Euskadi.eus
  • 33/2011 DEKRETUA, 2011ko martxoaren 8koa, Ertzaintzaren langileen lan-baldintzak onartzen dituen abenduaren 27ko 438/2005 dekretua bigarrenez aldatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

33/2011 DEKRETUA, 2011ko martxoaren 8koa, Ertzaintzaren langileen lan-baldintzak onartzen dituen abenduaren 27ko 438/2005 dekretua bigarrenez aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 51
  • Hurrenkera-zk.: 1391
  • Xedapen-zk.: 33
  • Xedapen-data: 2011/03/08
  • Argitaratze-data: 2011/03/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herrizaingoa; Funtzio publikoa

Testu legala

Dekretu honen xedea da erditze, adopzio edo umea hartzeagatiko eta norberaren kontuetarako baimenak sartzea Ertzaintzako langileen esparruan. Baimen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziaziorako Mahai Orokorrak 2009ko azaroaren 18ko bileran hartutako akordioaren barruan daude, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2010eko urtarrilaren 19an onartu baitzuen.

Negoziaziorako Mahai Orokorraren akordio horretan, baimenak homogeneizatzea izenburua duen zazpigarren puntuan, erditze eta adopzio edo umea hartzeagatiko baimenen iraupen berriak ezarri ziren eta 2011ko urtarrilaren 1etik sortuko ditu ondorioak.

Mahai Orokorraren akordio horren zortzigarren puntuan norberaren kontuetarako baimena ezarri zen, bi fasetan aplikatu behar zena. Lehenengo fasea, hain zuzen, urtarrilaren 26ko 28/2010 Dekretuaren bidez (Otsailaren 1eko EHAA, 20. zk.) egin zen. Dekretu honen helburua da aipatu fase horietako bigarrena eta azkena betetzea, eta horretarako 2011ko urtarrilaren 1etik baimen horretaz gozatzeko denbora handitu da.

Negoziaziorako Mahai Orokorraren akordioak berak bi kasuetan aurreikusten du dagozkion Akordio eta Hitzarmenetan sartzeko beharra, edukia aplikatzean sor daitezkeen baldintzatzaileak nolanahi ere errespetatuz, izan ere dagozkien mahai sektorialen eremuan zehaztuko baitira.

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan aurreikusitako negoziazio-mahaian burututako negoziazio-prozeduraren ondoren, bi akordio lortu dira; hain zuzen, abenduaren 3an eta 14an egindako bileretan, baimen horiek Ertzaintzako langileen arloan sartzeko moduari buruzkoak.

Norberaren kontuetarako baimena konfiguratze aldera, erabakia hartu da Negoziaziorako Mahai Orokorraren akordioan baimena erabiltzeko aurreikusitako moduei lanorduetan baimenak baliatu ez izanagatik diru-konpentsaziorako aukera bat gehitzea; hain zuzen, zerbitzua egiteko benetako langile-kopuruaren murrizketa mugatzeko asmoarekin. Kontuan hartu behar da polizia-jarduerak duen berezitasuna, zeren segurtasun-arloan beharrak betetzea ezin baita atzeratu eta, gainerako sektoreetan gertatzen ez den bezala, ezinezkoa baita behar horiei erantzuna emateko aldi baterako langileak kontratatzea.

Aurreko guztiarengatik, Ertzaintzaren Kontseiluak emandako txostena ikusita, Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, eta 2011ko martxoaren 8an izandako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren, honakoa

  1. Aldatu egiten da abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuaren 35. artikuluaren 1. ataleko lehenengo paragrafoaren idazkera, honela geratuko dena:

    1. Erditze-kasuan, eteteak hemezortzi asteko iraupen etengabea izango du. Hemezortzi aste horiek, seme edo alabaren balioezintasuna egonez gero, bi aste gehiago luzatuko dira; erditze anizkoitza denean, bi aste gehiago luza daiteke bigarrenetik aurrerako seme-alaba bakoitzeko. Funtzionarioak aukeratuko du nola banatu lizentzia, baina umea egin eta berehala sei aste hartu beharko ditu. Ama hilez gero, aitak baimen osoa erabili ahal izango du edo, kasua zein, geratzen den baimen-zatia. Baimen horrek iraun bitartean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazioari Administrazioak duen funtzionarioari osagarria ordainduko dio, lansarien % 100 jaso dezan.

  2. Abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuaren 39. artikuluaren lehenengo paragrafoaren idazketa aldatu da, honen ordez: «sei urte arteko haurren adopzioei eta adopzio aurrekoak nahiz iraunkorrak diren harrerei dagokienez, lizentziak ondoz ondoko hamasei asteko baimena hartu ahal izango du. Gainera, adopzioa edo ume-hartzea anizkoitza bada, bi aste gehiago luza daiteke baimena seme-alaba bakoitzeko, bigarrenetik hasita. Egun horiek funtzionarioak nahi duenean hasiko dira kontatzen, dela harrerari buruzko administrazio-erabakia edo erabaki judiziala hartzen denean, dela adopzioa eratzeko ebazpen judiziala ematen denean»; hauxe jarri da: «Haurren adopzio edo harrera kasuetan, hala adoptatu aurreko harreran nola behin betiko harreran, betiere urtebetetik beherako iraupena badu, funtzionarioak eskubidea izango du etenik gabeko hemezortzi asteko baimena hartzeko. Haur bat baino gehiago adoptatuz gero, bigarrenetik aurrera adoptatutako haur bakoitzarengatik bi aste gehiago hartzeko aukera izango du; beti ere, funtzionarioak nahi duenetik zenbatzen hasita, dela administrazioaren nahiz epaitegiaren harrera-ebazpena ematen denetik aurrera, dela adopzioa eratzen duen epaitegiaren ebazpena ematen denetik aurrera».

  3. Aldatu egiten da abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuaren 39. artikuluaren 5. paragrafoa, honela geratuko dena:

    Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak aitortutako prestazioari Administrazioak adopzio edo harreragatik hartutako baimena duen funtzionarioari osagarria ordainduko dio, lansarien % 100 jaso dezan.

  4. Abenduaren 27ko 438/2005 Legeko 52. bis artikulua aldatu, eta honela idatzirik geratuko da:

    1. bis artikulua. Norberaren gauzetarako baimena.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio-mahai Orokorreko 2009ko azaroaren 18ko Akordioan ezarritakoaren arabera, norberaren gauzetarako baimena aitortu da. Baimen hori urteko lanalditik murriztuko da eta egun libreetan gozatu ahal izango da.

    2. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, urte natural bakoitzeko, sei lanaldi osoko baimenaz gozatzeko eskubidea aitortzen da, 45 ordutakoa izanik edo urteko 45 orduko lanaldiaren murrizketa izanik.

    3. Urteko lanaldia murriztu nahi duten langileek urtarrilean aukeratu beharko dute, dagokien Unitatean Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako eskabide-ereduaren bitartez.

      Epealdi horretan bajan dauden langileek, aldi baterako ezintasunagatik edo justifikatutako beste edozein arrazoirengatik, eskabidea aurkeztu ahalko dute lanpostura itzultzen direnetik hamabost eguneko epean.

    4. 2011ko ekitaldian langileek, horietako hiru egun baliatu beharrean, guztira 22 ordu eta 30 minutu baitira, jarraian ezarritako diru-konpentsazioa jasotzea aukeratu ahalko dute, urtarrilaren 1ean ezarritako kategoriaren arabera:

      Agentea: 540 euro.

      Agente lehena: 558 euro.

      Ofizialondokoa: 609 euro.

      Ofiziala: 671 euro.

      Komisarioondokoa: 761 euro.

      Komisarioa: 818 euro.

      Intendentea: 872 euro.

      Superintendentea: 983 euro.

      Langileek urtarrilean baliatu egin beharko dute aukera horretaz; hain zuzen, dagokien Unitatean aurkeztu beharko dute Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako eskabide-eredua. Salbuespen gisa, 2011n aukera horretaz baliatu nahi duten langileek hilabeteko epea izango dute Dekretu hau indarrean sartu ondoren.

      Epealdi horretan bajan dauden langileek, aldi baterako ezintasunagatik edo justifikatutako beste edozein arrazoirengatik, eskabidea aurkeztu ahalko dute lanpostura itzultzen direnetik hamabost eguneko epean, aukera horretaz baliatu nahi izanez gero.

      Aukera horretaz baliatzeak berekin ekarriko du norberaren kontuetarako hiru egunetik gorako baimena ezin hartzea, 22 ordu eta 30 minutu baitira.

    5. Baimen-egun horiek hartzeko eskubidea eta zerbitzuaren beharrak behar bezala betetzea bateragarriak izan daitezen, oporrak eskatzeko ezarritako epealdietan aurkeztu beharko dira eskabidea eta ebazpena, dagokien Unitatean Giza Baliabideen Zuzendaritzak ezarritako eskabide-ereduaren bitartez. Baimena maiatzaren 15a baino lehenago eskatuz gero, eskabideak gutxienez hamabost egun lehenago aurkeztu beharko dira eta horren ebazpena astebeteko epean eman beharko da.

      Epealdi horretan bajan dauden langileek, aldi baterako ezintasunagatik edo justifikatutako beste edozein arrazoirengatik, eskabidea aurkeztu ahalko dute lanpostura itzultzen direnetik hamabost eguneko epean.

    6. Aurreko puntuko lehenengo paragrafoan ezarritako epe orokorraren barruan baimena onartuko da oporrak onartu ondoren eta antzinatasunagatiko egunak onartu baino lehen egingo da.

      Eskabideak ebazteko aplikatzekoak izango dira Dekretu honen 30. artikuluaren bigarren ataleko zortzigarren puntuan ezarritako irizpideak. Dena den, lehentasuna izango dute premiazkoa eta geroraezina den norberaren arazo batengatik arrazoituta dauden eskabideek.

      Ondorio horietarako, premiazkotzat eta geroraezintzat jotzen dira norberaren kontu hauek:

      1. Egitatezko kasuaren jarraipena, lan-baldintzen Akordioaren 34.etik 41.era bitarteko artikuluetan bildutako lizentzietako bat amaitu eta gero.

      2. Lan-baldintzen Akordioaren 48. artikuluan aurreikusitako kasuak, horrek lanaldi osoan zehar lantokian ez egotea eragiten duen neurrian.

      3. Hirugarren edo laugarren mailako odolkidetasuna duen senide baten gaixotasun larria edo heriotza.

      4. Ofizialak ez diren ikasketa-zentroetan azterketak egitea.

      5. Herri Administrazioetan sartzeko hautaketa-prozesuetarako azterketetara joatea.

        Baldintza horiek betetzen ez direla ulertuko da abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1 eta 6an hartzea eskatu denean. Era berean ulertuko da bestelako gertakariak direnean, baldin eta gertakariaren barrutiko zentroko langileei baino zentro gehiagoko langileei egun librean deitu behar bazaie, deialdi horiek eraginpean hartutako zentro horietako langileei dagokienez.

        Adierazitako epealdi orokorretik kanpo egindako eskabideetan bakarrik jarri ahalko dira hartu gabe dauden egunak, betiere Unitateak emandako informazioaren arabera, eta, ehuneko erabilgarria kontuan harturik, zenbait kontzepturengatik lehenago ebatzi diren baimenen ondoren ebatziko dira.

        Baimen hau ematea ez da zerbitzurik gabeko egun librean pertsonalari deitzeko justifikazio-arrazoitzat hartuko.

    7. Baimena behin onartuz gero, hartuko diren egunak ezin izango dira aldatu. Dena den, ertzainak eskatuta, aldatu ahalko dira baldin eta premiazko eta geroraezina den norberaren kontu bategatik bada, aurreko atalean aipatutako irizpideen arabera.

      Egunak aldatzeko, eskabidean zehaztu egin beharko dira ordeztu eta onartu beharreko datak, baita aldaketa eragin duen inguruabarraren justifikazio nahikoa ere. Eskabide hori lau egunekoa baino txikiagoa ez den epe bat baino lehenago aurkeztu beharko da, hala ere, epe txikiago batean egindako eskabideak onartu beharko dira, baldin eta eragin duen arrazoiaren izaeragatik gertatu bada (adibidez: senidearen heriotza, presazko ospitalizazioa, ospitalizazioaren ustekabeko luzapena etab.).

    8. Baimen-egun horiek ondorengo urtekoei ezin izango zaizkie gaineratu.

    9. Urtea amaitu ondoren, benetako zerbitzuan aritu arren, baimen horretako egun guztiak baliatu ez dituzten langileak badaudela egiaztatuz gero, Herrizaingo Sailak dagokien diru-konpentsazioa emango die, gehienez hiru egunekoa (22 ordu eta 30 minutu).

      Diru-konpentsazio hori inola ere ezingo zaio eman hirugarren atalean aurreikusitako aukeraz baliatu den pertsonalari.

      Baliatu ez diren baimen-egunak hiru baino gehiago badira, gainerakoek zati proportzionalean urteko lanaldiaren murrizketa ekarriko dute, baldin eta urtea amaitu baino lehen ertzainak hurrengo urteko lehen hilean egunak hartzeko eskatu ez badu.

    10. Baimen hori aldez aurretik onartuta duen langileak data heltzen denean benetan ezin badu hartu, urteko lanaldiari ordu-kopuru bera murriztuko zaio, baldin eta urtea amaitu baino lehen ertzainak hurrengo urteko lehen hilean egunak hartzeko eskatu ez badu.

    11. Araudi honetan ezarritako baldintzen arabera, baimen hau aitortzearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziaziorako Mahai Orokorraren 2009ko azaroaren 18ko Akordioaren zortzigarren puntuan aurreikusitakoa betetzea, 2010eko urtarrilaren 19an egindako bileran Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartuta baitago.

Lehenengoa. Norberaren kontuetarako baimenaren diru-konpentsazioen luzapena.

Zerbitzuaren beharrak ikusita, ondorengo urteetan Herrizaingo Sailak erabakiko balu langileek baimen horren egun batzuk hartu beharrean diru-konpentsazioa aukeratu ahal izatea, hori jasotzeko baldintzak araudi honetan ezarritakoak izango lirateke.

Diru-konpentsazio horren zenbatekoak urtero negoziatuko dira eta, adostasunik ezean, une horretara arte daudenak aplikagarriak izango dira.

Bigarrena. Aplikatzeko arauen indarraldia.

Abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuak onartzen duen 2005., 2006. eta 2007. urteei dagokienez Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko akordioaren artikuluetan dauden gainontzeko aurreikuspenak isilbidez luzatu direla ulertu behar dugu, Dekretu honek adierazitakoari kontra egiten ez dioten bitartean.

Dekretu honetako aurreikuspenen eraginkortasuna 2011ko urtarrilaren 1era atzeratuko da.

Indargabeturik geratzen dira abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuak onartzen duen 2005., 2006. eta 2007. urteei dagokienez Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko akordioaren aurreikuspenak, baldin eta Dekretu honetako xedapenei kontra eginez gero.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun beretik izango du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 8an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.