Euskadi.eus
  • 31/2009 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortzen eta arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

31/2009 DEKRETUA, otsailaren 10ekoa, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortzen eta arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 48
  • Hurrenkera-zk.: 1331
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/02/10
  • Argitaratze-data: 2009/03/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2007ko abenduaren 26an, Bakean eta Giza Eskubideetan Hezteko Euskal Plana (2008-2011) onartu zuen. Plan hori Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren Bulegoak munduan gai horretan eskumenik handiena duena den aldetik nazioartean sustatzen dituen lan-ereduak eta aholkuak geureganatu eta gure herrialdean aplikatu izanaren ondorio da. Zehazki, erreferentziatzat hartu dira Vienan egindako Giza Eskubideen aldeko Munduko Konferentzia (1993) eta bere Ekintza Programa, Nazio Batuek Giza Eskubideen Hezkuntzarako finkatutako Hamarkada (1995-2004), eta, azkenik, Giza Eskubideetan Hezteko Mundu Programa indarrean dirauena. Nazioarteko erakundeek emandako argibideen artean behin eta berriz aipatzen da honako hau: giza eskubideetan eta bakean hezteko, eragile guztien arteko koordinazioa eta bitartekoen maximizazioa bermatzen duten egiturak sortu behar direla.

Horregatik, Euskal Plana antolatzerakoan, kudeaketako egitura nagusitzat jotzen da Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzari atxikitako kide anitzeko organoa da Batzordea, eta Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Hezkuntzaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde aholku-emaile ofizial gisa jardungo du.

Giza eskubideen eta bakearen aldeko kultura modu eraginkorrean sustatu ahal izateko, koordinazioko egitura eraginkor, sendo eta iraunkorra sortu eta zimendatu behar da, eta horretarako, ahalegin berezia egin behar da, bai baitakigu gure gizartean erabilgarri dauden errekurtso eta politiken diagnostikoa zein den. Giza eskubideetan eta bakean hezteko eragileen artean harreman- eta koordinazio-eredurik ez badago, ez da aurrera egiterik izango balio horiek barneratzeko, ez eta horien kontrabalioak deslegitimatzeko ere.

Hezkuntzaren alorrean giza eskubideen eta bakearen kultura sustatzeko, gizarte-pedagogiako indarrak eskainiko eta erabiliko dituen arkitektura instituzional bat behar da. Horretarako, esku-hartze egitura bat diseinatu behar da, horrek ahalbidetuko baitu instituzioen mezuak eta gizartearenak maiztasun-maila berean jartzea. Eskolak gizarte-ingurunearekin bat ez datozen mezuak zabaltzen baditu, administrazio bakoitzaren sektore-politikek mezuekin bat ez datozen estrategiak badituzte, mezuak eta gizarte-praxia bat ez badatoz, alegia, hezkuntzako estrategia orokorrean homogeneotasunik eta korrelaziorik ez badago, herritarraren jarrera-ereduak giza eskubideak, demokrazia eta bakea errespetatzen dituztenak ez dira modu eraginkorrean irudikatuko.

Ez dago gizarte-pedagogiako esku-hartze ganorazkorik, balio eta kontrabalioak aldatzeko gizarte-prozesuen konplexutasunari kasurik ez egitea posible duenik.

Biolentzia deslegitimatu nahi badugu, giza eskubideak urratzea deslegitimatu nahi badugu; edo, baikorrago izanik: herritarren kultura demokratikoa, parte-hartzailea, solidarioa, bidezkoa, berdintasunean oinarritutakoa, pertsonen duintasuna eta eskubideak errespetatzen dituena,() indartu nahi badugu, informatzea ez da nahikoa. Gizarte-pedagogia ez da informatzea: konplexuagoa da. Bakean eta Giza Eskubideetan Hezteko Euskal Planak nahi du heziketa, epe ertain eta luzera, ekintzarako eta jarrera-aldaketarako bitartekoa izatea. Eta horrek derrigorrezko egiten du maila instituzional eta sozial guztietan sinergiak eta aliantzak azkartuko dituen politika-diseinu bat, gobernu-politikaz haratago doana.

Egindako planteamendutik abiatuta, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordeak koordinazio hori maila guztietan eta, zehazki, eragile instituzionalen eta sozialen artean, ahalbidetu eta maximizatuko duen organo nagusia izan nahi du.

Jarduera politiko-instituzionalaren eta gizarte-ekimenaren arteko aliantza eta osagarritasunak lagundu egiten du, gainera, botere-egituren autoritarismoaren arriskuak ekiditen; izan ere, oinarri demokratikorik gabeko gizarte-ingeniaritzako makro-eragiketak egiten hasteko tentazioa izan dezakete egitura horiek. Gizartearen oinarrizko adostasunak politika publikoen bidez jarduera bideratua eta bermatua izan dezakeen gizarte zibilaren bultzadaz kudeatu eta aberastu behar dira. Baina horrek ez du esan nahi erantzukizun publikoaren printzipio nagusia ahaztu behar denik; izan ere, printzipio horren arabera, beharrezkoa eta ukaezina da instituzioen lidergoa, baina naturala izan behar da, alegia, indarrak batuta eta gizarteko indarrekin errespetuzko elkarlanean gauzatu behar da.

Planaren abiapuntua Eusko Jaurlaritzaren baitan sortutako Batzorde bat izan zen: Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Erakunde arteko Batzordea (Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakia, 2006ko urriaren 17koa). Batzorde horri eman zitzaion Plana gauzatzeko enkargu formala, eta bera izan da, gaur arte, planaren bultzatzaile nagusia, sare instituzional eta sozialaren koordinatzaile eta dinamizatzaile gisa. Koordinazioko egitura formalik ez zegoen plana prestatu eta gauzatzen hasteko fase horretan; eta horren ondoren, Erakunde arteko Batzordearen jarduera etorri zen, eragile guztien arteko lotura izan dena. Baina behin bultzatze-lanak eginda, Batzorde horrek beste bati eman behar dio lekua, hain zuzen ere, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordeari. Batzorde horrek egitura paritarioa izango du gizartearen parte-hartzea bultzatzeko, instituzioen arteko koordinazioa bultzatzeko, eta Planaren plangintza eta ebaluazioa egiterakoan aholkuak emateko.

Horregatik, lehendakariak onartu ondoren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko otsailaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honakoa

Dekretu honen helburua Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordearen osamodua eta egitekoak arautzea da. Bakean eta Giza Eskubideetan Hezteko Euskal Planean (2008-2011) aurreikusi zen Batzorde hori.

  1. Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari atxikita dago, nahiz eta Sailaren egitura organikotik kanpo egon. Sailak Gasteizen dituen bulegoetan du egoitza, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bere egingo ditu batzorde horrek behar bezala jarduteko egin behar dituen gastuak.

    Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein lekutan egin ahal izango ditu bilkurak.

  2. Aholku Batzordea, gizarte-partaidetzako organo nagusia den aldetik, paritarioa izango da; eta gizarte zibileko ordezkarien kopurua eta herri administrazioetako ordezkariena berbera izango da.

  3. Gizonen eta emakumeen partaidetza orekatua izango da Aholku Batzordean; oreka egongo da, hain zuzen ere, baldin eta bi sexuek gutxienez % 40ko ordezkaritza badute.

  4. Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea ondoko organoek osatzen dute:

    1. Osoko bilkura.

    2. Batzorde Iraunkorra.

    3. Lan Batzordeak.

  1. Batzordearen Osoko Bilkuran ondoko hauen ordezkariak egongo dira: Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak, EAEren eremuan bakean eta giza eskubideetan hezteko proiektuak egitea helburu nagusi eta funtsezkoenetako bat dutela adierazi duten elkarte eta erakundeak, Euskadiko Eskola Kontseilua, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Arartekoa.

  2. Honela osatuko da Osoko Bilkura:

    1. Lehendakaria: izen handiko pertsona independente bat izango da, bakearen eta giza eskubideen eremuan, eta bereziki, hezkuntzaren alorrean, esperientzia duena.

    2. Administrazio Publikoen aldetik:

      1. Eusko Jaurlaritzan giza eskubideen alorrean eskumena duen zuzendaria: Batzordearen lehen lehendakariordea izango da.

      2. Eusko Jaurlaritzan terrorismoaren biktimei eman behar zaien laguntzaren alorrean eskumena duen zuzendaria: bokala izango da.

      3. Eusko Jaurlaritzan Gazteria eta Gizarte Ekintzaren alorrean eskumena duen zuzendaria: bokala izango da.

      4. Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza Berrikuntzaren alorrean eskumena duen zuzendaria: bokala izango da.

      5. Hiru bokal, Foru Aldundiak ordezkatzeko (lurralde historiko bakoitzetik bat).

      6. Hiru bokal, EAEko udalerrien ordezkari.

    3. Elkarte eta erakundeen artetik:

      Lau ordezkari izango dituzte EAEren eremuan bakean eta giza eskubideetan hezteko proiektuak egitea helburu nagusi eta funtsezkoenetako bat dutela adierazi duten elkarte eta erakundeek.

      Ordezkari horietako batek izan behar du bakearen aldeko hezkuntza-proiektuekin, eta zehazki, terrorismoaren biktimei zuzendutakoekin, lanean diharduela egiaztatzen duen erakunde batekoa.

      Elkarte eta erakunde horien ordezkarietatik hiru bokalak izango dira, eta beste bat, berriz, Batzordearen bigarren lehendakariordea izango da.

    4. Euskadiko Eskola Kontseiluko lau ordezkari.

    5. UPV/EHU Euskal Unibertsitate Publikoaren ordezkari bat, bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren alorrean esperientzia egiaztatua duena.

    6. Arartekoaren ordezkari bat.

Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordeko lehendakaria Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak izendatuko du.

Honela izendatuko dira bokalak:

  1. Eusko Jaurlaritzako Sailetako ordezkari izango diren bokalak Saileko titularrak izendatuko ditu.

  2. Foru Aldundietako ordezkari izango diren bokalak korporazioaren funtzionamendu-arauak betez izendatuko dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen ordezkari izango diren bokalak Euskal Udalerrien Elkarteak (EUDEL) edo, gerora, udal-araubideko legegintza batean hura ordezkatuko duen entitate batek izendatuko ditu.

  4. Elkarte eta erakundeen ordezkari izango diren bokalak elkarte edo erakunde horiek hautatuko dituzte, horretarako aurkeztu dituzten hautagaitzetatik. Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Elkarteen Foroa izango da, lehenik, izendapen-prozedura zehazteko legitimatua egongo dena. Bestela, ordezkaritzarik handiena egiaztatu ahal duen erakundea egongo da legitimatua, nahiz eta, gerora, arautze orokor batek izendapen-prozedura zehaztu ahal izango duen. Elkarteek Batzordean dituzten ordezkariek ez daukate zertan izan Foroko kide.

  5. Euskadiko Eskola Kontseiluaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Arartekoaren ordezkariak organo horiek eurek izendatuko dituzte.

  1. Bokalen jardueraren iraupena Bakean eta Giza Eskubideetan Hezteko Euskal Planarena bera izango da, eta ordezkatutako erakunde edo instituzio bakoitzaren arauei jarraiki beste iraupen bat zehazten ez bada, ez da berriztatzeko mugarik egongo. Izendatutako bokalen aldia amaituta, jardunean jarraituko dute titular berria izendatu arte.

  2. Ondoko egoera hauetakoren bat gertatuz gero, bokalek euren egitekoetan jardungo duten aldia amaitu egin daiteke garaia heldu baino lehen:

    1. Baliogabetzea eta kargu-uztea, herri-administrazioak edo gizarte-erakundeek hitzartutakoa.

    2. Kargua dela-eta izendatutako bokalen kasuan, kargu hori galtzea.

    3. Karguari uko egitea; Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordeko lehendakariari aurkeztu behar zaio ukoa.

    4. Heriotza.

    5. Kargu publikoak gaitasungabetu edo kargugabetzeko ebazpen irmoa, izaera judizial edo administratiboa duena.

  3. Lehendakariaren kasuan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren agindu baten bidez zehaztuko da zenbat denborarako izango den kargua; baldin eta berariazko adierazpenik egiten ez bada, izendapena egiterakoan indarrean dagoen Planaren iraupen berbera izango du karguak (Bakean eta Giza Eskubideetan Hezteko Euskal Plana).

  1. Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordearen helburua hau da:

    1. Edukiz betetzea giza eskubideetan eta bakean hezteko estrategien eta Planaren printzipio gidari funtsezko bat: gizartearen parte-hartzea.

    2. Giza eskubideen eta bakearen aldeko hezkuntzaren alorrean lanean diharduten gizarte-erakundeen parte-hartzerako bidea ezartzea.

    3. Gai horretan instituzioen arteko koordinazioa egoteko bidea ezartzea.

    4. Giza eskubideetan eta bakean hezteko politiketan eta Planean berariaz aurreikusitako ekintza osagarriak sustatzea eta proposatzea.

    5. Giza eskubideetan eta bakean hezteko politikak eta Plana aztertzeko tresna eta organo osagarria izatea.

  2. Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordearen egitekoak hauek dira:

    1. Giza eskubideetan eta bakean hezteko politiken eta Planaren ildo estrategikoen ohiko garapenari buruzko iritzia ematea.

    2. Giza eskubideetan eta bakean hezteko politiken eta Planaren aldaketa orori buruzko iritzia ematea.

    3. Giza eskubideetan eta bakean hezteko politiken eta Planaren garapenari eragin dakiokeen aldaketa-proposamen orori buruzko iritzia ematea.

    4. Giza eskubideetan eta bakean hezteko politikekiko eta Planarekiko osagarriak diren ekintzak bideratzea eta horien egokitasuna baloratzea.

    5. Giza Eskubideen Zuzendaritzari aholkuak ematea, giza eskubideetan eta bakean hezteko politikei eta Planari buruz.

  3. Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordearen egitekoak garatzerakoan, aktiboki izango da kontuan gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko helburua eta gizon eta emakumeek Bakean eta Giza Eskubideetan Hezteko Euskal Planari dagokionez bizi dituzten egoera, baldintza, helburu eta beharrak.

Lehendakariak eta bi lehendakariordeek osatzen dute Batzorde Iraunkorra. Hauek dira batzorde horren egitekoak: osoko bilkurak antolatu, gai-zerrenda onartu eta funtzionamendu-erregelamenduaren arabera ematen zaion egiteko oro burutu.

  1. Aholku Batzordearen Osoko Bilkurak du Lan Batzordeak sortu, kendu, osatu eta euren funtzionamendurako helburu eta arauak zehazteko eskumena. Lan Batzordeak iraunkorrak edo egoeraren arabera sortutakoak izango dira.

  2. Aholku Batzordeak hiru lan-batzorde izango ditu hasieran; bakoitzari adar nagusi bat eskainiko zaio (hezkuntza formala, koordinazioa eta hezkuntza ez formala). Hona hemen batzorde bakoitzaren osamodua:

  1. batzordea (Hezkuntza formala):

    Aholku Batzordeko lehendakariak egingo ditu lehendakari-lanak.

    Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako zuzendaria.

    UPV/EHUko ordezkari 1.

    Elkarteen ordezkari 1.

    Euskadiko Eskola Kontseiluko ordezkari 1.

  2. Batzordea (Koordinazioa):

    Lehenengo lehendakariordeak egingo ditu lehendakari-lanak (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria).

    Elkarteen ordezkari 1.

    Foru Aldundien ordezkari 1.

    Eudelen ordezkari 1.

    Euskadiko Eskola Kontseiluko ordezkari 1.

  3. batzordea (Hezkuntza ez formala):

    Bigarren lehendakariordeak egingo ditu lehendakari-lanak (elkarteak).

    Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendaria.

    Foru Aldundien ordezkari 1.

    Eudelen ordezkari 1.

    Euskadiko Eskola Kontseiluko ordezkari 1.

  1. Lan Batzorde horiek bi sexuen ordezkaritza orekatua izango dute: gutxienez, % 40koa. Lan Batzorde hauetan berdintasunaren eremuan ezagutza eta esperientzia duten pertsonen parte-hartzea bultzatuko da.

Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordearen Osoko Bilkurari dagokio Batzordearen funtzionamendu-araudia onartzea; eta ad hoc batzorde bati eskatuko dio funtzionamendu-araudia egin eta aldatzeko.

  1. Batzordearen Osoko Bilkurak urtean bi bilera egingo ditu, gutxienez. Halaber, bilera egin ahal izango da lehendakariak deialdia egiten duenean, bere ekimenez edo funtzionamendu-araudiak ezarritakoaren arabera.

  2. Batzorde iraunkorra behar den adina alditan elkartuko da, betiere, bere lehendakariaren ekimenez eta osoko bilkurak egin baino lehen.

  3. Lan Batzordeak euren sortze-arauak betez eta funtzionamendu-araudian aurreikusitako xedapenen arabera elkartuko dira.

Aholku Batzordeak bere jarduera azaltzen duen urteko memoria bat egin eta giza eskubideen alorrean eskumena duen Sailaren aurrean aurkeztu behar du.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 10ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.