- 117/2012 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu117/2012 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 151
- Hurrenkera-zk.: 3589
- Xedapen-zk.: 117
- Xedapen-data: 2012/07/03
- Argitaratze-data: 2012/08/03
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.
artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.
Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren titulua ezartzen duen eta bere gutxieneko ikaskuntzak finkatzen dituen ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuak Arotz-lanak eta altzariak neurrira egin eta instalatzeko teknikariaren tituluaren arautzea ordezkatzen du, apirilaren 22ko 732/1994 Errege Dekretuak ezartzen zuena.
Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuaren babesean.
Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2012ko uztailaren 3an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honek Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:
Izendapena: Instalazioa eta altzari-hornikuntza.
Maila: erdi-mailako Lanbide Heziketa.
Iraupena: 2.000 ordu.
Lanbide-arloa: Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa.
Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: CINE-3.
Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.
Titulu honen konpetentzia orokorra honetan datza: arotzeriako elementuak, eta zurgintzako eta altzarigintzako egiturak instalatzea, mekanizatu, muntatu, doitu eta akabatzeko prozesuen bidez, eta kalitateari, segurtasunari eta ingurumen-babesari buruzko zehaztapenak beteta.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Fabrikazio-prozesuak zehaztu, planoetan, arauetan eta katalogoetan bildutako informazioa interpretatuz.
Arotzeriako eta altzairugintzako elementuen ohiko fabrikaziorako makinak eta ekipoak prestatu, ezarritako prozedurak erabilita.
Instalazioen plangintzan parte hartu, informazioa bildu eta dokumentazio teknikoa prestatuz.
Instalazioak zuinkatu, dokumentazio teknikoa interpretatu eta neurriak eta nibelak egiaztatuz.
Prest jarri ekipoak eta erremintak, instalaziorako gertu jarriz.
Altzariak instalatu, elementuak produktuaren eta instalazio-egoeren arabera muntatuz.
Arotzeriako elementuak instalatu, produktuaren eta instalazio-egoeren arabera kokatuz.
Zurezko egiturak instalatu, elementuak dokumentazioa teknikoaren arabera finkatuz.
Biltegian materialak, osagarriak eta sarrera eta irteerako produktuak hautatu eta bildu, ezarritako zehaztapenen arabera.
Instalazio- eta muntaia-ekipoen eta makinen lehen mailako mantentze-lanak egitea, mantentze-fitxaren arabera.
Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoen eta antolamendukoen ondoriozko lan-egoera berrietara egokitzea, eta «bizialdi osoko ikaskuntzarako» dauden baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea jakintzak eguneratzeko.
Dagokion konpetentziaren esparruan erantzukizunez eta autonomiaz jardutea, eta esleitutako lana antolatzea eta garatzea, lan-ingurunean beste profesional batzuekin talde-lanean edo lankidetzan jardunez.
Bere jarduerari dagozkion gorabeherak arduraz konpontzea eta horien sorburuak identifikatzea, bere konpetentziaren eta autonomiaren esparruan.
Eraginkortasunez komunikatzea, bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.
Produkzio-prozesuan laneko arriskuen prebentziorako eta ingurumen-babeserako neurriak eta protokoloak aplikatzea, pertsonen, lan-ingurunearen eta ingurumenaren gaineko kalteak saihestearren.
Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «guztientzako diseinukoak» aplikatzea.
Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea.
Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
Altzariak instalatzea. MAM059_2 (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
KA0163_2: instalazioan materialen bilketa, makinak eta erremintak planifikatzea.
KA0164_2: altzariak osatzea eta finkatzea, eta instalazio osagarriak egitea.
KA0165_2: funtzionamendua egiaztatzea, eta doikuntza- eta akabera-eragiketak egitea.
Arotzeriako elementuak instalatzea MAM277_2 (abuztuaren 31ko 1136/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
KA0883_2: arotzeriako elementuak instalatzeko datuak hartzea eta kalkuluak egitea.
KA0884_2: zurezko ateen eta leihoen instalazioak egitea.
KA0885_2: zurezko eta antzeko estalduren instalazioak egitea.
KA0886_2: zurezko egituren instalazioak egitea.
Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:
Zuraren eta deribatuen mekanizazioa. MAM058_2 (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
KA0160_2: lantegiko makinak eta tresneria prestatzea.
Altzariak eta arotzeriako elementuak muntatzea MAM062_2 (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
KA0171_2: arotzeriako eta altzarigintzako osagaiak eta osagarriak kontrolatu eta antolatzea.
Era honetako profesionalek arotzeriako eta altzari-hornikuntzako muntaian eta instalazioan, eta ukituak emateko akabera-produktuen aplikazioan diharduten enpresetan egiten dute lan.
Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:
Zur-arotzen taldeburua.
Eraikuntzan armatzeko arotza.
Arotza oro har.
Dekoratuetako arotza.
Ebanista eta pareko langilea.
Altzarien muntatzailea/instalatzailea.
Eraikuntzarako zurezko egituren eta arotzeriako eta ebanisteriako piezen fabrikazioa.
Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Arotzeriako eta altzarigintzako elementuak fabrikatzeko prozesuak aztertzea, eta zehaztapen teknikoak interpretatzea, faseak eta prozedurak ezaugarritzeko.
Mekanizazio-prozesua aztertu ondoren tresnak eta erremintak hautatzea, makinak eta tresneria prestatzeko.
Dokumentazio teknikoa prestatzea, instalazioak planifikatzeko metodo konbentzionalak eta informatikoak erabilita.
Neurriak eta nibelak egiaztatzea, tresna konbentzionalak eta aurreratuak maneiatuta, arotzeriako eta altzarietako instalazioa zuinkatzeko.
Erremintak eta tresnak hautatzea, zorrozte- eta doitze-eragiketak eginda, tresneria eta erremintak prest jartzeko.
Altzari modularrak eta neurrirakoak osatzea, dokumentazio teknikoa interpretatu ondoren, eta altzariak instalatzeko muntaia-eragiketak egitea.
Ateak, leihoak eta estaldurak ipintzea, dokumentazio teknikoa interpretatu ondoren, eta mekanizatu, finkatu eta erregulatzeko eragiketak egitea, arotzeriako elementuak instalatzeko.
Zurezko armadurak eta euskarriak muntatzea, dokumentazio teknikoa interpretatu ondoren, eta egiturak instalatzeko finkatze- eta erregulazio-eragiketak egitea.
Materialak, produktuak eta osagarriak identifikatzea, horiek biltegiratzeko baldintzak deskribatzea, eta dimentsioak eta zehaztapen teknikoak egiaztatzea, haiek hautatu eta biltzeko.
Makinen eta ekipoen mantentze-beharrak identifikatzea, eta horien garrantzia justifikatzea, funtzionalak izango direla ziurtatzeko.
«Bizialdi osoko ikaskuntzarako» dauden baliabideak eta komunikazioaren eta informazioaren teknologiak aztertzea eta erabiltzea, ikasteko eta jakintzak eguneratzeko, eta lanbidean eta pertsonalki hobetzeko aukerak ezagutzea, lanbideko eta laneko hainbat egoeratara moldatzeko.
Talde-lanak garatzea eta haien antolamendua balioestea, tolerantziaz eta errespetuz parte hartzea, eta taldeko edo banakako erabakiak hartzea; erantzukizunez eta autonomiaz jokatzeko.
Lan-prozesuak garatzean sortzen diren arazo eta gorabeheren aurrean sormenezko irtenbideak hartu eta balioestea, dagokion jardueran izaten diren gertakariak erantzukizunez ebazteko.
Komunikazio-teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzeko.
Lanbide-jarduerarekin lotutako ingurumen- eta lan-arriskuak aztertu eta zerrendatzea, eta horien sorburuekin lotzea, hartu beharreko prebentzio-neurriak oinarritzeko eta dagozkion protokoloak aplikatzeko, nork bere buruari, inguruneari eta giroari kalterik ez egitearren.
Irisgarritasun unibertsalari eta «denontzako diseinuari» erantzuteko beharrezkoak diren teknikak aztertzea eta aplikatzea.
Ikasteko prozesuan lanaren kalitate-prozedurak eta erreferentziako produkzio-sektorearenak hobetzeko beharrezkoak diren teknikak aplikatzea eta aztertzea.
Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta lanbide-ekimenekoarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Arotzeriako eta altzarigintzako materialak.
Eraikuntza-soluzioak.
Arotzeriako oinarrizko eragiketak.
Altzarigintzako oinarrizko eragiketak.
Biltegiko kontrola.
Instalazioaren plangintza.
Altzarien instalazioa.
Arotzeriako instalazioa.
Zurezko egituren instalazioa.
Ingeles teknikoa.
Laneko prestakuntza eta orientabidea.
Enpresa eta ekimen sortzailea.
Lantokiko prestakuntza.
eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.
Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.
Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.
Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.
Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.
Instalazioko eta altzari-hornikuntzako teknikariaren titulua izateak honakoa ahalbidetzen du:
Erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera, proba bidez edo berariazko ikastaro bat gaindituta, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-ziklo guztietan sartzeko; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.
Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua edo «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:
Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.
Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.
Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5. artikuluan xedatutakoaren indarrez.
Instalazioko eta altzairu-hornikuntzako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.
Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuan ezarritako Instalazioko eta altzairu-hornikuntzako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:
Zurgintzako teknikari laguntzailea, zura adarra.
Arotzeria eta altzairugintzako teknikari laguntzailea, zura adarra.
Apirilaren 22ko 732/1994 Errege Dekretuak ezarritako Arotz-lanak eta altzariak neurrira egin eta instalatzeko teknikariaren tituluak ekainaren 24ko 880/2011 Errege Dekretuan ezarritako Instalazioko eta altzairu-hornikuntzako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.
Dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 3an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)


