- 52/2010 DEKRETUA, otsailaren 16koa, enpresa finantziazioa gauzatzeko abal publikoak emateko ezohiko programa garatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu52/2010 DEKRETUA, otsailaren 16koa, enpresa finantziazioa gauzatzeko abal publikoak emateko ezohiko programa garatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 51
- Hurrenkera-zk.: 1513
- Xedapen-zk.: 52
- Xedapen-data: 2010/02/16
- Argitaratze-data: 2010/03/16
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Egungo krisi ekonomikoa bereizten duen ezaugarrietako bat honako hau da: Euskadiko enpresa-sektorea finantzatzeko ohiko iturriak, merkataritza-trafiko arruntari lotuta daudenak, nabarmen uzkurtu izana.
Finantziazio-gabezia hori arintzeko, abalen programa bat proposatzen da. Programa hori gure ekonomiarako eta enplegurako ezinbestekoa den enpresa-kolektiborako den kapital zirkulatzailea finantzatzeko da bereziki. Enpresa horiek, beraiek bakarrik edo beste batzuekin batera, proiektu garrantzitsuetan sar daitezke, gehienak nazioarteko merkatuan, eta proiektu horiek garatzeko eta gauzatzeko beste eskari bat gehitzen diete Euskadin dituzten hornitzaileei.
Enpresa traktoreek gauzatzen duten eragiketa mota horrek asko lagunduko du gure industria-sareak jarraitutasuna izan dezan produkzio- eta enplegu-alorretan.
Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak jabetuta daude aipatutako problematikaz, eta enpresa-sektore osoari gure Autonomia Erkidegoaren funtsezko oinarri gisa eustearen aldeko jarrera aktibotik abiatuta, nahitaezkotzat hartzen dute 2009-2010 aldirako Ezohiko Programa bati ekitea elkarrekin. Programa horren bitartez, enpresa-proiektu batzuei erantzungo zaie, hain zuzen ere beren sektorean, eskualdean, ekonomian eta gizartean duten garrantzia dela-eta horrelako neurrien premia duten programei.
Horregatik, Eusko Jaurlaritza Ezohiko Lege Proiektu bat izapidetzen ari da, krisialdia gainditzeko neurri sorta bat aplikatzeko. Neurri horien artean ekitaldi honetan abalen muga igotzea dago; muga hori, gainera, Dekretu honetan aurreikusitako jardunekin dago lotuta.
Parametro horietatik abiatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2009ko ekainaren 5ean egindako bileran, onartu zuen 2009ko ekitaldian gehienez ere 50.000.000 euroko abalak emateko aukera zegoela arestian aipatutako ezohiko jardunak gauzatzeko. Akordio horretan aurreikusi zen Ezohiko Programa bati itxura emateko aukera zegoela programa horretan ezarritako irizpideak 2010eko ekitaldian betetzen dituzten enpresei eta enpresa taldeei finantza-babesa emateko. Programa horrek, gainera, eman beharreko abalen zenbatekoa ezarri behar du, baita bere ezaugarriak, funtzionamendua eta kudeaketa ere.
Ezohiko Programa horrek aplikatu beharreko Erkidegoko Zuzentarauak kontuan hartu eta errespetatzen ditu; horretarako, Europako Erkidegoak ezarritako laguntza-tipologia egokitzen du, baita laguntza horiek baimentzeko oinarrizko baldintzak ere.
Ildo horretatik, Europar Batasuneko Batzordearen 2009ko ekainaren 8ko Erabakiaren arabera, N 307/2009 - España zenbakiko Estatuko laguntza onartu zen Espainiarako. Laguntza horri «laguntza bateragarrirako zenbateko mugatuak emateko laguntzarako denborazko erregimena» deritzo. Baimendutako erregimenaren helburua honako hau da: finantza-krisiaren eta krisi ekonomiko globalaren ondorioz bat-batean sortutako gabeziaren edo krediturik ezaren eraginpean dauden enpresei denborazko laguntza ematea. Egungo enpleguari eusten lagunduko du, eta, beharbada, baita enplegu berriak sor daitezen sustatzen ere.
Erregimen hau EEren Itunaren 87. artikuluaren 3. idatz-zatiko b) letran eta Batzordearen Jakinarazpenaren 4.2.2 atalean (Estatuko laguntza-neurriei aplikatu beharreko Erkidegoko denborazko esparrua, egungo krisialdi ekonomikoaren eta finantza-krisiaren testuinguruan finantziazioa lortzen laguntzeko aurrerantzean «Denborazko esparrua» deituko zaio) (2009-04-07ko EO C 83, 8. orria) oinarritzen da. Jakinarazpen horren bitartez, ahalbidetzen da laguntza bateragarriak, 500.000 euro gehienez ere, ematea 2010aren amaiera arte.
Arestian aipatutako alderdiak oinarri hartuta, jarduteko irizpide berriak ezarri dira, eta horien artetik honako hauek aipatuko ditugu:
Laguntzaren salbuespen-irizpidea, eskabideak izapidetzeko onartu aurretik hainbat ezaugarri betetzea eskatzen delako.
Laguntza finalistaren kontzeptua, proiektu, eskaera edo kontratu jakin batentzat.
Abal publikoaren figura laguntza lortzeko baliabide orokor gisa erabiltzea, FInantza Erakundeen finantziazioa lortze aldera.
Aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta bideratzeko beharrezkotzat hartzen den informazio eta dokumentazio oro aurkezteko obligazioa.
Enpleguari eutsiko zaiola adierazten duen idazki bidezko konpromisoa.
Abal publikoaren bitartez lortutako finantza-baldintzak hornitzaileei besterenduko zaizkiela adierazten duen idazki bidezko konpromisoa.
Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko baimena izan behar da, baldin eta akzioak hirugarren batzuei eskualdatzen bazaizkie, eta horrek enpresaren kontrola aldatzea ekartzen badu.
Aurkeztutako proiektuak, eskaerak edo kontratuak ebaluatzeko metodologia. Adierazitako metodologiak, alde batetik, enpresa-proiektuaren tratamendu unitarioa tratatzeko printzipioak jarriko ditu abian; beste alde batetik, enpresak jasotako laguntza guztiak kontuan hartuko dituen leihatila bakarra izango da, eta, azkenik, aurkeztutako proiektuarekiko adostasuna eta bideragarritasunari buruz Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egindako industria-ebaluazio egingo du, baita finantza-ebaluazioa ere.
Ezohiko programa hau erakunde artekoa denez gero, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek, Baliabideen banaketarako eta Foru Aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2007-2011 aldian aplikatuko den metodologiari buruzko martxoaren 23ko 2/2007 Legearen Hirugarren Xedapen Gehigarria aplikatuz, erabaki zuten, aho batez, Ezohiko Programa hau ohiz kanpokoa zela, baita Euskadiko Administrazio Publiko guztien konturako finantziazioa eredu orokorraren arabera, egingo zela ere, murrizketa berezia aplikatuz, aipatutako Legearekin bat etorriz.
Finantza Publikorako Euskal Batzordeak otsailaren 12an berretsi duen akordio horren arabera, 2010 urtean eman beharreko abalen gehieneko zenbatekoa EAEko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeetan ezarri da, eta egon litezkeen kobraezinen kostua inplikatutako administrazioen artean banatuko da, honako proportzio honetan: % 30 Foru Aldundiek ordainduko dute, eta gainerako % 70a Eusko Jaurlaritzak.
Horren ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak elkarrekin proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko otsailaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea honako hau da: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei edo enpresa taldeei abal publikoak emateko Ezohiko Programa ezartzea, azken enpresa horiei banku-finantziazioa lortzea ahalbidetuko diena kapital zirkulatzailearen premiak estaltzeko, eta beste alde batetik, finantziazio hori lortzeko baldintzak eta prozedura arautzea.
2010 urtean eman beharreko abalen gehieneko zenbatekoa, 350.000.000 euro gehienez, 2/2009 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomi Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorren Legean, bere 13.1 artikuluan, ezartzen den zenbatekoaren araberakoa baimenduta dago.
Programaren helburua da laguntzak eskatzen direnetik ematen direnera arte ahalik eta denbora laburrena igarotzea, eta, beraz, laguntzak ordenan emango dira, espedientea osatzen den unearen arabera, eta laguntzek aurreko atalean zehaztutako eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoa edo, hala badagokio, eguneratutako zenbatekoa gainditzen badute, administrazioko ebazpen bidez ukatuko dira.
Horregatik, Dekretu honetan ezarritako programa hau indarrean dagoen bitartean, goian adierazitako guztizko zenbatekora iristen bada, horren berri jendaurrean azalduko da. Horretarako, Industria eta Energia Sailburuordetzak administrazio-ebazpena emango du, baliabideak zein egunetan agortu diren adieraziz, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Era berean, Dekretu honetan aurreikusten den eman beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoaren igoera, hala badagokio, Industria eta Energiako sailburuordearen Ebazpenaren bitartez aplikatuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Dekretu honen arabera garatu den Ezohiko Planean aurreikusitako laguntzak industria-sareari eta enplegu-sareari eusteko garrantzi berezia duten enpresei edo enpresa taldeei zirkulatzailearen inguruko eragiketa jakin batzuk finantzatzeko abal publikoak emanez gauzatuko dira.
Lantokia eta/edo eraginpeko ustiapena Euskal Autonomia Erkidegoan duten enpresak izan daitezke Ezohiko Programaren onuradunak, betiere artikulu honetako 3. eta 4. ataletan ezarritako salbuespenak izan ezik, baldin eta:
Eragin traktore edo enplegurako eragin berezia duten proiektuak, eskaerak edo kontratuak aurkezten badituzte.
Beren proiektuak, eskaerak edo kontratuak beren baliabideak erabiliz finantzatzeko zailtasunak dituzten enpresak edo enpresa taldeak badira, eta egungo finantza-krisia dela medio behar duten finantzazioa lortu ezin dutenak badira.
Egun bizi duten egoera ekonomikoa eta finantza-egoera nahiz etorkizuneko itxaropenak kontuan hartuta, abalatutako finantza-eragiketa itzultzeko behar adinako ahalmena duela ondoriozta badaiteke.
Laguntza 2008ko uztailaren 1ean krisi-egoeran ez zeuden enpresei soilik emango zaie. Data horretan krisi-egoeran ez zeuden, baina krisi ekonomikoaren eta finantza-krisiaren ondorioz, egoera horretan egoten hasi diren enpresei aplika dakieke laguntza hori.
Dekretu honetan ezarritako laguntza industria-enpresei aplikatuko zaie, Denborazko Esparruaren 4.2.2.d eta h ataletan «arrantza» eta «lehen mailako nekazaritza-produkzioa» ezarritako sektore-arloko salbuespenak izan ezik.
Halaber, ez zaio aplikatuko ez esportaziorako laguntzari ezta inportatutako produktuaren aurrean produktu nazionalei babesa ematen dieten laguntzei ere, Denborazko Esparruaren 4.2.2.e atalean ezarritakoa aplikatuz.
Dekretu honek arautzen dituen abalak enpresa onuradunei eman aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.
Enpresa eskatzaileak zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela aitortu beharko du, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) 6. azken xedapenak dionari jarraiki.
Esango da enpresa bat krisi-egoeran dagoela baldin eta baldintza hauek betetzen baditu:
Enpresa handiei dagokienez, krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruz Erkidegoko Zuzentarauen 2.1 puntuan definituta dagoenaren arabera (2004-10-01eko urriaren 1eko 2004/C 224/02 EBEO).
ETEei dagokienez, Kategorien araberako Salbuespeneko Erregelamendu Orokorraren (KAEO) 1. artikuluaren 7. idatz-zatian definituta dagoenaren arabera (2008-08-09ko L 214/3 EBEO).
Hasiera batean, eta tamaina edozein izanik ere, esaten da enpresa bat krisi-egoeran dagoela honako zirkunstantzia hauen arabera:
bazkideek erantzukizun mugatua duten sozietate bat izanik, sinatutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada, eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo
erantzukizun mugagabea duen sozietatea izanik, sozietate horren berezko fondoen erdia baino gehiago desagertu bada, sozietatearen liburuetan azaltzen denaren arabera, eta fondoen laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo
enpresa mota guztiei dagokienez, porrot- edo kaudimengabezia-prozeduraren eraginpean hartzeko baldintza guztiak betetzen badituzte.
Enpresa handi bat eta ETE bat bereizteko enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan (2003-05-20ko EBEO, L124/36) edota hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
Bereziki, enpresa txiki eta ertainen kategoria honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresek osatzen dute:
250 langile baino gutxiago dituzten enpresek.
Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresek edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenek.
Zuzenean edo zeharka beste enpresa baten edo batera beste enpresa batzuen % 25etik gorako partaidetza ez izatea, horietakoren batek aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez badu.
Honako hauek izango dira finantza daitezkeen proiektuak: dituzten ezaugarriak direla medio gauzatzeko finantziazio lotu nabarmena behar duten proiektuak, eskaerak edo kontratuak.
Nolanahi ere, Dekretu honetan ezarritako laguntza lortzeko, proiektuak, eskaerak edo kontratuak sektore-arloan eta enplegu-arloan bultzada berria emateko daukan irismen estrategikoa eta garrantzi berezia hartuko dira kontuan.
Horretarako, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:
Proiektuei, eskaerei edo kontratuei, betiere horiek gauzatzeko enpresa-arloko itunak edo ekimenak elkarrekin osatzen badira, eta horrekin merkatu berriak irekitzen badira eta Euskadiko enpresa-sarea nazioartean birkokatzen bada.
Berregituratzeko neurriak aplikatu dituzten enpresek lortutako proiektuei, eskaerei edo kontratuei baita proiektuak, eskaerak edo kontratuak enplegua hobetzeko, finkatzeko eta garatzeko plana ekarriko duen enpresei ere.
Euskadiko enpresa-sarean ehuneko garrantzitsuetan zuzeneko trakzio-eragina duten proiektuei, eskaerei edo kontratuei.
Inplikatutako hornitzaile-katearekin ordaintzeko arrazoizko akordioak biltzen dituzten proiektuei, eskaerei edo kontratuei, betiere akordio horiekin saihesten bada ordainketen praktika txarrak eta horrek eragiten duen finantza-estutasuna eramatea haiengana.
Dekretu honen arabera emandako finantza-abalek onuradunen diru-arriskuak bermatuko dituzte Finantza Erakundeen aurrean. Diru-arrisku horiek laguntzaren xede diren proiektuak, eskaerak edo kontratuak gauzatzeko behar diren finantza-eragiketen ondorioz sortzen direnak dira.
Abalaren zenbatekoa proiektuarekin, eskaerarekin edo kontratuarekin lotutako finantza-eragiketaren nominalaren % 30 izango da orokorrean. Abala abalatutako zenbateko nominalera luzatuko da gehienez eta zenbateko horren interesen 6 hilabetera gehienez.
Edozein kasutan, abalatu behar den maileguaren gehiengo kopuruak ezin izango du gainditu eskatzaileak dituen 2008 urteko alokairu-kostuak, gizarte-zamak eta enpresa bertan, nahiz eta hornitzaile baten menpe egon, lan egiten dutenen kosteak barne. Enpresa, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera sortua bada, abalatu behar den maileguaren gehiengoak ezin izango du gainditu aktibitatearekin lehendabiziko bi urteko alokairu-kosteen aurreikuspena.
Abalaren epea eta proiektua, eskaera edo kontratua gauzatzeko epea berdinak izango dira, 18 hilabete gehienez ere, orokorrean, horietan ezarritako baldintza bereziek ez badute beste epe bat justifikatzen.
Abalek, orokorrean, % 1eko abalaren komisioa sorraraziko dute urtean Eusko Jaurlaritzaren alde, baina ez da ezein komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko. Zenbateko hori aldez aurretik kitatuko da abal-eragiketa formalizatu zen urteurren bakoitzean, abalatutako finantza-eragiketaren saldo biziaren gainean.
Enpresa onuradunaren erantzukizun pertsonala alde batera utzita, Eusko Jaurlaritzak abala emateko beharrezkotzat hartzen dituen kontrabermeak eskatuko ditu.
Ogasun eta Ekonomia Saileko Finantza Zuzendaritzak, Bermeen Erregistroko kudeatzaile izanik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Bermeak emateari buruzko Dekretuak dioenarekin bat (martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuko 3.3 artikulua), txostena egingo du aurreikusitako muga ez duela gainditzen adierazten duena eta eragiketaren ezaugarri ekonomikoak eta finantzazkoak adieraziko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 37. artikulua beteaz. Proposamena onartzeko ezinbestekoa izango da txosten hori aldekoa izatea.
Abalatutako finantza-eragiketak eurotan egingo dira. Atzerriko monetan formalizatu nahi badira, Ekonomia eta Ogasun Sailaren baimena beharko da nahitaez, eta horren berri eman beharko da, zehatz-mehatz, Finantza Zuzendaritzak egin behar duen aldeko txostenean.
Dekretu honetan arautzen diren laguntzak publizitate-, lehiatze- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira, betiere espedientea osatuta dagoen unearen arabera, deialdiaren teknika erabili gabe, Dekretu honetako 2.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Dekretu honetan ezarritakoari jarraiki, Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituzten enpresek Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak eta bestelako dokumentazio gehigarria eta Zuzendaritza horretan bertan aurkeztu beharko dira (Vitoria-Gasteizko Donostia kalea 1, PK 01010), Sail horretako Lurralde Ordezkaritzetan, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.
Eskabideak aurkezteko epea, bigarren artikuluan azaltzen den zenbatekoa agortu arte, 2010eko abenduaren 15ean amaituko da.
Dekretu honetan bildutako laguntzak 2010eko abenduaren 31 arte eman ahal izango dira, Denborazko Esparruaren 4.2.2 puntuaren f) letran ezarritakoa aplikatuz. Esparru hori Estatuko laguntzei buruzko neurriei aplika dakieke gaur egungo krisialdi ekonomikoaren eta finantza-arlokoaren testuinguruan finantziazioa lortzeko (2009-04-07ko EO, C 83, 8. or.).
Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duenak sinatuko du eskabidea.
I. eranskinean azaltzen den eskaria betetzeaz gain, eskatzaileak memoria bat erantsi beharko du. Memoria horretan honako informazio hau bilduko da gutxienez:
Azken urteotan enpresak izan duen bilakaera, eta, hala badagokio, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko barruan zer neurri hartu diren jakinaraziko da.
Enpresak bere bitartekoak erabiliz proiektuari, eskaerari edo kontratuari ezin diola aurre egin egiaztatzen duen txostena. Adierazitako txostenean zehaztu beharko da enpresak eta langileek zer ahalegin egin dituzten azken bi urte hauetako dibidenduak banatzeko politikari eta soldata-politikari dagokionez, baita ondorengo bi urteetarako aurreikusitako politikari dagokionez ere.
Merkatuaren bilakaeraren inguruko hipotesien azterketa, merkatu-azterketatik ateratzen direnena.
Enpresa Euskadiko enpresa-sarean sartzea: bere trakzio-eragina.
Enpresa eta bere nazioartekotze-maila.
Salbuespenezko esku-hartzearen oinarria den proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren deskribapena.
Bermatu beharreko eragiketa nagusiari buruzko memoria ekonomikoa eta finantza-arlokoa. Proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren ondorioz zirkulatzailea finantzatzeko sortzen diren premien deskribapena.
Finantziazio Baldintzak, hornitzaileei bideratuak, baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartuta.
Emaitza Kontuen Aurreikuspena hiru urteetarako (2010-2011-2012) eta sentsibilitate-azterketa bat merkatuaren bilakaerari buruzko hainbat hipotesi oinarri hartuta.
Abala formalizatu ostean, eta data horretatik zenbatzen hasita hiru urteko epean enpresak edo enpresa taldeek Eusko Jaurlaritzari aurretiazko baimena eskatuko diotelako konpromisoa, baldin eta hirugarrenei akzioak besterentzen bazaizkie eta horrek kontrol-aldaketa badakar.
Honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
Enpresa eskatzailea eratu zeneko eskrituraren fotokopia, eta hala badagokio, enpresa horrek izandako aldaketena.
Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia.
Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituela egiaztatzeko ziurtagiria.
Zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzeko ziurtagiria.
Azken bi ekitaldietako Urteko Kontu Ikuskatuen fotokopia; horiek izan ezean, Sozietate Zergaren azkeneko bi aitorpenak.
Eskatzailea edozein motatako enpresa-taldea bada, eskaera bakarra aurkeztuko du eta taldekideren batek, bai taldean portzentaia handiena duelako, bai beste edozein arrazoi duelako, guztien ordezkaritza lanak bete beharko ditu Administrazioarekiko harremanetan, proiektuaren onerako.
Horrela izanik, eskaeran bertan azaldu beharko da egoera eta partaide guztien aldeko iritzia duela jaso beharko du eskaerak.
Eskaerarekin batera, parte-hartzaile bakoitzak artikulu honen 5. eta 6. ataletan eskatzen diren dokumentuak bidali beharko ditu.
Gainerakoetan, jakinarazpenetarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 33. artikuluan ezarritakoa jarraitu beharko da.
Eskatzaileak eskabidean gezurrezko daturen bat jartzen badu, eta, bereziki, eskarian bildutako erantzukizun-adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz.
Nolanahi ere, aurkezten den eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari.
Aurkeztutako eskabidean Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Industria Garatzeko Zuzendaritzak oker, akats edo zehaztugabetasunen bat atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio akatsa zuzen dezan; era berean, hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adieraziko dio. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, Industria Garatzeko zuzendariak ebazpena emango du eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen) aurreikusitakoaren arabera.
Abalen Ezohiko Programaren Jarraipena eta Ebaluazioa egiteko Batzorde bat eratuko da, eta programa hori aztertzeko erakunde arteko eta sail arteko kide anitzeko organo misto gisa jardungo du.
Batzorde horren zeregina honako hau izango da: programaren nahiz onartutako proiektuen eta egon litezkeen ez-betetzeen jarraipena eta ebaluazioa egitea. Xede horretarako, Batzordea sei hilean behin bilduko da gutxienez.
Honako hauek izango dira Batzorde horren partaideak: Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ekonomia eta Ogasun, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailetako hiru ordezkari, baita hiru Foru Aldundietako hiru ordezkari ere, erakunde bakoitzeko bat.
Jarraipen eta Ebaluazio Batzordearen buru Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Industria eta Energia sailburuordea izango da. Batzordekideak hauek izango dira: Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza zuzendaria eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Industria Garatzeko zuzendaria. Azken honek idazkari lanak egingo ditu.
Ebaluazio Batzordearen jarduna, artikulu honetan aurreikusi gabekoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen Bigarren Tituluaren Bigarren Kapituluak ezarritakoari jarraiki egingo da.
Industria Garatzeko Zuzendaritzak jasotako abal-eskaera bakoitzaren kopia bana bidali beharko die Batzordea osatzen duten kideei. Horretaz gain, ebazpenaren kopia bana bidali beharko die. Era berean, onuradunek betebeharrak betetzen dituztela adierazten duten txostenak bidaliko dituzte, baita atzemandako ez-betetzeak eta kasu horretan aplikatu beharreko neurriei buruzko proposamena ere.
Industria eta Energia Sailburuordetzak administrazio-ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hilabeteko gehieneko epean, betiere eskatutako dokumentazio guztia jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen horretan abalaren gehieneko zenbatekoa, epea eta beste baldintza batzuk, baldin eta baleude, ezarriko dira; halaber, aplikatu beharreko erkidego-arauak jasoko dira ebazpen horretan eta, berariaz, 500.000 euro arteko laguntza-bateragarritasuna.
Aurreko paragrafoan adierazitako epea amaitutakoan ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, enpresak bere eskaera ukatu dutela ulertu dezake, administrazioko erakunde eskudunak eskatutako abalari buruzko esanbidezko ebazpena erabakitzeko duen betebeharra alde batera utzi gabe, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen) ezarritakoarekin bat etorriz. Halaber, eskabideak ez baditu betetzen abalak lortzeko betekizunak, eskatutako abala ukatzeko ebazpena emango du Industria eta Energia Sailburuordetzak.
Ebazpen horrek ez du administrazioko bidea amaituko; beraz, bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuari, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan. Adierazitako Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Abala emateko Ebazpenen eskatzaile bakoitzari jakinaraztea bazter utzi gabe, emandako abalen onuradunen zerrenda eta abalen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Abala emateko Ebazpena jakinarazi ostean, bermatzen den finantza-eragiketa formalizatuko da hilabeteko epean gehienez ere.
Bermea formalizatuko da 54/1997 Dekretua, martxoaren 18koa, Euskal Autonomi Elkarteak bermeak emateari buruzkoa, 6.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz.
Eragiketek Denborazko Esparruan ezarritakoa beteko dute. Esparru hori egungo krisialdi ekonomikoaren eta finantza-arloko krisialdiaren testuinguruan finantziazioa lortzen laguntzeko Estatuko laguntzarako neurriei aplika dakieke.
Ildo horretatik, Esparru horretako 4.2.2 atalaren arabera, laguntza horiek bateragarriak izango dira merkatu arruntarekin, EEren Itunaren 87. eta 88. artikuluak oinarri hartuta, betiere laguntzak ez badu, dirutan, 500.000 euroko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa gainditzen; edo laguntza diru-laguntza ez den beste modu batean ematen bada, horri dagokion baliokideak, diru-laguntza gordinean, ez badu 500.000 euroko zenbatekoa gainditzen.
Urteko diru-laguntza gordina II. eranskinean ezarritako babes-klausulen arabera kalkulatuko da. Eranskin horretan biltzen diren primek Batzordearen Jakinarazpena, EEren Itunaren 87. eta 88. artikuluak Estatuko laguntzak berme gisa aplikatzeari buruzkoa, babesteari buruzko xedapenak zehazten dituzte 2008-06-20ko EO, C 155/10).
Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste edozein Administrazio Publikotatik, Erakundetatik edo Entitatetatik publikoa edo pribatua eratorritakoekin, betiere metatzeak ez badu ekartzen abala Denborazko Esparruari buruzko Batzordearen Jakinarazpenean ezarritako laguntza baino handiagoa izatea (2009-04-07ko EO C 83/1).
Ildo horretatik, Denborazko Esparruaren 4.7 atalean ezarritakoa aplikatuz, Dekretu honetan ezarritako laguntzak ezin dira metatu aukera daitezkeen kostu beretarako Minimis Erregelamenduan aintzat hartzen diren laguntzekin.
Enpresa onuradunak minimis laguntza jaso badu Dekretu hau indarrean jarri aurretik, Dekretu honetan aurreikusitako neurrien arabera jasotako laguntzaren eta jasotako minimis laguntzaren baturak ezin izango du 500.000 euroko zenbatekoa gainditu 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitarte. 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako minimis laguntzaren zenbatekoari helburu bera lortzeko emandako laguntza bateragarriaren zenbatekoa kendu beharko zaio.
Abalen onuradunek nahitaez jakinarazi beharko dute Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean beste diru-laguntza, laguntza edo abal batzuk jaso dituztela helburu bera lortzeko, baita hasitako zergalditik nahiz aurreko bi zergaldietatik gaur egun arte helburu bera lortzeko jasotako minimis laguntzak ere.
Onuradunak ez badu abala emateko ebazpena, Dekretuan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen, Industria eta Energia Sailburuordetzak, dagokion ebazpenaren bitartez, interesdunari entzun ondoren, adieraziko du abala jasotzeko eskubidea galdu duela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak abalista gisa dituen erantzukizunetatik aske utzi beharko dela. Hartzekodun nagusiak uko egiten diolako, zirkunstantzia hori ezinezkoa bada, abalak % 3,5eko urteko komisioa sorraraziko du mugaeguna iritsi arte. Onuradunak ordaindu ez duelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zenbatekoaren zati bat edo zenbateko osoa ordaindu behar badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Legean ezarritakoa hartuko da kontuan.
Dekretu honetan araututako abalak jasotzen dituzten onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
Emandako abala onartzea. Ildo berari jarraiki, abala eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez abalari uko egiten ez badiote, abala onartutzat hartuko da.
Abala eman den helbururako erabiltzea.
Eskatzen zaien informazio osagarria bidaltzea Industria Garatzeko Zuzendaritzara, Administrazioak proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren garapen eta gauzatzeari buruz egokiak irizten dituen egiaztapenak egin ahal izateko.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak beren eginkizunak betez eskatutako informazioa ematea, Dekretu honen kargura jasotako abalari dagokionez.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50.2 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki eska daitekeen beste edozein betebehar.
Abalak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta beste edozein Administraziotatik edo entitate publiko nahiz pribatutatik laguntza edo abal gehiago lortzen bada, eta bestelako diru-sarrerak badaude helburu bera lortzeko, abala emateko erabakia aldatu ahal izango da, betiere laguntzaren onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
Lehenengoa. Ekonomia eta Ogasuneko nahiz Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuei ahalmena ematen zaie Dekretu hau gauzatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak emateko.
Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko otsailaren 16an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza
eta Turismoko sailburua,
BERNABÉ UNDA BARTUREN.


