- 38/2010 DEKRETUA, 2010eko otsailaren 2koa, Andoainen (Gipuzkoa) dagoen Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa, Monumentu-Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu38/2010 DEKRETUA, 2010eko otsailaren 2koa, Andoainen (Gipuzkoa) dagoen Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa, Monumentu-Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 29
- Hurrenkera-zk.: 732
- Xedapen-zk.: 38
- Xedapen-data: 2010/02/02
- Argitaratze-data: 2010/02/12
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2009ko uztailaren 27ko Ebazpenaren bidez, Andoainen (Gipuzkoa) dagoen Buruntzako Herrixka Gotortua, Monumentu Multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen (irailaren 9ko EHAA, 173. zk.).
Informazio jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, «Sociedad Financiera y Minera SA - Cementos Rezola» enpresak alegazioak aurkeztu ditu epearen barruan.
Aipatutako alegazioak aztertu ondoren, eta enpresaren eskaera aintzat hartuz, «Sociedad Financiera y Minera SA - Cementos Rezola» espedientean interesduna dela onartu da.
Halaber, Sailkatutako Ondasunaren babes-araubidea xedatzen duen III. eranskinean akats bat aurkitu denez, zuzendu egingo da: II. eta III. kapituluetako artikuluei dagokien zenbakia aldatu egingo da, testua inola ere aldatu gabe.
Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2010eko otsailaren 2ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita eta Kultura sailburuaren proposamena kontutan harturik, honako hau
Lehenengoa. Kultura Sailak Andoainen (Gipuzkoa) Buruntzako Herrixka Gotortua Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Kalifikatutako Ondasunen Erroldan inskribatuko du.
Bigarrena. Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Andoaingo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara eta Mugikortasunerako eta Lurralde Antolaketako Sailei, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko zaie.
Hirugarrena. Kultura Sailak Andoaingo Udalari eskatuko dio udalaren hirigintza-araudia egokitzeko Monumentu Multzo horretarako ezarritako babes-araubideari, horrela Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.
Laugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko otsailaren 2an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Aztarnategia behar bezala babesteko eta balioesteko, beharrezkoa da, herrixkak berak hartzen duen eremuaz aparte, haren inguruan perimetro bat ezartzea. Baloratutako perimetroa bere ingurune osoan 400 m-an dagoen sestra-kurbak markatzen duena da, ekialdean izan ezik, non hurrengo UTM koordenadetako puntu geografikoak elkartzen dituen lerroak limitea ezartzen duen: X: 580120,874/ Y: 4787903 (ipar-ekialdeko puntua); X: 580043,5/ Y: 4788025 (hego-ekialdeko puntua).
Mugaketa hau erabat justifikatuta dago, zeren egia izanik ere iparraldeko maldak era naturalean babesten duela herrixkaren alde hau, hegoaldetik eta ekialdetik harresiaren egitura 410 eta 420 metroetan dagoenez beharrezkoa baita bertatik tarte batez urruntzea, areago kontuan hartuta gaur egun ez dagoela inolako ikusizko erreferentzia garbirik begi bistan berezko muga antzemateko.
Buruntza Burdin Aroko herrixka gotortu bat da, txikia (ez da hektarea batera iristen), 441 m-ko garaieran kokatua, babeserako moldaturiko haitz batean. Iparraldera desnibel handiko malda bat duenez, zaila da bertatik gunera sartzea; hegoaldetik 2,55 m-ko zabalerako eta 215 m-ko luzerako hesi bat du, harresia alegia. Hesia kareharrizkoa da, ia arbastatu gabea, eta bi alde ditu, barrura eta kanpora begira daudenak. Hesiaren beraren barnea material betegarriz osatua dago.
Oso toki aldapatsua da, nahiz eta gune terrazatu gutxi batzuk dituen, hain zuzen ere bizitokiak jartzen baliatzen zituzten terrazak, gehienetan harresiari itsatsiak.
Herrixka dagoen mendi-puntaraino iristeko, gaur egun pista bat dago, baina pista horrek lehengo harresi zaharra apurtu zuen. Herrixka oso erraza da lokalizatzen, ez bakarrik mendi-gailurraren izenagatik (herrixka mendiaren izenarekin bataiatu da), baita haren erpinean hormigoizko gurutze ikaragarri handi bat dagoelako. Herrixkaren esparruan ere txantxarrezko hesia jarri da, jabetza-arlo desberdinak banatzeko. Mendi honen gaur eguneko aprobetxamendua hutsa da; ondorioz, bere kasa hazten da belarra, otea eta laharra, eta horrek enbarazu egiten du bertatik ibiltzeko, bai eta hondakin arkeologikoak ikusteko ere. Toki batzuetan, bertako haitza agertzen da lurgaineko azalera.
Inguruetan kareharria ustiatzeko bi harrobi daude, eta mendialde osoa oso eraldatuta dago, hainbesteraino non gaur egun herrixkaraino daraman mendi-pista bakarra aipaturiko ustiategiak berriki egina den.
Babes-araubide honek bere baitan hartzen du Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoaren Monumentu Multzo Kalifikatuak bere mugaketaren barruan dituen gune, aztarnak, egitura eta eraikuntza guztiak. Multzoa Andoain udalerrian dago, Gipuzkoako Lurralde Historikoan alegia.
Babes-araubide hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Araubidea, aipatutako legearen 28.1 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-planeamenduari begira.
Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoaren babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera araubide orokorra ezartzerakoan, bi eremu bereizi behar dira:
eremua. Aztarnategiak berez hartzen duen lur-zatia. Bere muga herrixka inguratzen duen gotortze-sistema nagusiarekiko paraleloan doan eta 10 m-ra dagoen lerroa da. Eremu honetan ikerketa arkeologikorako datu interesgarriak daude, bai eta metodologia arkeologikoaren bitartez berreskuratu beharreko aztarnak ere bai; gainera, ondasun higiezinen kasuan, dauden daudenean kontserbatu beharko dira.
eremua. Aztarnategia balioesteko eta geroko arriskuetatik babesteko beharrezkoa den ingurune zabalagoa da. Bere muga ingurune osoan 400 m-ra dagoen sestra-kurbak markatzen duena da, ekialdean izan ezik, non hurrengo UTM koordenadetako puntu geografikoak elkartzen dituen lerroak limitea ezartzen duen: X: 580120,874/ Y: 4787903 (ipar-ekialdeko puntua); X: 580043,5/ Y: 4788025 (hego-ekialdeko puntua).
Eremu honetan, gainera, lekukotasun arkeologiko berriak ager litezke, herrixkari buruzko historiaurrea eta protohistoria hobeto ezagutzen lagundu dezaketenak.
Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.
Kontserbazio babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko ondasunak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak edo lehengoen aztarnak finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.
Esparru gotortua bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu esparru gotortua bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.
Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa monumentu multzoko kategoriarekin ondasun kalifikatu bezala jasota geratuko da Andoaingo Udalaren planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, gune hau antolatzerakoan, berariazko babes-araubide honetako arauen menpean geratuko dira planeamendu-instrumentuak eta, nolanahi ere, horiek onartzeko Kultura Sailaren oniritzia beharko da.
Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzitakoak badira, aldatu egin beharko dira baldin eta babes-araubide honen babes-neurriekin bat ez badatoz edo horien aurka badoaz.
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko arrasto arkeologikoak errespetatzen badira.
Irizpide orokorra.
Oro har, eta deskribatutako babes-araubideari jarraituz, aztarnategi arkeologikorako arriskugarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen erabilerak eta jarduerak ez onartzea izango da irizpidea. Eta ez bakarrik lur gaineko zein lurpeko eraikuntzak hondatzen dituzten jarduera eta erabilerak, baita gune arkeologikoaren hurrenkera historikoa aldatzen dutenak ere.
Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu horietan onartutako erabilerek zientzia eta kultura izaerakoak izan beharko dute, bestelakorik ez. Beraz, proposatutako jarduerek sendotzea, artatzea eta/edo zaharberritzea izan beharko dute helburu, bai eta arkeologia indusketa ere.
Onartutako jarduerak.
Aurreko lerroaldean baimentzeko moduko jardueratzat adierazitako horiek honako definizio hauei lotu beharko zaizkie:
Arkeologia indusketa. Arkeologia indusketa deritze, Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 45.2 artikuluan jasotakoari jarraituz, sedimentuen estratigrafiari atxikiz arkeologia eta paleontologia hondakinak ikertzeko, dokumentatzeko eta erauzteko jarduerei. Nahitaezkoa da aztarnategiko hondakinak zaharberritzeko planei ekin aurretik egitea, horrela, horren historia ezagutu baitaiteke eta, bide batez, aztarnategia baloratzeko orduan nola jokatu jakin.
Zaharberritzea. Nekez mintza daiteke zaharberritzeaz baldin eta, aurretik, zaharberritu nahi den horri buruzko ikerlan zehatza egiten ez bada arkeologia metodologikoaren bitartez. Bada, ikerlan horren bitartez, herrixka gotortua berreraikitzeko eta baloratzeko oinarriak eta irizpideak zehaztu beharko dira, eraikitze historiarekin, errituekin eta okupazioarekin bat etorriz (ikerlanaren eta azterketaren emaitza), monumentu multzoari arrotz zaizkien irizpideak ezarri gabe, hain zuzen.
Interes handikoak diren edota artapen maila ona duten aztarnategi zatietatik hasiko dira zaharberritze lanak, arkeologia azterketak amaitu eta berehala. Beraz:
Zaharberritze prozesu orok aztarnategia baloratzeko egitarau oso baten barruan egon beharko du. Horretarako, zuzendaritza talde horretan gaian aditu diren arkeologia profesionalak izan beharko dira, azken batean erabakigarriak izango baitira lanak arautuko dituzten irizpideak finkatzerakoan.
Erabilitako teknikak eta materialak aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren aztarnarik gera ez dadin.
Aztarnategia interpretatzeko beharrezkoa iritziz gero, aztarnategiko zati suntsituak berreraiki ahal izango dira eta berreraiki beharko ere, baina lan hori ez zaio gailenduko inola ere aztarnategiaren ikuspegiari. Nolanahi ere, berreraikuntzak herrixkaren jatorrizko egitura megalitikoari jarraitu beharko dio estu estuan, arkeologia azterketak ezarritako ildoekin bat etorriz. Horretarako, aurrena, jatorrizko materialak erabiliko dira, eta galduta badaude, hurrena, kolorean, itxuran, ehunduran eta abarretan antzekoak direnak. Hala eta guztiz ere, jarraitu beharreko arau nagusia jatorrizko egituraren eta berreraikitakoaren artean zeharo bereiztearena izango da, adibidez, bi zatiak bereiziko dituen marran kolore ezberdinak erabiliz.
Era berean, egitura horietatik ezabatu ahalko dira, eta beharko ere, egitura horiek eraiki eta gerora jarritako elementuak, ez direlako jatorrizko erabilpenarekin lotzen, baizik eta denboran geroxeagoko erabilerei dagozkienekin. Hortaz, soilik mantenduko dira baldin eta kokatuta dauden inguruneko usadioak ezagutzera emateko aztarnategi zatitzat jotzen badira. Hala dagokionean, behar den moduan arrazoitu beharko da.
Sendotzea eta kontserbatzea. Arkeologia aztarnategietako egiturak, materialak, etab. (harresia, gela-hormen hondakinak, zutoin-zuloak, materialak...) babesteko jarduerak, tratamenduak eta eskuartzeak dira. Elementu horiek indartu egiten dituzte, bai eta beren sendotasuna bermatu ere, narriadura saihestuz eta ikusgarriagoak eginez. Horrela, ulerterrazago egiten dituzte eta horien zabalkundea hedatu.
Era berean, herrixkan egin beharreko ekintzak egituratzen dituzten sendotze- eta kontserbatze-egitarauak sustatu beharko dira, alegia, aztarnategia babestea bermatuko duten egitarauak, hala arkeologia indusketa prozesua gertatu aurretik, gertatu bitartean nola gertatu ostean.
Egitarau horiek gaian adituak direnek gauzatu beharko dituzte, hori bai, arkeologia profesionalen aholkuak lagun dituztela. Halaber, prozesu horiek itzulgarriak izan beharko dute beti.
Ondasunaren 1. eremuan baimendutako erabilerak eta jarduera ez-eraikitzaileak.
Zientzia-jarduerak, eta hondakinak dauden daudenean mantentzeko lanak.
Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako egitasmoa aurretik dela.
Bada, eremu horretako zientzia-jarduerek (arkeologia indusketak, azterketak, ikerlanak etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzen lagundu beharko dute, gerora begirako balorazioa ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da arkeologia metodologiaren bidez aurkitutako arkeologia ondasun higiezinak, dauden tokian bertan babestu beharko direla.
Burutzen den egitasmoak aztarnak sendotu, bertan kontserbatu eta zaharberritzea izango du xede, bai orain lur azalean diren aztarnak bai induste-lanen bidez ateratzen direnak, degradazio-prozesuak saihesteko edo ahalik eta gehien moteltzeko.
Kultura-jarduerak eta aztarnategia ezagutzera emateko moduak.
Kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, arrastoak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horregatik bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, hori erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat berreraikiko da eta abar.
Buruntzako Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.
Ondasunaren 1. eremuan baimendutako erabilerak eta jarduera eraikitzaileak.
Lekua babesteko, ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du, aztarnategia ikertzeko eta bere balioa azpimarratzeko egitasmo orokor bat eginda. Edonola ere den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena beharko da lana gauzatu aurretik.
Irizpide orokorra.
Eremu honetako irizpide nagusia da hau bezalako ingurune batean ohikoak diren erabilera eta jarduerei eustean, salbu eta arriskuan jar dezaketenak aztarnategiaren kontserbazioa edo inguruarekiko integrazioa. Ingurunean ezartzen diren erabilera guztiek ondasun kalifikatuaren kontserbazioa errespetatu beharko dute, ingurunea bera ondasun horren zati den aldetik, halaxe xedatzen du-eta Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 23. artikuluak.
Ondasunaren 2. eremuan baimendutako erabilerak eta jarduerak.
Hau bezalako ingurune batean ohikoak diren nekazaritza eta abeltzaintza tradizionalarekin loturiko erabilera eta jarduera guztiak baimenduko dira. Debekatuta daude, ordea, erauzketa-erabilerak, zuhaitzak landatzea, bai eta tamaina handiko instalazio elektriko edo telekomunikazioetakoak, zeren eta aztarnategia arriskuan jar baitezakete eta, gainera, espediente honen bidez babestu nahi den ingurumariaren irudiari kalte egin bailiokete. Jarduera horiek guztiek errotik aldatuko lukete herrixka gotortua kokatuta dagoen eremuaren eitea, eta goitik behera oztopatuko lukete herrixka modu egokian interpretatzeko lana.
Edonola ere, eremu honetan edozein erabilera edo jarduera baimendu baino lehen, nahitaezkoa izango da baldintza batzuk betetzea:
Prospekzio-programa bat egin beharko da proiektuak ukitutako eremuan, gaur egun oraindik aurkitu ez diren historiaurreko edo protohistoriako okupazioekin loturiko arkeologia-aztarnategi berriak aurkitzeko helburuarekin.
Aztarna arkeologiko berririk aurkitzen bada, berriz, proposatutako proiektuak horiek ez dituela ukituko bermatu beharko da. Horretarako, proposatutako proiektuaren ezaugarrien eta aurkitutako aztarnen garrantziaren arabera, kasuan-kasuan egokien jotako neurri zuzentzaileak hartuko dira. Modu horretara, posible izango da aztarnategia babestea ahalbideratzen duten aldaketak proiektuan sartzea planteatzea, edo proiektuaren hedaduraren araberako indusketari hasiera ematea.
Artikulu honen a) idatz zatian adierazitakoa betetakoan, eta eremuan gauzatu nahi den jarduerari baimena eman eta gero, eremu horietan onartutako edozein jarduera Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari jakinarazi beharko zaio, jarduerei ekin baino hamabost lehenago. Kultura Departamentuak egoki baderitzo, berriz, jarduera horren arkeologia kontrola hartu ahal izango du bere gain, monumentu multzo horretako kultur ondasunak ukituta geratuko ez direla bermatuz.
Gizarte interesekotzat joko da Andoaingo Buruntzako Herrixka Gotortuaren eremua (Gipuzkoa), indusketa prozesu sistematikoen ondorioz lurrazpiko egiturak eta arkeologia hondakinak agerrarazten direnean, Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, beroriek sendotzeko, zaharberritzeko eta baloratzeko ikusgai jartzea egokitzat jotzen bada.


