irizpideak:
Destino hutsak, behin-behineko atxikipen-egoeran dauden langileek betetakoak, betiere atxikipena 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen izapidetu bada.
Destino hutsak, zerbitzu-eginkizunen egoeran dauden langileek betetakoak, betiere zerbitzu-eginkizuna 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen izapidetu bada.
Destino hutsak, 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen egindako izendapena/bitarteko kontratua duten langileek betetakoak.
Destino hutsak, 2012ko urtarrilaren 1ean bete gabe zeudenak.
Nolanahi ere, behar bezala justifikatutako antolamendu-arrazoiak direla-eta, aurreko paragrafoan ezarritako irizpideak betetzen dituzten destino batzuk ere deialditik kanpo gera daitezke. Hala ere, salbuespen horiek ezingo dira izan lekualdatze-lehiaketa honetan deitu daitezkeen destino guztien % 5etik gorakoak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren deialdietan zehaztuko da zein kategoriari buruzkoa izango den Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren 2012ko lekualdatze-lehiaketa. Deialdi horiek, bestalde, 2011ko Lan Eskaintza Publikoko deialdiarekin batera edo deialdi horretan bertan egingo dira.
Fakultatibo mediko eta teknikarien lanbide-taldean, arlo jakin bateko ezagutza espezifikoak egiaztatzea beharrezko duten destinoak ere sartu daitezke.
Deialdiak multzoka egingo dira, honako talde hauen arabera:
Lehen Mailako Atentzioko Fakultatibo Medikoen Lanbide Taldea.
Fakultatibo Medikoen eta Teknikarien Lanbide Taldea.
Diplomatu Sanitarioen Lanbide Taldea.
Teknikari Espezialista Sanitarioen Lanbide Taldea.
Teknikari Laguntzaile Sanitarioen Lanbide Taldea.
Kudeaketa eta Zerbitzuetako langileak.
Hirugarrena. Lekualdatze-lehiaketa garatzeko jardueren kudeaketa deialdi bakoitzaren oinarriek ezarritakoaren arabera egingo da.
Deialdiko oinarrien edukia bete beharreko baldintzei eta balioetsikoak diren merezimenduei dagokienez nahiz prozesuaren garapenaren edukia, Osakidetzak 2009an deitutako lekualdatze-lehiaketan ezarritako berberak izango dira; hala ere, nahitaezko egokitzapen teknikoak eta aldaketak egingo dira, honen ondoren zehazten direnak:
Langile finkoek euren lanpostu funtzional bereko plaza bat lortzerakoan lehentasuna izango dute, baldin eta garai batean Gipuzkoa Mendebaldeko Eskualdearen administrazio-atalean jardun bazuten eta, gerora, beste zerbitzu-erakunde batzuetara aldatu badira, Gipuzkoako osasun-arloko zerbitzu-erakundeetan izandako berrantolaketa dela-eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko erakunde publikoaren Administrazio Kontseiluaren 2011ko urriaren 3ko Erabakiaren bidez egin zen berrantolaketa hori; lehentasun hori, betiere, lanpostu berrietan hasi ondoren deitutako lehenengo lekualdatze-lehiaketan baliatu ahal izango dute.
Lehentasunezko eskubide hori behin bakarrik baliatu ahal izango da, eta salbuespenezkoa izango da.
Esleipena egiteko, beste lekualdatze-lehiaketa batzuetan ezarritako baremazio-irizpide bera erabiliko da, baina lehentasuna emango zaie aipatutako langileei.
Parte-hartzaileek egiaztatutako garapen profesionalaren maila ez da merezimendu zenbakarritzat hartuko deialdi bakar batean ere.
Zenbait deialditan, hizkuntzak ezagutzea (ingelesa, frantsesa eta alemanera) balioetsi egiten da, merezimendu gisa. Halako deialdietan, titulazio baliokideen katalogoa egokitu egingo da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak 2011n deitutako Laneko Eskaintza Publikoan egin den modu berean.
Fakultatibo Medikoen eta Teknikarien Lanbide Taldeko zenbait destinotan ezagutza espezifikoak egiaztatu beharra badago ere, halako destino horietan, parte-hartzaileek aurkeztutako merezimenduak baino ez dira balioetsiko, proba espezifikorik egin gabe.
Etengabeko Prestakuntzari dagozkion merezimenduen baremazioan, ikastaroak balioetsi egingo dira, baldin eta erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek, profesionalen elkargoek eta sozietate zientifikoek emandakoak eta egiaztatutakoak badira. Horretaz gainera, edozein administrazio publikok izenpetutako etengabeko prestakuntzarako akordioen bidez emandako eta egiaztatuko ikastaroak ere balioetsiko dira, betiere titulazio ofizial bat lortzeko ikasketa-plan batean sartuta ez badaude.
Osasun-sektoreko Mahaiko hitzarmena izenpetu duten sindikatuek, denen artean adostuta, proposamen bat egin ahal izango diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuari, lekualdatze-lehiaketarako eratu den epaimahai bakoitzean sindikatuetako kide bat izendatzeko. Hala izendatutako epaimahaikideek euren izenean hartuko dute parte epaimahaietan.
Laugarrena. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak kudeatu beharko du, borondatez behin betiko mugitzeko prozesuen deialdia. Kudeaketa-gomendio horren barruan, hautaketa-prozesua arautu behar duten oinarriak prestatu, izapidetu eta ematea daude sartuta, bai eta deialdiko lanpostuak zehaztea, epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, deialdiak ebaztea eta destinoak esleitzea ere.
Bosgarrena. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak lekualdatze-lehiaketa ireki eta etengabeko sistema bat garatuko du, 2012. urtean, kategoria guztietan. Urte horretan, halaber, lekualdatze-lehiaketa bat deituko du, 2011ko Laneko Eskaintza Publikoan sartu ez diren kategorietarako.
Seigarrena. Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Erabaki honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Gasteizko administrazioarekiko auzietako epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 28a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: 796/2012 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Honen bidez, hemen zehazten diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa izango duten teknikari laguntzaile sanitarioen lanbide-taldeko lekualdatze-lehia
- Ikus: 794/2012 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, hemen zehazten diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa izango duten diplomadun sanitarioen lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketara deit
- Ikus: 795/2012 EBAZPENA, ekainaren 20koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, hemen zehazten diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa izango duten teknikari espezialista sanitarioen lanbide-taldeko lekualdatze-lehi


