- 125/2010 DEKRETUA, apirilaren 27koa, zeinen bitartez tokiko zenbait programa eta jarduera egiteko diru-laguntzen deialdia egiten baita eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza ekonomikoa arautzen. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu125/2010 DEKRETUA, apirilaren 27koa, zeinen bitartez tokiko zenbait programa eta jarduera egiteko diru-laguntzen deialdia egiten baita eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza ekonomikoa arautzen.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Ekonomia eta Ogasun Saila; Justizia eta Herri Administrazio Saila; Osasun eta Kontsumo Saila; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 2416
- Xedapen-zk.: 125
- Xedapen-data: 2010/04/27
- Argitaratze-data: 2010/05/12
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Daukagun krisi ekonomikoaren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalen diru-sarrerak nabarmen murriztu dira eta, horrenbestez, zailtasunak sortu dira tokiko zerbitzuak euskal udalerrietako herritarrek jaso ohi zituzten mailan emateko. Egoera horren jakitun, Eusko Jaurlaritzak krisi ekonomikoaren ondorioak arintzeko neurrien multzoa abiarazi du. Neurri horien artean, euskal udalei laguntzeko aparteko funtsa sortzea badago, 50 milioi euroko funtsa, hain zuzen ere. Zenbateko horretatik, 15 milioi Udalentzako aparteko funtsa hornitzeko erabili dira, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak kudeatuta, presako aurrekontu-neurriei buruzko urriaren 8ko 1/2009 Legearen eranskinean agertzen denaren arabera, eta 5 milioi euro musika-eskolen finantzaketa-beharrizanak estaltzeko erabiltzea aurreikusi da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eskatu zaiola horren kudeaketa. Dekretu honetan araututako diru-laguntzetarako 30 milioi euroko zenbatekoa erabiliko da.
Diru-laguntza horien helburua da lankidetzan aritzea udalerriekin, tokiko zerbitzuak hobeto eta osatuago eman ditzaten udalek. Horrek, zalantzarik gabe, eta aldeko beste ondore batzuekin batera, gizarte-zerbitzuak hobeto ematen eta gizarteratzeko prozesuan lagunduko du, eragin positiboa izango duela jarduera ekonomikoan, oro har. Beraz, jarduera horren helburua zuzenean dago bideratuta 1/2009 Legeak Zioen Azalpenean aipatzen duen helburua betetzera. Halaber, Autonomi Elkarteen finantzaketari buruzko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoaren 2.2 artikuluak autonomia-erkidegoei ezartzen dien lurralde-oreka zaintzeko eta solidaritate-printzipioa betetzeko betebeharra ere bete nahi du.
Dekretuan zehaztuta daude prestatu diren finantza-baliabideak zein programa eta jarduerarako erabiliko diren, betiere autonomia-erkidegoak esleituta dituen gaiei buruzkoak, eta udalerrien interesekoak ere badirenak. Hala eta guztiz ere, Toki Autonomiaren Europako Gutunaren 9.7 artikuluarekin bat etorrita, zehaztapen hori ez da hain zorrotza, eta udalerriei ez die kentzen diruz lagundutako gaian euren interes partikularrak bideratzeko berezko politika garatzeko aukera.
Diru-laguntzen helburua modu orokorrean zehazteaz gain, laguntzak emateko irizpide objektiboak ezarri dira, eskaeren guztizko zenbatekoa 30 milioi euro baino gehiagokoa izatekotan (hala izatea aurreikusi da). Udalerriko herritarren (diru-laguntzen helburu diren programa eta jardueren azken onuradunak) egoera eta gizarte-osaera hartu da kontuan, bai eta udalerriaren beraren diru-bilketaren kudeaketa ere. Lortu nahi dena da Udalak ahalik eta hoberen erabil dezala diru-bilketarako duen ahalera, herritar guztien edo gehien behar duten sektoreen beharrizanak asetzeko udal zerbitzuak hobeto eman ahal izateko funtsak eskuratzeko.
Toki Administrazioaren eta Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza ekonomiko, tekniko eta administratiboa Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluan dago aurreikusita, bai tokiko zerbitzuei dagokienez, oro har, eta bai interes komuneko gaiei dagokienez ere. Lege-agindu horri jarraituz, lankidetza hori borondatez egingo da, legeetan aurreikusitako modu eta baldintzen arabera eta, nolanahi ere, sinatuko dituzten partzuergo edo hitzarmen administratiboen bitartez egin ahal izango direla.
Toki Ogasunen baliabidea dira diru-laguntzak, eta ogasunak arautzen dituzten legeetan daude tipifikatuta. Dekretu hau onesteko kontuan izan dira lege horiek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren laguntza eta diru-laguntzen araubidea ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 48. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraituz. Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko aginduak ere aplikatu dira.
Hori dela eta, lehendakariak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Osasun eta Kontsumoko sailburuak, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, 2010eko apirilaren 27ko Gobernu Kontseiluan eztabaidatu ondoren, honakoa
Dekretu honen helburua da haien eskumeneko zerbitzuak hobeto emateko Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei emango zaizkien diru-laguntzak arautzea eta horien deialdia egitea.
Honako programa eta jarduera hauetarako erabili beharko dira diru-laguntzak:
Enplegua sustatzeko.
Enplegurako prestakuntzarako.
Jarduera ekonomikoa bultzatzeko.
Toki Administrazioaren kudeaketa modernizatu eta optimizatzeko.
Gizarte-laguntzarako programen zuzkidura ekonomikoak handitzeko, krisi ekonomikoaren testuinguruan.
Etorkinak gizarteratzeko.
Energia-eraginkortasunerako, ingurumena zaindu eta hobetzeko.
Kontsumitzaileen arretarako.
Umeen arreta eta familientzako laguntzarako.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak izango dira diru-laguntzen onuradunak, baina baldintza hauek bete beharko dituzte, administrazioaren kabuz balioetsiko direla:
Ezin izango dira diru-itzulketa prozeduraren batean egon, ez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak emandako diru-laguntzak itzultzeko obligazioren bat ordaindu gabe eduki ere.
Bidezko epe eta moduan aurkeztu beharko dute eskaera.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, posta arrunta erabilita (Donostia kalea-1, 01010 Vitoria-Gasteiz) edo mezu elektronikoa bidalita (economia@ej-gv.es).
Eskaeran, gutxienez, honakoak adierazi beharko dira: diru-laguntza eskatzea eragin duten programa edo jarduerak, ekitaldian izatea aurreikusi den kostua azaltzen duen memoria eta programa edo jarduera horri ematen zaion lehentasunaren justifikazioa. Dekretu honen I. eranskinean azaldu den eredua erabili ahal izango da.
Titulu honetan arautu diren diru-laguntza eta bestelako laguntzen deialdietara ezin izango dira aurkeztu, bidezko zehapenak ezarritako epean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela-bide debeku horrekin zehatutako pertsona fisikoak edo juridikoak, ez eta sexuaren ziozko bereizkerian erortzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso dutenak ere.
Norgehiagoka-prozeduraren bitartez tramitatuko dira dekretu honetan azaldutako diru-laguntzak.
Guztira 30 milioi euro erabiliko dira diru-laguntza hauetarako, euskal udalentzako aparteko diru-laguntzen 10.1.1.21.04.0000.4.422.1.44320.000/I aurrekontu-partidaren pentzura. Eskaeren zenbatekoa ez bada aipatutako zenbatekoa baino gehiagokoa, dekretu honetako 2. artikuluan eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiek jasoko dute laguntza.
Eskaeren guztizko zenbatekoarekin aipatutako zenbatekoa gainditzen bada, proportzionalki hainbanatuko da zenbateko hori onuradunen artean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.6 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Horrelakoetan, jarraian adierazi diren irizpide hauen arabera zehaztuko da udalerri bakoitzari adjudikatuko zaion zenbatekoa:
% 70 biztanle kopuruaren araberako zuzeneko proportzioan, Euskal Estatistika Erakundeak argitaratutako datuen arabera.
% 10 autonomia-erkidegoaren batezbestekoarekin alderatuz udalerriko emakumeen langabezia-tasaren arabera haztatutako biztanle kopuruaren araberako proportzioan.
% 5 autonomia-erkidegoaren batezbestekoarekin alderatuz udalerriko gizonen langabezia-tasaren arabera haztatutako biztanle kopuruaren araberako proportzioan.
% 10 autonomia-erkidegoaren batezbestekoarekin alderatuz udalerriaren ahalegin fiskalaren arabera haztatutako biztanle kopuruaren araberako proportzioan.
% 5 autonomia-erkidegoaren batezbestekoarekin alderatuz udalerriko atzerriko immigrazio-indizearen arabera haztatutako biztanle kopuruaren araberako proportzioan.
Diru-laguntza eskatzeko eskaera bakarra aurkeztu ahal izango dute udalerriek. Hainbat programa eta jarduera egiteko diru-laguntza eskatzen duten udalerrien kasuan, guztira eskatutako zenbatekoa hartuko da kontuan.
Udalek dekretu honen babespean jasoko dituzten diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako jasoko dituzten beste diru-laguntza guztiekin, baina ezin izango da gehiegizko finantzaketarik eskuratu.
Udal bati programa edo jarduera bat edo batzuk finantzatzeko emandako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa programa edo jardueraren kostua baino gehiagokoa bada, aldearen zenbatekoa kenduko zaio adjudikatutako zenbatekoari. Horretarako, dekretu honetan aipatutako diru-laguntzak eskatzen dituzten udalek, helburu bererako beste laguntzaren bat eskuratuz gero, Ekonomia eta Ogasun Sailari jakinarazi beharko diote. Jakin bezain laster jakinarazi beharko diote eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza izango da dekretu honetan aipatutako diru-laguntzak emateko prozedura kudeatzeko organo eskuduna.
Kide anitzeko organo batek balioetsiko ditu aurkeztutako eskaerak. Ekonomia eta Ogasun Saila ordezkatuko duten pertsona bik eta Lehendakaritzaren Idazkaritza ordezkatuko duen pertsona batek osatuko dute organoa, guztiak Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak izendatuta.
Eskaerak balioetsi ondoren, aurreko atalean aipatu den kide anitzeko organoak ebazpen-proposamena helaraziko dio Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari, organo kudeatzailearen bitartez.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren aginduaren bitartez ebatziko da dekretu honetan adierazitako diru-laguntzen deialdia.
Deialdia ebatzi duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez sei hilabeteko epean, dekretu hau argitaratzen den egunetik hasita. Agindu horretan, gutxienez, honakoak azaldu beharko dira: diru-laguntza dekretu honen babespean ematen dela dioen oharra, diru-laguntza jasoko duten udalerrien zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, gainerako eskaerak onartu ez direla dioen beren-beregizko aipamena.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak ez badu aurreko paragrafoan ezarritako epean argitaratu ebazpena, diru-laguntza eskaerak onartu ez direla ondorioztatuko da. Hala eta guztiz ere, horrek ez dio kalterik eragingo ebatzi beharrari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege beraren 43.4 artikuluak epez kanpoko ebazpenetarako ezarritako ondorioekin.
Aurreko artikuluan aipatu den aginduan zehaztuko diren diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta udalerriaren arteko lankidetza-baldintzak arautuko dituen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordainduko zaizkie onuradunei, eta diru-laguntzaren % 50era arteko ordainketa aurreratu ahal izango da gastua justifikatu aurretik. Aurreko paragrafoan aipatu diren lankidetza-hitzarmenak dekretu honen II. eranskinean azaldutako ereduaren araberakoak izango dira.
Jasotako diru-laguntzen onuradun izan diren udalerriek bi hilabeteko epea izango dute diruz lagundutako programa edota jarduerak egin izana justifikatzeko, diru-laguntza emateko kontuan hartu zen aurrekontu-ekitaldia amaitzen denetik hasita.
Jasotako funtsak diru-laguntzaren helbururako erabili direla justifikatzeko, jatorrizko fakturak edo konpultsatutako kopiak aurkeztu beharko ditu onuradunak, edo diruz lagundutako programa edota jarduerak egitean izandako gastuen xehetasuna azaltzen duen idazkariaren ziurtagiria.
Diru-laguntza emateko eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak ere eskuratzeko, zein helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabideren bat eskuratzeko aintzat hartutako baldintzak aldatzekotan, laguntza emateko agindua aldatzea eragin liteke, dekretu honen 2.1 artikuluan onuradun izateko finkatutako gutxieneko betekizunekin bat etorrita betiere.
Diru-laguntza moduan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta diru-laguntza eman zenetik itzuli behar dela erabaki arte sortutako berandutze-interesa eskatu, 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta dagokion udalerriaren arteko lankidetza ekonomikoaren baldintzak zehazten dituen hitzarmenean aurreikusitako arrazoiren bat betetzen denean.
Diru-laguntzak itzultzeko prozedurari dagokionez, 30/1992 Legearen VI. tituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokio itzulketa-prozedura ebazteko eskumena.
Artikulu honen 1. zenbakian xedatutakoa albo batera utzita, diru-laguntzaren helburu diren programa eta jarduerak egiteko betebeharra zati batean bete ez bada, edo ez bada behar bezala justifikatu, diru-laguntzak itzultzeko prozedura amaitzeko ebazpenak, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan hartuta, diru-laguntzaren zati bat itzultzea ezarri ahal izango du, ez-betetzearen mailaren arabera, eta betiere larria izan ez bada.
Diru-laguntzen onuradun diren udalerriek Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunen barruan, eskatzen dieten informazio guztia eskaini behar izango dute.
Diru-laguntzak eman eta itzultzeko prozedurak ebazten dituzten Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren aginduek administrazio-bidea amaitzen dute. Horien kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ipini ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera. Hala ere, udalerri interesdunak, epe berean eta aipatutako errekurtsoa ipini baino lehen, agindua baliogabetu edo ezeztatzeko agindeia egin ahal izango dio Autonomia Erkidegoko Administrazioari. Agindei hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari egin beharko dio, 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Dekretu honetan aurreikusi ez den guztirako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 48tik 53rako artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Lehenengoa. Eskumenak gaitzea.
Dekretu hau Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10. artikuluko 4., 12., 25., 28. eta 39. ataletan, 11. artikuluko 1.a eta 2.c ataletan eta 12. artikuluko 2. atalean xedatutakoaren babespean eman da.
Bigarrena. Garapena eta egikaritzea.
Baimena eman zaio Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari honakoak egin ditzan:
Dekretu honetako 7. artikuluak aipatutako lankidetza-hitzarmenak sina ditzan, eta beste klausula batzuk sar ditzan II. eranskinean azaldu den ereduan, kasuan kasuko inguruabar bereziak kontuan hartuta, eta betiere dekretu honetan xedatutakoa betez.
Bertan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko beharrezko neurriak har ditzan.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko apirilaren 27an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
Nik, ........................................................... jaunak/andreak, ...................................................-ko/-go Udaleko alkatea naizela, tokiko zenbait programa eta jarduera egiteko diru-laguntzen deialdia egin eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza ekonomikoa arautu duen apirilaren 27ko 125/2010 Dekretuaren 2. artikuluan adierazitakoaren babespean, diru-laguntza eskaera hau aurkeztu dut, jarraian adierazi diren programa eta jardueretarako:
PROGRAMA/JARDUERA KOPURUA
1.
2.
MEMORIA
(125/2010 Dekretuaren 2.3 artikulua)
Vitoria-Gasteiz, ................................................................ (a).
BILDU DIRA
............................................................................ jauna, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua, EAEko Administrazioaren ordezkaritzan, eta ............................................................................ jauna/andrea, ............................................................................-ko/-go Udaleko alkatea, udal horren ordezkaritzan.
Alde batetik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10., 11. eta 12. artikuluetan eta apirilaren 27ko 125/2010 Dekretuaren azken xedapenetatik bigarrenean eta, beste alde batetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean eta apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen Toki araubidearen alorrean indarrean dauden legezko xedapenen Testu Bateginean hurrenez hurren esleitu zaizkien eskumenak erabiliz jardun dute.
Alde biek aitortu diote elkarri hitzarmen hau egiteko legezko gaitasun eta ordezkaritza nahikoa eta, horrela, honakoa
AZALDU DUTE
Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren .........................(e)ko Aginduaren bitartez, ......................... euroko diru-laguntza eman zitzaion ......................... -ko/-go Udalari, ......................... programa edo jarduera egiteko.
Arestian aipatu den apirilaren 27ko 125/2010 Dekretuaren 7. artikuluan adierazitakoari jarraituz, EAEko Administrazioaren eta udal onuradunaren artean sinatuko den hitzarmenean ezarritakoaren arabera ordainduko da aurreko paragrafoan aipatu den diru-laguntza.
Horrenbestez, aipatutako agindua betetzearren, eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluan adierazitakoari jarraituz, sinatu duten herri-administrazioen arteko lankidetza ekonomikoaren baldintzak arautzen ditu hitzarmen honek, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa. Hitzarmen honen helburua da EAEko Administrazio Orokorraren eta .........................-ko/-go Udalaren arteko lankidetza ekonomikoaren baldintzak arautzea ......................... programa edota jarduera egiteko ......................... udalerrian ......................... (e)ko ekitaldian.
Bigarrena. EAEko Administrazioak konpromisoa hartu du ......................... euro ordaintzeko ..................................-ko/-go Udalari, aurreko klausulan adierazi den programa edota jarduera egiteko. Bi zatitan ordainduko da: % 50 hitzarmen hau sinatu eta biharamunetik aurrera zenbatutako hamar eguneko epean; gainerako % 50 programa edo jarduera egitearen ondoriozko gastua justifikatu eta biharamunetik aurrera zenbatutako hamar eguneko epean.
......................... programa edota jarduera egitea udalerrian, .........................ko ekitaldian, indarrean dauden legeetan ezarritakoa betez.
Jasotako diru-laguntza aipatutako programa edo jarduera egiteko erabiltzea.
Jasotako funtsen helburua justifikatzea, horien jatorrizko fakturak edo konpultsatutako kopiak aurkeztuta, edo diruz lagundutako programa edota jarduerak egitean izandako gastuen xehetasuna azaltzen duen udal idazkariaren ziurtagiria aurkeztuta. Bi hilabeteko epea egongo da gehienez horretarako, aurrekontu-ekitaldia amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita.
Diru-laguntza honen helburu den programa edota jarduerarako beste laguntzarik jasotzekotan, jakin bezain laster jakinaraztea Ekonomia eta Ogasun Sailari (Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza).
Apirilaren 27ko 125/2010 Dekretua eta gainerako legeak aplikatzetik ondorioztatutako gainerako guztiak egitea.
Laugarrena. Udalak inola ere ez du jasoko justifikatutakoari diru-laguntza honen helburu bererako jaso litzakeen beste diru-laguntza batzuen zenbatekoa kentzetik ondorioztatutako zenbatekoa baino gehiago.
Bosgarrena. Hitzarmen hau indarrean egongo da sinatzen denetik Udalari diru-laguntzaren zenbateko osoa (edo aurreko klausula aplikatzetik ondorioztatutakoa) ordaindu arte, diru-laguntzaren helburu den programa edo jarduera egitean eragindako gastuak justifikatu ondoren.
Honako arrazoi hauetakoren bat betetzekotan ere iraungi ahal izango da hitzarmena: a) parte hartzen duten administrazioak ados ipinita erabakitzea; eta b) aldeetako batek bakarrik erabakitzea, beste aldeak onartutako betebeharren bat bete ez badu, modu larrian eta egiaztatuta.
Diru-laguntza gisa jasotako zenbatekoak itzuli behar izatekotan, apirilaren 27ko 125/2010 Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Seigarrena. Hitzarmen honetan aurreikusi ez den guztirako, aipatutako 125/2010 Dekretuan eta bertan aipatutako legeetan xedatutakoa bete beharko da.
Zazpigarrena. Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak ebatziko ditu, izaera betearazleaz, hitzarmen hau ulertu eta aplikatzean sor litezkeen zalantza eta eztabaidak. Hala ere, ebazpen horien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan.


