- 71/2011 DEKRETUA, apirilaren 12koa; dekretu honen bidez neurri ekonomiko batzuk ezarri dira Ertzaintzako funtzionarioek euren zerbitzuko eginkizunetan seguruago jardun dezaten. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu71/2011 DEKRETUA, apirilaren 12koa; dekretu honen bidez neurri ekonomiko batzuk ezarri dira Ertzaintzako funtzionarioek euren zerbitzuko eginkizunetan seguruago jardun dezaten.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 77
- Hurrenkera-zk.: 2247
- Xedapen-zk.: 71
- Xedapen-data: 2011/04/12
- Argitaratze-data: 2011/04/20
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herrizaingoa; Funtzio publikoa
Testu legala
Ekainaren 11ko 131/2002, apirilaren 29ko 95/2003, maiatzaren 25eko 91/2004 eta apirilaren 19ko 96/2005 Dekretuen bidez, neurri ekonomikoak ezarri ziren, Ertzaintzako funtzionarioek zerbitzua ematean bete beharreko segurtasun-baldintzak indartu zirelako. Horrela, aparteko haborokinen araubide bat sortu zen, Ertzaintzako funtzionarioek lanaldi arruntetik kanpo ematen dituzten zerbitzuak ordaintzeko. Halaber, Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretuan xedatutakoaren arabera, produktibitate-osagarriaren emakida arautzea zuen helburu, norberarena baino kategoria edo eskala handiagoko lanpostuetan zerbitzu-eginkizunetan aritzeagatik aparteko jarduna ordaintzeko. Gainera, aurreko neurriak bezala zerbitzua ematerakoan segurtasun mailarik handiena lortzera bideratutako hainbat neurri osagarri ezarri zen.
2006ko ekitaldiari zegozkion arauek (ekainaren 13ko 123/2006 Dekretua), 2007ko ekitaldiari zegozkion arauek (martxoaren 27ko 55/2007 Dekretua), 2008ko ekitaldiari zegozkion arauek (martxoaren 4ko 38/2008 Dekretua) eta 2009ko ekitaldiari zegozkion arauek (martxoaren 24ko 68/2009 Dekretua) aparteko haborokinen araubidea mantendu zuten baina, aurrekoek ez bezala, ez zituzten jaso ez norberarena baino kategoria edo eskala handiagoko lanpostuetan zerbitzu-eginkizunetan aritzeagatiko produktibitate osagarria, ez istripuen aseguru-polizei dagozkien kapitalak berdintzeari buruzko aurreikuspena, gai biak sartuta zeudelako abenduaren 27ko 438/2005 Dekretuak onartzen zuen 2005., 2006. eta 2007. urteei dagokien Ertzaintzako langileen lan-baldintzak araupetzeko akordioan.
Ekainaren 29ko 167/2010 Dekretuan sartu ziren lehen aipatu Dekretuetako erregulazioei zegozkien aldaketak, hainbat gairen kudeaketa hobetzeko asmoz, besteak beste, aparteko haborokinak ordaintzeko erregimena eratzea eta egun librean deitzeko lehentasun-hurrenkera eta Miñoien ataleko langile guztiak sartzea horren aplikazio eremuan.
Lehen aipatu helburua lortzeko, 2011. urterako premien aurreikuspen eta analisiak bat datoz azaltzerakoan Ertzaintzako funtzionarioek lanaldi arruntetik kanpo ematen dituzten zerbitzuak ordaintzeko aparteko haborokinen araubidea mantentzea ezinbestekoa dela.
Negoziazio Mahaiak erabaki bezala, Dekretu honek balioak/orduak gehiagotzea aurreikusten du, beste ordutegi mota bat gehitzeaz gain, hauxe: jaieguneko gauean lan egitea.
Haborokinen bidez ordain daitezkeen aparteko zerbitzuen goreneko mugak ezabatu egin dira; izan ere, horrelako deiak egiteko beharra gutxituko dela aurreikusten da, Herrizaingo Sailak ezarritako antolamendu-neurriengatik.
Halaber, balen kontrako barneko txalekoak erosteko ordaina, aurreko Dekretuetan aurreikusita, ezabatu egin da, Ertzaintzaren Negoziazio Mahaian, 2010eko martxoaren 31n egindako bileran, sinatutako gai horren gaineko akordioa betetzeko neurriak arautu baitira.
Azkenik, xedapen gehigarriaren bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 74.1.b) artikuluaren lehenengo paragrafoan aurreikusitakoaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko 1998ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 21/1997 Legearen xedapen gehigarriaren hamabigarrenak hari ematen dion idazkeran, Ertzaintzako langileei aparteko haborokina ematea arautzen da, indarkeriaren zeinahi agerraldiren inguruan zuzeneko eta erabateko ekintza-lanak egiten badituzte, lan horiek betetzeko lanpostuari gehitutako nekagarritasun eta arriskuko baldintza bereziengatik. Gauzak horrela, emango diren haborokinen guztirako zenbatekoa ezin izango da izan dekretu honetan araututako haborokinak ordaintzeko adierazitako kopuruaren % 5 baino gehiago. Eragindako unitate edo haborokinaren helburuko eginbehar zehatzei dagokienez, xedapen horrek zehaztasun gehiago ez ekartzea, dagokien funtzionarioen segurtasun arrazoien eta garatu beharreko eginkizunen isilekotasunaren araberakoa da.
Hori dela bide, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legeko 103. artikuluan aipatutako Mahaian 2010eko azaroaren 25ean, eta abenduaren 3, 10 eta 14ko bileretan negoziatu ondoren, Ertzaintzako Kontseilua entzunik, Aholkularitzako Batzorde Juridikoaren arabera, Herrizaingoko sailburuak proposaturik eta Gobernu Kontseiluak 2011ko apirilaren 12ko bilkuran eztabaidatu eta onetsi eta gero, hauxe,
Dekretu honen helburua da aparteko haborokinak ordaintzeko erregimena eratzea. Haren bidez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legeko 74.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ertzaintzako funtzionarioek ohiko lanalditik kanpo (kasuan-kasuan ezarriko diren baldintzei lotuz) egiten dituzten zerbitzuengatiko ordainsariak emango dira. Haborokinok ez dute izango beti kopuru bera eta ez dira aldian-aldian ordainduko, eta berariazko osagarria zehazteko dedikazio berezia ponderatu den lanpostuetan ari direnek ezin izango dute jaso.
Gainera, dekretu honen bidez zenbait neurri osagarri ezarri dira ahalik eta segurtasun-baldintzarik onenetan lana egin dezaten.
Dekretu hau aplikatuko zaie jarduneko zerbitzuko eta bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioei, baita praktikaldiko funtzionario izendatutako langileei ere, Ertzaintzan sartzeko hautatze-prozesuan, praktika-aldia hasi eta gero.
Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako langileak dekretu honetako aurreikuspenetatik salbuetsiko dira, 4. artikuluko 1. paragrafoko b) letrak aipatzen duen kasuan izan ezik.
Dekretu honetan ezartzen diren aurreikuspenak 2011ko ekitaldian soilik egongo dira indarrean.
Aparteko zerbitzuak plangintza arruntetik kanpo ematen dira eta haborokin batez ordain daitezke; hauek dira:
Egun librean, zerbitzuaren premiek baldintzatutako egun librean edo stand-by egoeran, txandakako ordutegian edo ordutegi berezian dauden Herritarren Segurtasun eta Trafikoaren eremuko langileek edo ordutegi berezian dauden Babes eta Baliabide Operatiboen eremuko langileek emandako zerbitzuak dira, baldin eta lanaren berezko premiengatik edo lanetik sortutako premiengatik deitzen bazaie euren polizia-lan operatiboak betetzeko. Halakoetan, sei ordu arituko dira lanean, gutxienez. Gutxieneko iraupen hori ez da aplikatuko zerbitzuaren premiek baldintzatutako egun libreetako edo stand-by egoerako deietan.
Ordutegi malguko araubidean edo ordutegi normalizatuko araubidean dauden langileek atseden hartzeko duten egunean lan egiten dutenean, baldin eta Herritarren Segurtasuneko eremuko berezko polizia-lan operatiboak egiteko dei egiten bazaie, eta gainera, horretarako txandakako ordutegian dauden langileei egun librean dei egin behar bazaie, operatibo horiek irauten duten denbora osoan.
Ordutegi malguarekin ari diren langileek atsedenekoak behar luketen egunetan egiten dituzten zerbitzuak, hain zuzen ere ustekabeko gertakarietako polizi ekintzetarako deitzen zaienean egiten dituztenak. Gertakariak ustekabekoak izan direla AKZ-Ardatz Unitateak egiaztatuko du ziurtagiri baten bidez eta gertakariek irauten duten denbora guztia hartuko zaie kontuan.
Ordutegi malguko araubidean emandakoak, ordutegi mota horretako lan-baldintzak arautzen dituen indarreko Akordioaren 22. artikuluko 4. idatzi-zatian ezarritako bermeak urratuko diren denboran.
Aurreko zenbakian azaltzen den kasuan sortzen diren aparteko haborokinek baztertu egingo dute zerbitzu berberengatik beste edozein ordainketa-osagarri ematea.
Plangintza arruntetik kanpo emandako zerbitzua ez da inola ere izango zerbitzurik gabeko egunean, zerbitzuaren premietara baldintzatutako egun librean edo stand-by egoeran egiten den deialdia, beharrizan pertsonalengatik hartutako egun libreak berreskuratzeko asmoz. Kasu horretan, lan egindako orduak egun libre gisa hartutako egunak berreskuratzeko izango dira zuzenean.
Prestakuntzako jardueretara eta batzarretara joatean besteak beste, kasu bakoitzean aurreikusten den ordu-kopururako eskubidea egongo da soilik.
Dekretu honetan ezarritako erregimenari nahi duena atxiki ahal izango zaio; beraz, aplikatu ahal zaien funtzionarioek euren borondatez hautatu ahal izango dute hari heltzea edo oro har aurreikusitako lan-baldintzak arautzen dituen ordukako kalte-ordainen erregimenean jarraitzea.
Lanekotzat kontatutako denboraren eta urte amaiera arte bere taldearen plangintzan falta denaren artean 1.592 orduko urte-lanaldia gainditzen denean, egun libreko lan-deialdiagatik zerbitzuan diharduten langileek espres hautatu ahal izango dute, inprimaki egokia betez, 6. artikuluan jasotzen diren zenbatekoak kobratzea, eta hala egiten badute lan-deboraren kontaketa oro baztertuko da.
Salbuespen gisa, konpentsazio ekonomikoa hautatu ahal izango da aurreko paragrafoan jasotako urte-lanaldia beteta izatearen baldintza bete barik, baldin eta, hauteskunde-prozesuak edo bestelako gertakariak direla-eta, Ertzaintzaren Zuzendaritzaren proposamenez, gertakariaren barrutiko langileak baino zentro gehiagotakoak behar dituzten langileek egun librean egindako lan-deialdiaren ondorioz egindako lana bada.
Ez dira diruz ordainduko egun libreetan, zerbitzuaren premietara baldintzatutako egun librean edo stand-by egunean langileek, boluntarioak izan ala ez, emandako zerbitzuak, baldin eta zerbitzua eman baino aurreko hilean lanera agertu ez badira gaixotasun arruntagatik.
Lan-plangintza arruntaz kanpo egindako zerbitzuan haborokina eta orduak batera zenbatzerik ez dago, salbu 1.592 orduko urte-lanaldia benetan lortu eta gainditzen duen deialdia bada, halakoan urteko lanaldi hori iristeko falta diren orduak kontatuko baitira, eta gainerakoa dirutan konpentsa daiteke.
Ordainketa ordu osoka egingo da, edota ordu erdiko zatika, beti ere lanaldia luzatzen eta zerbitzurik gabeko egunetan lan egiten den kasuetan orduen kontrolari aplikatzen zaion arau orokorraren arabera kontatuz.
2011n, lanalditik kanpo egiten diren zerbitzuengatik aparteko haborokinen zenbatekoak, ondoko balio/orduen arabera kalkulatuko dira:
Kategoria Ordu arrunta Gaueko ordua Jaieguneko ordua Jaiegun gaueko ordua
Agentea 21 euro 23 euro 24 euro 25 euro
Agente 1.a 22 euro 24 euro 25 euro 26 euro
Ofizialordea 24 euro 26 euro 27 euro 28 euro
Ofiziala 26 euro 28 euro 29 euro 30 euro
Jaieguneko ordua larunbat, igande edo jaiegunean lan egindakoa da, egun horietako 06:00-07:00etatik biharamuneko 22:00-23:00etara. Jaieguneko gaueko ordua larunbat, igande edo jaiegunean lan egindakoa da, egun horietako 22:00-23:00etatik biharamuneko 06:00-07:00etara. Gaueko orduak dira 22:00-23:00etatik 06:00-07:00etara egindakoak, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik, eta ordu arruntak, gainerakoak.
Herrizaingo Sailak, 2011ko ekitaldirako, gehienez 4.000.000 euroko kreditua jarriko du ohiko lanalditik kanpo egiten diren zerbitzuengatik aparteko haborokinak ordaintzeko.
Zerbitzuaren premien arabera une bakoitzean egin behar diren lanak kontuan izanik, erabakiko da nolako langileei deitu behar zaien, bere kategoria eta zein unitatetakoak izan behar diren.
Herritarren Segurtasun alorreko Unitateetan, egun librean dauden langileei dei egin behar zaienean eta horiek herritarren segurtasuneko ataleko langileak izan behar badira eta zerbitzuaren premiak asetzeko, gainera, eremu funtzional ezberdineko unitate bateko langileei ere dei egin behar zaienean, ordena hau jarraituko da:
Txandakako ordutegi-araubidean diharduten Ikerketa eremuko langileak.
Ordutegi malguko araubidean dauden langileak.
Azkenik, ohiko ordutegiko araubidean dauden langileak.
Lan-baldintzak arautzen dituen akordioan ezarritako arauak aintzat hartuta, oro har, lehenengo deituko zaie egun librea planifikatuta duten lan-taldeko langileei, zenbatutako denboraren eta urte amaiera arte egindako plangintzaren bidez, ezarritako urteko lanaldia beteta ez badute, eta ordu gehien falta dituenaren arabera ordenatuko dira. Irizpide hori ez da aplikatuko langile horiek deitzeak ezarritako atseden-bermeren bat ez betetzea badakarkie.
Aurreko paragrafoan aurreikusitako baldintza bete eta gero, langile boluntarioei dei egingo zaie, eta deitu ere gainerakoen aurretik lehentasuna emanez eta ordutegi librean lan eginiko ordu-kopururik txikienetik handienerako ordena jarraituz. Ordutegi librean lan eginiko ordu-kopurua bera denean, urteko lanaldia betetzeko ordu gehien falta dituenari egingo zaio dei lehenengo edo, hori gaindituz gero, gutxien dituenari.
Stand-by edo zerbitzuaren premietara baldintzatutako egun libreko lanaldiak aurreikusten dituzten ordutegi erregimenetan, lanaldi mota horiek planifikatuta duten langileei deituko zaie lehentasunez, zerbitzu gabeko planifikazioa duen langilearen gainean eta, horien artean, aurreko paragrafoetan ezarritakoa izango da deitzeko ordena.
Langile boluntarioa izango da zerbitzuaren premiengatik egun librean deitua izateko prest dagoela bere unitatean esaten duen langilea soilik. Aukera hori eginez gero, ezin izango zaio uko egin Dekretu honen indarraldia iraun bitartean.
Zerbitzurik gabeko, stand-by edo zerbitzuaren premietara baldintzatutako egun libreko boluntarioak ez diren langileak deitutako egoera horietan lan egindako ordu-kopuruaren alderantzizko ordenan izango dira deituak.
Azaroaren 1etik aurrera, aurreko paragrafoetan ezarritako ordenaren aurretik egongo dira premia pertsonalengatik hartutako egun libreak berreskuratu behar dituzten langileak. Langile horiei, lan eginiko denbora orduz ordu zenbatuko zaie.
Aurreko paragrafoetan ezarritakoaren arabera egin beharreko deialdi kasuetan, lanaldien artean atseden hartzeko bermea haustea badakar edo elkarren segidako zortzi egunetan lanera agertzea behartzen badu eta aipatu gorabeherak batzen ez dituzten funtzionarioak egonez gero, horiei deituko zaie, ezarritako ordenaren arabera.
Lan-baldintzen Akordioaren 20. artikuluan araututako herritarren segurtasuneko txanden ordutegi-araubidean, asteburuan deitzeak laneko bi asteen artean atseden hartzeko berrogeita zortzi ordu jarraian hartzea bermatzen ez badie, arratsaldeko astean dauden taldeko langileei deituko zaie azken ordenan eta horren barneko lehentasun-ordena, beharrezkoa izanez gero, ezarritakoa izango da, oro har. Irizpide hori ez da aplikatuko baldin eta zerbitzua igandeko arratsalde-gaueko ordutegian eman behar bada, langile horiek izango baitira zerbitzua eman behar dutenak, lehentasunez.
Aparteko kasuetan eta Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legeko 74.1.b) artikuluan eta Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretuko 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Segurtasuneko sailburuordeak Ertzaintzako langileei aparteko zerbitzuengatik haborokinak ematea erabaki ahal izango du, hain zuzen ere indarkeriaren zeinahi agerraldiren inguruan ekintza-lanak egiten dituzten langileei.
Horren zioz ematen diren haborokinen guztirako zenbatekoa inolaz ere ezin izango da dekretu honetako 7. artikuluan adierazitako kopuruaren % 5 baino gehiago.
Dekretu honetako aurreikuspenek 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute eragina, 5. eta 8. artikuluen laugarren atala izan ezik, izan ere indarrean sartzen denetik egingo diren deiei aplikatuko baitzaie.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko apirilaren 12an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Herrizaingoko sailburua,
RODOLFO ARES TABOADA.


