Euskadi.eus
  • 198/2011 DEKRETUA, irailaren 6koa, Moreda Araban (Araba) dagoen Santa Maria eliza, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

198/2011 DEKRETUA, irailaren 6koa, Moreda Araban (Araba) dagoen Santa Maria eliza, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 176
  • Hurrenkera-zk.: 4516
  • Xedapen-zk.: 198
  • Xedapen-data: 2011/09/06
  • Argitaratze-data: 2011/09/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko irailaren 3ko Ebazpenaren bidez, Moreda Araban (Araba) dagoen Santa Maria eliza Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena eman zen (EHAAren 197. zenbakian argitaratua, 2010eko urriaren 13an).

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik eta Kultura sailburuaren proposamena kontuan hartuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko irailaren 6ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau

Lehenengoa. Kultura Sailak Moreda Arabako Santa Maria eliza Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena. Kultura Sailak Jabego Erregistroari dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Moreda Arabako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere jakinaraziko zaie.

Hirugarrena. Kultura Sailak Moreda Arabako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Monumentu mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanetarako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.

Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salari, Dekretu hau azkenenekoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko irailaren 6an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LáZARO.

IRAILAREN 6KO 198/2011 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

MUGAKETA

Mugaketaren esparrua.

Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumari urbanizatua hartzen ditu.

Horrenbestez, eremuak muga hauek ditu: ekialdetik eta mendebaldetik, San Jose kalea eta La Concepción plaza; hegoaldetik eta iparraldetik, bertako eraikinak.

Mugaketaren zergatia.

Proposatzen den mugaketa justifikatzen da Santa Maria elizaren ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako. Herriaren egituraren barruan, hiri-inguruaren zati bat da, muinoaren goialdean nabarmen.

Inguruaren mugaketak beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioztatzeko zera dakar, elizaren ondoko inguruak ere babestea, bestela ez baita ulertzen ondasunaren jatorrizko izaera zeremoniala, ezta multzoaren batasuna bera ere edo hiri-bilbearen barnean egotea.

Hori dela eta, mugaketak ez du soilik elizaren eraikina hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.

(Ikus .PDF)

Irailaren 6ko 198/2011 dekretuaren ii. eranskina

DESKRIBAPENA

Moredako Santa Maria elizaren egituran hainbat eraikuntza-etapa gainjartzen dira. Lehenengo etapari lotzen zaizkio oraingo elizaren aurreko beste baten aztarnak, seguru asko Erdi Arokoak; bigarren etapan (XVI. mendea) oraingo nabea eraiki zen, haren ganga-formako bi atalak, aurrealdea eta elizako koroa barne; hirugarren fasekoa da dorre-burua; XVII. mende bukaera eta XVIII.aren hasierakoak dira, azkenik, burualdea, gurutzadura eta hormetako pinturak.

Geroztik egin diren aldaketek ez dute eraginik izan elizaren eite orokorrean.

Eliza harlanduzkoa da. gurutze latinezko oinplanoa du, bi nabe-atalekin, gurutzadura, burualdea eta dorre atxikia, nabearen oinaldean kokatua. Beharbada aurreko eraikinen baten gainean altxatu zen. Nabearen barnean kontrahormak eta arku zorrotzeko hormak altxatzen dira, non Gotikotik Errenazimentura bitarteko trantsizioko leiho zabalak dauden, berriki zaharberrituak. Hori dela eta, zenbait leiho gotiko biki ikusten dira, arku trilobulatudunak. Gurutzadurak burualdean ganga semiesferikodun kupula bat dauka, petxinetan bermatua eta alboetan ertz-gangak dituena, eta kapera nagusia bezala pinturaz apainduta dago.

Dorrea oinplano karratukoa da, harlanduzkoa. Bi gorputz ditu eta elizaren behealdea erabiliz eraiki zen nagusiki. Goiko gorputzak kanpai-arkuak ditu, eta burualdean kupula semiesferikoak.

Elizaren sarbidea XVI. mende aurreratuxeko portada plateresko bat da. Kapitel korintoarra duten bi koloma ildaskatuk eusten diote arkitrabeari, eta bertan frontoi triangeluarra bermatzen da, Aita Betikoaren figura bat duena hiru pitxar estilizatuz lagunduta. Multzo honek arku erako atalburu bat du, pilastren gainean, gruteskoz apaindurik. Frisoa arkitrabetik aingeru-burudun frontoiraino doa.

Barruan korua dago, bigarren fasean eraikitako arku kakotu baten gainean. Behe-ganga izardun bat du, lerro makurrak eta giltzarri laua dituena. Handik hara, 1801. urtean, oraingo burdinazko baranda erantsi zitzaion. Sakristia oinplano angeluzuzenduna da, beheratutako kupula obaldun sabaiarekin.

Elizaren mendebaldean gorputz exentu bat dago, agian aurretik eraikitako hiru ferra-arkurekin, inguruko ermita zahar batetik ekarria.

IRAILAREN 6KO 198/2011 DEKRETUAREN III. ERANSKINA

BABES-ARAUBIDEA

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan esaten denaren arabera idatzi da, Moredako Santa Maria eliza sailkatutako monumentu deklaratzeko espedientea hasteko prozedurari jarraituta.

Ondoren zehazten den babes-araubidea Moredako Santa Maria eliza aplikatuko zaio, hurrenez hurren I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera.

Babes berezia honako elementu hauek izango dute:

Bolumetria eta espazio-eraketa, hormetako eta gangako polikromiarekin batera.

Eliza bera eta eliza osatzen duten elementu guztiak, baita dorrea eta hiru ferra-arku dituen gorputz exentua ere.

Babes-araubide honetako manuek izaera loteslea izango dute, eta araubide hori begiratuz kontserbatu beharko da erakina. Era berean, hirigintza-plangintzako tresnei ere eragiten die araubideko manuek, eta, beraz, tresna horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu lege-arau hori betetzeko, babes-araubide honen helburu den eraikinari aplikatu beharreko hirigintza-planeamenduak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

  1. Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo da, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

  2. Babes araubide honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

  3. Ondasuna osorik edo horren zati bat botatzea Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ezin izango da baimendu.

  1. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: elizaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta higiezina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren elementuetarako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.

  2. Debekatuta egongo dira aurreko pasartean sartzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

Babestutako ondasunean egokitutako erabilera berriek eta burututako jarduerek, irisgarritasunari buruz eta suteen aurkako babesteari buruz indarrean dagoen araudiko irizpideez gain, Babes Araubide honen III. Kapituluan ezarritako mugak beteko dituzte.

1. ATALA

ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

Babes araubide honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua egin beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

  1. Eraikinaren egungo egoeraren gaineko dokumentu grafikoa, 1/50 eskalan solairuetarako, fatxadetarako eta sekzioetarako, 1/20 eskalako xehetasun arkitektonikoekin; argazki-dokumentazio osoa, plano historikoak eta abar. Bereziki jaso beharko da egitura-sistemaren berri, zehaztasun osoz, neurriak eta akotazioak adieraziz, bai eta altxaduren analisi estratigrafiko osoa ere, aurrez dagoen dokumentazioa aztertuta eta kontuan hartuta unitate estratigrafiko guztiak, bai eta bakoitzari buruzko erregistro-fitxak idatziz, berariaz transkribatuz fabrika-liburuak.

  2. Honako hauek deskribatuko dituen dokumentazio grafikoa: zer esku-hartze egin behar den, zein material erabiliko den, lanak burutzeko faseak, eta proiektua amaieran nola geratuko den, aurreko atalean aipatutako eskalak erabiliz. Esku-hartzeek fabrikei eragiten badiete, Egikaritze Unitate bakoitzaren fitxak idatziko dira, erregistro zehatza izateko.

  3. Kontserbazio-egoeraren azterketa, besteak beste jaso beharko duena egitura-sistemari eragiten dioten edo eragin diezaioketen patologien azterlana eta elementu horiek zaintzeko aurreikusten diren neurriak.

  4. Egin beharreko lanak eta erabili beharreko teknikak azalduko dituen dokumentazio idatzia, honako alderdi hauek jasoko dituena: erabiliko diren materialen kalitatea eta egokitasuna, eta materialok gainerako osagaien ondoan zer egonkortasun izango duten eta elkarri nola eragingo dioten aztertuz.

  5. Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak zehaztea.

  6. Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-araubide honetako manuen arabera behar bezala gauzatzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak kontuan hartuta.

Eraikinetan egin daitezkeen esku-hartzeen helburua eraikinaren balio historiko arkitektonikoak babestea da. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko elementuen ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, babes-araubide honetako 3. artikuluan aipatutako elementu horiek ematen baitiote balioa eraikinari.

Oro har, ezin izango dira egin segidan aipatzen diren esku-hartzeak, ezta elizaren balio historiko-arkitektonikoei kalte egin diezaieketenak eta babes-araubide honetako beste edozein xedapenen kontra doazenak ere. Hartara, jarduera hauek debekatuta egongo dira berariaz:

  1. Eraikinen bolumena aldatzea.

  2. Jatorrizko eraikinei erantsitako eraikuntzekin zerikusia duten azalera-aldaketak, edo oinaren luzera edo zabalera handitzea.

  3. Aldaketak egitea fatxadetan edo fatxaden osagaietan edo tratamenduetan, edo fatxadaren jatorrizko antolaeran edo hutsarteen kopuruan. Izan ere horien jatorrizko forma, neurri eta proportzioei eutsi behar zaie.

  4. Estalkien jatorrizko antolaera aldatzea, esate baterako, eliza jasotzeko obrak, malda nahiz faldoiak aldatzea, bai antolaketan bai kopuruz.

  5. Elizaren barrualdea aldatzea, bolumetria, banaketa eta solairu arteko zatiketei dagokienez. Apainketako osagai arkitektoniko jatorrizkoak agerian egon behar dira beti.

  6. Elizaren egitura-antolaketa orokorra edo haren osagaiak aldatzea.

  7. Babes-araubide honetako 3. artikuluan aipatutako babes bereziko elementuei dagokienez, estilo-eransketak egitea, baita obra amaituaren itxura nolakoa izan den edo nola azaldu behar duen aditzera eman dezaketen dokumentu grafiko edo plastikorik egon arren ere.

  8. Eraikinaren ikuspegia murriztu dezaketen ingurumariko esku-hartzeak.

  9. Oro har, babes-araubide honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aipatzen ez diren esku-hartze guztiak, babes berezia duten elementuen gain egin beharrekoak.

    2. ATALA

    ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

Babes-araubidearen atal honetan deskribatzen diren esku hartzeko irizpide espezifikoek argitzen dute nola eta zein mugaketarekin esku har litekeen eliza osatzen duten elementuetan.

  1. Babes-araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuetan, 317/2002 Dekretuan zaharberritze zientifikoari begira ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.

  2. Eraikinei erabilera berria ematen baldin bazaie, egokitze-lanak ahalik eta txikienak izango dira; ahal dela barne-moldeei eutsiko zaie estu eta zorrotz, eta ezingo dira egitura-antolaketaren ezaugarriak aldatu, ez eta barne-espazioen segidarenak ere, eta ezingo dira horiek solairutan zatitu edo banatu.

  3. Baimentzen diren obretarako beharrezkoa izango da baldintza hauek betetzea:

    Saihestu egingo dira eraikinaren kanpo-ehundura edo akaberen osaera ezin berreskuratzeko moduan alda dezaketen garbiketa-tratamenduak. Garbitzen hasi aurretik eta materialen osaera aztertu ondoren, elementurik ahulenak babestu egingo dira eta zirrikitu eta junturak itxi egingo dira.

    Hormak eta egitura-elementuak: egoera txarrean badaude, horiek nola sendotu aztertuko da, erabil daitezkeen teknika guztiak aintzat hartuta. Horma desmuntatzea edo berreraikitzea saihestuko da, non eta horiek ez diren aukera bakarrak.

    Instalazioak: instalazioen garraiobideak erraz iristeko modukoak izango dira eta, aldi berean, ez oso agerikoak. Ezingo dira horma-egitura barruan egin.

    Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko zaharberritzeko esku hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanen ardura profesional eta enpresa espezializatuei emango zaie, lan horiek egiteko behar den gaitasun teknikoa badutela erabateko bermeekin egiaztatzen dutenei, hain zuzen.

Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, baina eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzekotan beti:

  1. Arkitektura-espazioa zaharberritzea eta aldatutako zatiak leheneratzea, ondokoen bitartez:

    Barneko edo kanpoko fatxaden zaharberritzea, ahal dela jatorrizko hutsarteak errekuperatuz.

    Jatorrizko arotzeriaren edozein elementu zaharberritzea fatxadako hutsarteetan, beirateetan, apaingarrietan eta abarretan, bai eta interesa duen beste edozein elementurena edo, hala badagokio, material eta diseinu berdinez egindako elementu berrien ordezkapena, halako moduan non jatorrizko eitea berreskuratuko den.

  1. artikuluan aipatutako babes bereziko elementuetako barne-espazioak zaharberritzea.

  1. artikuluan aipatutako osagaien jatorrizko banaketa edo leku-antolaketa gorde edo lehengoratzea.

  1. Errekuperaezinak diren zatiak kenduz egin beharreko sendotze-lanak, aldatu gabe kanpo- eta barne-fatxaden kokalekua edo kota, pilareak, mentsulak, forjatuak, gangak, eskailerak, jatorrizko materialaz egindako estalkia, 3. artikuluan aipatzen diren babes bereziko elementuak eta abar.

  2. Eranskin itsusgarriak kentzea, baita interesik ez duten edo eraikinaren, eraikuntza unitatearen edo berorren ingurunearen jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen obra guztiak desegitea ere.

  3. Behar-beharrezkoak diren instalazioak jartzea, betiere babes-araubide honetako gainerako manu guztiak errespetatuz.

  4. Hondatutako bestelako akabera-elementuren bat konpontzeko obrak, betiere ez bada egiturazko edo eusteko funtziorik.

  5. Barruko lanak: entokatua eta pintura; zoladurak eta sabaiak egin eta konpontzea, zurgintzako barne lanak, instalazioen konponketa, betiere hori ez bada babesteko araubide honen aukakoa.

Aurreko artikuluan ezarritakoa betez erabat, babestutako ondasunak nolabaiteko hondamena pairatuz gero, honako jarduketa edo leheneratzeak onartuko dira:

  1. Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzeko lanak. Horretarako, leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, eta bestelako materiala erabiltzea hobetsiko da. Material hori harmonikoa izango da eta lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten duen puntu horietan.

  2. Zatikatuta dauden lanen dekorazioa berrosatzea, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzea. Horretarako, hutsune txikiak berreraikiko dira lehen begiratuan erraz bereizteko moduko teknikak erabiliz, edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinetan lotzen diren gune neutroen bidez, edo jatorrizko euskarria agerian utziz. Baina, batez ere, gune figuratiboak ez dira inoiz «ex novo» leheneratuko, ez eta obraren figurazioari eragiten dioten elementuak sartuko ere.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik