Euskadi.eus
  • 215/2004 DEKRETUA, azaroaren 16koa, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena. Azken Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

215/2004 DEKRETUA, azaroaren 16koa, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk indarrean iraunarazten dituena. Azken Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 222
  • Hurrenkera-zk.: 5961
  • Xedapen-zk.: 215
  • Xedapen-data: 2004/11/16
  • Argitaratze-data: 2004/11/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak zero eta hiru urte bitarteko umeentzako Euskal Autonomia Erkidegoko haur-eskolak arautu zituen, 2002/2003 eta 2003/2004 ikasturteetan.

Abenduaren 23ko 324/2003 Dekretuak, berriz, 2004/2005 ikasturtera arte luzatu zion indarraldia goiko lerroaldean adierazitako 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriari, eta honako hau adierazi zuen: 297/2002 Dekretuak arautu duen proiektua saiakuntza moduan jarri dela martxan, baina saiobidezko izaera hori ez dela neurri berekoa dekretuak araututako alderdi guztietan; hain zuzen ere, intentsitate txikiagokoa da titulartasun pribatuko eskolentzako laguntza ekonomikoen aurreikuspenari dagokionez 297/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian jaso eta arautu baitira, begien bistakoa da-eta sustapen-jarduera hori 2003-2004 ikasturteaz haratago ere hedatu behar dela.

Gaur egungo lege-esparruari dagokionez, maiatzaren 28ko 1318/2004 Errege Dekretuak aldatu egin du ekainaren 27ko 827/2003 Errege Dekretua, Hezkuntzaren Kalitateari buruzko 10/2002 Lege Organikoak zehaztutako hezkuntza-sistema aplikatzeko egutegia ezartzen duena. Bada, 1318/2004 Errege Dekretu horrek xedatu duenaren arabera, 2006-2007 ikasturtera atzeratu da 827/2003 Errege Dekretuaren 2. artikuluak 2004-2005 ikasturterako aurrez ikusi zituen neurrien aplikazioa. Bigarren artikulu horren arabera, hain zuzen ere, 2004-2005 ikasturtean ekin behar zioten eskumendun administrazioek Eskolaurreko Hezkuntza ezartzeari.

Bestalde, 10/2002 Lege Organikoari garapena emanez, abenduaren 5eko 1537/2003 Errege Dekretua argitaratu zen; horren bidez, gutxieneko baldintzak ezarri ziren erregimen orokorreko eskola-irakaskuntzak eskaintzen dituzten zentroentzako. Errege Dekretu horrek berariaz indargabetu zuen ekainaren 14ko 1004/1991 Errege Dekretua, unibertsitateaz kanpoko erregimen orokorreko irakaskuntzak eskaintzen dituzten zentroek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri zituena.

Ondorioz, kontuan hartuta, alde batetik, zero eta hiru urte bitarteko haurrei arreta egiten dieten zentroek bete beharreko baldintzen erregulazioan hutsune legala dagoela; eta, bestetik, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan Euskal Autonomia Erkidegoko zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolak arautzen dituenak, bere aldi iragankorra amaituta duela, egoki da eskola horiek bete behar dituzten baldintzak arautzea, baita 297/2002 Dekretuaren artikulu jakin batzuk indarrean iraunaraztea ere.

Hori guztia kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposatuta, Aholku Batzorde Juridikoak emandako irizpenaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2004ko azaroaren 16an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honakoa

Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan 0 eta 3 urte bitarteko haurrei hezkuntza eta arreta eskaintzen dieten eskolek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzea, baita abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu jakin batzuk indarrean iraunaraztea ere. Dekretu horrek, gogoratu, zero eta hiru urte bitarteko umeentzako Euskal Autonomia Erkidegoko haur-eskolak arautu ditu, 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan.

Zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako hezkuntza eta arreta titulartasun publikoko zein pribatuko eskoletan eskaini ahal izango da; betiere, honako Dekretu honetan zehaztutako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

  1. Zero eta hiru urte bitarteko umeentzako titulartasun pribatuko haur-eskolak irekitzea eta funtzionaraztea, orobat hori eragin duten inguruabarrak aldatzea, Administrazio-baimenaren printzipioaren mende geratuko da.

  2. Eskola horiek ondokoak bete beharko dituzte, baimena lortuko badute: Dekretu honek ezarritako gutxieneko baldintzak eta funtzionamendu-arauak, baita kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauek ezarritakoak ere.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio ebazpena ematea, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak baimentzeko, sortzeko eta martxan jartzeko eskabideei dagokienez.

Zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolek nahitaez bete beharko dituzte Dekretu honek ezarritakoak, hala instalazio eta baldintza material orokorrei dagokienez, nola eskainiko dituzten adin-tarteen araberako berariazko betekizunei dagokienez.

Zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskola guztiek, oro har, ondokoak bete edo izan beharko dituzte, instalazioei eta baldintza materialei dagokienez:

  1. Erabilera esklusiboko lokaletan kokatuta behar dute; ezinbestekoa izango da kanpoaldetik sarbide independentea edukitzea.

  2. Erabilera anitzeko espazio bat, gutxienez 30m2-ko azalera duena.

  3. Zuzendaritza Idazkaritza bulego bat.

  4. Jolasgunea, urte 1 eta 3 urte bitarteko umeentzako. Gune hori mugatuta edo zedarrituta egongo da, haurren segurtasuna bermatzeko moduan. Haurrek erabiltzen dutenean, eurek baino ez dute erabiliko, eta sei unitate edo horren zatiki bakoitzeko 75 m2-ko azalera utziko da, gutxienez. Aipatutako unitateez gaineko bakoitzarentzako, berriz, 10 m2 gehiago utzi beharko da.

  5. Langileentzako bainugela, haurren unitate eta zerbitzuetatik bananduta: konketa, komuna eta dutxa edukiko ditu.

Aurrekoez gain, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek ondoko berariazko baldintza bete beharko dituzte, eskainiko dituzten adin-tarteen arabera:

  1. Zerotik urte baterako adin-tartean:

    1. Unitate bakoitzeko areto bana (30m2 gutxienez). Aretoak hainbat gune bereizi izango ditu, ikuspegiaren aldetik elkarri lotuak, haurren atseden eta garbiketarako erabiltzeko moduan.

    2. Gune bereizi bat, janariak prestatzeko egokia, aretotik ikus daitekeena.

  2. Urte batetik urte birako adin-tartean, unitate bakoitzeko areto bana (30m2 gutxienez). Aretoak hainbat gune bereizi izango ditu, ikuspegiaren aldetik elkarri lotuak, atseden eta garbiketarako erabiltzeko moduan.

  3. Bi urtetik hiru urterako adin-tartean:

    1. Unitate bakoitzeko areto bana (30m2 gutxienez), eskola-postu bakoitzeko 2m2 izango dituena.

    2. Areto bakoitzeko bainugela bana, aretotik ikusteko eta sartzeko moduan; bertan, bina konketa eta bina komun egongo dira, haurrentzako egokiak. Bainugela hori areto bat baino gehiagorentzat izan daiteke; betiere, areto bakoitzetik ikusten bada eta bertatik sarbidea badu; halakoetan, areto bakoitzeko komun bana gehitu beharko da.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza edo Bigarren Hezkuntzako zentroetan, zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako hezkuntza eta arreta ere eskola-eraikin edo esparru berean ematen bada, instalazio komuntzat joko dira Zuzendaritza-Idazkaritzako bulegoa eta jolastokia; betiere, jolastokia erabiltzeko ordutegi bereizia egongo dela bermatuz gero.

Zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolek, horientzako lokal bat baino gehiago badute, lokal horietako bakoitzean bete beharko dituzte Dekretu honetan ezarritako baldintzak, zenbat unitate eskatu dituzten eta horren arabera.

0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek, Dekretu honek ezarritako betebeharrez gain, indarreko legediak zehaztutako baldintzak ere bete beharko dituzte; hain zuzen ere, higienikoak, sanitarioak, akustikoak, eta irisgarritasunari, bizigarritasunari eta segurtasunari dagozkienak.

Haur-eskolak bere jardueran beteko ez balitu aurreko paragrafoan zehaztutako baldintzak, haur-eskolako titularrari egokituko zaio erantzukizuna.

  1. Zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolek profesional gaituak eduki behar dituzte, adin horietako haurrei hezkuntza-arreta eta laguntza eskaintzeko prestatuak; ildo horretatik, ondokoetako titulazioren bat eskatuko da:

    1. Maisu/maistraren titulua, Haur Hezkuntzako espezialitatea edo baliokidea, 94-9-30eko 1954/1994 Errege Dekretuaren (94-11-17 BOE) eta berariazko araudiaren arabera.

    2. Haur Hezkuntzako goi-teknikariaren titulua edo baliokidea, 98-4-30eko 777/1998 Errege Dekretuaren (98-5-8 BOE) eta berariazko araudiaren arabera.

  2. Hala ere, Hezkuntza Administrazioak deitu edo homologaturiko Haur Hezkuntzako espezializazio- edo gaikuntza-ikastaroak gaindituta dituztenek edo gainditzen dituztenek, zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako hezkuntza eta arreta eskaini ahal izango dute. Hori guztia, 1996ko urtarrilaren 11ko Aginduaren arabera (96.1.23 BOE), horren bidez homologatu baitira Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Hezkuntza Berezia eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakasleentzako espezializazio-ikastaroak, eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko profesionalentzako gaikuntza-ikastaroak.

    Artikulu honen 1. paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, ikastaro horiek egin dituzten pertsonak Haur Hezkuntzan espezializaturiko maisu/maistratzat edo Haur Hezkuntzako goi-teknikaritzat joko dira, egin duten ikastaroaren arabera.

Zero eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskoletan lan egiten duten profesionalen hizkuntz eskakizunak bat etorrik dira zentroak duen irakaskuntza elebidunaren ereduarekin, hau da: 1. hizkuntz eskakizuna eta 2. hizkuntz eskakizuna, edo baliokideak (47/1993 Dekretua, martxoaren 9koa, irakaspostuetarako hizkuntz eskakizunak eta derrigortasun egunak zehazteko irizpideak finkatzen dituena).

Zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako hezkuntza eta arreta eskaintzen duten eskolek langile gaituak eduki beharko dituzte: zenbat unitate funtzionamenduan, horrenbeste langile gaitu, gutxienez. Aipatutako unitateek, gainera, hezkuntza eta arreta eskaintzen duten haur-eskolei dagozkien ratioak bete beharko dituzte, unitate bakoitzeko gehieneko haur-kopuruari dagokionez.

Zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskola guztiak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Ikuskaritzaren gainbegiratzearen eta kontrolaren mende egongo dira.

  1. Maisu/maistrarako irakaskuntzei dagokien iraupen bereko edo luzeagoko irakaskuntzetako unibertsitate-titulua badute.

  2. Dekretu hau argitaratzen den unean, 3 urtez beherako haurrei arreta egiten dieten zentroetan lanean badihardute, eta Dekretua argitaratu aurreko hiru urteetan horretan jardun badute, etenik gabe.

    Goiko baldintzak betetzen dituzten pertsonak Haur Hezkuntzan espezializaturiko maisu/maistratatzat joko dira, 10.1 artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako.

Bakarra. Dekretu hau indarrean sartu baino lehen aurkeztu, eta egun izapidetzen ari diren eskabideak, 0 eta 3 urte bitarteko umeei arreta egiteko zentroak irekitzeko administrazio-baimenari buruzkoak, Dekretu honetan ezarritako betebeharren mende geratzen dira, eta, hala bada, horien arabera baimenduko dira.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (11)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.