Euskadi.eus
  • 183/2011 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharriak monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun gisa sailkatzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

183/2011 DEKRETUA, uztailaren 26koa, Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharriak monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun gisa sailkatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 152
  • Hurrenkera-zk.: 3920
  • Xedapen-zk.: 183
  • Xedapen-data: 2011/07/26
  • Argitaratze-data: 2011/08/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, 2010eko maiatzaren 3an emandako ebazpen bidez (EHAAren 96. zenbakian argitaratu zen, maiatzaren 24an), I. eranskinean agertzen diren Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharriak, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapideak abiarazi zituen. Gerora, beste trikuharri bat azaldu zen, eta, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek hura aztertu ondoren, erabaki zen hura espedientean sartzea. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, 2010eko ekainaren 11ko ebazpenaren bidez (EHAAren 149. zenbakian argitaratu zen, abuztuaren 4an), jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epe berri bat ezarri zen, monumentu-multzoa «El Montecillo» trikuharria (Eskuernagan) haren barruan sartuz mugatzeko.

Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epea indarrean jarri ondoren, alegazio-idatzi bat aurkeztu zuen Arabako Foru Aldundiak.

Arabako aldundiak uste du «behe-lurren» izendapena ez dela egokia, ez baitator errealitatean gertatzen denarekin bat. Trikuharriak ez daude, guztiak, haran-hondoetan edo behe-eremuetan. Horietako batzuk mendi-hegaletako goiko aldeetan edo mendi-kateen oinetan ikus daitezke. Hori esanda, adierazi behar da bibliografiak multzo moduan zehaztu izan duela hura, eta diferentzia nabarmenak adierazten dituela goi-mendietan kokatzen diren monumentu megalitikoekiko; hala, trikuharri horiek ez dira goialdeetan egoten, eta beren kokapena ez da izaten, inoiz, nabarmentzekoa beren ingurunean.

Aldundiak ez du egoki ikusten, era berean, multzo hori monumentu-multzo izendatzea, haiek konpartitzen duten ezaugarri bakarra hilobi-trikuharriak izatearena baita. Uste du ez liratekeela kanpo utzi behar azal daitezkeen gainerako monumentu megalitikoak, baldin eta, indusketak eginez gero, antzeko ezaugarriak dituztela egiaztatzen bada. Alegazio horri erantzun behar zaio espedienteko aztarnategiek tipologia komun bat dutela; izan ere, hilobi-ganbera bakarrez osatuak dira, korridorearekin edo korridorerik gabe, tumulu monumentalak haiek estaltzen dituztelarik. Haietan, hileta-erritu kolektiboak egiten ziren esparru kronologiko zabal batean, K.a IV. milurtetik K.a II. mendera bitartean.

Aldundiaren ustez, ez da zuzena Ebazpenak derrigorrean bete beharreko baldintzak ezartzea Aldundiari; izan ere, azken horrek, bere eskuduntzen egikaritze-esparruan, Trikuharrien Plana egiteko asmoa du, eta ebazpenak aldez aurretik erabaki planaren garapena edo haren azken emaitzak baldintzatu. Jaso behar ez liratekeen alderdi hauek adierazten dira: ikusteko moduko perimetro fisiko bat ezartzeko betebeharra; bi babes-eremu berezitu ezartzea trikuharri bakoitzaren mugaketa-eremuan; aparkalekuen, panelen, zaborrontzien, eserlekuen eta bestelakoen kokapena; arkeologia-ikerketetatik ateratzen den informazioa zentralizatuko duen instalazio txiki bat eraikitzeko interesa; eta zuhaitz berriak landatzeko debekua eta egungoak moztu beharra.

Ikusteko moduko muga fisiko bat ezartzeko premia justifikatuta dago, gaia menderatzen ez duten pertsonentzat zaila izaten delako jakitea zein diren aztarnategien mugak, eta, perimetro hori osatuta, ez delako uzten haien kalterako diren jarduerarik egiten; hala nola, zuhaitzak landatzea edo laborantza-lanak egitea.

Bi babes-eremu ezarri dira nabarmen ikusi bada bereizketa garbi bat dagoela hilobi-aztarnategiak zentzu hertsian betetzen duen eremuaren eta haren inguruarekin. Ez da halakorik ezarri mugak ikertzeko dauden kasuetan, babes-eremu handiagoa ezarri baita trikuharri horientzat. Horren arrazoia da erabilera-araubide desberdinak ezartzen direla eremu batean zein bestean.

Aparkatzeko lekuen kokapenaren gainean, adierazi behar da ebazpenak ez duela ezer esaten horri buruz. Egiten duen gauza bakarra da gerorako azterketa batera igorri eta azterketa horrek aurreikusitako tresna baten esku utzi horien antolamendua. Ezartzen den betebehar bakarra da aparkatzeko lekuak aztarnategietatik aparte antolatu behar direla lehentasunez. Horien kokapenak aukera eman behar du distantzia batetik ikusteko zer lekutan eraiki zen hilobi-santutegia eta haren paisaia.

Antzeko zerbait esan behar da informazioa zentralizatzeko instalazio txikiren bat eraikitzeko interesarekin; izan ere, babes-araubidea osatuko duen azterlan batera igortzen du ebazpenak, eta ez du esaten zenbat izan behar duten. Ebazpenak azpimarratzen duen gauza bakarra da aztarnategiak testuinguruan jarri behar direla, multzo osoaren ulerpen egoki bat egiteko.

Zuhaitzak landatu eta laborantza-lanak egiteko debekua aztarnategiak berak okupatzen duen eremura mugatzen da babes-erregimenean, eta horren arrazoia da sustraiek ez dutela tumuluan bertan hazi behar, monumentuaren egitura eta haren zaintza kaltetu baitezakete.

Arabako Aldundiak zenbait nabardura egin ditu alegazioan trikuharrien deskribapena zehazteko. Onartu egiten dira nabardura horiek, eta, kasuaren arabera, kendu edo gehitu egingo dira, haiek argiago identifikatzeko eta deskribatzeko.

Jendaurrean jartzeko izapidea abiarazten duen Ebazpenari erreparatuta, Aldundiak uste du, jendaurreko erakustaldiaren izapidearen ondoren, entzunaldiko izapidea egin beharko litzatekeela, eta justu horren ondoren idatzi beharko litzatekeela sailkatze-prozeduraren ebazpen-proposamena. Horren harian, erantzun behar da izapideak abiarazten dituen ebazpenak jendaurreko informazioko epe bat ezartzen duela alegazioak egiteko, eta sailkapenak eragindako udalei eta Arabako Foru Aldundiari entzuteko izapidea ere xedatzen duela, eta, horrez gain, monumentu-multzo baten aurrean gaudenez, egoki diren aldizkari ofizialetan argitaratzen dela ebazpena, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.3 artikuluak arautzen duena betez. Bestalde, entzunaldiko izapidea eta jendaurreko informazioko izapideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 84. eta 86. artikuluek arautuak, hurrenez hurren egintza bakar batean erabaki daitezke, lege beraren 75. artikuluak horretarako aukera ematen baitu. Izapide horien izaera juridikoak aukera ematen du biak batera abiarazteko, eta ez da derrigorra bata bestearen atzetik betetzea.

Aldundiak uste du legeak agintzen ez dituen zenbait alderdi aipatzen dituela babes-erregimenak; hala nola, aurretiazko plan bat prestatu beharra multzoaren balioa indartzeko, multzoan bertan egin daitezkeen jarduerak baimentzeko erregimena, edo aurretiazko plan horrek Eusko Jaurlaritzaren aldeko txostena behar izatea. Amaitzeko, esaten du Eusko Jaurlaritzak labur adierazi beharko lituzkeela zer jarduera egin daitezkeen eta zer jarduera debekatuko diren, babes-erregimenean sartzen diren lurren jabeek haien eman diezazkieten erabilerak eta haietan egin ditzaketen jarduerak zehazteko, eta lurralde historikoen esku utzi beharko lukeela gai horren arauzko garapena eta egikaritzea.

Esku artean dugun kasuan, badira zenbait erabilera nabarmen kaltegarriak direnak aztarnategi horien zaintzarako eta haien irudi faltsu bat zabaltzen laguntzen dutenak. Hori dela-eta, berariaz adierazten dira zer erabilera dauden debekatuta eta zer elementu arrotz kendu behar diren multzotik. Babes-erregimenak, multzoaren beharrizanei egokitasunez erantzungo badie, adierazitako plan horren beharra du erabaki batzuk aurrerago zehatz daitezen. Ebazpenak, hala ere, babes-erregimenak ez du inon esaten Arabako Foru Aldundiak egin behar duenik multzoa aztertu eta antolatzeko aldez aurreko plan edo agiri hori, hura Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak egin baitezake, beste erakunde batzuen eskuduntzak zapaldu gabe. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 4.3 artikuluak, funtsean, arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioek, beren eginkizunen eta eskumenen baitan, derrigorrean lan egin behar dutela elkarrekin kultura-ondarea babesteko, eta, horretarako, elkarrekiko harremanak izan behar dituztela, komunikazio osoan, lankidetzan eta elkarren laguntzan oinarrituak. Alderdi hori mugatu eta Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko aukera bazegoen ere, berariaz utzi da zehaztu gabe, eta, ondorioz, Foru Aldundiak nahiz Eusko Jaurlaritzak edota biek batera egin dezakete lan hori, bien egitekoa baita gure kultura-ondarearen geroa bermatzea; agerikoa da lantegi zaila eta ardura handiko lana dela eginkizun hori behar bezala betetzea. Horrenbestez, Arabako Foru Aldundiak egin dezake multzoaren babesa eta hedapena babesteko oinarriak ezarriko dituen plana, baina beti izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren egiteko utziezina bere eginkizuna betetzea, hau da, beharrezko irizten dituen alderdi guztien txosten edo irizpenak ematea.

Azkenik, Arabako Foru Aldundiak adierazten du erabilera eta jardueren erregimen orokorreko 5. artikuluko 4. puntuak Kultura Sailaren esku uzten duela erabilerak eta jarduerak berariaz baimentzeko eskumena, baldin eta erabilera edo jarduera horien ondorioz ez bada eremu babestuko lurrik mugituko edo aztarna arkeologikorik antzaldatuko. Aldundiak dio xedapen horrek urratu egiten duela Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 29.2 artikulua, arau horrek agintzen baitu aldundiak baimendu beharko dituela sailkatutako kultura-ondasunekiko erabileren eta jardueren aldaketak.

Argitaratutako erabileren eta jardueren araubide orokorrak, arau orokor gisa, babes-erregimenean adierazten diren erabilerak eta jarduerak baimentzen ditu, eta erregimen horrek xedatzen du emandako babesarekin bateraezinak izango direla araubide horretan adierazten ez diren erabilera eta jarduerak. Arau orokor horren salbuespen modura, eremu babestuko lurra mugituko edo aztarna arkeologikoak antzaldatuko ez duten jarduerak baimentzeko aukera ematen da; betiere, babes-araubideko xedapenak betetzen badira eta Kultura Sailak aldez aurretiko baimena ematen badu. Arau-xedapen horrek bete egiten du Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 12.1.d) artikulua, babes-araubidean jasotzen baititu egin ahal izango diren edo egin beharrekoak izango diren jarduerak eta debekatuta izango diren jarduera, eta, horrez gain, ez du 29.2 artikuluak arautzen duena urratzen, deklarazioaren ondorenean aplikatzekoa baita, ondasunaren babesa ezarri ondoren.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan araututakoarekin bat, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako txostena ikusirik, Kulturako sailburuaren proposamenari jarraituz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko uztailaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Lehenengoa. Euskal Kultura Ondarearen Zentroko sailkatutako kultura-ondasunen erregistroan inskribatuko ditu Kultura Sailak I. eranskinean zerrendatzen diren Arabako behe-lurretako trikuharriak.

Bigarrena. Jabetza Erregistroari igorriko dio Dekretu hau Kultura Sailak, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 26. artikuluak adierazten dituen ondorioetarako, eta interesatuei jakinaraziko die, nola diren, Bilar, Kuartango, Laguardia, Leza, Lantarón, Agurain, Donemiliaga eta Eskuernagako udalak eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saila, Toki Administrazioaren eta Lurralde Orekaren Saila, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila.

Hirugarrena. Kultura Sailak Bilar, Kuartango, Laguardia, Leza, Lantarón, Agurain, Donemiliaga eta Eskuernagako udalei eskatuko die beren udaleko hirigintza-araudia Monumentu Multzoaren babes-araubidera egokitzeko, behar bezala bete dadin Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak arautzen duena.

Laugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.

Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen du Dekretu honek, eta bere aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete Jaurlaritzaren Kontseiluan hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan, Dekretu honen azken argitaratze-egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko uztailaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

UZTAILAREN 26KO 183/2011 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

MUGAKETA

Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu-multzoa dugu hau (Arabako Lautada, Arabako Errioxa gehiena, Lantarón eta Kuartango). Egitura, kronologia eta material aldetik Mesetako antzeko beste batzuekin izan dezake loturarik.

Monumentu-multzoan sartzen diren trikuharriak hauek dira: Chabola de la Hechicera eta El Encinal (Bilar); Lazaya, San Martín, Alto de la Huesera eta Los Llanos (Laguardia); El Sotillo (Leza/Laguardia); La Mina eta La Lastra (Lantarón); Sorginetxe (Agurain); Aizkomendi (Donemiliaga); San Sebastián I, San Sebastián II, Gurpide Hegoa eta Gurpide Iparra (Kuartango) eta El Montecillo (Eskuernaga).

Multzoaren mugaketa IV. eranskineko planoetan agertzen da, hortxe ikusten baitira 1. eta 2. eremuetako mugak (beharrezkoa izanez gero), multzoa osatzen duten elementuenak. Aztarnategiaren beraren mugek markatzen dute 1. eremuaren luze-laburra; 2. eremua, ordea, aztarnategia oso-osorik kontserbatzeko beharrezkotzat jo den espazio zabalagoa babesteari begira ezarri da, suntsiketa edo aldaketa arriskuak saihesteko.

UZTAILAREN 26KO 183/2011 DEKRETUAREN II. ERANSKINA

DESKRIPZIOA

Multzoa 16 trikuharrik osatzen dute, honako udalerri hauetan kokatuak: Kuartango, Lantarón, Agurain, Donemiliaga, Laguardia, Leza, Bilar eta Eskuernaga. Bata bestetik oso hurbil daudelako edota toki batzuetan ugariago direlako, trikuharrietako batzuk estazio megalitikotzat jo izan dira bibliografian, Kuartangoko estazioa edo Arabako Errioxakoa kasu. Dena den, talde homogeneo bat osatzen dute guztiek, zeren denak antzeko kokagunetan agerturiko kultura-adierazpen beraren aztarnak baitira, hau da, arro mediterraneoko behe-lurretan daude, kronologia, eraikuntza-mota eta erabilera aldetik berdintsuak diren goi-lurretako megalitoak ez bezala.

Hilobi-adierazpide megalitiko hauek oso esparru kronologiko zabala hartzen dute Euskal Herrian, hasi K.a. IV. milurteko bigarren erdialdean Neotilo garaian, argiro, hainbat erabilera etapa agertzen dituela, eta Brontze Aroan bete-betean egindako azken hilobi-geruzen arte, K.a. II. milurtearen erdialdean.

Trikuharri-talde nabarmenena osatzen dute, arkitektura aldetik duten monumentu izaerari dagokionez. Euskal Herrian ugariagoak diren goi-mendietako trikuharrietan ez bezala, hauen tipologia galeria-hilobiarena da. Monumentu hauek zirkulu erako ganbera poligonal baten oinarrian daude eratuta, erdian korridore bat dutela, batzuetan zeharkako partiketa egiten duten lauzak kontserbatuta. Estalkia buruduna izaten da batzuetan, Chabola de la Hechiceran, Aizkomendin edo Sorginetxen oraindik ikus daitekeen moduan. Ganberako ortostatoak behetik gora estutuz doaz, eta, hala, goiko irekigunea txikiagoa da. Akabera-molde hau, ordea, ez du ematen beti gertatzen zenik, zeren eta ganbera batzuek duten diametro handiari erreparatuta San Martingoa, kasu zaila da imajinatzen horrela estalita egon zitezkeenik. Beste aukera bat izan liteke kupula aizun batez estaltzea edota txabola moduko zurezko sabai batez.

Hilobi-ganberaren gainean tumulu eskuarki handi bat dago, urrutitik ere nabarmen ageri dena. Oin-planoek zirkulu tankerarako joera dute eta harri handiz eta lurrez osatuta daude.

Den-denak induskatu dira, eta ganberak eta korridoreak hustu, baina tumulu osoa ez. Gehienak zaharberritu edo sendotu egin dira, nola edo hala, eta ia denek dute dagokien seinalizazioa.

Hauek dira monumentu-multzoa osatzen duten elementuak:

Chabola de la Hechicera eta El Encinal trikuharriak (Bilar).

Layaza, San Martín, Alto de la Huesera, Los Llanos (Laguardia) eta El Sotillo (Leza/Laguardia) trikuharriak.

La Mina eta La Lastra trikuharriak (Lantarón).

Sorginetxe trikuharria (Agurain).

Aizkomendi trikuharria (Donemiliaga).

San Sebastián I, San Sebastián II, Gurpide Hegoa, Gurpide Iparra trikuharriak (Kuartango).

El Montecillo trikuharria (Eskuernaga).

Chabola de la Hechicera trikuharria (Bilar). Korridore motako trikuharria, tamaina oso handia duena. Hilobi-ganbera (4 m x 3,80 m, eta 2,70 m garai) hareharrizko bederatzi lauzaz osaturik dago, oinplano poligonala du, eta beste lauza batek egiten du estalkiarena. Korridorearen oinplanoa angeluzuzena da eta bost lauza ditu, 1,10 m zabal eta 1,50 garai den pasabidea eratzen dutenak. Zeharkako lauza batek bitan banatzen du korridorea. Trikuharriaren gauzarik bereizgarriena da korridoreko ostostatoen eta ganberako ortostatoen artean dagoen garaieraren aldea. Estaltzeko tumulua zati batean kontserbatzen da bakarrik.

El Encinal trikuharria (Bilar). Trikuharri handia da, ganbera poligonal batez eta korridore batez osatua. Ganbera (2,96 m x 2,50 m, eta 2 m garai) hareharrizko sei lauzaz osaturik dago. Korridoreak lau lauza ditu, eta hiru metro luze eta metro bat zabal da. Ez dauka estalki-lauzarik. Askorik nabarmentzen ez den eta inguruko hareharriz eginda dagoen tumulu batez estalita dago.

Layaza trikuharria (Laguardia). Korridore motako hilobi megalitikoa, oinplano irregularra duena (3 m x 1,80 m). Hareharrizko zazpi lauzatan oinarrituta dago, eta korridoreak zortzi lauza ditu. Hego-ekialdeko lauza bat galdu da. Korridorea (0,75 m zabal), bestalde, nahiz eta ongi markatuta egon, nahiko egoera eskasean dago. Trikuharria harri-tumulu obalatuz batez (26 m x 16 m) inguratuta dago.

El Sotillo trikuharria (Laguardia/Leza) Aurrekoa bezala, hau ere korridore motako hilobi megalitikoa dugu. Hilobi-ganbera obalatua da (3,30 m x 2,90 m), eta bederatzi lauza ditu, horietako bat 2,29 metroko garaierarekin. Korridorea (0,60 m zabal, 1,30 m garai) bost lauzak mugatzen dute. Monumentuaren inguruan lurrez eta harri txikiz egindako tumulua ikusten da, 18 bat metroko diametroa duena. Bertara iristeko pistak tumuluaren beraren zati bat mozten du.

San Martin trikuharria (Laguardia). Erraz identifikatzen da, tumuluaren gainean txabolatxo bat duelako, hain zuen trikuharriaren ganberako lauzak atzealdeko murrutzat dauzkana. Korridore erako trikuharria da, estalkitzat lauza lauak dituena (bat bertatik bertara ikus daiteke), eta zirkulu tankerako tumulu bat hilobi-ganbera inguratuz. Ganberak oinplano poligonala du, eta hareharrizko hamar lauza eskergaz osaturik dago (5,75 m x 3,10 m, eta gehienezko 1,90 m garaiera). Korridoreak bost lauza ditu eta 1,20 m zabal eta 1,30 m garai da. Pasabidearen mendebaldeko lauzak, zeinean bermatzen baita estalkikoa, zulo edo husgune ugari ditu, ustez megalitismoari dagozkion arte-adierazpenekin lotuak. Trikuharriaren inguruan harriz eta lurrez eratutako tumulua dago, ondoko mahastizaintza-lanek larri hondatu dutena.

Alto de la Huesera trikuharria (Laguardia). Trikuharri hau oso handia da, eta, azken ikerketei esker, esan dezakegu, korridoredun trikuharria dela, multzoko trikuharri gehienak bezala. Hareharrizko sei lauza handi ditu egun, esparru poligonal bat mugatzen dutenak (2,65 metroko diametroa). Lauzak bertikalak dira, erdirantz elkartzeko joerarekin, bata bestean bermatuz estaltzeko eraketa sinplea bilatuko balute bezala. Lauza handiago bat dago, gaur egun ganbera barruan eroria, batzuen iritziz jatorrizko estalkia izan zitekeena. Halaber, oinplano irregularreko tumulua du ganberaren inguruan.

Los Llanos trikuharria (Laguardia). Korridore erako trikuharria. Sei lauza ditu, hilobi-ganbera poligonala (3 m x 2,60 m) eta 103 cm zabalerako pasagunea mugatzen dituztenak. Azken horretan oraindik jatorrizko kokalekuari eusten dioten bost ortostatu daude. Ganberako lauzen altuera 1,62 metro da, baina korridorekoena 85 cm. Kasu gehienetan bezala, ez da gelditzen estalkiaren aztarnarik. Tumulua harri handiz eta lurrez eginda dago. Haren zati handi bat induskatu gabe eta sasiak hartuta dago.

La Mina trikuharria (Lantarón). Ohiz kanpoko oinplanta du, definigaitza. Ondorioz, batzuek bi ganbera daudela diote, beste batzuek ganbera bat eta ganberaurrekoa bereizten dituzte, eta badago azken espazio hori korridoretzat jotzen duenik ere. Edonola ere, hareharrizko lauzek bi gune markatzen dituzte: gune nagusia edo ganbera (handiagoa), zazpi lauzaz osatua (bost oraindik zutik daude eta beste batzuk barrualdean erorita daude) eta oinplano poligonaleko barne-espazio bat (2,85 m x 3,40, eta 2,40 m garai) mugatzen dutenak. Aurrekoari hegoaldetik atxikia beste esparru bat dago, zazpi lauzak eratua. Bigarren esparru hori txikiagoa da eta 1,05 metroko garaiera du. Zati batean tumulutik hartutako harriz estalita dago. Tumuluak oinplano obalatua du, eta argiro nabarmentzen da paisaian. Bi metroko altuera du, eta ardatzik luzeena (E-W) 23 metro da. Tumulua arian-arian zabalduz doa ertzetan, zeren inguruko soroak goldatzearen ondorioz gero eta lur gehiago biltzen baitu. Zereal-alorrez inguraturik dago eta, horrenbestez, nekazaritza-lanek nabarmen markatzen dute monumentua, tumuluaren muga ia bertikala uzteraino.

La Lastra trikuharria (Lantarón). Aspalditik erakusten duen itxura txarra kontserbazio oker baten ondorioa da. Soro batean dagoenez, behin baino gehiagotan luberritu den alorra dugu, halako moduz non aurkitu zenetik bertatik ia ikusezina zen tumulua. Orduan hareharrizko lau lauza geratzen ziren bakarrik zutik, eta beste bat lurrean erorita, denak ganberakoak. Nahiz eta ez osatu esparru itxi bat, lauzek erakusten dute nolakoa izan zitekeen trikuharriaren ganberaren oinplano poligonala. Gaur egun, egiturak hainbat kalte jasan eta gero, lau lauzotako hiruk irauten dute zutik, eta ugari dira ingurumarian erorita dauden tamaina handiko lauzak.

Sorginetxe trikuharria (Agurain). Kareharrizko sei lauza ditu, ganbera poligonala (2,3 m x 1,90 m, eta 2,35 m garai) mugatzen dutenak. Ez dauka korridorerik eta, kasu bakan batzuetan baino gertatzen ez den bezala, estalkiko lauza horizontal bat kontserbatzen du. Ez dakigu ezer jatorriz egitura estaliko zuen tumuluaz.

Aizkomendi trikuharria (Donemiliaga). Egilatz moduan ere ezagutzen da. Espediente honetan aztertzen diren lautadako trikuharrien artean handienetakoa eta esanguratsuenetakoa da. Hamar lauzaz osaturiko ganbera bat du, barrualdera ia angeluzuzena den espazio bat osatzen duena (3,83 m x 2,70 m). Iparraldekoa hareharrizkoa da; gainerakoak kareharrizkoak. Ganbera gainean estalki-lauza horizontal bat dauka, zatitua eta itsatsia. Ganbera 2,44 m garai da. Hura estaltzen zuen tumulu bat zegoen, baina egun iparraldeko erdia baino ez da geratzen, eta pasabide batek banatzen ditu ganbera eta tumulua. Behin induskatuz gero, esku-hartze ugari egin dira bertan.

San Sebastián I edo Iparra trikuharria (Kuartango). Jarraian deskribatuko dugun trikuharri-multzoa ongi definitzen duten lau trikuharri handietako bat. Bakuna da, korridorerik gabe, oinplanta hexagonalekoa. Kareharrizko sei lauzak barrualdera makurtuta daude, hilobiaren gunea estutuz (2,30 m x 1,40 m, eta 1,38 m garai). Lauzetako batzuk puskatuta daude, eta beste batzuk lur azpian antzeman daitezke. Ganberaren gainean tumulua eraiki zen; handia, oinplanta irregularrekoa, luzanga, eta ardatz luzeena 22,30 m duena. Antza, ez da inongo zaharberritzerik egin.

San Sebastián II edo Hegoa trikuharria edo El Montecillo trikuharria (Kuartango). Ganbera eta korridorea dituen trikuharria. Zaila da ikusten, tumuluaren zati handi bat erori eta korridorearen piezak estali dituelako. Kareharrizko zortzi lauzak mugatzen dute ganbera handia, oinplanta poligonalekoa; gaur egun oso hondatua dago, ortostato gehienak barrualdera okertuta baitaude eta, ondorioz, hilobi-gunea itxi egiten dute. Piezetako batzuk, gainera, ia alferrik galduta daude, erortzeko arriskuan, arraildura larriak baitituzte. Korridoreari dagokionez, badirudi bertako bi lauzak galeria banatu bat iradokitzen dutela. Multzoaren alderdi esanguratsuena haren tumulu handia da, nahiz eta, trikuharria eta bertako korridorea estaliko zituen tokitik aterea izan denez, sakonune bat geratu den. Ardatz luzeena (N-S) 32 m da, eta 3,50 bat m-ko garaiera du. Ez du ematen zaharberritzerik egin denik.

Gurpide Iparra trikuharria (Kuartango). Multzoko guztietatik, hauxe da egoera txarrenean dagoena. Bibliografiak korridore erako hilobia izan zela diosku, baina gaur egun ikus daitekeen gauza bakarra tamaina ikaragarria duen harlauza bat da (3,10 m x 1,18 m, eta 0,25 m lodi), etzana dagoena, hain zuen ere ganbera zegokeen tokian bertan, zeren eta handik gertu lurrean bertikalki tinkaturiko bi lauza txiki baitaude. Tumulua kareharri handiz egina dago, eta oraindik ongi markatuta ageri da, nahiz eta aski eraldatua dagoen, han-hemen sakonean baititu. Oinplanta ia zirkularra da; ardatz luzeena (E-W) 17,30 luze da.

Gurpide Hegoa trikuharria (Kuartango). Trikuharriaren ganbera erraz ikusten da, induskatua izan baita ez bakarrik barrualdetik, baita hegoaldetik estaliko zuen tumulua ere. Horrek euskarri eta babesik gabe utzi ditu itxitura honetako harlauzak. Ondorioz, lauza horiek desagertu egin dira. Gaur egun in situ dauden zazpi ortostatuek galeria estaliko hilobi bat J. M.Ş Apellánizek emaniko definizioaren arabera mugatzen dute, nahiz eta ortostatoek eta ganbera eta ganberaurrekoek altuera ezberdina duten. Ganberaren neurriak, barrualdetik, honakoak dira: 3,20 m x 2,75 m, eta 2,10 m garai. Ganberaurrekoari dagokionez, bi lauzak zehatz markatzen dute hasiera, eta 0,85 m-ko pasabidea zedarritzen dute. Pasabidearen garaiera 1,23 m zatekeen, eta luzera 1,50 m. Jatorriz monumentua estaliko zuen tumulua oraindik kontserbatzen da erdi-hegoaldean, eta tamaina bikaina du. Ardatzik luzeena (NW-SE) 21,70 m da, eta garaiera 2 m-tik gorakoa.

El Montecillo trikuharria (Eskuernaga). Ganbera sei ortostaroz osaturik duen galeria-hilobia da. Horiek gutxi gorabehera 2,50 x 2,30 metroko gune poligonala eratzen dute barrualdean. Korridoreko bi lauza kontserbatzen ditu, beherago daudenak, eta horiei esker dakigu 2, 5 metro luze dela eta 0,80 metro zabal, gaur egun ikusteko moduan dagoena Horren ingurumarian lur-tumulu bat eta harri handi batzuk daude, zeintzuek jatorriz hilobi-egitura osoa estaliko baitzuten, baina gaur egun oso aldatuta dago dena. Gain batean dago -hortik datorkio deitura-, mahastiz inguraturik. Duela gutxi arte trikuharria dagoen tokian bertan ere mahastiak landuko ziren.

UZTAILAREN 26KO 183/2011 DEKRETUAREN III. ERANSKINA

BABES-ARAUBIDEA

Babes araubide honetan jasotako aginduei men egin beharko diete Ebazpen honen I. eranskinean adierazitako eta Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu-multzoaren barrutiko inguruek, egiturek eta eraikuntzek.

Babes-araubide hau uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Araubidea, aipatutako legearen 28.1 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-planeamenduari begira.

Horrexegatik, Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu multzo izendatutako ondasun modura jaso beharko dira kokatuta dauden udalerrietako planeamendu tresnetako kultur ondarearen katalogoan. Era berean, planeamendu tresna horiek babes araubide honetan artatze eta babes zuzen baterako berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute. Nolanahi ere, horiek onesteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat etorri ez edo horien aurka badoaz.

Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera araubide orokorra ezartzerakoan, bi eremu bereizi behar dira:

  1. eremua. Aztarnategiek berek zedarritzen dutena, hau da, hilobi-ganberak estaltzen dituzten tumuluena. Monumentu megalitikoen kanpo-ingurunea osatzen du (IV. eranskineko planoetan adierazita daude).

  2. eremua. Monumentu megalitikoen hurbileneko inguruneak (babes bereziko azaleren edo 1. eremua deritzonaren inguruan). Eremuaren azalera aski da monumentuaren babes integrala bermatzeko (IV. eranskineko planoetan adierazita daude kasu guztiak).

Bi dira Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharriei emandako babes mailak, eta honela banatzen dira: 1. eremua edo babes bereziko azalera deritzona, eta 2. eremua edo babes ertaineko azalera deritzona, biak ere IV. eranskineko planoetan zehazturikoak.

  1. eremua. Babes bereziko azalerak.

    Gune horretan, aztarnategiak ikertzeko, kontserbatzeko eta balioztatzeko jarduerak soilik egin ahal izango dira. Hortaz, bertako erabilerek zientzia eta kultura jarduerak izan beharko dituzte helburu, hau da, erabilera horien bitartez, babestutako ondasunaren zabalkundea eta ezagutza egokia bultzatu beharko dira.

  2. eremua. Babes ertaineko azalerak.

    Eremu honetan ez da onartuko ondasunaren artapenari kalte eragiten dion inolako jarduerarik. Bai, ordea, aztarnategia dagokion naturgunean integratzera bideratutakoak, baldin eta integrazio horren bitartez artatu beharreko kultur ondasunean funtsezko aldaketarik edo haren interpretazio okerrik eragiten ez bada. Kulturarekin eta turismoarekin zerikusirik duten erabilerak sustatuko dira.

  1. Soilik babes-araubide honetan jasotako erabilerak eta jarduerak onartuko dira. Beraz, eskainitako babesarekin bateraezinak izango dira ondorengo manuetan jasotzen ez diren erabilerak eta jarduerak.

  2. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko arrasto arkeologikoak errespetatzen badira.

  3. Lurraren gainean perimetro fisiko bat ezarri beharko da, babesturiko aztarnategien kanpo-ertzaren muga markatzeko; hartara, bertan egiten diren geroko jarduerek (lur-lanketa eta beste) eremu hauetan sar ez daitezen. Muga horrek argi erakutsiko du zein den monumentuaren mugaketa-lerroa, baina ez da hesi bat izango. Helburua da lurraren gainetik askorik goratzen ez den lerro bat ikusaraztea, arreta emateko eta aldi berean babes egoki eta eraginkorra eskaintzeko.

  4. Multzo osoaren azterketa orokorra egingo da, eta bertan jasoko dira aztarnategi bakoitzaren ikerketen eguneraketak eta haien kontserbazio-egoeraren analisia. Azterlan hori izango da abiapuntua beste agiri bat egiteko, zeinak, datu horiek biltzeaz gain, finkatze-jarduera eta kontserbazio-ekintza presazkoenak adieraziko dituen. Horrez gain, azken agiri horretan, jarduera horiek egiteko irizpide orokorrak adieraziko dira, eta multzoaren balioa egokitasunez indartzeko ageri diren oinarrizko beharrizanen programa jasoko da.

    Arabako Foru Aldundiak eta/edo Eusko Jaurlaritzak susta dezakete agiri hori egiteko prozesua, baina beti bermatu beharko da bi erakundeen parte hartzea prozesu horretan. Agiri horrek xedatzen dituen alderdiek eragina izan dezakete monumentu-multzoaren babes-erregimeneko xedapenetan, eta, halakorik gertatzen bada, xedapen horiek bete edo egikaritu baino lehen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena beharko da.

  1. Irizpide orokorra.

    Oro har, eremu honetan jarraitu beharreko irizpidea honakoa da: erabat murriztea babes maila honetako ondasunen egoera aldaraz dezakeen edozein giza jarduera, hau da, agerian dauden ondasun higiezinen hondakinak suntsi edo aldaraz dezakeen erabilera zein jarduera oro saihestea.

    Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu horietan onartutako erabilerek zientzia eta kultura izaerakoak izan beharko dute, bestelakorik ez. Beraz, baimendutako jarduerek sendotzea, kontserbatzea edo zaharberritzea izan beharko dute helburu, bai eta ikerketa arkeologikoa ere.

  2. Eraikitzeko asmorik ez duten zientzia eta kultura jarduera baimenduak, aztarnategia balioztatzea eta haren zabalkundea helburu dutenak.

  1. Zientzia jarduerak.

    Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Arabako Foru Aldundiak baimendutako egitasmoa aurretik dela.

    Bada, eremu horretako zientzia-jarduerek (arkeologia-indusketak, azterketak, ikerlanak etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, gerora begirako balioztatzea ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da arkeologia metodologiaren bidez aurkitutako arkeologia-ondasun higiezinak dauden toki berean babestu beharko direla.

    Kendu egingo dira gaur egun dauden eta monumentuen kontserbazioarekin bateraezinak diren erabilera guztiak, adibidez nekazaritza-lanak edo zuhaitzak. Debekatuta dago, berariaz, zuhaitz-landaketarik egitea. Oraingo zuhaitzak moztu egingo dira, baina aztarnategiari kalterik ez egiteko eran, alegia, sustraiak atera gabe, horrek monumentua amilaraziko lukeelako. Horretaz gainera, monumentuen babes-eremuaren barruan lurra lantzea erabat debekatuta egongo da, bai eta toki askotan ireki diren sarbide-pistak ere, batzuk hilobi-ganberaraino bertaraino iristen baitira.

  2. Aztarnategia balioztatzeko eta ezagutarazteko kultura-jarduerak.

    Monumentu-multzoa osatzen duten aztarnategiak babestu eta balioztatzeko jarduera edo interbentzioak egiten hasi aurretik, berariaz eta sakontasunez aztertu behar dira haien beharrizanak, eta multzoan egin beharrekoak diren jarduerak antolatu eta planifikatu behar dira, babes-erregimen honetako 5. artikuluko 4. puntuan adierazten den moduan. Lan hori egiteko abiapuntua izango da, multzoa zaharberritzeko prozesu orori ekin aurretik, ezinbestekoa izango dela hari buruzko ikerketa arkeologikoa eguneratzea. Gogoeta-prozesu bat egin behar da hausnartzeko, besteak beste, monumentu-multzoak zer jatorri izan duen, zer testuingurutan sortu zen, nork eraiki duen edo zer-nolako garrantzia duen; hala, multzoari buruzko ahalik eta ikuspegi fidelena izango dugu. Prozesu hori egin ondoren, oinarri batzuk finkatu ahalko dira, multzoaren balioa indartzeko jarduerak erabakitzen lagunduko dutenak; izan ere, jarduera horiek egiteko irizpideek beti izan behar dute lotura egoki bat aztarnategiekin beraiekin.

    Monumentu-multzoaren balioa egokitasunez indartzeko oinarriak ezarriko ditu agiri horrek, eta, aztarnategia interpretatzeko beharrezkoa dela iritziz gero, aztarnategiko zati suntsituak berreraikitzea aurreikusi ahal izango du, betiere berreraikitzea bera gailentzen ez bazaio aztarnategiaren ikuspegiari.

    Hilobi-egiturarekin zerikusirik ez duten eranskin itsusgarriak kentzea ere jasoko du, adibidez Alto de la Huesera trikuharrian jarritako erpin geodesikoa edo Lazayako tumuluan dagoen kartelaren behe-aldea. Horretarako, arretaz begiratuko da monumentuaren egiturari kalterik ez egitea, eta, edonola ere, beti berregin egingo da.

    Gainera, multzoaren kontserbazio-egoera zaintzeko eta haren jarraipena egiteko programa bat jorratu beharko du antolamendu eta plangintzarako agiri horrek, aztarnategiok in situ mantenduko direla ziurtatzeko: kalteen kontrola, bertan hazten den landaredi sarria kentzea, zaborrak...

    Egin beharreko jarduerak antolatu eta haien plangintza egingo duen tresna edo agiri hori mamitzeko, beharrezkoa izango da alor ezberdinetako adituak bilduko dituen talde diziplinarteko bat osatzea. Horrela, multzoa ongi ezagutzen duen jendea elkartuko da, besteak beste arkeologo profesionalak, egin beharreko lanen irizpideak ezartzeko erabakigarriak izango baitira.

    Agiri horrek aldez aurretik baimentzen dituen jarduerak soilik onartuko dira, baldin eta agiri horretan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte. Jarduera horien ezinbestean utzi beharko dituzte beren lekuan, in situ, arrasto higiezinak.

    Antolamendu eta plangintzako agiri horrek aldeko txosten edo irizpena jaso bitartean, kontserbazio-premia larria dela-eta gauzatu beharreko edozein jarduerak aurrez Arabako Foru Aldundiaren baimena beharko du, eta arkeologo batek zorrozki kontrolatu eta ikuskatuko ditu lanok. Halaber, erabilitako teknikak eta materialak zaharberritzeko lanetan funtseko eta oinarrizkoa den araua bete beharko dute, hots, aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren aztarnarik gera ez dadin.

  1. Irizpide orokorra.

  2. eremuan erabilera eta jarduerak mugatuko dira, halako moduz non ez baita baimenduko inolako nekazaritza-ustiapenik, basokorik edo abeltzaintzakorik. Eremuko erabilera bakarrak kulturalak izango dira.

  1. Erabilera eta jarduera konstruktibo eta ez-konstruktibo baimenduak, kultura eta zabalkundea helburu dutenak.

    Bakarrik baimenduko dira gunea bera babestera bideratutako erabilera eta jarduerak, kultura-ikerketa edo -zabalkunderako ezinbesteko direnak, betiere aztarnategiaren kontserbazioarekin bateragarriak badira. Eta soilik onartuko dira baldin eta behar bezala jasota badaude babes-erregimen honetako 5. artikuluak multzoa babesteko eta haren balioa indartzeko arautzen duen antolamenduan, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txosten edo irizpena jaso badute.

    Antolamendu horrek zehaztu beharko du zein betebehar dauden monumentuetara iristeko sarbideetan autoz zein oinez, eta ibilgailuak aparkatzeko nahikoa toki ziurtatu. Aparkalekuak, ahal dela, monumentuetatik kanpo jarriko dira, non eta ibilgailua uzten den toki beretik hilobi-santutegia eraiki zen parajea distantziatik begiztatu ahal izango den, hura eraiki zeneko paisaia.

    Horrekin batera, bisita-sarbidea antolatzeaz gainera, multzoa testuinguruan kokatzeko behar diren seinale eta argibideak jartzeko zer behar dagoen ere ezarri beharko da. Zabalkunde-programak eguneratu egin beharko dira, multzoa bere osotasunean hartuz, unitate bakar batez alegia. Planteatuko da, ildo horretatik, ikerketa arkeologikoetatik jasotako informazioa bilduko duen halako instalazio txiki baten interesa, bide batez hurbilpen bat eskain dezakeen megalitoen fenomenora, garaira, eraikitzaileengana, ingurune naturalera...

    Dena den, monumentu-multzoa babestu eta haren balioa indartzeko jarduerak antolatu eta planifikatuko dituen agiriak aldeko txosten edo irizpena jasotzen duen arte arte, zilegi izango da kultura-jarduerak garatzea eta sustatzea, inguruaren eta haren ondare-balioen berri emateko eta hobeto ezagutzeko. Babestutako eremua behar bezala seinaleztatu daiteke, kultur ibilbideetan sartu, eta bertara bisitak antolatu. 2. eremuaren barruan horrelako kultura-jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da, eta arkeologo batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

Espediente honetan aztertzen den Arabako Lurralde Historikoko behe-lurretako trikuharrien monumentu-multzoak, bertan hainbat indusketa arkeologiko egin eta gero, agerian ditu bere egitura-elementuetako asko, baina beste asko lurpean ditu. Horiek, ikerketa aldetik, sendotzeari eta zaharberritzeari begira, eta balioztatzeari begira duten interesa ikusita, eta Kultura Ondarearen 7/1990 Legeak bere 21. artikuluan dioenarekin bat, gizarte-interesa dutela jotzen da.

UZTAILAREN 26KO 183/2011 DEKRETUAREN IV. ERANSKINA

MUGAPENAK

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik