Euskadi.eus
  • 37/2010 DEKRETUA, otsailaren 2koa, Anoetan (Gipuzkoa) dagoen Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa, Monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

37/2010 DEKRETUA, otsailaren 2koa, Anoetan (Gipuzkoa) dagoen Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa, Monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 32
  • Hurrenkera-zk.: 813
  • Xedapen-zk.: 37
  • Xedapen-data: 2010/02/02
  • Argitaratze-data: 2010/02/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2009ko irailaren 18ko Ebazpenaren bidez, Anoetan (Gipuzkoa) dagoen Basagaingo Herrixka Gotortua, Monumentu-multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen (urriaren 9ko EHAA, 195. zk.).

Informazio jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteak alegazioak aurkeztu ditu epearen barruan.

Kultura Ondasunaren mugaketa aldatzeko eta babes-eremua zabaltzeko eskatuz aurkeztu diren alegazioak aztertu ondoren, bidezkoa da horiek gaitzestea, oraingo mugaketa justifikatutzat jo delako eta Basagaingo Herrixka Gotortuari babesa eta balioa emateko egokiena delako.

Halaber, Sailkatutako Ondasunaren babes-araubidea xedatzen duen III. eranskinean akats bat aurkitu denez, bidezkoa da hura zuzentzea: II. kapituluan zenbakitu gabe dauden lehenengo bi paragrafoak 5. artikuluaren hasieran sartuko dira, testua inola ere aldatu gabe.

Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2010eko otsailaren 2ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita eta Kulturako sailburuaren proposamena kontutan harturik, honako hau

Lehenengoa. Kultura Sailak Anoetan (Gipuzkoa) Basagaingo Herrixka Gotortua Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Kalifikatutako Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena. Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Anoetako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailari jakinaraziko zaie.

Hirugarrena. Kultura Sailak Anoetako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu-multzo babes araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaularitzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarrito da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko otsailaren 2an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Gotortutako gune honen mugaketak, berez, ez du inongo zailtasunik, gunea inguratzen duen gotortze-lana bera baita horretarako irizpiderik garbiena.

Hala eta guztiz ere, aztarnategiaren babesa osoki bermatzeko, haren perimetroa egingo duen harresiz kanpoko lur-zerrenda bat markatu beharra dago, hainbat arrazoirengatik: lehenik eta behin, inolako erabilerak arriskuan jar ez dezan harresia; bigarrenik, aztarnategia balioetsi ahal izateko gune hori libre utzi behar delako, eta azkenik, hesiaren bestaldean ere aztertzea eta errekuperatzea merezi duten materialak egongo direlako.

Beraz, azaldutako guztiagatik, ondasuna babesteko guneak harresitik kanpora, hamar metrora, izango du muga.

Basagain Burdin Aroko herrixka gotortua dugu, Anoetako udalerriko lurretan kokatua, Oria ibarraren gaineko ikuspegi zabala duela.

Izen bereko mendiaren gailurrean dago, 295 metroko garaieran. Malda handiak ditu alde guztietara, eta horrek zaildu egiten du bertaraino iristea. Herrixkaren mugak erraz antzematen dira, haren perimetroan eraikitako harresi exentuaren arrastoak ikus daitezkeelako. Harresitik barnera igarotzeko, ateren batek behar zuen ekialdeko hegalean.

Harresiaren egitura, oro har, erraz igartzen da denboraren poderioz beraren gainean amildutako materialak sortzen duen goititzeari erreparatuta. Gaur egun egitura zuzenean ikus daiteke ekialdeko bi tokitan egin diren indusketa arkeologikoei esker. Paramentu bikoitzeko lana da, barnea material betegarriz osatua. Paramentu biak lehorrean hartutako kareharrizko harlauzaz eginak daude, baina barrualdekoak kanpokoak baino handiagoak dira. Horma barruko betegarria irregularragoa da.

Herrixkaren hormaz barrualdeko gunean garoa eta belarra hazten dira gehien bat (salbu eta erdialdean iparralderanzko lur-zerrenda txiki batean, non bertako espezieak hazten baitira), inolako basogintza-ustiapenik gabe alegia. Horrenbestez, basoa bera da (pinuak, pagoak, haritzak) argi eta garbi harresiaren kanpoaldeko lerroa markatzen duena. Herrixkaz kanpoaldera dagoen ia lur guztia, hesitik bertatik hasita, basogintzarako erabiltzen da.

Gailurreraino pista baten bitartez irits liteke, ekialdetik. Behin tontorrera helduta, erdibitu egiten da, eta hainbat bide sortzen dira herrixkan zehar ibiltzeko, baita gunea inguratuz ere.

Hemen egindako indusketa sistematikoetan aurkitu diren lurpeko aztarnek erakusten digute nola moldatzen ziren orduko gizaki haiek beren etxeak egiteko, nolako ekoizpen-moduaz baliatzen ziren eta nolakoa zen haien bizimodua. Horma barruko aldearen zati bat, gaur egun, indusketa fasean dago; beraz, sektore bat irekita dagoenez, lanak jarraitzeko zain, egiturak plastiko batez estalita daude, babestu ahal izateko.

Babes-araubide honek bere baitan hartzen du Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoaren Monumentu Multzo Kalifikatuak bere mugaketaren barruan dituen gune, aztarnak, egitura eta eraikuntza guztiak. Multzoa Anoeta udalerrian dago, Gipuzkoako Lurralde Historikoan alegia.

Babes-araubide hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Araubidea, aipatutako legearen 28.1 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-planeamenduari begira.

  1. Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

  2. Kontserbazio babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko ondasunak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak edo lehengoen aztarnak finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

  3. Esparru gotortua bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu esparru gotortua bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa monumentu multzoko kategoriarekin ondasun kalifikatu bezala jasota geratuko da Anoetako udalen planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune hau antolatzerakoan, berariazko babes-araubide honetako arauen menpean geratuko dira planeamendu-instrumentuak eta, nolanahi ere, horiek onartzeko Kultura Sailaren oniritzia beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat etorri ez edo horien aurka badoaz.

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilera eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilera eta jarduerak araubidearen kontrakotzat joko dira.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko arrasto arkeologikoak errespetatzen badira.

  1. Irizpide orokorra.

    Oro har, eta deskribatutako babes-araubideari jarraituz, aztarnategi arkeologikorako arriskugarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen erabilerak eta jarduerak ez onartzea izango da irizpidea. Eta ez bakarrik lur gaineko zein lur azpiko eraikuntzak hondatzen dituzten jarduera eta erabilerak, baita gune arkeologikoaren hurrenkera historikoa aldatzen dutenak ere.

    Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu horietan onartutako erabilerek zientzia eta kultura izaerakoak izan beharko dute, bestelakorik ez. Beraz, proposatutako jarduerek sendotzea, artatzea eta/edo zaharberritzea izan beharko dute helburu, bai eta arkeologia indusketa ere.

  2. Onartutako jarduerak.

    Aurreko lerroaldean baimentzeko moduko jardueratzat adierazitako horiek honako definizio hauei lotu beharko zaizkie:

    1. Arkeologia indusketa. Arkeologia indusketa deritze, Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 45.2 artikuluan jasotakoari jarraituz, sedimentuen estratigrafiari atxikiz arkeologia eta paleontologia hondakinak ikertzeko, dokumentatzeko eta erauzteko jarduerei. Nahitaezkoa da aztarnategiko hondakinak zaharberritzeko planei ekin aurretik egitea, horrela, horren historia ezagutu baitaiteke eta, bide batez, aztarnategia baloratzeko orduan nola jokatu jakin.

    2. Zaharberritzea. Nekez mintza daiteke zaharberritzeaz baldin eta, aurretik, zaharberritu nahi den horri buruzko ikerlan zehatza egiten ez bada arkeologia metodologikoaren bitartez. Bada, ikerlan horren bitartez, herrixka gotortua berreraikitzeko eta baloratzeko oinarriak eta irizpideak zehaztu beharko dira, eraikitze historiarekin, errituekin eta okupazioarekin bat etorriz (ikerlanaren eta azterketaren emaitza), monumentu multzoari arrotz zaizkien irizpideak ezarri gabe, hain zuzen.

      Interes handikoak diren edota artapen maila ona duten aztarnategi zatietatik hasiko dira zaharberritze lanak, arkeologia azterketak amaitu eta berehala. Beraz:

      Zaharberritze prozesu orok aztarnategia baloratzeko egitarau oso baten barruan egon beharko du. Horretarako, zuzendaritza talde horretan gaian aditu diren arkeologia profesionalak izan beharko dira, azken batean erabakigarriak izango baitira lanak arautuko dituzten irizpideak finkatzerakoan.

      Erabilitako teknikak eta materialak aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren aztarnarik gera ez dadin.

      Aztarnategia interpretatzeko beharrezkoa iritziz gero, aztarnategiko zati suntsituak berreraiki ahal izango dira eta berreraiki beharko ere, baina lan hori ez zaio gailenduko inola ere aztarnategiaren ikuspegiari. Nolanahi ere, berreraikuntzak herrixkaren jatorrizko egitura megalitikoari jarraitu beharko dio estu estuan, arkeologia azterketak ezarritako ildoekin bat etorriz. Horretarako, aurrena, jatorrizko materialak erabiliko dira, eta galduta badaude, hurrena, kolorean, itxuran, ehunduran eta abarretan antzekoak direnak. Hala eta guztiz ere, jarraitu beharreko arau nagusia jatorrizko egituraren eta berreraikitakoaren artean zeharo bereiztearena izango da, adibidez, bi zatiak bereiziko dituen marran kolore ezberdinak erabiliz.

      Era berean, egitura horietatik ezabatu ahalko dira, eta beharko ere, egitura horiek eraiki eta gerora jarritako elementuak, ez direlako jatorrizko erabilpenarekin lotzen, baizik eta denboran geroxeagoko erabilerei dagozkienekin. Hortaz, soilik mantenduko dira baldin eta kokatuta dauden inguruneko usadioak ezagutzera emateko aztarnategi zatitzat jotzen badira. Hala dagokionean, behar den moduan arrazoitu beharko da.

    3. Sendotzea eta kontserbatzea. Arkeologia aztarnategietako egiturak, materialak, etab. (harresia, gela-hormen hondakinak, zutoin-zuloak, materialak...) babesteko jarduerak, tratamenduak eta eskuartzeak dira. Elementu horiek indartu egiten dituzte, bai eta beren sendotasuna bermatu ere, narriadura saihestuz eta ikusgarriagoak eginez. Horrela, ulerterrazago egiten dituzte eta horien zabalkundea hedatu.

      Era berean, herrixkan egin beharreko ekintzak egituratzen dituzten sendotze- eta kontserbatze-egitarauak sustatu beharko dira, alegia, aztarnategia babestea bermatuko duten egitarauak, hala arkeologia indusketa prozesua gertatu aurretik, gertatu bitartean nola gertatu ostean.

      Egitarau horiek gaian adituak direnek gauzatu beharko dituzte, hori bai, arkeologia profesionalen aholkuak lagun dituztela. Halaber, prozesu horiek itzulgarriak izan beharko dute beti.

  3. Baimendutako erabilerak eta jarduera ez-eraikitzaileak.

  1. Zientzia-jarduerak, eta hondakinak dauden daudenean mantentzeko lanak.

    Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako egitasmoa aurretik dela.

    Bada, eremu horretako zientzia-jarduerek (arkeologia indusketak, azterketak, ikerlanak etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, gerora begirako balorazioa ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da arkeologia metodologiaren bidez aurkitutako arkeologia ondasun higiezinak, dauden toki berean babestu beharko direla.

    Burutzen den egitasmoak aztarnak sendotu, bertan kontserbatu eta zaharberritzea izango du xede, bai orain lur azalean diren aztarnak bai induste-lanen bidez ateratzen direnak, degradazio-prozesuak saihesteko edo ahalik eta gehien moteltzeko.

  2. Kultura-jarduerak eta aztarnategia ezagutzera emateko moduak.

    Kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, arrastoak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horregatik bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, hori erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat berreraikiko da eta abar.

    Basagaingo Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

    Aztarnategiko seinaleak modu egokian jartzeko aukera emango da, betiere okupazio arrastoak bilatzeko eremuaren mugak errespetatuz eta gidetan jasoz (mendikoak, bidezidorretakoetan), horren ezagutza areagotze aldera, izan ere, bermatu egingo du errespetatzea eta bereonean eustea.

  3. Basogintza erabilerak.

    Kontuan hartuta gaur egun Basagaingo herrixka gotortuaren zati batean egurra ustiatu egiten dela, baimendu egingo da erabilera hori, baina debekatu egiten da basoa handitzea edota birlandaketak egitea.

    Oraingo landareak moztu eta ateratzeari dagokionez, honako baldintza hauek bete beharko dira:

    Mozketa soila onartuko da, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin egur-mozketa edo ateratzeari begira.

    Egurra ateratzeko ez da makineria astuna erabiliko eta saihestu egingo da ibilgailuak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez txirrikak erabiliko dira edo esku hutsez aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategiak zenbateraino kaltetu dezaketen kontuan hartuta. Baldintza hauek guztiak arkeologiako profesional batek aldez aurretik landuko duen txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

    Edozein kasutan ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, jarduerak egin aurretik berak baimena eman dezan.

  1. Baimendutako erabilerak eta jarduera eraikitzaileak.

    Lekua babesteko, ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du, aztarnategia ikertzeko eta bere balioa azpimarratzeko egitasmo orokor bat eginda. Edonola ere den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko da lana gauzatu aurretik.

Gizarte interesekotzat joko da Anoetako Basagaingo Herrixka Gotortuaren eremua (Gipuzkoa), indusketa prozesu sistematikoen ondorioz lurrazpiko egiturak eta arkeologia hondakinak agerrarazten direnean, Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, beroriek sendotzeko, zaharberritzeko eta baloratzeko ikusgai jartzea egokitzat jotzen bada.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik