- 68/2009 DEKRETUA, martxoaren 24koa, zeinaren bidez, neurri ekonomikoak ezartzen baitira, Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua ematean bete beharreko segurtasun-baldintzak indartzeari lotuta. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu68/2009 DEKRETUA, martxoaren 24koa, zeinaren bidez, neurri ekonomikoak ezartzen baitira, Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua ematean bete beharreko segurtasun-baldintzak indartzeari lotuta.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 61
- Hurrenkera-zk.: 1753
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/03/24
- Argitaratze-data: 2009/03/30
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herrizaingoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Ekainaren 11ko 131/2002 Dekretuaren, apirilaren 29ko 95/2003 Dekretuaren, maiatzaren 25eko 91/2004 Dekretuaren eta apirilaren 19ko 96/2005 Dekretuaren bidez, neurri ekonomikoak ezarri ziren, Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua ematean bete beharreko segurtasun-baldintzak indartu zirelako. Horrela, aparteko haborokinen araubide bat sortu zen, Ertzaintzako funtzionarioek lanaldi arruntetik kanpo ematen dituzten zerbitzuak ordaintzeko. Halaber, Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretuan xedatutakoaren arabera, produktibitate-osagarri bat arautzea zuen helburu, norberarena baino kategoria edo eskala handiagoko lanpostuetan zerbitzu-eginkizunetan aritzeagatik aparteko jarduna ordaintzeko. Gainera, aurreko neurriak bezala zerbitzua ematerakoan segurtasun mailarik handiena lortzera bideratutako neurri osagarrien multzo bat ezarri zen.
2006ko ekitaldiari zegozkion arauek (ekainaren 13ko 123/2006 Dekretua), 2007ko ekitaldiari zegozkion arauek (martxoaren 27ko 55/2007 Dekretua) eta 2008ko ekitaldiari zegozkion arauek (martxoaren 4ko 38/2008 Dekretua) aparteko haborokinen araubidea mantendu zuten baina, aurrekoek ez bezala, ez zituzten sartu ez norberarena baino kategoria edo eskala handiagoko lanpostuetan zerbitzu-eginkizunetan aritzeagatiko produktibitate osagarria, ez istripuen aseguru-polizei dagozkien kapitalak berdintzeari buruzko aurreikuspena, gai biak sartuta zeudelako 438/2005 Dekretuak, abenduaren 27koak, onartzen zuen 2005., 2006. eta 2007. urteei dagokien Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko akordioan.
2009. urterako premien aurreikuspen eta analisiak bat datoz lehen aipatu den helburua lortzeko Ertzaintzako funtzionarioek lanaldi arruntetik kanpo ematen dituzten zerbitzuak ordaintzeko aparteko haborokinen araubidea mantentzea ezinbestekoa dela azaltzerakoan.
Beraz, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 103.2. artikuluan aipatzen den mahaian negoziazioa egin ondoren, Ertzaintzaren Kontseiluari entzun eta Euskadiko Batzorde Juridiko Aholkulariarekin bat etorriz, Herrizaingo sailburuak hala proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko martxoaren 24an eginiko batzarrean gaia eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa
Dekretu honen xedea aparteko haborokinen ordainketa-araubidea eratzea da, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 74.1.b) artikuluarekin bat etorriz kasu bakoitzean adierazten diren baldintzetan plangintzako lan-egunetatik kanpo zerbitzuak eskaturik ematen diren Ertzaintzako funtzionarioen zerbitzuak ordaintzeko, kontuan izanik hobari horiek inola ere ezin izan daitezkeela finkoak kopuruan ez aldirokoak kobratzerakoan, eta berariazko osagarria zehazterakoan arduraldi berezia balioetsi zaien lanpostuei ez dagozkiela.
Gainera, dekretu honen bidez Ertzaintzako langileek lana ahalik eta segurtasun-baldintzarik onenetan egin dezaten zenbait neurri osagarri ezarri dira.
Dekretu honen eremu subjektiboa bat dator Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziako langileen lan-baldintzak arautzeko akordioan zehaztutakoarekin, kasu bakoitzerako ezartzen diren baldintzak betez.
Miñoien Ataleko langileei 10. artikuluak dakarren aurreikuspena aplikatuko zaie soilik. Hala ere eta salbuespen gisa, segurtasun-laguntzako lanak egiten dituzten talde horretako kideei dekretu honetako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie.
Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako langileak dekretu honetako aurreikuspenetatik salbuetsiko dira, 4. artikuluko 1. paragrafoko b) letrak aipatzen duen kasuan izan ezik.
Ertzaintzan sartzeko prozeduraren ondorioz praktiketako funtzionario izendatzen diren langileek sartzeko hautaketa-prozesuko praktikaldia hasi ondoren soilik balia dezakete 10. artikuluan ezarritako diruzko konpentsazioa.
Dekretu honetan ezartzen diren aurreikuspenak 2009ko ekitaldian soilik egongo dira indarrean.
Plangintza arruntetik kanpo ematen diren aparteko zerbitzuak, haborokin batez ordain daitezkeenak, hauek dira:
Egun librean, zerbitzuaren premiek baldintzatutako egun librean edo stand-by egoeran, txandakako ordutegian dauden Herritarren Segurtasuneko Alorreko langileek edo ordutegi berezian dauden Baliabide Operatiboen Alorreko langileek egiten dituzten zerbitzuak ordainduko dira, baldin eta lanaren berezko premiengatik edo lanetik sortutako premiengatik deitzen bazaie euren polizia-lan operatiboak betetzeko. Deialdi hauek sei lan-ordutarako izango dira gutxienez. Gutxieneko iraupen hau ez da aplikatuko zerbitzuaren premiek baldintzatutako egun libreetako edo stand-by egoerako deietan.
Ordutegi malguko araubidean edo ordutegi normalizatuko araubidean dauden langileek atseden hartzeko duten egunean lan egiten dutenean, baldin eta Herritarren Segurtasuneko Alorraren berezko polizia-lan operatiboak egiteko dei egiten bazaie, eta gainera, horretarako txandakako ordutegian dauden langileei egun librean dei egin behar bazaie, operatiboek irauten duten denbora osoan.
Ordutegi malguko araubidean dauden langileek atsedenerako duten egunean lan egiten dutenean, baldin eta ustekabeko gorabehera zehatzetarako polizia-lan operatiboetarako dei egiten bazaie, gorabehera horiek irauten duten artean. Gorabehera horiek AKZ-Ardatz unitatearen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira.
Ordutegi malguko araubidean dauden langileek egiten duten lana, lan-baldintzak arautzen dituen akordioko 22. artikuluko 4. paragrafoan ordutegi-araubide mota honetarako ezarritako bermeak betetzen ez diren denboran.
Aurreko zenbakian azaltzen den kasuan sortzen diren aparteko haborokinek baztertu egingo dute zerbitzu berberengatik beste edozein ordainketa-osagarri ematea.
Beharrizan pertsonalengatik hartutako egun libreak berreskuratzeko helburuz, egun libre batean, zerbitzuaren premietara baldintzatutako egun libre batean edo stand-by egun batean egiten den deialdia ez da inola ere izango plangintza arruntetik kanpo emandako zerbitzua. Kasu horretan, lan egindako orduak egun libre gisa hartutako egunak berreskuratzeko izango dira zuzenean.
Trebakuntzako jardueretara eta batzarretara joatean besteak beste, kasu bakoitzean aurreikusten den ordu-kopururako eskubidea egongo da soilik.
Dekretu honetan aurreikusitako araubidea aukera librekoa da, beraz aplika dakiekeen funtzionarioek hau borondatez hartzea edo lan-baldintzak arautzen dituen akordioan orokorrean jasotako ordutegi-konpentsazioko araubidearen mendean jarraitzea aukeratu dezakete.
Lanekotzat kontatutako denboraren eta urte-amaiera arte bere taldearen plangintzan falta denaren artean 1.592 orduko urte-lanaldia gainditzen denean, egun libreko lan-deialdiagatik zerbitzuan diharduten langileek espres hautatu ahal izango dute, inprimaki egokia betez, 7. artikuluan jasotzen diren zenbatekoak kobratzea, eta hala egiten badute lan-deboraren kontaketa oro baztertuko da.
Salbuespen gisa, konpentsazio ekonomikoa hautatu ahal izango da aurreko paragrafoan jasotako urte-lanaldia beteta izatearen baldintza bete barik, baldin, Ertzaintzaren Zuzendaritzaren proposamenez, hauteskunde-prozesuak direla-eta edo gertakariaren barrutiko langileak baino zentro gehiagotakoak behar dituzten bestelako gertakariak direla-eta egun librean egindako lan-deialdiaren ondorioz egindako lana bada.
Lan-plangintza arruntaz kanpo egindako zerbitzuan haborokina eta orduak batera zenbatzerik ez dago, bi salbuespen hauekin:
1.592 orduko urte-lanaldia benetan iritsi eta gainditzen duen deialdia bada, halakoan urteko lanaldi hori iristeko falta diren orduak kontatuko baitira, eta gainerakoa dirutan konpentsa daiteke, eta
Dekretu honen 6. artikuluak aipatzen dituen mugak iritsi eta gainditzen dituen deialdia bada, halakoan kasu bakoitzean dagokion mugaraino falta diren orduak dirutan ordaindu ahal izango baitira, eta gainerakoen ordu-kontaketa egingo.
Ordainketa ordu osoka egingo da, edota ordu erdiko zatika, beti ere lanaldia luzatzen eta zerbitzurik gabeko egunetan lan egiten den kasuetan orduen kontrolari aplikatzen zaien arau orokorraren arabera kontatuz.
Oro har, haborokina jaso dezaketen ez-ohiko zerbitzuen gehienezko muga, aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera, urteko 150 ordukoa izango da. 4. artikuluko 1. paragrafoaren d) letran azaltzen den kasuan, muga 40 ordukoa izango da.
Hala ere, boluntario izaera duten langileek, 9. artikuluko 2. paragrafoan azaldutakoaren arabera, 250 orduko muga izango dute urtean, aparteko haborokinen bidez ordaindu daitezkeen aparteko zerbitzuetarako.
Lan-baldintzak arautzen dituen indarreko akordioaren 27. artikuluan manatutakoaren arabera konpentsatuko dira aurreko paragrafoan ezarritako mugak gainditzen dituzten deialdiak.
Lan-plangintza arruntaz kanpo emandako zerbitzuengatiko aparteko haborokinen kopurua ondorengo balio/ordu irizpideen arabera kalkulatuko da:
Kategoria Ordu
arrunta Gaueko
ordua Jaieguneko
ordua
Agentea 18,64 20,71 22,77
Agente L. 19,32 21,40 23,44
Ofizialordea 21,40 23,44 25,53
Ofiziala 24,16 26,53 28,28
Jaieguneko ordua larunbat, igande edo jaiegunean lan egindakoa da, egun horietako 06:00-07:00etatik biharamuneko 06:00-07:00etara. Gaueko ordua 22:00-23:00etatik 06:00-07:00etara egindakoak dira, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik, eta ordu arruntak, gainerakoak.
2009ko ekitaldirako, Herrizaingo Sailak 4.808.100 euroko kreditua emango du lan-plangintza arruntetik kanpo ematen diren zerbitzuengatiko aparteko haborokinak ordaintzeko.
Zerbitzuaren premien arabera une bakoitzean egin behar diren lanak kontuan izanik, erabakiko da nolako langileei deitu behar zaien eta zein unitatetakoak izan behar diren.
Herritarren Segurtasuneko Alorraren unitateetan, egun librean dauden langileei dei egin behar zaienean eta, aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatuz, langileak herritarren segurtasuneko ataleko langileak izan behar badira, eta zerbitzuaren premiak asetzeko, gainera, eremu funtzional ezberdineko unitate bateko langileei dei egin behar zaienean, ordena hau jarraituko da:
Txandakako ordutegi-araubidean diharduten Ikerketa eremuko langileak.
Ordutegi malguko araubidean dauden langileak.
Azkenik, ordutegi normalizatuko araubidean dauden langileak.
Zerbitzuaren premiengatik egun librean deitua izateko prest dagoela bere unitatean esaten duen langilea soilik izango da langile boluntarioa. Aukera hau eginez gero, ezin izango zaio dekretu honen indarraldian uko egin, salbu eta muga jotzen denean, 6. artikuluko lehen paragrafoko bigarren lerrokadan ezarria; kasu horretan, ukoa idatziz aurkeztu beharko da.
Oro har, eta lan-baldintzak arautzen dituen akordioan ezarritako arauez gain, unitate bakoitzean, aurreko paragrafoan aipatzen diren langile boluntarioei dei egingo zaie, gainontzekoen aurretik lehentasuna emanez. Ordutegi librean lan eginiko ordu-kopurutik txikienetik handienerako ordena jarraituko da. Ordutegi librean lan eginiko ordu-kopurua berbera denean, urteko lanaldia betetzeko ordu gehien falta dituenari egingo zaio dei lehenengo; urteko lanaldia gainditu bada, gutxienean gainditu duenari egingo zaio dei lehenengo.
Boluntarioen kolektiboaren barruan, aurreko paragrafoan ezarritako ordena aldatuko da, ordutegi librean lanera etorri beharreko egunaren aurreko hamalau egunetan langileren bat aldi baterako ezintasuneko bajan egon bada. Kasu honetan, langile hori taldeko azken postuan jarriko da; ordena, era berean, aurreko paragrafoan ezarritako eran ipiniko da, egiten den deialdi zehatzari dagokionez.
Zerbitzurik gabeko egunean, zerbitzuaren premietara baldintzatutako egunean edo stand-by egoeran dauden eta boluntario ez diren langileen artean, lanera deituak izateko ondorioetarako, urteko lanaldia betetzeko ordu gehien falta dituena izango da lehena; urteko lanaldia gainditu bada, gutxienean gainditu duena izango da lehena.
Azaroaren 1etik aurrera, aurreko paragrafoetan azaldu den ordenaren aurretik, premia pertsonalengatik hartutako egun libreak berreskuratu behar dituzten langileak egongo dira. Langile horiei, lan eginiko denbora orduz ordu zenbatuko zaie.
Aurreko paragrafoetan azaldutako deialdia egin behar denean, lanaldien artean atseden hartzeko bermea hautsi baino lehenago edo funtzionarioari segidako zortzi egun baino luzaroago lan egitera behartu baino lehenago, begiratu behar da ea kasu bi horietan ez dauden funtzionarioak nortzuk diren, eta horiei deituko zaie, ezarritako ordena gordeaz.
Kalteordainak emango dira Herrizaingo Sailak eskatutako betekizunak betetzen dituzten balen kontrako barneko txalekoak erosteko; gehienez 709,19 euro emango ditu funtzionario bakoitzeko, betiere kalte-ordain beraren onuraduna izan ez bada ekainaren 11ko 131/2002, apirilaren 29ko 95/2003, otsailaren 24ko 38/2004, apirilaren 19ko 96/2005, ekainaren 13ko 123/2006, martxoaren 27ko 55/2007 eta martxoaren 4ko 38/2008 Dekretuak aplikatuta.
Hala ere, txaleko berria erosteko kalte-ordaina emango zaie, esandako muga bereraino, aurreko dekretuak aplikatuz barneko txalekoa erosteko kalte-ordaina jaso dutenei baldin Dekretu honen indarraldian heltzen bada txalekoon iraungipen-eguna, beti ere, aurreko lerrokadan azaldutako beharkizunak betez gero.
lan operatiboak egiten dituztenentzako aparteko haborokina.
Salbuespen gisa, eta Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 74.1.b) artikulua eta Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretuaren 6. artikulua betez, Segurtasuneko sailburuordeak aparteko zerbitzuengatik haborokinak ematea erabaki dezake, edozein terrorismo motaren aurka, horretan soilik eta zuzenean, lan operatiboak egiten dituzten Ertzaintzako langileei.
Kontzeptu horrengatik ematen diren haborokinek, guztira, ezin dute inola ere gainditu dekretu honen 8. artikuluan adierazitako diru-zenbatekoaren % 5.
Dekretu honetako aurreikuspenek 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute eragina.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoko egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 24an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Herrizaingo sailburua,
JAVIER BALZA AGUILERA.


