Euskadi.eus
  • 182/2011 DEKRETU, uztailaren 26koa, zeinen bidez behin betiko onespena ematen baitzaio Durangoko eremu funtzionalaren Lurralde-plan Partzialari. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

182/2011 DEKRETU, uztailaren 26koa, zeinen bidez behin betiko onespena ematen baitzaio Durangoko eremu funtzionalaren Lurralde-plan Partzialari.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 171
  • Hurrenkera-zk.: 4347
  • Xedapen-zk.: 182
  • Xedapen-data: 2011/07/26
  • Argitaratze-data: 2011/09/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak

Testu legala

  1. Euskal Herriko Lurraldearen Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen babesean idatzi eta bideratutako Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren behin betiko, eta otsailaren 12an argitaratu ziren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

    Gidalerro horietan ezartzen dira lurralde-plan partzialak idazteko esparruak; horien artean, Durangoko eremu funtzionalarena.

    Aipatutako Legearen 2. eta 11. artikuluei jarraiki, lurralde-plan partzialak derrigor landu beharreko lurralde-antolamenduko tresnak dira. Alde horretatik, Gidalerroen 22. kapituluko 7. idatzi-zatiak aplikatu beharreko araudienak adierazten du oso garrantzitsua dela lurralde-plan partzialak lehenbailehen formulatzea, Gidalerro horien hirigintza eta lurralde irizpide osagarriak eskura izateko, eta horrenbestez, udalerrietako planak modu zehatzagoan garatu daitezen ahalbidetzeko eta lurralde-plan sektorialak lurralde koherentzia handiagoz lantzeko.

  2. Lurralde-plan partzial hau Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legearen 13. artikuluan aurreikusitako formulazio eta izapide prozesu luze baten ondorioa da, bere aurrerakinaren, hasierako onespenaren, behin-behineko onespenaren eta behin betiko onespenaren faseak izan dituena, eta herri administrazioen (tokikoa, foru-administrazioa eta erkidegoko administrazioa) eta aipatutako Eremu Funtzionaleko jendarte-espektro zabalaren partaidetza izan duena.

  3. Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko 4/1990 Legearen 13.1 artikuluaren arabera, Durangoko eremu funtzionalaren Lurralde-plan Partziala formulatzeko ekimena Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie, maila berean; beraz, beharrezkoa da bi administrazioen arteko koordinazioa, ekintzak egitean disfuntzionaltasunak saihesteko.

  4. Xede horrekin, plan hori idazteko kontratazioa 2000ko abuztuaren 23ko Foru Akordioz esleitu zen, eta, idatzi horren segimendua egiteko, koordinazio-mekanismoak ezarri dira Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintza Sailaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren artean.

  5. Lurralde-plan partzial honen hasierako eta behin behineko onespenak Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak eman ditu, 2008ko apirilaren 8an eta 2010eko apirilaren 13an, hurrenez hurren.

  6. Planaren edukiak Lurraldearen Antolamenduari buruzko Legearen 12. artikuluari erantzuten dio, eta lurralde-plan partzialek izan behar dituzten zehaztapenak jasotzen ditu. Planak hainbat neurri ezarri eta proposamenak egiten ditu eremu funtzionalaren antolamendu osoa lortzeko helburu nagusiarekin.

  7. Durangoko eremu funtzionalaren Lurralde-plan Partzialak udalerri hauek hartzen ditu: Abadiño, Zornotza, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Plan honen helburua Eremu Funtzionalaren lurraldean hamasei urterako lurralde antolamendu jasangarria ezartzea da, egitura eta lurralde-eredua finkatuz; egitura horri egokitu beharko zaizkio bai udalerrien hirigintza plan eta arauak eta bai eremu funtzionalean eragina duten lurralde-plan sektorialak eta gainerako ekintzak.

    Proposatutako lurralde-ereduaren oinarriak hauek dira:

    Durangoko eremu funtzionala indartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Bizkaiko lurraldea artikulatzeko gakoa den pieza gisa, duen kokapen estrategikoagatik eta irisgarritasun handiagatik.

    Ibarraren hondoko urbanizazio handia eta baserrietan oinarritutako nekazaritzako jarduera babestea bateragarriak izatea zaintzea.

    Lurraldearen zentzuzko erabileran oinarritutako hiri-garapena sustatzea.

    Ibaizabaleko Korridorean lehiakortasunerako eta birkualifikatzeko elementuak indartzea.

    Eremu Funtzionala eratzen duten elementuak.

    Naturagunea eta landagunea kontserbatzea. Bizi-iturrien babes aktiboa eta baserrien bideragarritasuna ziurtatu beharra, paisaiaren kalitatea bermatzen dutenak direlako.

    Lurralde-eredu hori helburu hauen inguruan egituratzen da:

    1. Eremu Funtzionaleko populazioa mantentzea.

    2. Bizitokien gunea kontzentratzea.

    3. Durangoko Eremu Funtzionalaren berezitasuna mantendu eta indartzea, naturaren eta paisaiaren balioen aldetik.

    4. Garraioen arteko intermodalitate erosoa eta eraginkorra lortzea.

    5. Bizikletaren erabilera eta oinezkoentzako ibilbideak sustatzea.

    6. Energia berriztagarrien aprobetxamendua sustatzea.

    7. Herritarren ekipamendu-beharrak asetzea.

    8. Andeatutako guneak oneratzea eta erabilera ezegokia edo ausazkoa duten guneak birmoldatzea.

    9. Landa-ondareko eraikinak zaintzea eta balio historikoa edo/eta kulturala duten guneak birgaitzea.

  8. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin definitutako lurralde esparruaren barruan, Plan honek beste zeregin bat ere betetzen du: autonomia erkidegoko administrazio orokorraren sailek eta Bizkaiko Foru Aldundiko departamentuek sustatutako lurralde-plan sektorialak integratzea. Lurralde-plan sektorial hauek izan dira kontuan:

    Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Nagusia.

    Bizkaiko Errepideen Plana.

    EAEko Trenbide Sarearen Lurralde-plan Sektoriala.

    EAEko Energia Eolikoaren Lurralde-plan Sektoriala.

    EAEko Ibaien eta Errekastoen Ertzak Antolatzeko Lurralde-plan Sektoriala. (Isurialde kantauriarra).

    EAEko Hezeguneen Lurralde-plan Sektoriala.

    EAEko Ekonomia Jardueretarako eta Merkataritza Horniduretarako Lurzoruaren Sorkuntza Publikoaren Lurralde-plan Sektoriala.

  9. Euskal Herriko Lurraldearen Antolamenduari buruzko 4/1990 Legearen 12.3 artikuluan ezarritako agirietan daude jasota planaren zehaztapenak. Agirien artean, zehazki, Antolamenduaren Arauak daude, besteak beste. Arau horietan biltzen dira Planeko xedapen eta proposamenak. Dekretu honi atxiki zaizkio I. eranskinean, argitara emateko.

  10. Era berean, Planarekin batera doa Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuko Azterlana ere. Bestalde, Ingurumen araudian xedatutakoa betez (apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenean duten eragina ebaluatzeari buruzkoa; eta uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duena) Dekretu honen II. eranskin moduan doa Planean ingurumen alderdiak txertatzeari buruz hartutako erabakiaren derrigorrezko adierazpena.

  11. Ingurumen, Lurralde-plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila da eskuduna, Planaren behin betiko onespena Gobernu Kontseiluari aurkezteko, Lurraldearen Antolamenduari buruzko legearen 13.9 artikuluan jasotakoaren arabera.

  12. Gobernu Kontseilua da eskuduna, Durangoko eremu funtzionalaren Lurralde-plan Partziala behin betiko onartzeko, Lurraldearen Antolamenduari buruzko 13.10 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

    Hori betez, Ingurumen, Lurralde-plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, eta aldez aurretik 2011ko aren (e)(a)n egindako Gobernu Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu eta onetsita, honako hau

Lehenengoa. Lurralde-plan partzial hau idaztean sartu den udal plangintza planaren lanketako egun jakin batean indarrean zegoena izan da, eta betiere informazio gisa sartu da; beraz, plana indarrean sartu arte egiten diren eguneratzeak edo aldaketak sartutzat joko dira.

Bigarrena. Lurralde-plan partzial honetako antolamendu-arauen eranskinak planaren zati dira, eta gainerako artikuluen arau-balio bera eta betebehar berberak dituzte.

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa. Plan hau indarrean sartzean hasierako onespena jaso ez duten lurralde-plan sektorialak formulatzeko eta aldatzeko prozedurak planean jasotako zehaztapenei egokitu beharko zaizkie, Durangoko eremu funtzionalari eragiten dioten heinean.

Edonola ere, Lurralde-plan partzial hau indarrean sartzean indarrean dauden lurralde-plan sektorialak Plan Partzialak dioenaren arabera moldatuko dira; salbuespena da Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.

Bigarrena. Durangoko eremu funtzionalari dagozkion udalerrietako hirigintza-agiriak Plan Orokorrak idatzi, berrikusi edo aldatzeko prozesuetan badaude eta Plan Partziala indarrean sartzean hasierako onespena jaso ez badute, agiriotako zehaztapenak Plan Partzialeko aginduei egokitu beharko zaizkie, kasuan kasuko berrikuspen edo aldaketa prozeduren arabera.

Nolanahi ere, udalean indarrean dagoen hirigintza-plangintza orokorra Plan honetan xedatutakora egokituko da, berori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Lurraldeko plan partzialek lurraldeko antolamendurako gidalerroak garatzen dituzte, hauek mugatzen dituzten udalaz gaineko alde edo eremuetan, hauetako bakoitzerako Gidalerroek ezartzen dituzten antolamendurako irizpide espezifikoak zehaztuta. Antolamendurako plan eta programen ingurumeneko ebaluazioaren garrantzia Europako Batasunak aitortu du Europako Parlamentuaren Plan eta Programa jakin batzuek ingurumenean dituzten Eraginen Ebaluazioari buruzko 2001/42EE Zuzentaraua garatzean.

Plan eta programa hauek ebaluazioa funtsezkoa da, izan ere, hauetan irizpide estrategikoak ezartzen dira proiektu eta azpiegitura handien kokapena erabakitzeko, eta hauen ingurumeneko inpaktuak garrantzi handiagoa izango duela suposatzen da udalaz gaineko edo udal aldeen barruan. Hori guztia Ingurumeneko Inpaktuaren Baterako Ebaluazioaren Prozedura araupetzen duen uztailaren 22ko 183/2003 dekretuan xedatutakoan oinarriturik.

Durangoko Arlo Funtzionaleko Lurraldeko Plan Partzialak prozedura hau jarraitu du. Bertan kontsulta publikoen prozesua ere jaso da, lurraldeko hainbat osagairen kudeaketan nahasita dauden administrazioko eragile batzuen, baita tokiko erakundeen eta Arlo Funtzionaleko hiritarren ere, ekarpenak eginda.

Lurraldeko Plan Partziala instrumentu teknikoa izateaz gainera, gizarteak bere etorkizuneko aukera handiei dagokienez duen borondatearen adierazpena da, lurralde antolaketako aukera jakin baten aukeraketan islatuta.

Durangoko Arlo Funtzionalaren etorkizunerako Lurraldeko Eredua irudimen handiko gogoetaren erronka kolektiboa da, abagune politiko edo ziklo ekonomiko txikiena baino horizonte handiagoa duena (16 urte).

Durangoko Arlo Funtzionalerako Lurraldeko Proiektu Iraunkor baten definizioaren xedea da oinarrizko elementuak finkatzea lurraldearen antolaketa eta egiturarako, udal eta arlokako plangintzaren gainerako instrumentu guztien erreferente bihur dadin.

LPPa honakoa da:

  1. Lurraldea egituratzeko instrumentua, sektore inbertitzaile pribatu eta publikoak bateratzeko ekintza gisa, garapen iraunkorreko aukerak sustatzera, baita arloaren ingurumen, gizarte eta ekonomiako desorekak zuzentzera ere, orientaturik dagoena.

  2. Arlo Funtzionalari Proiektu bat emateko jarraibidea. Proiektu honek ilusionatu behar du, finantza aldetik bideragarria izan behar da eta planteatutako helburuen artean zuzentarau koordinatuak finkatu behar ditu.

  3. Gizarte, ekonomia eta administrazioko indar guztien adostasun, konpromiso eta parte-hartzeko prozedura guztion helburua erdiesteko.

    LPPak bere proposamenak lurraldearen diagnostiko objektibo batean oinarritzen ditu, irizpide analitiko eta teknikoekin bat etorriz. Bere xedea da oinarri objektiboen gainean erabakiak hartzea eta lurraldeko politikak ezartzea oinarritzea Arlo Funtzional eta udalerrien eskaletan, horretarako informazio, diagnostiko eta jardun-estrategien formulazioen arteko elkarrekiko elikadura finkatuta.

    Hasierako faseetan, Dokumentu Metodologikoak interes estrategiko hainbat alderdi identifikatu zituen eta hauen hainean Lan Dokumentuak osatzeari ekin zioten. Hauen ondorioek, behar bezala landu eta hausnartutakoan, Lurraldeko Plan Partzialaren Aurrerapena egitea ahalbidetu zuten.

    Dokumentu honen xedea eta irismena izan zen elementu propositibo nahikoak sortzea ondorengo lanak garatzeko eta, hauen bitartez, hainbat politikak integratu eta instrumentatzeko prozesuak egituratzea.

    LPParen Lurraldeko Ereduaren Aurrerapenak esparru generikoa eskaini zuen, lurraldeko antolamendurako helburu globalak eta egindako Diagnostikotik etorritako ondorioak kontuan harturik, lurraldeko estrategia eta helburu espezifikoagoen definizioa oinarritzea ahalbidetu zuena.

    LPParen Aurrerapenaren Dokumentua «Arlo Funtzionalaren eremuaren barruan harremanak sustatu eta finkatzeko lehenengo proposamentzat» hartzen da: hiriko asentuena elkarren artean, eta hauek lurraldearekin eta natur baliabideekin dituztenak».

    Nahasitako erakundeen eta Herri Administrazioen aldetik, Durangoko LPParen Aurrerapenerako Alegazioen hamahiru txosten jaso ziren dagokion entzunaldiko izapidean. Hauek Planaren hainbat alderdiri buruzkoak ziren, hala nola etxebizitza, natur ingurune edo azpiegiturei buruzkoak, eta hauetako gehienak oso baliotsu eta garrantzi handikotzat jo dira.

    Ingurumen Sailburuordetzak, 2006ko abuztuaren 7ko Ebazpenaren bidez, Durangoko LPParen ingurumeneko inpaktuaren aurretiko txostena (IIAT) egin zuen. Ondoren, 2007. urteko urrian, Sailburuordetzak txosten berria egin zuen aipatutako espedientea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen Antolamendurako Batzordetik igarotzeko, 2007. urteko urriaren 29ko bere osoko bilkuran. Txosten horretan LPParen dokumentua aurretiko txostenaren errekerimenduetara doituta zegoen aztertzen zen eta egiaztatzen zen dokumentazio nahikoa zegoen LPParen lehenengo bertsioarekiko aldaketen ingurumeneko inpaktua ebaluatzeko eta ingurumenari dagokionez kritikoak ziren proposamenak edo inpaktu larriak zituztenak zeuden antzemateko.

    Horren ostean, Durangoko Arlo Funtzionaleko LPPa hasiera betean onartu da 2008. urteko apirilaren 8ko Foru Erabakiaren bidez eta jendaurrean azaldu da eta herri administrazioei entzunaldia egin zaie. Izapide horretan alegazioen ehun eta hirurogei idazki aurkeztu ziren, beren jatorriagatik hurrengo modu honetara elkar daitezkeenak: hamasei, alderdi politikoenak; bost, sozietate publikoenak; bi, sindikatuenak; sei, elkarteenak; eta, ehun eta hogeita hamaika, partikularrenak, zeintzuek, idazki errepikatuen serieak osatzen dituztela. Halaber, Lurraldeko Herri Administrazioek egindako alegazioen hogeita bat idazki aurkeztu dira: hiru, Autonomiako Administrazioren aldetik; bat, Ingurumeneko Foru Sailaren aldetik; eta, hamazazpi, Alde Funtzionaleko Udalen aldetik. Aipatutako idazki horien balorazioak alderdi batzuk baietsi eta akats batzuk zuzentzera eraman zuen LPParen dokumentuan. Horretarako behin-behineko onartzeko dokumentua idatzi zen.

    LPParen behin-behineko onespena 2010eko apirilaren 13ko Foru Erabakiaren bidez egiten da. Bertan LPParen dokumentuan zein bere IIBEko bere azterlanean sartutako aldaketak laburbiltzen dira eta ingurumeneko inpaktuaren behin betiko txostena eta lurraldea Antolatzeko Batzordearen txostena egiteko eskatzen da.

    Durangoko Arlo Funtzionalak, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarreko uval mugarteak barne hartzen ditu. Lurraldeko hainbat pieza bereiziren gainean egituratzen da: Oiz mendiko gailur eta isurialdeak, Ibaizabal-Zalduko hondo alubiala, Duralgaldeko hegoaldeko mendi eta haranak, Ibaizabalaren ezkerraldeko landazabal eta haranak, Zumelegi ibaiko arroa, Ibaizabalaren eskuinaldeko landazabal eta haranak. Hauek korridore geografiko eta funtzionala osatzen dute, nortasun handikoa, bai ikuspegi fisikotik bai lurzoruaren erabilera eta jardueren antolaketaren ikuspegitik.

    Honek multzorako lurraldeko eredu integratzaile eta bateratua planteatzea erraztu eta bide ematen du. Halere, barneko osagaiei dagokienez anitza baina ekologiko eta funtzionalki osagarria den espazio baten aukera eta bokazio guztiak jasotzen ditu.

    Durangoko Arlo Funtzionalak hainbat arazo eta aukera ditu, eta hauen artean honakoak nabarmendu behar dira:

    Korridore geografiko eta funtzionala da, nortasun handia duena.

    Bere ezaugarria da irisgarritasun handia duela Bilbo Metropolitarrarekin eta Gipuzkoako haranekin eta azpiegiturak elkartzen direla.

    Aniztasun ekologiko baliotsua du, baita lurzoru-erabileren eta paisaiena ere.

    Gatazka haranaren fondoa industria, hiri, landa eta azpiegiturako erabileren artean okupatzeagatik.

    Baserria hiriko guneek zuzenean okupatu gabeko espazio zabal horren antolaketa eta kontserbaziorako elementu gisa.

    Azpiegitura eta harrobien ingurumeneko inpaktua.

    Industriako espezializazio-patroia eta egitura ekonomikoaren dinamismoa.

    Durangoko Arlo Funtzionalaren garapen-ereduak hurrengo oinarri hauek ditu:

    Durangoko Arlo Funtzionala indartzea Euskal Herria eta Bizkaiko lurralde-egituraren funtsezko pieza gisa bere kokapen estrategiko eta irisgarritasun handiagatik.

    Haranaren fondoaren urbanizazio handiaren eta baserrian oinarritutako nekazaritzako jarduera zaintzaren arteko bizikidetza zaintzea.

    Lurraldearen erabilera zuhurrean oinarritutako hiri-garapena sustatzea:

    Lurzoru baliabidearen kontsumoa mugatzea; AFaren «harrerako ahalmena».

    Kokaleku tradizionalen kultur nortasun eta ondarea zaintzea hazteko beharrak gogobetez.

    Haranaren fondoan jarraitu urbanizatua osatzea saihestea ibaibidearen inguruneko natur guneen paisaia lehengoratuz.

    Hazkunde barreiatua eta landako gune berriak osaketa mugatzea.

    Etxebizitza publikora zuzendutako lurzorua sustatzea.

    AFaren ekipamendu eta zerbitzuen birbanaketa orekatua.

    Ibaizabaleko Korridorearen lehiakortasun eta birkualifikazioko elementuak indartzea:

    Dagoen industriako clusterra indartzea bere birkualifikazioaren bitartez, berroneratzeko eremuak mugatuta.

    Enpresei kalitateko zerbitzuak garatzea, hiriko guneetan kokatzeko lehentasuna emanez.

    Erabilera mistoak sustatzea: egoitza-lana oreka.

    Arlo Funtzionala egituratzen duten elementuak:

    Natur Ingurunea Antolatzeko Kategoriak.

    Egoitzako erabilera eta jarduera ekonomikoen okupaziorako muga-eremuak.

    Lurraldeko ereduaren eta mugikortasun iraunkorreko ereduaren arteko erlazioa.

    Ibaiko Korridorea.

    Natur eta landako ingurunea zaintzea. Natur baliabideen eta baserriaren bideragarritasunaren babes aktiboa ziurtatzeko beharra, paisaiaren kalitatearen bermatzaile direlako.

    Oinarri hauen gainean, Durangoko AFaren LPParen proposamenak azaltzen dira, jarraian laburbildurik daudenak:

  1. Natur ingurunearen antolaketa.

    Antolaketaren kategoriak ezartzen dira bere balio naturalaren arabera, eta hauetan hirigintzako hazkundeak debekaturik gelditzen dira. Kategoria hauen erregulazioa kasu batzuetan LAGetan ezarritako erabilerak jasotzen dituen matrize baten bidez egiten da, eta beste batzuetan, berriz, indarreko berezko araudien edo legeria espezifikoaren arabera.

  2. Egoitzako kokalekuak.

    LPPak etxebizitzak zenbatu egiten ditu eredua eta, bestetik, eskaintza bereizita. Lehenengorako familiako batez besteko tamainari eta biztanleriaren zenbatekoari buruzko baloreen metodologia ezartzen du eta bigarrenaren kasuan gehieneko eta gutxieneko harrotzeko koefizienteak aplikatzen ditu.

    Lurzoru berriaren kontsumoa gelditzea proposatzen du eta horretarako xedatzen du beharrak lehentasunez estali behar direla eraikitako ondarea optimizatuz (etxebizitza hutsa mobilizatzea, lehendik dauden eraikinak zaharberritzea edo hutsik dagoen lurzorua berriro dentsifikatzea). Gainera, «okupazioaren muga-eremuak» deitutakoak definitzen dira. Hauek, beharrezkoa izanez gero, erantsi ahal izango dira eta Iurreta, Durango, Izurtza, Abadiño, Atxondo, Berriz, Zaldibar, Elorrio, Garai eta Mañanan kokaturik daude.

    Eremu hauek mugatzeko egokitasuneko hurrengo irizpide hauek erabili dira: % 15 baino gutxiagoko maldak dituzten lurzoruak, birgertatze-aldien edozeinetan urpean gelditu ezin daitezkeen lurzoruak eta Babes Berezi eta Lurrazaleko Uren Babeseko kategorietan jaso gabeko lurzorua.

    Eremu hauetatik kanpo ez da hirigintzako hazkunderik baimentzen eta, edozelan ere, bere okupazioaren beharra justifikatu beharko da.

  3. Jarduera ekonomikoaren kokalekuak.

    LPPak, batetik, hiri-guneetatik egoitzako erabilerekin bateraezinak direlako banatutako eremuekin lotutako industriako erabileraren lurzoruak eta, bestetik, egoitzako erabilerarekin bateragarriak diren eta hiriko inguruneetan kokaturik dauden izaera tertziario, komertzial,...eta abarren erabilera mistoen garapenak bereizten ditu.

    Kuantifikazioa egiten da azkeneko urteotan arlo funtzionalean jarduera ekonomikoetara zuzendutako lurzoruaren kontsumoa kontuan harturik eta, era berean, batetik eredua eta bestetik eskaintza bereizten ditu.

    Etxebizitzen kasuan bezalaxe, lurzoru berriaren kontsumoa proposatzen du eta horretarako xedatzen du beharrak, ahal bada, jarduera ekonomikoen eremuak birsortuz eta indarreko plangintzan hutsik dagoen lurzorua erabiliz estali beharko liratekeela. Beharrezkoa izanez gero baino ez dira lurzoru berriak garatuko zehaztutako «okupazioaren muga-eremuen» barruan. Hauek Amorebieta-Etxano, lurreta, Durango, Abadiño, Berriz eta Elorrion kokaturik daude.

    Eremu hauek mugatzeko egoitzako lurzoruen kasurako egokitasuneko irizpide berberak erabili dira.

  4. Mugikortasuna.

    LPPak proposatutako mugikortasun-ereduak, batetik, ordezko mugikortasuneko sistema jasotzen du eta, bestetik, garraioko azpiegiturak (bide eta trenbideko sarea) jasotzen ditu.

    Ordezko mugikortasunaren sistemak honakoa jasotzen du:

    Motorrik gabeko mugikortasuna. Honetarako oinezkoen eta bizikleten sare jarraitua proposatzen da arlo funtzionalean zehar eta hiriko eta hiri-inguruko ibilbide antolatzaileak.

    Garraio publikorako plataforma esklusiboa.

    Bide-sarerako, berriz, batetik, sektoreko proiektuak edo aurreikuspenak jasotzen dira, garapeneko maila handiago edo txikiagoa dutenak, azpiegitura berriei buruz (Boroako inguruneko A-8 eta N-240-ren arteko zuzeneko konexioaren proposamena izan ezik) eta, bestetik, dauden azpiegiturak hobetu, perimetroko hiriko bide berriak ezarri eta hiriko eta hiri-inguruko eremuetako bestelako jarduketak burutzeko proposamenak jasotzen dira.

    Trenbideko sareari dagokionez, LPPak Abiadura Handiko Trena, eta honetarako intermodal bat iradokitzen da Buban, eta Trenbide Sareko ALPa jasotzen dira.

  5. Azpiegiturak.

    LPPak jarraitu beharreko hainbat estrategia planteatzen ditu ur hornidurari, saneamenduari, hondakinen kudeaketari eta kutsatutako lurzoruei, energiari, gasari eta telekomunikazioei dagozkienez. Horiek guztiak Garapen Iraunkorreko Euskal Estrategiaren helburuak lortzera bideratuta daude. Proposamenak orientagarriak dira.

  6. Ekipamenduak.

    Jarduteko irizpideak proposatzen dira hezkuntza, osasun, gizarte eta kiroleko ekipamenduaren arloan.

    2010. urteko ekainaren 25eko Ebazpenaren bidez plazaratutako Ingurumen Inpaktuko Behin Betiko Txostenak ingurumeneko hainbat alderdi iradoki ditu, Durangoko Arlo Funtzionaleko Lurraldeko Planaren behin betiko dokumentuan justifikatu edo jaso behar zirenak eta hurrengo gidalerroekin bat etorriz barne hartu direnak:

    1. Eremuaren ingurumeneko balorazioa, diagnostikoa eta azterketa.

      Kartografian mehatxatutako faunaren espezien banaketa-aldeak identifikatzeko beharra aipatu zen. Xede horretarako, IIBEk hainbat espezieetarako DAFn agertzen diren Faunako Interes Guneei dagokien kartografia tematikoa barne hartzen du jadanik. Aipatutako gainerako espeziei eta bere banaketa-eremuei dagokienez, erabilgarri dagoen kartografiako informazioa Flora eta Faunako Mehatxatutako Espezien Katalogoari igortzen da.

    2. Ordezko aukeren ingurumeneko azterketa eta justifikazioa.

      IIBEn LPPa prestatzeko prozesuan kontuan hartu diren kokapenei buruzko analisi konparatiboa txertatu da; bertan zehaztu da zergatik baztertu diren kokapen batzuk behin-behineko onesteko dokumenturako.

    1. IIBEren 7. kapituluak LPP idazteko fase guztien justifikazioa biltzen du, bere hasieratik bertatik, eta honek hainbat proposamen aldatzea eragin duen beharrezko azalpena jasotzen du.

    2. LPPren idazkuntzaren hurrenez hurreneko faseei buruzko aurkezpen grafiko eta kronologikoaren bidez 4. kapituluan alternatiba guztiak xehekatu dira, hau da, konparatzeko eta azkenean hautatu den irtenbidearen balorazioa egiteko aukera ematen dutenak.

      Proposamenak aldatzeko konparazio-azterketa hau udalerri bakoitzerako egin da. Bertan LPPak formulatzeko fase guztietan aztertutako aukeren ingurumeneko azterketa eta inpaktu handiak eta larriak sortzen dituzten egoitzako erabilera eta jarduera ekonomikoen muga-eremuen proposamenen jarduketen gaineko berrikuspena jasota daude".

    3. Inpaktuen identifikazio eta balorazioa.

    1. Egoitzako hazkundeko eremuen inpaktuko matrizeak eta jarduera ekonomikoetarako eremuenak ere berrikusi dira, ibai-ibilgu, erriberako eraketa eta faunako habitaten gaineko inpaktuak barne hartuta.

    2. IIBEk LPPak planteatzen dituen bideko sarearen proposamenen eta aurreikusitako jarduteko ildo edo irizpide orokorren inpaktuen azterketa jasotzen du,hala ere, ohartarazten du jarduketa zehatzaren edozein garapen egiteko bere planifikazioa eta dagokion Ingurumeneko Inpaktuaren Azterlan espezifikoa beharrezko izango direla.

    3. Horregatik ez dira LPPren proposamen guztietarako antzeman diren eraginen kokapen espazialaren planoak aurkezten, errepide eta trenbide azpiegituren eraginen mapa sintetikoaren bidez, uste delako ezinezkoa dela horiek zehaztea.

    4. IIBEren azterlanak LPParen araudiaren artikuluei egindako erreferentziak berrikusi eta zuzendu dira, Antolamenduko Arauen dokumentuarekin bat etorriz.

    5. IIBEren azterlanak ez du jaso LPParen garapen berrien proposamenek eragin ditzaketen nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapen deklaratuen azterlana Azterlan hau dokumentua idazteko oso hasierako faseetan egin zen eta azken balorazioan zaharkituta dago. Hala ere, LPParen lehenengo formulazioen ingurumeneko inpaktuaren ebaluazioan kontuan hartu zen, ondorengo proposamenen aldaketan eraginda. Ondorioz, proposatutako muga-eremuak garatuz gero, lehendik dauden nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenetan duten afekzioa banan-banan aztertu beharko dute momentu egokian,IIBEn jasota dagoen bezalaxe.

    6. Amorebieta-Etxano-Bermeo trenbidearen gaineko jarduketaren aipamena IIBEtik ezabatzen da izan ere, LPParen dokumentuak jarduketa hau aipatzen baitu Amorebieta-Etxanoko hiri-gunearen geltokiaren lurperatzeari eta birkokapenari dagokienez bakarrik.

    1. Babestu, zuzendu eta konpentsatzeko neurriak.

    1. Atal hau ibai-ibilgu, erriberako eraketa eta faunako habitaten gaineko inpaktuak aztertzetik etorritako neurrien bidez osatu da, IIBEren 4. kapituluaren (proposatutako okupazioaren muga-eremuek potentzialki eragindako baloreak azpimarratuz) eta 5. kapituluaren (kasu bakoitzean zuzentzeko neurri egokiak zehaztuta) atal egokietan hurrengo neurri hauek erantsiz.

    2. Eskatu den «Proposatu diren neurri ekonomikoen zenbatespena eta horien betearazpenerako denbora plangintza» atalari dagokionez adierazi da ezinezkoa dela neurri horien kostua zenbatestea.Proposatutako jarduketa zehatzak garatzeko momentuan da, hain zuzen ere, kostu ekonomikoak ebaluatzea eta inplementatu beharreko konpentsatzeko neurrien denborazko planifikazioa egitea egoki eta egingarritzat jotzen denean. Horrela bada, hau IIBE egokian zehaztuta jaso behar da.

    1. Lurraldeko alderdiak.

    1. 3/98 Legearen B eranskinean edo Legegintzako 1302/1996 EDaren I. eranskinean jasota dauden jarduera edo proiektu horiek ingurumeneko inpaktuaren banakako ebaluazioa gainditzeko baldintza LPParen izpirituaren azpian dago, nahitaez betebeharreko eta indarrean dagoen legeria baita.

    2. LPPak baldintza gainjarri gisa «Faunaren Intereseko Guneak» Ur-ipurtatsaren afekzioko eremua jasotzen du nahasitako udalerriek kontuan har ditzaten. Horrela bada, hauetan egin beharreko edozein interbentzio Bizkaian espezie honetarako onartutako Kudeaketa Planari lotuta dago. (118/2006 Foru Dekretua).

    3. Garatzeko alde berriak proposatzeko aukerari dagokionez, inplizituki ulertzen da ezen, 183/2003 Dekretua betez, horiek erabakitzeko kokapeneko arrazoizko aukera guztiak kontuan hartu beharko direla.

    1. Bestelako kontsiderazioak.

      LPParen izapidetze konplexuak eragin du Aurrerapen, Hasierako Onespen eta Behin-behineko Onespenaren faseei dagozkien dokumentuen artean aldaketa nabarmen batzuk egotea. Aurrerapenari buruzkoak ez dira aztertzen, LPParen idazketaren oso hasierako faseei dagokielako.

      Hasierako Onespen eta Behin-behineko Onespenaren dokumentuen arteko aldaketa nabarmenei dagokienez, hauen artean 4. Kapituluan zehazten diren muga-eremuen kokapen eta mugapenen aldaketei buruzkoak daude.

      Hala ere, argitu behar dugu aipatutako aldaketa horiek ez dakartela inolaz ere Planak proposatutako Lurraldeko Eredua zehazten duten irizpideen aldaketarik, izan ere, oro har, kuantifikazioak mantentzen dira egoitzarako zein jarduera ekonomikoetarako, zehaztapen txiki batzuk bakarrik eginda. Gainera, aldaketen ondorioz ateratzen diren eremu berri guztiak ingurumeneko inpaktuaren ebaluazioko prozesutik behar bezala igaro dira.

      Garapen berrien eremuen proposamen batzuk aldatzea justifikatzen duten arrazoiak hurrengo alderdi hauetan oinarritzen dira:

      Urpegarritasunaren birgertatzeko aldien mugapen eguneratu berria. Eremuen kokapenaren doikuntza egin zen urpegarritasunak eraginda egotea saihesteko xedez eta hirigintzako irizpide berriak kontuan hartu ziren. Hauek eremu hauen hiri-bilbe finkatuarekiko jarraitutasun eta irisgarritasuna bermatuko dituzte, eremu berrien gainean egiten den hautapena zorrotza izateko moduan.

      Eusko Jaurlaritzaren Bioaniztasun eta Ingurumen Plangintzako Zuzendaritzaren txostenak. Hauek proposamen batzuek babestutako espezien gainean edo fauna eta floraren intereseko espezien gainean eduki zezaketen ingurumeneko inpaktuaz ohartarazten zuten.

      Hainbat udalek proposamenekin lotuta Jendaurreko Azalpenaren fasean zehar igorritako alegazioak. Gainera, udalerri batzuek bere plangintzen aldaketak onartu dituzte, LPParen proposamen zehatzetan eragiten zutenak.

      Planaren garapenean zehar ebaluatutako ordezko aukerak ildo estrategiko garbia eduki dute, hazkundeko bere potentzialtasunaren arabera arloaren garapen ekonomiko proportzionala egotearen alde lan egitera bideratuta dagoena, betiere haraneko natur balioen egonkortasuna inolaz ere arriskuan jarri gabe. Hauek indar handiz sustatzen ari dira, berriz, Planak proposatutako jarduketen bitartez.

      Aukera guztiak, bere ingurumeneko ebaluazioa eta justifikazioa IIBEren 4. eta 7. kapituluetan zehar aurkezten dira. 4. kapituluan ebaluatutako aukera guztiak eta ingurumenaren gainean duten eragina aurkezten dira, ingurumeneko inpaktua estimatuta. Eta 7. kapituluan, berriz, proposamenak aldatzera eta azkeneko aukera hautatzera eraman duten arrazoien justifikazioa aurkezten da.

      Ingurumeneko Inpaktuaren Baterako Ebaluazioaren Azterlanaren garapenean zehar egindako lurraldearen diagnostikoak eta ingurumeneko inpaktuen ebaluazioak ingurune fisiko, natur ingurune eta giza ingurunearen funtsezko osagaiak identifikatu zituen, baita Planak proposatutako jarduerak garatzearen ondorioz sor litezkeen inpaktuak ere. Inpaktu hauek, positibo zein negatiboek, prebentzio eta zuzenketako hainbat neurri beharko dituzte, baita jarraipena ere Ingurumeneko Zaintza Planaren garapenaren bidez. Hau Ingurumeneko Adierazleen sistema batean oinarriturik dago eta Ingurumeneko Inpaktuaren Baterako Ebaluazioaren aipatutako Azterlanean erantsita dago.

      Azterketa honek eragin zuen proposamen batzuk baztertzea, izan ere, bere inpaktua kritikoa eta Planaren helburu orokorrekin bateraezina zela jotzen zelako, garapen iraunkorraren ikuspegi batetik, betiere Durangoko Arlo Funtzionalaren testuinguruan.

      Hasieratik IIBEtik ateratako prebentzio eta zuzenketako neurriak bere aurreko bertsioetan kontuan hartu ondoren egindako LPParen birformulazioen ostean, LPPak bere behin betiko bertsioan proposatutako okupazioaren muga-eremuek, baita bide-azpiegituretarako proposatutako trazatuak ere, ez dute inpaktu handi edo kritikorik sortzen.

      Proposatutako jarduera ekonomikoaren muga-eremuei dagokienez:

      Ingurumeneko Inpaktuaren Baterako Ebaluaziotik ez da jotzen LPParen azkeneko proposamenak ingurumeneko inpaktuak, ez handiak ezta kritikoak ere, eragiten dituenik. Sortutako inpaktu gehienak txikitzat hartzen dira jarduera ekonomikoko okupazioaren muga-eremu berrietarako okupazioko aurreikuspen estimatuetara eta ingurumenaren natur baldintzetara egokitu ondoren.

      Egoitzako erabileraren muga-eremuei dagokienez:

      Identifikatutako ingurumeneko inpaktu negatiboek ez dakarte inpaktu kritikorik, eta hauek guztiak maila ertain edo txikikoak direla jotzen dira. Hortaz, aurreikusita dauden prebentzio, zuzenketa eta konpentsazioko neurriek eragindako inpaktuak zuzendu edo arindu ahal izango dituzte.

      Ingurumenerako afekzioa oraindik antzematen den udal mugarteetan zuzentzeko hainbat neurri zehatz planteatzen dira. Neurri hauek egindako ebaluazioaren ostean Durangoko Arlo Funtzionaleko Lurraldeko Plan Partzialak proposatutako ekintzetako bat edo hainbaten inpaktua jaso dezaketela hotzen diren ingurumeneko faktoreei dagozkie. Horregatik, IIBEn hauek babesteko neurriak ezartzen dira:

      Urpean geldi daitezkeen eremuak.

      Ibaiertzak.

      Ibai-ibilguak.

      Eremu higagarriak.

      Bertako basoak.

      Korridoreak eta faunaren mugikortasuna.

      Kultur-Natur Ondarea.

      Landazabal atlantikoak eta balio handiko nekazaritzako lurzoruak.

      Paisaia.

      Planaren ingurumeneko ondorioen jarraipenerako neurri gisa, Ingurumeneko Inpaktuaren Baterako Ebaluazioaren Dokumentuak Planaren Ondorioak Gainbegiratzeko Programa barne hartzen du. Berau ingurumeneko adierazleen sistema batean oinarriturik dago, organo sustantiboak burutu beharko du eta Planaren berrikuspeneko epeekin koordinaturik egingo da.

      Teknikoa ez den laburpenaren eskaera dela eta, Azken Adierazpen honetan azaldutako zerbaiten berri zehatzagoa behar izanez gero IIBEren Laburpen Dokumentura jotzea gomendatzen da.

      (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.