Euskadi.eus
  • 78/2010 DEKRETUA, martxoaren 2koa, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Estatutuak zati batean aldatzea onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

78/2010 DEKRETUA, martxoaren 2koa, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Estatutuak zati batean aldatzea onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 51
  • Hurrenkera-zk.: 1515
  • Xedapen-zk.: 78
  • Xedapen-data: 2010/03/02
  • Argitaratze-data: 2010/03/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Sailak; Ekonomia

Testu legala

Abenduaren 30eko 44/1975 Legearen bidez, Bizkaiko Garraio Partzuergoa eratu zen; toki-erakundearen izaera eta nortasun juridiko propioa zuen, eta partzuergoko erakundeenetik beregaina. Hasieran, Estatuaren Administrazioak, Bilbo Handiko Administrazio Korporazioak (gerora desegina, abenduaren 18ko 3/1980 Legearekin), Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barakaldo, Basauri, Bilbao, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko udalek osatzen dute Bizkaiko Garraio Partzuergoa.

Bere sorrera-legeak honako eskumen hauek ematen dizkio Bizkaiko Garraio Partzuergoari: a) «Bilboko Hiri Trena» delakoaren azpiegitura-obren finantzaketan parte hartzea, behin obra horiek eginez gero Estatuaren eskuetatik jaso ondoren eta hiri-trenaren gainegiturako eta ekipamendu orokorreko proiektuak eta obrak burutu eta gero, eta, b) hiri-tren horrek ematen duen garraio-zerbitzu publikoa kudeatzea, zuzeneko kudeaketa erabiliz, hain zuzen ere, partzuergoaren kapitalaz baliatuta sozietate pribatu bat eratuz.

44/1975 Legearen 2. artikuluaren arabera, Bizkaiko Garraio Partzuergoak honako gobernu-organoak izango ditu: Kontseilu Orokorra, Batzorde Eragilea eta kudeaketa-zuzendaria; beren eginkizunak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Estatutuetan jasota daude. Estatutu horiek ekainaren 18ko 1769/1976 Errege Dekretuaren bidez onartu ziren.

Araubide juridikoari dagokionez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, lehenengo eta behin, bere araudia du, hain zuzen ere partzuergo hori eratzeko den Legeak eta bere Estatutuek osatua; modu subsidiarioan edo osagarrian toki-araubideko legeria orokorra baino ez da aplikatuko (abenduaren 30eko 44/1975 Legearen 2. artikulua eta Estatutuetako 1.4 artikulua).

Abuztuaren 25eko 2488/1978 Errege Dekretuaren 17. artikuluari jarraiki, Eusko Kontseilu Nagusiari eman zitzaizkion abenduaren 30eko 44/1975 Legean eta bere garapen-xedapenetan araututako eskumenak; Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorraren arabera,eskumen horiek autonomia-erkidegoko erakunde edo organo eskudunak gauzatu beharko ditu. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuaren lekua bete zuen Bizkaiko Garraio Partzuergoan.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak proposamen bat jaso du Bizkaiko Garraio Partzuergoaren estatutuak aldatzeko; proposamen hori aho batez onetsi zuen Kontseilu Orokorrak, 2009ko urriaren 20ko bilkura berezian.

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren estatutuen arabera, Partzuergoak honako gobernu-organoak izango ditu: Kontseilu Orokorra, Batzorde Eragilea eta kudeaketa-zuzendaria.

Kudeaketa-zuzendaria pertsona bakarreko organoa da, Partzuergoaren jardueraren zuzendaritza administratiboa eta teknikoa du, eta Kontseilu Nagusiaren eta Batzorde Eragilearen aginduak betetzen ditu. Kontseilu Nagusiaren eta Batzorde Eragilearen bilkuretara joaten da, ahotsa du, baina botorik ez, eta funtsean Partzuergoaren jardueraren zuzendaritza administratiboa eta teknikoa du, beren zerbitzu guztien buru dela.

Ekainaren 18ko 1769/1976 Errege Dekretuaren 18. artikuluari jarraituz, kudeaketa-zuzendaria Kontseilu Nagusiak izendatzen du, horretarako deitutako saio berezi batean, Batzorde Eragilearen eskariz. Sei hilabete iraungo du izendapenak, eta, epe hori bukaturik, segidan doazen epeetarako berretsi ahal izango da. Kontseilu Nagusiari dagokio, orobat, ezarritako epea bukatu aurretik izendapena indargabetzea.

Kontseilu Nagusiak, hala ere, aho batez erabaki zuen estatutuak aldatzeko eskatzea, agintaldia sei urtekoa izatetik hiru urtekoa izatera pasa dadin, oraingo iraupena gehiegizkoa delakoan. Bestalde, nahiz eta Kontseilu Nagusiak emandako konfiantza den kudeaketa-zuzendariaren kargurako izendatu izanaren arrazoia, eta, horren ondorioz, karguaren jabe den pertsonarenganako konfiantza galduz gero, pertsona horrek kargua utzi beharko lukeen arren, kontuan hartu gabe bukatu ote den izendapen-aldia, «justa causa» delakoa egon behar da tartean, Partzuergoaren estatutuen bideragarritasuna bermatzeko.

Azken aurreikuspen hori kentzen da orain Estatutuetatik, eta Kontseilu Nagusiari bidea ematen zaio, konfiantza galtzen duenean, kudeaketa-zuzendaria askatasun osoarekin kargutik kentzeko.

Horrenbestez, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Orokorraren ekimenez eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko martxoaren 2an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Estatutuetako 18.1 artikulua aldatuta geratzen da. Estatutu horiek ekainaren 18ko 1769/1976 Errege Dekretuak onetsi zituen. Honela dio artikulu horrek:

    1 artikulua. Kudeaketa-zuzendaria Kontseilu Orokorrak izendatuko du, horretarako berariaz deitutako bilkura batean, Batzorde Eragilearen proposamenez. Hiru urterako izango da izendatua, eta hiru urte horiek pasatuta berretsi ahal izango da, segidako aldietan jarraitzeko.

  2. Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Estatutuetako 18.3 artikulua aldatuta geratzen da. Estatutu horiek ekainaren 18ko 1769/1976 Errege Dekretuak onetsi zituen. Honela dio artikulu horrek:

    Kontseilu Nagusiak du, Batzorde Eragilearen proposamenez, kudeaketa-zuzendariaren soldata erabakitzeko ardura. Kontseilu Nagusiak edonoiz erabaki ahal izango du, Batzorde Eragilearen proposamenez, izendatua kargutik kentzea.

    Vitoria-Gasteizen, 2010eko martxoaren 2an.

    Lehendakaria,

    FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

    Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

    IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik