- 218/2010 DEKRETUA, uztailaren 27koa, nekazaritza, elikadura eta arrantzaren arloan ikerketa, garapena eta berrikuntza laguntzeko. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu218/2010 DEKRETUA, uztailaren 27koa, nekazaritza, elikadura eta arrantzaren arloan ikerketa, garapena eta berrikuntza laguntzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 183
- Hurrenkera-zk.: 4370
- Xedapen-zk.: 218
- Xedapen-data: 2010/07/27
- Argitaratze-data: 2010/09/22
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
Ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B) bultzatzea ezinbesteko helburua da Europar Batasuneko herrialde guztietan; hala, 2002an Europako Kontseilua Bartzelonan bildu zenean, Batasunak I+G+Brako daukan gastua handitzeko akordioa erdietsi zuten. Estatuek I+G+Brako ematen dituzten laguntzen bidez, efizientzia ekonomikoa areagotzea lortu behar da, horrek hazkunde jasangarriari eta enpleguari lagunduko diolako.
Europako Batzarrak ezinbestekoa ikusten du estatuek I+G+Brako ematen dituzten laguntzen inguruan indarrean dagoen araudia berritzea eta hobetzea; eta horretarako asmotan egokitu du esparru berri bat, «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzen Batasuneko esparrua» (2006/C 323/01) EBAO, 2006ko abenduaren 30ekoa. Esparru berriaren helburua da efizientzia ekonomikoa ziurtatuta edukitzea; horretarako, estatu kideei arlo horretan estatuek ematen dituzten laguntzak jasotzeko argibideak azalduko zaizkie, merkatuko okerrak zuzenduko dira eta lortuko da arlo horretan arautzen eta ematen diren laguntzak ez izatea lehiakortasunaren kontrako baizik merkatu komunarekin bateragarri izatea. Bide horretatik, kategorien araberako I+Grako salbuespenen aplikazio-eremua zabaltzeko asmoz, eta goian aipatutako esparruaren ondoren, 800/2008 EE erregelamendua argitaratu zen, zenbait laguntza-kategoria merkatu komunarekin bateragarritzat jotzen dituena, tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (EBAO L214, 2008-08-09), I+G+Ben arloan arazo gutxien eragiten dituen laguntza-neurriak jasotzen dituena, nekazaritza, elikadura eta arrantzako sektoreetarako laguntzak barne; eta aurretik jakinarazi beharraren obligazioa kentzen diena, kasu batzuetan behintzat, ikerketa eta garapenerako proiektuetarako laguntzei, bideragarritasun teknikoari buruzko ikerketei, enpresa gazte eta berritzaile txikietarako laguntzei, eta berrikuntzan aritzeko babesa eta aholkularitza ematen duten zerbitzuetarako laguntzei.
Beste alde batetik, Euskadiko Landa Garapen Iraunkorreko 2007-2013 Programak jasota dakar bere 124. neurrian laguntza emango duela «Produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuetarako». Zehazki, nekazaritza, elikadura eta basogintzarako produktu, prozesu eta teknologia berriak bultzatzeko helburua du neurri horrek, betiere, lehenengo sektorearekin eta eraldatze- eta merkaturatze-industriarekin elkarlanean jardunez. (Programa hori 2008ko otsailaren 15ean onetsi zen, Batzordearen C(2008) 704 erabakiaren bidez, eta horren bitartez Kontseiluaren 1698/2005 EE erregelamendua, irailaren 20koa, aplikatzen da, hots, landa-garapenerako laguntza Landa Garapeenerako Nekazaritzako Europako Funtsa (FEADER) delakoaren bidez gauzatzea.
Jakintza da garapen teknologikoaren bidez eta prozesuen, produktuen eta merkatuen berrikuntzaren bidez eskuratzen dena, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak nekazaritza, elikadura eta arrantzako lehiakortasuna hobetzeko hartutako estrategiaren giltzarrietako bat.
Enpresei I+G+Brako ematen zaizkien laguntzak dira I+G+B garatzeko tresna garrantzitsuenetakoak, ez soilik epe laburrera erantzuteko, baizik, nagusiki, enpresa-arloko ekimenak bultzatzeko eta zentro teknologikoekin elkarlanean jardun daitezela bultzatzeko, ikerketa-lanak azpi-sektoreen bitartez gara daitezen.
«Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatuen laguntzei buruzko esparru komunitarioa» (2006/C 323/01) delakoaren bitartez Europar Batasunak I+G+Bari eman nahi dion bultzada eta protagonismoagatik; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako Sailak I+G+Bari buruz ezarri dituen helburuengatik; estatuek I+G+Bari ematen dizkioten laguntzei indar berria emateko ezinbesteko erreforma gauzatu beharragatik, gai horri buruzko batasuneko marko berriko jarraibideetara egokitu ahal izateko, bai eta 800/2008 EE erregelamendura ere -merkatu komunarekin bateragarri diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen ditu, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (kategorien araberako salbuespenei buruzko erregelamendu orokorra, EBAO L214, 2008-08-09); eta Euskadiko Landa Garapeneko 2007-2013 Programak ezarritakoa garatzeko premiagatik, 124. neurriari dagokionez, horregatik guztiagatik da ezinbestekoa arau hau ezartzea, nekazaritza, elikadura eta arrantzako sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza piztu eta bultzatzeko laguntzen araubidea jarri eta arautzeko.
Arau honek 24 artikulu, indargabetzeko xedapen 1 eta 2 bukaerako xedapen ditu.
Indargabetzeko xedapenak arau-derogatzea jasotzen du. Lehenengo bukaerako xedapena araua garatzeko ahalmenaz ari da, eta bigarrengo bukaerako xedapena araua indarrean jartzeaz.
Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19.etik 22.era bitarteko artikuluetan xedatutako kontuan hartuta egin du dekretu hau Ingurumen, Lurralde plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.
Dekretu hau egiteko, tartean den arloko organizazio adierazgarrienei zein iritzi duten galdetu diegu, eta derrigorrezko txosten guztiak ere esku artean izan ditugu.
Horrenbestez, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposaturik, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2010eko uztailaren 27an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe
Dekretu honen xedea da nekazaritza, elikadura eta arrantzako sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza piztu eta bultzatzeko laguntzen araubidea ezarri eta erregulatzea.
Arau honetan erregulatzen diren ikerketa, garapen eta berrikuntzarako laguntzen helburua da eraginkortasuna areagotzea, hazkunde jasangarriaren alde egitea eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, elikadura eta arrantzako sektoreen arteko elkarlana bultzatzea.
Dekretu honetako 6. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan agertzen diren laguntzak jakinarazi beharretik salbuetsita daude eta halako tratua izango dute, 800/2008 EE erregelamenduaren indarrez, merkatu komunarekin bateragarri diren zenbait kategoria bereizten baititu, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuta (kategorien araberako salbuespenen erregelamendu orokorra) (EBAO L214, 2008-08-09). Horrenbestez, laguntza horiek behar bezala komunikatu behar zaizkio Europako Batzordeari, dekretu hau argitaratzen denetik hasi eta hurrengo 20 egunen barruan. Dekretu honetako 6. artikuluko d) idatz-zatian agertzen den laguntza «Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatuek ematen dizuten laguntzari buruzko esparru komunitarioa» (2006/C 323/01) delakoaren baitan dator, eta behar bezala jakinarazi zitzaien Europako Batzordeko zerbitzuei (N32/2010 laguntzaz ari gara); 2010eko otsailaren 12an onetsi zen, C(2010)951 erabakiaren bidez. Azkenik, 6. artikuluko e) idatz-zatiko laguntza Kontseiluaren irailaren 20ko (EE) 1698/2005 erregelamenduan egituratzen da eta Euskadiko Landa Garapen Iraunkorraren 2007-2013 programaren C(2008) 704) barruan dator, horrek agintzen baitu laguntzaren aplikazioa.
Inbertsio eta gastuak urterokoak nahiz hainbat urtetakoak izan daitezke, aurrekontuan erabiltzeko moduan dagoenaren arabera eta aurkeztutako proiektuak gauzatzeko epearen arabera; betiere, deialdian azalduko da.
Lege honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
Laborantza: Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu, bai eta akuikultura ere, itsasokoa kanpo utzita. Landa-turismoko jarduerak ere sartzen dira definizio honen barruan, elikagaien produkziora bideratuta badaude.
Alimentario/a: kontzeptu honen barnean sartzen da nekazaritza eta basogintzatik, arrantzatik, arrain-haztegietatik, ehizatik eta perretxiko-bilketatik datozen produktuak edo beste jatorri natural batekoak ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzea.
Arrantza: Arraina ateratzea.
Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren zenbateko gordina, proiektuko diruz laguntzeko moduko gastuen portzentajean adierazita. Agertzen diren zifra guztiak kenkari fiskalak edo bestelako kenkariak aplikatu aurrekoak dira. Laguntzaren intentsitate gordina jasotzaile bakoitzeko kalkulatu behar da.
Ikerketa-erakundea: erakunde jakin bat, bere izaera juridikoa edozein dela ere (publikoa edo pribatua), oinarrizko ikerketan, ikerketa industrialean eta garapen esperimentalean jarduteko helburua duena funtsean, horien emaitzak jakitera emateko gero, dela irakaskuntzaren bidez, argitara emanez edo teknologia-transferentzia eginez.
Oinarrizko ikerketa: lan esperimental edo teorikoak dira, behatzen diren fenomeno eta gertakizunen oinarri-oinarrizko funtsei buruzko jakintza berriak eskuratzeko helburuz eginak, aplikazio praktikorik eta zuzenekorik emateko ideiarik gabe; halere, ezinbestekoak dira bestelako ikerketa batzuei ekin ahal izateko.
Ikerketa industriala: produktu, prozesu edo zerbitzu berriak sortzeko edo lehendik bazeudenak askoz hobetzeko lagungarri izan daitezkeen jakintza eta gaitasun berriak eskuratzeko helburuz eginiko ikerketa planifikatua edo azterlan kritikoak. Multzo horren barruan doa ikerketa industrialerako beharrezko diren sistema konplexuen osagaiak sortzea, batez ere, teknologia generikoa baliozkotzea (garapen esperimentalean aurreikusitako prototipoak kanpo utzita).
Garapen esperimentala: aurretik ere baziren jakintza eta teknikak (zientifikoak, teknologikoak, enpresa-arlokoak eta abar) eskuratu, konbinatu, konfiguratu eta erabiltzea, planak eta egiturak nahiz produktu, prozesu eta zerbitzu berriak, eraldatuak edo hobetuak prestatzeko. Hor barruan sartzen dira, halaber, produktu, prozesu eta zerbitzu berriei buruzko definizio kontzeptuala, plangintza eta dokumentazio-lana egiteko ekintzak ere.
Ekintzak izan daitezke, besteak beste, proiektu, diseinu, plan eta bestelako dokumentazioa prestatzea, betiere, ez baldin badira erabilera komertziala emateko. Salerosteko erabiltzeko prototipoak eta proiektu pilotuak ere sartzen dira multzo honetan, baldin eta, ezinbestean, bukaerako produktu komertziala prototipoa bada, eta bere fabrikazioa garestiegia bada gero erakusten edo baliozkotzen erabiltzeko. Proiektu pilotuak edo erakustekoak gerora salerosketarako erabiliz gero, horrek sortutako diru-sarrera oro diruz laguntzeko moduko gastuei kendu beharko zaie.
Produktu, prozesu eta zerbitzuen ekoizpen eta entsegu esperimentalak ere dirulaguntza jasotzeko modukoak dira, baldin eta ezin badira erabili edo eraldatu aplikazio industrialetarako edo salerosketarako. Garapen esperimentalak ez ditu hartzen produktuei, ekoizpen-lerroei, fabrikazio-prozesuei, lehendik baziren zerbitzuei eta martxan dauden beste ekintzei egiten zaizkien ohiko edo aldian aldiko eraldaketak, nahiz eta eraldaketa horiek produktua edo dena delakoa hobetu.
Bideragarritasun teknikoaren azterketak: ikerketa industrialak edo garapen esperimentalak prestatzeko azterketak dira.
Berrikuntza: produktu berria edo nabarmen hobetutako produktua (ondasuna edo zerbitzua), prozesu berria, komertzializatzeko metodo berria edo antolaketa-metodo berria sartzea enpresa barruko jardunean, lan-lekuaren antolamenduan edo kanpokoekiko harremanetan.
Prozesuen inguruko berrikuntza: ekoizpen- edo hornitze-metodo berria edo nabarmen hobetua aplikatzea (teknika, ekipo edota programa informatikoei egindako aldaketak barne).
Ez dira berrikuntzatzat jotzen eraldaketa edo hobekuntza txikiak, aurretik ere erabiltzen ziren fabrikazio-sistema edo logistiken oso antzekoak sartuta lortutako ekoizpen- edo zerbitzu-gaitasunen hobekuntzak, prozesu bat aurrerantzean ez erabiltzea, kapitala ordeztu edo handitu hutsa, faktoreen prezioa aldatu dela-eta sortutako eraldaketak, nork berera egokitzea (customisation), sasoiaren arabera edo bestela aldian-aldian egiten diren aldaketak eta produktu berrien edo nabarmen hobetuen salerosketa.
Antolaketaren inguruko berrikuntza: salerosketari, lantokiaren antolamenduari edo enpresak kanpokoekiko dauzkan harremanei antolaketa-metodo berria aplikatzea. Ez dira berrikuntzatzat joko salerosketako aldaketak, lantokiaren antolamenduko aldaketak edo enpresak kanpoan dauzkan harremanetan izandako aldaketak baldin eta enpresak aurretik ere erabiltzen zituen antolaketa-metodoetan oinarrituta egin badira; ez eta kudeaketa-estrategia aldatzea, bateratzea eta eskuratzea, prozesu bat bertan behera uztea, kapitala ordeztu edo handitu hutsa, faktoreen prezioa aldatu dela-eta sortutako eraldaketak, nork berera egokitzea (customisation), sasoiaren arabera edo bestela aldian-aldian egiten diren aldaketak eta produktu berrien edo nabarmen hobetuen salerosketa.
Produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuak: elikagaien balio-kateko elementu batek baino gehiagok elkarlanean jarduten duten proiektuak, berrikuntzaren bat ekartzen badute.
Dekretu honek arautzen dituen laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.
Dekretu honek arautzen dituen laguntzen onuradun izan ahalko dira artikulu honen 2. eta 3. paragrafoan aipatzen direnak, hain zuzen ere, 6. artikuluan aurreikusitako jarduerak diruz lagundu daitezkeenak burutzen dituztenak, betiere, Dekretu honetan eta urteroko deialdi-aginduetan ezarritakoa betetzen badute.
Dekretu honetako 6. artikuluko a), b) c) eta d) paragrafoetan jasotako diruz laguntzeko moduko jardueren kasuan, onuradunek nekazaritza, elikadura edo arrantzako arlokoak izan behar dute. Honakoak izan daitezke:
Enpresak, edozein forma juridiko dutela ere. Hona sailkapena:
Enpresa txiki eta ertainak; mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak zehazteko 2003ko maiatzaren 6an Batzordeak emandako 2003/361/EE Gomendioaren arabera.
Enpresa handiak; alegia, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.
Elkarteak eta fundazioak.
Izaera juridikorik gabeko elkarte-figurak. Kasu honetan, bertan parte hartzen duten enpresa guztiak joko dira onuradun, eta guztiek bete beharko dituzte dekretu honetan eta dekretua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Denen artean enpresa-buru bat aukeratuko dute; hark aurkeztuko du eskabidea eta hura izango da baliozko solaskidea administrazioaren aurrean, dirulaguntzarekin zerikusia duten kontu guztietarako.
Kapital publiko edo pribatuko erakundeak, nagusiki nekazaritza-, elikadura- eta arrantza-sektoreko ikerketa-lanean jarduten direnak, «ikerketa-erakunde» jotzen direnak «Ikerketa, garapena eta berrikuntzarako estatutuek ematen dituzten laguntzen esparrua» (2006/C 323/01) delakoaren barruan, eta merkatu jakin batean ondasunak edota zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikoa daukatenak.
Dekretu honetako 6. artikuluko e) paragrafoak aipatzen dituen laguntza jasotzeko moduko jardueren kasuan, nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektorean dabiltzanek jaso ditzakete laguntzak: Tokiko Ekintza Talde batean bildutako Landa Garapeneko Elkarteak izan daitezke; izaera juridikorik gabeko elkarte-figurak, gutxienez, elkarteko bi bazkide nekazaritzako ekoizle izanik, eta beren asoziazioak; kooperatibak, nekazaritzako profesionalen elkarteko kideak; nekazaritzako eta basogintzako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko industriak eta beren asoziazioak; zentro teknologikoak, ikerketa-zentroak eta unibertsitateak. Kasu honetan, bertan parte hartzen duten enpresa eta erakunde guztiak joko dira onuradun, eta guztiek bete beharko dituzte dekretu honetan eta dekretua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak. Denen artean enpresa edo erakunde buru bat aukeratuko dute; eta bera izango da baliozko solaskidea administrazioaren aurrean, dirulaguntzarekin zerikusia duten kontu guztietarako.
Kasuren batean diruz lagundutako jarduera horretan «ikerketa-erakundeek» ere parte hartzen badute, onuradun izan gabe baina proiektua zati batean edo guztiz gauzatzen dutela, idatzizko kontratu bat formalizatu beharko da, zehatz-mehatz adierazteko zein diren «ikerketa-erakundeak» egin beharreko lanak.
Proiektua gauzatzeko kontratua diruz lagunduko den jardueraren % 100ekoa ere izan daiteke.
«Ikerketa-erakundeekin» kontratatutako lanaren zenbatekoa handiagoa baldin bada dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 baino (dirulaguntza 60.000 eurotik gorakoa izanik), artikulu honen 1. paragrafoan aipatzen den kontratua egitekotan, Berrikuntza eta Garapeneko Zuzendaritzak emandako baimena beharko da: formalizatu aurretik, eta eskabidea aurkeztu ondoren.
Berrikuntzako ekintzetan, aukera dago gastu edo inbertsio kontzeptuengatik kontratua egiteko, gastuak edo inbertsioak proiekturako beharrezko badira.
Ezin da kontratua zatikatu zenbatekoa murriztu eta 3. paragrafoko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuz.
Kontratistek onuradunarekiko besterik ez dute obligaziorik; eta onuradunak dauka diruz lagundutako jarduera ondo burutzearen erantzukizuna, erabat, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrean.
Aurreko paragrafoan jasotakoa betetzeko, onuradunei dagokie dirulaguntza jasoko duen jarduera gauzatzeko beste inorekin ezer kontzertatuz gero, beste horrek ere dekretu honek ezarritako mugak errespetatuko dituela ziurtatzea, diruz laguntzeko modukoak diren gastuen zenbatekoari eta izaerari dagokienez; kontratistek dekretu honetako 17. artikuluko 7. paragrafoan adierazitako lankidetza-betebeharra bete behar dute, eta muga horiek benetan errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzeko aukera eman.
Alabaina, onuradunak ezingo du diruz lagundutako jarduera gauzatzea honako hauekin hitzartu, ez guztiz ez hein batean:
Dekretu honetako 8. artikuluko 1. paragrafoko c) eta f) idatz-zatietan jarritako baldintzak betetzen ez dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin.
Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona fisiko edo juridikoekin.
Bitartekari edo aholkulariekin, horiei ordaindu beharrekoa eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakina gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsona fisiko edo juridikoak, honakoren bat gertatzen denean izan ezik:
Kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin izana.
Aurretik, Berrikuntza eta Elikadura Industrien Zuzendaritzaren baimena eskuratu izana.
Deialdi eta programa berean laguntza eskatu, baina baldintzak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona fisiko edo juridikoak.
Hauek dira diruz lagun daitezkeenak:
Oinarrizko ikerketa, ikerketa industrial eta garapen esperimentaleko proiektuak.
I+G+B proiektuekin lotutako bideragarritasun teknikoari buruzko ikerketak.
Enpresa gazte eta berritzaileen edota oinarri teknologikoko enpresa berrien proiektuak.
Zerbitzu-jardueren barruan, prozesu eta antolaketa arloko berrikuntza-proiektuak.
Produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuak.
Oinarrizko ikerketa, ikerketa industriala eta garapen esperimentaleko proiektuetan, hauexek izango dira diruz laguntzeko moduko gastuak:
Langileen gastuak; ikerlari, teknikari eta bestelako langile laguntzaileen gastuak barne, betiere, bere lana ikerketa-proiekturako bada soil-soilik.
Lanabes eta materialen gastuak, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren heinean eta bitartean. Baldin lanabesa ez bada soil-soilik ikerketa-proiekturako erabiltzen bere erabilera-epe guztian, ikerketa-proiektuaren iraupenaren barruko amortizazio-gastuak bakarrik hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, kontabilitateko jarduera onen arabera kalkulatuta.
Eraikin eta lursailen gastuak, ikerketa-proiekturako erabiltzen diren heinean eta bitartean. Eraikinen kasuan, ikerketa-proiektuak dirauen bitarteko amortizazio-kostuak dira diruz laguntzeko modukoak, eta kontabilitateko jardun onen arabera kalkulatuta. Lursailen kasuan, bene-benetan eragin diren eskualdatze komertzialaren kostuak edo kapital-kostuak izango dira diruz laguntzeko modukoak.
Kontratuak agindutako ikerketaren, ezagutza teknikoen eta eskuratutako patenteen edo merkatuko prezioan kanpoko iturrietatik lizentzia bidez lortutako patenteen kostuak, betiere, eragiketak erabateko eskumena izanik egin badira eta inongo kolusio-elementurik gabe; eta aholkularitzako eta halako zerbitzuen gastuak, soil-soilik ikerketa-lanerako izan badira.
Ikerketa-proiektutik zuzenean sortutako bestelako gastu orokorrak.
Funtzionamenduko beste gastuak, hor sartuta materialen, horniduren eta zuzenean ikerketa-lanetik eratorriko halako produktuen kostuak.
I+G+B proiektuei buruzko bideragarritasun teknikoen ikerketen kasuan, hauek izango dira diruz laguntzeko moduko kostuak:
Ikerketa industriala eta garapen esperimentala egin ahal izateko prestaketa-azterlanen kostuak.
Enpresa gazte edo berritzaileen edota oinarri teknologikoko enpresa berrien jardunean, honako kostu hauek dira dirulaguntza jasotzeko modukoak:
Enpresa-eratzearen gastua.
Enpresa martxan jartzearena, aurreneko bi urteetan.
Enpresako lana aurrera ateratzeko beharrezko azpiegitura eta zerbitzuen gastuak.
Prozesuen eta zerbitzuen antolaketaren esparruan, diruz laguntzeko moduko kostuak artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako berak izango dira. Hala eta guztiz ere, antolaketako berrikuntzaren kasuan, lanabes eta materialen kostuak, soil-soilik, Informazio eta Komunikaziorako Teknologietako lanabesenak eta materialenak dira.
Produktu, prozesu eta teknologia berriak ekoizteko helburua daukaten elkarlan-proiektuetan, diruz laguntzeko moduko gastuak, izan, nekazaritza, elikadura eta basogintzako sektorerako produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlanaren gastu guztiak dira. Gastuek prestaketa-lanekin izango dute zerikusia, hala nola, diseinuarekin, produktuak, prozesuak eta teknologiak garatzearekin eta probatzearekin, bai eta lankidetzarako inbertsio materialekin edo ez-materialekin eta helburu komertzialekin erabili baino lehenagoko produktu, prozesu eta teknologia berriekin ere.
Eskatzaileek nahiz laguntza jaso nahi luketen proiektuek honako baldintza hauek bete behar dituzte eskabidea aurkezteko unean:
Diruz lagun daitezkeen inbertsioek edo gastuek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruaren barruan jarrita dauden edo jarriko diren establezimenduekin lotuta egon behar dute.
Diruz laguntzekoak diren inbertsioek ez dute martxan egon behar eskabidea aurkezten denerako. Egoera hori bertan egingo den ikuskaritzaren eta Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritzak egoera horri buruz prestatutako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da. Baldin eta enpresak aurrekontuaren ekitaldi jakin batean hasi behar badu inbertsioak egiten, baina deialdi-aginduak urtero ezartzen duen epea ireki baino aurretikoa bada, behar bezala betetako eskabidea aurkeztu beharko du, eskabidearen agiri guztiez gain.
Egunean izatea foru-ogasunekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Bere jardunak ez izatea ondorio txarrik ingurumenerako.
Proiektua teknikoki nahiz ekonomikoki bideragarria izatea.
Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik izatea ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
I+G proiektuetarako laguntzen kasuan eta bideragarritasun teknikoari buruzko azterketetarako laguntzen kasuan, aurreko atalean azaldutako baldintzez gain, beste baldintza hauek ere bete behar dira:
Diruz laguntzeko eskatzen duen proiektuaren bidez enpresak abiaraziko duen I+G+B aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbia izatea, eta enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako baliagarri izan dadila, I+G+Bari dagokionez.
Proiektua, osorik edo neurriren batean, honako ikerketa horietako batekoa edo batzuetakoa izatea: oinarrizko ikerketa, ikerketa industriala edo garapen teknologikoa; proiektuak hainbat atal baldin baditu, aukera dago atal horiek aurrez aipatutako kategoria horietakoren baten barruan sailkatzeko.
Enpresa gazte eta berritzaileen edota oinarri teknologikoko enpresa berrien proiektuetarako laguntzen kasuan, 1. paragrafoan aipatutako baldintzez gain, beste baldintza hauek ere bete beharko dira:
Diruz laguntzea nahi duen proiektuaren bidez enpresak abian jarriko duen I+G+B hori, aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbia izatea. Baldintza hau bete beharrik ez daukate eskabidea aurkeztu duten urtean sortu diren enpresek.
Diruz laguntzea nahi duen proiektuaren bidez enpresak abian jarriko duen I+G+B hori enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako baliagarri izan dadila, I+G+Bari dagokionez.
Enpresa txikia kategoriakoa izatea enpresa -Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE gomendioko irizpideen arabera- bost urte baino gutxiago dela, laguntza emateko unean.
Enpresa berritzailea izatea, eta produktu, zerbitzu edo prozesu berritzaileak, edo bere sektoreko egoera teknologikoaren aldean nabarmen hobetutakoak, izateaz gain, arrisku teknologiko edo industriala daukatenak garatzea.
Eskatzaileak, onuradun izan daitekeenak, I+G arloan dauzkan gastuak bere funtzionamendu gastuen % 15 izatea, gutxienez, eskabidea eskatu aurreko hiru urteetatik batean; historial finantzariorik ez daukan enpresa berria bada, indarrean den ekitaldi fiskalaren auditoriaren arabera kalkulatuko da hori, alegia, kanpoko auditatzaile baten ziurtapenaren arabera.
Enpresa gazte eta berritzaile izategatik orain artean inoiz laguntzarik jaso gabea izatea.
Jarduera eta zerbitzuetako prozesuak eta antolaketa berritzeko laguntzen kasuan, 1. paragrafoan aipatutako baldintzez gain, beste baldintza hauek ere bete beharko dira:
Diruz laguntzeko eskatzen duen proiektuaren bidez enpresak abiaraziko duen I+G+B aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbia izatea, eta enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako baliagarri izan dadila, I+G+Bari dagokionez.
Berrikuntza lotuta egotea informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) erabilerarekin eta esplotazioarekin, antolaketako aldaketak eragitea, eta lotuta egotea ekoizpen-prozesuen hobekuntzarekin, ekoizteko moduan aldaketa nabarmenak sartuz edo ekoizpen-sistema berriak sartuz.
Proiektuak kudeatzaile identifikatua eta kualifikatua edukitzea, eta gastuak ere zehaztuta edukitzea.
Proiektuak berrikuntza ekartzea, edo hobekuntza nabarmena, proiektua aurreko egoeraren aldean. Berritzailea dela erakusteko, berritasunaren deskribapen zehatza egin beharko da, sektore berdineko beste enpresa batzuek gaur egun erabiltzen dituzten prozesu edo antolaketa-teknikekin alderatuta.
Proiektuak arrisku nabarmena izatea. Arriskua egon badagoela erakusteko, kontuan hartuko da enpresaren negozio-bolumenarekiko proiektuaren kostua zenbatekoa den, prozesua garatzeko zenbat denbora behar den, kostuen aldean prozesuen inguruko berrikuntzatik zenbateko irabazia espero den, eta porrot egiteko arriskua zenbatekoa den.
Laguntza jasotzekoa den proiektuaren emaitzak sistematikoki errepika daitekeen edo, kasuan kasu, ziurtatu edo patentatu daitekeen, arau, enpresa-eredu, metodologia edo kontzeptu ekartzea.
Produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuetarako laguntzen kasuan, 1. paragrafoan aipatutako baldintzez gain, beste baldintza hauek ere bete beharko dira:
Baldin onuraduna berezko izaera juridikorik gabeko asoziazio-figuraren bat bada, kideetako bat lehen sektoreko ekoizlea izatea edo eraldaketa-industrian aritzea.
Elkarlan-proiektua ekoizpen-sektorerako mesedegarri izatea.
Laguntza-eskabideak aurkezteko agiri-ereduak dekretu honen I-II eranskinetan datoz. Berrikuntza eta Elikadura Industrien Zuzendaritzako titularrari aurkeztu behar zaio eskabidea, bai Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko bulegoetan bertan (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz) edo bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluak adierazitako beste edozein lekutan.
Laguntza eskatzeko, ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:
Orokorrean, dekretu honen 6. artikuluko a), b), c) eta d) paragrafoak jasotzen dituzten laguntza jasotzeko moduko jardueren kasuan:
Pertsona fisikoa izanez gero, eskatzailearen NANaren fotokopia konpultsatua.
Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalorde-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana, dagokien erregistroan zigilatuta. Agiri horiek dekretu honen baitan aurkeztuta badaude, eta eskatzaileak ziurtatzen badu ez dela inongo aldaketarik egon agiri horietan, agiriak aurkeztutzat joko dira. Halere, lau deialdiren ondoren, berriz aurkeztu beharko dira.
Dagokion foru ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela erakusteko ziurtagiria.
Onartutako azkeneko urteko kontuen kopia.
TC-1 dokumentua, eskaera eskatu aurreko hilaren enpresaren.
Enpresaren etorkizunerako asmoak eta egoera ekonomikoa nahiz proiektuaren bideragarritasun teknikoa frogatzen duen memoria, enpresaren azken bi urteetako emaitza ekonomikoari eta etorkizuneko proiekzioari buruzko datuak eta guzti. Horrez gain, dirulaguntza eskatzen duen proiektuaren bidez enpresak abiaraziko duen I+G+B aurretik ere enpresak jada martxan zeukan I+G+B lanerako gehikuntza garbiaren balorazioa, eta enpresaren sektorearen hobekuntza orokorrerako ematen duen laguntzaren balorazioa, I+G+Bari dagokionez.
Kontratuaren kopia, 5. artikuluak aurreikusten duen kasuan. Baldin kontratatutako jarduera % 20 handiagoa bada dirulaguntzaren zenbatekoa baino eta zenbateko hori 60.000 euro baino handiagoa bada, kontratuaren zirriborroa.
Aurkeztutako agiri guztien egiazkotasuna eta 8. artikuluko 1. paragrafoko d) eta f) idatz-zatietan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla ziurtatzen duen zinpeko adierazpena.
Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.
Dekretu honetako 4. artikuluko 2. paragrafoko c) idatz-zatian eta 3. paragrafoan zehaztutako onuradunen kasuan: 2), 3), 4), 5), 6) eta 8) azpi-ataletan adierazitako agiri horiek proiektuan parte hartzen duten enpresa edo erakunde bakoitzari buruzkoak izango dira; alegia, bakoitzari buruz agiri horiek guztiak.
I+G proiektuetarako laguntzen kasuan, aurreko atalean adierazitako agiri orokor horiez gain, eskatzaileek memoria konkretua ere aurkeztu behar dute. Honakoa bildu behar du, gutxienez, memoria horrek:
Egin beharreko ekintza eta betebeharren deskribapen zehatza, adieraziz zer motatako ikerketarako nahi den laguntza.
Behar bezala xehatutako aurrekontua.
Proiektua betetzeko epea.
Laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.
Bideragarritasun teknikoari buruzko azterketen kasuan, nahikoa izango da artikulu honetako A ataleko 2. paragrafoan esandako agiriak aurkeztea.
Enpresa gazte eta berrietarako edo oinarri teknologikoko enpresa berrietarako laguntzen kasuan, artikulu honetan A ataleko 2. paragrafoan esandako agiriez gain, honako hauek ere aurkeztu behar dira:
Proiektuaren memoria zehatza eta xehatua. Honako hau azaldu behar du gutxienez:
enpresan ezarri nahi diren produktu, zerbitzu edo prozesu berrien, edo bere sektorearen aldean nabarmen hobetu direnen, deskribapen xehatua,
behar bezala xehatutako aurrekontua,
proiektua betetzeko epea eta
egitekoak diren aldaketen arrisku teknologiko edo industrialen azterketa teknikoa, eta, laguntza jasoz gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntza ekarriko duen.
Eskabidea aurkeztu aurreko hiru urteetan onartutako urteko kontuen kopia bana. Baldin eta 4. artikuluko 2. paragrafoko C atalean zehaztutako onuradunak badira, horiei guztiei buruzkoak. Eskabidea aurkeztu duten urtean bertan sortu diren enpresek ez daukate agiri horiek aurkeztu beharrik.
Prozesuen eta jarduera eta zerbitzuen antolaketako berrikuntzarako laguntzen kasuan, artikulu honetako 2. paragrafoko A atalean adierazitako agiriez gain, memoria zehatza ere aurkeztu beharko dute eskatzaileek, gutxienez, honako datuok azalduko dituena:
Enpresaren barruan egin nahi den berrikuntza motaren deskribapen xehatua.
Behar bezala xehatutako aurrekontua.
Proiektua betetzeko epea.
Egingo den berrikuntzaren deskribapen zehatza, eta sektoreko beste enpresa batzuek erabiltzen dituzten prozesu edo antolaketa-teknikoekiko alderaketa.
Proiektuaren kostuen zehaztapena, enpresaren negozio-bolumenaren arabera azalduta.
Prozesua garatzeko beharrezko izango den denbora.
Berrikuntzak emango omen dituen onurak eta
Porrot egiteko arriskua eta, laguntza emanez gero, enpresaren errendimendu orokorrean zenbateko hobekuntzan zenbateko eragina izango duen.
Produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuetarako laguntzen kasuan, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek:
Pertsona fisikoa izanez gero, eskatzailearen NANaren fotokopia konpultsatua.
Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalorde-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANarena eta baita erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana, dagokien erregistroan zigilatuta. Agiri horiek dekretu honen baitan aurkeztuta badaude, eta eskatzaileak ziurtatzen badu ez dela inongo aldaketarik egon agiri horietan, agiriak aurkeztutzat joko dira. Halere, lau deialdiren ondoren, berriz aurkeztu beharko dira.
Dagokion foru ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela erakusteko ziurtagiria.
Kontratuaren kopia, 5. artikuluak aurreikusten duen kasuan. Baldin kontratatutako jarduera % 20 handiagoa bada dirulaguntzaren zenbatekoa baino eta zenbateko hori 60.000 euro baino handiagoa bada, kontratuaren zirriborroa.
Aurkeztutako agiri guztien egiazkotasuna eta 8. artikuluko 1. paragrafoko e) eta h) idatz-zatietan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla ziurtatzen duen zinpeko adierazpena.
Elkarlan-proiektuaren memoria zehatza; honakoa adieraziko duena gutxienez:
Berritasunaren deskribapen zehatza, sektore berdineko beste enpresa batzuek gaur egun erabiltzen dituzten prozesu edo antolaketa-teknikekin alderatuta.
Enpresaren barruan egin nahi den elkarlan motaren deskribapen xehatua,
Behar bezala xehatutako aurrekontua.
Proiektua betetzeko epea.
Berrikuntza horrek prozesuetan ekarriko omen duen onura, kontuan hartuta bai kostuak bai porrot egiteko probabilitatea.
Erakunde eskatzaileak laguntza kuantifikatzeko aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentazio osagarri.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Edonola ere, Berrikuntza eta Elikagai Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
Dekretu honetan arauturik dauden laguntzetarako deia urtero egingo da, Ingurumen, Lurralde plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko titularraren agindu bidez. Hala eta guztiz ere, epe barruan aurkeztuta hartuko dira proiektuak baldin dagokion ekitaldiaren barruan aurkeztu badira, 8. artikuluko 1. paragrafoko b) idatz-zatiak hala xedatzen duenez.
Deialdi horretan, besteak beste, kontu hauek adierazi beharko dira:
Eskabideak aurkezteko epea.
Gehienezko zuzkidura -Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura joango dena- 6. artikuluko a), b) c) eta d) paragrafoetan diruz laguntzeko moduko jotzen diren ekintzetarako eta, beharrezko bada, zuzkiduraren urtez urteko zatiketa. Produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuetarako jarriko den gehienezko zuzkidura globala, zehaztuz zenbat finantzatuko den Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik eta zenbat FEADER erkidegoko funtsetik.
Ekintzak, inbertsioak edo proiektuak burutzeko epea, dekretu honetako 18.3 artikuluak xedatutakoaren arabera.
Zein diren diruz lagundu beharreko ekintzak, dekretu honetako 6. artikuluan jasotakoen artetik, eta, lehentasunik balego, lehenetsitako ekintzak zein diren.
Laguntza kuantifikatzeko aukeratutako irizpide objektiboak. 14. artikuluan jasota dauden irizpideen artetik aukeratu beharko da. Beste irizpide objektiborik erabiltzekotan, fundamentuzko arrazoiak behar dira.
Diruz lagundu beharreko ekintza mota bakoitzerako aurreikusita daude agirien artetik zein aurkeztu behar diren, deialdi bakoitzean aukeraturiko edo zehazturiko irizpide objektiboen arabera.
Dekretu honetako 6. artikuluko a), b), c) eta d) idatz-zatietan agertzen diren diruz laguntzeko moduko jardueren barruko proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura finantzatuko dira.
Dekretu honetako 6. artikuluko e) idatz-zatian agertzen diren diruz laguntzeko moduko jardueren barruko proiektuak elkarrekin finantzatuko dituzte Landa Garapenerako Nekazaritzako Funts Europarrak, FEADER funtsak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrek, halaxe agintzen baitu Euskadiko Landa Garapen Jasangarriaren 2007-2013 programak.
Aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango den laguntzak ezin du gainditu laguntza finantzatzeko gehienezko zuzkidura (deialdiaren aginduan urtero ezarriko da edo agindua eguneratzean ezarriko da), indarrean dagoen legediak jasotzen duen kreditu-lotespenaren araubidearen edo aurrekontua aldatzeko araubidearen arabera.
Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, zenbateko hori aldatu ahal izango da, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailaren beste laguntza-egitarau batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekonturik izanez gero, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Berrikuntza eta Elikagai Industriako zuzendariaren ebazpen batek emango du horren berri.
Laguntzak beraiei buruzko ebazpena ematen den ekitaldiko dagozkien ordainketa-kredituei egotziko zaizkie edo, urte anitzeko proiektuetan, zatikako ordainketei aurre egiteko konpromisozko kredituei, eta dena ere ekitaldian aplikatu behar den aurrekontu-itxierari buruzko arautegiari kalterik egin gabe.
Dekretu honetan arautzen diren laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritza izango da.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzordea eratuko da. Hiru lagunek osatuko dute: hirurak bokalak izango dira, hitza eta botoa dutela, eta horietako bat Ikerketa Programen arduraduna izango da, bai eta Batzordeko lehendakari ere. Beste biak Arrantza eta Elikagai Industrien Sailburuordetzaren mendeko zuzendaritzetako langile teknikoetatik hautatuko dira, Arrantza eta Elikagai Industrien Sailburuordetzako titularraren ebazpenaren bidez; ebazpen horretan bertan adieraziko da nor izango den batzordeko idazkaria.
Bideragarritasunaren azterketa egin aurretik eta Balorazio Batzordeak espedienteak baloratu aurretik, Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendaritzari atxikitako teknikari batek eskaera guztiak aztertuko ditu, banan-banan. Teknikariak azterketa teknikoa eta ekonomikoa egin beharko du, artikulu honetako 4. paragrafoko a) eta b) idatz zatietan xedatutako irizpideei jarraituz. Azterketa horren ondoren, proiektua agindu honetan eta deialdi bakoitzean ezarritako baldintzei nola egokitzen zaion ebaluatzeko txostena idatziko du, eta batzordeari aurkeztuko dio.
Balorazio Batzordeak ondorengo funtzioak izango ditu:
Aurkeztutako proiektu guztiak aztertu, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertu. Baztertutako horien zerrenda osatu beharko du gero, eta banan-banan azaldu zein izan den baztertzeko arrazoia.
Aplikatzekoa den araudia betetzen duten proiektuen eskabideak ebaluatu, eta proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu, honako irizpide hauen arabera:
Proiektuak sortutako lehiatzeko hobekuntza. enpresaren egungo egoerarekin lotuta sartutako produktu eta prozesuak, eta aurreikusitako merkatuak.
Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: proiektuaren eta bere bideragarritasunaren azterketa, eta, eskatutakoen artean, diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak zein diren zehaztea.
Proiektuaren balorazioa. deialdi bakoitzean ezarritako irizpide objektiboak zenbateraino bete diren.
Aurkeztutako proiektuetatik araudia betetzen dutenei, laguntzen balorazioa egiteko urteroko deialdi-aginduetan jarritako irizpide objektiboak aplikatzea, proiektuak baloratu eta haztatzea, eta onuradun izan daitezkeenen zerrenda ordenatua prestatzea, horietako bakoitzak lortutako puntuazioa eta guzti adierazita.
Ebazpen-proposamen bakarra aurkeztea Berrikuntza eta Elikagi Industrien Zuzendaritzako titularrari, ondo bereizita oso-osorik Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretik finantzatuko diren laguntzak eta FEADER funtsetik eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretik elkarrekin finantzatuko diren laguntzak. Proposamenak, gutxienez, dekretu honetako 16. artikuluak adierazten duena azaldu beharko du.
Balorazio Batzordeak, bere zereginak bete behar horretan, Zuzendaritzako teknikariek egindako txostenak baloratuko ditu (xedapen-zati honetako 3. idatz zatian aipatzen dira txosten horiek), eta, egoki iritziz gero, aurkeztutako eskabideen espedienteetan dauden agiriak aztertuko ditu.
Artikulu honetan aurreikusitako batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezartzeko aukera izango du, eta arau horietan aurreikusi gabeko edozertarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 22-27 artikuluetan xedaturik dagoena aplikatuko dute.
Laguntzak esleitzeko prozedura lehiaketa izango da. Aurkeztutako eskabideak alderatuta egingo da lehiaketa. Eskabide bakoitzari deialdi-aginduan urtero jarriko diren irizpide objektiboak aplikatuko zaizkio, eta horren arabera baloratu eta haztatuko dira. Erakunde eskatzaileen zerrenda ordenatua egingo da horren arabera; puntuazio handiena atera duena lehenik, eta hortik beherakoak ondoren. Gero, dekretu honetako 15. artikuluko portzentajeak aplikatuko zaizkie, eta horrekin jakingo da zenbat emango litzaiokeen zehazki eskatzaile bakoitzari, lortuta puntuazioaren parametroa erabiliz, alegia, zenbat eta puntuazio handiagoa lortu, orduan eta portzentaje handiagoa.
Urteko deialdiko diru-zuzkidura aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada, denei emango zaie dirulaguntza, bakoitzari dagokionaren arabera.
Alderantziz, urteko deialdi-aginduak ezarritako gehienezko zuzkidura globalak ez badu ematen eskabide guztiei laguntzeko, artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera prestatu den zerrendari segika emango dira laguntzak, elkarren segidan, funtsa erabat agortu arte.
Dekretu honetako 10. artikuluko 2. paragrafoko e) idatz-zatian xedatutakoaren kontra ez doan heinean, honako irizpide objektibo hauetatik bat edo batzuk hartuko dira kontuan proiektuak baloratzeko:
Proiektuak ekarriko duen berrikuntza maila: 30 puntu gehienez.
Enpresaren lehiakortasuna hobetzea, alegia, errentagarritasuna hobetzea, ekoizteko gaitasuna hobetzea edo merkatu berrietarako bidea hobetzea: 20 puntu gehienez.
Aurreikusitako langile-gehikuntza, I+G+B ekintzak arrakasta edukitzearen ondorioz: 10 puntu gehienez.
Sektore espezifiko batean egingo diren lanak, plan estrategikoen arabera: 5 puntu gehienez.
Proiektuak Lurralde Historiko bati baino gehiago eragitea ekonomian edo gizartean: 5 puntu gehienez.
Nekazaritza, elikadura edo arrantzako sektorean enpresa berria sortzeko gazteek (40 urtetik beherakoek) egindako proiektuak izatea, edo aurretiko proiektuei beste belaunaldi batez jarraipena emateko proiektuak izatea: 5 puntu gehienez.
Elkarlanean aritu eta enpresa bik edo gehiagok aktibitateak martxan jarri izana, izaera juridikoa galdu gabe eta enpresa horietako batek laguntza eskatu eta jaso duela: 20 puntu gehienez.
Merkatu elektronikorako proiektuak izatea: 5 puntu gehienez.
Proiektua gauzatu ahal izateko, enpresak kapital publiko edo pribatuko organismoren bat kontratu izana, proiektuaren % 20 gutxienez gauzatzeko; eta organismo horren jarduera nagusia nekazaritza, elikadura eta arrantzako sektoreetan ikerketa izatea, eta «ikerketa-organismoa» izendapena edukitzea («Ikerketa eta garapena eta berrikuntzarako estatuek ematen dituzten laguntzei buruzko esparru komunitarioa» (2006/C 323/01): 15 puntu gehienez.
Elkarlaneko proiektu pilotuak izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko zentro teknologiko, nekazaritzako eta elikadurakoekin batera egindakoak: 10 puntu gehienez.
Tokiko Ekintza Taldeek babestutako elkarlaneko proiektu pilotuak izatea, ondo errotu daitezkeenak nekazaritzaren eta elikagaien sektorean: 10 puntu gehienez.
Ekoizpenaren sektorearen eta nekazaritzako elikagaien kateko goragoko mailetako enpresen artean integrazio-prozesuak bultzatzea: 10 puntu gehienez.
Eraldaketa-prozesuetan eta -teknologietan ingurumen-hobekuntzak (bilgarriak birziklatzea, hondakinak kanporatu eta tratatzea) ingurumen-arloko hobekuntzak sustatzen dituzten proiektuak izatea: 10 puntu gehienez.
Laguntzen zenbatekoak ondokoak izango dira:
I+G proiektuetarako laguntzen kasuan:
Oinarrizko ikerketarako: dirulaguntza jasotzeko moduko kostuen % 100, gehienez.
Ikerketa industrialerako: dirulaguntza jasotzeko moduko kostuen % 50, gehienez.
Garapen esperimentalerako: dirulaguntza jasotzeko moduko kostuen % 25, gehienez.
Bideragarritasun teknikoari buruzko azterketetarako:
Enpresa txiki eta ertainen kasuan, elkarte, fundazio, enpresen aldi baterako elkarte eta ikerketa-organismoen kasuan:
Azterlanen kostuen % 75 gehienez, ikerketa industriala egiteko prestaketa-azterlanak baldin badira.
Azterlanen kostuen % 50 gehienez, garapen esperimentalerako prestaketa-azterlanak baldin badira.
Enpresa handien kasuan:
Azterlanen kostuen % 65 gehienez, ikerketa industriala egiteko prestaketa-azterlanak baldin badira.
Azterlanen kostuen % 40 gehienez, garapen esperimentalerako prestaketa-azterlanak baldin badira.
Enpresa gazte eta berritzaileen edota oinarri teknologikoko enpresa berrien proiektuetarako laguntzen kasuan. diruz laguntzeko moduko kostuen % 75 gehienez; betiere, laguntza milioi bat eurotik (1.000.000) beherakoa izango da.
Prozesuei buruzko eta jarduera eta zerbitzuetarako antolaketari buruzko berrikuntzarako laguntzen kasuan:
Diruz laguntzeko kostuen % 15 gehienez, enpresa handietarako.
Diruz laguntzeko kostuen % 25 gehienez, enpresa ertainetarako.
Diruz laguntzeko moduko kostuen % 35 gehienez, enpresa txiki, elkarte, fundazio, izaera juridiko propiorik gabeko elkarte-erakunde eta ikerketa-organismoetarako.
Produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuetarako laguntzen kasuan: dirulaguntza jasotzeko moduko kostuen % 100, gehienez.
Aurkeztutako eskabide eta agirien azterketaren ostean, Balorazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariari dagokio deialdi honen ebazpena ematea. Halaber, erabaki hori arrazoitu dezala eskatuko zaio ebazpen-proposamenetik aldentzen denean.
Ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta informazio hau jaso behar du, gutxienez:
Aintzat hartutako eskabideei buruz:
Onuradunaren izena edo sozietatearen izena, IFK edo NAN.
Diruz lagun daitekeen inbertsioaren edo gastuaren zenbatekoa.
Emandako dirulaguntza. Urte askotako proiektuen kasuan, urte bakoitzean zehaztuko dira urte horretarako zenbatekoak. Dekretu honetako 6. artikuluko e) idatz-zatian jasotako dirulaguntzen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko organismo arautzailea eratzeko urriaren 3ko 194/2006 Dekretuaren 19. artikuluak xedatutakoaren arabera zehaztuko da zenbatekoa.
Aurreikusitako ekintzak gauzatzeko epea, aurrekontuan baliagarri dagoen diruaren arabera eta aurrekontuaren urteko zenbatekoen arabera.
Dekretu honetako 5. artikuluaren 3. paragrafoan jasotako kasuan, kontratua formalizatzeko baimena.
Baztertutako eskabideei buruz:
Eskaera gin duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NAN.
Zergatik ez den eskabidea onartu.
Dekretu honetako 10. artikuluan aipaturik dagoen aginduak ondorioak eragiten dituenetik, gehienez ere sei hilabeteko epea egongo da ebazpena hartzeko eta jakinarazteko. Epe hori amaitu eta oraindik ez badago berariazko ebazpenik, interesdunek ulertu beharko dute ez zaiela eskabidea onartu, hala jartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 44. artikuluan.
Laguntza emateko edo ukatzeko emandako ebazpenaren aurka interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Arrantza eta Elikagai Industriako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz.
Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, publizitate-premiak betetzearren, dekretu honen babespean laguntza jasoko duten pertsonen zerrenda EHAAn argitaratuko da Arrantza eta Elikagai Industrien sailburuordetzako titularraren ebazpen baten bidez; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
Laguntzaren xede den inbertsioa edo gastua emakida-ebazpenean eta, hala bada, luzapen-ebazpenean ezarritako epean gauzatzea, dekretu honen 18. artikuluan ezarritako gehienezko mugarekin.
Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.
Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Onuradunak, laguntza eman zaiola dioen jakinarazpena jasotzen duen egunetik aurrera, hamabost egunetan ez badio berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten, onartu egin duela ulertuko da.
Diruz lagunduko diren inbertsio eta gastuak bost urtez egitea, gutxienez, gauzatzen hastetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu, ez amortizatu ez dirulaguntza emateko xedea ez den beste ezertarako erabili ere.
Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritzari jakinaraztea inbertsioa partzialki edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea hala egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.
Dekretu honetako 5. artikuluko 3. paragrafoan jasotako kasuan, Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritzari bidaltzea formalizatutako kontratuaren kopia, ebazpena jakinarazi den egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.
Jasotako laguntzak nola erabili diren jakiteko eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko, eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatziz Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzea.
Proiektuak urtebetean edo hainbat urtetan egin ahal izango dira.
Urteko proiektuak gauzatzeko epea, izan, deialdiari dagokion ekitaldiko abenduaren 31 arte izango da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, 21. artikuluan xedatutakoarekin bat; epea luzatuz gero, proiektuak gauzatzeko gehienezko epea deialdiaren ebazpena eman eta hurrengo urteko abenduaren 31 izango da.
Hainbat urtetarako proiektuak gauzatzeko gehienezko epea deialdiaren hurrengo urteko abenduaren 31 izango da. Dena den, luzatu egin ahal izango da epe hori, 21. artikuluan xedatutakoarekin bat; epea luzatuz gero, proiektuak gauzatzeko gehienezko epea deialdiaren ebazpena eman eta hurrengo bigarren urteko abenduaren 31 izango da.
Laguntza inbertsioak edo gastuak egiteko erabili dela frogatzeko, jarraian adieraziko diren agiriak aurkeztu behar zaizkio Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritzari:
Egindako lanen memoria justifikatiboa, proiektua nola gauzatzen ari den azaltzen duena. Gerora, Berrikuntza eta Elikagaien Industrietako Zuzendaritzak inbertsioa egin izanaren azken ziurtapena emango du, inbertsiorik egon bada; edo gastuena, aurkeztutako justifikanteetan oinarrituta.
Beharrezkoak baldin badira, dagokion Foru Ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela erakusteko ziurtagiria.
Faktura orijinalak eta ordaindu izana erakusten duten banku-agiriak (orijinalak edo fotokopia konpultsatuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailean horretarako baimena daukaten langileak konpultsatuta).
Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariak aukeran dauka agiri gehiago eskatzea, egoki irizten badio. Eskaera horrek arrazoitua izan behar du.
Aurreko artikuluan aipatzen diren laguntzak behar bezala kudeatzeko eta ordaintzeko, egitekoa zen inbertsioa egin izana erakusteko agiriak (artikulu honetako 1. paragrafoan zehaztutakoak), beranduenez ere, azkeneko luzapenaren ondorengo urteko ekainaren 30ean aurkeztu beharko dira.
Ordainketa egiteko, aurretik inbertsioa edo gastua justifikatu behar dira, aurreko artikuluko dokumentuak aurkeztuz. Proiektuak inbertsioa ere baldin badauka lotuta, ordainketak egiteko justifikazioa beharko da aurretik, egindako inbertsioen ziurtapena prestatu ondoren (Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritzako teknikariek prestatuta). Ziurtapena egiteko bi hilabete daude gehienez, inbertsioa erabat edo hein batean gauzatu dela komunikatzen denetik, eta 19. artikuluko 1. paragrafoko a) idatz-zatian aipatzen den memoria aurkezten denetik.
Onuradunak aurretik eskabide arrazoitua aurkezten badu, aukera izango du laguntzaren % 50 jasotzeko deialdia ebazten duen ebazpena jakinarazi eta dirulaguntza onartu ondoren, halaxe agintzen baitu 17. artikuluak 3. paragrafoan. Gainerako % 50 dirulaguntza jaso zuen inbertsioa edo gastua erabat eta ondo erabili dela justifikatu eta gero ordainduko da.
Baldin eta dirulaguntza handiagoa bada 180.303,631 euro baino, onuradunak berme erreala aurkeztu beharko du (abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak agintzen duen eran aurkeztu ere).
Urte bakoitzaren barruan kontuko ordainketak egin ahal izango dira; pertsona interesdunak eskaera egin ondoren gauzatuko dira, eta gehienez ere hiru ordainketa urte bakoitzean. Kontuko ordainketa egiteko eskaerarekin batera, hemeretzigarren artikuluko 1. paragrafoak aipatzen dituen agiriak aurkeztu behar dira.
Hainbat urtetarako proiektuak direnean, urte bakoitzean eginiko inbertsio edo gastuen ordainketa ekitaldi bakoitzean egingo da, dagokion ekitaldiko aurrekontuen kontura.
Dirulaguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko dirulaguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat ematen badu edo proiektua aldatzen bada, Berrikuntza eta Elikagai Industrien Zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu behar izango zaio idatziz, eta gerta liteke ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari ekingo zaio.
Baldin eta gastuaren behin betiko eta benetako kostua gutxiago bada onetsitako gastuaren aurrekontua baino (laguntza zehazteko baliatu zena), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariaren likidazio-ebazpenaren bidez, eta gero dirulaguntzaren portzentajea oinarri berriari aplikatuko zaio.
Salbuespen gisa, pertsona onuradunak aldez aurretik idatziz eskatu eta arrazoitu ondoren, beranduenean laguntza emateko ebazpenean xedatutakoarekin bat etorriz inbertsioa edo gastua bukatu behar den urteko abenduaren azken hamabostaldia baino lehen, Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariak, hala badagokio, inbertsioaren gauzapena atzeratu ahal izango du ebazpen bidez, eta bertan ezarriko du luzapenaren gehienezko epea, betiere, hasieran onartutako dirulaguntza mantenduta. Proiektuak gauzatzeko gehienezko epeak inoiz ez du dekretu honen hemezortzigarren xedapen-zatian proiektua gauzatzeko ezarritako epea gaindituko.
Laguntza eskatu duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du. Hori eskatutako laguntza emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik egin behar da. Atzera egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.
Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio laguntzari. Hori emandako laguntza onartu eta gero egin dezake, hamazazpigarren artikuluko 3) paragrafoarekin ezarritakorekin bat etorriz, baita inbertsioa amaitu edo gastua gauzatu aurretik ere, betiere, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Berrikuntza Elikagai Industrien zuzendariari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.
Behin ukoa onartuta, onuradunak hasierako ebazpenean onartu zitzaion eskubidea galduko du automatikoki, baita onartu zitzaion laguntza osorik edo partzialki jasotzeko eskubidea ere.
Onuradunak betetzen ez badu agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako eskakizunetako bat edo, hala bada, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, edo are proiektua partzialki betetzen ez badu eta, ondorioz, laguntza emateko aintzat hartutako xedea erabat hutsaltzen badu, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, Berrikuntza eta Elikagai Politiken zuzendariak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du eta bertan dirulaguntzarako eskubidea erabat edo partzialki galdu dela aldarrikatuko eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Aipaturiko diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.
Itzultze-prozedura arau-hauste administratibo baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatze-prozedura hasteko.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek dekretu honetan jasotakoen moduko xedeetarako ematen dituzten laguntzak bateragarriak izango dira, betiere, guztira dekretu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte. Muga horiek gaindituz gero, dekretu honi jarraiki, gehiegizkoari dagokion zenbateko bera kenduko zaio emandako laguntzari Berrikuntza eta Elikagai Industrien zuzendariak emandako ebazpenaren bidez.
Ardogintza-sektoreko inbertsioei dagokionez, produktu, prozesu eta teknologia berriak garatzeko elkarlan-proiektuetarako ematen diren laguntzen barruan finantzatutakoak baldin badira, ezingo dira ardoaren MAB barruko diruaz lagundu (antolakunde hori Europako Kontseiluak 2008ko apirilaren 29an emandako 479/2008, gomendioak arautzen du, zeinak ardogintza-merkatuaren antolaketa komunitarioa ezartzen duen, (CE) 1493/1999, (CE) 1782/2003, (CE) 1290/2005 eta (CE) 3/2008 gomendioak aldatzen dituen, eta (CEE) 2392/86 eta (CE) 1493/1999 gomendioak indargabetzen dituen).
Indargabeturik daude dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izanik beronek xedatutakoarekin bat ez datozen xedapen guztiak.
Lehenengoa. Garapenerako ahalmena.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak ahalmena dauka, bere eskumenen barruan, dekretu honetan xedatutako guztia aplikatzeko eta garatzeko beharrezko xedapenak emateko, bai eta aplikatzekoa den esparru komunitarioan aldaketak egin direla-eta egin beharreko egokitze eta eraldatze teknikoak egitekoak ere, baldin ez badute eragingo aldaketarik dekretu honetako funtsezko baldintzetan.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko uztailaren 27an.
Jarduneko lehendakaria,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Indargabetutakoa: 423/2013 DEKRETUA, urriaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertzeko, garatzeko eta berritzeko laguntzei buruzkoa (Berriker programa).
- Ikus: AGINDUA, 2013ko urriaren 17koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena; agindu honen bidez, nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egiten da, 2013ko ekitaldirako, uz
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, ondoko dekretuarena: «218/2010 Dekretua, uztailaren 27koa, nekazaritza, elikadura eta arrantzaren arloan ikerketa, garapena eta berrikuntza laguntzeko».


