Euskadi.eus
  • 52/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa, Zambranan (Araba) dagoen Zabalate Multzoa Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenez, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

52/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa, Zambranan (Araba) dagoen Zabalate Multzoa Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenez, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 78
  • Hurrenkera-zk.: 1787
  • Xedapen-zk.: 52
  • Xedapen-data: 2012/04/03
  • Argitaratze-data: 2012/04/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen kultura-ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2011ko azaroaren 15eko Ebazpenaren bidez, Zambranako (Araba) Zabalate Multzoa Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenez, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen (abenduaren 7ko EHAA, 231. zk.).

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko apirilaren 3ko egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Lehenengoa. Kultura Sailak Zambranako (Araba) Zabalate Multzoa Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena. Kultura Sailak dekretu honen berri emango dio Jabego Erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, Zambranako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko zaie.

Hirugarrena. Kultura Sailak Zambranako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia monumentu-multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Monumentu-multzoaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.

Lehenengoa. Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Jaurlaritzaren Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salari, bi hilabeteko epean, dekretu hau azkenez argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena. Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko apirilaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Multzo honetarako markatu diren mugak historian zehar herrixka babesteko askitzat jotako mugak dira, neurri handi batean lurraren eite natulararekin bat datozenak. Horrenbestez, iparraldeko muga izango da alde horretatik Portilla herrira daraman bidea, lurrak toki horretan berez duen malda handiaz haraindi; hegoaldetik, planoan ikusten diren bi sakan-lerroak (mugaketaren barruan haitz bakan batzuk geratzen dira, talaia gisa); ekialdetik, muga lurraren bihurgunean egongo da, gorantz hasten den horretan, hain zuzen ere, eta mendebaldetik, muga Portillatik gaztelura igotzen den bidetik gertu doan lerro paraleloa izango da.

Multzoaren mugak hobeto identifikatzeko, planoa atxiki zaio eranskin honi.

Portillaren multzoa Portilla de Ibda herritik hegoekialderantz dago. Herri horretatik abiatuta erraz iristen da multzoa dagoen goragunera (793 m). Ikuspegia bertatik zabala da: Zambrana eta Berantevilla (mendebaldean eta iparraldean), bai eta Miranda de Ebroren arroaren zati handi bat ere. Tokiaren ohiko izendapena «Portillako Gaztelua» izan arren, aztarnategia hori baino handiagoa eta konplexuagoa da; horregatik erabaki da «Portillaren Multzoa» erabiltzea.

Portillako Multzoa aztarnategian gizakiaren okupazioa Protohistoriatik Aro Modernora arte izan dela erakutsi dute urtez urte egindako ikerketa kanpainek. Zehazkiago, Brontze Aroaren bukaera aldeko Burdina I garaiko aztarnak berreskuratu dira, Erdi Arokoak ere bai (XI-XIV mendeetakoak), eta XVIII. menderainoko aztarna gutxi batzuk ere.

Gaur egun, errazen ikusten dena eta, nolabait, aztarnategia ezaugarritzen duena haren harrizko murrutzarrak dira, Erdi Aroko Portilla hiribilduaren harresia, eroria dagoen elizaren hormatzarrak, eta gazteluaren harresia eta dorrea, punturik gorenean. Hala eta guztiz ere, Erdi Aroko gotorlekuaren eta hiribilduaren harresi estuetatik landa, herrixka hegoalderantz eta mendebalderantz zabaltzen da, eta bertako aztarnek kronologia zaharragoa salatzen dute.

Xedapen Orokorrak

Babes-araubide honek bere baitan hartzen du Portillako Multzoa Gune Arkeologikoaren Monumentu Multzo Kalifikatuak bere mugaketaren barruan dituen gune, aztarnak, egitura eta eraikuntza guztiak. Multzoa Zambrana udalerrian dago, Arabako Lurralde Historikoan alegia.

Babes-araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak bere 12. artikuluan agintzen duenari jarraituz sortu da, eta Portillako Multzoa Gune Arkeologikoa monumentu-multzo bezala Kultura Ondasun Kalifikatua izendatzeko izapidetzaren baitako da. Araubidea, aipatutako legearen 28.1 artikuluaren arabera, loteslea da hirigintza-planeamenduari begira.

  1. Portillako Multzoa Gune Arkeologikoak duen babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

  2. Kontserbazioaren babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko monumentuak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak edo lehengoen aztarnak finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

  3. Multzoa bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu multzoa bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

  4. Portillako Multzoa Gune Arkeologikoaren eremuan edozein jarduera egin baino lehen, Arabako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimena beharko da, aldundia baita babes-araubide honetan ezarritakoa betetzen dela bermatuko duena.

  5. Portillako Multzoa Gune Arkeologikoan egiten diren esku-hartzeak gauzatzeko Arabako Foru Aldundiak ematen dituen baimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko zaizkio, gainerako interesdunei bezalaxe.

Portillako Multzoa Gune Arkeologikoa monumentu-multzoaren kategoriako ondasun sailkatu moduan jasota geratuko da Zambranako udalaren planeamendu-instrumentuen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, planeamendu tresna horiek babes araubide honetan artatze eta babes zuzen baterako berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute. Nolanahi ere, horiek onesteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena beharko da.

Instrumentu horiek Kultura Ondasunaren honako babes-araubide hau eratu baino lehenago idatzi izan badira, aldatu egin beharko dira, babes-araubide honen babes-neurriekin bat ez badatoz edo horien aurka badoaz.

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ondorengo arau hauetan aipatzen ez diren erabilerak eta jarduerak araubidearen kontrakotzat joko dira.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira.

  1. Irizpide orokorra.

    Oro har, eta deskribatutako babes-araubideari jarraituz, aztarnategi arkeologikorako arriskugarriak edo kaltegarriak izan daitezkeen erabilerak eta jarduerak ez onartzea izango da irizpidea. Eta ez bakarrik lur gaineko zein lur azpiko eraikuntzak hondatzen dituzten jarduera eta erabilerak, baita gune arkeologikoaren hurrenkera historikoa aldatzen dutenak ere.

    Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu horietan onartutako erabilerek zientzia eta kultura izaerakoak izan beharko dute, bestelakorik ez. Beraz, proposatutako jarduerek sendotzea, artatzea eta/edo zaharberritzea izan beharko dute helburu, bai eta arkeologia indusketa ere.

  2. Onartutako jarduerak.

    Aurreko lerroaldean baimentzeko moduko jardueratzat adierazitako horiek honako definizio hauei lotu beharko zaizkie:

    1. Arkeologia indusketa. Arkeologia indusketa deritze, Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 45.2 artikuluan jasotakoari jarraituz, sedimentuen estratigrafiari atxikiz arkeologia eta paleontologia hondakinak ikertzeko, dokumentatzeko eta erauzteko jarduerei. Nahitaezkoa da multzoko hondakinak zaharberritzeko planei ekin aurretik egitea, horrela, horren historia ezagutu baitaiteke eta, bide batez, aztarnategia balioztatzeko orduan nola jokatu jakin.

    2. Zaharberritzea. Nekez mintza daiteke zaharberritzeaz baldin eta, aurretik, zaharberritu nahi den horri buruzko ikerlan zehatza egiten ez bada arkeologia metodologikoaren bitartez. Bada, ikerlan horren bitartez, multzoa berreraikitzeko eta baloratzeko oinarriak eta irizpideak zehaztu beharko dira, eraikitze historiarekin, errituekin eta okupazioarekin bat etorriz (ikerlanaren eta azterketaren emaitza), monumentu multzoari arrotz zaizkien irizpideak ezarri gabe, hain zuzen.

      Interes handikoak diren edota artapen maila ona duten aztarnategi zatietatik hasiko dira zaharberritze lanak, arkeologia azterketak amaitu eta berehala. Beraz:

      Zaharberritze prozesu orok aztarnategia balioztatzeko egitarau oso baten barruan egon beharko du. Horretarako, zuzendaritza talde horretan gaian aditu diren arkeologia profesionalak izan beharko dira, azken batean erabakigarriak izango baitira lanak arautuko dituzten irizpideak finkatzerakoan.

      Erabilitako teknikak eta materialak aztarnategian aplikatuko den edozein tratamendurekin itzulgarriak izan beharko dira, tratamenduaren arrastorik gera ez dadin.

      Multzoa interpretatzeko beharrezkoa iritziz gero, bertako zati suntsituak berreraiki ahal izango dira, eta berreraiki beharko ere, baina lan hori ez zaio gailenduko inola ere multzoaren ikuspegiari. Nolanahi ere, berreraikuntzak multzoaren jatorrizko egitura megalitikoari jarraitu beharko dio estu-estuan, arkeologia azterketak ezarritako ildoekin bat etorriz. Horretarako, aurrena, jatorrizko materialak erabiliko dira, eta galduta badaude, hurrena, kolorean, itxuran, ehunduran eta abarretan antzekoak direnak. Hala eta guztiz ere, jarraitu beharreko arau nagusia jatorrizko egituraren eta berreraikitakoaren artean zeharo bereiztearena izango da, adibidez, bi zatiak bereiziko dituen marran materiala ezberdin kokatuz.

      Era berean, egitura horietatik ezabatu ahalko dira, eta beharko ere, egitura horiek eraiki eta gerora jarritako elementuak, ez direlako jatorrizko erabilpenarekin lotzen, baizik eta denboran geroxeagoko erabilerei dagozkienekin. Hortaz, soilik mantenduko dira baldin eta kokatuta dauden inguruneko usadioak ezagutzera emateko aztarnategi zatitzat jotzen badira. Hala dagokionean, behar den moduan arrazoitu beharko da.

    3. Sendotzea eta kontserbatzea. Arkeologia aztarnategietako egiturak, materialak, etab. (harresia, gaztelua, uharka, eliza, gela-hormen hondakinak, zutoin-zuloak, materialak...) babesteko jarduerak, tratamenduak eta esku-hartzeak dira. Elementu horiek indartu egiten dituzte, bai eta beren sendotasuna bermatu ere, narriadura saihestuz eta ikusgarriagoak eginez. Horrela, ulerterrazago egiten dituzte eta horien zabalkundea hedatu.

      Era berean, herrixkan egin beharreko ekintzak egituratzen dituzten sendotze eta kontserbatze-egitarauak sustatu beharko dira, alegia, aztarnategia babestea bermatuko duten egitarauak, hala arkeologia indusketa prozesua gertatu aurretik, gertatu bitartean nola gertatu ostean.

      Egitarau horiek gaian adituak direnek gauzatu beharko dituzte, hori bai, arkeologia profesionalen aholkuak lagun dituztela. Halaber, prozesu horiek itzulgarriak izan beharko dute beti.

  3. Baimendutako erabilerak eta jarduera ez-eraikitzaileak.

  1. Zientzia-jarduerak, eta hondakinak dauden-daudenean mantentzeko lanak.

    Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Arabako Foru Aldundiak baimendutako egitasmoa aurretik dela.

    Eremu horretako jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, gerora begirako balioztatzea ahalbideratzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera burutuz gero, garbi izan beharko da metodologia arkeologikoaren bidez aurkitutako aztarna arkeologiko higiezinak dauden toki berean babestu beharko direla.

    Aztarnategi honetako zoruan eta zorupean edozein esku-hartze egiteko, arkeologo baten koordinazio-lana beharko da. Haren gaitasun profesionala Arabako Foru Aldundiak lana baimendu baino lehen egiaztatu beharko da. Esku-hartzeko proiektuarekin batera, esparru naturala eta hango aztarna arkeologikoak egokiro kontserbatzeko beharrezkoak diren lanak adieraziko dira, bai eta lan horien egutegia eta aurrekontua ere. Baldintza horiek bete ezean, jarduketa-proiektuak ez du baimenik jasoko.

    Arabako Foru Aldundiak multzoaren hondakinak sendotzeko eta zaharberritzeko proiektuari baimena emateko, proiektuak bi sinadura beharko ditu: lanak koordinatuko dituen arkeologoaren sinadura, eta material mota hauetan aplikatzen diren teknika berezietan aditua den zaharberritzaile profesional baten sinadura, zeinak kasu bakoitzean tratamendurik egokienak ezartzeko ardura izango duen.

    Proiektuak, lehenengo eta behin, esku-hartzearen xedea diren egitura edo aztarnen azterketa zehatza jaso beharko du, haien ingurunea, kontserbazio-arazoak, elementu itsusgarriak, eta abar. Handik aurrera, garbitasun, oreka eta luzaroko iraunkortasunari begira tratamendu egokienak zeintzuk diren aztertuko da, betiere bi baldintzarekin: alde batetik, tratamenduak itzulgarriak direla bermatuko da, eta, bestetik, kaltea duten egituraren zatiak ahalik eta gutxien berrezarriko dira, bakar-bakarrik zainketa hobea ziurtatze aldera denbora luzeagoan iraungo duen kontserbazioa bermatzeko.

    Monumentua balioztatzeko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko jarraipen-programa baten bidez. Arabako Foru Aldundiari dagokio berme horiek exijitzea esku-hartzea egin behar duen administrazioari edo entitate pribatu edo publikoari, esku-hartzea bera hasi baino lehen.

  2. Kultura-jarduerak eta aztarnategia ezagutzera emateko moduak.

    Kultura-jarduerak garatu eta bultzatu ahal izango dira, aztarnak kontserbatzeko kaltegarriak ez diren artean. Horien bidez aztarnategiak leku eta ondare moduan dituen baloreak ezagutzera emango dira. Babestutako gunea kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horretarako, bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo txikiak burutuko dira, erakusteko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat edo beste berreraikiko da, eta abar.

    Portillako Multzoa Gune Arkeologikoan horrelako jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, kontserbazioa bermatu behar da. Bestalde, arkeologiako aditu batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

  3. Basogintza eta landaretza erabilerak.

    Portillako Multzoa Gune Arkeologikoa naturgune pribilejiatu batean dagoenez gero, kontuan hartu beharko dira ingurumenaren aldetik tokiak dituen balioak, hartara naturgunearen kontserbazioa bateragarria egiteko bertako monumentu-multzoarekin.

    Lehenik eta behin, esan beharra dago arroka naturala multzoaren zati banaezina dela eta, beraz, aurreko artikuluetan multzoari buruz ezarri diren jarraibide berberak aplikatuko zaizkio. Ondasunaren kokaleku bikainak, zalantzarik gabe, ikuspegi ezin ederragoak eskaintzen ditu.

    Esan dezagun, azkenik, tokiko landaredi sarriak, basoberak eta zuhaitzek, gure ustez, aberastu egiten dutela tokiak gaur egun duen irudia. Horregatik, gaur egungo landare-espezie horiek onargarriak dira, nahiz eta beti erne egon behar den aztarna arkeologiko eta arkitektonikoak kontserbatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

    Gaur egun dauden zuhaitzen mozketa beharrezkoa ikusten bada, mozketa soila onartuko da, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia. Ezin izango da mendi-pista edo bide berririk egin egur-mozketa edo ateratzeari begira.

    Egurra ateratzeko ez da makineria astuna erabiliko eta saihestu egingo da ibilgailuak eta beldar-ibilgailuak babestutako gunean sartzea; horren ordez txirrikak erabiliko dira edo esku hutsez aterako da egurra, tokian tokiko egur-zatiek aztarnategiak zenbateraino kaltetu dezaketen kontuan hartuta. Baldintza hauek guztiak arkeologiako profesional batek aldez aurretik landuko duen txosten batean jaso beharko dira. Pertsona horrek, gainera, bertatik bertara gainbegiratu beharko ditu egurra ateratzeko lanak.

    Ingurunean landaketa berririk planteatuz gero, aztarnategiak ez duela batere kalterik izango eta aurrerantzean ere espezie horiek eraginik ez dutela sortaraziko bermatuko duen proiektu arkeologikoa beharko da aldez aurretik.

    Edozein kasutan ere, jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari, berak aurretik baimena eman dezan.

  4. Baimendutako erabilerak eta jarduera eraikitzaileak.

    Lekua babesteko, ikertzeko edo kultura zabaltzeko ezinbestekoak diren eraikuntzak eta instalazioak baino ez dira onartuko. Horietako edozein egin aurretik, arkeologo aditu batek beharrezkotzat jo behar du, aztarnategia ikertzeko eta bere balioa azpimarratzeko egitasmo orokor bat eginda. Edonola ere den, Arabako Foru Aldundiaren baimena beharko da lana gauzatu aurretik.

Gizarte interesekotzat joko da Zambranako Portillako Multzoaren eremua (Araba), indusketa prozesu sistematikoen ondorioz lurrazpiko egiturak eta aztarna arkeologikoak agerrarazten direnean, Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, beroriek sendotzeko, zaharberritzeko eta balioztatzeko ikusgai jartzea egokitzat jotzen bada.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik