- 199/2011 DEKRETUA, irailaren 6koa, Gaubeako (Araba) Villanuevako presa, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu199/2011 DEKRETUA, irailaren 6koa, Gaubeako (Araba) Villanuevako presa, Monumentu izendapenaz, Kultura Ondasun deklaratzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 178
- Hurrenkera-zk.: 4564
- Xedapen-zk.: 199
- Xedapen-data: 2011/09/06
- Argitaratze-data: 2011/09/19
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko irailaren 6ko Ebazpenaren bidez, Gaubeako (Araba) Villanuevako presa Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena eman zen (2010eko urriaren 5eko EHAA, 192. zk.).
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik eta Kulturako sailburuaren proposamena kontuan hartuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko irailaren 6ko bilkuran aztertu eta onetsi ondoren, honako hau
Lehenengoa. Kultura Sailak Gaubeako Villanuevako presa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitutako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.
Bigarrena. Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Gaubeako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere jakinaraziko zaie.
Hirugarrena. Kultura Sailak Gaubeako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.
Laugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
ALDIBATERAKO XEDAPENA
Monumentu mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanetarako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.
Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, dekretu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko irailaren 6an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Presaren babes-inguruaren mugaketak ondasuna bera hartzen du, alde batetik, eta haren ingurumaria, bestetik, eta gutxieneko distantzia batzuk markatzen ditu, elementuaren kontserbazioa eta haren ezaugarriak bermatze aldera. Horrenbestez, ondoko ingurunearen mugak hauek dira: hiru metro, presaren kanpoko ertz bietatik; hamar metro urari goiti, ura ibaitik kanalera bideratzen duen irekidura barne; eta hogei metro urari beheiti.
(Ikus .PDF)
Txostenak aztertzen duen presa Gaubeako udalerriko Villanueva herrian dago, Omecillo ibaian, urez hornitzen zuen errotatik 500 metrora HMrantz, zeina XVIII. mendean jada dokumentatuta baitago. Presaren eginbeharra ibaiaren ur-maila igotzea zen, aipaturiko errota kanalerantz indarrean jarri ahal izateko.
Presak ibaiaren ibilguarekiko angelu txiki bat eginez eraikia dago; zurezko eta harrizko egitura bat da, tamaina eta malda ezberdinetako bi planok eratua. Beraz, urari goiti dagoen arranpala motzagoa da, malda handiagokoa; urari beheiti dagoena, aldiz, leunago jaisten da, presa-oinarria zulatu dezakeen ur-kolpea ekiditeko.
Eraketa honek zurezko estalki baten eraikuntza-moldea gogorarazten du, nahiz eta urari beheiti dagoen zatian egurra harrizko kordoiekin nahasirik agertzen den, kontrahorma moduan. Arrapalak azkentzen dituen gailurra 2,10 metro garai da eta 10,75 metro luze, eta piezaren sekzioa 0,35 metro.
Urari goiti dagoen aldean, egituraren armazoia babesten duen zurezko estalkia ikus daiteke. Urari beheiti dagoena 3,5 metroko luzerako eta 0,25 metroko sekziodun enborrez osatua dago, tobazko harri-blokeekin nahastuta.
Urari beheiti dagoen arranpalatik, udaldian, presa ohantzean finkatzen duen zurezko «parrilladura» ikus daiteke. Gutxi gorabehera metro bateko aldea duen erretikulua da, barnealdea harri-blokez beterik duena. Zurezko erretikulua burdinazko iltze batzuen bitartez tinkatuta dago, edota iltzeok arroka naturalaren irtenguneen kontra bermatuta.
Presaren gailurretik 1,8 metrora, ezkerraldean, ura kanalera bideratzen zuen uhatea dago, gutxi gorabehera 1,10 metroko zabalera duena.
Presa zurez eta harriz egindako egitura berezia da, Arabako Lurralde Historikoan dagoen bakarra. Zurezko presak sarri erabili bide ziren garai batean, gelditu diren arrasto ugariei eta dokumentazioari erreparatuz gero, baina gerora harrizkoek hartu zuten haien lekua. Horregatik, ez da ohikoa zur hutsezkoak edo tipologikoa mistoa dutenak aztergai dugun honetan bezala aurkitzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun «in situ» ezagutzen eta kontserbatzen den bakarra dugu. Presa mota hau arkeologia industrialaren benetako erlikia dugu, jada desagertu diren antzinako eraketa eta tekniken testigu bakana. Azpimarratzekoak dira, bestalde, presaren eraikuntza-sistema mistoa zura eta harria konbinatzen baititu, haren kontserbazio egoera balekoa baina delikatua, eta haren interes historiko eta etnografikoa.
Babes-erregimen honek Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikulua du oinarri, eta helburua du Gaubeako Villanuevako presa (Araba) monumentu kategoriako kultura-ondasun kalifikatua deklaratzeko prozedura abian jartzea.
Ondoren zehazten den babes-araubidea hurrenez hurren I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.
Babes-araubide honetako arauak lotesleak dira elementuaren gaineko edozein jarduketari begira, eta araubidea errespetatuz zaindu beharko da ondasuna, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 37.1 artikuluan ezartzen duenari jarraiki. Era berean, hirigintza-plangintzako tresnei ere eragiten diete araubideko manuek, eta, beraz, tresna horiek ere bete egin beharko dute babes-araubidea, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu lege-arau hori betetzeko, babes-araubide honen helburu den eraikinari aplikatu beharreko hirigintza-planeamenduak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.
Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.
Ondasunean eta haren ingurumarian egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29 artikuluak.
Ondasun hori botatzeko, osorik edo berorren zati bat, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 36. artikuluan xedatutakoa bete eta jarraitu beharko da.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 23. artikuluan xedatutakoa betez, ondasunaren kontserbazio egokia bermatzen duten erabilerak baino ez dira baimenduko.
Kultura-ondasunean zuzenean edo zeharka egiten diren esku-hartze guztien helburua ondasun hori osorik babestea eta gerora begira osorik transmititzea da. Hori dela eta, Araban gelditzen den harri-egurrezko presa bakarraren ezaugarriak aldatuko lituzketen esku-hartzeak debekatu egingo dira.
Edozein esku-hartze gauzatu baino lehen, esku-hartzearen baliagarritasuna frogatzen duen eta teknikari gaituek eginiko bidezko proiektua egin beharko da. Proiektuan honako hauek jasoko dira, gutxienez:
Presaren egungo egoerari buruzko azterketa analitikoa: dokumentazio grafiko xehea (dokumentazio grafiko osoa eta bideoa), dokumentazio topografikoa, azterketa historiko-arkeologiko osoa eta kontserbazio-egoeraren azterketa eta diagnostikoa; gainera, obra egiten den bitartean elementuak babesteko aurreikusitako neurriak jaso beharko ditu, besteak beste.
Dokumentu grafikoa, honako deskribapen hauekin: presa osatzen duten elementuetan egin beharreko esku-hartze zehatzak eta bidezkoak diren elementu berriak, erabili beharreko materialak, lanak gauzatzeko faseak (halakorik badago) eta proiektaturiko bukaerako egoera.
Kontserbatu beharreko elementuaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak zehaztea.
Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-araubide honetako manuen arabera behar bezala gauzatzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak kontuan hartuta.
Gaubeako Villanuevako presan egin beharreko esku-hartzeetan, honako irizpide orokorrak gorde beharko dira:
Aintzat hartuko da presaren berezitasuna Araban gelditzen den tipologia horretako azken alea baita, etorkizunari begira eskualdatu beharreko balio ezinbestekoa alegia, bai eta haren eraikuntza-sistema eta interes historiko eta soziala ere. Esku-hartze guztien helburua izango da, horrenbestez, presa bere jatorrizko tokian oso-osorik kontserbatzea.
Ondasunean burutzen diren esku-hartze guztiak itzulgarriak izango dira, hau da, erabiltzen diren teknika eta materialek aukera emango dute ondasunaren eraginpeko elementuetan geroko esku-hartzeak egin ahal izateko.
Babestutako ondasuna eraberritzeko egin beharreko lanak, teknikoki ahalik eta bermerik gehienarekin egiteko gai direla egiaztatzen duten profesional eta enpresa espezializatuei emango zaizkie.
Presa eraberritzeko esku-hartzea denboran luzatzen bada, kultura-ondasuna iraunarazteko beharrezkoak diren kontserbazio-lanak egingo dira bertako elementuetan.
Egin beharreko esku-hartzeetan irizpide espezifiko hauek gordeko dira:
Ezabatu egingo dira alferrikako gehigarriak eta elementua ondo ikustea eta ulertzea eragotz dezakeen edozein lan berri.
Galdu diren edo kaltea izan duten presaren zatiak direla eta, antzeko piezen bitartez osa litezke, hartara babestu beharreko instalazioaren multzoa hobeto ulertzen bada.
Presaren zatietan gaur egun dauden material eta akaberen antzekoak eta bateragarriak diren material eta akaberak erabiliko dira.
Presa indarrean zegoen garaian estalkirik izan ez zuten tokietan, ahal den neurrian, estaltze berririk ez egiteko ahalegina egingo da.
Desmuntatzeko lanak egitea ezinbestekoa bada, aurrez bidezko azterketa egitea eska liteke, eta teknikari gaitu batek sinaturiko proiektua ere bai. Dokumentu horietan bermatu beharko da ondasunari kalterik egingo ez dioten lanak egingo direla.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen V. tituluan aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Villanuevako udalak elkarlanean jardungo dute jabeekin, bakoitzak bere eskumenen esparruan, instalazio hau behar bezalako baldintza egokietan izateko.


