- 78/2011 DEKRETUA, apirilaren 12koa, Aiarako Kexaako eraikin-multzoa (Araba), monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen Dekretua aldatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu78/2011 DEKRETUA, apirilaren 12koa, Aiarako Kexaako eraikin-multzoa (Araba), monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen Dekretua aldatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 79
- Hurrenkera-zk.: 2327
- Xedapen-zk.: 78
- Xedapen-data: 2011/04/12
- Argitaratze-data: 2011/04/27
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Eta aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2009ko abenduaren 23ko Ebazpenaren bidez (2010eko martxoaren 15eko EHAA, 50. zk.), Aiarako Kexaako eraikin-multzoa (Araba), monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen otsailaren 26ko 53/2002 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea ireki zen.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Luis Sánchez Tabernero jaunak, San Sebastiáneko Santo Domingo Monasterioaren izenean jada ez dagoen Kexaako San Joan Bataiatzailearen Monasterioaren oinordekoa dena, alegazio-idazki bat aurkeztu zuen.
Luis Sánchez Tabernerok dio espedientean falta dela 53/2002 Dekretuaren aldaketaren legezkotasuna eta egokitasuna egiazta ditzakeen txosten juridikoa; ondasun higigarri jakin batzuk ez direla monumentu-multzotik banaezinak; 7/1990 Legean aurreikusitako araubidea ezin dela aplikatu, ezta behin-behinean ere, 2010eko urtarrilaren 27ko Ebazpenaren bidez monumentu-multzotik bereizitako ondasunei (Ebazpen horrek baimena eman zuen ondasunak behin-behinean Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan biltegiratzeko); ez dela aintzat hartu ondasun batzuek dituzten erlijio-helburuen bereizgarritasuna, eta Adatsaren Ama Birjinaren erlikia-ontzia egunero gurtzen den ondasuna denez, salbuespenez monasterioan egon beharko lukeela, monasterioko moja domingotarrik bertan bizitzen geratzen den bitartean.
Alegazioen balorazioa:
Dekretuaren aldaketa abiaraztea zuzenbidearekin bat ez datorrela dioen alegazioa dela eta, esan beharra dago ezen, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen hirugarren artikuluaren arabera, herri-agintariek euskal kultur ondareak betiere bere osoan iraun dezan arduratu behar dutela. Laugarren artikuluak, gainera, foru aldundiak aipatzen ditu legearen aldetik eskumena duten erakunde gisa, eta herri-administrazio guztiei ezartzen die elkarlanean jarduteko obligazioa, haien funtzio eta eskumenak erabiliz kultur ondarea babesteko, elkarren arteko lankidetza estuan, elkarrenganako laguntzan eta kooperazioan. Kasu honetan, aldaketa-espedientea abiarazteko prozedura, jatorriz, Arabako Foru Aldundiaren jarduketa batekin hasi zen, arestian aipaturiko xedapen horiekin oso-osorik bat datorrena; alegia, Aldundiak «monumentu-multzoak gordetzen dituen ondasun higigarrien babesak hutsuneak» zituela zioen idazkian, bai eta «monumentu-multzotik bereizi ezin diren kultur ondasunak» direla.
2009ko abenduaren 23ko Ebazpenaren eranskineko 1. ataleko 1., 10., 11., 12., 13. eta 14. zenbakietan aipatzen diren ondasunei banaezintasuna ezin aplikatuzkoa dela dioen alegazioari dagokionez, esan behar da ezen, Kode Zibilaren 334. artikuluaren argitan, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legea aplikagarria dela, dagokion alorreko legedi espezifikoaz ari garelako.
Bestalde, 2010eko urtarrilaren 27ko Ebazpenaren bidez monumentu-multzotik bereizitako ondasunak direla eta, alegazio-egileak dio ezin zaiela 7/1990 Legean aurreikusitako babes-araubidea aplikatu, ezta behin-behinean ere, eta legezko jabeei lehenbailehen itzultzeko eskatzen du. Horri dagokionez, esan behar da ezen, aipatutako ebazpenean bertan esaten denez, aplikagarriak direla 7/1990 Legearen 37.2 eta 39.2 artikuluak: lehenengoak dioenez, higiezin baten kalifikazio-dekretuan higiezinetik ezin bananduzkotzat jotzen diren ondasun higigarriak higiezin horren mendean egongo dira, salbu eta, aparteko kasuetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak banatzea baimentzen badu, kasu honetan gertatu den moduan, eta banatzea zein arrazoitan funtsatzen den azaldu beharko da. Bigarren artikuluak ahalmena ematen die foru aldundiei sailkatutako ondasun higiezinak behin-behinean biltegiratzeko, baldin eta haien jatorrizko gordelekuak ez baditu betetzen behar bezalako kontserbazio-baldintzak. 2010eko urtarrilaren 27ko Ebazpenaren arabera, banatzea baimentzearen helburua da Kexaako Eraikin Multzoari atxikitako ondasun higigarrien babesa eta kontserbazioa bermatuko duten segurtasun-baldintzak ezartzea. Beraz, ez litzateke komenigarria izango Adatsaren Ama Birjinaren erlikia-ontzia monasteriora itzultzea, egunero gurtzen delako arrazoituz, alegazioetan eskatzen den moduan, toki horretan ez bada segurtasuna bermatzen.
Hori guztia kontuan hartuta, aurkeztu diren alegazioak ezestea proposatzen da.
Ondorioz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kulturako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2011ko apirilaren 12ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Lehenengoa. Kultura Sailak Dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. eta 37.2 artikuluetan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, interesdunei eta honako erakunde hauei jakinarazi: Kexaako udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Toki Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
Bigarrena. Kultura Sailak eskaera egingo dio Kexaako udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan monumenturen babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.
Hirugarrena. Argitara dadila Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.
Monumentu-multzoaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.
Lehenengoa. Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena. Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko apirilaren 12an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
1. ATALA
Kexaako Monumentu Multzoko Ondasun Higigarrien Zerrenda
Ondasun higigarriak Kokapena
Adatseko Ama Birjinaren erlikia-ontzi originala
Kexaako museoa
Ayala kantzelariaren eta Leonor Guzman anderearen hilobia
Adatseko Ama Birjinaren kapera
Fernan Perez Ayala jaunaren eskultura etzana
Adatseko Ama Birjinaren kapera
Elvira Ceballos anderearen eskultura etzana
Adatseko Ama Birjinaren kapera
Adatseko Ama Birjinaren erretaularen eta aurrealdearen kopia
Adatseko Ama Birjinaren kapera
Kapera eraiki izanaren oroitarria
Adatseko Ama Birjinaren kapera
Fernan Perez Ayala jaunaren eskultura etzana
San Juan Bataiatzailearen parrokia
Maria de Sarmiento anderearen eskultura etzana
San Juan Bataiatzailearen parrokia
San Juan Bataiatzailearen parrokiako ondasun higigarriak: San Juan Bataiatzailearen parrokia
Erretaula Nagusia
Arrosarioko Andre Mariaren erretaula
Santa Katalina Sienakoaren erretaula
Santo Domingo Guzmanen erretaula
San Joseren erretaula
Pulpitua eta bere sabaia
Kristo Gurutziltzatuaren taila
Kexaako komentuaren artxibo dokumentala
San Juan Bataiatzailearen parrokia
San Juan Bataiatzailearen taila
Kexaako museoa
Kristo Gurutziltzatuaren taila: «Kristo marinela»
Kexaako museoa
Veneziar kopoia
Kexaako museoa
Beste elementu batzuk: Kexaako museoa
Gurutzea, nakarrezko inkrustazioak dituena
Epifania
Ama Birjinaren bi irudi, marfilezkoak
2. ATALA
Kexaako Monumentu Multzoko Ondasun Higigarrien Deskribaketa
Adatseko Ama Birjinaren erlikia-ontzi originala.
Kokapena: Kexaako museoa.
mendearen lehen erdialdeko erlikia-ontzia. Urre eta zilar urreztatuz eta xehetasun handiz egina, piramide zulatuan errematatutako kapera itxi bat da, eta zabaldutakoan Ama Birjinaren eskulturatxoa agertzen da, buruan erlikia-ontzi bat daramala. Bere inguruan sortu zen Adatseko Ama Birjinaren kapera, eta estu-estu dago lotua Komentuaren historiarekin.
Ayala kantzelariaren (Pedro Lopez Ayala) eta Leonor Guzman anderearen hilobia.
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren Kaperaren nabea (Kantzelariaren Dorrea). Erdialdea.
Hilobi bikoitza, gotikoa, alabastrozkoa, XIV. mendearen bukaera eta XV.aren hasierakoa. Lau hostoz eta hamabi lehoiz apaindutako basamentua du, eta haren gainean Kantzelariaren eta bere emaztearen irudiak daude, oinetan zakur etzanak dituztela. Kantzelariak militar-jantziak daramatza, haien gainean botoiz lotutako aljuba, eta esku-babesek estalitako eskuez eusten dio ezpatari. Emazteak, gaztelar mantua eta gona nasaia soinean, ilea buru-estalki batek ezkutatuta darama, eta ezkerreko eskuaz otoitz-orduen liburu bati eusten dio. Antza, Toledoko Ferrand Gonzalesen tailerrak egindako lana da.
Fernan Perez de Ayala jaunaren estatua etzana (Kantzelariaren aita).
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kapera (Kantzelariaren Dorrea). Kaperaren ezkerraldeko horma-hilobia.
Mukulu gotiko etzana, alabastrozkoa, XIV. mendearen bukaera eta XV.aren hasierakoa. Tunika luzea darama, eskularruak jantzitako eskuek ezpatari eusten diote, eta oinetan zakur bat agertzen da, etzanda. Antza, Toledoko Ferrand Gonzalesen tailerrak egindako lana da. Estatua hau, bere emaztearenarekin batera, komentuaren kapera nagusian zegoen hilobi bikoitz bakar baten parte zen, eta XVIII. mendean ekarri zuten kapera honetara.
Elvira de Ceballos anderearen eskultura etzana (Kantzelariaren ama).
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kapera (Kantzelariaren Dorrea). Kaperaren eskuinaldeko horma-hilobia.
Mukulu gotiko etzana, alabastrozkoa, XIV. mendearen bukaera eta XV.aren hasierakoa. Mantu luzea darama, ezkerreko eskuan otoitz-liburua eta eskuinekoan lepokoa. Oinetan idazkun bat dago, letra gotikoez egina. Antza, Toledoko Ferrand Gonzalesen tailerrak egindako lana da. Estatua hau, bere senarrarenarekin batera, komentuaren kapera nagusian zegoen hilobi bikoitz bakar baten parte zen, eta XVIII. mendean ekarri zuten kapera honetara.
Adatseko Ama Birjinaren erretaularen eta aurrealdearen kopia.
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kaperako nabea (Kantzelariaren dorrea). Kaperaren burualdea.
Originalaren kopia, Cristobal y Gonzalez de Quesadak 1959an egina. Originala, XIV. mendeko gotiko linealaren adibide bikaina, 1913an saldu zen eta Chicagoko Arte Museoan dago.
Pedro Lopez de Ayalak agindu zuen erretaula egiteko, Adatseko Ama Birjinaren erlikia-ontzia markoztatzearren. Pinturak arkutxo gotikoen barruko eszenetan daude, bi zerrendatan ordenaturik. Erdialdean, Kristo Gurutziltzatua dago, eta behealdean izarrez eta aingeruz errematatutako marko arkitektonikoa, garai batean Adatseko Ama Birjinaren erlikia-ontziaren hondoa zena. Antzeko ezaugarriak dituen Aurrealdean, antzeko ezaugarrian dituenean, Artzainen Deikundea, Jaiotza eta Erregeen Gurtzea ageri dira.
Kapera eraiki izanaren oroitarria.
Kokapena: Adatseko Ama Birjinaren kapera (Kantzelariaren Dorrea). Kaperaren oinetan, koruaren azpian.
Alabastrozko oroitarria idazkun gotikoaz, Pedro Lopez Ayala jaunak eta Leonor Guzman andereak 1399an kapera sortu zutela oroitzeko.
Fernan Perez Ayala jaunaren estatua etzana (Kantzelariaren semea).
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabearen eskuinaldeko horma-hilobia.
mendearen lehen erdialdeko hilobi gotikoa. Mahuka irekiko mantu zabal bat darama, lepoko fina eta durbante moriskoa. Basamentua apaindurik dago Ayalatarren eta Sarmientotarren armarriekin. Oheak idazkun bat darama. Eskultura honek, emaztearenarekin batera, hilobi bakar bat osatzen zuen, eta elizaren beheko korutik hurbil zegoen.
Maria Sarmiento anderearen eskultura etzana (Fernan Perez Ayala jaunaren emaztea).
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabearen ezkerraldeko horma-hilobia.
mendearen lehen erdialdeko hilobi gotikoa. Fintasun handiz landutako jantzi aberatsak daramatza damak. Basamentua apaindurik dago Ayalatarren eta Sarmientotarren armarriekin. Oheak idazkun bat darama. Eskultura honek, senarrenarekin batera, hilobi bakar bat osatzen zuen, eta elizaren beheko korutik hurbil zegoen.
San Juan Bataiatzailearen parrokiako ondasun higigarriak.
Erretaula Nagusia.
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Elizaren Presbiterioan.
mendearen bukaerako oskol-erretaula barrokoa. Bankua, gorputza eta oskola ditu, eta hiru kaletan banatzen da. Bankuan, erdiko kalean, sagrario-ekisaindua dago. Alboetako kaleetan, Andre Mariaren erliebeak ageri dira. Erretaularen gorputzean, erdiko kalean, San Juanen taila dago, eta alboetan, San Antonioren eta San Vicente Ferrerren irudiak. Oskolaren erdialdean idibegi irekia dago, eta, alboetan, landare-motibo, erroleo eta abarren apaingarri ugari. Euskarriak zutabe salomondarrak dira, oso apainduak. Mazoneria guztia ongi urreztatuta dago.
Arrosarioko Andre Mariaren erretaula.
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabean, ezkerraldean.
mendearen bukaerako erretaula barrokoa. Bankua, gorputza eta atikoa ditu. Zutabe salomondarrez markoztatutako erdiko hobian Arrosarioko Andre Mariaren irudia dago, Madrildik ekarria 1740an.
Santa Katalina Sienakoaren erretaula.
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabean, eskuinaldean.
mendearen erdialdeko erretaula rococoa, bankua, gorputza eta atikoa dituena eta hiru kaletan banaturik. Erdiko hobian Santa Katalinaren taila dago, eta atikoan Kristo Gurutziltzatuaren irudi errenazentista. Euskarriak zutabeak dira, ertzetan arrokaiaz eta pilastraz apaindurik.
Santo Domingo de Guzmanen erretaula.
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen parrokia. Nabean, eskuinaldean.
mendearen bukaerako erretaula barrokoa, Arrosarioko Andra Mariaren antzekoa, banku, gorputz eta atikoa dituena. Zutabe salomondarrez markoztatutako erdiko hobian Santo Domingoren irudia dago, Madrildik ekarria 1739an.
San Joseren erretaula.
Kokapena: Nabean, eskuinaldean.
mendearen bukaera eta XVIII.aren hasierako erretaula, 1725ean amaitua, banku, gorputz eta atikoa dituena. Hobian, lau zutabe salomondarren artean, San Joseren irudia dago. Lau zutabe salomondarren arteko hobian dago San Joseren irudia.
Pulpitua eta bere sabaia.
Kokapena: Nabean, ezkerraldean.
Pulpitu barrokoa, burdina forjatuzkoa, kopa batez errematatutako sabaia duena, eta haren gainean San Vicente Ferrerren irudia.
Kristo Gurutziltzatua.
Kokapena: Goiko korua.
Kristo Gurutziltzatuaren taila, XVI. mendekoa, tamaina naturalekoa, ongi egindako anatomia duena. Garbitasun-oihal urreztatua du, izur horizontal finekin eta ezkerrean korapiloarekin.
Kexaako Monasterioaren artxibo dokumentala.
Kokapena: San Juan Bataiatzailearen komentua.
Kexaako Monasterioarekin zerikusia duten dokumentu-multzoa. Artxibo dokumental hau ezinbestekoa da Monumentu Multzoa aztertu eta ikertzeko.
San Juan Bataiatzailearen taila.
Kokapena: Kexaako museoa.
San Juan Bataiatzailearen irudia, gotiko berantiarrekoa, gamelu-larruz jantzia eta ezkerreko eskuan ardiaren medailoia duela. Hasiera batean elizaren burualdean zegoen.
Kristo Gurutziltzatuaren taila: «Kristo marinela».
Kokapena: Kexaako museoa.
mendeko eskultura, hiru iltzeduna, anatomia nabarmenekoa eta garbitasun-oihala alde banatan zintzilik duela.
Veneziar kopoia.
Kokapena: Kexaako museoa.
edo XV. mendeko kopa, zilar urreztatuz egina, oktogonala eta piramide-formako taparekin. Oina lobulu askokoa da, eta lau aldeetan lau ebanjelistak ditu, bizantziar ikonografiak. Begian sei medailoi ditu eta dekorazio ugari, edalontzian eta estalkian agatazko xaflak, perlak, beriloak, kornalinak, granateak eta turkesak.
Beste elementu batzuk.
Gurutzea, nakarrezko inkrustazioak dituena.
Kokapena: Kexaako museoa.
Gurutzea oinazpikoarekin eta nakarrezko inkrustazioekin, XVIII. mendekoa. Kristo Gurutziltzatua, San Frantzisko, San Antonio Paduakoa, Oinazetako Ama eta Epifania ageri dira.
Epifania.
Kokapena: Kexaako museoa.
mendeko taula-pintura. Eragin flamenkoa du, Ama Birjina agertzen da, Haurra besoetan, eta haren atzean San Jose eta hiru erregeak: Meltxor belauniko eta Gaspar eta Baltasar, opariak eskuan, hurbiltzen. Harkaitzarte bat da ikusten da hondoan.
Ama Birjinaren bi irudi, marfilezkoak.
Kokapena: Kexaako museoa.
Ama Birjinaren bi iruditxo barroko, ziur asko ekialdekoak (eskola hispano-filipinarra). Bietan Ama Birjinak ilea solte darama, eta oinetan ilargia. Haurrak munduaren esfera dauka eskuetan.
3. ATALA
Babes Erregimena
Honako Babes Erregimen hau Kexaako eraikin-multzoa sailkatutako monumentu-multzo izendatzeko deklarazioaren zati bat da, eta erregimen honen arabera egingo dira kontserbazio-lanak edo jarduerak eraikin-multzo horretako ondasun higigarrietan.
Babes-erregimen honen preskripzioak eranskin honetan zerrendatu eta deskribatutako ondasun higigarri guztiei ezarriko zaizkie.
Honako testu honetan Kexaako eraikin-multzoari lotuta dauden eta handik bereiztezinak diren ondasun higigarriak babesteko bete beharreko baldintza orokorrak zehaztuko dira.
Babes-erregimenaren zehaztapenak nahitaez bete beharrekoak izango dira ondasun higigarrien gaineko jarduera guztietan, eta uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.1 artikuluak dioenari jarraituz zaindu beharko dira.
Eranskin honen lehen atalean zerrendatutako ondasun higigarriak ezin dira bereizi Kexaako eraikin-multzotik, eta salbuespen batengatik bereiztekotan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak arrazoituz eman beharko du horretarako baimena, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 37.2 artikuluak dioenez.
Hori errespetatuz, Arabako Foru Aldundiak agindu ahal izango du ondasunak beste norabait eramatea behin-behingoz, kokapen originalak beharrezko baldintzak betetzen ez dituen artean, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 39.2 artikuluak dioenez.
Ondasun higigarrietako bat edo batzuk lekuz aldatu eta erakusgai jartzeko eskabidea egin ahal izango da, baldin eta beharrezko neurriak hartzen badira zainketa, lekualdaketa eta erakusketa egokiak izan daitezen, batere hondatu gabe. Dena dela, Arabako Foru Aldundiak eman beharko du lekuz aldatzeko baimena.
Nolanahi ere, ondasuna betiko tokitik kanpo dagoen bitartean, ziurtatuko da gordetzen den tokian kontserbatzeko baldintza guztiak betetzen direla. Horren froga Arabako Foru Aldundian erakutsi beharko da.
Aipatutako ondasun higigarriak osorik kontserbatu beharko dira, eta jabeen eta eskubide errealen titularren eta edukitzaileen betebeharra izango da haiek kontserbatzea, zaintzea eta babestea, bai eta ez galtzea, hondatzea edo suntsitzea ere.
Aipatutako ondasun higigarriak ezingo dira aldatu, konpondu edo zaharberritu Arabako Foru Aldundiak aurrez baimena eman gabe, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 38.1 artikuluak dioenez.
Ondasunaren gainean egindako jarduera zuzen edo zeharkako guztien xedea izango da hura osorik kontserbatzea. Jarduera zuzenen aurretik dago badaezpadako kontserbazioa, eta beharrezko baldintzak jarriko dira aldaketarik ez gertatzeko eta gehiago ez hondatzeko. Higigarriaren gainean zerbait egitekotan, kontserbatzeak eskatzen duena baino ez da izango, edo, egoerak hala eskatzen duenean, ondasuna ulertzeko eta eskualdatzeko ezinbestekoa dena.
Ezinbestekoak diren jarduerak baino ez dira burutuko, elementuaren ezaugarriak errespetatuko dira eta tratamendu sakonegiak baztertzekoak izango dira, bai eta irudimena gehiegi erabiltzeko edo interpretazio bitxiak emateko joerak ere. Ondasunaren historikotasuna ere zainduko da. Ondasunean burutzen diren jarduera zuzen guztiak adituek nabaritzeko modukoak izango dira, elkarrekin bateragarriak eta egonkorrak, eta posible izango da egindakoa deuseztatzea.
Jarduera zuzenak burutu ahal izateko beharrezkoa izango da Foru Aldundi eskudunaren baimena eskuratzea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 38.1 artikuluak aginduta.
Jarduera zuzenen bat burutu aurretik, jardueren egitasmo teknikoa egingo da, arlo horretan adituak diren profesionalek egina. Jardueren egitasmo teknikoan honako hauek sartuko dira:
Diagnostikorako ikerketa, eta horren barruan elementuaren dokumentazio fotografiko eta planimetrikoa, ikerketa historiko eta artistikoa, eta kontserbazio-egoeraren azterketa eta diagnostikoa, patologiak eta kalteen jatorriak ere azalduta.
Jarduera-egitasmoaren barruan sartuko da jarduera-proposamena. Horretan adieraziko dira egin beharreko lanak, erabiliko diren materialak eta teknikak, jardueraren balorazio justifikatua eta jardueraren kronograma, egitasmoa betetzeko aldiak eta epeak deskribatuko dituena.
Lanak bukatu eta gero, egindakoaren txostena egingo da, horren berri dokumentuetan jasota uzteko. Txostenean ondorengoa adieraziko da:
Lanen arduradunen izenak eta lanak egin diren datak.
Ondasunaren deskribapena: nola zegoen ezer egin aurretik eta zein elementu aldatu diren.
Kontserbatzeko erabilitako tratamenduaren edo metodoaren justifikazioa, erabilitako materialak aipatuta.
Ondasunaren egoerari buruzko azken ebaluazioa, zuzendu ahal diren arriskuak eta baldintza desegokiak aipatuta, horrelakorik egotekotan, eta kontserbatzeko teknikak eta baliabideak azalduta.
Jarduera-txosten hori Arabako Foru Aldundiko Kultura Zerbitzuetara bidaliko da, bai eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzara ere.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 24. artikuluan dioenez, lehen ataleko elementuen jabeek, edukitzaileek eta gainontzeko eskubide errealen titularrek lege hori aplikatzeko ezinbestekoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei.
Era berean, aurreko puntuan aipatutakoek utziko diete agintariei elementuak ikusten, azken horiek aldez aurretik baimena eskatuz gero eta ondasunak ikuskatzea egoki izanez gero. Era berean, ikertzaileei ere utziko diete elementuak aztertzen, Arabako Foru Aldunditik jasotako baimena erakutsirik.
Elementu horiek bisitariei erakusteko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 24.3 artikuluari jarraituko zaio. Administrazioak ondasunen bat gordailuan jasotzen duen bakoitzean, jendaurrean erakusteko eskubidea ere jasoko du, esandako legearen 40.2 artikuluak dioenez.
Elementu hauek saldu nahi dituenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko dio asmo hori, jakinarazpena frogatzeko balio duen moduren batean eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 25. artikuluan eskatutakoa beteta. Artikulu horrek baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari ondasuna lehentasunez erosteko edo, kasua bada, atzera eskuratzeko.
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluaren arabera, elementu hauek erabiltzeko edozein modu onartuko da, kontserbatzeko baldintzak bermatuz gero.
ç


