Euskadi.eus
  • 38/2001 DEKRETUA, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoan metrologia kontrola burutzeko bitartekoak ezartzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

38/2001 DEKRETUA, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoan metrologia kontrola burutzeko bitartekoak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 50
  • Hurrenkera-zk.: 1343
  • Xedapen-zk.: 38
  • Xedapen-data: 2001/02/27
  • Argitaratze-data: 2001/03/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Osasun eta kontsumoa; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Metrologia kontrola guztiz garrantzitsua da kontsumitzaile eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta horien osasuna nahiz interes ekonomikoak babesteko. Horrek esan nahi du ezinbestekoa dela neurketa-sistema, baliabide, aparailu eta tresnen funtzionamendua kontrolatzeko sistema eraginkor bat ezartzea.

Herritarrek gero eta gehiago eskatzen dute era horretako kontrolak egitea. Eskaera horri erantzuteak eta kontrola behar bezala burutu eta garatzeak espezializazio eta teknifikazio handia eskatzen duenez, Administrazioak eskuhartze administratiborako sistema bat baino gehiago erabili beharra du, hau da, administrazioak berak bakarrik eta zuzenean egin dezake eskuhartzea edo sistema mistoak ere erabili ahal ditu horretarako. Sistema mistoak erabiltzeko, baimenen teknikaz gain, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak zerbitzu publikoak kudeatzeko ematen dituen aukeretatik edozein erabil dezake administrazioak.

Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 12. artikuluko 5. paragrafoak ezartzen du autonomia erkidego honek eskumena duela pisu eta neurrien arloko Estatuko legedia burutzeko.

Metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legearen 6. artikuluak dio metrologia arloan aplikatu beharreko objektu eta elementuez gain, erregelamendu bidez ezartzen diren neurketak ere Estatuaren metrologia kontrolaren menpe daudela.

Bestalde, 3/1985 Legean bertan eta legea garatzen duten xedapenetan ezarritakoa eta gai honen gaineko jurisprudentzia konstituzionala (100/1991 eta 236/1991 K.A.E.) kontuan hartuta, autonomia erkidego honi dagozkio aurreko lerroaldian adierazitako metrologia kontrolaren gaineko zereginak burutzea. Era berean, autonomia erkidego honi dagozkio arlo honetako eskumena gauzatzeko berezkoak diren zereginak burutzea, bai eta honako hauek ere:

  • 3/1985 legearen 7.1 artikuluan jasotako metrologia kontroleko fase guztiak.

  • Metrologia egiaztapenerako laborategiak habilitatzea.

  • Metrologia Kontroleko Erregistroa kudeatzea.

  • EEE (Europako Ekonomia Erkidegoa) metrologia kontrola.

    Horren guztiaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoa da ondoko errege dekretuetan aurreikusitako eskumenak gauzatzeko titularra: irailaren 11ko 1616/1985, 1617/1985 eta 1618/1985 Errege Dekretuak eta ekainaren 10eko 597/1988 Errege Dekretua.

    Azkenik, kontuan izan behar dugu pisu eta neurrien arloko eskumenak gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa dela metrologia kontrola behar bezala burutu ahal izateko moduko antolaketa-egitura bat eratzea lehendabizi; izan ere, metrologia kontrolak izaera erabat teknikoa baitu, eta azken finean, kontrol hori behar bezala burutzea da Dekretu honen xedea.

    Ondorioz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko otsailaren 27an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. – Dekretu honen xedea da neurketa sistema, baliabide, aparailu eta tresnei aplikatu behar zaien metrologia kontrolerako araubidea ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoak duen eskumen esparruaren barruan, baldin eta arauren batek hala agintzen badu eta indarrean dagoen araubidean aurreikusitako neurketak badira.

  2. – Era berean, Dekretu honek metrologia arloan indarrean dagoen legedia gauzatu ahal izateko behar diren bitartekoak, metodoak eta tresnak arautzen ditu.

  3. – Dekretu honen ezarpen eremutik kanpo daude indarrean dagoen legediak udal korporazioei esleitzen dizkien metrologia kontroleko eginkizunak. Eginkizun horiek azoken antolamendua egiteari eta kontsumitzaileak babesteari buruzkoak izan ohi dira.

  4. – Dekretu honetan aurreikusitako ondorioetarako, industria gaietarako organo eskumenduntzat joko da sailaren egitura organikoari buruzko arauan jasota dagoen organoa.

  1. – Industria gaietarako organo eskumendunak egingo duen metrologia kontrolak honako jarduerak hartzen ditu:

    1. Modeloa onartzea.

    2. Jatorrizko egiaztapena egitea.

    3. Konponketa edo aldaketaren baten osteko egiaztapena egitea.

    4. Aldian aldiko egiaztapena egitea.

    5. Zaintzea eta ikuskatzea.

  2. – Indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, ondoko organo hauen zeregina izango da metrologia kontrola egitea eta era horretako kontrola eskatzen duten zaintze eta ikuskatze zereginak egitea:

    1. Industria gaietarako organo eskumendunak zuzen-zuzenean egingo ditu.

    2. Industria gaietarako organo eskumendunak zeharka egingo ditu, eta horretarako, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak zerbitzu publikoak kudeatzeko ematen dituen aukeretatik edozein erabiliko du.

    3. Baimendutako egiaztapen entitateen bitartez edo zeregin horiek beregain hartzen dituzten ofizialki baimendutako laborategien bitartez egingo dira.

  1. – Metrologia kontrolari buruzko legearen 8. artikuluak dioenaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan industria gaietarako organo eskumendunaren zeregina izango da metrologia kontrolerako erregistroaz arduratzea, erregistroa kudeatzea eta kontrolatzea; izan ere organo horrek du erregistroan inskripzioak egiteko eta ezesteko ahalmena, eta berdin dio zerk eragiten duen ezestapena. Horrez gain, inskripzioak berresteko, aldatzeko edo baliogabetzeko ahalemena era badu.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoan neurketa-sistema, baliabide, aparailu eta tresnak fabrikatu, inportatu, merkaturatu, konpondu, errentan eman edo egiaztatu nahi dituzten pertsona edo entitateek metrologia kontroleko erregistroan inskribatzeko baimen eskatu beharko dute lehendabizi, bai eta inskripzioa egin ere.

  1. – Industria gaietarako organo eskumendunaren baimen eskuratzen duen edozein entitate publiko zein pribatu izango da metrologia kontroleko zereginak burutzeko gai. Baimena lortzeko, entitate publiko zein pribatu horiek estatuko arauetan eta Dekretu honetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

  2. – Beraz, ondorio horietarako, Metrologia egiaztapeneko laborategiak habilitatzeari buruzko irailaren 11ko 1617/1985 Errege Dekretuan ezarritakoa kontuan hartuta, laborategi ofizialtzak joko dira neurketa-sistema, baliabide, aparailu eta tresnen jatorrizko egiaztapena egiteko baimena duten laborategi fabrikatzaileak edo inportatzaileak. Bestalde, Dekretu honetako 10. artikuluan ere hala dago jasota.

  3. – Aurreko idatz-zatian aurreikusi gabe geratu diren gainontzeko eginkizunak industria gaietarako organo eskumendunak berak burutuko ditu zuzenean, edo metrologia egiaztapenerako entitateen bidez burutuko ditu. Bestalde, Metrologia egiaztapenerako entitate horiek habilitatzeko edo baimentzeko, Dekretu honetan eta Dekretu hau garatzen duten arauetan ezarritakoa bete beharko da.

  4. – Egiaztapeneko laborategi edo entitate bati baimena ematen dion ebazpena ezinbestean argitaratu beharko da argitaratu beharreko aldizkari ofizialetan.

Autonomia erkidego honetan industria gaietarako eskumena duen organoak burutu beharko ditu dira EEE metrologia kontrola burutzeko eginkizun guztiak. Bestalde, indarrean dauden xedapenetan ezarrita dago zeintzuk neurketa metodo, elementu edo tresna kategoriari egin behar zaien kontrola.

Indarrean dagoen legedian ezarrita dagoena kontuan hartzen badugu, neurriak zuzen egon daitezen eta zehatzak izan daitezen planifikatu eta burutuko dira neurriak zaintzeko eta ikuskatzeko zereginak. Era berean, neurketa tresnen gaineko kontrola herritarren osasun eta segurtasuna babesteko lagungarria izango da, bai eta kontsumitzaileen kalterako izaten den iruzurrak eragozteko ere.

  1. – Estatuan edo Europako Batasunean indarrean dauden xedapenetan ezarritakoa kontuan hartuta arautuko da Euskal Autonomia Erkidegoan metrologia kontroleko erregistroa.

  2. – Industria gaietarako organo eskumendunak ezarri ahal izango du erregistroan inskripzioa egiteko baldintzak eta eskakizunak bete direla egiztatzeko zeintzuk frogagiri aurkeztu behar diren eta zein prozedura erabiliko den.

Espainiako Metrologia Zentroarekin komunikazio-harreman iraunkorra izango da lankidetza ahalik eta onena izan dadin eta informazio trukaketa ahalik eta errazena izan dadin. Bestalde, dagokion arauak ezarriko du komunikazio-harremanetarako zein sistema, metodo eta aldikotasun erabiliko diren.

Ondorio horietarako, erregistroan inskribatutako merkataritza enpresen eta entitateen zerrenda bidaliko da Espainiako Metrologia Zentrora. Zerrenda horretan enpresa eta entitate horien datuak eta inskripzio zenbakia ere jasoko dira. Bestalde, araudi bidez ezarriko da zerrenda nola eta zenbatero bidali behar den.

  1. – Behar bezala baimendutako laborategiek Estatuko legedian ezarritako eginkizunez arduratuko dira, eta Estatuko legedian ezarritako araubide juridikoaren menpe egongo dira.

  2. – Behar bezala baimendutako metrologia egiaztapenerako entitateek Dekretu honetako 11. artikuluan ezarritako eginkizun edo jarduera guztiak burutu ahal izango dituzte.

    Era berean, eta Dekretu honetako 14. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, metrologia kontroleko egiaztatze ofizialari dagozkion eginkizunak ere burutu ahal izango dituzte, bai eta administrazio eskumendunak berariaz agindutako bestelakoak ere.

  3. – Industria gaietarako organo eskumendunak erabakitzen badu halako edo bestelako eginkizunak zerbitzu publikoak zeharka kudeatzeko araubidearen arabera burutu behar direla, metrologia egiaztapeneko entitateek ezin izango dituzte eginkizun horiek burutu, hala baitago jasota Dekretu honetako IV. kapituluan.

  1. – Metrologia egiaztapeneko laborategiak izango dira neurketa sistemen, bitartekoen edo tresnen jatorrizko egiaztapena egiteko habilitazioa duten laborategi fabrikatzaile edo inportatzaileak. Horrez gain, laborategi horiek beste ezaugarri hauek izan ditzakete:

    • Egiaztapeneko laborategi nagusiak izan daitezke. Laborategi nagusiak badira, beste entitate batzuen neurketa tresnak egiaztatu beharko dituzte, entitateren batek horrelakorik eskatuz gero.

    • Egiztapeneko laborategi laguntzaileak izan daitezke. Era honetako laborategiek laborategiaren beraren jabea den entitatearen neurketa tresnak baino ezin izango dituzte egiaztatu. Salbuespen moduan, kanpoko tresnen egiaztapena egiteko baimen eman ahal izango zaie.

  2. – Laborategi horiei baimenak emateko araubidea arlo horretako Estatuko arauan ezarrita dago.

Industria gaietarako organo eskumendunak ikusten badu burutu beharreko eginkizunaren espezialitateak, eduki teknikoak eta eskuragarri dauden bitartekoek eskatzen dutela eginkizun hori metrologia egiaztapeneko entitate batek burutu behar duela, Industria gaietarako organo eskumendunak honako eginkizunak burutzeko habilitatu ahal izango ditu metrologia egiaztapeneko entitateak:

  • Konponketa edo aldaketaren baten osteko egiaztapena egitea.

  • Aldian aldiko egiaztapena egitea.

  • Zaintza eta ikuskatze eginkizunak burutzea.

  1. – "Metrologia egiaztapeneko entitate" izaera eskuratu nahi duten entitateek erkidego honetako industria gaietarako organo eskumendunari aurkeztu beharko diote eskabidea, eta Dekretu honetan ezarrirako eran egin beharko dute eskabidea. Horretarako, honako baldintza eta betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

    • Egiaztapenak egiteko ardura izango duen pertsonal tekniko eta kualifikatua dutela.

    • Egiaztapen entseiuak egiteko behar diren gailuak eta bitartekoak dituztela eta egiaztatu nahi diren tresnei dagokien neurri mailaren araberakoak direla.

    • Egiaztatu nahi dituzten trenentzako entseiu-prozedura egokiak dituztela.

    • Behar bezala egiaztatutako edo ziurtatutako kalitate-sistema dutela.

  2. – Aurreko idatz-zatian eskatutako dokumentazioaz gain, baimen eskatzaileek egiaztatu beharko dute haien jarduerari dagokion erantzukizun zibila estalita dutela. Horretarako, hogeita bost milioi pezetako aseguru-poliza bat izan beharko dute ezbeharrengatik. Zenbateko hori aldian-aldian eguneratuko da autonomia erkidego honetako kontsumo-prezioen indize ofizialaren arabera.

  3. – Baimenetan adierazi beharko da zeintzuk eginkizun edo kontrol burutzeko eman den baimena, bai eta baimen horren ezarpen eremuan zein edo zeintzuk aparailu sartzen diren.

  4. – Egiaztapeneko baimenaren epea 5 urtekoa izango da, eta epe hori bukatu aurretik berritu beharko da. Betalde, baimena emateko kontuan hartu ziren baldintzak eta betekizunak aldatzen badira, ezinbestekoa izango da horren berri ematea aldatzen diren unean bertan.

  1. – Industria gaietarako organo eskumenduna arduratuko da "ofizialki baimendutako egiaztapeneko laborategi" izateko baldintza guztiak betetzen dituzten eta autonomia erkidego honetan jardun nahi duten entitateek Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dituzten jardueren jarraipena egiteaz eta jarduerok kontrolatzeaz. Bestalde, berdin izango dio zein organok baimendu dituen entitate horiek.

  2. – Laborategiren batek laborategi ofizialaren izaera badu, eta izaera hori Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko organo eskumendun batek emandako baimenaren bidez eskuratu badu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan jardun nahi badu, guzti horren berri eman beharko du lehendabizi. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

    1. Ofizialki baimenduta daudela dioen administrazio-baimena.

    2. Laborategiaren jatorrizko tokian industria gaietarako eskumena duen organoak luzatutako egiaztagiria. Egiaztagiri horrek jaso beharko du laborategiak metrologia arloan burututako eginkizunetan egindako arau-hausteak eta laborategiari ezarritako zigorrak, baldin eta halakorik gertatu bada.

    3. Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren alta-agiria. Bertan adierazi beharko da laborategiak zein lurralde eremuan jardun dezakeen.

  3. – Eskabidea aurkeztu eta hilabete igaro ostean, baimen-eskatzaileak ez badu idatziz ezezkorik jaso, horrek esanahi du Euskal Autonomia Erkidegoan jardun dezakeela.

Ofizialki baimendutako entitateek egiaztapen, ikuskatze eta kontrolari buruzko txostenak egiteaz gain, indarrean dagoen legediak egiaztapen ofizialaren arloan administrazio publikoari esleitzen dizkion eginkizunak ere burutu ahal izango dituzte.

Ziurtatze-eginkizunak burutzeko, autonomia erkidego honetan industria gaietarako eskumena duen organoak emandako idatzizko baimena beharko da. Baimena lortzeko, eskatzaileek egiaztatu beharko dute sinadurak identifikatzeko sistema egokia dutela, erantzukizunak direla-eta.

Industria gaietarako organo eskumendunak zehaztutako du zeintzuk aparailu edo elementu eta horien gainean burutuko beharreko zeintzuk eginkizun kontrolatuko diren zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketaren araubideari jarraituz. Eginkizun horiek zehazteko orduan, honako irizpideak hartuko dira kontuan: zerbitzua ahalik eta era eraginkorragoan ematea eta aparailuen titularren eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes ekonomikoak babestea.

Zerbitzu publikoaren kudeaketa lehiaketa publiko ireki bidez esleituko da, eta kontratazio arloan eskumena duen organoak egingo du horretarako deialdia.

Zerbitzu publikoa kudeatzeko interesa dutenek administrazio publikoen kontratuen legean ezarrita dauden izaera orokorreko baldintza guztiak betetzeaz gain, beste hauek ere bete beharko dituzte:

  1. Lehiaketaren oinarrian ezarritako baldintzak.

  2. Hurrengo artikuluan ezarritako bateraezintasunen araubidea betetzen dutela egiaztatzea.

  3. Erregelamendu teknikoak ezarritako baldintza eta betekizunak egiaztatzea.

    18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen laborategia izatea.

Metrologia kontroleko zerbitzuaren kudeatzaileak zerbitzu publikoen kudeatzaileen bateraezintasuna araubide orokorraren menpe egongo dira, eta ezin izango dute inolako partehartzerik izan era honetako jardueretan:

  1. Metrologia kontrolaren menpe dauden neurketa-sistema, baliabide, aparailu eta tresnak fabrikatzen edo konpontzen diharduten jardueretan.

  2. Metrologia kontrolaren menpe dauden neurketa-sistema, baliabide, aparailu eta tresnen gaineko edozein merkataritza jardueretan.

Laborategien proiektuek, obrak barne, laborategietako instalazioek eta ekipoek klausula administratiboen eta klausula teknikoen pleguetan ezarritako gutxienezko baldintzak bete beharko dituzte.

Neurketa tresna eta patroiek eta ekipoek honako baldintza guzti hauek bete beharko dituzte: klausula administratiboen eta klausula teknikoen pleguetan ezarritako baldintzak teknikoetan ezarritakoak; arlo horretan ezargarria den berariazko xedapenetan ezarritakoak; Espainiako Metrologia Zentroak emandako jarraibideetan ezarritakoak edo, azkenik, arlo horretan ezargarria den bestelakoetan ezarritakoak. Bestalde, baldintza guzti horiek betetzen direla egiaztatu beharko da, eta hori egiaztatzeko entitate edo organo eskumendunak luzatutako adostasun-agiria aurkeztu beharko da.

  1. Enpresa kudeatzailea izango da enpresak egindako egiaztapenen erantzulea. Beraz, enpresak estalita eduki beharko du enpresaren jardueraren ondorioz gerta daitekeen edozein erantzukizun zibil, eta 25.000.000 PTAko abal bat aurkeztu beharko du.

  2. Erantzukizunen araubidea klausula administratiboen eta klausula teknikoen pleguetan ezarriko da, eta egin behar den metrologia kontrolaren mugak eta modalitatearen araberakoa izango da.

  3. Organo eskumendunak enpresa kudeatzaileari edozein datu edo txosten eskatuz gero, enpresak derrigorrean bidali beharko dio eskatutakoa.

  4. Enpresa kudeatzaileek industria gaietarako organo eskumendunarekin lankidetzan aritu beharko dira, eta organo hark eskatzen dizkien txosten edo jarduera guztiei erantzun beharko dizkiete.

Industria gaietarako organo eskumendunak egoki ikusten dituen aldian-aldiko kontrol eta ikuskapenak egingo ditu, eta ikuskapen eta kontrol horien bidez egiaztatuko du ea entitate kudeatzaileak behar bezala betetzen dituen kudeaketa esleitu zitzaionean eskatu zitzaizkion baldintzak eta betekizunak.

Ikusten bada enpresa kudeatzaileak aldatu egin dituela kudeaketa esleitu zitzaizkionean eskatutako baldintza eta betekizunak, kudeaketaren forma bertan behera utzi ahal izango da, eta hala jasota egongo da dagokion klausula administratiboen pleguan.

  1. – Industria gaietarako organo eskumendunak ezarriko ditu enpresa kudeatzaileek jasoko dituzten tarifak metrologia kontroleko zerbitzuak eskaintzeagatik.

  2. – Enpresa kudeatzaileak kanon bat ordaindu beharko dio esleipena ematen dion administrazioari. Kanonaren zenbatekoa kudeaketaren emakidan ezarriko da eta horren gaineko baldintza eta ezaugarriak klausula administratiboen eta baldintza teknikoen pleguetan jasoko dira.

  1. – Dekretu honen ezarpen eremuko arau-hauste eta zigorrak metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legean ezarritakoarekin bat datoz.

  2. – Zigor-ahalmena erabiltzeko jardunbideari buruzko araubidea onartzen duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan ezarrirakoa bete beharko da zigor-prozedurak izapidetzeko.

  3. – Egitura organikoak arautzen dituzten arauetan ezarriko da zeintzuk diren zigor-espedienteak hasteko eta ebazteko eskumena izango duten organoak.