- 7/2011 DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Ugao-Miraballesen (Bizkaia) dagoen Udiarragako Andre Mariaren ermita, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu7/2011 DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Ugao-Miraballesen (Bizkaia) dagoen Udiarragako Andre Mariaren ermita, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 18
- Hurrenkera-zk.: 404
- Xedapen-zk.: 7
- Xedapen-data: 2011/01/18
- Argitaratze-data: 2011/01/27
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko ekainaren 22ko Ebazpenaren bidez, Ugao-Miraballesen (Bizkaia) dagoen Udiarragako Andre Mariaren ermita monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena eman zen (EHAA-ren 185. alean argitaratua, 2010eko irailaren 24an).
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Felix M.ª Iturriaga jaunak, Bilboko Gotzaindegiaren izenean, alegazioak aurkeztu zituen. Alegazioekin batera Gotzaindegiaren Dokumentazio-Saileko Arduradunaren txostena aurkeztu da Ebazpenaren II. eranskinean dauden puntu batzuk argitzeko, akats tipografikoak zuzentzeko eta erretaula nagusiaren deskribapenetik umeari egiten zaion aipamena kentzeko eskatuz.
Alegazioak aztertu eta gero, baietsi egiten dira eta II. eranskinean behar diren aldaketak egiten dira.
Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan hartuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko urtarrilaren 18ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau
Lehenengoa. Kultura Sailak Udiarragako Andre Mariaren ermita Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.
Bigarrena. Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Ugao-Miraballeseko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari eta Garraio eta Hirigintza Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere jakinaraziko zaie.
Hirugarrena. Kultura Sailak Ugao-Miraballeseko Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.
Laugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Monumentu mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanetarako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.
Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko urtarrilaren 18an.
Jarduneko lehendakaria,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
URTARRILAREN 18KO 7/2011 DEKRETUAREN
Mugaketaren esparrua.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumari urbanizatua hartzen ditu.
Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu: ekialdetik, Bide Zahar kalea; mendebaldetik, Udiarraga kalea; iparraldetik, kokatzen deneko plaza urbanizatuaren bukaera; eta hegoaldetik, eraikin atxiki berriaren bukaera.
Mugaketaren zergatia.
Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Udiarragako Andre Mariaren ermitaren ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako. Herriaren egituraren barruan, hiri-inguruaren zati bat da, halako toki nabarmen batean kokatua.
Ondasuna behar bezala babesteak eta balioesteak zera dakar, ermitaren ondoko inguruak ere babestea, bestela ez baita ulertzen ondasunaren jatorrizko izaera zeremoniala, ezta multzoaren batasuna bera ere edo hiri-bilbearen barnean egotea.
Hori dela eta, mugaketak ez du soilik ermitaren eraikina hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.
URTARRILAREN 18KO 7/2011 DEKRETUAREN
Ermita
Orain herrigunean dagoen Udiarragako Andre Mariaren ermitaren aurretik, jatorrizko beste bat egon zen Ugaoko udal barrutiko Udiarraga izeneko mendian, 1776. urtera arte.
Erdi Aroko santuario haren hondamendi egoera zela eta, ermita berri bat berreraiki zuten, oraingo tokian, Gaztelako errege-bidetik eta herrigunetik gertu.
1779. urtean amaitu ziren lanak. Handik hona pasa diren 200dik gora urteetan aldaketa batzuk izan ditu, adibidez duela ez hainbeste hegoaldean atxikitako apaiz-etxea. Burualde osoa estaltzen zuen atxikitako eraikina arestiko eraberritze batean bota dute, baina horrekin batera altuera bateko eraikin berri bat altxatu dute.
Proiektuaren diseinua eta idazketa 1776an egin zuen Juan de Iturburu arkitekto maisuak, eta lana bururatzeko eraikitzaile gisa Martín de Zabala maisuak jardun zuen.
Ermitaren elementu bereizgarriena fatxada da. Portada nagusia, rococo estilokoa, hiribilduaren jatorrizko biderantz orientatuta dago, eta erlaitz molduradun taulamendu lau batez errematatutako pilastra toskanarrak ditu alboetan; taulamendu horrek eraikinaren perimetro osoa inguratzen du. Konposizioa, goialdean, lerro makodun bi gorputzeko kanpai-horma batez amaitzen da, non lerro makodun horiek kontrahormak lotzen dituzten; xaflaztatze bolutatua duten alboetako estriboek, estilo barroko garbikoek, halako bizitasun bat ematen diote konposizioari.
Fatxada nagusiko behe-gorputzean hiru bao burudun irekitzen dira. Sarbide nagusiaren gaineko ardatzean, argizulo molduradun bat irekitzen da, goialdean txaranbeldua eta sare erradial batez itxia.
Kanpai-hormak behe-gorputz bat du, bi baoz osatua, eta goi-gorputz bat, bao bakarrekoa; bao guztiak kanpai-tokiak dira. Behe-gorputz nagusiko horma-atalek muxarratutako plaka laua eta leiho-barrena dituzte. Plaka-kapitelen gaineko kanoiek osatzen dituzte kanpaien bizkar-teilak, eta eraketa-irizpide honixe jarraituz osatzen da goiko baoa. Konposizioaren buruan, frontoi triangeluarra, gurutze eta haize-orratzarekin.
Ermitak beste sarbide bat du, atalburuduna, plaka lauaz inguratua eta epistolaren aldeko lehen zatian zentratua. Atea bi orri asimetrikoz osatua dago, muntaga joniko zizelkatuaz, eta gaur egun ez dago erabilgarri.
Ermita moldatua dago hareharrizko ageriko harlangaitzez eta mortero-nahasia duten errekarriz. Euskal arkitektura barrokoak izan ohi duen ezaugarria islatzen du: zorroztasuna. Oinaldearen aparejua kareharrizko harlangaitz handiz egina dago. Fatxada aldean, berriz, bao, pilastra eta kanpai-hormak oso era erregularrean landuriko hareharrizko harlanduzkoak dira.
Barrualdetik, ermitak nabe zabal bat du, ia berdinak diren zi zatitan banatua, eta beso nabariak dituen gurutzadura-zati bat eta bost horma-atal dituen burualde oktogonala. Behealdean korua dago, aurrealdeak bi pilaretan bermatzen diren hiru arkudun zati dituela. Koruko zolua zurezkoa da, bai eta kareleko barra handi torneatuak ere. Sakristia transeptuaren ezkerraldeko espazio txiki batean dago.
Harlandu-itxurako horma luzitu eta margotuek, pilastra toskanarrekin batera, ganga hainbat zatitan banatzen duten erdi-puntuko parpain-arkuei eusten dien egitura osatzen dute. Absidearen eta gurutzaduraren angeluetan, euskarriak baso-mentsulak dira.
Nabeko bi zatien burualdea kanoi-ganga batez amaitzen dira, lunetoz zulatua. Kapera nagusia, aldiz, ertz erradialez bururatuta dago.
Argitasuna gurutzadurako eta alboetako baoen bitartez igarotzen da, nagusiki. Bao burudunak dira, barrualderantz halako txaranbeldu txiki batekin. Koro gainean argizulo molduratu bat dago, pinoian.
Loturiko ondasun higikorrak.
mende bukaerako erretaula (168-1681), ermita zaharretik XVIII. mendean oraingo tokira eraman zena. Kantabriako Pedro de Lainz Mazo eta Juan Alonso de Viadero maisuen lana da. Bizkaiko erretaula apaindu barroko lehendabizietako bat da.
Intxaur-zurez egindako lana da, predela, gorputza eta atikoa dituena; mahastiz apainduriko salomondar kolomaz inguratutako hiru kaletan antolatuta dago. Itxituran makotutako ostikoa du; horma-hobi sakon bat erdialdean, eta frontoian kartelak dituzten horma-hobiak alboetan. Errematearen alde bietan, Gaztelako armarria eta Ugaokoa armarri zaharra daude.
Erdiko kaleko gorputzean Udiarragako Andre Mariaren irudi gotikoa dago. XIV. mendeko tailua da, otoitzean, hainbat eraberritze izan dituena. Alboetan, San Jose haurrarekin, eta Paduako san Antonio, erretaularen garaikideak; atikoan Kristo Gurutzatuaren irudia.
Erretaularen polikromia ere garaikidea da, urreztatua, eta zenbait estofatu ditu apaindurazko elementuetan.
URTARRILAREN 18KO 7/2011 DEKRETUAREN
Babes-araubide hau Udiarragako Andre Mariaren ermita monumentu kategoriako kultura-ondasun sailkatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Araubidea bete beharko da, beraz, higiezin horretan eta haren ingurumarian egiten diten kontserbazio eta esku-hartzeak gauzatzeko.
Ondoren zehazten den babes-araubidea Udiarragako andre Mari ermitari aplikatuko zaio, hurrenez hurren I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera.
Babes berezia honako elementu hauek izango dute:
Bolumetria eta espazio-eraketa.
Ermita bera eta hura osatzen duten elementu guztiak.
Erretaula nagusia.
Babes-araubide honetako manuek izaera loteslea izango dute, eta araubide hori begiratuz kontserbatu beharko da erakina. Era berean, hirigintza-plangintzako tresnei ere eragiten diete araubideko manuek, eta, beraz, tresna horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu lege-arau hori betetzeko, babes-araubide honen helburu den eraikinari aplikatu beharreko hirigintza-planeamenduak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.
Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
Babes araubide honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.
Ondasuna osorik edo horren zati bat botatzea Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ezin izango da baimendu.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: ermitaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta higiezina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren elementuetarako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.
Debekatuta egongo dira aurreko pasartean sartzen ez diren gainerako erabilera guztiak.
Babestutako ondasunean egokitutako erabilera berriek eta burututako jarduerek, irisgarritasunari buruz eta suteen aurkako babesteari buruz indarrean dagoen araudiko irizpideez gain, Babes Araubide honen III. kapituluan ezarritako mugak beteko dituzte.
1. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK
Babes araubide honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua egin beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:
Eraikinaren egungo egoeraren gaineko dokumentu grafikoa, 1/50 eskalan solairuetarako, fatxadetarako eta sekzioetarako, 1/20 eskalako xehetasun arkitektonikoekin; argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar. Bereziki jaso beharko da egitura-sistemaren berri, zehaztasun osoz, neurriak eta akotazioak adieraziz.
Honako hauek deskribatuko dituen dokumentazio grafikoa: zer esku-hartze egin behar den, zein material erabiliko den, lanak burutzeko faseak, eta proiektua amaieran nola geratuko den, aurreko atalean aipatutako eskalak erabiliz.
Kontserbazio-egoeraren azterketa, besteak beste jaso beharko duena egitura-sistemari eragiten dioten edo eragin diezaioketen patologien azterlana eta elementu horiek zaintzeko aurreikusten diren neurriak.
Egin beharreko lanak eta erabili beharreko teknikak azalduko dituen dokumentazio idatzia, honako alderdi hauek jasoko dituena: erabiliko diren materialen kalitatea eta egokitasuna, eta materialok gainerako osagaien ondoan zer egonkortasun izango duten eta elkarri nola eragingo dioten aztertuz.
Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak zehaztea.
Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-araubide honetako manuen arabera behar bezala gauzatzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak kontuan hartuta.
Eraikinetan egin daitezkeen esku-hartzeen helburua eraikinaren balio historiko arkitektonikoak babestea da. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko elementuen ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, babes-araubide honetako 3. artikuluan aipatutako elementu horiek ematen baitiote balioa eraikinari.
Oro har, ezin izango dira egin segidan aipatzen diren esku-hartzeak, ezta Udiarragako Andre Mari ermitaren balio historiko-arkitektonikoei kalte egin diezaieketenak eta babes-araubide honetako beste edozein xedapenen kontra doazenak ere. Hartara, jarduera hauek debekatuta egongo dira berariaz:
Bolumen-aldaketak, kendu beharreko elementu itsusgarriak salbu.
Jatorrizko eraikinei erantsitako eraikuntzekin zerikusia duten azalera-aldaketak, edo oinaren luzera edo zabalera handitzea.
Aldaketak egitea fatxadetan edo fatxaden osagaietan edo tratamenduetan, edo fatxadaren jatorrizko antolaeran edo hutsarteen kopuruan. Izan ere horien jatorrizko forma, neurri eta proportzioei eutsi behar zaie.
Estalkien jatorrizko antolaera aldatzea, esate baterako, eliza jasotzeko obrak, malda nahiz faldoiak aldatzea, bai antolaketan bai kopuruz.
Ermitaren barrualdea aldatzea, bolumetria, banaketa eta solairu arteko zatiketei dagokienez. Apainketako osagai arkitektoniko jatorrizkoak agerian egon behar dira beti.
Ermitaren egitura-antolaketa orokorra edo haren osagaiak aldatzea.
Babes-araubide honetako 3. artikuluan aipatutako babes bereziko elementuei dagokienez, estilo-eransketak egitea, baita obra amaituaren itxura nolakoa izan den edo nola azaldu behar duen aditzera eman dezaketen dokumentu grafiko edo plastikorik egon arren ere.
Ermitaren ikuspegia murriztu dezaketen ingurumariko esku-hartzeak.
Oro har, babes-araubide honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aipatzen ez diren esku-hartze guztiak, babes berezia duten elementuen gain egin beharrekoak.
2. ATALA
ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK
Babes-araubidearen atal honetan deskribatzen diren esku hartzeko irizpide espezifikoek argitzen dute nola eta zein mugaketarekin esku har litekeen Udiarragako Andre Mariaren ermita osatzen duten elementuetan.
Babes-araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuetan, 317/2002 Dekretuan zaharberritze zientifikoari begira ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.
Eraikinei erabilera berria ematen baldin bazaie, egokitze-lanak ahalik eta txikienak izango dira; ahal dela barne-moldeei eutsiko zaie estu eta zorrotz, eta ezingo dira egitura-antolaketaren ezaugarriak aldatu, ez eta barne-espazioen segidarenak ere, eta ezingo dira horiek solairutan zatitu edo banatu.
Baimentzen diren obretarako beharrezkoa izango da baldintza hauek betetzea:
Saihestu egingo dira eraikinaren kanpo-ehundura edo akaberen osaera ezin berreskuratzeko moduan alda dezaketen garbiketa-tratamenduak. Garbitzen hasi aurretik eta materialen osaera aztertu ondoren, elementurik ahulenak babestu egingo dira eta zirrikitu eta junturak itxi egingo dira.
Hormak eta egitura-elementuak: egoera txarrean badaude, horiek nola sendotu aztertuko da, erabil daitezkeen teknika guztiak aintzat hartuta. Horma desmuntatzea edo berreraikitzea saihestuko da, non eta horiek ez diren aukera bakarrak.
Instalazioak: instalazioen garraiobideak erraz iristeko modukoak izango dira eta, aldi berean, ez oso agerikoak. Ezingo dira horma-egitura barruan egin.
Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko zaharberritzeko esku hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanen ardura profesional eta enpresa espezializatuei emango zaie, lan horiek egiteko behar den gaitasun teknikoa badutela erabateko bermeekin egiaztatzen dutenei, hain zuzen.
Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, baina eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzekotan beti:
Arkitektura-espazioa zaharberritzea eta aldatutako zatiak leheneratzea, ondokoen bitartez:
Barneko edo kanpoko fatxaden zaharberritzea, ahal dela jatorrizko hutsarteak errekuperatuz.
Jatorrizko arotzeriaren edozein elementu zaharberritzea fatxadako hutsarteetan, beirateetan, apaingarrietan eta abarretan, bai eta interesa duen beste edozein elementurena edo, hala badagokio, material eta diseinu berdinez egindako elementu berrien ordezkapena, halako moduan non jatorrizko eitea berreskuratuko den.
artikuluan aipatutako babes bereziko elementuetako barne-espazioak zaharberritzea.
artikuluan aipatutako osagaien jatorrizko banaketa edo leku-antolaketa gorde edo lehengoratzea.
Errekuperaezinak diren zatiak kenduz egin beharreko sendotze-lanak, aldatu gabe kanpo- eta barne-fatxaden kokalekua edo kota, pilareak, mentsulak, forjatuak, gangak, eskailerak, jatorrizko materialaz egindako estalkia, 3. artikuluan aipatzen diren babes bereziko elementuak eta abar.
Eranskin itsusgarriak kentzea orain dagoen erantsitako gehigarria, adibidez, baita interesik ez duten edo eraikinaren, eraikuntza unitatearen edo berorren ingurunearen jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen obra guztiak desegitea ere.
Behar-beharrezkoak diren instalazioak jartzea, betiere babes-araubide honetako gainerako manu guztiak errespetatuz.
Hondatutako bestelako akabera-elementuren bat konpontzeko obrak, betiere ez bada egiturazko edo eusteko funtziorik.
Barruko lanak: entokatua eta pintura; zoladurak eta sabaiak egin eta konpontzea, zurgintzako barne lanak, instalazioen konponketa, betiere hori ez bada babesteko araubide honen aukakoa.
Aurreko artikuluan ezarritakoa betez erabat, babestutako ondasunak nolabaiteko hondamena pairatuz gero, honako jarduketa edo leheneratzeak onartuko dira:
Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzeko lanak. Horretarako, leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, eta bestelako materiala erabiltzea hobetsiko da. Material hori harmonikoa izango da eta lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten duen puntu horietan.
Zatikatuta dauden lanen dekorazioa berrosatzea, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzea. Horretarako, hutsune txikiak berreraikiko dira lehen begiratuan erraz bereizteko moduko teknikak erabiliz, edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinetan lotzen diren gune neutroen bidez, edo jatorrizko euskarria agerian utziz. Baina, batez ere, gune figuratiboak ez dira inoiz «ex novo» leheneratuko, ez eta obraren figurazioari eragiten dioten elementuak sartuko ere.
URTARRILAREN 18KO 7/2011 DEKRETUAREN
Babes-araubide hau Udiarragako Andre Mariaren ermita monumentu kategoriako kultura-ondasun sailkatua izendatzeko izapidetzearen baitako da. Araubidea bete beharko da, beraz, monumentuari loturiko ondasun higigarria den erretaula nagusian egiten diten kontserbazio eta esku-hartzeak gauzatzeko.
Babes-erregimen honen barruan sartuko da erretaula nagusia, Udiarragako Andre Mariaren ermitaren deklarazioaren II. eranskinean azaltzen diren loturiko ondasun higigarrien atalean deskribatzen dena.
Testu honen edukiak Udiarragako Andre Mariaren ermitaren zati banaezina diren eta hari lotuta dauden ondasun higigarriei dagokienez bete beharreko baldintza orokorrak finkatzen ditu.
Erretaula nagusian egiten diren esku-hartze guztietan nahitaez beteko dira babes-araubide honen arauak. Ondasun hori babes-araubidearen arabera kontserbatu beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko Legearen 37. artikuluari jarraituz.
1. II. eranskinean zerrendaturiko ondasun higigarriak monumentuaren zati banaezinak dira eta, horrenbestez, salbuespenez banatu behar izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren baimena arrazoitua beharko da, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 37.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Aurrekoa errespetatuta, Bizkaiko Foru Aldundiak agindu ahal izango du ondasunak behin-behinean beste tokiren batean biltegiratzeko, harik eta jatorrizko kokapenak behar bezalako kontserbazioa bermatzeko baldintzak bete arte, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 39.2 artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Aldi baterako erakusketaren baterako posible izango da erretaula nagusia lekuz aldatzea, baina beti kontserbatu, mugitu eta erakusteko gutxieneko baldintzak beteta, kalterik jasan ez dezan. Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena beharko da toki-aldatzea egiteko.
Erretaula jatorrizko tokitik kanpo dagoen bitartean, ziurtatuko da gordetzen den tokian kontserbatzeko baldintza guztiak betetzen direla. Horren egiaztatzea Bizkaiko Foru Aldundian erakutsi beharko da.
Erretaula nagusia, loturiko ondasuna den aldetik, oso-osorik kontserbatu beharko da. Ondasunaren jabeen, eskubide errealen titularren eta edukitzaileen betebeharra da hura kontserbatzea, zaintzea eta babestea, bai eta haren galera, hondatzea edo suntsitzea saihestea ere.
Loturiko ondasun higigarriak ezin izango dira aldatu, konpondu edo zaharberritu, aurrez Bizkaiko Foru Aldundiaren baimenik gabe, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 38.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Kultura-ondasunean zuzenean edo zeharka egiten diren esku-hartze guztien helburua ondasun hori osorik babestea eta gerora begira osorik transmititzea izango da. Kultura-ondasun kalifikatuaren prebentziozko kontserbazioa izango da lehenengo helburua, esku-hartze zuzenen aurretik. Hau da, lehenengo eta behin ahaleginak egin behar dira ondasunak aldaketarik ez jasateko, eta kalteak ahalik eta beranduen sor daitezen. Erretaulan zerbait egitekotan, kontserbazio egoki batek eskatzen duena baino ez da izango, edo, gehienez, ondasuna ulertu eta transmititzeko ezinbestekoa dena.
Erretauletan ezinbestekoak diren jarduerak baino ez dira burutuko; batez ere, erretaularen ezaugarriak errespetatuko dira eta, beraz, tratamendu sakonegiak baztertzekoak izango dira, ahal den neurrian, baita irudimena gehiegi erabiltzeko edo interpretazio bitxiak emateko joerak ere. Ondasunaren historikotasuna ere zainduko da. Erretaulan burutzen diren esku-hartze zuzen guztiak adituek nabaritzeko modukoak izango dira, elkarrekin bateragarriak eta egonkorrak, eta posible izango da egindakoa deuseztatzea.
Jarduera zuzenak burutu ahal izateko beharrezkoa izango da Foru Aldundi eskudunaren baimena eskuratzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 38.1 artikuluak agindutako eran.
Erretaulan esku-hartze zuzenen bat burutu aurretik, haiei buruzko proiektu teknikoa egingo da, alorrean aditu diren profesionalek egina. Proiektu teknikoak honako hauek jaso behar ditu:
Diagnostikorako azterketa, eta horren barruan: erretaularen dokumentazio fotografikoa eta, hala badagokio, planimetrikoa; haren ikerketa historiko-artistikoa; eta Erretaularen kontserbazio-egoeraren azterketa eta diagnostikoa, patologiak eta kalteen jatorriak ere azalduta.
Esku hartzeko jarduerak aurrera eramateko egitasmoa. Horren barruan sartuko dira: esku-hartze bakoitzaren proposamena, egin beharreko lanak adierazita; erabiliko diren materialak eta teknikak, eta jarduketen balorazio justifikatua; baita jarduketaren kronograma ere, egitasmoa betetzeko aldiak eta epeak deskribatuko dituena.
Esku-hartzeko lanak bukatu eta gero, horren gaineko txostena egingo da, horren berri dokumentuetan jasota uzteko. Txostenean ondorengoa adieraziko da:
Esku-hartzearen arduradunen izenak eta lanak egin diren datak.
Ondasunaren deskribapena: nola zegoen esku hartu aurretik eta zein elementu aldatu diren.
Erabilitako tratamenduaren edo kontserbatzeko metodoaren justifikazioa, erabilitako materialak aipatuta.
Ondasunaren egoerari buruzko azken balorazioa, zuzendu ahal diren arriskuak eta baldintza desegokiak aipatuta, horrelakorik egotekotan, eta prebentzioz kontserbatzeko teknikak eta baliabideak azalduta.
Esku-hartze Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zerbitzuetara bidaliko da, baita Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzara ere.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 24. artikuluan dioenez, erretaularen jabeek, edukitzaileek eta gainontzeko eskubide errealen titularrek informazioa eman beharko diete agintari eskudunei, lege hori aplikatzeko ezinbestekoa zaien bakoitzean.
Era berean, aurreko puntuan aipatutakoek agintariei utziko diete erretaula ikusten, aldez aurretik baimena eskatuz gero eta ondasunak ikuskatzea egoki izanez gero. Gainera, ikertzaileei ere utziko diete erretaula aztertzen, Bizkaiko Foru Aldunditik jasotako baimena erakutsirik.
Erretaula jendaurrean erakusteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 24.3 artikuluari jarraituko zaio. Administrazioak erretaula hau gordailuan jasotzen duen bakoitzean, erretaula jendaurrean erakusteko eskubidea ere bereganatuko du, esandako legearen 40.2 artikuluak dioenez.
Erretaula saldu nahi duenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko dio asmo hori, jakinarazpena frogatzeko balio duen moduren batean eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 25. artikuluan eskatutakoa beteta. Artikulu horrek baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari ondasuna lehentasunez erosteko edo, kasua bada, atzera eskuratzeko.
Erretaula Udiarragako Andre Mariaren ermitaren barruan egongo da. Bizkaiko Foru Aldundiak, salbuespenez, beste tokiren batean biltegira dezake behin-behinean, ohiko tokiak ez baditu kontserbatzeko baldintzak betetzen eta harik eta tokialdatzea eragin duten gorabeherak konpondu arte, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 39.2 artikuluak dioenari jarraituta. Hala gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren baimena ere beharko da tokialdaketa egiteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 37.2 artikuluan xedatzen duen moduan, eta horrekin batera horretarako arrazoiak azalduta.
Erretaula jatorrizko tokitik kanpo dagoen bitartean, ziurtatuko da gordetzen den tokian kontserbatzeko baldintza guztiak betetzen direla. Horren egiaztatzea Bizkaiko Foru Aldundian erakutsi beharko da.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluaren arabera, erretaula erabiltzeko edozein modu onartuko da, kontserbatzeko baldintzak bermatuz gero.


