- ERABAKIA, 2014ko apirilaren 30ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinen bidez, tokiko korporazioei laguntzak emateko 2014. urteko deialdia eta oinarri-arauak onartzen baitira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuERABAKIA, 2014ko apirilaren 30ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinen bidez, tokiko korporazioei laguntzak emateko 2014. urteko deialdia eta oinarri-arauak onartzen baitira.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Akordioa
- Organo arau-emailea: Osasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 103
- Hurrenkera-zk.: 2424
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/04/30
- Argitaratze-data: 2014/06/03
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak titularitate publikoko baliabide-dotazioa izan behar du, osasun-arloko beharrizanei egokitua, eta baliabide horiek zentzuz eta eraz erabiltzea, horixe izango da planifikatzerakoan aintzat hartuko den irizpidea. Horrela izan dadin bermatuko da, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean jasotako xedapenen arabera.
Jakina denez, osasun-arloan zerbitzu egokiak emateko, beharrezkoa da leku eta ekipamendu egokiak erabilgarri izatea, eta baldintza horri estu-estu lotuta dago zerbitzuaren kalitatea. Askotan, lokal eta ekipamendu horiek egungo beharrizanei ez zaizkiela ondo egokitzen egiaztatu da, eta, beraz, hobetu beharrekoak hobetu daitezen, laguntza-programa egin da, eta laguntzak emateko modua arautu.
Honela, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak sustatze-jardun hori bere gain hartu du eta berau garatzen jarraitzen du toki korporazioei bideratutako laguntzen deialdiaren bidez, gisa horretan, biztanleen beharrizan sanitarioei egokitutako zerbitzu sanitarioak eskaintzeko helburua betez.
Honela, honako erabaki hau hartu dut Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Tituluan xedatutakoekin bat etorriz; abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan araututako laguntza eta diru-laguntzei jarraikiz, eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren bidez onartutako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Estatutu Sozialek emandako eskumenak kontuan hartuz
ERABAKIA
Lehenengoa. Tokiko korporazioei 2014. urtean diru-laguntzak emateko deialdia eta oinarri-arauak onartzea, I. eranskinean ezarritakoaren arabera.
Bigarrena. Honako erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 30a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.
Xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko korporazioei laguntzak esleitzerakoan nola jokatu zehaztuko duten oinarri arauemaileak ezartzea, horixe da deialdi honen xedea. Laguntza horien helburu izango da osasun-zentroak eta horiei lotutako mediku-kontsultategiak handitzeko, eraberritzeko edo konpontzeko lanak egitea, eraikuntza berriko obrak egitea, horiei buruzko proiektuak idaztea, eta beharrezko diren altzariak eskuratzea.
Finantzaketa.
Deialdi honetako laguntzak ordaintzeko, honako kontabilitate-kontu hau erabiliko da: «Beste batzuei emandako kapital-laguntzak», 65310000 zenbakia.
Programaren zenbateko osoa 500.000 eurokoa da.
Onuradunak.
Laguntza hauen onuradun izango dira, 2014an, osasun-zentroetarako edo mediku-kontsultetarako proiektuak edo obrak abian jarri edo altzariak erosi dituzten funts publikoen jasotzaileak, edo lehenago hasitakoekin jarraitzen dutenak, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Korporazioak.
Laguntza-eskatzaileak baldintza hori betetzen duela egiaztatzeko, beharrezko dokumentazio guztia aurkeztu beharko du eskabideak egiteko dagoen epean.
Diruz lagun daitezkeen gastuak.
Diru-laguntzak honako gastu hauek ordaintzen lagunduko du:
Proiektuak idaztea.
Eraikuntza berriko obrak.
Handitze-lanak.
Eraberritze-lanak.
Osasun-zentroa zaintzeko konponketa-lanak.
Altzariak erostea.
Diru-laguntza jaso duen tokiko korporazioak titular gisa jabetzan dituen orubeak, eraikinak eta lokalak izango dira proiektu eta obra horien xede.
Halaber, proiektu eta obra horiek legez ezarritako prozeduren bitartez gauzatuko dira.
Legezkotasun hori kontrolatzeko, eranskin honetako 9.2.f atalean adierazten den betebeharra ezarri zaio diru-laguntzaren onuradunari.
Baina Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ez da izango administrazio-kontratazioaren alorrean indarrean dagoen legeria betetzearen berme-emailea; aitzitik, burutuko den kontrola, diru-laguntza eman behar den edo ukatu behar den jakiteko egingo da bakar-bakarrik.
Hala dagokionean, egin beharreko inbertsioaren kopuru osoa ere har lezake diru-laguntzetako bakoitzak.
Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkeztea.
Eskabidea eta agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, honako erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari zuzenduta aurkeztu behar dira (Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz).
Halaber, 4/1999 Legeak aldatu zuen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuan eta moduan ere aurkeztu ahal izango dira agiriak (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Eskabidea egiteko agirian ondo jasota egongo dira 1.1 eranskinean agertzen diren datu guztiak, eta horri erantsita aurkeztuko dira 1.2 eranskinean eskatutako agiriak.
Eskabidea jasotakoan akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, horren berri emango zaio eskatzaileari, eta hamar eguneko epea emango zaio dena delako akatsa edo okerra zuzen dezan. Epe hori igarota, okerra edo akatsa zuzendu ez badu, eskabidea artxibatu egingo da bestelako izapiderik egin gabe.
Aurkeztutako eskaerak eta agiriak baloratzea.
Eskabideak horretarako izendatutako batzordeak baloratuko ditu; batzordea izendatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du, eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.
Ondoren azalduta datozen irizpide hauek aintzakotzat hartuta egin beharko da balorazio-lan hori:
Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-arloan lehen mailako arreta ezartzeko prozesua zenbateraino laguntzen edo arintzen den begiratu behar da; horretarako, lehen mailako arreta eskaintzeko ekipoak martxan jartzeko orduan zer-nolako lehentasunak dauden kontuan hartuko da.
Hobekuntza hori finantzatzeko bestelako arrazoizko aukerarik ez dagoela egiaztatuko da.
Tokian-tokian nolako ezaugarriak dauden aintzat hartuko da; konpondu edo eraberritu beharreko eraikina salbuetsia den edo eraikinak zor historiko-artistikorik ba ote duen, esaterako.
Lehentasuna emango zaie zentroen kanpoaldean eta barrualdean dauden arkitektura-oztopoak kentzeko obrei eta horietarako sarbidea egokitzeko obrei.
Erabaki honetan azaldutako baldintza guztiak beteta izateak ez du esan nahi, besterik gabe, laguntza jasotzeko eskubidea lortu denik.
Gainfinantzaketa gertatzen bada, laguntza hau jasotzea eta xede eta kontzeptu berbera duen beste edozein eratako laguntzarik jasotzea bateraezinak izango dira.
Kofinantzaketarik izanez gero, helburu bererako hartutako laguntza guztien diru-kopuru osoa kostu osoa bera baino handiagoa denean, erabaki honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa ere murriztu egingo da: kostutik gora zenbat, horrenbeste.
Batzordearen balorazioan hauek adierazi beharko dira:
onuradunen zerrenda eta diruz lagundutako kontzeptuak.
diru-laguntzak zenbatekoak diren guztira, diruz lagundutako kontzeptuetako bakoitzari zenbat dagokion ondo zehaztuta.
Ebazpena.
Balioespena aztertu ondoren, Administrazio Kontseiluak eskuordetza emanda, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak diru-laguntzak esleitzeko ebazpena emango du Balorazio Batzordearen proposamenean oinarrituz; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Aldi berean, laguntza-esleipenean onuradun izan den tokiko korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, eta agiri hori behar bezala beteta itzuli behar da hamabost eguneko epean, agiria jasotzen denetik aurrera.
Onarpen-agiria epe horretan itzultzen ez bada, diru-laguntzari uko egin zaiola ulertuko da, eta, orduan, laguntza jasotzeko eskubidea ere galduko da, erabaki honen 7.2 puntuan ezarritakoari jarraituz.
Balioespenean kontuan hartutako baldintzetakoren bat gerora aldatzen bada, emandako ebazpena ere moldatu egin ahal izango da horren arabera.
Zehatzago esanda, esleitutako laguntzari uko egiten bazaio edo baldintzak ez betetzeagatik jasotako dirua itzularazi egin behar bada, eskabidea aurkeztu duten gainerakoen artean esleituko da berriz bueltan jasotako kopuru hori, betiere, hasieratik aintzat hartutako irizpide berberak oinarri.
Era berean, xede bererako beste laguntzaren bat ere lortuz gero, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion kitapen-ebazpena emango du esleitutako laguntzen kopuruak berriz doitu eta egokitzeko; egoera horretan, aldez aurretik ordainketarik egin bada, onuradunak itzuli egin beharko du zegokionetik gora jasotako kopurua.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2014ko abenduaren 31 baino lehenago esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, ebatzi gabeko eskaerak ezetsi egin direla ulertu beharko da, halaxe ezarrita baitago, 4/1999 Legeak emandako idazkeraren arabera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan, ahaztu gabe lege berak Administrazioari esanbidez ebatzi behar duela ere agintzen diola.
Esleitutako laguntzak ordaintzea.
Esleitutako diru-laguntza transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak laguntza onartu duela jakinarazi ondoren; ordainketa egin ahal izateko, onuradunak aurrez erakutsi beharko du laguntzaren helburua bete dela, eta dirua zertarako eman, horretarakoxe erabili dela; horretarako, onuradunak kasuan-kasuan dagokion jatorrizko agiriak aurkeztu behar ditu: proiektua idazteagatiko ordainsariak, obra-ziurtapenak (arkitekto-zuzendariak baloratu eta sinatutakoak), edo ondasun higiezinak eskuratu direla egiaztatzen duten fakturak, baita ordainketa onartzen duen erabakia edo dekretua ere (udalbatzarena zein gobernu-batzordearena edo alkatetzarena).
Ordainketa egiteko beharrezkoak diren agiriak aurkezteko azken eguna 2015eko abenduaren 31 da. Salbuespen modura, ordainketa egiteko epea atzeratu egin liteke, baldin onuradunak, gehienez epea bukatu baino bi hilabete lehenago, eskaera egiten badu, horretarako nahikoa arrazoi baduela modu egokian erakutsita.
Goian esandakoa horrela izanda ere, laguntza dela-eta egiaztagiriak aurkeztutakoan ere egin litezke konturako ordainketak. Konturako ordainketa horiek zatikako ordainketak izan ahalko dira, eta, beraz, diruz lagundutako jardunak burutu ahala ordainduko dira: aurkeztutako justifikazioa zenbatekoa, ordainduko den laguntza-zatia ere horrenbestekoa.
Salbuespen modura, aurreratutako ordainketak ere egin litezke: alegia, inoiz funtsak eman litezke aurrez justifikatu gabe, baldin eta finantzaketa hori diruz lagundutako jardun horiek burutu ahal izateko beharrezkoa bada.
Onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
Onuradun izan nahi duenak diru-laguntza jaso ahal izateko egoeran egon behar du.
Diru-laguntza emango duen erakundean onuradunak egiaztatu behar du laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak betetzen dituela, bai eta egin beharreko jarduna egin duela ere.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, deialdi honi lotuta emandako diru-laguntzak direla-eta lanean ari direla, eskatutako informazio guztia ematea.
Onuradunak laguntza eman dion erakundeari jakinarazi behar dio ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik bestelako laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.
Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea. Berariaz eskatzen da osasun-zentroaren kalifikazioa ez aldatzea.
Onuradunak, zehazki, honako konpromiso hauek hartuko ditu:
Esleitu zaion diru-laguntza onartzea, deialdi honetako 7.1 puntuan ezarritakoari jarraituz.
Laguntza zertarako eman zaion, horrexetarako erabiltzea eta ez beste ezertarako.
Proiektuak idazterakoan eta obrak egiterakoan, Eusko Jaurlaritzaren urriaren 11ko 396/1994 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da, osasun-arloko zentro, zerbitzu eta establezimenduak irekitzeko, jardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruzkoa (1994ko urriaren 28ko EHAA, 206. zenbakia).
Osasun Sailarekin eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuarekin lankidetzan jardun behar du onuradunak, haiek hasitako jarduera-programetan laguntzen.
Osasun Sailak ezartzen dituen ikuskapenak eta kontrolak onartu behar ditu onuradunak.
Era berean, diru-laguntzaren arauak eta baldintzak benetan betetzen ari direla egiaztatzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren iritziz, beharrezko diren gainbegirada, ikuskapen eta egiaztapen guztiak ere onartu behar dira.
Baldin eta Erosketen, Obren eta Zerbitzu Estrategikoen Zuzendariordetzak, txosten tekniko baten bidez, beste agiri osagarri batzuk edo aldaketa batzuk eskatzen baditu, 15 egun naturaleko epean erantzun beharko zaio.
Diru-laguntza itzularaztea edo baliogabetzea.
Ondoren adieraziko diren egoeretakoren bat gertatuz gero, onuradunak ezin izango du laguntza ordain diezaiotela eskatu, eta, gainera, hala dagokionean, jaso duen diru-kopurua itzuli egin beharko du, dirua jaso zuenetik sortutako interes eta guzti:
Justifikatu beharrekoa ez justifikatzeagatik.
Laguntza, bete beharreko baldintzak bete gabe jasotzeagatik.
Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaiterako erabiltzeagatik.
Laguntza dela-eta ezarritako betekizunak ez betetzeagatik.
Ezarritako kontrol-jardunei ezezkoa eman edo oztopoak jartzeagatik.
Laguntza hauekin batera beste batzuk ere jaso, eta gainfinantzaketa gertatzeagatik.
Balorazioan kontuan hartutako baldintzak aldatzeagatik baliogabetu ahalko da laguntza, osorik edo zati bat, 7.2 puntuarekin bat etorriz.
Bereziki, baliogabetuta geratuko da laguntza baldin eta 9.1.d, 9.1.e, 9.2.b, 9.2.g eta 10.1 idatzi-zatietan jasotakoa bete gabe uzten bada edo faltsutzen bada.
Gai hauetan eskumena duen organoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.2 eta 3. artikuluekin bat etorriz zehatuko da, eta dekretu horren 5. artikuluko prozedurari jarraituko zaio.
Araubide juridikoa.
Prozeduraren inguruan oinarri-arau hauetan aurrez zehaztu ez diren gaietan, 4/1999 Legean ezarritakoa aplikatuko da (lege horrek azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
I.1 ERANSKINA
BERTAN JASO BEHARREKO DATUAK
Tokiko korporazioa:
Kontsultategia edo osasun-zentroa (herria):
Osasun-zentroaren edo zentro medikoaren helbidea:
Tel-zk. eta e-maila:
Osasun-eskualdea:
Deialdia:
Laguntza eskatzeko arrazoia:
proiektua idaztea, eraikuntza berriko obrak egitea, osasun-zentroa handitzea, eraberritzea edo konpontzea.
Inbertsioaren zenbatekoa, guztira:
Lanak hartuko duen azalera:
Goian adierazitako korporazioak, deialdiari jarraituz, ESKATZEN DU:
............................. euroko diru-kopurua eman diezaiotela, gorago adierazitako inbertsioak ekarri dituen gastuei aurre egiteko. Agiri hauek ere aurkeztu dira eskaerari erantsita:
(Zehaztu zein agiri aurkeztu den, deialdi honetako I.2 eranskinean eskatutakoari jarraituz).
(Data)
(Alkatearen sinadura)
OSAKIDETZAKO ZUZENDARI OROKORRA.
I.2 ERANSKINA
Aurkeztu beharreko agiriak:
Kontsultategi berria eraikitzeko proiektua idatzi behar denean, honako hauek aurkeztu behar dira:
Diru-laguntza emateko:
Kokapen-planoa, eraikina non egingo den zehaztuta.
Plan Funtzionala, dagokion osasun-eskualdeak egina.
Aurreproiektua edo oinarrizko proiektua, halakorik dagoenean.
Ordainketa justifikatzeko:
Proiektua, dokumentazio grafikoan eta informatizatuan.
Eraikuntza berriko lanak, eraberritze-lanak edo Zentro Mediko edo Osasun Zentro berria eraikitzeko lanak badira, onartzeko, aurreproiektua edo burutzapen-proiektua eta dagokion osasun-eskualdeak prestatutako Plan Funtzionala erantsi.
Egungo osasun-zentroa edo zentro medikoa handitzeko edo eraberritzeko denean, hauek aurkeztu:
Egungo egoeraren planoa.
Eraberritzeko proposamen-planoa.
Urbanizazioaren edo sarbidearen planoak eta argazkiak, zentroaren kanpotiko irisgarritasuna aztertu ahal izateko.
Kasu batean zein bestean, arkitektura-oztopoak kentzeko arauak eta irisgarritasun-arauak bete beharko dira.
Osasun-zentroa zaintzeko konponketa-lanak egin nahi direnean, honako hauek erantsi:
Egungo egoeraren planoa.
Urbanizazioaren edo sarbidearen planoak eta argazkiak, zentroaren kanpotiko irisgarritasuna aztertu ahal izateko.
Laguntza altzariak erosteko denean, hauek aurkeztu:
Kontsultategiaren/osasun-zentroaren planoa.
Erosi nahi diren altzarien aurrekontua, zehaztua.
Kasu guztietan aurkeztu behar dira honako agiri hauek:
Txostena, laguntza zein helburutarako erabiliko den zehazteko.
Aurrekontu xehekatua.
Burutzapen-proiektua aurkezten denean, bertan agertu behar dira a) eta b) ataletan eskatutako agiriak.
Udalak osasun-arloan dituen baliabideei buruzko txostena (langile sanitarioak).
Agiri batean adierazi behar da ea inbertsio osoa eskatzen den, edo Udalak ere diru-kopururen bat jarriko duen.
Ziurtagiri batean azaldu behar da ea beste erakunderen bati xede bererako laguntzarik eskatu ote zaion.
Xede bererako ondoren bestelako laguntzarik jasotzen bada, ezinbestekoa da hori jakinaraztea.
Tokiko korporazioa orube, eraikin edo lokalaren jabea dela egiaztatzen duen agiria, behar bezala betea (agirian, jabetza osasun-kontsultategi gisa jasota ez badago, ziurtagiri bat aurkeztuko da, ematen diren agiriak horri buruzkoak direla adierazten duena).
Teknikari eskumendunak sinatu beharko ditu agiri tekniko guztiak.


