- 99/2011 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Vitoria-Gasteizko (Araba) Santa Maria kaleko 5eko higiezina desafektatzea erabakitzen duena. Higiezin hori abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren eraginpean dago, hau da, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den Dekretuaren eraginpean. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu99/2011 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, Vitoria-Gasteizko (Araba) Santa Maria kaleko 5eko higiezina desafektatzea erabakitzen duena. Higiezin hori abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren eraginpean dago, hau da, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den Dekretuaren eraginpean.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 98
- Hurrenkera-zk.: 2776
- Xedapen-zk.: 99
- Xedapen-data: 2011/05/17
- Argitaratze-data: 2011/05/25
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ogasun; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak
Testu legala
Vitoria-Gasteizko Santa Maria kaleko 5eko higiezina abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuan oinarrizko babesarekin sartuta dago, alegia, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den Dekretuan (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.).
Uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultura Ondarearen Legeak (abuztuaren 6ko EHAA, 157. zk.) bere 36. artikuluan dio galarazita dagoela sailkatutako edo inbentariatutako kultura-ondasunak eraistea, aurrez aurri-deklarazioa eta tokian tokiko foru aldundiaren baimen berariazkoa eskuratu gabe, eta beharrezkoa dela, gainera, desafektazioaren gaineko Eusko Jaurlaritzaren aldez aurretiko baimena.
Lege hori garatzeko, azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen: «Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko Dekretua» (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).
Vitoria-Gasteizko Udalak bidezko desafektazio-espedientea hasteko jabeen eskaera bidali zuen Euskal Kultura Ondarearen Zentrora, lehen aipaturiko 306/1998 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.
Higiezin hori oinarrizko babesa duen elementutzat jotzen du abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuak, alegia, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko denak (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.).
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuaren 2010eko uztailaren 16ko Ebazpenaren bidez (abuztuaren 18ko EHAA, 158. zk.), hasiera eman zitzaion Vitoria-Gasteizko Santa Maria kaleko 5ean dagoen higiezina desafektatzeko espedienteari, eta jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapideei.
Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Luis Querejeta Altuna jaunak alegazio-idazki bat aurkeztu du «Proyecto 1983 SLU» sozietatearen izenean eta ordez.
Alegazio-egileak eskatzen du argitu dadila ezen «lehendik zeuden» eraikinen lursaila eta teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerak mantentzeak esan nahi duela geroko jarduketa guztietan nahitaez errespetatu beharko direla gaur egungo lursaila eta teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerak.
Alegazioak planteatzen duen auzia, azken batean, eraikinaren altueran eta beraren egokitasunean edo desegokitasunean datza.
Kultur ondarearen alorrean, altuera kalkulatzeko, benetan dagoen bolumetria zehatzaren erreferentzia erabiltzen da. Babesturiko bolumetria hori fatxada-planoek eta estalki-planoak definiturikoa da. Dagokigun kasuan, nola babestutako bolumena jada eraitsi den, ez dago zuzenean benetako erreferentzia zehatza neurtzeko aukerarik; hortaz, geratzen den bide bakarra da espedienteko planoak erabiltzea neurketak egiteko, zehazki 9. Dokumentuko 3 zenbakiko planoa gaur egungo egoera eta 13. Dokumentuko 5 zenbakiko planoa -berreraikitzea.
Bada, plano horien arabera neurturiko bolumenaren altuera 12,75 metrokoa da lehendikako bolumenari dagokionez, alegia, plano bietan behealdean grafiatutako eraikinaren abiapuntutik (543,01 metro) hasi eta fatxadak teilatuko isurkiarekin bat egiten duen punturaino neurtuta. Bestalde, berreraikitako bolumenari dagokionez, modu berean egindako neurketaren emaitza 13,50 metro da. Beraz, bi neurketaren arteko diferentzia 0,75 metro da.
Oinarrizko babesaren eremuan, kultura-ondarearen babesa ez dago hain lotuta lehendikako parametro kuantitatiboari, ezpada ere tipologia eta ingurumen aldeko balioei buruzko alderdi kualitatiboari.
Halaxe da. Honelako balioez ari garenean, bi alderdi balioesten dira nagusiki: batetik, bai arkitekturaren bai hiri-zati horren barne-egitura eratzaile komunari eustea, eta bestetik, hiri-egitura horrek toki jakin horretan sortu duen irudi zehatza.
Lehendikako bolumenaren irudi zehatza dela-eta, ingurumen-balioa sortzen duen irudia alegia, hainbat argazki jasotzen dira espedientean. Argazki horiek eraberritutakoaren aldean dauden diferentziak erakusten dituzte, eta salatzen dute, halaber, eraikitakoaren altuera-ezberdintasunak nola eragiten dion kualitatiboki ingurune horren irudiari.
Vitoria-Gasteizko hirigune historikoa babesteko araudiak ezartzen dituen betebeharren artean, lursaila babesteari dagokionez, honako obligazio hau dago: aurretiaz zeuden eraikinen teilatu-hegalen kotak diferenteak baldin baziren, diferentzia hori mantendu egingo da eraikin bateratutako jardun berrian; eta bolumena babesteari dagokionez, beste hau: mantendu egingo dira lehendik zeuden eraikinen teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerak.
Azken horixe da, hain zuzen ere, hasitako desafektazio partzialean exijitzen dena, eta zalantzarik ez dago Babes Araudiak aipatzen duen altuera eraitsitako bolumenaren altuera bera dela, eta ez gaur egungo bolumenarena, alegazioak dioen moduan.
Beraz, ezetsi egiten dugu aurkeztutako alegazioa, eta erreferentziako lehendikako altueratzat espedienteko 9. Dokumentuko 3 zenbakiko altuera jotzen dugu; gainera, kulturaren alorreko araudiarekin proportzionala dela deritzogu eta, horrenbestez, zuzentzat jotzen dugu berreraikitako bolumen berriak lehendikakoak zuen teilatu-hegalen arteko jarraitutasunik eza berreskuratzea eta hari eustea.
Ondorioz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kulturako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2011ko maiatzaren 17ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Lehenengoa. Kultura Sailak eskaera egingo dio Euskal Kultura Ondarearen Zentroari, Zentroari atxikitako Sailkatutako Ondasunen Erregistroan higiezinaren prebentzio-oharra baliogabetu dezan.
Bigarrena. Dekretu honen berri ematea interesdunei, bai eta Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Toki Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.
Hirugarrena. Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn, jende guztiak horren berri izan dezan.
Lehenengoa. Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena. Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko maiatzaren 17an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Aldatutakoa: EBAZPENA, 2012ko ekainaren 12koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko (Araba) Santa Maria kaleko 5eko higiezina partez desafektatzea erabakitzen duen maiatzaren 17ko 99/2011 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera ematek
- Aldatutakoa: 235/2012 DEKRETUA, azaroaren 13koa, Vitoria-Gasteizko Santa Maria kaleko 5eko higiezina (Araba) partzialki desafektatzea erabakitzen duen Dekretua aldatzeko dena.


