- 201/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioak bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeari buruzko zenbait gai garatzen dituen dekretua aldatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu201/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioak bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeari buruzko zenbait gai garatzen dituen dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 210
- Hurrenkera-zk.: 4784
- Xedapen-zk.: 201
- Xedapen-data: 2012/10/16
- Argitaratze-data: 2012/10/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa; Herrizaingoa; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen arabera, lege horrek araututako administrazio-egoeratakoren batean egon daitezke funtzionarioak; administrazio-egoera horien artean bigarren jarduerako egoera jasotzen da, adina dela-eta, edo kategoriari dagozkion zereginak eraginkortasunez betetzeko gutxiegitasun fisiko edo psikiko agerikoa eta ustez iraunkorra dela-eta, betiere gutxiegitasun hori polizia-lanbideko oinarrizko zereginak eraginkortasunez betetzeko oztopo ez bada.
Aurreikuspen hori urtarrilaren 27ko 7/1998 Dekretuaren bidez garatu zen, bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko bigarren arrazoiari dagokionez (7/1998 Dekretua, urtarrilaren 27koa, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioak bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeari buruzko zenbait gai garatzen dituena).
Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioak bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeari buruzko zenbait gai garatzen dituen urtarrilaren 27ko 7/1998 Dekretua indarrean jarri zenetik hona hartutako eskarmentuak, Ertzaintzari dagokionez dekretuari aldaketa partzial bat egitea gomendatzen zuen. Bigarren jarduerara igarotzeko prozedura azkartzeko, eta egoera horretara igarotzen dena funtzionarioen kidegoetako eginkizun, funtzio edo lanpostu berrietara errazago egokitzeko sindikatuekin adostutako akordioak islatzen ditu Ertzaintzarako proposatutako arauketa berriak.
Dekretu honetan egindako aldaketak ez dute aldatzen udaltzainek bigarren jarduera-egoerara aldatzeari buruz aurretik zegoen arauketa.
Hori dela eta, aipatutako aurreikuspenak betetzeko, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan aurreikusitako Mahaian negoziatu ondoren, Ertzaintzaren Kontseiluak txostena eginda, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
Bigarren jarduerako egoerara igarotzeko adierazpena Ertzaintzan giza baliabide gaietan eskumena duen zuzendaritzaren edo dagokion toki-erakundeko organo eskudunaren ebazpen bidez egingo da; ebazpena eman aurretik, mediku-epaimahaiak irizpena emango du, dekretu honetan araututako prozedurari jarraituz, eskura dituen agiriak aztertuta, eta helburu horretarako premiazkoak diren probak eta azterketak edo miaketak egin ondoren.
Bigarren jarduerako egoerara igaroarazitako funtzionarioak dagokion toki-erakundeko organo aginpidedunaren esku geratuko dira, eta ohiko polizia-zereginak burutu beharko dituzte zerbitzu-arrazoiek hala eskatzen dutenean eta arrazoi horiek dirauten bitartean.
bis artikulua. Ertzaintzaren kidegoetan bigarren jarduerako egoerara igaroarazteak dituen ondorioak.
Bigarren jarduerako egoerara igarotako Ertzaintzako funtzionarioei jarduneko zerbitzuko egoeran esleituta zuten lanpostuarekiko lotura etengo zaie, lanpostua 2. jarduerako egoeran dagoen langileak betetzeko modukoa denean izan ezik, eta lanpostu-zerrendan bigarren jarduerako kalifikazioa duen beste lanpostu bat esleituko zaie behin-behinean, zerbitzua ematen ari diren unitatean.
Baldin eta hor ez balego lanpostu hutsik, interesdunak proposatutako hiru lanposturen artetik, polizia-gaietan eskumena duen sailak agintzen duen lantokira atxikiko da funtzionarioa, lanpostu hutsik badago.
Behin-behineko esleipena ezingo balitz aurreko idatzi-zatian xedatutakoaren arabera gauzatu, polizia-gaietan eskumena duen sailak funtzionarioaren gaitasunetara egokituko du lanpostua eginkizunei dagokienez, betiere mediku-epaimahaiaren irizpenari jarraituz eta eginkizunen katalogoaren arabera.
Ertzaintzako funtzionarioa, esleitzen zaion lanpostura edo lanpostua funtzionalki egokitu ondoren esleitzen zaizkion eginkizunetara guztiz egokitzeko, lanpostu horretan aritzeko egoki den berariazko prestakuntza jasotzeko aukera emango zaio, betiere lanpostuan aritzeko eskatzen diren gainerako oinarrizko prestakuntza-eskakizunak betetzen baditu.
Eraginkortasun-arrazoiak direla-eta ezin denean lanpostu berean jarraitu, beste lanpostu batetara atxiki ahalko da aipatutako irizpideen arabera, egokitzapen funtzional berdinarekin.
Bigarren jarduerako administrazio-egoeran dauden funtzionarioek ezingo dute, inolaz ere, salbuetsita daudeneko polizia-zeregin edo eginkizunak bete, bigarren jarduera onartu zitzaioneko ebazpenaren eranskinean ezarritakoaren arabera; hondamendi edota larrialdi-egoerak salbuespen izango dira.
Bigarren jardueran egoteak berekin dakar honako kontzeptu hauengatik kobratzea: oinarrizko ordainsaria, lanpostu-mailako osagarria eta bere lan-kategoriako berariazko osagarria eta norberari aitortutako osagarriak, hirurtekoak barne; hirurtekoak osatzen jarraituko da egoera horretan.
Halaber, egoera horretara igarotzeko erabakigarriak izan ziren ezintasun funtzionalen ondorioz esleitzen zaizkien eginkizun eta betebeharren arabera esleitzen zaien berariazko osagarri berezia kobratuko dute; osagarri hori ez da inoiz ere hiritarren segurtasuneko agente-kategoriarako ezarritakoa baino txikiagoa izango.
Bigarren jarduerako egoera ezintasun fisiko edo psikikoarengatik eman bazen, egoera horretatik jarduneko zerbitzuko egoerara itzultzeko beharrezko izango da funtzionarioa zeharo sendatu dela ziurtatzea, modu frogagarrian; horretarako, mediku-epaimahaiak aldeko irizpena eman beharko du, dekretu honetako 18. artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituz.
Ertzaintzako funtzionarioen kasuan, dagokion ertzainak hobera egin duela-eta mediku-epaimahaiak bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko arrazoiak desagertu direla irizten badio, administrazio-egoera hori baliogabetu egingo da, eta, bidezkoa bada, horretarako ematen den ebazpenean funtzionarioa jarduneko zerbitzura itzultzea ebatziko da. Kasu horretan, aurreko egoera baliogabetu eta hurrengo hilabetean itzuliko da jarduneko zerbitzura.
Jarduneko zerbitzuko egoerara itzultzeko, lanpostuak betetzeko deialdietan parte hartu beharko da, lekualdatze-lehiaketa edo izendapen askeko sistemen bidez. Jardunera itzuli ahalko da, halaber, bigarren jarduerako administrazio-egoeran destinoa zuen unitateko lanpostu batera behin-behinean atxikita.
Udaltzaingoaren kidegoetan, mediku-azterketa egin eta espedienteko agiri guztiak aztertu ondoren, mediku-epaimahaiak irizpena emango du, non argi, zehatz eta era eztabaidaezinean bere iritzia emango baitu, honako gai hauen gainean:
Funtzionarioak bere kategoriari dagozkion zereginak eraginkortasunez betetzeko gutxiegitasun fisiko edo/eta psikiko agerikoa, eta ustez iraunkorra, duen ala ez, eta ezintasunik izanez gero, hori polizia-lanbideko oinarrizko zereginak eraginkortasunez betetzeko oztopo den ala ez.
Bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzea egokia den ala ez.
Ertzaintzan, mediku-epaimahaiak Laneko Medikuntza edo Osasun Mentaleko arloetatik jasotako mediku-txostena baloratuko du, bai eta eskura dituen gainerako agiriak ere, polizia-lanbideko oinarrizko zereginak eraginkortasunez betetzeko oztopo diren ahalmen fisiko edo psikikoen ustezko behin betiko kalterik dagoen zehazteko. Bidezkotzat jotzen badu, interesduna epatuko du epaimahaiak zuzeneko azterketa egin diezaion, betiere 15 egun lehenago; interesduna epaimahaiaren aurrera aurkeztera eta azterketa hori egitera behartuta dago.
Mediku-epaimahaiaren irizpenak, aurreko idatzi-zatian jasotako erabakiez gainera, eginkizunen gaineko txostena bete beharko du, non zehazki honako hauek jasoko baitira:
Ertzaintzaren kidegoetako funtzionarioak bete behar ez dituen eginkizunak.
Destinoaren baldintzatzaileak eta, beharrezkoa bada, txandaketaren edo bestelako mugak.
Mediku Epaimahaiak uste badu baliaezintasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo ezintasun iraunkor osoa direla-eta baloratutako lesioak edo mugak funtzionarioaren erretiroa ekar dezaketela polizia-lanbidearen eginkizunak betetzeari dagokionez, argiro eta esanbidez jasoko du egoera hori bere irizpenean, organo eskudunak dagokion ezintasun iraunkorraren aitorpena egin bitartean lanpostuaren egokitzapen funtzionala egin diezaioten kautelaz eta aldi baterako. Funtzionario interesduna behartuta egongo da Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari dagokion ezintasun mailako aitorpena eskatzera.
Ertzaintzaren kasuan ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, eta lau hilabeteren buruan Udaltzaingoaren kidegoen kasuan, hasiera ematen zaien egunetik aurrera eta egon daitezkeen bidezko luzapenei kalterik egin gabe, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Komunari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.2 artikuluan zehaztutakoaren arabera.
Ertzaintzan giza baliabideetako gaietan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpenak, bigarren jarduerako administrazio-egoerara itzultzea ebatziko duenak, Ertzaintzako funtzionarioak egin behar ez dituen eginkizunen gaineko txostena jasoko du.
Ofizioz hasiko da, Ertzaintzan giza baliabideetako gaietan eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen bidez, baldin eta funtzionarioak ezintasun iraunkor partziala duela aitortzen duen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko lurralde zuzendariak emandako ebazpena badago, ezintasun iraunkor partziala aitortzen duen epai judiziala eman bada, edo Prebentzio eta Lan Osasuneko Alorreko Laneko Medikuntza edo Osasun Mentaleko alorrak egindako eskaera arrazoitua badago.
Ertzaintzaren kasuan, prozedurari ofizioz hasiera emateko erabakia mediku-epaimahaiko idazkaritzak jakinaraziko dio interesdunari, eta epatu egingo du Laneko Medikuntzako Arloak edo Osasun Mentaleko Arloak ebaluazio mediku-txostena egiteko. Txosten hori interesdunari eta mediku-epaimahaiari bidaliko zaie.
17 bis artikulua. Interesdunak eskatuta hasitako prozedura, Ertzaintzaren kidegoetan.
Bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko eskaera egiteak esan nahi du interesdunak egoera hori nahi eta onartzen duela, eta hori eskabidean bertan edo eskabideari erantsitako agirien bidez adieraziko da; nahi eta onartze horiek honako gai hauei buruzkoak izango dira:
Mediku-epaimahaiari baimena ematea, polizia-lanbidearen eginkizunak betetzeko funtzionarioak dituen kalte fisiko zein psikikoen maila egiaztatzeko beharrezkoak diren datuen gaineko informazio klinikoa osasun-zerbitzuei eskatzeko.
Hirurogei urterekin borondatezko erretiroa hartzeko konpromisoa, edo, kasua balitz, berrogeita hemeretzi urterekin, betiere Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren berrogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera. Konpromiso hori atzeratu ahalko da, baldin eta erretiro aurreratua hartzeko adina betetzen denean, oinarri arautzailean xedatutako pentsioa ehuneko ehunean jasotzeko baldintzak betetzen ez badira.
Eskaera egiteko, idatzi-zati honetan ezarritako zehaztasunak jasotzen dituen eredu ofizial bat ezarriko du administrazioak.
Interesdunak eskatuta, Ertzaintzan bigarren jarduerako administrazio-egoerara igarotzeko eskabidea aurkeztuz gero, mediku-epaimahaiko idazkariak pertsona interesduna epatuko du, Ertzaintzan giza baliabideen eskumena duen zuzendaritzako Prebentzio eta Lan Osasuneko Alorreko Laneko Medikuntzaren edo Osasun Mentaleko alorreko medikuak ebaluazio-txostena egiteko. Interesdunak honako agiri hauek aurkeztu ahalko ditu hitzordu horretan:
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, ezintasun iraunkorraren aitorpenari buruzkoa, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren proposamenaren irizpena eta balorazio-txostena.
Ezintasun iraunkor partziala aitortzen duen epaia.
Eguneratutako txosten medikoak edo psikologikoak.
Bere kasua baloratzeko bidezko jotzen duen beste edozein agiri.
Medikuak egindako ebaluazio-txostena mediku-epaimahaiari bidaliko zaio, azter dezan, interesdunak aurkeztutako gainerako agiriekin batera.
14. artikuluan aurreikusitako entzunaldiaren izapidea amaitutzat emango da, baldin eta artikulu horretan aurreikusitako epeetan interesdunak desadostasunik ez badu adierazten espresuki, edo epea amaitu aurretik alegazioak egiteko edo agiri berriak aurkezteko asmorik ez badu adierazten.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


