Euskadi.eus
  • 228/2010 DEKRETUA, irailaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo gorenetan guraso eta ikasleen partaidetzarako gutxieneko ehunekoak zehaztu eta lanbide-hezkuntza, batxilergo teknikoa edo plastika-arteak eta diseinua ematen dituzten ikastetxeekin zerikusia duten sindikatu, enpresari-elkarte edo bestelako erakundeen partaidetza arautzen duen Dekretua aldatzekoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

228/2010 DEKRETUA, irailaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo gorenetan guraso eta ikasleen partaidetzarako gutxieneko ehunekoak zehaztu eta lanbide-hezkuntza, batxilergo teknikoa edo plastika-arteak eta diseinua ematen dituzten ikastetxeekin zerikusia duten sindikatu, enpresari-elkarte edo bestelako erakundeen partaidetza arautzen duen Dekretua aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 186
  • Hurrenkera-zk.: 4449
  • Xedapen-zk.: 228
  • Xedapen-data: 2010/09/07
  • Argitaratze-data: 2010/09/27

Testu legala

Euskal Eskola Publikoaren Legeak otsailaren 19ko 1/1993 Legeak 32. artikuluaren 3. puntuko azken paragrafoan arautzen du erregelamendu bidez arautu ahal izango dela, lanbide-heziketako ikastetxeetarako, batxilergo teknikoak ematen dituztenetarako eta plastika-arteak eta diseinua irakasten dituztenetarako, zer-nolako ordezkaritza izango duten ordezkaritza-organo gorenetan sindikatuek, enpresari-elkarteek eta irakaskuntza horiekin zerikusia duten bestelako entitateek.

Euskal Eskola Publikoko ikastetxeen autonomiaren adierazleetako bat da beren jarduera antolatzeko tresnak onartu eta balia ditzaketela. Euskal Eskola Publikoaren Legeko 28. artikuluak arautzen ditu antolamendu-tresnak horiek, eta, zehazki, ikastetxearen Antolakuntza eta Jarduera Araudia da horietako bat. Azken araudi horrek zehaztu behar du, Legeko 32. artikuluak araututako mugen barruan, Ordezkaritza Organo Gorenaren izena, organo horrek izango dituen kideen kopurua eta kide horien banaketa.

Euskal Eskola Publikoaren Legeko 32. artikulu horrek arautzen duena betez, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenek gurasoen eta ikasleen ordezkari-kopuru jakin bat izan behar dute, eta ehuneko horrek ezin du izan organo horren kide guztien ehuneko berrogeita hamar baino txikiagoa. Erregelamendu bidez zehaztuko dira gurasoen eta ikasleen partaidetzari dagozkion gutxieneko ordezkaritza-ehunekoak; betiere, ikastetxe-mota bakoitza eta ikasleen adina aintzat hartuta. Ehuneko horiek zehazteko, erregelamendu-mailako arau bat eman behar du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Eskola Publikoaren Legeko lehen xedapen iragankorrak arautzen duenari jarraituz.

Xedapen horiek agindutakoa betetzeko, 201/1993 Dekretua, uztailaren 6koa, argitaratu zen (1993ko irailaren 1eko EHAA), Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ordezkaritza-organo gorenetan guraso eta ikasleen partaidetzarako gutxieneko ehunekoak zehaztu eta lanbide-hezkuntza, batxilergo teknikoa edo plastika-arteak eta diseinua ematen dituzten ikastetxeekin zerikusia duten sindikatu edo enpresari-elkarteen edo bestelako erakundeen partaidetza arautzen duena.

Une honetan, beharrezkoa da Dekretu hori aldatzea, egun bizi dugun errealitatera egokitzeko.

Lehenik eta behin, ez du zentzurik Batxilergoko zenbait ikastetxetako ordezkaritza-organo gorenetan sindikatuen eta enpresen ordezkariak izateko aukerari eustea; beraz, komeni da Dekretuaren testutik kentzea batxilergo teknikoak irakasten dituzten ikastetxeei buruz egiten diren erreferentzia guztiak.

Bestalde, Dekretuaren eranskinak tipologia jakin bat ezartzen zuen gurasoek eta ikasleek ordezkaritza-organo gorenetan izan behar duten partaidetzaren gutxieneko ehunekoak finkatzeko, eta tipologia horrek bere baitan hartzen zituen garai hartan ematen ziren egoera guztiak. Alabaina, Dekretu hori argitaratu zen egunetik hona, zenbait aldaketa izan dira ikastetxe batzuek irakasten dituzten irakaskuntzetan, eta, ondorioz, 201/1993 Dekretuko I. eranskinak arautzen dituen ikastetxe-mota batzuk ez dira existitzen, eta, beste ikastetxe-mota batzuk, berriz, ezin dira eranskin horrek arautzen dituen ikastetxe-moten artean kokatu.

Horrenbestez, eranskin horrek arautzen duen ikastetxeen sailkapena eguneratu behar da, egun Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxe guztiak behar bezala koka daitezen dekretuak araututako ikastetxe-motaren batean.

Horiek horrela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak egindako proposamenaren harian, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun ondoren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerakoak, araututako izapideak beteta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoa aintzat hartuta eta Jaurlaritzako Kontseiluak gaia 2010eko irailaren 7an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Hemendik aurrera, izenburu berri hau izango du uztailaren 6ko 201/1993 Dekretuak:

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo gorenetan guraso eta ikasleen partaidetzarako gutxieneko ehunekoak zehazten dituen uztailaren 6ko 201/1993 Dekretua eta lanbide-hezkuntza edo plastika-arteak eta diseinua ematen dituzten ikastetxeekin zerikusia duten sindikatu, enpresari-elkarte edo bestelako erakundeen partaidetza arautzen duena.

Idazketa berri hau izango du uztailaren 6ko 201/1993 Dekretuaren 1. artikuluko 1. puntuak:

  1. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 32.2 artikuluak, e) idatz-zatian, aipatzen duen guraso eta ikasleen partaidetzako gutxieneko ehunekoak zehaztea.

  2. Lanbide-hezkuntza edo plastika-arteak eta diseinua irakasten duten ikastetxeetan Euskal Eskola Publikoari otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 32.3 artikuluak in fine aipatzen dituen antolakunde eta erakundeek izango duten partaidetza zehaztea.

Idazketa berri bat emango zaio uztailaren 6ko 201/1993 Dekretuko I. eranskinari; hain justu, Dekretu honen I. eranskinak adierazten duena.

Ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo gorenen osaera bat etorriko ez balitz Dekretuak arautzen dituen gutxieneko ehuneko berriekin, ikastetxe horiek aldatu egin beharko dute beren Antolakuntza eta Jarduera Araudia, Dekretu honek araututakoarekin bat datorren osaera izan dezaten.

Antolakuntza eta Jarduera Araudiaren aldaketa hori ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak onartu behar du Dekretu hau indarrean jarri eta hiru hileko epean gehienez. Erabaki hori Hezkuntzako Ikuskaritzari bidaliko zaio, aldaketa hori indarreko legediarekin bat datorren ala ez adierazi dezan.

Hezkuntza Ikuskaritzak erabakitzen badu proposatutako aldaketa ez datorrela bat indarreko legediarekin, ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak berriro egin beharko du araudia aldatzeko prozesua.

Hezkuntza Ikuskaritzak onetsi egiten badu proposatutako aldaketa, ordezkaritza-organo gorenak berritzeko lehen hauteskunde-prozesua egitean izango da eraginkorra aldaketa hori. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak deitutako hauteskunde-prozesua izan behar du, araudia aldatzeko erabakia hartu ondoren egina.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko irailaren 7an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako ordezkaritza-organo gorenetan ikasleek eta horien gurasoek parte hartzeko gutxieneko ehunekoak (*)

Ikastetxe-mota Ikasleak Gurasoak

  1. Soilik A motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 0 50

  2. A eta B motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 5 35

  3. A, B eta C motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 10 30

  4. A, B, C eta D motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 15 25

  5. Soilik B motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 10 30

  6. B eta C motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 15 25

  7. B, C eta D motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 20 20

  8. Soilik C motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 20 20

  9. C eta D motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 25 15

  10. Soilik D motako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeak 50 0

    Kasu guztietan, ikasleek eta ikasleen gurasoek ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenean duten ordezkapen-ehunekoa organo horren kide-kopuru osoaren % 50ekoa izango da, gutxienez.

    IRAKASKUNTZA-MOTAK:

    A mota: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Musikako Oinarrizko Irakaskuntzak, Dantzako oinarrizko Irakaskuntzak eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan ematen diren irakaskuntzak.

    B mota: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

    C mota: Batxilergoa, Lanbide Heziketako erdi-mailako prestakuntza-zikloak, Plastika-arte eta diseinuko erdi-mailako prestakuntza-zikloak, Musikako lanbide-irakaskuntzak, Dantzako lanbide-irakaskuntzak.

    D mota: Lanbide Heziketako goi-mailako prestakuntza-zikloak, Plastika-arte eta diseinuko goi-mailako prestakuntza-zikloak, Musikako goi-mailako irakaskuntzak, Dantzako goi-mailako irakaskuntzak eta Helduen Hezkuntzarako zentroetan, Urrutiko Batxilergo Institutuetan, Hizkuntza Eskola Ofizialetan eta Arte Dramatikoko Eskoletan ematen diren irakaskuntzak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.