- 63/2009 DEKRETUA, martxoaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko elikadura arriskuak ebaluatzeko, aztertzeko eta horien gaineko aholkuak emateko organoak sortzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu63/2009 DEKRETUA, martxoaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko elikadura arriskuak ebaluatzeko, aztertzeko eta horien gaineko aholkuak emateko organoak sortzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 60
- Hurrenkera-zk.: 1719
- Xedapen-zk.: 63
- Xedapen-data: 2009/03/10
- Argitaratze-data: 2009/03/27
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa
Testu legala
Duela gutxiko elikagai krisiek agerian utzi dute elikagaiak ekoizteko prozesua konplexua dela eta elikagaien segurtasunari planteamendu orokorretik abiatuta heldu behar zaiola, hau da, elikakate osoa hartuta: ekoizpen primariotik elikagaien kontsumora. Horretarako, gai honen ardura duten agintariek neurri jakin batzuk ezarri behar dituzte lehengaiei, nekazaritza eta abeltzaintzako praktikei eta elikagaiak prozesatu, banatu eta kontsumitzeko jarduerei lotuta dauden osasunerako arriskuak ebaluatu eta kudeatzeko sistemen garapena sendotu, hobetu eta babesteko.
Europako Batzordeko Elikagaien Segurtasunerako Liburu Zuriak «baserritik mahaira» kontzeptua sartu zuen. Izan ere, abereen osasuna eta ongizatea, landare osasuna, ingurumena, gizakien nutrizioa eta kontsumo politikak ezarri zituen gizakien osasunaren babeserako oinarrizko ardatz moduan.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren urtarrilaren 28ko 178/2002 Araudiaren bidez, elikagaiei buruzko legeen printzipio eta betekizun orokorrak ezarri dira, elikagaien segurtasunean aginpidea izango duen Europako organoa sortu da eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak ezarri dira. Bada, araudi horretan ezarri da elikagaien segurtasunerako politikek arriskuak aztertzeko prozedura bat izan behar dutela oinarri gisa, eta prozedura horrek hiru fase hauek izan behar dituela: arriskuaren ebaluazioa, kudeaketa eta jakinarazpena.
Beste alde batetik, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorreko testu bategina eta beste lege osagarri batzuk onetsi dituen azaroaren 16ko 1/2007 Errege Dekretuak eta Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legeak ezarri dute kontsumitzaileek, besteak beste, beren osasun edo segurtasunerako kaltegarriak izan daitezkeen arriskuen aurrean babesteko eskubidea dutela.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri duen urriaren 11ko 290/2005 Dekretuaren arabera, sail horrek izango ditu elikagaien trazabilitatearen eta segurtasunaren gaineko eginkizunak baina Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak egingo ditu elikagaien ekoizpen eta kontsumo katean dagoen arriskua ebaluatzeko azterlanak.
Europar Batasunean agertu diren azken elikagai krisiek herritarren elikagaien segurtasunari buruzko interesa piztu dute, eta agerian utzi dute elikadura arriskuak prebenitzeko bide berriak ezarri behar direla. Hain zuzen, tartean dauden administrazio publikoek kudeaketarako organo egokien bitartez koordinatuta lan egiteko bideak ezarri behar dira.
Elikadura arriskuen gaineko azterketak eta ebaluazioak ez du zentzurik elikakatearen maila bakoitza banaka hartzen bada. Aitzitik, elikagaien ekoizpena, eraldaketa, banaketa eta kontsumoa hartuko dituen azterketa egin behar da.
Ildo horretan, EAEko administrazio publikoko organo ezberdinen eta komunitate zientifikoaren artean parte hartzeko, aztertzeko eta koordinatzeko bitarteko egonkorrak instituzionalizatzea aurreikusi behar da; horrela, ezagutza maila hobetuko da eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko elikaduran arriskuak gutxitzeko neurri egokiak hartuko dira, betiere arriskuak ebaluatuz eta aholku zientifiko lokabeak, bikainak eta gardenak hartuz.
Dekretu honek elikadura arriskuei lotutako gaiak ebaluatzeko organoak sortzen ditu. Eta organo hauek, arriskuen kudeaketan azterketak egin eta aholkuak emango dituzte, EAEko administrazio publikoaren eta komunitate zientifikoaren artean informazio-trukea erraza izan dadin eta, horrela, elikagaien segurtasunerako esparruan koordinatuta lan egin dezaten.
Dekretu hau lantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan nekazaritza esparruan eskumena duten sailei kontsulta egin zaie eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako izapideak bete dira.
Hori dela bide, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 18. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseilua 2009ko martxoaren 10ean bildu ostean hauxe
Dekretu honen xedea da elikadura arriskuen kudeaketarako ebaluazio, azterketa eta aholkularitza organoak sortzea eta organo horien osaketa eta eginkizunak arautzea.
Honakoak dira elikadura arriskuen kudeaketarako ebaluazio, azterketa eta aholkularitza organoak: Elikagaien Segurtasunerako Batzorde Kudeatzailea (aurrerantzean Batzorde Kudeatzailea), Elikagaien Segurtasunerako Batzorde Zientifikoa (aurrerantzean Batzorde Zientifikoa) eta Batzorde Teknikoak. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari atxikita egongo dira baina ez dira sail horren egitura hierarkikoan sartuko.
Batzorde Zientifikoa eta Batzorde Teknikoak aholku batzordeak dira eta horien helburua da Batzorde Kudeatzaileari elikadura arriskuen gainean erabakiak hartzeko aholkularitza zuzena ematea.
Dekretu honen aplikazioaren ondorioetarako, ondorengo termino eta definizioak finkatu dira:
Arriskuen ebaluazioa: jardun batzuk egingo dira arriskuak kualitatiboki eta kuantitatiboki identifikatu eta baloratzeko eta elikagaietan egon daitezkeen eragile fisiko, kimiko edo biologikoen ondorioz gizakiaren osasunak duen arriskua ebaluatu eta ezaugarritzeko. Halaber, abere eta landareen osasunari zuzendutako jardunak ere egingo dira.
Arriskuaren kudeaketa: osasunerako arriskutsua dena saihesteko edo arrisku hori murrizteko jardunak egingo dira. Horretarako, prebentzio eta kontrolerako neurri egokienak (arauak garatzekoak barne) hautatu eta aplikatuko dira eta arriskuaren ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuko dira.
Arriskuaren jakinarazpena: ebaluazioan eta kudeaketan eskumena duten agintarien, kontsumitzaileen, komunitate zientifikoaren eta interesa duten beste batzuen artean arriskuei lotutako informazioa eta iritziak trukatuko da modu interaktiboan.
Elikadura arriskuak: Dekretu honen ondorioetarako, elikadura arriskuak dira nekazaritza edo abeltzaintzako ekoizpenean, erauzteko jardueretan eta elikagaiak landu edota eraldatzean sortzen direnak.
Gai honetan eskumena duten administrazio publikoek parte hartzen dute Batzorde Kudeatzailean, eta honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko elikakatean gerta daitezkeen arriskuak (zoonosia barne) murrizteko ekintzak aztertu, baloratu eta bultzatzea. Horretarako, Batzorde Zientifikoak egindako ebaluazioaren ondoriozko irizpide zientifikoak hartuko ditu oinarri moduan.
Gai honetan eskumena duten EAEko administrazio publikoko organoen ordezkariek osatuko dute Batzorde Kudeatzailea, elikadura arriskuen eta horietan duten parte hartzearen arabera. Horrela, Batzorde Zientifikoak egindako arriskuen ebaluazioa betetzeko erabakiak hartuko dituzte.
Hauek dira Batzorde Kudeatzailearen kideak:
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria.
Arabako Foru Aldundiko gai honetan eskumena duen pertsona.
Bizkaiko Foru Aldundiko gai honetan eskumena duen pertsona.
Gipuzkoako Foru Aldundiko gai honetan eskumena duen pertsona.
Bileran eztabaidatuko denaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Kontsumoko zuzendaria Batzorde Kudeatzailera deitu ahal izango da.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak izendatuko du Batzorde Kudeatzaileko burua.
Batzordeburuak gonbidatuz gero, elikadura arriskuei lotuta lan egiten duten pertsona ospetsuek parte hartu ahal izango dute Batzorde Kudeatzailean.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak izendatuko du Batzorde Kudeatzaileko idazkaria. Honek karguak berez dakartzan eginkizunak izango ditu, baita batzordeburuak berariaz ematen dizkionak ere.
Batzorde Kudeatzaileak ezarriko ditu bere barruko funtzionamenduaren araubideari buruzko gainerako kontuak.
Batzorde Zientifikoaren eta Batzorde Teknikoen laguntzarekin, eta Batzorde Zientifikoak emandako aholkuen gainean hartutako erabakia oinarritzat hartuta, Batzorde Kudeatzaileak hurrengo eginkizunak hartuko ditu bere gain:
Arriskuak antzeman, Batzorde Zientifikoak ebalua ditzan, eta eskudun beste erakunde batzuek ere horiek antzeman ditzaten bultzatu. Funtzio honek bere baitan dakar antzemandako balizko elikadura-arriskuei buruzko txostena egitea eta arriskuen detekzioa bultzatzea erakunde eskudunen aldetik.
Elikadura-arriskuen ebaluazioen ondorioz hartu beharreko ekintzei eta gomendioei buruzko nahitaezko txosten loteslea egitea.
Elikadura-arriskuen arloan onartutako ekintzen eta gomendioen eginkortasuna ebaluatzea.
Gomendioak abian jartzeko bideragarritasun teknikoari buruzko azterketarik egin behar den baloratu; horrela bada, hori burutuko duen Batzorde Teknikoa izendatu eta burutzapenaren epea ezarri.
Garrantzitsuak diren informazioa eta datuak Batzorde Zientifikoari eman, honek eskatu den arriskuaren ebaluazioa egin dezan.
Batzorde Zientifikoaren eta Batzorde Teknikoen osaketa onartu.
Batzorde Teknikoetako burua eta idazkaria izendatu.
Batzorde Zientifikoaren helburua da Elikagaien Segurtasunerako Batzorde Kudeatzaileari aholku egokiak ematea, horretarako, elikagaien segurtasunari buruzko irizpen zientifikoak emanez.
Gehienez ere hamar profesionalek osatuko dute Batzorde Zientifikoa; ospetsuak izango dira eta curriculum vitae-aren arabera hautatuko dira.
Diziplina anitzeko kideek osatuko dute Batzorde Zientifikoa eta elikadura arriskuei eta horrek dakartzan ondorioei lotutako ezagutza guztiak jasoko ditu: arriskuak ebaluatzeko metodologia, abereen ekoizpena eta osasuna, landareen ekoizpena eta osasuna, kimika eta toxikologia, elikagaien eta abereen mikrobiologia eta parasitologia, elikagaien bromatologia eta teknologiak eta gizakien medikuntza.
Batzorde Zientifikoko kideak bere kontura izango dira batzorde horretako kide; ez dira izango lan egiten duten erakundeen ordezkari.
Batzorde Kudeatzaileak onartuko du Batzorde Zientifikoaren osaketa, dekretu honetako 6. artikuluan ezarritakoa betez, eta Batzorde Kudeatzaileko buruak izendatuko ditu haren kideak.
Batzorde Zientifikoaren osaketa 4 urterako izango da, baina aldi horren amaieran osaketa aldatu edo luzatu ahal izango da.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak izendatuko du Batzorde Zientifikoko idazkaria. Honek karguak berez dakartzan eginkizunak izango ditu, baita agintzen zaizkionak ere.
Batzorde Zientifikoak ezarriko ditu bere barruko funtzionamenduaren araubideari buruzko gainerako kontuak.
Batzorde Zientifikoak egingo du arriskuen azterketaren lehenengo fasea, arriskuen ebaluazioa. Izan ere, ondoko eginkizunak hartuko ditu bere gain:
Arrisku berriak identifikatu edo berriz agertu diren arriskuak antzeman.
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden elikadura arriskuak ebaluatu, eta horiek ezaugarritu.
Arriskuen ebaluazioan antzeman diren ziurgabetasunak eta hauek arriskuak ezaugarritzean izango duten eragina zehaztu.
Arriskua murrizteko ezar daitezkeen neurri guztiak bildu eta horiek Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko azterketa egin.
Ebaluatutako arriskuen gaineko irizpen zientifikoak proposatu. Horietan, garrantzitsua den informazio zientifikoa eta arriskuak murriztuko dituzten jarduteko gomendioak jaso behar dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei arriskuen ebaluazioak aurkeztu.
Batzorde Zientifikoko kide bakoitzak inpartzialtasunari, isilpekotasunari eta jabetza intelektualaren eskubideei buruzko klausulak sinatu behar ditu izendapena jaso ahal izateko.
Batzorde Zientifikoko kideek inpartzialtasunez jokatu behar dute Batzordeko kide bezala dituzten eginkizunak betetzean, eta beren objektibotasuna eta gardentasuna arriskuan jar dezaketen interesen arteko gatazkak saihestu behar dituzte.
Batzorde Zientifikoko kideek, irizpen zientifikoetan jasotako ondorioen eta gomendioen berri ez emateko konpromisoa hartu behar dute; halaber, ezin dute Batzordeko kide bezala jardutean eskuratu duten informazio teknikoaren edo zientifikoaren berri eman.
Oro har, ez diete hirugarrenei ezagutzera emango isilpekoak izateko eskatu eta justifikatu den informaziorik; baina, osasun publikoa babeste aldera informazioa ezagutzera eman behar bada, Batzorde Zientifikoari emango diote horren berri.
Batzorde Zientifikoko kide bakoitzak beretzat gordeko ditu egile edo asmatzaile moduan aurkezten dituen lanen jabetza intelektualaren eskubideak.
Batzorde Teknikoen helburua da Batzorde Kudeatzaileari eta Batzorde Zientifikoari laguntza eta aholkuak ematea.
Abeltzaintzaren Batzorde Teknikoa eta Nekazaritzaren Batzordea Teknikoa eratu dira. Lagundu eta aholkuak emateko beharrizanak sortu ahala joango dira eratzen batzorde tekniko berriak, dekretu honetako 6. artikuluan ezarritakoa betez.
Hauek dira Abeltzaintzako Batzorde Teknikoko kideak:
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko Zuzendaritzari atxikitako arduradun bat.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzaren Abeltzaintza Zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Arabako Foru Aldundian abeltzaintzari lotutako eskumenak dituen zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Bizkaiko Foru Aldundian abeltzaintzari lotutako eskumenak dituen zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Gipuzkoako Foru Aldundian abeltzaintzari lotutako eskumenak dituen zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Neikerreko abereen ekoizpen eta osasun saileko arduradun bat.
Batzorde Zientifikoko idazkaria.
Hauek dira Nekazaritzako Batzorde Teknikoko kideak:
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Teknologiaren Berrikuntza eta Garapeneko Zuzendaritzari atxikitako arduradun bat.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzaren Nekazaritza Zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Arabako Foru Aldundian nekazaritzari lotutako eskumenak dituen zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Bizkaiko Foru Aldundian nekazaritzari lotutako eskumenak dituen zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Gipuzkoako Foru Aldundian nekazaritzari lotutako eskumenak dituen zerbitzuari atxikitako arduradun bat.
Neikerreko landareen ekoizpen eta babes saileko arduradun bat.
Batzorde Zientifikoko idazkaria.
Batzorde Kudeatzaileak onartu behar du batzorde teknikoen osaketa, dekretu honetako 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, baita horien buruaren eta idazkariaren izendapena ere.
Batzorde Teknikoek ezarriko dituzte bere barruko funtzionamenduaren araubideari buruzko kontuak.
Batzorde Teknikoak honako eginkizunak izango ditu:
Egon daitezkeen arriskuak identifikatu, gero Batzorde Zientifikoak ebaluatu ditzan.
Batzorde Zientifikoak arriskuak ebaluatzeko beharrezkoak diren informazio eta datu guztiak bildu eta eman.
Batzorde Zientifikoak emandako gomendioak abian jartzearen gaineko bideragarritasun teknikoa aztertu, Batzorde Kudeatzaileak horrela eskatzen duenean.
Dekretu honetan sortutako organoek eta Osasun Sailari atxikitako Elikadura Segurtasun eta Higienerako Kontseiluak elkarren berri emateko bide iraunkorrak ezarriko dituzte guztion jarduketak koordinatzeko.
Dekretu honetan sortutako kide anitzeko organoetako kideek ez dute lansaririk jasoko. Nolanahi ere, kideek kalteordainen dietak jaso ahalko dituzte otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Dekretu honetan sortutako organoek, euren helburua betetzeko, teknologia berrien erabilera sustatuko dute, bai eta, eginkortasuna hobetzeko, bilerak prestatzeko lanak interkomunikazio telematikoan eta sarean jarriko dira, lankidetzarako lan-tresnak erabiliz.
Lehenengoa. Ordezkotasuna.
Dekretu honetan eta, hala badagokio, barruko funtzionamenduaren arauetan ezartzen ez den guztirako, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoei buruz ezartzen diren arauak aplikatuko zaizkie elikadura arriskuen ebaluazio, azterketa eta aholkularitza organoei.
Bigarrena. Garapena.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari ahalmena eman zaio dekretu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan, bere eskumenen esparruan betiere.
Hirugarrena. Indarrean jartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 10ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


