Euskadi.eus
  • 42/2012 DEKRETUA, martxoaren 27koa, Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko edo zorpetze-eragiketak hitzartzeko baimena ematen duena, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, eta gehienez 1.207.796.030 euroko zenbatekoan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

42/2012 DEKRETUA, martxoaren 27koa, Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko edo zorpetze-eragiketak hitzartzeko baimena ematen duena, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, eta gehienez 1.207.796.030 euroko zenbatekoan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 67
  • Hurrenkera-zk.: 1559
  • Xedapen-zk.: 42
  • Xedapen-data: 2012/03/27
  • Argitaratze-data: 2012/04/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Ekonomia; Ogasun

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legeak dioenez, zor publikoa jaulkitzea Gobernu Kontseiluak dekretu bidez erabakiko du, eta dekretu horretan zenbatekoaren gehienezko mugak eta jaulkipena egiteko epea adierazi beharra dago, beste ezaugarri batzuk ere jaso daitezkeen arren. Halaber dio, dekretuan jaso ezean, ezaugarri horiek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren agindu baten bidez finkatuko direla, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dela.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legearen 10. artikuluko 1. paragrafoan baimena ematen da Eusko Jaurlaritzak zorpetze-eragiketak egin ditzan, baina muga hau ezartzen dio aurrekontuaren gehikuntza horri: ekitaldia ixterakoan saldoa ekitaldia hasterakoan zena baino 1.038.312.696 euro gehiagokoa izango da gehienez ere.

2011. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta ekitaldi honetan egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehienezko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.207.796.030 eurokoa da.

Mundu-mailako ekonomia eta finantza-krisiaren bilakaeratik eratorri den nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoeraren ondorioz, ahalik eta malgutasun handiena eman behar zaio zorpetze-arloan erabakiak hartzeko prozesuari.

Bada, dekretu honen bitartez baimendutako erabakiekin lotutako erabaki-prozesuari malgutasuna ematearren, ezarri gabe utzi da zor-jaulkipenak bideratzeko tresna eta modalitate zehatzaren zehaztapena, bai eta finantza-baldintzen ezarpena ere, merkatuen egoera hobea izan eta horiek ezarri ahal izan arte.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2012ko martxoaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egingo dituela, eta zorpetze-eragiketak hitzartuko dituela, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, kasu bietan barruan zein kanpoan, gehienez mila berrehun eta zazpi milioi zazpiehun eta laurogeita hamasei mila eta hogeita hamar (1.207.796.030) euroko baliokidea izango den zenbatekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legeak, 10. artikuluko 1. paragrafoan, Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.

Honako ezaugarri hauek izango dituzte dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketek:

  1. Gehienezko zenbatekoa, guztira: 1.207.796.030 euro.

  2. Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.

  3. Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.

  4. Epea: gehienez 30 urte.

  5. Jaulkitzeko modalitateak: honela egin ahal izango dira eragiketak:

    Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituko baloreak zirkulazioan jartzea eragiten badute, eurotan edo beste edozein dibisatan, eta edozein formatu eta egitura erabilita.

    Mailegu edo krediturako beste edozein eragiketa-tipologiaren bidez.

Dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketetatik eratorritako baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira.

  1. Indarrean dauden arauei jarraituz, baimendu diren jaulkipenek Estatuaren Zor Publikoak dituen onura eta baldintza berberak izango dituzte.

  2. Dekretu honen bitartez jaulkitako baloreak jaraunspenez do legatuz eskuratzen badira, beren arau erregulatzaileetan jasotako murriztapena izango dute dohaintza eta oinordetzen gaineko zergako zerga-oinarrian.

  3. Aplikatu beharreko arau erregulatzaileak murriztapena aurreikusita ere, murriztapenaren ezaugarririk adierazten ez badu eta murriztapena egiteko eskubidea ematen duen zorpetze publikoaren jaulkipenaren baldintzetara jo beharra jasotzen badu, ehuneko laurogeita hamarrekoa izango da ehunekoa, baldin eta balore horiek kausatzailearen ondarean gutxienez urtebetez egon badira kausatzailea hil aurretik.

Dekretu honen arabera jaulkitako baloreak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuko Zor Publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 3. paragrafoan agindutakoren arabera, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari dagokio, balore gisako zor publikoa jaulkiz gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko agindu bidez, dekretu honetan onetsitako zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehaztea, bai eta finantza-baldintzak eta, orobat, dekretu honetan eragiketei buruz aipatu ez diren gainerako ezaugarriak zehaztea ere, betiere dekretuaren aurreikuspenen barruan.

  2. Finantzetako zuzendaria baimendu da dekretu honek baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko beharrezko kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, hala badagokio.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko martxoaren 27an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik