- 13/2011 DEKRETUA, otsailaren 8koa, Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko edo zorpetze-eragiketak hitzartzeko baimena ematen duena, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, eta gehienez 1.187.309.799 euroko zenbatekoan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu13/2011 DEKRETUA, otsailaren 8koa, Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko edo zorpetze-eragiketak hitzartzeko baimena ematen duena, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, eta gehienez 1.187.309.799 euroko zenbatekoan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 33
- Hurrenkera-zk.: 837
- Xedapen-zk.: 13
- Xedapen-data: 2011/02/08
- Argitaratze-data: 2011/02/17
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Ogasun
Deskribapenak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeak dio zor publikoa jaulkitzea Gobernu Kontseiluak dekretu bidez erabakiko duela, eta dekretu horretan zenbatekoaren gehienezko mugak eta jaulkipena egiteko epea adierazi beharra dagoela, beste ezaugarri batzuk ere jaso daitezkeen arren. Halaber dio, dekretuan jaso ezean, ezaugarri horiek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu baten bidez finkatuko direla, eta agindu hori, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, 16. artikuluko 1. paragrafoan, baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egin ditzan, baina muga hau ezartzen dio aurrekontuaren gehikuntza horri: ekitaldia ixterakoan saldoa ekitaldia hasterakoan zena baino 1.017.826.465 euro gehiagokoa izango da gehienez ere.
2010. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta ekitaldi honetan egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehienezko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.187.309.799 eurokoa da.
Mundu-mailako ekonomia- eta finantza-krisiaren bilakaeratik eratorri den nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoeraren ondorioz, ahalik eta malgutasun handiena eman behar zaio zorpetze-arloan erabakiak hartzeko prozesuari.
Bada, dekretu honen bitartez baimendutako erabakiekin lotutako erabaki-prozesuari malgutasuna ematearren, ezarri gabe utzi da zor-jaulkipenak bideratzeko tresna eta modalitate zehatzaren zehaztapena, bai eta finantza-baldintzen ezarpena ere, merkatuen egoera hobea izan eta horiek ezarri ahal izan arte.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2011ko otsailaren 8an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egingo dituela, eta zorpetze-eragiketak hitzartuko dituela, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, kasu bietan barruan zein kanpoan, gehienez mila ehun eta laurogeita zazpi milioi hirurehun eta bederatzi mila zazpiehun eta laurogeita hemeretzi (1.187.309.799) euroko baliokidea izango den zenbatekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legeak, 16. artikuluko 1. paragrafoan, Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.
Honako ezaugarri hauek izango dituzte dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketek:
Gehienezko zenbatekoa, guztira: 1.187.309.799 euro.
Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
Epea: gehienez 30 urte.
Jaulkitzeko modalitateak: horrela egin ahal izango dira eragiketak:
Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituko baloreak zirkulazioan jartzea eragiten badute, eurotan edo beste edozein dibisatan, eta edozein formatu eta egitura erabilita.
Mailegu edo krediturako beste edozein eragiketa-tipologiaren bidez.
Dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketetatik eratorritako baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.
Indarrean dauden arauei jarraituz, baimendu diren jaulkipenek Estatuaren Zor Publikoak dituen onura eta baldintza berberak izango dituzte.
Dekretu honen bitartez jaulkitako baloreak jaraunspenez do legatuz eskuratzen badira, beren arau erregulatzaileetan jasotako murriztapena izango dute dohaintza eta oinordetzen gaineko zergako zerga-oinarrian.
Aplikatu beharreko arau erregulatzaileak murriztapena aurreikusita ere, murriztapenaren ezaugarririk adierazten ez badu eta murriztapena egiteko eskubidea ematen duen zorpetze publikoaren jaulkipenaren baldintzetara jo beharra jasotzen badu, ehuneko laurogeita hamarrekoa izango da ehunekoa, baldin eta balore horiek kausatzailearen ondarean gutxienez urtebetez egon badira kausatzailea hil aurretik.
Dekretu honen arabera jaulkitako baloreak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuko Zor Publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokio, balore gisako zor publikoa jaulkiz gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko agindu bidez, dekretu honetan onetsitako zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehaztea, bai eta finantza-baldintzak eta, orobat, dekretu honetan eragiketei buruz aipatu ez diren gainerako ezaugarriak zehaztea ere, betiere dekretuaren aurreikuspenen barruan.
Finantzetako zuzendaria baimendu da dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko beharrezko kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, hala badagokio.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun beretik egongo da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko otsailaren 8an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.


