- 214/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko itsas uretako eta erkidego barruko arroetako inguru kalteberak izendatzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
Inprimatu214/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko itsas uretako eta erkidego barruko arroetako inguru kalteberak izendatzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 206
- Hurrenkera-zk.: 4684
- Xedapen-zk.: 214
- Xedapen-data: 2012/10/16
- Argitaratze-data: 2012/10/23
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
- Azpigaia: Industria; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 91/271/EEE Zuzentarauak hainbat neurri finkatu ditu ur horiek hustu aurretik behar bezala tratatuko direla bermatzeko. Ondoren, zuzentarau hori aldatu zuen 1998ko otsailaren 27ko Kontseiluaren 98/15/EE Zuzentarauak, bere I. eranskinean ezarritako hainbat baldintzaren inguruan.
Aipatu 91/271/EEE Zuzentarauaren 5.1 artikuluak xedatzen du estatuek ezarriko dituztela inguru kalteberak, II. eranskinean ezarritako irizpideen arabera. 91/271/EEE Zuzentarauaren 5.6 artikuluaren arabera, estatu kideek, gainera, inguru kalteberen izendapena aldizka berrikusten dela zainduko dute.
Hiriko hondakin-uren tratamenduari aplika dakizkiokeen arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Legegintzako Errege Dekretuak Zuzentarau hori gaineratu zuen barne-antolamenduan, eta horrela osatu egin zuen Urei buruzko legearen testu bategina onartu zuen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren V. tituluan eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen III. tituluan ezartzen den araubide juridikoa. Hartara, hiri-aglomerazio jakin batzuetan hondakin-urak bildu eta bideratzeko kolektore-sistemak izateko betebeharrak arautu, eta ur horiek ur kontinentaletara edo itsas uretara isuri baino lehen pasatuko dituzten tratamenduak finkatu ziren. Tratamendu horiek ezartzerakoan isurketak inguru kalteberetan edo ez hain kalteberetan egiten diren izango da kontuan.
Hiriko hondakin-uren tratamenduari aplika dakizkiokeen arauak ezarri zituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuaren 7.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Estatuko Administrazio Orokorrak izendatuko ditu Autonomia Erkidego baten lurralde-esparrua gainditzen duten arro hidrografikoetako inguru kalteberak. Gainera, Autonomia Erkidegoek gainerako kasuetan egingo dute izendapena, eta itsas uretan hain «kalteberak ez diren inguruak» finkatuko dituzte.
Martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuaren bitartez garatu zen aipatu 11/1995 Errege Lege Dekretua, batetik, hiriko hondakin-uren tratamenduari aplikatu beharreko arauak ezartzeko eta, bestetik, ur horiek bildu, araztu eta isurtzeari buruzko arauak osatzeko. Ondoren, urriaren 2ko 2116/1998 Errege Dekretuak 209/1996 Errege Dekretua aldatu zuen, I. eranskineko 2. laukian ezarritako hainbat baldintzari zegokionez.
Goraxeago aipatutako martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuak bere 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, bere II. eranskineko I. eta II. ataletan ezarritako kasuren batean barne hartutako ur-masak «inguru kalteberak» eta «inguru ez hain kalteberak» izendatuko dira. Aurrekoarekin bat, Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko itsas uretako eta erkidego barruko arroetako inguru kalteberak izendatu zituen, irailaren 7ko 168/2004 Dekretuaren bitartez (2004ko irailaren 15eko 177. zk.ko EHAA).
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sail ezberdinen eginkizunak eta jarduketa-eremuak ezarri zituen maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, bere 14. artikuluan, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eginkizunak eta jarduketa-eremuak barne hartu zituen, eta horien artean, lurraldea eta itsasertza, ingurumena eta urak antolatzea.
Orobat, Uraren Euskal Agentziak, Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 1.b) artikulua betez sortutako eta sail horri atxikitako eskubide pribatuko erakunde publikoak, lege horretan aurreikusitako plangintza hidrologikoko tresnak egitea eta Babestutako Eremuen Erregistroa antolatu eta funtzionaraztea ditu bere eginkizunen artean. Horren 32. artikuluan ezarri legez, Babestutako Eremuen Erregistroan hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzko arauak aplikatuz kaltebera izendatutako inguruak barne hartuta daude.
EAEko itsas uretako eta erkidego barruko arroetako inguru kalteberak izendatu zituen, irailaren 7ko 168/2004 Dekretuak, bere 3. artikuluan, egindako izendapenak dagoeneko bete den epean berrikusi beharko zirela aurreikusten zuen, eta beraz, agindu horren arabera jokatzea dagokio.
2003/4/EE eta 2003/35/EE Zuzentarauak jasotzen dituen Ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, publikoak parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legean xedatutakoarekin bat, Jendaurrean jarri da Dekretua, hiritarrek bere izapidetzean egiazki eta eraginkortasunez esku har dezaten.
Azaldutako guztiagatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretua garatu zuen martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarriki proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe,
Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko uretako eta erkidego barruko arroetako «inguru kalteberak» izendatzea du helburu Dekretu honek, betiere hiriko hondakin-uren tratamenduari aplika dakizkiokeen arauak ezartzen dituen abenduaren 28ko 11/1995 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusten diren ondorioetarako martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuak garatzen zuen Legegintzako Errege Dekretu hori.
Honako termino hauek ezartzen dira dekretu honen ondorioetarako:
Hiriko hondakin-urak: etxeko hondakin-urak, edo horiek industriako hondakin-urekin edota eurien jariatze-urekin nahastuta.
Hiri-aglomerazioa: udalerri batek edo batzuek, edo horietako baten edo batzuen zati batzuek osatzen duten eremu geografikoa, betiere beren populazioagatik edo jarduera ekonomikoagatik bertan sortzen diren hondakin-urak bildu eta araztegi batera edo azken isurketa-puntura eraman behar badira.
Biztanle-baliokidea: 5 eguneko oxigeno-eskari biokimikoko (OEB5) karga organiko biodegradagarria eguneko 60 g oxigeno.
Inguru kaltebera: martxoaren 15eko 509/1996 Errege Dekretuaren II.I) eranskinean ezartzen diren irizpideekin espresuki izendatutako uretako eremua edo baliabidea.
Dekretu honen eranskinean zerrendatzen diren eremuak izendatzen dira «inguru kaltebera».
Inguru horien izendapena gehienez lau urteko epearen barruan berraztertu ahalko da, uren arloan eskumena duen Sailak aginduta.
Hiriko hondakin-uren tratamenduari aplika dakizkiokeen arauak ezarri zituen abenduaren 28ko 11/1995 Errege Lege Dekretuaren 7. artikuluarekin bat, Uraren 200/60/EE Esparru Zuzentarauaren Ezarpenerako Estrategia Bateratuaren 23. gida-agiriaren («Eutrophication assessment in the context of european water policies») gomendioak jarriki, eta eragindako aglomerazioetan tratamendu osagarriz murriztu beharko den mantenugaia aintzat hartuta, ondorengoa hartu ahal izango da aintzakotzat:
Urtegietara isurtzen duten ur-lasterretan, oro har, fosforoa ezabatu behar dela aurreikustea komeni da.
Ur gutxi elkartrukatzen duten estuario, badia eta bestelako itsas uretan, oro har, nitrogenoa ezabatu behar dela aurreikusi beharko da.
Isurketa-baimenetan baldintza zorrotzagoak ezarri ahal izango dira, ur hartzaileek indarrean dagoen araudian ezarritako ingurumen-kalitatearen arauak eta Mugarteko Plan Hidrologikoak ezarritako ingurumen-helburuak betetzen dituztela bermatzeko beharrezkoa denean.
Indargabetuta gelditzen da Euskal Autonomia Erkidegoko itsas uretako eta erkidego barruko arroetako inguru kalteberak izendatzen dituen irailaren 7ko 168/2004 Dekretua.
Lehenengoa. Uren arloan eskumena duen Sailari baimena ematen zaio Dekretu honetan ezarritakoa aldatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak egiteko.
Bigarrena. Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 16an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
214/2012 DEKRETUA, URRIAREN 16KOA ERANSKINA
INGURU KALTEBERAK ETA PLANOAK
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Indargabetutakoa: 111/2019 DEKRETUA, uztailaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko barne arroetako eta itsas uretako eremu sentikorrak izendatzen dituena.
- Indargabetzen du: 168/2004 DEKRETUA, irailaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoko itsas uretako eta erkidego arteko arroetako eremu sentikorrak izendatzen dituena.


