- 118/2012 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu118/2012 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 151
- Hurrenkera-zk.: 3590
- Xedapen-zk.: 118
- Xedapen-data: 2012/07/03
- Argitaratze-data: 2012/08/03
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide-heziketaren 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, kontuan hartu dira Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako jarraibideak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk.
Titulu horien lanbide-profila 7. artikuluak zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentziak, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat hartuko du barnean, gutxienez, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.
Ekainaren 24ko 883/2011 Errege Dekretuak Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du apirilaren 21eko 622/1995 Errege Dekretuak ezarritako Telekomunikazio Sistema eta sistema informatikoetako goi-mailako teknikariaren tituluaren erregulazioa.
Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8.2. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke.»
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen ekainaren 24ko 883/2011 Errege Dekretuaren babesean.
Alderdi hauek deskribatzen dira Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan adierazten dira ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2012ko uztailaren 3an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honek ezartzen du Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, Euskal Autonomia Erkidegoan.
Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen Ikasketa proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren titulua honako elementu hauek identifikatzen dute:
Izendapena: Telekomunikazio- eta informatika-sistemak.
Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.
Iraupena: 2.000 ordu.
Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.
Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: CINE-5b.
Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.
Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.
Titulu honen konpetentzia orokorra da telekomunikazio-azpiegitura komunen eta telekomunikazio-sistemen eta -tresnerien proiektuak garatzea eta muntatzeko eta mantentzeko lanak gainbegiratzea hala nola banda zabaleko eta irrati-komunikazio finko eta mugikorretako sareenak, sistema telematikoenak, ikus-entzunezko produkziokoenak eta transmisiokoenak, betiere dokumentazio teknikoa, araudia eta ezarritako prozedurak abiapuntu izanik eta funtzionamendua, kalitatea, segurtasuna eta ingurumenaren kontserbazioa ziurtatuta.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Telekomunikazio-instalazioen edo -sistemen proiektuak garatzea, datuak eta ezaugarriak lortuz, txostenak eta zehaztapenak egiteko.
Tresnerien, elementuen eta instalazioen parametroak kalkulatzea, indarrean dagoen araudia eta bezeroen eskakizunak betetzeko.
Instalazioaren aurrekontua egitea, alderdi teknikoak eta ekonomikoak erkatu ondoren; bezeroari irtenbide hoberena emateko.
Telekomunikazio instalazioak eta sistemak arauzko zehaztapenen eta jarraibideen arabera konfiguratzea.
Materialen eta tresneriaren hornidura eta biltegiratzea kudeatzea, lotutako logistika zehaztuta eta izakinak kontrolatuta.
Telekomunikazio-instalazioen eta sistemen muntaia planifikatzea, dokumentazio teknikoaren edo obraren baldintzen arabera.
Obraren muntaia-programatik eta plan orokorretik abiatuta, instalazioen muntaia abian jartzea.
Instalazioak eta sistemak muntatzeko prozesuak ikuskatzea eta betearaztea, obra-baldintzetara egokitzen diren egiaztatzea eta haien aurrerapena kontrolatzea, enpresaren helburuak betetzeko.
Mantentze-lanak planifikatzea, arauditik, instalazioaren baldintzetatik eta fabrikatzaileen gomendioetatik abiatuta.
Instalazioak mantentzeko prozesuak ikuskatzea eta betearaztea, denborak eta emaitzen kalitatea kontrolatuta.
Telekomunikazio-instalazioak eta tresneria zerbitzuan jartzea, eskakizunak betetzen direla ikuskatu, eta kalitate- eta segurtasun-baldintzak ziurtatu ondoren.
Instalazioak gauzatzeko segurtasuneko eta osasuneko oinarrizko azterketa egitea, hauek zehaztuz: babes- eta segurtasun-neurriak eta arriskuen prebentzioa.
Lan-egoera berrietara egokitzea eta, horretarako, lanbide-inguruneari dagozkion ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak eguneratuta mantentzea, norberaren prestakuntza kudeatzea, bizitza osoan ikasteko dauden baliabideak kudeatzea, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea.
Egoerak, arazoak edo gertakizunak ekimenez eta autonomiaz ebaztea norberaren eskumenen esparruan, betiere sormenez, berrikuntzaz eta norberaren lanean eta taldeko kideen lanean hobetzeko izpirituaz.
Lan-taldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, eta haien garapena ikuskatzea, harreman arinak izanez, lidergoa bere gain hartuz eta sortzen diren talde-gatazketarako konponbideak ekarriz.
Maila berekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere erantzukizunpean dituen pertsonekin komunikatzea, komunikabide eraginkorrak erabilita, informazio edo ezagupen egokiak helaraziz, eta bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.
Beraren eta taldearen lana garatzean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumenerako arriskuen prebentzio-prozedurak aplikatuta, araudian ezarritakoaren eta enpresaren helburuen arabera.
Kalitate-kudeaketako, irisgarritasun unibertsaleko eta «guztiontzako diseinu»ko prozedurak gainbegiratzea eta aplikatzea produkzio-prozesuetako edo zerbitzugintzako lanbide-jardueretan.
Enpresa txiki bat sortzeko eta funtzionatzeko oinarrizko kudeaketa egitea eta norberaren lanbide-jardueran ekimenez jardutea, betiere gizarte-erantzukizuna kontuan izanik.
Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
Eraikinen ingurunean telekomunikazio-azpiegituren eta ahots- eta datu-sareetako azpiegituren muntaia eta mantenua kudeatzea eta gainbegiratzea. ELE382_3 (otsailaren 29ko 328/2008 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC1184_3: Eraikinen ingurunean telekomunikazio-azpiegituren eta ahots- eta datu-sareetako azpiegituren muntaia antolatzea eta kudeatzea.
UC1185_3: Eraikinen ingurunean telekomunikazio-azpiegituren eta ahots- eta datu-sareetako azpiegituren muntaia gainbegiratzea.
UC1186_3: Eraikinen ingurunean telekomunikazio-azpiegiturak eta ahots- eta datu-sareetako azpiegiturak mantentzeko lanak antolatzea eta kudeatzea.
UC1187_3: Eraikinen ingurunean telekomunikazio-azpiegiturak eta ahots- eta datu-sareetako azpiegiturak mantentzeko lanak gainbegiratzea.
Ikus-entzunezko eta irratidifusioko produkzio-sistemak muntatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzea eta gainbegiratzea ELE487_3. (144/2011 Errege Dekretua, otsailaren 4koa). Konpetentzia-atal hauek barnean hartzen ditu:
UC1578_3: Estudioetan eta unitate mugikorretan ikus-entzunezko produkzio-sistemen muntaia kudeatzea eta gainbegiratzea.
UC1579_3: Estudioetan eta unitate mugikorretan ikus-entzunezko produkzio-sistemak mantentzeko lanak kudeatzea eta gainbegiratzea.
UC1580_3: Instalazio finkoetan eta unitate mugikorretan irratirako eta telebistarako transmisio-sistemen muntaia kudeatzea eta gainbegiratzea.
UC1581_3: Instalazio finkoetan eta unitate mugikorretan irratirako eta telebistarako transmisio-sistemak mantentzeko lanak kudeatzea eta gainbegiratzea.
Eraikinen ingurunean telekomunikazio-azpiegituren eta ahots- eta datu-sareetako azpiegituren proiektuak garatzea. ELE258_3 (1115/2007 Errege Dekretua, otsailaren 24koa). Konpetentzia-atal hauek barnean hartzen ditu:
UC0826_3: Eraikinen ingurunean irrati- eta telebista-seinaleak hartzeko eta banatzeko telekomunikazio-instalazioen proiektuak garatzea.
UC0827_3: Eraikinen ingurunean telefonia-instalazioen proiektuak garatzea.
UC0828_3: Eraikinen ingurunean ahots- eta datu-sareetako azpiegituren proiektuak garatzea.
Lanbide-irudi honek telekomunikazioetara, sistemen integraziora, banda zabaleko sareetara, sare telematikoetara eta ikus-entzunezko baliabideetara zuzentzen diren zerbitzu-sektoreko enpresa pribatuetan zein publikoetan egiten du lan, proiektuen garatzaile gisa, sistemen integratzaile gisa eta instalazioak eta azpiegiturak muntatzeko eta mantentzeko lanen ikuskatzaile gisa, bere kontura zein besteren kontura.
Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:
Etxebizitzetarako eta eraikinetarako telekomunikazio-instalazioetako proiektugile laguntzailea.
Etxebizitzetarako eta eraikinetarako telekomunikazio-instalazioetako muntaiaren ikuskatzailea.
Telekomunikazio-tresneria eta -instalazioak egiaztatzeko eta kontrolatzeko teknikaria.
Telekomunikazio-tresneriak eta -sistemak instalatzeko, integratzeko eta mantentzeko espezialista.
Telekomunikazio-instalazioetako obra-burua.
Produkzio-estudioetan irrati- eta telebista-sistemetako tresneriak eta ikus-entzunezko produkzio-sistemetako tresneriak gainbegiratzeko, instalatzeko, egiaztatzeko eta kontrolatzeko teknikaria.
Irrati-difusioko sistemetako tresneriak gainbegiratzeko, instalatzeko, mantentzeko, egiaztatzeko eta kontrolatzeko teknikaria.
Segurtasun elektronikoko sistemetako eta telebista-zirkuitu itxietako tresneriak gainbegiratzeko, instalatzeko, mantentzeko, egiaztatzeko eta kontrolatzeko teknikaria.
Sare lokalak eta sistema telematikoak gainbegiratzeko, instalatzeko, mantentzeko, egiaztatzeko eta kontrolatzeko teknikaria.
Irrati-loturako sistemetako tresneriak gainbegiratzeko, instalatzeko, mantentzeko, egiaztatzeko eta kontrolatzeko teknikaria.
Informatika-tresneriak eta -sistemak instalatzeko, integratzeko eta mantentzeko espezialista.
Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Txostenak eta dokumentazio teknikoa lantzea, eta, eginkizun horretan, eskemak ezagutzea eta katalogoak eta arauzko aginduak kontsultatzea, telekomunikazio-instalazioen eta -sistemen proiektuak garatzeko.
Telekomunikazio-sistemak ezagutzea, legeak eta teoremak aplikatuta, betiere horien parametroak kalkulatzeko.
Obra-unitateak eta horien ezaugarri teknikoak zehaztea eta planoak eta eskemak interpretatzea, aurrekontua egiteko.
Kalkuluak abiapuntu izanik, telekomunikazio-instalazioen eta -sistemen egitura, tresneriak eta konexio orokorrak definitzea eta, horretarako, merkataritza-katalogoak erabiltzea, instalazioak konfiguratzeko.
Trazadura orokorren eta eskema elektrikoen eta elektronikoen planoak marraztea, lagundutako diseinuko informatika-programak erabilita, eta, hala, instalazioak eta sistemak konfiguratzea.
Informatika-programak erabilita, biltegiko kontrol-teknikak aplikatzea hornidura kudeatzeko.
Instalazioaren garapenaren faseak eta jarduerak definitzea, bidezko dokumentazio teknikoaren arabera eta beharrezko baliabideak zehaztuta, eta, hala, muntaia planifikatzea.
Planoak eta eskemak, eta instalazioan egon litezkeen baldintzak kontuan izanda, instalazioa berraztertzea, eskaintza egiteko.
Muntaiaren beharrei erantzun ahal izateko giza baliabideak eta materialak identifikatzea, horren eskaintza egiteko.
Telekomunikazio-sistemak kudeatzeko eta muntatzeko teknikak aplikatzea, aurreproiektuak interpretatuz eta tresna eta erreminta egokiak erabiliz, eta, horrela, muntaia gainbegiratzea.
Telekomunikazio-instalazioetan esku hartzeko prozedurak, eragiketak eta sekuentziak definitzea eta, horretarako, tresneriaren eta baliabideen informazio teknikoa aztertzea, mantentzea planifikatzeko.
Telekomunikazio-sistemetan eta -instalazioetan mantentze-teknikak aplikatzea eta, horretarako, tresna eta erreminta egokiak erabiltzea, betiere mantentze-prozesuak gauzatzeko.
Funtzionamendu-probak egitea, tresneria eta elementuak doituta, instalazioak zerbitzuan jartzeko.
Norbera eta instalazioak babesteko baliabideak definitzea eta, horretarako, instalazioak muntatzearen, mantentzearen eta erabiltzearen arriskuak eta faktoreak identifikatzea, segurtasuneko eta osasuneko oinarrizko azterlana lantzeko.
Telekomunikazio-instalazioei eta instalazio elektrikoei aplikatutako kalitatea eta hondakinak kudeatzeko araudia ezagutzea, araudia betetzen dela ikuskatzeko.
Prozedura eta formatu ofizialei jarraituz, txosten teknikoak, instalazio-ziurtagiriak eta jarraibide eta mantentze-lanen eskuliburuak prestatzea, dokumentazio teknikoa eta administratiboa lantzeko garaian.
Sektorearen bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotutako ikaskuntza-aukerak eta baliabideak, eta informazio- eta komunikazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; eguneratzeko espirituari eusteko, eta lanaren eta norberaren egoera berrietara egokitzeko.
Sormena eta berrikuntza-espiritua garatzea, lanaren antolamenduan eta prozesuetan, eta norberaren bizitzan sortzen diren erronkei erantzuteko.
Erabaki oinarrituak hartzea, inplikatutako aldagaik aztertuta, hainbat esparrutako jakintzak bilduta, eta horietan erratzeko arriskuak eta aukera onartuta; mota orotako egoerei, arazoei eta gorabeherei aurrea hartu eta horiek ebazteko.
Talde-laneko testuinguruetan lidergo, motibazio, ikuskapen eta komunikazioko teknikak garatzea, lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.
Komunikazio-estrategiak eta -teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; komunikazio-prozesuetan eraginkortasuna ziurtatzeko.
Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, eta prebentzio-neurri pertsonalak eta kolektiboak proposatu eta aplikatzea, lan-prozesuetan aplikatu beharreko araudiaren arabera; ingurune seguruak ziurtatzeko.
Irisgarritasun unibertsalari eta guztientzako diseinuari erantzuteko beharrezko lanbide-ekintzak identifikatu eta proposatzea.
Ikasteko prozesuan egindako lanetan eta jardueretan kalitate-parametroak identifikatu eta aplikatzea, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura balioesteko, eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko gai izateko.
Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta lanbide-ekimenekoarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Telekomunikazio-sistemen azpiegiturak konfiguratzea
Telekomunikazio-sistemen elementuak
Informatika-sistemak eta sare lokalak
Telekomunikazio-azpiegituretako teknikak eta prozesuak
Ikus-entzunezko produkzio-sistemak
Sare telematikoak
Irrati-komunikazioko sistemak
Sistema integratuak eta etxe digitala
Telekomunikazio-instalazioen proiektuak kudeatzea
Telefonia finkoko eta mugikorreko sistemak
Telekomunikazio- eta informatika-sistemen proiektua
Ingeles teknikoa
Laneko prestakuntza eta orientabidea
Enpresa eta ekimen sortzailea
Lantokiko prestakuntza
eranskinean zehaztu dira lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arau ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak ezartzen dira (horiek deskribatzen dute ikasleengandik espero dena, prestakuntza-aldia amaitzean: dakitena, ulertzen dutena eta egin dezaketena), baita ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ere. Hori guztia II. eranskinean ezartzen da.
Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.
Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza landuko da curriculumean txertatuta Ingeles teknikoa modulua, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.
Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. paragrafoan ezartzen dira.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. paragrafoan adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. paragrafoan jasotzen dira.
Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. paragrafoan ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.
Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.
Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:
Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.
Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horrekin lotzen den graduko unibertsitate-tituluak dituztenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotze-erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean, Laneko prestakuntza eta Orientabidea izeneko modulua edo Enpresa eta Ekimen sortzailea izenekoa gaindituta dituenak modulu horiek baliokidetuta izango ditu beste edozein ziklotan, lege horren babespean.
Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak aurkezten dira V. eranskinean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan, Hezkuntza-sistemako Lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntzako lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo horrekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, tituluaren barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta Orientabidea modulua baliokidetzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:
Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.
Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.
Ingeles teknikoko modulua baliokidetzea eskatu ahal izango dute Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek eta, gutxienez, 3 urteko lan-esperientzia egiaztatzen badute, Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5. artikuluan xedatutakoaren indarrez.
Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen dira.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.
Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekin lotzea.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek ondoren zerrendatzen direnek ekainaren 18ko 883/2011 Errege Dekretuan ezarritako Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:
Komunikazioen elektronikako teknikari espezialista, Elektrizitatea eta elektronika adarra.
Informatikako ekipoen teknikari espezialista, Elektrizitatea eta elektronika adarra.
Irrati eta Telebistako mantenuko teknikari espezialista, Irudia eta soinua adarra.
Ikus-entzunezko baliabideak mantentzeko teknikari espezialista, Irudia eta soinua adarra.
Itsas irrati-telefonoaren teknikari espezialista, Itsas arrantza adarra.
Optika elektronikoaren teknikari espezialista, Elektrizitatea eta elektronika adarra.
Informatikako ekipoen teknikari espezialista, Elektrizitatea eta elektronika adarra.
Irrati eta Telebistako ekipoen mantenu eta operazio teknikoaren teknikari espezialista, Irudia eta soinua adarra.
Apirilaren 21eko 622/1995 Errege Dekretuak ezarritako Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluak ekainaren 24ko 883/2011 Errege Dekretuan ezarritako Telekomunikazio- eta informatika-sistemetako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.
Dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
Dekretu honen lanbide-moduluetan ezarritako prestakuntzak bermatu egiten du enpresa instalatzailea izateko eskakizun gisa eskatutako kualifikazio tekniko egokia, telekomunikazio-tresneria eta sistemak instalatu eta mantentzeko jarduerari buruzko araudiaren eremuan eta instalazio mota guztietan, hala ezartzen baitu martxoaren 5eko 244/2010 Errege Dekretuak.
Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 3an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)


