Euskadi.eus
  • 35/2009 DEKRETUA, otsailaren 2koa, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

35/2009 DEKRETUA, otsailaren 2koa, Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 31
  • Hurrenkera-zk.: 777
  • Xedapen-zk.: 35
  • Xedapen-data: 2010/02/02
  • Argitaratze-data: 2010/02/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Prezio-politikaren eskumena Ekonomia eta Ogasun Sailari dagokio, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua aldatzen duen uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak, Lehendakariarenak, xedatzen duenez. Eskumen hori merkataritzaren esparruan ardura zuten segidako sailei zegokien lehen.

Gaiaren inguruan arautegi berria egitea komeni da, izan ere eskumena duen saila aldatu egin da eta oso denbora luzea igaro da Euskadiko Prezio-Batzordea berregituratu zuen abuztuaren 30eko 230/1988 Dekretua eta hori aldatu zuen abenduaren 27ko 319/1988 Dekretua indarrean sartu zirenetik. Hartara, baimendutako eta jakinarazitako prezioen arautegiaren aldaketak jasoko dira, baita Euskadiko Prezioen Batzordearen osaera gaur egungo egoerari egokitu ere.

Dekretu honek Batzordearen osaera sinplifikatzea erabaki du, Administrazioko kideek bakarrik osa dezaten, betiere ukitutako sektoreekin, prezio-politikarekin edo tokiko administrazioarekin harremana badute.

Halaber, Batzordean ordezkatuta dauden sailak izendatzeko ez dira erabili haien izenak, aldakorrak baitira; aitzitik, Euskadiko Prezioen Batzordeak aztertuko dituen gaiekiko lotura duten zereginak eta jarduera-esparruak hartu dira aintzat.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko otsailaren 2ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honakoa

  1. Euskadiko Prezioen Batzordea, prezio-politikaren eskumena duen sailari atxikia, ondoko kideek osatuko dute:

    1. batzordeburua, prezio-politikaren eskumena duen saileko sailburuak izendatua.

    2. lau batzordekide, ondorengo gaietan eskumena duten sailetako sailburuek izendatuak: prezio-politika, kontsumoa, bidaiarien garraioa eta tokiko administrazioa.

    3. idazkaria, hitza bai baina botorik gabe, prezio-politikaren eskumena duen saileko sailburuak izendatua.

  2. Batzordeko kideen agintaldia lau urtekoa izango da gehienez, eta iraupen bereko beste agintaldi batzuetarako aukeratu ahal izango dira.

  3. Posturen bat hutsik badago, edo kideren bat kanpoan nahiz gaixorik badago, titularra izendatzeko eskumena duen sailburuak izendatutako pertsona batek ordezka ditzake batzordeko kideak. Ordezkoa titularrarekin batera izendatu beharko da.

Honako hauek izango dira Euskadiko Prezioen Batzordearen eskumenak:

  1. dekretu honen I. eranskineko zerrendan dauden baimendutako prezioen arloan egindako eskabideak ebaztea.

  2. dekretu honen II. eranskineko zerrendan dauden prezio jakinarazien araubidea.

  3. gai horretan indarrean dagoen arautegiak eman diezaiokeen beste edozein.

  1. Euskadiko Prezioen Batzordea batzordeburuak deituta bilduko da, bere deialdiaren beharra egokitzat jotzen denean, aztertu beharreko gaien arabera.

  2. Deialdia, oro har, bilera egin baino zazpi egun natural lehenago egingo da gutxienez, aztertu beharreko gaien premiak epe hori laburtzea eskatzen duenean salbu; nolanahi ere, ezin da hiru egun baliodunekoa baino laburragoa izan.

  3. Deialdiak bileraren tokia, eguna eta ordua jaso beharko ditu, baita gai-zerrenda ere.

  4. Batzordeburuak baimena eman diezaioke beste edozein pertsonari bilkuretan parte hartzeko, hitza bai baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien ezaugarri berezien arabera, pertsona horiek bertan egotea beharrezkotzat jotzen denean.

  1. Batzordea behar bezala eratzeko, hitza eta botoa duten kideen gehiengo osoa bertaratu beharko da, eta beraien artean nahitaez egon behar du batzordeburuak.

  2. Quorumik ez badago, batzordea bigarren deialdian eratuko da, lehenengo deialdirako jarritakoa baino hogeita lau ordu geroago, betiere hitza eta botoa duten bere kideen heren bat badagoenean gutxienez; horien artean derrigorrean egon behar du batzordeburuak.

    1. eta 2. paragrafoetan adierazitako quorumez gain, batzordea behar bezala eratuko bada, idazkariak bertan egon beharko du.

  1. Erabakiak hitza eta botoa duten bertaratutako kideen gehiengo osoz hartuko dira; berdinketa badago, batzordeburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

  2. Gai-zerrendan ageri ez denaren gainean ezin da erabakirik hartu; bai ordea, batzordeko kide guztiak bertaratu eta gehiengoaren aldeko botoz gaiaren premia aitortzen badute.

  3. Euskadiko Prezioen Batzordeak hartutako erabakiek administrazio-bidea amaituko dute.

Dekretu honetan eta, halakorik badago, bere garapen-arauetan xedatu gabeko guztian, indarrean dagoen administrazio prozedura erkidearen alorreko legean kide anitzeko organoentzat xedatutakoa erabiliko da.

1. 20.000 bizilagunetik gora duten udalerrietan, Prezioen Udal Batzordea eratu ahal izango dute udalbatzarrek, beren arautegi arau-emaileen esanera eratuko dena.

  1. Batzorde horiek informazioa bidaliko diote Udalaren Osoko Bilkurari prezioei buruz eta, bereziki, tokiko eskumena diren zerbitzuen tarifak gehitzeko aurkeztu diren eskabideei buruz.

  2. Udalaren Osoko Bilkuraren erabakiak Euskadiko Prezioen Batzordeari helaraziko zaizkio, onartzen diren proposamenekin batera, halakorik badago.

  1. Dekretu hau garatzeko arauetan ezarritakoa bete ondoren, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzan, aurkeztu beharko dira tarifa edo prezioak berrikusteko eskabideak edo jakinarazpenak, administrazio prozeduraren arautegiak ezarritako edozein bide erabiliz.

  2. Euskadiko Prezioen Batzordeak egoki deritzen sail eta erakundeei bidali ahal izango die aurkeztutako espedientea, horri buruzko txostena egin dezaten, espedienteak hartzen dituen gaien arabera.

  1. Dekretu honen I. eranskineko 1. paragrafoan dauden zerbitzuen tarifak berrikusteko espedienteak zerbitzu horren titular den udalak izapidetu beharko ditu hasieran, arauz ezarriko diren prozedurari jarraituz eta eskakizunak betez, eskumena duen organo, erakunde edo enpresak eskatuta, hala gertatuz gero.

  2. Dekretu honen I. eranskineko 2. paragrafoan dauden tarifak berrikusteko espedienteak, arauz ezarriko diren prozedurari jarraituz eta eskakizunak betez izapidetuko dira.

  3. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzan, espedientea sartu zenetik hiru hilabete igaro ondoren, onartutzat hartuko dira tarifak, Euskadiko Prezioen Batzordeak horri buruz berariazko erabakirik hartu ezean.

  4. Txosten edo ebazpenerako funtsezkoak diren dokumentuen falta nabaritzen denean, aurreko paragrafoan ezarritako epea eten egingo da. Udalari edo tarifak berrikusteko eskatu duen emakidadunari huts horren berri eman zaionetik etengo da epe hori, eta hutsa zuzendu arte iraungo du.

  5. Euskadiko Prezioen Batzordearen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, nahiz eta udalari eta, hala izanez gero, emakidadunari zuzenean jakinarazi.

    Nolanahi ere, tarifak ez dira indarrean sartuko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik.

Dekretu honen II. eranskinean sartutako prezioak, arauz jartzen diren eskakizunak bete ondoren, erregistroko sarreraren biharamunetik hogeita hamar egunera sartuko dira indarrean, kontrako berariazko jakinerazpena egon denean salbu; hori gerta daiteke gaiaren garrantziak edo zailtasunak halakoa eskatzen duenean. Horrelakoetan, eskatzen den prezio-berrikusketari hilabete arteko atzerapena eman ahal izango dio batzordeak, gertatutako egoera behar den arretaz aztertu ahal izateko. Bigarren epe hori amaituta, berehala sartuko dira indarrean prezioak.

Euskadiko Prezioen Batzordea gehienez hilabeteko epean eratu beharko da, dekretu hau indarrean sartzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Lehenengoa. Euskadiko Prezioen Batzordeak bere egitekoak betetzen jarraituko du, gaur egun dauzkan egitura eta osaeraz, Euskadiko Prezioen Batzorde berria eratu arte.

Bigarrena. Dekretu hau indarrean sartzen den egunean izapidetzen ari diren espedienteek indargabetutako arautegiari jarraituko diote, behin betiko artxibatu arte.

INDARGABETZEKO XEDAPENAK

Lehenengoa. Indarrik gabe geratuko dira abuztuaren 30eko 230/1988 Dekretua eta abenduaren 27ko 319/1988 Dekretua; halaber, maila bereko edo apalagoko beste edozein arau ere indargabetuko da, dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoa bada.

Bigarrena. Honako agindu hauek indarrean jarraituko dute, dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak ez diren heinean:

  1. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, hiri eremuan egindako Auto-Taxi eta Auto-Turismo Zerbitzuen tarifak berraztertzeko espedienteek bete behar dituzten arauak ezartzen duena.

  2. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, Taldekako eta Hiritikako Bidari-Garraio Kolektiboen tarifen birraztertze espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

  3. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, Autonomia Elkartearen eremu-barruko burdinbideetako tarifen berraztertze espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

  4. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, edateko uraren horniketa-tarifak berraztertze espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

  5. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, Klinika, Sanategi eta Ospitaletako prezioen berri emateari buruzko espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

Lehenengoa. Prezio-politikaren arloan eskumena duen sailari baimena eman zaio dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bigarrena. Prezio-politikaren arloan eskumena duen sailari baimena eman zaio dekretu honen eranskinetan beharrezkoak diren aldaketak egiteko, horietan sartzen diren ondasun eta zerbitzuetan sor daitezkeen kanporaketen eta aldaketen arabera.

Hirugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko otsailaren 2an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

  1. Ura (herriak urez hornitzea).

  2. Bidaiarien hiri barruko garraioa.

  3. Autonomia Erkidego barruko trenbide konpainiak.

  1. Klinikak, erietxeak eta ospitaleak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.