- 160/2011 DEKRETUA, uztailaren 12ko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide pertsonalak eta materialak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari atxikitzeko baldintzak arautzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu160/2011 DEKRETUA, uztailaren 12ko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren baliabide pertsonalak eta materialak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari atxikitzeko baldintzak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 146
- Hurrenkera-zk.: 3835
- Xedapen-zk.: 160
- Xedapen-data: 2011/07/12
- Argitaratze-data: 2011/08/02
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Funtzio publikoa
Testu legala
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeko ekainaren 29ko 9/2007 Legeak, institutu hori sortu eta arautu egiten du administrazioko erakunde autonomo gisa, berezko nortasun juridikoa eta autonomia administratibo eta ekonomikoa izanik, bai eta bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa ere.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoari kontsumoaren arloan dagozkion eskumenak Eusko Jaurlaritzak gauzatzen ditu, Osasun eta Kontsumo Sailaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta sail horien egitekoak eta jardun-eremuak finkatzeko lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak 13. artikuluan ezarritakoa betez.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortu eta gero, ezinbestekoa da orain, Kontsumobideri egokituko zaizkion zereginak eta eskumenak gauzatzeko ardura duten langileak hari atxikitzea, modu horretan baino ezingo dituelako egin orain arte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kontsumoaren arloan atxikita dituen eskumenak eta egitekoak, eta eman, dagozkion zerbitzuak, orain arte Osasun eta Kontsumo Sailak eman dituen eraginkortasun eta kalitate berberarekin.
Helburu horrekin, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeko ekainaren 29ko 9/2007 Legeak, hirugarren xedapen gehigarrian hau ezarri zuen: «Gobernu Kontseiluak, dekretu bidez, egokitu egingo du kontsumo arloko eskumena duen sailaren egitura organikoa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari beharrezko dituen eginkizunak eta giza baliabideak izendatzeko, lege honek eta legearen garapeneko xedapenek izendatzen dizkioten helburuak betetze aldera, eta horrez gainera, beharrezko dituen ondasunak eta bitarteko materialak atxikiko dizkio».
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kargu utzitako zereginak egiten dituzten lanpostuetako langileak euren zerbitzua institutuan ematera pasatuko dira, eta ez dute inolako aldaketarik izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin lotzen dituen erlazio juridikoan.
Bestetik, dekretuak arautzen du Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari subrogatuko zaizkiola institutu horri dagokion egiteko eta eskumenen arloan gaur egun Osasun eta Kontsumo Sailak onartuta dituen kontratu eta hitzarmenetan jatorria duten erlazio juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar oro. Era berean, espedienteak transferitzea, eta ondasun higigarriak eta higiezinak eta ibilgailuak atxikitzea ere arautzen da. Hori guztia eskumenak eta egitekoak modu arin eta eraginkorrean transferitu daitezen, eta modu horretan, zerbitzuak etenik gabe ematen jarraitu dadin, hain zuzen ere, hemendik aurrera Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak emango dituen zerbitzuak, abian jartzen den unetik beretik, ematen jarraitzeko.
Ondorioz, Osasun eta Kontsumoko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2011ko uztailaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
Bere egitura eta antolaketa dekretuak ezarritakoaren arabera, 2011ko irailaren 1ean jarriko da abian Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari atxikitzen zaizkio Kontsumo Zuzendaritzako lanpostuak eta kontsumoaren alorretan kontsumoko zereginak egitea esleituta dituzten lanpostuak. I. eranskinean jaso dira lanpostu horien zerrenda eta lanpostuetara atxikita dauden langileena. Institutuari atxikitako lanpostu hutsak ere eranskin berberean I. eranskinean zerrendatu dira.
Gaur egun lanpostu horiek betetzen dituzten funtzionarioak, karrerakoak zein bitartekoak izan, eta lan-kontratupekoak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan txertatzen dira, eta eutsi egingo die onartuta zituzten eskubide guztiei, antzinatasunari ere bai. Langileen zerrenda dekretu honen I. eranskinean jaso da.
Langile horiek EAEko Administrazio Orokorrarekin duten loturak ez du aldaketarik izango Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan sartzeagatik, eta, beraz, atxiki zituzten unean zuten administrazio-egoera berberean jarraituko dute langile horiek. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren funtzio publikoa arautzen duen arautegiak zuzenduko ditu langile horiek.
Aurreko puntuan aipatutako lanpostuen jabe diren funtzionarioak ez badira ari euren lanpostua betetzen, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste lanposturen bat betetzen ari direlako edo lanpostua gordetzeko eskubidea ematen duen egoeraren batean daudelako, dauden egoera horretan jarraitu ahal izango dute, eta egoera hori uzten dutenean orain Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan dagoen lanpostuan hasi beharko dute. Langile horien zerrenda, I. eranskinean jaso da.
Bitarteko funtzionarioek lanpostuen titularra hasi, hutsik dagoen lanpostua arauz bete edo lanpostua ezabatu arte iraungo dute lanpostu horietan, eta amaitutakoan, Administrazio Orokorraren aldi baterako zerbitzuak emateko lan-poltsetara itzuliko dira. Jardunean egindako denbora hori kontuan hartuko zaie lan-poltsen baremazioa egiten denean.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua subrogatzen da institutu horri dagokion egiteko eta eskumenen arloan gaur egun Osasun eta Kontsumo Sailak onartuta dituen kontratu eta hitzarmenetan jatorria duten erlazio juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar orotan.
Osasun eta Kontsumo Sailak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari dagozkion zereginak aurrera eramateko eginda dituen kontratuen subrogazioa dagokion emate- eta onartze-aktaren bidez gauzatuko da. Akta hori Osasun eta Kontsumo Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorren zuzendariak eta institutuko zuzendariak sinatuko dute. Akta horretan jasoko dira ordaintzeke edo kobratzeke dauden zenbatekoak.
Osasun eta Kontsumo Sailak, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari esleitutako zereginak aurrera eramateko abian jarrita dituen kontratazio-espedienteei dagokienez, institutua funtzionamenduan jartzeko egunean izapidetzen ari badira, sailak jarraituko du egin beharreko jarduerak egiten, kontratua formalizatu arte. Kontratua formalizatzen denean egingo da subrogazioa, eta jarriko da Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sailaren lekuan, kontratua gauza dadin.
Aurreko idatzi-zatietan jasotako egoeretan, Ekonomia eta Ogasun Sailak beharrezko baliabide ekonomikoen transferentziak egingo ditu, hala behar bada.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari dagokio bere eskumenei buruzko espedienteak, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren jarduerak abian jartzeko egunean amaitzeke daudenak, ebaztea eta gauzatzea.
Dagokion emate- eta onartze-aktaren bidez formalizatuko dira Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eskumenekoak diren espedienteen eskualdaketa, eta Ekonomia eta Ogasun Sailak espediente horiek kudeatzeko beharrezko diren baliabide ekonomikoen transferentzia egingo du, hala badagokio. Emate- eta onartze-akta Osasun eta Kontsumo Sailaren Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendariak eta institutuaren zuzendariak sinatu behar dute.
Euskadiko Ondarearen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak 61. artikuluan xedatutakoa betez, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari atxikiko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunekoak izan eta hemendik aurrera institutu horrek emango duen zerbitzu publikoari dagozkion ondasun higiezinak. Dekretu honen II. eranskinean zerrendatu dira zer ondasun diren, bai eta higiezin horietan jarriko diren ondasun mugikor guztiak ere. Era berean, II. eranskin horretan Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde-zerbitzuak kokatuko diren higiezinak ere zerrendatu dira, baina ez dira adskribituko.
Une honetan Administrazio Orokorraren ibilgailuen atalari atxikita dauden ibilgailuak eta hemendik aurrera Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak egin behar dituen administrazio-zereginetarako erabiltzen direnak, erakunde autonomo horri atxikiko zaizkio. Ibilgailuen zerrenda dekretu honen III. eranskinean jaso da.
Lehenengoa. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko lanpostu-zerrenda indarrean sartzen ez den bitartean, eta lanpostu horiek estaltzeko, Osasun eta Kontsumo Sailaren Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak emango du Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kargu dauden zereginak behar bezala gauzatzeko beharrezko laguntza.
Bigarrena. Dekretu honetan jasotako langileek, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutura atxikitzeko unean, nomina aurrerapenak kitatu eta likidatu zain badaude, horiek izaten jarraituko dute, onartu zitzaieneko baldintza berberetan.
Dekretu hau indarrean sartuko da eta ondorioak izaten hasiko, 2011ko irailaren 1eko egunetik beretik.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 12an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)


