- 74/2009 DEKRETUA, martxoaren 31koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoa sortzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu74/2009 DEKRETUA, martxoaren 31koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoa sortzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 69
- Hurrenkera-zk.: 2010
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/03/31
- Argitaratze-data: 2009/04/14
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Ekonomia
Testu legala
Apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoak, arautzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari begira jardun ahal duten organo eta erakundeak, haren Administrazio Orokor eta instituzionalekoak besteak beste. Izan ere, eta aipatutako legearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikari begira ere jardun ahal dute Jaurlaritzako sailek eta haien estatistika- eta administrazio-jarduera argi eta garbi bereizteko aukera emango duen estatistika-organo bat izatea da, horretarako, exijitzen zaien baldintza bakarra. Halaber, organo horietan lan egiten duen estatistika pertsonalaren espezializazio teknikoa sustatuko da. Horiek horrela, estatistika-organo espezifiko horiek Euskal Estatistika Erakundearekin batera sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundean, konplexu organiko eskudun gisa, maila operatiboan.
Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoaren, 26. artikuluan eratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundea eta, horren arabera, estatistika-organo espezifiko bat osatuta izan zuten Jaurlaritzako sail horiek eramango dute aurrera Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko jarduera, aipatutako legeak xedatutakoaren arabera. 26.2. artikuluan adierazten denez, estatistika-organo espezifiko horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundeko zati dira eta erakunde horretan maila operatiboan hartzen dute parte.
Bestalde, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzkoak, 27. artikuluan zehazten du beren araudia izango dutela Jaurlaritzako sailetako estatistika-organoek.
Halaber, ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren, Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak arautzen dituenaren, bidez garatu dira apirilaren 23ko 4/1986 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren, 26. eta 27. artikuluak. Izan ere, ekainaren 22ko 180/1993 dekretu horrek 1. artikuluan xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzako estatistika-organoak sortu, antolatu eta funtzionatzeko prozesua arautzea du helburu eta, horregatik, dekretu horren aginduen arabera eratzen direnak, ez besterik, joko dira Eusko Jaurlaritzako estatistika-organo espezifikotzat. Dekretuaren bidez sortuko dira Eusko Jaurlaritzako estatistika-organo espezifikoak eta horrelako organo bana egon ahal izango da sail bakoitzean, haren antolaketa-egituraren barruan.
Aipatutako dekretuaren 5., 6. eta 7. artikuluaren bidez arautzen da Estatistika Organo Espezifikoaren eraketa organikoa, kide bakarreko organoa den aldetik, eta goi kargu baten edo sailean behar diren eskuduntzak dituen edo sailen arteko koordinazio-funtzioak eta Estatistika Organo Espezifikoaren titularitatea eta eskuduntzak dituen edozein organoren menpetasun zuzena izango du.
Azkenik, ekainaren 22ko 180/1993 dekretuak, Jaurlaritzako sailen estatistika-organo espezifikoak arautzen dituenak, lehen xedapen gehigarrian zehazten duenez, Jaurlaritzako sailek derrigorrean izan beharko dute Koordinazio Organo Espezifikoa, Estatistika Euskal Planean edo urteroko estatistika-programetan sartuta dauden estatistikak eta jarduerak egin ahal izateko.
Dekretu honen bidez betetzen dira apirilaren 23ko 4/1986 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren, eta berau garatzen duen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren aurreikuspenak. Izan ere, ekainaren 22ko dekretu horren bidez arautzen dira Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak eta estatistika-organo espezifikoa ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, eman zaizkion eta harremanak eta funtzionamendua, sekretu estatistikoaren arloan batez ere, estatistika legeriak arautu, babestu eta mugatzen dituen eremuei dagozkien estatistika-jarduerak aurrera eramateko.
Horren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Euskal Estatistika Batzordeak aldez aurretik txostena egin ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko martxoaren 31n egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ostean,
Dekretu honek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoa sortzea du helburu, baita haren antolaketa eta funtzionamendua arautzea ere, apirilaren 23ko 4/1986 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikarenak, eta ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak, Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak arautzen dituenak, xedatutakoaren arabera.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoa kide bakarreko organoa da eta zuzenean Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde menpe dago.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoa I. motako erakunde gisa eratzen da, eskuduntzen ondorioetarako. Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan indarreko legeriak mota horretako estatistika-organo espezifikoei ematen dizkien eskuduntzak eta ahalmenak izango ditu.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoak sail horren eta atxikiak dituen erakunde instituzionalen estatistika-premiei begira gauzatuko ditu bere eskuduntzak, estatistikak estatistika- edo administrazio-datuetatik abiatuz egin behar diren alde batera utzita.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoak, bere funtzioak gauzatzean, estatistikek eragindako arloetan aipatutako saileko zuzendaritza desberdinei legez emandako eskuduntzak errespetatuko ditu. Zuzendaritza horiek estatistika-datuei buruzko informazioa emango diote eta erakunde horrekin lankidetzan jardungo dute, haren zuzendaritzari lotutako ikasketa orokorrak diseinatu eta gauzatzeko prozesuan.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Estatistika Erakunde Espezifikoak, Jaurlaritzako sailetako estatistika-organo espezifikoak arautzen dituen ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusten den Estatistika Erakunde Espezifikoen Erregistroan izena eman ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko estatistikaren arloan jardun beharko du eta estatistika-legeriari men egingo dio, beste organo eta erakunde batzuekin, baita bere Sailekoekin ere, izango dituen harremanetan.
Lehenengoa. Araudiaren garapena.
Dekretu honetan ezarritakoa aurrera eraman eta gauzatzeko behar diren xedapenak emateko ahalmena esleitzen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da dekretu hau indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 31n.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


