- 127/2012 DEKRETUA, uztailaren 10ekoa, enpresak finantzatzeko abal publikoak emateko ezohiko programa bat garatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu127/2012 DEKRETUA, uztailaren 10ekoa, enpresak finantzatzeko abal publikoak emateko ezohiko programa bat garatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 141
- Hurrenkera-zk.: 3322
- Xedapen-zk.: 127
- Xedapen-data: 2012/07/10
- Argitaratze-data: 2012/07/19
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Ekonomia; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Egungo krisi ekonomikoa bereizten duen ezaugarrietako bat honako hau da: Euskadiko enpresa-sektorea finantzatzeko ohiko iturriak, merkataritza-trafiko arruntari lotuta daudenak, nabarmen uzkurtu izana.
Finantziazio-gabezia hori arintzeko, 2009-2010 eta 2011. urteetan abalen programa bat proposatu zen otsailaren 16ko 52/2010 Dekretua (martxoaren 16ko EHAA, 51. zk.) eta 125/2011 Dekretua (ekainaren 24ko EHAA, 120. zk.). Programa horren xedea zen gure ekonomiarako eta enplegurako ezinbestekoa den enpresen kolektibora bereziki bideratutako kapital zirkulatzailea finantzatzea. Enpresa horiek, bakarrik edo beste batzuekin lankidetzan, garrantzizko proiektuetan sartzeko aukera zuten, nazioartean batez ere, eta proiektu horiek garatuz eta gauzatuz, eskari berriak ekartzen zizkieten Euskal Autonomia Erkidegoko hornitzaileei.
Enpresa traktoreek gauzatzen duten eragiketa mota horrek asko lagundu du gure industria-sareak jarraitutasuna izan dezan produkzio eta enplegu-alorretan.
Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak jabetuta daude aipatutako problematikaz, eta enpresa-sektore osoari gure Autonomia Erkidegoaren funtsezko oinarri gisa eustearen aldeko jarrera aktibotik abiatuta, nahitaezkotzat hartu zuten ezohiko jardun bati ekitea guztiek batera. Jardun horren bitartez, enpresa-proiektu batzuei erantzun zitzaien, hain zuzen ere beren sektorean, eskualdean, ekonomian eta gizartean duten garrantzia zela-eta horrelako neurrien premia zuten proiektuei.
Bi erregimenek honako oinarri hauek zituzten: batetik, EBren Itunaren 87. artikuluaren 3. paragrafoko b) idatzi-zatia; eta, bestetik, itunarekin bateragarriak diren laguntzak ematea ahalbidetzen duen Batzordearen Komunikazio hau: «Europar Batasunaren aldi baterako esparrua, egungo ekonomia eta finantza-krisialdian finantzaketa eskuratzen laguntzeko estatuko laguntzen neurriei aplikatu beharrekoa».
Programa horren balantzea biziki positiboa izan da. 270 milioi euro inguru eman dira abaletan; horri esker, baliabide-bolumen garrantzitsua mobilizatu da proiektu edo eskariak gauzatzeko, 1.300 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin. Horri esker, gainera, 18.000 lanpostu inguru sendotu dira, eta 28.000 bat langile biltzen dituzten 2.800 enpresari baino gehiagori eragin zaie.
Horretaz gain, neurri horri esker enpresa onuradun gehien-gehienek, zailtasunak zailtasun, areagotu egin dute jarduera-maila, 2010. urtearen hasieran aurreikusten zena baino erritmo biziagoan. Hartara, EAEren ekonomiari hazten lagundu diote.
2012. urtean, EAEko ekonomiak % 1,3ko beherakada izango duela aurreikusten da, bai eta atzeraldi moderatua ere; erregistro okerrena urteko bigarren seihilekoan izango da. Handik aurrera, susperraldi txiki eta moderatu bat hasiko da, eta 2013ko bigarren seihilekoan hazkunde txiki-txiki bat lortuko da, baina hazkunde positiboa, behintzat.
Eskaintzari dagokionez, 2012an, jarduera-adar guzti-guztiek ekarpen negatiboak egingo dizkiote 2012ko balio erantsi gordinaren hazkundeari.
2013ko lehen seihilekoan, industriak eta zerbitzu-sektoreak bizkortzen hasiko dira, eta, ahulezia handiz bada ere, zabaltze-bideari ekingo diote berriro. Espainiako eta Europako testuinguru nabarmen kaskarrak kalte egingo dio EAEko industriari. Gainera, bizkorraldi hori luzea eta motela izango da, eta, tartean, zenbait arrisku ere izango dira, besteak beste finantza-merkatuaren zurruntasunagatik eta, batez ere, finantzazio-mugengatik eta kredituak eskuratzeko baldintzengatik.
Europako Batzordeak aipatzen duenez, susperraldi ekonomikoa 2010. urtearen hasieran hasi eta arian-arian gertatu da, urte hasieran aurreikusten zena baino erritmo biziagoan. Susperraldia ahula eta ezegonkorra da, oraindik, baina Batasunean eta zenbait estatu kidetan hazkunde-tasa txikiak edo are sendoak erregistratu dira.
Finantza-merkatuak aldakorrak izanagatik, eta aurreikuspen ekonomikoak zalantzazkoak badira ere, Batzordeak erabaki du merkatuaren baldintzek ez dutela justifikatzen Aldi Baterako Esparruan ezarritako neurriak 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera luzatzea.
Horrek honako hau esan nahi du: berme gisa emandako laguntzak onartzeko araubide bat ezartzean, Batzordearen 155/10 Komunikazioan ezarritako jarraibideak bete beharra dagoela (komunikazio hori 2008ko ekainaren 20ko EBAOn argitaratu zen, eta estatuek berme gisa emandako laguntzei EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da).
Komunikazio horren arabera, estatuen laguntza mota hori barne-merkatuarekin bateragarritzat hartuko du Batzordeak, Itunaren 87.1 artikuluari jarraikiz, betiere honako baldintza hauek betetzen badira:
Enpresa krisi-egoeran ez egotea;
Bermea finantza-transakzio espezifikoei loturik egotea, eta transakzio horiek iraunaldi eta zenbateko mugatuak izatea;
Bermeak ezingo du estali maileguaren edo bete gabeko beste finantza-obligazioren baten % 80 baino gehiago;
Bermegatik ordaintzen den prezioa merkatuan oinarritua egotea;
Ezohiko Programa horrek aplikatu beharreko Europako Zuzentarauak kontuan hartu eta errespetatzen ditu, eta Europako Erkidegoak ezarritako laguntza-tipologiara egokituta dago, baita laguntza horiek baimentzeko oinarrizko baldintzetara ere.
Araubidea zehazteko oinarritzat hartuko dira Batzordeak emandako Komunikazio baten xedapenak, zehazki EBFT Itunaren 107. artikulua estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzko Komunikazioaren xedapenak.
Ezohiko programa horretan, 2011n aplikatutako jardun-irizpideei eutsi zaie; hona hemen nabarmenenak:
Laguntzaren salbuespen-irizpidea, eskabideak izapidetzeko onartu aurretik hainbat ezaugarri betetzea eskatzen delako.
Laguntza finalistaren kontzeptua, proiektu, eskaera edo kontratu jakin batentzat.
Abal publikoaren figura laguntza lortzeko baliabide orokor gisa erabiltzea, finantza-erakundeen finantziazioa lortze aldera.
Aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta bideratzeko beharrezkotzat hartzen den informazio eta dokumentazio oro aurkezteko obligazioa.
Enpleguari eutsiko zaiola adierazten duen idazki bidezko konpromisoa.
Abal publikoaren bitartez lortutako finantza-baldintzak hornitzaileei besterenduko zaizkiela adierazten duen idazki bidezko konpromisoa.
Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko baimena izan behar da, baldin eta akzioak hirugarren alderdiei eskualdatzen bazaizkie, eta horrek enpresaren kontrola aldatzea badakar.
Aurkeztutako proiektuak, eskaerak edo kontratuak ebaluatzeko metodologia, enpresa-proiektuaren tratamendu unitarioaren printzipioak abian jarriko dituena; enpresak jasotako laguntza guztiak kontuan hartuko dituen leihatila bakarra; eta, halaber, aurkeztutako proiektuarekiko adostasuna eta bideragarritasunari buruz Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak egindako industria-ebaluazioa, bai eta finantza-ebaluazioa ere.
Ezohiko programa hori erakunde artekoa denez gero, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek honako hau erabaki zuten, aho batez, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan: Ezohiko Programa horren ohiz kanpoko izaerari eustea, Europako Batzordeak finkatutako betekizunetara egokituta, baita Euskadiko Administrazio Publiko guztien konturako finantziazioa eredu orokorraren arabera egingo zela ere, murrizketa berezia aplikatuz eta betiere Baliabideen banaketarako eta Foru Aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak finantzatzeko egin beharreko ekarpenak zehazteko 2007-2011 aldian aplikatuko den metodologiari buruzko martxoaren 23ko 2/2007 Legearen hirugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2012ko otsailaren 15eko bileran hartutako Erabakiaren arabera, 2012an emango diren abalen gehienezko zenbatekoa 200.000.000 eurokoa izango da, betiere EAEko 2012ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legearen 9. artikuluan bermeak emateari eta birfinkatzeari buruzkoan ezarritakoarekin bat etorriz. Bestalde, gerta litezkeen hutsen kostua inplikatutako administrazioen artean banatuko da, proportzio honetan: % 30 foru-aldundien kontura, eta % 70 Eusko Jaurlaritzaren kontura.
Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko uztailaren 10ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Dekretu honen xedea honako hau da: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoan industria-sareari eta enplegu-sareari eusteko garrantzi handia duten enpresei edo enpresa-taldeei abal publikoak emateko ezohiko programa ezartzea, enpresa horiei banku-finantziazioa lortzea ahalbidetuko diena, kapital zirkulatzailearen premiak estaltzeko; eta beste alde batetik, finantziazio hori lortzeko baldintzak eta prozedura arautzea.
Abalen bidez, 200.000.000 euro emango dira, gehienez. Muga horretaz gainera, dekretu honen babesean emandako abalek, EAEko 2012ko Aurrekontu Orokorren Legearen 9.1 artikuluaren mendeko gainerako bermeekin batera zenbatuta, ezingo dute gainditu arau horretan ezarritako zenbatekoa.
Dekretu honen babespean araututako eta deitutako abalak publikotasun, konkurrentzia eta objektibotasun-printzipioen arabera emango dira. Abalak eskatzeko espedienteak modu ordenatuan ebatziko dira, dekretu honetan eskatutako dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.
Abalak emateko ezarritako diru-zenbatekoa agortuz gero, Industria eta Energia Sailburuordetzak egoera horren berri emango du administrazio-ebazpen baten bidez, eta ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko une horretatik aurrera aurkezten den eskabiderik.
Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak, esleitutako aurrekontu-hornidura agortzeagatik erantzun ezin direnak, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, organo eskudunaren administrazio-ebazpenaren bitartez.
Abalen gehienezko zenbatekoa eguneratu ahal izango da, legedian ezarritako aurrekontu-aldaketarako araubidearekin bat etorriz. Halakorik gertatuz gero, horren berri jakinaraziko da Industria eta Energiako sailburuordearen ebazpen bidez.
Dekretu honen arabera garatu den ezohiko programan aurreikusitako laguntzak honela gauzatuko dira: industria-sareari eta enplegu-sareari eusteko garrantzi berezia duten ETEei edo ETE-taldeei inbertsioak edo kapital zirkulatzailea finantzatzeko abal publikoak emanez.
Enpresa handi bat eta ETE bat bereizteko, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioan (2003-05-20ko EBAO, L 124/36) edota hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenetan ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.
Zehazki, enpresa txiki eta ertainen kategorian, honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak sartuko dira:
250 langile baino gutxiago biltzen dituztenak.
Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez duten enpresak edo, bestela, urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez dutenak.
Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez egotea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa baten edo batzuen eskuetan.
Abalen ezohiko programaren onuradun izango dira erauzketako industria-enpresak, eraldaketakoak, ekoizpenekoak, produktua-prozesuarekin eta aurrekoekin lotutako zerbitzu teknikokoak, informazioaren eta komunikazioen sozietatearen eremukoak, teknologian edo berrikuntzan oinarrituta daudenak, betiere lantokia eta/edo ustiaketa-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan badute, eta beste baldintza hauek betetzen badituzte:
Eragin traktore edo enplegurako eragin berezia duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak aurkezten badituzte.
Inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak euren baliabideak erabiliz finantzatzeko zailtasunak dituzten enpresak edo enpresa-taldeak badira, eta, egungo finantza-krisia dela medio, behar duten finantzazioa merkataritza-kredituaren bidez lortu ezinik badabiltza.
Egun bizi duten egoera ekonomikoa eta finantza-egoera nahiz etorkizuneko itxaropenak kontuan hartuta, abalatutako finantza-eragiketa itzultzeko behar adinako ahalmena duela ondoriozta badaiteke.
Krisialdian ez dauden enpresei soilik emango zaie laguntza.
Laguntza ez zaie aplikatuko esportazio-kredituen bermeei.
Kanpoan geratuko dira, halaber, berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresak ere, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
Dekretu honek arautzen dituen abalak enpresa onuradunei eman aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa edo zehapen-prozedura amaituta egotea, bai eta eskatzaileak administrazio horrekin exekuzio-aldian zorrik ez izatea.
Laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileak ez du egon behar zigor eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta.
ETE bat krisi-egoeran dagoela jotzeko, Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 1.7 artikuluan zehaztutakoa hartuko da aintzat (2008-08-9ko EBAO, L 214/3).
Hasiera batean, enpresa bat krisi-egoeran dagoela esango dugu honako zirkunstantzia hauen arabera:
bazkideek erantzukizun mugatua duten sozietate bat izanik, sinatutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada, eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo
erantzukizun mugagabea duen sozietatea izanik, sozietate horren berezko funtsen erdia baino gehiago desagertu bada, sozietatearen liburuetan azaltzen denaren arabera, eta funtsen laurdena baino gehiago galdu bada azken hamabi hilabeteotan, edo
enpresa mota guztiei dagokienez, konkurtso-prozeduraren mende jartzeko baldintza guztiak betetzen badituzte.
Honako hauek izango dira finantza daitezkeen proiektuak: dituzten ezaugarriak direla medio gauzatzeko finantziazio lotu nabarmena behar duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak.
Nolanahi ere, araubide honetan ezarritako laguntzak lortzeko, proiektuak, eskaerak edo kontratuak sektorean eta enplegu-arloan bultzada berria emateko daukan irismen estrategikoa eta garrantzi berezia hartuko dira kontuan.
Honako alderdi hauekin lotura duten proiektuak hartuko dira finantzagarritzat:
Inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, betiere horiek gauzatzeko enpresa-arloko itunak edo ekimenak elkarrekin osatzen badira, eta horrekin merkatu berriak irekitzen badira eta Euskadiko enpresa-sarea nazioartean birkokatzen bada.
Berregituratzeko neurriak aplikatu dituzten enpresek lortutako inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, baldin eta proiektuak, eskaerak edo kontratuak enpresa horietarako enplegua hobetzeko, finkatzeko eta garatzeko plana badakar.
Euskadiko enpresa-sarean ehuneko garrantzitsuetan zuzeneko trakzio-eragina duten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak.
Inplikatutako hornitzaile-katearekin ordaintzeko arrazoizko akordioak biltzen dituzten inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak, betiere akordio horiekin saihesten bada ordainketen praktika txarrak eta horrek eragiten duen finantza-estutasuna eramatea haiengana.
Dekretu honen arabera emandako finantza-abalek enpresa onuradunen diru-arriskuak bermatuko dituzte, Finantza Erakundeen aurrean. Diru-arrisku horiek laguntzaren xede diren inbertsio-proiektuak, eskaerak edo kontratuak gauzatzeko behar diren finantza-eragiketen ondorioz sortutakoak izango dira, betiere.
Abalaren zenbatekoa inbertsio-proiektuarekin, eskaerarekin edo kontratuarekin lotutako finantza-eragiketaren nominalaren % 30 izango da, oro har. Abala abalatutako zenbateko nominalera luzatuko da, gehienez, eta zenbateko horren interesen 6 hilabetera, gehienez.
Irizpide orokortzat hartuta, abalaren epea 24 hilabete izango da; epe hori gainditu ahal izango da inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren bideragarritasunak edo iraupenak halakorik justifikatzen badute.
Abalek abalaren komisioa edo prima sorraraziko dute urtean, Eusko Jaurlaritzaren alde, baina ez da ezein komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko. Zenbateko hori aldez aurretik kitatuko da, abal-eragiketa formalizatu zen urteurren bakoitzean, abalatutako finantza-eragiketaren saldo biziaren gainean.
Abalaren urteko prima edo komisioa kalkulatzeko, Batzordearen 155/10 Komunikazioaren 3.3 paragrafoan ezarritako xedapenak I. eranskinean jasotakoak hartuko dira aintzat (komunikazio hori EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzkoa da).
Abalatutako zenbatekoa itzuliko dela bermatze aldera, enpresa onuradunaren erantzukizun pertsonalaz gain, Finantza Zuzendaritzak abala emateko beharrezkotzat jotzen dituen kontrabermeak eskatu ahal izango ditu. Halakoak eskatzen badira, enpresa onuradunak kontrabermeok eratu beharko ditu, abal publikoa formalizatu baino lehen.
Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuaren 3.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Finantza Zuzendaritzak, Berme Erregistroaren organo kudeatzailea den aldetik, txosten bat egingo du, Industria eta Energiako sailburuordeak ebazpena eman baino lehen. Txosten horretan honako hauek adieraziko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 37. artikuluan ezarritako muga agortu gabe dagoela; eragiketaren ezaugarri ekonomiko-finantzarioak eta abala bermatzeko neurriak zein diren; eta enpresa eskatzaileak ez daukala exekukzio-aldiko zorrik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin. 12. artikuluan aipatzen den ebazpena onartu ahal izateko, txosten horrek aldekoa izan behar du.
Eragiketaren ezaugarri ekonomiko-finantzarioei dagokienez, Finantza Zuzendaritzak 9.3.h) artikuluan eskatzen den dokumentazioa aztertuko du. Eragiketaren edukia merkatuaren baldintza objektiboetara egokituko da, eta, gainera, sektore publikoaren bermea izan beharko du, bai eta berme horrek kobrantzan dakarren segurtasuna ere.
Abalatutako finantza-eragiketak eurotan egingo dira. Atzerriko monetan formalizatu nahi badira, Ekonomia eta Ogasun Sailaren baimena beharko da nahitaez, eta Finantza Zuzendaritzaren aldeko txostenean esanbidez adierazi beharko da hori guztia.
Dekretu honetan ezarritakoari jarraikiz, hemen aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituztenek eskaerak eta gainerako agiri osagarriak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Industria Garatzeko Zuzendaritzara bidali behar dituzte, eta zuzendaritza horretan bertan aurkeztu (Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba), sail horretako lurralde-ordezkaritzetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.
Eskaerak aurkezteko epea 2012ko azaroaren 30ean amaituko da, adierazitako zenbatekoa agortzen ez den bitartean.
Erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duenak sinatuko du eskaera.
Enpresa eskatzaileak, II. eranskinean azaltzen den eskabidea betetzeaz gain, memoria bat erantsi beharko du. Memoria horretan honako informazio hau bilduko du, gutxienez:
Azken urteotan enpresak izan duen bilakaera, eta, hala badagokio, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko barruan zer neurri hartu diren jakinaraziko da.
Enpresak bere bitartekoak erabiliz inbertsio-proiektuari, eskaerari edo kontratuari ezin diola aurre egin egiaztatzen duen txostena. Adierazitako txostenean zehaztu beharko da enpresak eta langileek zer ahalegin egin dituzten azken bi urte hauetako dibidenduak banatzeko politikari eta soldata-politikari dagokionez, baita ondorengo bi urteetarako aurreikusitako politikari dagokionez ere.
Merkatuaren bilakaeraren inguruko hipotesien azterketa, merkatu-azterketatik ateratzen direnena.
Enpresak EAEko enpresa-sarean duen integrazio-maila: nolako trakzio-eragina duen.
Enpresa eta haren nazioartekotze-maila.
Salbuespenezko esku-hartzearen oinarria den inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren deskribapena.
Bermatu beharreko eragiketa nagusiari buruzko memoria ekonomikoa eta finantza-arlokoa. Inbertsio-proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren ondorioz zirkulatzailea finantzatzeko sortzen diren premien deskribapena.
Abalatu beharreko finantzaketa-eragiketa(k) formalizatzeko baldintzak.
Enpresa eskatzaileak eskaintzen dituen kontrabermeen deskribapena, honako hauek bilduko dituen erantzukizunpeko adierazpen bat barne duela: enpresaren aktiboak osatzen dituen ondasun edo eskubideen deskribapena produkzio-prozesuari lotutakoena zein lotu gabekoena; ondasun edo eskubide horien balorazio erreala, balorazio-irizpide orokorren arabera egina; eta ondasun edo eskubide horiek dituzten zamei buruzko xehetasunak.
Finantziazio-baldintzak, enpresa hornitzaileei bideratuak, baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartuta.
Emaitza-kontuen aurreikuspena uneko ekitaldirako eta datozen bi urteetarako, eta sentsibilitate-azterketa bat merkatuaren bilakaerari buruzko hainbat hipotesi oinarri hartuta.
Abala formalizatu ostean eta, data horretatik aurrera, hiru urteko epean, enpresak edo enpresa-taldeak konpromisoa hartuko du Eusko Jaurlaritzari aurretiaz baimena eskatzeko, baldin eta hirugarrenei akzioak besterentzen badizkie eta horrek kontrol-aldaketa badakar.
Honako dokumentu hauek ere aurkeztu beharko dituzte:
Enpresa eskatzailea eratu zeneko eskrituraren fotokopia, eta eskritura horrek izandako aldaketena, halakorik izan bada.
Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
Eskatzailearen ordezkatze-ahalordearen fotokopia.
Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.
Zerga-betebeharrak beteta izatearen egiaztagiria.
Azken bi ekitaldietako Urteko Kontu Ikuskatuen fotokopia; horiek izan ezean, Sozietate Zergaren azkeneko bi aitorpenen fotokopia.
Interesduna edozein motatako enpresa-taldea baldin bada, eskaera bakarra aurkeztuko da; taldea osatzen duen enpresa batek partaidetzaren ehuneko handiena duelako edo beste edozein arrazoirengatik bere gain hartu beharko ditu eragiketaren martxa onerako beharrezkoak diren Administrazioarekiko elkarrizketa- eta harreman-funtzio guztiak.
Hori guztia esanbidez adieraziko da eskaeran; enpresa arduradunak ez ezik, gainerako enpresa parte-hartzaile guztiek ere sinatu beharko dute eskaera.
Eskaerarekin batera, artikulu honen 5. eta 6. idatzi-zatietan aipatutako dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, taldea osatzen duen enpresa bakoitzari dagokionez.
Horretaz gain, jakinarazpenei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 33. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Enpresa eskatzaileak eskaeran gezurrezko daturen bat jartzen badu, eta, bereziki, eskaeran bildutako erantzukizunpeko adierazpenetan, administrazio-zigorrak eta zigor penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zigor-araubideari jarraituz.
Edonola ere, Industria Garatzeko Zuzendaritzak beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.
Dagoeneko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskura dauden indarreko dokumentuak ez dira aurkeztu behar. Kasu horretan, noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskaeran, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) idatzi-zatian ezarritako baldintzak beteta. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen.
Eskatzaileek laguntza jasotzeko eskaera aurkeztu ahal izango dute dokumentazioarekin batera, haiek aukeratu duten hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
Industria Garatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edota zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsok zuzen ditzan, eta jakinarazi egingo zaio hori horrela egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Epe hori igarotakoan zuzendu ez badu, Industria Garatzeko zuzendariak ebazpena emango du eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71.1 artikuluetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen) aurreikusitakoaren arabera.
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2010eko otsailaren 12an hartutako Erabakiaren bidez eratu zen Jarraipen eta Ebaluazio Batzordea, eta honako eginkizun hauek izango ditu: dekretu honen aplikazioaren ondorioz emandako abalen jarraipen eta ebaluazioa, eta aipatutako erabakian eman zitzaizkion gainerako eginkizunak.
Funtzionamenduari dagokionez, batzorde horrek berak hartutako erabakietan aurreikusitakoa bete beharko da. Aurreikusi gabeko kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen II. tituluko II. kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio.
Industria Garatzeko Zuzendaritzak jasotako abal-eskaera bakoitzaren eta ebazpen-proposamenaren kopia bana bidali beharko die Batzordea osatzen duten kideei. Era berean, enpresa onuradunek betebeharrak betetzen dituzten ala ez adierazten duten txostenak bidaliko ditu, baita atzemandako ez-betetzeak eta kasu horretan aplikatu beharreko neurriei buruzko proposamena ere.
Industria eta Energia Sailburuordetzak administrazio-ebazpena eman eta jakinaraziko du, hiru hilabeteko gehienezko epean, betiere eskatutako dokumentazio guztia jaso eta hurrengo egunetik aurrera. Ebazpen horretan, abalaren gehienezko zenbatekoa, epea eta beste baldintza batzuk, baldin eta baleude, ezarriko dira eta aplikatuko den Europako araudia ere zehaztuko da.
Aurreko paragrafoan adierazitako epea amaitutakoan ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, enpresak bere eskaera baietsi dutela ulertu dezake, administrazioko erakunde eskudunak abalari buruzko esanbidezko ebazpena erabakitzeko duen betebeharra alde batera utzi gabe, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen). Halaber, eskaerak ez baditu betetzen abalak lortzeko betekizunak, eskatutako abala ukatzeko ebazpena emango du Industria Garatzeko zuzendariak.
Ebazpen horrek ez du administrazioko bidea amaituko; beraz, bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).
Abala emateko ebazpenak eskatzaile bakoitzari jakinarazteaz gain, emandako abalen onuradunen zerrenda eta abalen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Abala emateko ebazpena jakinarazi ondoren, bermatutako finantza-eragiketa eta abal-kontratuaren eragiketa gauzatuko dira, hilabeteko epean gehienez. Nolanahi ere, Finantza Zuzendaritzak epe hori luzatzea izango du, interesdunak berak eskatuta, eta luzapena eragiten duten inguruabarrak aztertu ondoren.
Abal-kontratua Ogasun eta Finantza Sailburuordetzak egingo du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Eragiketetan, Batzordearen honako komunikazio honetan zehaztutakoa bete beharko da: Batzordearen Komunikazioa, EBren Itunaren 87. eta 88. artikuluak estatuek berme gisa emandako laguntzei aplikatzeari buruzkoa (2008-06-20ko EBAO, C 155/10).
Dekretu honen babespean emandako abalak bateragarriak izango dira Administrazio Publikoek emandako beste edozeinekin.
Beste administrazio publiko batzuek helburu bera lortzeko emandako laguntzekin batera, abalaren zenbatekoak ezin izango du gainditu proiektu, eskaera edo kontratuaren zenbatekoaren % 80, betiere Batzordearen C155/10 Komunikazioaren 3.2.c) atalean ezarritakoarekin bat etorriz (artikulu honetako 1. paragrafoan aipatu da komunikazio hori).
Muga hori gaindituz gero, dekretu honen babespean emandako abalaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.
Abalen onuradunek nahitaez jakinarazi beharko dute Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean beste diru-laguntza, laguntza edo abal batzuk jaso dituztela helburu bera lortzeko, baita hasitako zergalditik nahiz aurreko bi zergaldietatik gaur egun arte helburu bera lortzeko jasotako minimis laguntzak ere.
Enpresa onuradunak ez badu betetzen abala emateko ebazpenean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, Industria eta Energiako zuzendariak, dagokion ebazpenaren bitartez, adieraziko du abala jasotzeko eskubidea galdu duela eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa abal-emaile gisa dituen erantzukizunetatik aske utzi beharko dela. Zirkunstantzia hori ezinezkoa baldin bada, hartzekodun nagusiak uko egiten diolako, abalak % 3,5eko urteko komisioa sorraraziko du mugaeguna iritsi arte. Onuradunak ordaindu ez duelako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zenbatekoaren zati bat edo zenbateko osoa ordaindu behar badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoak bermeak emateari buruzko martxoaren 18ko 54/1997 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.
Dekretu honetan araututako abalak jasotzen dituzten enpresa onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte, kasu guztietan:
Emandako abala onartzea. Alde horretatik, abala eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez abalari uko egiten ez badiote, abala onartutzat hartuko da.
Abala eman den helbururako erabiltzea.
Eskatzen zaien informazio osagarria bidaltzea Industria Garatzeko Zuzendaritzara, Administrazioak proiektuaren, eskaeraren edo kontratuaren garapen eta gauzatzeari buruz egoki iritzitako egiaztapenak egin ditzan.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak beren eginkizunak betez eskatutako informazioa ematea, dekretu honen kargura jasotako abalari dagokionez.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.
Abalak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, abala emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Nolanahi ere, beste administrazio publiko batzuek emandako laguntzak edo abalak lortuz gero eta, hala badagokio, helburu bera lortzeko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortuz gero, abala emateko ebazpena aldatu egingo da, abala 13. artikuluan xedatutakoaren arabera egokitzeko.
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 10ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,
BERNABÉ UNDA BARTUREN.
(Ikus .PDF)


